Analak eta Historiak I/Hamabigarren liburua

Wikitekatik
Analak eta Historiak I  (115-117)  Tazito, translated by Xabier Amuriza Zarraonaindia
Hamabigarren liburua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma


Hamabigarren liburua

1.    Mesalinaren hilketak printzearen etxea hankazgoratu zuen, libertoen artean tirabira sortu baitzen nork hautatu behar zion emaztea Klaudiori, bizitza zeliberik jasaten ez eta emazteak menperatua izateko joera zuenari. Damen zirkulua ere ez zen gutxiago sutu: bakoitzak bere leinu, edertasun eta ondasunak nabarmentzen eta hain ezkontza handiaren duin aurkezten zituen. Baina dudarik handiena Marko Lolio kontsul ohiaren alaba Lolia Paulinaren eta Germanikoren alaba Julia Agripinaren artean zegoen; honen alde Palante zegoen eta haren alde Kalisto. Nartziso, ostera, Tuberoen familiako Elia Petinaren aldekoa zen. Klaudiok, zein aholkulariri entzun, batera edo bestera makurtzen zenak, diskordanteei deitu eta euren iritzia era arrazoituan azaltzeko agintzen die.

2.    Nartzisok lehengo ezkontza eta bien alaba aipatzen zion (Antonia Petinarengandik izan baitzuen), ez zitzaiola etxean ezer aldatuko emazte ezaguna itzultzen bazen, zeinak ez zien inolako amaorde gorrotoz begiratuko Britanikori eta Oktabiari, hain etxeko hurbilak eurok berarentzat. Kalistok zioen hori ez zela onartzekoa, hain banatze luzearen ondoren, eta, berriz hartuz gero, horrexek harrotuko zuela; hobe zuela Loliarekin ezkondu, hau, seme-alabarik ez izatean, liskarretatik at egongo zelako eta bere seme-alabaordeen ama izango zelako. Palantek, ostera, Agripinarengan goraipatzen zuen Germanikoren birloba bat ekartzea, benetan izate inperialaren duin zena, zeinak leinu prestua eta Klaudioren familiako ondorengoak batuko zituen, ugalkortasun jakineko eta gaztetasun osoko emakume hark Zesarren distira beste etxe batera eraman zezan ekidinez.

3.    Arrazoi haiei Agripinaren sedukzioek lagundu zieten: ahaidetasun aitzakian, harengana sarritan joanez, osaba halako eran liluratzen zuen, ezen, besteak baino hobetsiago eta oraindik emazte ez zela, emazte boterea baitzerabilen. Hala, ezkontza segurtatu zuenean, plan zabalagoa moldatu zuen, berak Ahenobarborekin izaniko Domizioren eta Zesarren alaba Oktabiaren arteko ezteiak prestatuz; baina hau ez zitekeen hogen gabe burutu, Zesarrek Oktabia Luzio Silanori agindu baitzion, eta mutil gazte hau, beste arrazoi batzuengatik entzutetsua eta garaipenez eta gladiadore jokuetako handitasunez kondekoratua, herriaren onespenera aurkeztua baitzuen. Dena dela, ezerk ez zirudien zaila printzearen gogoan, non ez onespenik, ez gorrotorik ez zegoen, iradokia eta agindua ez zenik.

4.    Hala, Biteliok, zentsore tituluz, bere amarru zuriak estaltzen zituenak eta hurbil zen boterea aurreikusten zekienak, Agripinaren ederra irabazteko, haren asmoekin bat egin zuen, Silanoren aurka salaketak jaurtiz, zeinaren arreba Junia Kalbina, hain eder eta probokatzailea, berriki Bitelioren erraina izana baitzen. Salaketa hortik etorri zen eta neba-arreba bien maitasuna, ez intzestuzkoa, baina bai nabarmena, infamiara eraman zuen. Eta Zesarrek jaramon egiten zion, alabaren maitasunagatik, suhiaren aurkako susmoak entzuteko gertuago. Silano, azpikerien ezjakitun eta urte hartan, hain zuzen, pretore zegoena, bat-batean senadore kargutik kenduta aurkitu zen Bitelioren ediktua bide, senaturako aspaldi hautatua izan arren eta lustroa amaituta egon arren. Aldi berean, Klaudiok konpromisoa hautsi egin zuen eta Silanori magistratura utzarazi zion; pretoretzan geratzen zitzaion azken eguna ere Eprio Martzelori esleitu zioten.

5.    Gaio Ponpeio eta Kinto Beranioren kontsulaldian, Klaudio eta Agripinaren artean hitz emaniko ezkontza dagoeneko baitetsia zuten entzuteak eta maitasun ez-zilegiak; baina oraindik ez ziren eztei solemneak egiten ausartzen, osabak anaiaren alabarik hartzeko aurrekaririk ez baitzegoen; beldur ziren intzestuaz ere, eta, ondo begiratu ezik, oker publikoa eragingo ez ote zuten. Ez zuten ezbairik argitu, Biteliok arazoa bere trikimainekin konpondu arte. Zesarri galdetu zion ea herriaren aginduei eta senatuaren autoritateari men egingo zien, eta, hark bera hiritar bat gehiago eta kontsentsuaren menpeko zela erantzun ondoren, jauregian itxaroteko agindu zion. Biteliok kurian sartu eta, estatu auzia dela iragarririk, besteen aurretik hitz egiteko baimena eskatzen du, eta honakoak esaten hasten da: printzeak lurbira zaintzeko dauzkan neke astunek babesa behar dutela, etxe barruko arduretatik libre, denen onari ekin diezaion. Zer aringarri zintzoagorik izan dezake zentsore baten gogoak, onean eta okerrean lagun izango duen emaztea hartzea baino, bere barne gogoetak eta ume txikiak eskaintzeko modukoa, ez luxuan eta atseginean dabilelako, lehen gaztarotik legeak bete dituelako baizik?

6.    Sarrera hori onartua eta senadoreen onespen seinalez jarraitua izan zenean, berriro hasi eta esan zuen ezen, printzeari denek ezkontza aholkatzen ziotenez gero, emakume bat hautatzea komeni zela, nobleziaz, ugalkortasunez eta zintzotasunez itzaltsua; eta ez zegoela askorik arakatu behar, Agripina, leinuaren mailaz, aurrenengoa zela ikusteko; bestalde, ugalkortasuna frogatua ei zuen eta horri bere ohituren garbitasuna erantsi behar ei zitzaion. Baina zer benetan bikaina ei zen, jainkoen probidentziaz alargun, bere ezkontzak bakarrik ezagutzen zituen printzearekin uztartzea; gurasoei entzuna ei zuen, eta eurek ere ikusia ei zuten, nola inoren emazteak osten ziren, Zesarren gustuen arabera; hori oraingo neurritasunetik urrun zegoen; aitzitik, etsenplua ezarri behar zen, enperadoreak nola emaztea hartu behar zuen; gure artean, anaien alabekiko ezkontzak berriak ziren, noski, baina beste herri batzuek haundiro ospatzen ei zituzten, ezein legek debekatu gabe. Lehengusu-lehengusinen ezkontzak ere, luzaro ezezagun izanak, urteen joanean, maiztu egin ei ziren; ohitura komenentziara egokitzen da eta hura ere ohiko bilakatuko ei zen.

7.    Ez ziren falta izan kuriatik nor lehenago kanporatu zirenak, Zesar zalantzan bazegoen, indarrera joko zutela oihuka. Jendetza nahasia biltzen da, erromatar herriaren eskaria huraxe zela aldarri eginez. Klaudio, luzaroago zain egon gabe, foroan aurkezten da, haien zorionak jasoz, eta, senatura sarturik, dekretu bat eskatzen du, aurrerantzean osaben eta hauen anaien alaben arteko ezkontzak zilegi izan daitezen. Halako ekontzen aldeko bat besterik ez zen agertu, ordea, erromatar zaldun Aledio Sebero, ia denek Agripinaren gustua egitearren zebilela ziotena. Hirian nahasmena sortu zen eta dena emakume baten gorabeheran gelditu zen, baina honek, Mesalinaz bestera, ez zituen erromatarren interesak lotsagarri uzten bere nahikeriaz; gizon batek ezarritako zerbitzua bezalakoa zen; agerian, zorroztasuna eta, batez ere, harrotasuna; etxe mailan, inolako eskandalurik ez, dominazioak eskatu ezik. Haren urre gose gehiegizkoa agintaldiari baliabideak emateko aitzakian disimulatzen zen.

8.    Eztei egunean Silanok bere burua hil zuen, dela artean bizitzeko itxaropenari eutsi ziolako, dela egun huraxe hautatu zuelako, haiek gorrotagarriago egiteko. Haren arreba Kalbina Italiatik bidalia izan zen. Klaudiok agindu bat gehitu zuen, erritoak Tulo erregearen legeen arabera burutu zitezen, eta pontifizeek, Dianaren oihan santuan, espiazioa egin zezaten, denek iseka egiten zutelarik, intzestua zigortzeko eta espiatzeko, halako garaia hautatu zuelako. Baina Agripinak, egintza txarrengatik bakarrik ospetsu ez egiteko, erbestearen barkamena eta, aldi berean, pretoretza lortzen du Anneo Senekarentzat, herriak hori, haren ikasketen distiragatik, txalotuko zuela pentsaturik, eta baita Domizioren haurtzaroa irakasle harekin izan zedin eta biek haren aholkuak balia zitzaten, aginte itxaropenera begira. Izatez, Seneka, Agripinarekiko leialtzat zeukaten, egin zion onaren gomutaz, eta Klaudioren etsaitzat, jasandako bidegabekeriaren erreminez.

9.    Ondoren, ezbaian ez jarraitzea erabaki zen eta, promesa handiekin, Mammio Polion kontsul izendatua proposamen bat aurkeztera bultzatzen dute, Klaudiori Oktabia Domiziorekin ezkontzeko eskatuz; bien adina ikusita, ez zen zentzugabekeria eta goragoko bideak irekiko zituen. Biteliok erabili berri dituen oso antzeko hitzak esaten ditu Polionek. Oktabia ezkontzen da eta Domizio, lehengo ahaidetasunaz gainera, senargai eta gero suhi bilakatua, Britanikorekin berdintzen da, amaren eskuagatik eta, Mesalina salatu zutelako, haren semearen mendekuaren beldur zirenen azpilanagatik.

10.  Aldi berean, partoen ordezkariak, esana dudanez, Meherdatesi erreklamatzera bidaliak, senatuan agertu eta euren mandatua honela azaltzen dute: eurak ez zetozela hara, ez itunaren ezjakitun, ez Artsaziden familia traizionatuz, baizik Bononesen semea, Fraatesen biloba, erreklamatuz, Gotarzesen diktaduraren aurka, berdin jasanezina berau nobleziarentzat zein populuarentzat; bere sarraskiekin, dagoeneko, akabatuak zituela bai anaiak, bai ahaideak, bai urrungoak; orain, hauei emakume haurdunak eta seme-alaba txikiak eransten ei zizkien gizon bakerako ezgai, gerrarako dohakabe hark, koldarkeria ankerkeriaz estaltzen zuenak; eurek gurekin adiskidantza aspaldikoa eta ofizialki ezarria zeukatela, eta lagundu egin behar geniela, indarrez berdinak izanik, gure aurrean errespetuz amore ematen zuten aliatuei; euren erregeen semeak bahitzat ematen zizkigutela, euren agintariak gorrotatzera iristen baziren, printzearen eta senatuaren aurrera jotzeko modua izan zezaten, gure ohituren araberako errege hobea lortzeko.

11.  Horiek eta antzeko arrazoiak azaldu zituztenean, Zesar Erromaren handitasunaz eta partoen begiruneaz hitz egiten hasten da eta bere burua Augusto jainkozkoarekin berdintzen du, hari ere erregea eskatu ziotela gogoratuz; Tiberioren gomuta omititu zuen, honek ere bat bidali zuen arren. Gero aholkuak erantsi zituen, Meherdates ere bertan baitzen, ez zezala dominazioan eta esklaboetan pentsa, hiritarren gidari izatean baizik, eta klementzia eta justizia erabil zitzala, bertute hainbat ederragoak eurok, zenbat eta barbaroentzat ezezagunagoak. Gero, mezulariengana itzulita, goralbenez betetzen du hirian hazitako gizon hura, neurritasuna ordura arte ondo erakutsia zuena; hala ere, erregeen izaerarekin pazientzia izan behar zela eta bat-bateko aldakuntzak ez zirela onuragarriak gaineratu zuen; erromatar estatua halako aintza-asera iritsi ziela, ezen atzerriekiko bakea ere nahi zuela. Jarraian, Siriako buru zen Gaio Kasioren esku utzi zuen gazteari Eufratesen ibarreraino laguntzeko eginkizuna.

12.  Aldi hartan, Kasio denen gainetik zegoen legeen ezagutzan; gaitasun militarra bakealdian ezkutaturik egon ohi da, baretasunak ausartak eta txepelak berdintzen baititu. Baina, gerra gabetasunean zitekeen neurrian, Kasio saiatzen zen antzinako ohiturak berritzen, legioak trebatzen eta etsaiak mehatxu egingo balu bezalako aurreikuspen berdinez jokatzen, pentsatuz horixe zela bere arbasoen eta Kasiar familiaren duin, ospetsua berau herri haien artean ere. Beraz, errege berria erreklamatu zutenei dei eginik, kanpamentua Zeugma ondoan kokatu zuen, ibaia txit erraz gurutzatzen zen lekuan. Jaun partoak eta arabiarren errege Akbaroi iritsi zirenean, Meherdates ohartarazten du barbaroen oldar bizia, zalantzaren aurrean, gainbehera datorrela edo zitalkeria bihurtzen dela eta, beraz, egitekoa bizkor egin dezala. Aholku honi muzin egin zioten, Akbaroren amarruz, zeinak gazte zaildugabe eta zorionik gorena laxokerian jartzen zuen hura hainbat egunetan atxiki baitzuen Edesa hirian. Eta, nahiz eta Karenesek deitu eta, bizkor bazihoan, dena erraza izango zela ikusarazi, ez zuen Mesopotamiara zuzen jo, Armeniarantz desbidatu baizik, garai hartan ibilgaitza berau, negu hasiera baitzen.

13.  Gero, elurrak eta mendiek nekaturik, laurantz hurreratzen ari zirela, Karenesen tropekin batu eta, Tigris ibaia bestalderaturik, adiabenoen lurra zeharkatzen dute, zeintzuen errege Izates agerian Meherdatesen alde agertu zen, nahiz eta, isilean, Gotarzesengana leialago izan. Hala ere, zeharkaldian, Ninibez, Asiriako hiriburu txit antzinakoaz jabetu ziren, baita gotorleku batez ere, oso ospetsua bera, bertan, Darioren eta Alexandroren azken batailan, pertsiar indarrek pot egin zutelako. Bitartean, Gotarzes, Sanbulos izeneko mendiaren ondoan, lekuko jainkoei otoizka ari zen, Herkulesenganako aparteko benerazioz. Jainko horrek, une jakin batean, abadeei ametsetan agintzen die ipintzeko tenpluaren ondoan ehizarako hornituriko zaldiak. Zaldiek, geziz beteriko buirakak kargatu zaizkienean, oihanera alde egiten dute, gaua han deslai igaroz, eta, azkenean, buirakak husturik eta arnasestuka itzultzen dira. Era berean, gau ikuspen batean, jainkoak korritu beharreko oihanak erakusten dizkie, eta bertan piztia eraitsiak aurkitzen dituzte nonahi.

14.  Gainerakoan, oraindik armada behar adina sendotu ez zuen Gotarzesek Korma ibaia zerabilen babestzat, eta, erasoz eta desafioz borrokara xaxatzen bazuten ere, luzamenduetan jarraitzen zuen, kokalekua aldatzen eta ordezkariak bidaltzen zituen, etsaia andeatzera eta haren traizioa erostera. Izates adiabenoak amore ematen du eta, gero, arabiarren errege Akbarok ere bai bere armadarekin, herri haren ohiko aldakortasunagatik, eta esperientziak erakusten duelako barbaroek Erromari erregeak eskatzea gordetzea baino nahiago dutela. Meherdatesek, hain babesgarri sendoez gabeturik eta besteen traizioa susmaturik, irtenbide bakarra hautatu zuen: auzia zoriaren esku utzi eta borrokan saiatu. Eta Gotarzesek ez zuen borroka saihestu, etsai gutxituaren aurrean puzturik. Sarraski handiz eta emaitza dudazkoz borrokatu zen, harik eta Karenes, aurre egin ziotenak deseginik, urrunegi sartu eta tropa freskoak bizkarretik inguraturik aurkitu zen arte. Orduan, Meherdates, itxaropen oro galdurik, eta aitaren kliente Parrazesen promesetan fidatzeagatik, amarruz kateatua eta garaileari entregatua izan zen. Honek, ahaidea ere ez eta Artsaziden familiakoa ez balitz bezala, aitzitik, arrotza eta erromatarra balitz bezala ahakar egin ondoren, belarri biak mozteko agindu eta bizirik uzten du, hala bere bihotz onaren ostentazioz, nola gutaz isekatzearren. Gero, Gotarzes gaixorik hil zen eta Bonones aginteratu zen, orduan medoak gobernatzen zituena. Errege honek ez zuen garaipen, ez porrot gogoangarririk izan; inperioa labur eta aintza gabe gozatu zuen eta partoen gobernua bere seme Bolonesengana pasatu zen.

15.  Baina Mitridates Bosforoko, agintea galdurik deslai, jakinik erromatar buruzagi Didio eta armadarik gehiena, erreinu berrian Kotis gazte ez trebea eta kohorte batzuk Julio Akila zaldun erromatarraren mende utzita, urrundu egin zirela, bata eta bestea arbuiatuz, herriak nahasten eta desertoreak beraganatzen ari zen; azkenean, armada osaturik, dandariden erregea jaurti eta haren aginteaz jabetzen da. Hori jakin zenean, eta, une batetik bestera, Bosforo inbadituko zuela uste zenean, Akilak eta Kotisek, euren indarrean mesfidati, zeren sirakoen errege Zorsinesek berriro etsaigora jo baitzuen, eurek ere laguntza arrotzak bilatu zituzten eta mezulariak bidali zizkioten Eunonesi, aorsoen herria gobernatzen zuenari. Ez ziren aliantzara nekez iritsi, Mitridates errebeldearen aurrean erromatar agintea baliarazten baitzuten. Hala itundu ziren, Eunonesek zaldi gerra egingo zuela eta erromatarrak hirien setioaz arduratuko zirela.

16.  Orduan, zutabe eratuan aurrera egiten dute, aurre-atzeak aorsoek, eta erdialdea kohorteek eta guk armaturiko bosforotarrek jagoten zutela. Horrela, etsaiari atzera eragin eta Sozara iritsi ziren, Dandarikako gotorlekua berau, Mitridatesek bertan behera utzia eta, herritarren jarrera anbiguoa ikusirik, babestu beharrekoa iruditu zitzaiena, destakamendu bat bertan utzirik. Gero, sirakoen aurka jotzen dute eta, Panda ibaia gurutzaturik, Uspe hiria inguratzen dute, goieran kokatua eta harresiz eta zangaz inguratua, nahiz eta harresiok, harriz barik, koltzaz eta lurrez beteriko zumitz-sarez eginek, asaltoari ezin aurre egin; gainera, dorre garaiagoak altxatu ziren, setiatuak zuziz eta pikaz estutzeko. Gauak borroka eten ez balu, setioa egun berean hasi eta amaituko zen.

17.  Biharamunean, ordezkariak bidali zituzten, pertsona libreentzat grazia eskatuz; hamar mila esklabo entregatzea eskaintzen zuten. Irabazleek proposamenari ezetz esaten zioten, errendituak lepamozteak krudela eta hainbesteko jendetzari guardia ipintzeak zaila baitzirudien; hobe gerra legeen arabera eror zitezen; eta harresia eskalatu zuten soldaduei lepamozten hasteko seinalea eman zieten. Uspetarren hilketak besteei beldurra sartu zien, ezer ez zegoela segurrik pentsatzen baitzuten, armadak, gotorlekuak, leku ibilgaitzak zein garaiak, ibaiak eta hiriak berdin eraisten zituztenez gero. Hala, bada, Zorsines, kinka larrian zegoen Mitridatesen onari ala bere gurasoen erreinuarenari begiratu behar zion ondo aztertu ondoren, bere herriaren interesa nagusitu zenean, bahituak entregatu eta Zesarren irudiaren aurrean makurtu zen, erromatar armadaren aintza handiz, zeinak, hilik gabe eta garaile, Don ibaitik hiru eguneko ibilaldira bakarrik iritsi izanaren konstantzia utzi baitzuen. Baina itzuleran zoria aldatu egin zen. Untzi batzuk, izan ere, itsasoz baitzetozen, Taurideko itsasertzera jaurtiak eta barbaroek inguratuak izan ziren, kohorte bateko prefektua eta hainbat laguntzaile bertan akabatuz.

18.  Bitartean, armetatik ezer itxaroterik ez zeukan Mitridates nor probatu pentsaketan ari zen, errukia eskatuz. Kotis anaiari, behinola traidore eta gero etsaiari, beldurra zion; oraingo erromatarren artean, inork ez zeukan haren promesak aintzat hartzeko beste autoritate. Eunonesengana jo zuen, honek ez baitzeukan bere kontrako erremin pertsonalik, bai, ostera, nahikoa indar, gurekin berriki amaituriko adiskide-ituna zela bide. Beraz, orduko zoriari egokien zetorkion janzkeraz eta aurpegikeraz, haren jauregian sartu eta, haren belaunak besarkatuz, esan zion: «Mitridates naizena, erromatarrek urez eta lehorrez hainbeste urtetan bilatu dutena, hemen nauzu neure gogoz; egizu nahi duzuna Akemenes handiaren ondorengo honekin, etsaiek kendu ez didaten titulu bakarra bera».

19.  Eunonesek, gizonaren gurentasunak, zoriaren aldakuntzak eta apalgarria ez zen eskari hark hunkiturik, erregutzailea zutiarazi eta goraldu egiten du, aorsoen herria eta bere eskuina hautatu zituelako barkamena eskatzeko. Aldi berean, Zesarri honako gutuna bidaltzen dio: erromatar herriaren buruzagiek eta nazio handietako erregeek, lehenik, euren zoriaren pareko adiskidetasuna zeukaten; eta berak eta Klaudiok, gainera, garaipenaren partaidetza ere bazeramaten; gerrak amaitzeko era bikaina zen barkatuz egitea; honela, Zorsinez menperatuari ezer ez zitzaion kendu; eta, Mitridatesentzat, errudunago zenez gero, ez zuen aginterik, ez koroarik eskatzen, garaikur gisan herrestatua ez izatea eta bere errua buruarekin ez ordaintzea baizik.

20.  Baina Klaudio, nahiz eta jaun arrotzekin barkakor, dudan egon zen, zer izango ote zen egokiago, bizi-bermez gatibu hartu ala armekin erreklamatu. Alde batetik, laidoen erreminak eta mendeku gogoak eragiten zion, baina, bestetik, ikusarazten zioten bide ibilgaitzetatik eta portu gabeko itsasoetatik egiteko gerra izango zela; gainera, bitartean, errege gerrazaleak zeuden, herri alderraiak, lur elkorrak, astiroaren gogaita, azkarraren arriskua, garaileek erdietsiko zuten aintza urria eta, atzera egin beharreko kasuan, lotsari nabarmena. Zergatik ez zuen eskaintza onartzen eta deserritu hura salbatzen, zeinari, errukarriari, bizia, zenbat eta luzeago, hainbat oinazeago egingo zitzaion? Hitz haiekin konbentziturik, Eunonesi idatzi zion Mitridatesek, noski, goren zigorra merezi zuela eta berari ez zitzaiola ezartzeko indarrik falta; baina arbasoen iritzia izana zela, etsaiekin nolako ankerkeria, erregutzaileekin halako onberatasuna erabiltzea; eta garaipenak herri eta erreinu osoen gainean bakarrik lortzen zirela.

21.  Mitridates, ondoren, entregatua eta Junio Zilonek, Pontoko prokuradoreak, Erromara bidalia izan zelarik, Zesarren aurrean bere egoerari zegokion baino burgoiago mintzatu ei zen; haren esatekoa hitz hauekin zabaldu zen herrian: «Ez naute zuregana bidali; neu nator. Eta, sinesten ez baduzu, askatu eta bila nazazu». Eta aurpegi aldagabez iraun zuen, herriari erakutsia izan zenean, goardiaz inguraturik, Aurpegien ondoan. Ziloni kontsulatuaren eta Akilari pretoretzaren ikurrak eman zizkieten.

22.  Kontsulaldi berean, Agripinak, gorrotoan beldurgarri eta Loliaren arerio, printzearekiko ezkontzan lehiakide izan zuelako, haren aurkako salaketak eta salatzailea prestatu zituen, kaldear eta magoekiko tratua eta, enperadorearen ezteiei buruz, Klaroko Apoloren orakuluari kontsultatu izana egotziko ziona. Berbertan, Klaudiok, salatuari entzun gabe, senatuan haren nobleziaz, Luzio Bolusioren arrebaren alaba zela, Kotta Mesalino aitaren aldetiko osaba-aitita zuela, aurretik Memmnio Regulorekin ezkonduta egon zela, (Gaio Zesarrekiko ezkontza nahita isiltzen baitzuen), luze azaldu ondoren, errepublikarentzat asmo kaltegarriak zerabiltzala gaineratu zuen, eta krimenari burutzeko aukera moztu behar zitzaiola; beraz, ondasunak konfiskatu eta Italiatik erbesteratua izan zedila proposatu zuen. Hala, erbesteratuari, bere neurri gabeko aberastasunetarik, bost milioi sestertzio utzi zizkioten. Kalpurnia ere, andere noblea, galdurik aurkitzen da, printzeak behin bere edertasuna laudatu zuelako, inolako irritsik gabe, pasadako autuan baizik; horregatik, Agripinaren sumina ez zen azkeneraino heldu. Loliari tribuno bat bidaltzen diote, heriotzara sakatzeko. Kadio Rufo ere konkusio legez kondenatu zuten, Bitiniako herriak salaturik.

23.  Senatuarekiko erreberentzia bikainagatik, Narbonar Galiari eman zioten probintziako senatariek euren jabegoak bisitatzera joan ahal izatea, printzearen baimen apartekorik gabe, Siziliari aplikatzen zitzaion pribilegioan bezala. Iturea eta Judea, Sohemo eta Agripa erregeak hilik, Siriako probintziari gehitu zizkioten. Salbamenaren augurioa, hogeita bost urtez etena, berritzea eta aurrerantzean jarraitzea egokitzat jo zuten. Zesarrek hiriko pomerioa ere handitu zuen, antzinako erara, non, inperioa handitzea lortu dutenei, hiriaren mugak ere zabaltzea ematen zaion. Hala ere, buruzagi erromatarrek, herri handiak menperatu izan arren, ez zuten eskubide hura erabili, Luzio Silak eta Augusto jainkozkoak izan ezik.

24.  Erregeei buruz, horretan, zer ezberdinak esan dira haien banitateaz edo aintzaz. Eraikuntzaren jatorriaz eta Romulok ezarri zuen lehen pomerioaz, zenbait gogoeta egitea ez zait zentzugabe iruditzen. Horrela, hiriaren barrutia mugatzen zuen ildoa Idi Foroan hasi zen, non oraintxe ere brontzezko idi estatua bat dakusgun, animalia hori goldera lotzen delako, Herkulesen aldarea besarkatzeko moduan; gero mugarri finkoak ipini zituzten, Mendi Palatinoaren hegalean zehar, Kontsoren aldareraino, gero, Kuria Zaharretaraino, eta, ondoren, Lareen santutegiraino. Erromatar Foroa eta Kapitolioa, Romulok barik, Tito Taziok gehitu zizkiola hiriari uste da. Geroago, zoriaren gorabeherei jarraituz, pomerioa handitu egin zen. Oraingo honetan, Klaudiok ezarri zituen mugak oso ezaguterrazak dira eta, akta ofizialetan, badago haien konstantzia.

25.  Gaio Antistio eta Marko Suilioren kontsulaldian, Domizioren adopzioa bizkortu egiten da Palanteren ekimenez, zeinak, Agripinarekin bat-bat eginik, haren ezkontza moldatzaile eta, gero, lizunkeriaren partaide legez, Klaudio zirikatzen baitzuen, esanez estatuaren onean pentsa zezala, Britanikoren haurtzaroa babesez ingura zezala. Augusto jainkozkoaren etxean ere, nahiz eta birlobengan atseden har zezakeen, semeordeek toki hauta izan ei zuten; Tiberiok, leinu propioaz gainera, Germaniko adoptatu ei zuen; berak ere gizon gazte batengana jo behar zuela, arduren zati bat har zezan. Arrazoiok menperaturik, Domizio semearen aurretik jartzen du, hau baino hiru urte zaharragoa. Senatuan, libertoarengandik entzun zuen moduko mintzaldi bera egin zuen. Adituek zioten, egun hartara arte, Klaudiotar patrizioen artean ez zela adopziorik izan, eta, Atto Klausorengandik, etengabea izan zela.

26.  Gainerakoan, printzeari eskerrak eman zizkioten, Domiziorenganako adulazio landuagoz; gainera, lege bat bozkatu zen, zeinaren arabera hau Klaudiotar familiara pasatuko zen eta Neron izena hartuko zuen. Agripina ere Augusta tituluz goratzen dute. Hori guztia buruturik, inor ez zen Britanikoren destinoaz ez tristatzeko bezain erruki-gogor izan. Apurka-apurka, bere esklaboek ere bertan behera utzirik, amaordearen arreta desegokiak barreka hartzen zituen, haien gezurraz oharturik. Izan ere, berez ez ei zen burugabea, dela egia zelako, dela, arriskuek eraginik, entzute hori probatu gabe zeukalako.

27.  Baina Agripinak, bere boterea nazio aliatuen aurrean ere erakusteko, beteranoak eta kolonia bat bidaltzea lortu zuen bera jaioa zen ubioen hirira, zeinari bere izenetik harako deitura eman zion. Gainera, gertatzen zen ezen herri hura, Rhin igaro ondoren, bere aitita Agripak gure aliantzan hartu zuela. Garai berean, Goi Germanian asaldua izan zen, harrapaketan ziharduten katoak hurreratzean. Azkenean, Publio Ponponio legatuak laguntzaile bangionak eta nemeteak bidaltzen ditu, aliatuen zaldiak gehiturik, harrapariei aurrea hartu eta, sakabanaturik zeudela, ezustean inguratzeko aginduarekin. Buruaren antzeari soldaduen trebetasuna gaineratu zitzaien: zutabe bitan banatu ziren eta ezkerretik abiatu zenak bueltan zetorren etsaia inguratu zuen, harrapaketaren ondorengo nahikeriak higatua eta loguraz betea; poza areagotu egin zen, Baroren hondameneko zenbait biziraule, berrogei urteren buruan, esklabotzatik askatu zituztelako.

28.  Eskuinetik eta ibilbide laburragotik jo zutenek, berriz, bidean etsaiarekin topo egiten dute, zeinari, borrokatzera ausartzen delarik, sarraski handiagoa egiten dioten, eta ospilez eta ospez kargaturik, Tauno mendira itzultzen dira, non Ponponio legioekin zain dagoen, katoek, mendeku gogoz, gudurako aukerarik eman balezate ere. Baina, batetik erromatarrek eta bestetik betidanik liskarrean zebiltzan keruskoek ingururaturik aurkitzeko beldurrez, hirira mezulariak eta bahituak bidali zituzten. Ponponiorentzat garaipen ohorea dekretatu zen, bere entzutearen zati txikia berau geroan, non haren poeta-aintza aurretik doan.

29.  Aldi hartan berean, Druso Zesarrek sueboen tronuan jarritako Bannio erreinutik jaurtitzen dute. Agintaldiaren lehenengo zatian, aintza eta herriaren atxikimendua lortu zituen; gero, denboraren joanean, burgoikeriaz jokatzera aldatu zen, horrek auzoen gorrotoz eta etxekoen liskarrez inguratu zuela. Jaurtitzearen eragileak Bibilio, hermunduroen erregea, eta Bangion eta Sidon, Bannioren arrebaren semeak, izan ziren. Klaudiok, maiz eskatu bazioten ere, ez zuen bere armarik sartu barbaro liskardunen artean, Banniori babesleku segurra agindurik, jaurtitzen bazuten; eta Panoniako buru zegoen Palpelio Histrori idatzi zion, bere legioa eta probintziatik bertatik hautaturiko tropa laguntzaileak ibarrean kokatzeko aginduz, menperatuak babesteko eta menperatzaileei errespetua ezartzeko, euren zoriarekin harroturik, geure bakea ere eten ez zezaten. Izan ere, lugioen eta beste herri batzuen kontingente izugarria baitzetorren, Banniok, hogeita hamar urtetan zehar, arpilaketaz eta zergaz pilaturiko erreinuko aberastasun neurrigabearen usainera. Honek infanteriako tropa propioak eta sarmata jazigeen zaldieria zeuzkan, etsaien jendetza baino gutxiago, eta, horregatik, gotorlekuetan defendatzea eta gerra luzatzea erabaki zuen.

30.  Baina jazigeek, setioa ezin jasanik, inguruetan alderrai zebiltzanek, gudua derrigortu egin zuten, lugioak eta hermunduroak handixek sartu baitziren. Orduan, Bannio gazteluetatik irteten da eta guduan desegiten dute; aurkako zori eta guzti ere, goresgarri bilakatu zen, bere eskuz borrokatzeagatik eta bular agerian hartu zituen zauriengatik. Azkenean, Danubion zain zeukan flotan babestu zen; klienteek atzetik jarraitu zioten, lurrak eman eta Panonian kokatu zirelarik. Bangionek eta Sidonek erreinua erdi bana egin zuten, gureganako leialtasun erakutsiak emanez; dela euren, dela esklaboen berezkoagatik, menpekoen maitasun itzela izan zuten menperatzaile bihurtu bitartean, eta gorroto handiagoa, hori lortutakoan.

31.  Britanian, ostera, Publio Ostorio propretoreak egoera istilutsua aurkitu zuen: etsaiek gure aliatuen lurrak inbaditu zituzten, are bortizkiago, pentsatzen baitzuten buruzagi heldu berri bat ez zitzaiela bidera irtengo ezagutzen ez zuen armadarekin, eta negua hasika zela. Hark, beldurra ala segurantza sortzen dutenak lehenengo gertaerak direla jakinik, kohorte arinak agudo eraman eta, jarkitzaileak hilik, sakabanatuak jazartzen ditu, berriz batu ez daitezen. Bake etsaikor eta gutxi fiatzekoak ez baitie jeneralari, ez soldaduei atsedenik uzten, susmagarriei armak kendu eta Abona eta Sabrina ibaiez hemendiko dena kanpamentu mordo batekin kontrolatzea erabakitzen du. Aurre egiten lehenengoak, izenoak izan ziren, herri indartsua eta gerretan makaldu gabea, gure aliantzara bere gogoz bildu baitzen. Hauek xaxaturik, albo-herriek, gudukatzeko, lubeta kaskar batez inguraturiko lekua hautatu zuten, sarrera estukoa, zaldiek sartzerik izan ez zezaten. Buruzagi erromatarra, nahiz eta legioen indarrik gabeko tropa aliatuak zeramatzan, hura apurtzen saiatzen da eta, kohorteak banaturik, eskoadroiak ere prestatzen ditu, infanteria lanak egiteko. Orduan, seinalea emanik, lubetan barrura sartu eta desegiten dute, bere itxituran harrapatua. Haiek, matxinadaren kontzientziaz eta irteerak itxita ikusirik, balentria asko eta handiak egin zituzten. Gudu honetan, Marko Ostoriok, legatuaren semeak, hiritar bat salbatu izanari dagokion ohorea erdietsi zuen.

32.  Gainerakoan, izenoen hondamenarekin, bake-gerren arteko zalantzan zeudenak baretu ziren eta armada dekangoen aurka eraman zuten. Zelaiak suntsitu eta dena arpilatu zuten, etsaia borrokara ausartu gabe; eta batzuk, gordelekuetatik, zutabea uxatzen saiatu baziren, iruzurra zigortu zitzaien. Eta Hibernia irlara begira dagoen itsasora jadanik iritsiak ziren, baina, briganteen artean sortutako liskarrekin, jeneralak atzera eragin zuen, konkista berrietara ez jotzea erabakirik, aurrekoak finkatu gabe. Briganteak baretu ziren, bai, armak hartu zituzten banakak hil eta besteei barkamena eman zitzaienean; baina silureen herriari ez zion eragiten ez krudelkerik, ez errukiak; gerra egin zuten, bada, eta euren artean kanpaturik menperatu behar izan zituzten. Hori azkarrago egiteko, Kamulodunoko koloniatik lurralde okupatuetara, beteranoen tropa sendo bat daramate, matxinaden aurkako bermetzat, eta aliatuak legeak errespetatzera ohi zitezen.

33.  Gero, silureen aurka jo zuten; hauek, berezko kemenaz gainera, Karatakoren indarrean fidatzen ziren, zeina hainbeste arriskuk eta hainbeste arrakastak beste buruzagi britanoen gainetik nabarmentzera jaso zuten. Baina ordukoan, maltzurkeriagatik eta lurzoruaren engainuagatik gehiago, soldaduen kopuruagatik gutxiago izanik, gerra ordobikoen lurraldera darama eta, gure bakearen beldur zirenak bereganatu ondoren, bataila erabakigarria probatzen du. Borrokarako, sarrera, irteera eta gainerako guztia guretzat okerrena eta eurentzat onena izateko moduko lekua hautatu zuen: batetik, mendi erripeek inguratzen zuten eta, iriste erraza zeukan aldetik, harriak pilatzen ditu murru gisan; gainera, ibi lokazko ibaia zihoan ondoan, eta, gotorlekuen aurrean, talde armatuak kokaturik zeuden.

34.  Horrez gainera, herri haietako buruzagiak hara-hona zebiltzan harengatuz, kemena emanez, beldurra kenduz, itxaropena piztuz eta borrokara xaxatzeko behar den guztia esanez. Karatakok berak ere hara-hona ziharduen, eta egun hura, gudu hura, askatasun berreskuratuaren edo betiko morrontzaren hasiera izango zela segurtatzen zien; arbasoen izenak ere gogoratzen zituen, Zesar diktadoreari atzera eragin ziotenak, zeintzuen kemenari esker, haizkora eta zergetatik aske, emazteak eta umeak sano gordetzen zituzten. Honakoak eta antzekoak esatean, herriak oihuka erantzuten zuen, eta bakoitzak, bere herriko jainkoengatik, jaurtigaien eta zaurien aurrean ez zuela atzera egingo zin egiten zuen.

35.  Halako berotasunak buruzagi erromatarra harritu egin zuen; gainera, bidea mozten zuen ibaiak, erantsi zioten hesiak, gainean zituzten tontorrek, inguru etsai eta defendatzailez beteriko guztiak beldurra ematen zion. Baina soldaduak borroka eske ziren, kemenarentzat dena zela menperagarri-eta; prefektuek eta tribunoek ere, antzera hitz eginez, armadaren adorea pizten zuten. Orduan Ostoriok, nondik ez eta nondik bai sar zitekeen ikuskaturik, tropa suharra aurrera darama eta ibaia eragozpen gabe igarotzen du. Lubetara iritsitakoan, jaurtigaiekiko borrokan, gutarren artean zauritu gehiago izan zen eta, leku askotan, hilketak hasiak ziren; dortoka zelakoa armatutakoan, harri-multzo zaskar eta eragabe haiek desegin eta, zelai berdinean, gorputzez gorputz hasi zirenean, barbaroak mendi tontorretara erretiratu ziren. Baina hara ere jaurti zuten infanteria, bai arina, bai astuna, hura azkon urtika, hau ordena itxiko erasoan, eta halaxe desegin zituzten koraza eta kasko babesik ez daukaten lerro britanoak; eta, laguntzaileei eusten bazieten, legionarioen ezpatek eta azkonek abailtzen zituzten; eurengana itzulten baziren, laguntzaileen sableek eta lantzek eraisten zituzten. Garaipen hura distiratsua izan zen; Karatakoren emaztea eta alaba atxilotu zituzten eta haren anaiak baldintza gabe entregatu ziren.

36.  Karatako bera, okerrak gehienik insegurantza baitakar, briganteen erregina Kartimanduaren babesa eskatu zuen arren, kateatua eta garaileei entregatua izan zen, Britaniako gerraren hasieratik bederatzi urtera. Hortik iritsi zaitzaion ospea, irlaz handik, inguruko probintzietara hedatua, eta Italian ere zabaldu zena; denak irrikaz zeuden, gure boterea hainbeste urtetan arbuiatu zuena nor zen ikusteko. Erroman bertan ere ez zen ezezaguna Karatakoren izena eta Zesarrek, bere buruaren ohorea goratzean, menperatuari aintza gehitu zion. Izan ere, herriari dei egin zitzaion, ikuskizun itzela bailitzan; euren koartel aurreetan hedatzen den zelaian, kohorte pretoriarrak armaturik lerrotu ziren. Orduan, erregearen klienteak igaro ziren, eta haien dominak, torkeak eta kanpo gerretan konkistaturiko trofeoak desfilarazi zituzten; gero, haren anaiak eta emaztea eta alaba erakutsi zituzten eta, azkenean, berbera. Besteen erreguak doilorrak izan ziren beldurragatik; Karatakok, ostera, ez begirik jaitsi, ez errukirik eskatu gabe, tribunara igotakoan, honela hitz egin zuen:

37.  «Nire noblezia eta fortuna nolakoak izan ziren, nire neurritasuna oparotasunean halakoa izan balitz, hiri honetara, gatibu baino areago, lagun etorriko nintzen, eta ez zenion muzin egingo, arbaso bikainetarik sorturik, hainbeste herriren gainean agindu zuen gizona bakez eta elkartasunez hartzeari. Nire oraingo zoria niretzat tristea bezain aintzatsua da zuretzat. Zaldiak, gizonak, armak, baliabideak izan ditut: zergatik da harrigarria horiek denak neuk nahi gabe galdu izana? Zeren, zuek denen gainean agindu nahi duzuelako, denek morrontza onartu behar al dute? Entregatuaz batera arrastatu banindute hona, ez nire fortuna, ez zure aintza distiratuko ziren. Eta nire suplizioari ahanzturak jarraituko dio; bizirik banaukazu, berriz, zure bihotz onaren etsenplu iraunkorra izango naiz». Hitz horiei Zesarrek berari, emazteari eta anaiei bizia barkatuz erantzun zien. Haiek, kateetatik askaturik, beste tribuna batean, ez hain urrun, bistan zegoen Agripinari ere omen egin zioten, printzearenganako gorespen eta esker oneko hitz berdinez. Antzinakoen usadioan, benetan zer berria eta ohigabea zen: emakume bat erromatar banderen aulkiburu; bere buruarentzat partea eskatzen zuen, bere arbasoek irabazitako inperioan.

38.  Senatura deitu zutenean, gurasoak luze eta bikain hitz egin zuten Karatakoren atxiloketaz; ez ei zen aintza txikiagokoa, Publio Eszipionek Sifax, Luzio Paulok Perses eta beste buruzagi batzuek, erromatar herriaren aurrean, errege kateatuak aurkeztu zituztena baino. Ostoriorentzat, garaipen ohoreak bozkatzen dira; artean, arrakasta izan zuen, baina gero haren zoria lokatu egin zen, dela, Karatako kendurik, gure armadaren diziplina, gerra amaitu balitz bezala, laxotu zelako, dela etsaiek mendeku gogoa sutzen nabari zutelako, hain errege handiaren saminez. Kontua da kanpamentuko prefektua eta silureen lurretan gotorlekuak ezartzeko utzitako legio-kohorteak inguratu egiten dituztela; eta, berria emanaz batera, tropa setiatu haiek inguruko gotorlekuen laguntzarik jaso ez balute, bertan hilko ziren; hala ere, prefektua, zortzi zenturioi eta soldadurik ausartenak jausi ziren. Handik laster, bazkatan zebiltzan gutarrak eta sorostera bidalitako eskoadroiak desegin zituzten.

39.  Orduan, Ostoriok kohorte arinak jarki zizkien, baina ez zuen, hala ere, sakabanatzerik geldiarazten, harik eta, azkenean, legioak guduan sartu arte; hauen indarrez, borroka berdindu zen eta, gero, parterik onena geuretzat izan zen. Etsaiak oker handirik gabe ihes egin zuen, eguna amaitzen ari baitzen. Borrokak behin eta berriro izan ziren eta, gehienetan, bidelapurren asaltoen antzera: sastraka eta zingiretan, bakoitzaren zorte eta kemenaren arabera, inprobisatuki edo pentsatuki, amorruz edo harrapaketa gogoz, aginduta edo, batzuetan, buruzagiek jakin gabe. Silureen erresistentzia bereziki gogorra zen, sumindurik baitzeuden buruzagi erromatar baten hitzak zabaldu zirelako, esanez ezen, behinola suganbroak ezereztuak edo Galiara aldatuak izan zirenez, silureen izena ere halaxe ezabatu behar zela errotik. Hala, prefektuen gutiziagatik, arretarik gabe arpilaketan ziharduten kohorte laguntzaile bi atzeman zituzten; eta, mozkinak eta gatibuak eskuzabal banatuz, beste herriak ere desertziora arrastatzen zituzten; kezken pisuak abaildurik, Ostoriok biziari agur egin zion; etsaiak poztu ziren, pentsatuz buruzagi ez makal hura, bataila batek ez bazen ere, ziur gerrak akabatu zuela.

40.  Zesarrek, legatuaren heriotzaren berri jakitean, eta probintzia gobernadore gabe egon ez zedin, Aulo Didio izendatu zuen ordezko. Hau agudo joan bazen ere, gauzak ez zituen gozo aurkitu: bitartean, Manlio Balente buru zuen legioak okerra izan zuen; etsaiak, gainera, gertaerari durundi handia eman zion, jeneral etorri berria izutzeko, honek ere entzuna handitzen zuela, egoera konpontzen bazuen, aintza handiagoa jaso zezan, eta, eusten bazioten, aitzakia zuzenagoa izan zedin. Porrot hori ere silureek eragin ziguten eta erasoa nondinahi zabaltzen zuten, Didio aurre egitera iritsi arte. Baina, Karatako atxilotutakoan, ezagutza militarrik handieneko buruzagia Benuzio zen, briganteen herrikoa, arestian gogoratu dudanez; luzaroan leial izan zitzaigun eta erromatar armetan babestu zen, Kartimandua erreginarekin ezkonduta zegoenean; baina gero, euren arteko banakuntza eta berehalako gerra bide, hura ere gure aurka altxatu zen. Dena dela, lehenengotan, borroka euren artekoa bakarrik zen eta Kartimanduak, arte maltzurrekin, Benuzioren anaiaz eta ahaideez jabetzea lortu zuen. Horrexek suminarazi zituen etsaiak, emakume baten agintearen menpeko izatearen lotsariak kinaturik, eta, gerlari gazte hauten armadarekin, haren erreinua inbaditzen dute. Gutarrek hori aurreikusia zuten, eta laguntzera bidalitako kohorteek borroka latza izan zuten, dena beharreko hasierarekin, azken pozgarriagoa izan zuena. Zesio Nasika buru zuen legioak ere antzeko arrakasta izan zuen borrokan; zeren Didiok, urteek abaildurik eta ohorez beterik, menpekoei jokatzen uztea eta etsaiari atzera eragitea nahikoa baitzuen. Egintza horiek, bi propretorek hainbat urtetan burutuak izan arren, batu egin ditut, banan oroimenarentzat berdin balio ez izaterik gerta ez zedin; orain, denboraren ordenara itzultzen naiz.

41.  Tiberio Klaudio, bosgarrenez, eta Serbio Kornelio Orfito kontsulak zirela, Neroni gizon-toga sasoia baino lehenago jantzi zioten, estatu kontuetan parte hartzeko gai zela eman zezan. Gainera, Zesar pozik makurtu zen senatuaren zurikerietara, Neronek kontsulatua hogei urterekin har zezan eta, bitartean, izendatu gisan, hiriaren aginte prokontsularra eta «gazteriaren printze» izena ukan zezan. Soldaduei, bere izenean, diru-sariak eta herriari jenero-sariak eman zitzaizkien. Herriaren ederra irabazteko eskaini zen zirku ikuskizun batean, Britaniko pretestaz jantzirik eta Neron soineko triunfalez desfilatu ziren: herriak hau distira inperialez ikus zezala eta hura haur janzkeraz, eta hortik atera zezala bataren eta bestearen izatekoa. Aldi berean, Britanikoren zoriaz errukitzen ziren zenturioiak eta tribunoak gezurrezko aitzakiaz edo igoera itxuraz kentzen zituzten. Leialtasun ustelgabea zioten bakanak ere baztertuak dira, honelako okasioa zela bide. Neronek eta Britanikok elkarrekin topo egitean, Neronek Britaniko bere izenez agurtu zuen eta honek Neron, Domizio deituz. Agripinak senarrari oso kexati damaio horren berri: liskarraren hasiera zela, adopzioa arbuiatzen baitzen, eta senatuak erabaki eta herriak eskatu zuena etxean bertan indargabetzen zela; eta, halako zapokeriak irakasten zituztenen gaiztakeria urruntzen ez bazen, estatuaren hondamena lehertuko zela. Salaketatzat hartu zituenok zauskaturik, Klaudiok semearen hezitzailerik onenak erbestez edo heriotzaz zigortzen ditu eta amaordeak esanikoak jartzen ditu haren jagole.

42.  Agripina ez zen ausartzen, ostera, bere asmoa azkeneraino eroaten, pretoriar kohorteen agintetik Lusio Geta eta Rufrio Krispino kendu arte, zeintzuak Mesalinaren oroitun eta haren seme-alabei lotuak uste zituen. Hala, bien arteko temaz, kohorteak banaturik zeudela eta, batek bakarrik agindurik, diziplina zorrotzagoa izango zela emazteak segurtatzean, kohorteen agintea Burro Afraniori transferitzen zaio, ospe militar izugarriko gizona bera, baina haien buru noren gogoz jartzen zuten bazekiena. Agripinak bere buruaren gorapena ere areagotu nahi zuen: antzinatik abadeei eta zer sakratuei bakarrik zegokienez, Kapitoliora gurdian sartzeak emakume harenganako begirunea handitu egiten zuen, zeina, enperadore baten alaba, aginte osoaren jabe izan zenaren arreba eta emazte eta ama izan zena, etsenplu berdingabea baita gaur arte. Hartan, bere aldeko printzipala zen Biteliori, entzute handiko eta adinean oso aurreratuari –hain dudazkoa baita ahaltsuen izatea– inputazio bat egozten zaio, Junio Lupo senadoreak salaturik. Honek maiestate hobena eta aginte gutizia leporatzen dizkio; eta Zesarrek entzun egingo zion, Agripinaren erregu baino areago mehatxuek aldarazi ez balute, halako eran, non salatzaileari ur-suen debekua ezarri baitzion. Horixe nahi Biteliok.

43.  Urte hartan, mirari asko gertatu zen: Kapitolio gainetik, parte txarreko hegaztiak igaro ziren, hainbat lurrikarak eraikinak eraitsi zituen, eta okerragoen beldurrak herrian izua eragin zuen, makalenak hankapean hilik; uzten urritasuna eta ondorengo gosea ere miraritzat hartzen ziren. Auhenak ez ziren ezkutuak bakarrik, aitzitik, Klaudio, justiziaginan ari zela, oihu astintzailez inguratu zuten eta, bultzaka, bazeramaten foroaren azkeneraino, harik eta, soldaduen pelotoi baten laguntzaz, jendetza amorratuaren erditik alde egin arte. Ziurra da hirian ez zegoela hamabost egunetik gorako zer janik, baina kinka larriak erremedioa izan zuen jainkoen onberatasun handian eta neguaren biguntasunean. Antzina, Herkulesarren, Italiak probintzia urrunetako legioei helarazten zien hornimena, eta oraintxe ere ez dago antzutasunez gaixo, baina, nahiago baitugu Afrika eta Egipto landu, erromatar herriaren bizia ontzien eta ezusteen gorabeheran dago.

44.  Urte berean, armeniarren eta hiberoen artean sorturiko gerra partoen eta erromatarren arteko talka oso larrien bide izan zen. Partoen herrian, Bologeses zegoen agintari, amorante greziar batengandik jaio eta anaien amore ematez errege egin zena; hiberoengan, Farasmanesek agintzen zuen, betidaniko eskubidez, eta, armeniarrengan, honen anaia Mitridatesek, gure armetan babesturik. Farasmanesek Radamisto izeneko semea zeukan, gorpuzkera ederrekoa, indartsua, trebea bere herriko arteetan, eta auzo herrietan ere ospe handikoa. Honek zioen Hiberiako erreinu txikiak denbora luzeegia zeramala bere aitaren zahartasunaren menpean, eta bere gutizia ezkutuan geratzeko baino lotsagabeago eta sarriago esaten zuen. Orduan, Farasmanesek, urteak gainbehera zihoazen beldurrez, aginte gosez eta herriaren begionez inguraturik zegoen mutil hura beste itxaropen batera erakarri nahi zuen eta Armenia erakusten zion, bera ere, partoak bidalirik, Mitridatesi entregatu zitzaiola gogoraturik; hala ere, hobe zen indar-kolpea atzeratu eta engainuaz baliatu. Hala, Radimisto, aitarekin haserre zebilela eta amaordearen gorrotorik ezin zuela jasan simulatuz, osabarengana doa, honek laztan handiz eta seme bezala tratatzen duela; baina bera armeriar jaunak erreboltara erakartzen aritzen da, Mitridatesek, ez jakinean, hainbat ohore gehiagoz hornitzen duela.

45.  Horretan, adiskidetze aitzakian, aitarengana itzuli eta engainuz egitekoa egina dela eta gainerakoa arma-lana dela iragartzen dio. Bitartean, Farasmanesek gerrarako aitzakiak prestatzen ditu: berak, albaniarren erregearen aurkako borrokan, erromatarren laguntza eskatu zuenean, anaiak ezetz esan zuela eta laido hura bera suntsituz mendekatuko zuela; aldi berean, semeari armada handia eskuratzen dio. Hau, bat-batean, Mitridatesen gainera oldarzen da, zeina, izuturik eta lur lauez gabeturik, Gorneasko gazteluan babesarazten duen, leku segurra bera kokapenez eta goarnizioz, Zelio Polion prefektua eta Kasperio zenturioia buru zituela; barbaroentzat ez dago makinak eta eraso teknikak baino ezezagunagorik; guretzat, ostera, ezin hobeto menperatzen dugun militargoaren zatia da hori. Eta, hala, Radimistok, gotorlekua alferrik eta berak min harturik asaltatzen saiatu ondoren, setiora jotzen du. Eta, bere indarra kaxkarra baitzen, prefektuaren gutizia erosten du, ez Kasperioren protesta gabe, errege aliatu bat eta Armenia, erromatar herriaren dohaia, krimenak eta diruak hondatuko zituztelako. Azkenean, Polionek etsaien ugaritasuna eta Radimistok aitaren aginduak alegatzen baitzituen, Kasperiok, su-etena itundurik, alde egin zuen, Farasmanes gerratik disuaditzerik lortzen ez bazuen, Siriako gobernadore Ummidio Kuadratori jakinarazteko Armenia nolako egoeran aurkitzen zen.

46.  Zenturioia joandakoan, zaintzaile gabe geratu bailitzan, prefektua Mitridatesi sakaka hasi zitzaion ituna sina zezan, anaitasuna, Farasmanesen zaharragotasuna eta gainerako ahaide titulu guztiak gogoratuz: emaztea haren alaba zuela eta bera ere Radimistoren aitaginarreba zela; hiberoek ez ei zuten bakerik arbuiatzen, une hartan indartsuago bazeuden ere; bestalde, armeniarren leialtasunik eza ezaguna zela eta hornimen gabeko gazteluaz beste gordelekurik ez zeukala; ez zezala armen zorte badaezpadakoa hobetzat jo, akordio odolgabea baino. Mitridates proposamen horrekin zalantzan eta prefektuaren aholkuekin susmoti zegoen bitartean, honek erret maitale bat seduzitua baitzuen eta diruagatik edozein zatarkeriarako gaitzat jotzen baitzuen, Kasperiok Farasmanesengana jotzen du, hiberoek setioa jaso dezaten eskatuz. Honek publikoan erantzun zion, hitz anbiguoz, baina nahikoa adeikorrez, eta, bitartean, mezulari sekretuen bitartez, Radamistori agintzen dio hartzea bizkortzeko ahal den moduan. Prebarikazioaren prezioa gehitu eta Polionek, izkutuka ustelaraziz, soldaduei bultz egiten die, bakea eskatu eta defentsa bertan behera uzteko mehatxua egin dezaten. Halako esturan, Mitridatesek ituna ezartzeko eguna eta lekua onartu zituen eta gaztelutik irteten da.

47.  Lehenengotan, Radamisto besarkatzera oldartzen zaio, begirune itxuran, aitaginarreba eta aita deituz; gainera, zin dagio ez diola bortxarik egingo, ez burdinaz, ez pozoiz. Aldi berean, inguruko oihan sakratu batera darama, han sakrifizio bat gertu zegoela esanik, bakea jainkoen lekukotzan sina zezan. Errege artean, aliantza egiterakoan, ohitura da eskuinak bildu, erpuruak lotu eta korapiloz estutzea; gero, odola hatz muturretan batutakoan, zauritxo batez erionarazi eta elkarrena mihizkatzen dute. Halako ituna zer misteriosotzat jotzen da, elkarren odoljarioz kontsakraturik bezala. Baina, aldi hartan, lokarri ekarlea, jauste itxuran, Mitridatesen belaunetara jaurtitzen da eta bera ere eraisten du; berehala, beste batzuk etorri eta kateatu egiten dute, gero bilurrez loturik arrastatzeko; barbaroentzat, desohore handia da hori. Herria ere, haren aginte zorrotza jasanik, laster hasi zitzaion kolpeka eta irainka. Baziren hain zori aldatze handiaz errukitzen zirenak ere. Atzetik, emaztea seme-alaba txikiekin zihoan, dena ahueneztatuz. Bakoitza ibilgailu banatan eta estalietan gordetzen dituzte, Farasmanesen aginduak egiaztatu bitartean. Harengan, erreinu goseak anaiak eta alabak baino gehiago balio zuen, eta gogoa krimenerako gertu zegoen; ikuspenari kargu egin zion, hala ere, bere bistan hil ez zitzaten. Radamistok, bestalde, bere zina gogoraturik, ez darabil ez burdinarik, ez pozoirik, arrebaren eta osabaren aurka, baizik, lurrera eraitsi eta ito egiten ditu, soineko askoz eta astunez estalita. Mitridatesen seme-alabak ere, gurasoen heriotzari negar egitearren, lepamoztu egin zituzten.

48.  Kuadratok, Mitridates entregatu zutela eta erreinua hiltzaileen esku gelditu zela jakin zuenean, kontseilua deitu, gertatua azaldu eta iritzia eskatzen du, mendekura jo behar zuenetz. Banakei bakarrik ardura zien estatuaren ohoreak; gehienak kontuz mintzatu ziren: arrotzen arteko edozein krimen pozez hartzekoa ei zen; areago oraindik, gorroto hazia zabaldu egin behar ei zen, erromatar printzeek, sarritan, Armenia bera eskuzabaltasun itxuraz hornitu zuten moduan, barbaroen gogoak liskartzearren; uzteko Radimistori aginte gaizki irabazia gozatzen, gorrotagarri eta laidogarri zeno, hori, guretzat, aintzaz lortu izan balu baino onuragarriago zela eta. Erabaki horixe hartu zen. Hala ere, krimena onesten zutenik ez emateko, eta Zesarrek bestelakorik agindu ez zezan ere, Farasmanesi mezulariak bidali zizkioten, Armeniako mugetatik alde egiteko eta semea itzularazteko aginduz.

49.  Orduan, Kapadoziako prokuradorea Julio Peligno zen, nazkagarria, bai gogoaren koldarrez, bai gorputzaren zatarrez, nahiz eta, lehenago, Klaudioren lagun mina izan, honek bere hiritar partikularraren aisia inertea bufoien tratuz alaitzen zuenean. Peligno honek tropa laguntzaileak erreklutatzen ditu probintzian, Armenia berkonkistatzeko bezala; baina, etsai artean baino aliatu artean harrapaketa gehiago egina izanik, beretarrek abandonaturik eta barbaroen erasoaren aurkako babesik gabe, Radimistorengana jotzen du. Haren opariek konbentziturik, bera da erret ikurrak har ditzan bultzatzen lehenengoa, koroapenean berme eta satelitetzat egonik. Berria bere lotsagarrirako zabaldu zenean, eta beste erromatarrak Pelignoren antzekotzat joak izan ez zitezen, Helbidio Prisko legatua legio batekin bidaltzen dute, nahasmena zirkunstantzien arabera konpon zezan. Tauro mendikatea azkar bestalderaturik, tentua indarra baino gehiago erabiliz, egoera ia konponduta zeukanean, Siriara itzultzeko agindua hartzen du, partoen aurkako gerrarik gerta ez zedin.

50.  Izan ere, Bologesesek, Armenia, bere arbasoek ukan zutena eta orain, krimen bidez, errege arrotzaren esku zegoena, inbaditzeko aitzakia eman zitzaiola pentsaturik, tropak batu eta bere anaia Tiridates erreinu hartan ipintzera prestatzen da, etxeko ezein kide erreinu gabe egon ez zedin. Partoak sartzean, hiberoak borroka gabe egotzi zituzten eta Artaxata eta Tigranozerta armeniar hiriek uztarria onartu behar izan zuten. Gero, neguaren gogorrak, janarien urriak eta bietatik harako izurriteak Bologeses gauzak lehenean uztera behartzen dute. Radimistok Armenia berriz jabegabea inbaditzen du, aurrekoan baino amorratuago, traizio egin ziotenen eta lehen aukeran matxinatuko zitzaizkionen aurka baitzihoan. Baina haiek, morrontzara ohiturik egon arren, pazientzia hautsi eta erret jauregia armaturik inguratzen dute.

51.  Eta Radimistok zaldien bizkortasunaz beste salbamenik ez zuen izan, berak eta emazteak haien gainean ihes eginez. Hau, ostera, haurdun zegoen eta, lehenengotan, ahal bezala eutsi zion ihesari, etsaien beldurrez eta senarraren maitez; gero, lasterketaren luzea sabelean astinduak eta erraietan espasmoak eragiten hasi zitzaionean, erregutzen zuen ezen, heriotza ohoragarri batez, libra zezala gatibutzaren lotsaizunetik. Senarrak, lehenengotan, besarkatzen, baretzen, animatzen zuen, bai haren kemena miretsiz, bai, atzean uztera, beste baten eskuan eror zedin beldurrez. Azkenik, amodioaren biolentziak eraginik eta krimena ere ez baitzuen arrotz, ezpata zorrotik atera eta sastaturik, Araxes ibaiaren hegaleraino arrastatu eta urlasterrari damaio, etsaiari haren gorputza ere kentzeko. Berak hanka-jokoan ihes egin zuen hiberoen lurrera, aitaren erreinura. Bitartean, Zenobiari, hala baitzuen izena, urlo batean gelditurik, oraindik arnasa eta bizi-antza zuela, artzain batzuek erreparatu zioten; hauek, itxuraren gurentasunetik, edonor ez zela pentsaturik, zauria bendatzen eta osagai agresteak ezartzen dizkiote eta, haren izen eta zoriaren berri jakitean, Artaxata hirira daramate. Handik, estatuaren kontura, Tiridatesi eraman zioten eta, bihozberaki hartua izanik, erregina tratua ukan zuen.

52.  Fausto Silaren eta Salbio Otonen kontsulaldian, Furio Eskriboniano erbestera kondenatzen dute, kaldear aztien bitartez, printzearen azkena arakatzen ari zela eta. Gaizkintzan, bere ama Bibia ere sartzen zuten, zeinari aurreko zoria pazientziaz ez eramatea leporatzen zioten, baztertua izan baitzen. Kamilok, Eskribonianoren aitak, matxinada armatua sustatu zuen Dalmazian; eta horrek Zesar klementziara makurtzen zuen, leinu etsai bati bigarrenez barkatzeko burueran. Hala ere, erbesteratua ez zen luzaro bizi izan; dela berez, dela pozoiz hil zela zabaldu zen, nork zer sinetsi kontu. Astrologoak Italiatik bidaltzea erabaki zen, senatuaren dekretu zorrotz bezain alferrekoz. Gero, printzearen mintzaldi batean, senatari maila, diru urritasunagatik, euren kabuz uzten zutenak goralduak izan ziren, eta gelditu eta txirotasunari lotsagabekeria eransten ziotenak apartatu egin zituzten.

53.  Aldi horretan, esklaboekin haragi harremana izaniko emakumeen zigorraz ere jarduten dute senatuan; ugazabaren ezjakinean izan bada, emakumea ere esklabotzat hartua izan dadila erabakitzen da, eta, haren onespenez izan bada, libertotzat. Zesarrek mozioaren egiletzat aurkeztu zuen Palanterentzat, Barea Sorano kontsul izendatuak pretore ikurrak eta hamabost milioi sestertzio eskatu zituen, Arkadiako erregeen ondorengoa izanik, bere noblezia txit antzinakoa denen onaren atzetik jartzen zuelako eta printzearen zerbitzarien artean eduki zezaten uzten zuelako. Klaudiok segurtatu zuen Palantek, ohorearekin pozik, nahiago zuela lehengo pobrezian jarraitu. Eta publikoaren ikusgai jarritako brontzezko plakan, senatuaren dekretua irarri zen, non liberto hura, hirurehun milioi sestertzioren jabea, antzinako austeritatearen gorespen guztiekin hornitzen zen.

54.  Haren anaia, ostera, Felix izenekoa, ez zebilen halako moderazioan: aspalditik zegoen Judeako buru, eta hain aginte handian babesturik egoteak bere gaizkintza guztiak inpune utziko zituela uste zuen. Egia da juduek matxinatzekoa egin zutela, sedizioa sortu zenean, [Gaio Zesarrek tenpluan bere irudia ipintzeko agindu zuenean; eta, nahiz eta], haren hilketaren berri jakitean, agindua ez zen bete, beste printzeren batek zer bera agindu zezan beldurra gelditu zen. Bitartean, Felixek, erremedio intenpestiboekin, hobenera xaxatzen zuen, Bentidio Kumano txarrenerako lehiakide zuela. Honek probintzia zati bat zeukan, Bentidiok galilearrak eta Felixek samariarrak gobernatzeko moduan erdibitua, antzinatik etsai ziren herriak eurok, baina orduan, agintarienganako arbuioz, gorrotoari gutxiago eusten ziotenak. Hala, elkarri harrapaketan aritzen ziren, elkarren kontra bidelapur aldrak bidaltzen, enboskadak ezartzen, eta, inoiz, benetako batailei ekiten zieten, mozkinak eta harrapakinak prokuradoeei entregatuz. Hauek, lehenengotan, poztu egiten ziren, baina gero, gaitza handitzean, armadei eskua sarrarazi zieten eta soldaduen artean heriotzak izan ziren; probintzia gerran sutuko zen, Kuadrato Siriako gobernadorea etorri ez balitz. Gure soldaduak hil zituzten juduek euren krimena buruarekin ordain zezaten duda handirik ez zen izan. Kumanok eta Felixek zalantzak eragiten zituzten, zeren Klaudiok, erreboltaren arrazoien berri jakitean, Kuadratori eman baitzion prokuradoreena ere erabakitzeko eskubidea. Baina Kuadratok Felix epaileen artean aurkeztu zuen, auzitegian harrera emanik, salatzaileen ahalegina mozteko; eta, biek buruturiko gaiztakeriengatik, Kumano kondenatu zuten eta probintziara bakea itzuli zen.

55.  Handik laster, zietak izeneko Ziliziako herri agresteak, lehen ere maiz matxinatuak, Troxobororen agindupean mendi malkartsuen gainean kanpatu ziren; handik itsasertzera edo hirietara jaisten ziren eta baserritarrei zein kaletarrei eta, batez ere, merkatariei eta untzizainei bortxa egiten ausartzen ziren. Anemunio hiria setiatu ere egin zuten, eta Siriatik laguntzera bidalitako zaldieria, Kurtzio Seberoren agindupean, suntsiturik gertatu zen, inguru haien malkartasunak, oinezkoen borrokarako egokiak, ez baitzuen zaldi batailarik jasaten. Azkenik, itsasertz hartako erregeak, Antiokok, populua balakatuz eta buruzagia engainatuz, barbaroen indarrak sakabanatzea lortu zuen eta, Troxoboro eta jaun bakan batzuk hildakoan, besteak klementziaz baretu zituen.

56.  Garai hartan berean, Fuzino aintziraren eta Liris ibaiaren arteko mendia hondeatu zuten eta, lanaren handitasuna jende gehiagok miretsia izan zedin, untzi-gudua prestatu zuten aintziran bertan, Augustok, behinola, Tiber inguruan eraikitako urmaelean egin zuen bezala, untzi arinekin eta tropa gutxiagoz baina. Klaudiok hiru eta lau arraun lerroko untziak eta hemeretzi mila gizon prestatu zituen; barrutia pontoiz inguraturik zegoen, ihes eragaberik ez gertatzeko, baina bazen nahikoa leku, arraunlarien indarra, patroien trebetasuna, untzien abialdia eta gudu baten ohiko zer guztiak erakusteko. Pontoien gainean, pretoriar kohorteen destakamenduak eta eskuadroiak kokaturik zeuden, eta aurrealdean bastioiak jaso zituzten, nondik katapultaz eta baleztaz tira zitekeen. Gainerako lakua itsas infanteek okupatzen zuten untzi estalietan. Ertzak eta maldak eta mendi tontorrak, antzoki erara, inguruko urietatik eta baita hiritik harako jendetza neurrigabez josita zeuden, ikusminez edo printzearekiko adeiz etorriak eurak. Klaudio, gerra-mantu bikainez eta, ez urrun, Agripina, urrez brodaturiko klamidez, ikuskizunaren buru ziren. Gudua, nahiz gaizkile artean, gizon suharren kemenez burutu zen eta, zauri ugariren ondoren, elkar hiltzetik eximitu zituzten.

57.  Baina, ikuskizuna amaitutakoan, uren bidea ireki zuten. Eta lanaren trakeskeria bistan geratu zen, ez baitzen aintziraren alderik apalenera iristeko bezain sakona. Denboraldi bat igarotzen utzi zuten, tunela sakonago egiteko, eta, berriz ere jendetza biltzeko, gladiadoreen ikuskizuna jartzen dute, oinezkoen borrokarako zubiak hedaturik. Otordua ere eman zuten lakuaren hustubide ondoan; horrek denen ikara handia ekarri zuen, uraren indar oldartsuak aurkitzen zuen guztia arrastatzen baitzuen, urruneraino dardaratuz eta, burrunbaz eta harrabotsez, bazterrak izutuz. Agripinak, une hartantxe, printzearen beldurraz baliaturik, Nartziso, lanen arduraduna, gutiziaz eta lapurretaz salatzen du; baina bera ez zen isildu, emakumeen lotsagabekeria eta gehiegizko itxaropena aurpegiratzen zizkiola.

58.  Dezimo Junio eta Kinto Haterioren kontsulaldian, hamasei urteko Neronek Oktabia, Zesarren alaba, ezkontzaz hartu zuen. Ikasketa ohoretsuetan aintza eta elokuentzian distira lortu nahirik, iliarren auzia defendatzeaz arduratu zen. Etorri handiz, troiarren jatorri erromatarra, Eneas juliar leinuaren sortzaile gisan, eta beste zenbait gauza antzinako, ipuinetik ez urrungo, gogoratu ondoren, iliarrak zama publiko orotatik libratzea lortzen du. Bere etorriak lortu zuen suteak irentsitako Boloniako koloniari ere hamar milioi sestertzioko dirulaguntza ematea. Rodioei askatasuna bihurtzen zaie, hainbeste aldiz kendua eta berretsia, kanpo gerretan merituak egin ala barne sedizioak eragin zituzten kontu. Lurrikara jasan zuten Apameakoei bost urteko zergak barkatu zitzaizkien.

59.  Klaudio, bestalde, agindurik ankerrenak eman beharrean aurkitzen zen, Agripinaren trikimainen ondorioz, beti ere, zeinak aberatsean ospetsua zen Estatilio Tauro, haren baratzearen gutiziaz, Tarkizio Priskok aurkezturiko salaketarekin galdu zuen. Hau Tauroren ordezkari izan zen, hark Afrika prokontsul gisan gobernatzen zuenean; itzuli zirenean, haren aurkako salaketa egin zuen, zenbait konkusio aipatuz, nahiz eta, batez ere, praktika magikoak leporatuz. Taurok, salatzaile faltsua eta merezi gabeko lotsaizuna gehiago ezin jasanez, bere buruaz beste egin zuen, senatuaren epai aurretik. Hala ere, Tarkizio kuriatik egotzia izan zen eta senatariek, salatariarenganako gorrotoz, Agripinaren azpikeriei aurre egiten zieten.

60.  Urte berean, printzeak behin eta berriz adierazi zuen prokuradoreen epaiek bere erabakiek adina indar izan behar zutela. Eta arinki hitz egin zuela eman ez zezan, senatuaren dekretuz ere, hartarako neurriak hartu ziren, artean ezagutuak baino xeheagoak eta osoagoak. Izan ere, Augusto jainkozkoak agindu zuen Egipto gobernatzen zuten zaldun erromatarrek legeak ezar zitzatela eta haien erabakiek Erromako magistratuenen begirune bera izan zezatela; geroago, beste probintzia batzuetan eta baita Erroman ere, lehenago pretoreen esku egoniko auzi asko esleitu zitzaien. Klaudiok eskumen osoa eman zien; horrek hamaika sedizio eta borroka armatu eragin zuen, Senproniar Legeen indarrez epaiketak ordena ekuestrearen mende jarri zirenean, zeintzuk Serbiliar Legeek berriro senatura bihurtu zituzten. Garai bateko Mario eta Silaren arteko gerren arrazoi nagusia horixe izan zen. Baina, orduan, gizarte taldeen interesak banaturik zeuden eta garaileek euren indarra publikoki ezartzen zuten. Gaio Opio eta Kornelio Balbo izan ziren, Zesarren boterean bermaturik, bake baldintzak ezarri eta gerrako arbitro jokatu ahal izango zuten lehenengoak. Honen ondoren, Mazioak eta Bedioak eta gainerako zaldun erromatar txit ahaltsuak aipatzeak ez luke ezertarako balio, Klaudiok etxe ondasunen buru zeuzkan libertoak berarekin eta legeekin berdindu zituenez gero.

61.  Gero, Koskoei inimunitatea ematea proposatu zuen, haien antzinatasunari buruzko aipu ugarriz: Argiboak, edo Koeo, Latonaren aita, irlako biztanlerik antzinakoenak izan zirela; gero, Eskulapioren etorrerarekin, medikuntzaren artea iritsi zela bertara, eta, ondorengoen artean, ospe izugarria hartu zuela, izenak banan-banan eta bakoitza noiz loratu zen aipatuz. Xenofonte bera ere, zeinaren zientziaz bera baliatzen zen, familia beretik ei zetorren, eta beronen erreguei zor ei zitzaien Kostarrak, aurrerantzean, zerga orotarik libre bizitzea, euren irla santu eta jainkoari bakarrik zerbitzekoan. Ez dago dudarik, jende haren erromatar herriarekiko meritu ugari eta gure garaipenetan parte-hartzea argudia zitezkeenik, baina Klaudio ez zen kanpo laguntzekin disimulatzen ahalegindu, bere ohiko erraztasunez, mesede pertsonal gisan eman zuena.

62.  Euren kargen astunaz senatuaren aurrean kexatu ziren bizantziarrei hitza eman zitzaienean, ostera, azalpen osoa egin zuten. Mazedoniako erregearen, bere leinuaren ezduintzat, Pseudofilipo izena eman ziotenaren aurka borrokatzen ginen garaian gurekin ezarritako hitzarmenetik hasi ziren. Gero, Antioko, Perses eta Aristonikoren aurka bidalitako tropak gogoratu zituzten, eta Antoniori piraten aurkako gerran emaniko laguntza, baita Sila, Lukulo eta Ponpeiori eskainia ere; jarraian, Zesarrekiko meritu oraintsukoak, jeneralak eta armadak urez eta lehorrez ibiltzeko, baita horniduren garraiorako ere, hain lurralde estrategikoan bizi ziren aldetik.

63.  Bizantzio, izan ere, Europaren eta Asiaren artean bitarterik txikiena dagoen lekuan sortu zuten grekoek, zeintzuei, Apolo Pitiori hiria non kokatuko zuten galdeturik, orakulua eman zitzaien bila zezatela gune bat itsuen lurrarren aurrean. Kaltzedoniarrak halako anbiguetatez aipatzen ziren, ezen, hara lehenago iritsi eta leku egokia zela ikusi arren, okerragoa hautatu baitzuten. Benetan ere, Bizantziok lur emankorra eta itsaso joria dauka, zeren Pontotik irteten den arrain multzo neurrigabeak, urpeko haitz zehiarrek izuturik, beste ertzetik ihes egin eta portu hauetara jotzen baitu. Horregatik, lehenengotan, irabazi eta ondasun handiak izan zituzten; gero, kargen handiagatik, kentzeko edo jaisteko eskatu behar izan zuten, printzearen babesez, zeinak gogoratu zuen haiek lurjota zeudela Traziako eta Bosforoko oraintsuko gerrekin, eta lagundu egin behar zitzaiela. Hala, bost urterako zergak barkatu zitzaizkien.

64.  Marko Asinio eta Manio Azilioren kontsulaldian, segidako mirarien bitartez, gauzak okerrerantz aldatuko zirela iragarri zen. Zeruko suak bandera eta denda militarrak erre zituen; Kapitolioaren gailurrean, erlakumea kokatu zen; gizaki biformeak erditu ziren, eta gabirai erpedun txerri bat jaio zen. Presagioen artean jotzen zuten magistratu guztien kopurua urritzea ere, hilabete batzuen barruan hil baitziren kuestore bat, edil bat, tribuno bat, pretore bat eta kontsul bat. Baina Agripina bereziki izuturik zegoen, Klaudiori, mozkorturik, alde egin zioten hitz batzuen beldurrez, esanez bere patua emazteen krimenak jasatea eta gero zigortzea zela; beraz, jokatzea eta azkar ibiltzea erabaki zuen. Lehenik, Domizia Lepida hondatu zuen, emakume kontuengatik, zeren Lepidak, Antonia Txikiaren alaba, Augustoren birloba, Agripinaren aitaren lehengusin-arreba eta haren lehen senar Gneoren arreba izanik, bera bezain leinargia zela uste baitzuen. Egia da, ederrez, adinez, aberatsez, ez zebiltzala urrun, eta biak, lizun, zital, biolentoak, bizioetan ez ziren gutxiago tematzen, zortearengandik hartutako oparotasunean baino. Baina gogorrena beste lehia hura izan zen, ea Neronengan izebak ala amak izango ote zuen eragin handiagoa, zeren Lepidak, bigunkeriaz eta opariz, mutilaren gogoa bereganatzen baitzuen Agripina latz eta mehatxutiaren aurka, zeinak inperioa semeari ematea bai, baina erabil zezan ezin zuen jasan.

65.  Zena zela, Lepida salatu zuen printzearen emazteari sorginkeriekin eraso ziola eta Kalabriako esklabo saldo erdi goseekin Italiako bakea aztoratzen zuela. Horregatik, heriotzara kondenatu zuten, Nartzisoren oposizio handiz, zeinak, geroago eta Agripinaz susmotiago, bere lagun minei adierazi ei zien bere galera segurra zela, agintea Britanikok zein Neronek hartu, baina Zesarrek hainbeste zor ziola berari, ezen bizitza hari zerbitzatzen zeramala; Mesalina eta Silio berak egin zituela konbiktu; salapide berberak izango zirela berriro, Neronek agintzen bazuen; ondorengoa Britaniko izanez gero, printzeak ez zuela zertaz beldurturik. Hala ere, etxe guztia airean zebilela zioen, amaordearen azpikeriengatik, eta ezkutatzea krimen handiagoa litzatekeela aurreko emaztearen lizunkeriaz jokatzea baino; nahiz eta oraintxe ere ez ei zen lizunkeriarik falta, Palante maitaletzat edukitzean, inork dudarik izan ez zezan ohorea, pudorea, gorputza, dena, agintea baino gutxiagotzat zeukanik. Horrelakoak eta antzekoak errepikatuz, Britaniko besarkatzen zuen, adinaren indarra lehenbailehen erregutuz; besoak behin jainkoengana, behin berarengana luzatzen zituen, esanez hazi egin behar zuela, aitaren etsaiak jaurti eta amaren hiltzaileez ere mendekatu egin behar zuela.

66.  Hainbeste buruhausteren artean, Nartziso gaixotu egiten da eta Sinuesara doa, hango klimaren bigunez eta uren osasungarriz indarberritzera. Orduan Agripinak, krimena aspalditik erabakita zeukanak, agertu zitzaion aukeraz bizkor baliaturik, eta zerbitzaririk falta ez zuela, zein pozoi hautatu deliberatu zuen: bat-batekoa eta bizkorra bazen, krimena salatuko zuen; mantsoa eta astiro akabatzekoa hautatzen bazuen, Klaudio, heriotzatik hur eta engainuaz jabeturik, semearen maitasunera itzul zitekeen. Zerbait berezia nahi zuen, burua nahasi eta heriotza atzeratuko zuena. Akzioaren egile, Lokusta zeritzon emakume bat hautatu zuten, pozoitzeaz berriki salatua eta erreinuaren tresnetariko bat bezala zeukatena. Emakume harexen asmamenak prestatu zuen pozoia, eta Haloto eunukoak eman, janariak zerbitzatzen eta dastatzen zituenak.

67.  Dena hain arin gelditu zen agerian, ezen garai hartako historialariek baitiote pozoia perretxiko gozo batean isuri zutela, eta edabearen indarra ez zela berehala nabaritu, dela Klaudioren ergelagatik, dela mozkorragatik; beheranzkoak salbatu zuela ere bazirudien. Horrek Agripina izutu egin zuen eta, okerrenaren beldurrez, aurrekoen gaitzespena arbuiatuz, Xenofonte medikuaren konplizitatera jotzen du, aurretik prestatua zegoena berau. Honek, Klaudiori oka egiten laguntzeko plantan, pozoi azkarrean beraturiko luma josi ziola zintzurrean uste da, ez jakin gabe krimen handiak arriskuarekin hasten eta sariarekin burutzen direla.

68.  Bitartean, senatua deitzen zen eta kontsulak eta abadeak erreguka ari ziren, printzearen osasunaren alde; hau, ia arnasgabe, mantaz eta babeskiz estaltzen zuten bitartean, Neronen inperioa segurtatzeko behar zena moldatzen ziharduten. Lehen-lehenetik, Agripinak, saminak abaildurik eta kontsolamendu bila bezala, Britaniko besarkaturik zeukan, aitaren irudi berbera zela esanez eta zenbait trikimainaz entretenituz, logelatik irten ez zedin. Haren arreba Antonia eta Oktabia ere atxiki zituen, eta sarrera guztiak goardiekin itxita zeuzkan, behin eta berriz mezuak zabalduz, printzearen osasuna hoberantz zihoala, soldaduei itxaropena emateagatik, eta, kaldear aztien aginduen arabera, une egokia iritsi arte.

Orduan, urriaren hamahiruko eguerdian, Jauregiko ateak bat-batean ireki ziren eta Neron, Burrok lagundurik, ohitura militarraren arabera guardiako zegoen kohortearen aurrean aurkezten da. Han, prefektuak eraginik, aldeko oihuz hartzen eta literan jartzen dute. Batzuk zalantzan egon ei ziren, atzerantz begira, Britaniko non ote zegoen, baina gero, inork besterantz ez tiratzean, zetorrenari jarraitu ei zioten. Neron kuarteletara daramate, eta, uneari zegokion mintzaldia eginik eta, aitaren eskuzabalaren etsenplura, saria agindurik, enperadore proklamatzen dute; soldaduen epaiari senatuak darraio, probintzietan duda-mudarik gertatzeke. Klaudiorentzat, ohore zerutarrak dekretatzen dira, eta Augusto jainkozkoaren antzeko hileta solemnea ospatzen dute, Agripinak Libia birramamaren handitasuna berdindu nahirik. Testamenturik, ostera, ez zuten irakurri, semeordea semearen aurretik jartzearen bidegabekeria gorrotagarriak herriaren gogorik asalda ez zezan.