2. Eta ez zioten senatuan agertzeko aukerarik eman: deklarazioa bere gelan hartzen zaio, Mesalinaren aurrean eta Suiliok salatuz soldaduak erosi zituela, zeintzuk, diruz eta lizunkeriaz, edozein gaizkintzatarako prest ei zeuzkan; gero, Popearekiko adulterioaz eta, azkenik, emekia izateaz. Honen aurrean, erruztatuak isiltasuna menperatu eta hots egin zuen: «Galde zeure semeei, Suilio; haiek aitortuko dizute gizona naizela». Orduan, bere defentsa hasi zuen, Klaudio gehiago zirraratu zuena, baina Mesalinari ere malkoak atera zizkiona. Gelatik lehortzera irtenik, Biteliori abisatzen dio ez uzteko erruztatuari ihes egiten; bera bizkortzen da Popea hondatzen, espetxearen izuz heriotza boluntariora bultzatzekoak ondoan ipinita, Zesarrek hain ezer jakiteke, ezen, egun gutxi geroago, haren senar Eszipion mahaikide zuela, ea emazte gabe zergatik eseri zen galdetu baitzion, eta hark erantzun destinoa bete zuela.
3. Baina, Klaudio Asiatiko absolbitzeko pentsaketan ari zela, Biteliok, negarrez, adiskidetasun zaharra gogoratu zion, eta biek Antoniarekin, printzearen amarekin, izan zituzten ardurak; gero, Asiatikok errepublikari eginiko zerbitzuak xehatu zituen, Britaniaren aurkako oraintsuko kanpaina, eta errukia erakartzekoa zirudien beste hainbat kontu, azkenean, berak nahi zuen heriotza hautatzen uzteko esanez; eta Klaudio, jarraian, klementzia beraren alde mintzatu zen. Gero, batzuek baraua eta heriotza leuna aholkatu ziotenean, Asiatikok esan zuen mesedeari albo egiten ziola; ohiko jardunei ekin zien, bainatu, umorez bazkaldu, eta, beretzat, Tiberioren trikimainaz edo Gaio Zesarren gogorkeriaz hiltzea, emakume baten engainuagatik eta Bitelioren mihi lizunagatik izatea baino ohoragarriago izango zela esanik, zainak ebaki zituen, ez aurretik bere hileta txondorra ikuskatu eta beste toki batera eramateko eskatu gabe, suaren bafadak zuhaitzen trinkotasunari kalterik egin ez ziezaion; halakoxe irmotasuna izan zuen azken unean.
4. Horren ondoren, senatua bilarazten da eta Suiliok salatuak pilatzen darrai: erromatar bi goi zaldun, Petra deiturakoak biak. Eta heriotzaren arrazoia Mnester eta Popearen elkar-ikusteetarako etxea eskaintzea izan zen. Baina euretariko bati amets bat izana egozten zitzaion, non Klaudio galburuak atzerantz zituen koroarekin ikusia izango zuen eta, ikuspen hartatik, gariaren urritasuna iragarri zuen. Batzuek diote hosto zuriskako mahats koroa ikusi zuela, hartatik ulerturik printzea udazkenaren azken aldean hilko zela. Dudarik ez dagoena da amets batak edo besteak bere eta anaiaren heriotza ekarri zuela. Krispinorentzat, milioi eta erdi sestertzio eta pretoretzaren ikurrak onartu ziren. Biteliok milioi baten proposamena gaineratu zuen Sosibiorentzat, Britanikori irakaspenez eta Klaudiori aholkuz laguntzearren. Eszipioni bere botoaren berri galdetu ziotenean, erantzun zuen: «Popearen jokaeraz, denona uste baitut, egizue denona diodala». Neurritasun elegantea, ezkon maitasunaren eta senatari eginkizunaren artean.
5. Harrezkero, Suilioren salaketen ankerkeria etengabea izan zen eta haren ausardiak imitatzaile asko izan zuen; zeren, hark legeen botere guztia eta magistratuen agintea bereganaturik, printzeak harrapaketarako bidea zabalik utzi baitzuen. Orduan, abokatuen gaiztakeria baino jenero salgarriagorik ez zegoen, hainbestean, ezen Samiok, Suiliori laurehun mila sestertzio eman zizkion zaldun erromatar ospetsuak, prebarikazioa ezagutu zenean, bere burua ezpatan eratzan baitzuen etxean. Beraz, Gaio Silio kontsul izendatuaren ekimenez, zeinaren botereaz eta galeraz bere garaian mintzatuko naizen, senatariak Zintzia Legea baliaraziz jaiki ziren, zeinaren arabera antzinatik ezarrita dagoen inork ez dezala, auzi bat defendatzeagatik, dirurik edo oparirik jaso.
6. Gero, kondena hura gainera zetorkienak zalapartan hasi zirenean, Siliok, Suilioren etsaiak, gogor eraso zuen, antzinako hizlarien adibideak gogoratuz, zeintzuek geroko ospea eta aintza hartu zituzten elokuentziaren saritzat; bestela, arte liberalik ederrena eta nagusia salerosi narratsak zikintzen zuela; zintzotasuna ere ez zela salbatzen, ordainsarien handiari begiratzen bazitzaion. Ostera, auziak, inoren etekingarri ez baziren, gutxitu egingo zirela; orain, etsaigoak, salaketak, gorrotoak eta injustiziak faboratzen zirela, eta, nola gaixotasunen larriak medikuei irabazia ematen dien, hala foroko ustelkeriak ere abokatuei dirua zekarkiela. Gogora zitzatela Gaio Asinio, Mesala eta, oraintsukoen artean, Arruntzio eta Esernino: hauek gailurrenera iritsi ei ziren, bizitzarik eta etorririk lorrindu gabe. Besteak ere bat zetozen kontsul izendatuaren hitzokin, konkusio legea ezarriko zitzaien dekretua prestatzen zihardutela, Suiliok, Kosuzianok eta gainerakoek, han epaibidea barik, errudun jakinen aurkako auzia baitzen, zigorra ezartzen ari zirela ikusirik, Zesar inguratzen dute, iragan egintzen barkamen eske.
7. Honek baietz esandakoan, argudiatzen hasten dira: nor zen hain harroputzik, betiko ospea itxaropenez aurreikus zezakeenik? Egiten zena premia bati laguntzea zen, inor ez zedin, abokaturik ezagatik, ahaltsuen gorabeheran gerta. Elokuentzia ere ez zen doango dohaia: etxeko ardurak bertan behera uzten ziren, inoren auzietan jardutearren. Batzuek bizimodua milizian, beste batzuek lur lantzan ateratzen zuten; inor ez da ezertan saiatzen, aurretik fruiturik ikusi ez badu. Asiniok eta Mesalak, Antonio eta Augustoren arteko gerretan sariz beteak, edo Eserninoak eta Arruntzioak, ondasun handien oinordekoak, erraz ager zitezkeen eskuzabal; baina adibideak eskura daude Publio Klodiok edo Gaio Kurionek hitzaldiengatik zenbat kobratzen zuten. Eurak ez ei ziren senadore apal batzuk baizik, errepublika lasaian, bakeari dagokion ordaina besterik bilatzen ez zutenak. Pentsa zezala abokatutzan distiratzen zen populuan; ikasketon ordaina kentzen bazen, ikasketak eurak hilko ziren. Printzeak, kontsiderapen horiek hain ohoragarriak izan ez arren, zentzugabeak ere ez zirela pentsaturik, ordainsarien goia hamar mila sestertziotan jarri zuen; hausten zutenak konkusioz epaituak izango ziren.
8. Garai berean, Mitridates, zeinari buruz kontatua dudan armeniarren gainean erreinatu zuela (eta Gaio) Zesarren (aginduz) preso egon zela, erreinura itzuli zen, Klaudiok animaturik eta Farasmanesen babesean fdaturik. Honek, hiberoen errege eta Mitridatesen anaiak, iragartzen zion partoak liskarrean zebiltzala eta, aginte gorenaren zalantzan, zer txikiez ez zirela arduratzen. Izan ere, Gotarzesek, beste hainbat izugarrikeriaren artean, bere anaia Artabanoren eta bere emazte eta semearen heriotza eragin zuen; horrek besteen artean beldurra sortu zuen eta Bardanesi deitu zioten. Honek, eginkizun handietarako beti gertu, egun bitan, hiru mila estadio korritzen ditu eta, Gotarzes ezustean harrapaturik, izupean desegiten du; eta inguruko probintziak ere laster beragantzen ditu, bere agintea errefusatu zuen Seleuzia izan ezik. Herri haren aurka, unearen komenentziak eskatzen zuen baino haserre handiagoz suturik, bere aitarekiko defekzioa egina baitzuten, aurretik igarotzen den ibaiak, harresiak eta hornimen ugarik babesturiko gotorlekua setiatzen tematzen da. Bitartean, Gotarzesek, dahen eta hirkanoen laguntzak indarturik, berriro gerrara jotzen du, eta Bardanesek, Seleuzia uztera beharturik, kanpamentua Baktrianako lautadara aldatu zuen.
9. Orduan, Ekialdeko indarrak zatiturik, zer aldetara makurtuko ote ziren garbi ez zegoela, Mitridatesi Armenia okupatzeko aukera eman zitzaion, soldadu erromatarren laguntzaz, goienetako gotorlekuak eta lautadan zegoen armada hiberoarena ere hartzeko. Armeniarrek ez zuten erresistentziarik jarri, gudukatzen saiatu zen Demonakte prefektua desegina izan zenetik. Atzerapen txikia eragin zuen Kotisek, Armenia Txikiko erregeak, zeinarengana jo baitzuten jaun batzuek; gero, Zesarren gutuna bide, amore eman zuen, eta dena Mitridatesen alde jarri zen, honek, agintaldi hasi berrirako, jarrera gogorregia hartu zuen baina. Buruzagi partoek, jada gerrarako prestatzen ari zirela, bat-batean ituna egiten dute, herriaren konjurazioaren berri jakitean, Gotarzesek anaiari agerturik; bildu ziren eta, hasierako zalantzen ondoren, elkarri eskua emanik, jainkoen aldare aurrean, etsaien iruzurra mendekatzea eta elkarri kontzesioak egitea hitzartu zuten. Bardanesek erreinuari eusteko egokiagoa zirudien, eta Gotarzesek, liskarrik izan ez zedin, Hirkania sakonera alde egin zuen. Bardanes itzultzean, Seleuzia ematen diote, honen defekziotik zazpi urtera, ez partoen lotsari gabe, zeintzuei hiri batek bakarrik burla egin baitzien hain luzaroan.
10. Gero, probintziarik garrantzitsuenak bisitatu eta bazihoan Armenia berreskuratzera, Bibio Marsok, Siriako legatuak, atzera eragin ez balio, gerra mehatxuz. Baina Gotarzesek, bitartean, erreinua eman izanaz damuturik eta nobleziak deiturik, zeinaren morrontza bakean gogorragoa den, tropak batzen ditu. Erindes ibaiaren ondoan, bidera irteten zaizkio; haren pasaerako borroka gogorraren ondoren, Bardanes nagusitu zen eta, gudu oparoetan, bitarteko herriak menperatzen ditu, Sindes ibairaino, zeinak dahak eta arioak banatzen dituen. Han beste kontu bat izan zen, partoek, nahiz eta garaile, urrungo kanpainari uko egin baitzioten. Beraz, bere ahala eta artean ezein Arsazidak herri haiengandiko zergarik ez zuela lortu erakusten zuten monumentuak eraikirik, aintzaz gainezka itzultzen da eta, horregatik, menpekoekin krudelago eta intoleranteago. Hauek, lakioa ezarririk, ustekabean eta ehizan ziharduela, hil egin zuten, gazte-gazterik, baina errege gutxi bezain ospetsu, herriaren maitasuna etsaien beldurra bezala bilatu izan balu. Bardanesen hilketaz, partoen artean nahaspilak sortu ziren, nor errege hautatu dudan. Asko Gotarzesen alde zeuden, batzuk Meherdatesen alde, guri bahituritzat entregaturiko Fraatesen ondorengoa berau. Azkenean, Gotarzes nagusitu zen eta, behin agintean zela, bere ankerkeriaz eta gehiegikeriez, partoak erromatar printzeari erregu izkutuak bidaltzera bultzatu zituen, Meherdatesentzat bere gurasoen tronua eskatuz.
11. Kontsulaldi berean, Erromaren sorreratik zortziehun urtera, Mende Jokuak izan ziran, Augustok egin zituenetik hirurogeita laura. Printze bataren eta bestearen kalkuluak albora uztiko ditut, Domiziano enperadorearen historia kontatzen nuen liburuetan nahikoa azaldu bainituen. Honek ere Mende Jokuak egin baitzituen, eta, euretan, parte-hartze berezia izan nuen, abadetza kindezinbiralaren jabe eta orduan pretore nintzen eta. Hau ez dut harrokeriaz kontatzen, kindezinbiroen kolegioak egiteko hori antzinatik daukalako baizik, eta magistratuek zeremoniarik gehienetan ofiziatzen zutelako. Klaudio zirku jokoetan zen batez, zaldizko mutil noble batzuek Troiako jokua antzezten zutela, eta Britaniko, enperadorearen semea, eta Luzio Domizio, gero, adopzioz, Neron deituraz, inperioa jarauntsiko zuena, artean zirela, populuaren begi ona, Domiziorengana biziago izan zena, presagiotzat hartu zen; eta jendeak zioen, haurtzaroan, dragoiak izan zituela ondoan jagole, mirari arrotzetatik harako ipuinak eurok; zeren Neronek berak, inola ere bere buruaren detraktore ez zenak, kontatzen baitzuen bere logelan suge bat besterik ez zuela ikusi.
12. Baina herriaren joera hori, Germanikoren gomuta hondarra zen, bera baitzen haren ondorengo gizonezko bakarra; gainera, bere ama Agripinarekiko errukia Mesalinaren ankerkeriak areagotzen zuen, zeinak, beti gaizto eta orduan buruberoago, ezin baitzuen gezurrezko salapenik eta salatzailerik sortu, maitasun berri eta zoratu beharrekoan nahasirik zegoelako. Izan ere, hain gartsu zebilen Gaio Silio erromatar mutilik ederrenagatik, ezen Junia Silana, andere noblea, haren ezkontzatik erauzi baitzuen, maitalea berak bakarrik gozatzearren. Silio jabetzen zen eskandaluaz eta arriskuaz; baina, ukatzen bazen, hondamena segur zeukan, eta bazuen disimuluan pasatzeko itxaropena; gainera, sari handiak hartzen zituen eta begiak geroari itxiz eta oraina gozatuz kontsolatzen zen. Emakumea maiz joaten zitzaion etxera, ez ezkutuan, segizio handiz baizik; urratsez urrats jarraitzen zion eta ondasunez eta ohorez betetzen; azkenerako, printzearen esklaboak, libertoak eta luxuak maitalearen etxean ikusten ziren.
13. Baina Klaudiok, bere ezkontzako berrien ezjakin, zentsore lanean ziharduenak, herriaren nasaikeria teatrala ediktu zorrotzekin zigortu zuen, Publio Ponponio kontsul ohiari (olerkiak eszenaratzen zituen) eta andere ospetsuei irainak jaurtitzearren. Gainera, mailegu-emaileen zitalkeriaren aurka, lege bat eman zuen, familietako seme-alabei dirua ematea debekatuz, gurasoak hiltzean ordaintzekotan. Eta muino sinbruinoetatik, uburua hiriraino eraman zuen; eta hizki berriak gehitu eta zabaldu zituen, alfabeto grekoa ere ez zela hasi eta dena batera osatu jakinik.
14. Egiptoarrak izan ziren pentsakizunak irudikatzen lehenengoak, animalien figuren bitartez, (haien dokumentuak, giza historiako zaharrenak, harrian irarrita ageri dira), eta hizkien asmatzaileak eurak direla uste dute; gero, feniziarrek, itsasoan nagusi, Grezian sartu zituzten eta hartu zutenaren aintza eurek asmaturik bezala eraman zuten. Izan ere, Kadmo izan ei zen, feniziar flotan iritsirik, arte hura herri greko oraindik inkultuei irakatsi ziena. Batzuek diote atenastar Zekropek, edo tebastar Linok, edo Palamedes argiboak, troiarren garaian, hamasei hizkiren formak asmatu zituztela, eta gero beste batzuek eta, batez ere, Simonidesek, gainerakoak asmatu zituztela. Italian, etruskoek korintiar Deramatorengandik ikasi zituzten, eta aborigenek, Ebandrorengandik; hizki latinoen forma grekorik zaharrenena da. Baina, lehenengotan, geuk ere hizki gutxi izan genuen eta gero gehitu ziren. Etsenplu horren arabera, Klaudiok hiru hizki gehitu zituen, bere agintaldian erabiliak eta gero ahaztuak, oraindik ere foroek eta tenpluek finkatutako plebiszituen argitalpen brontzeetan ikusten direnak.
15. Gero senatuari haruspize kolegioaren berri eman zion, Italiako zientziarik zaharrena utzikeriaz gal ez zedin. Errepublikarentzako garai okerretan, haruspizeei maiz deitu ei zitzaien, haien aholkuei esker, erritoak berritu eta, gero, zuzenago mantendu zirelatik; etrusko gorenek, euren kabuz edo erromatar senatuaren eraginez, zientzia hori landu eta familietan hedatu ei zuten; hori, orain, fintasun txikiagoz egiten ei zen, are onekiko ezaxola publikoagatik, eta sineskeria arrotzak gorantz zetozelako. Eta, oraingoz, dena ondo ei zihoan, noski, baina jainkoen onberatasuna eskertu behar ei zen, garai zailetan landutako errito sakratuak oparoaldian ahantz ez zitezen. Beraz, senatuaren dekretu bat publikatu zen, pontifizeek ikus zezaten haruspizeen zer gorde eta zer indartu behar zen.
16. Urte berean, keruskoen herriak Erromari erregea eskatu zion, bere barne gerretan nobleak galdu baitzituen, eta erret odoleko bakarra geratzen baitzitzaien, hirian zeukatena, Italiko izenez. Arminioren anaia Flaboren semea zen, eta ama katoen printze Aktumeroren alaba zuen; gorputz ederrekoa eta armetan eta zaldietan trebatua zen, jaioterriko eran zein gurean. Zesarrek, beraz, dirua eman, eskolta ipini eta bere herriaren aintza bihotz-zabal hartzera bultzatzen du, gogoratuz bera zela, Erroman jaiorik, eta ez bahi gisan, baizik hiritar gisan, aginte arrotzera zihoan lehenengoa. Haren iritsiera atsegina izen zen germaniarrentzat, eta, inolako liskarretan sarturik ez egonik, denak begirune berdinez hartzen zituenez gero, ospatua eta lausengatua zen, batzuetan, inork muzin ez dituen adeitasun eta neurritasunari ekinez, eta, gehienetan, barbaroek hain gogoko dituzten ardoari eta nahikeriei. Eta haren ospea, bai inguruan, bai urrunago, distiratzen ari zela, fakzioekin gora egin zutenek, haren botereaz desfidaturik, herri mugakideetara alde egiten dute, Germaniari antzinako askatasuna kentzen eta erromatar boterea ezartzen zitzaiola esanez. Ez al zegoen herrian bertan sortutakorik, toki gorena bereganduko zuenik, Flabo ispiaren semea denen nagusi jarri beharrean? Arminioren izena aurretik ipintzeak ez ei zuen ezertarako balio: haren semea bera, lur arrotzean hazia, agintzera etorri balitz ere, beldurra izan zekiokeen heziketa, morrontza eta bizikera arrotzak erabat kutsaturik zegoenari; eta, baldin Italikok aitaren buruera bazeukan, inork ez zuen, bere sorterriaren eta jainkoen aurka, hark baino amorratuago armarik erabili.
17. Halako eta antzeko hitzekin, indar handia bildu zuten; Italikoren aldekoak ez ziren gutxiago, gogoratzen baitzien bera ez zela euren artera indarrez sartu, noblezian besteak baino aurrerago zegoela pentsatu zutelako baizik; kemenean, berriz, proba zezatela eurek, ea osaba Arminioren eta aitita Aktumeroren duin agertzen zen; ez zela lotsatzen, bere aitak, germaniarren oniritziz, erromatarrei agindutako leialtasunik inoiz hautsi ez zuelako; askatasuna gezurrezko aitzakia zela, pribatuki endakatuak eta komunitatearen hondamen izanik, liskarrean baizik itxaropenik ez zeukatenengan. Populuak honelako hitzak goraka hartzen zituen eta, barbaroen arteko gudu itzelean, erregea nagusitu zen; gero, ostera, oparotasunak harrokeriara jasorik, destronatua eta berriro tronuratua izan zen, lonbardoen laguntzaz, keruskoen botereari onean zein txarrean kalte eginez.
18. Aldi berean, kaukoek, etxeko disentsio gabe eta Sankinioren heriotzagatik pozik, Korbulo iritsi bitartean, inkurtsioak egin zituzten, Behe Germanian zehar, Gannaskoren agindupean. Hau sortzez kanninefatea zen, mertzenario laguntzailea luzaroan, eta gero desertorea, untzi arinekin piraterian zebilena, batez ere, Galiako itsasertza debastatuz, bai baitzekien aberatsak eta ez-gerlariak zirena. Baina Korbulo bizkor sartu zen probintzian eta laster lortu zuen aintza, zeinaren hasiera-kanpaina hura izan zen, non trirremeak Rhinen magalean zehar eroan zituen, eta gainerako untziak, bakoitzaren ahalaren arabera, estuario eta ubideetan zehar. Etsaien untziak hondoratu eta Gannasko uxatutakoan, uneko egoera nahikoa konponduta ikusi zuenean, alferkerian, lanera eta nekera desohiturik, baina harrapaketan pozik zebiltzan legio haiek diziplina zaharrera bermoldatu zituen, inor zutabetik ez irteteko eta agindu gabe ez borrokatzeko manatuz. Eguneko eta gaueko guardiak eta zerbitzuak armaturik egiten ziren, eta arma gabe barrutia aitzurtzen zebilen soldadu bat eta sastagaiz bakarrik armaturik ziharduen beste bat heriotzaz zigortu ei zituen. Hori, nahiz eta gehiegizkoa izan, eta oinarri gabe egotzi ez ote zioten segurra ez izan, buruzagi haren zorroztasunetik dator; argi dago hoben handiekin inexorablea izan behar zuela akats txikien aurka halako laztasuna esleitzen ziotenak.
19. Gainerakoan, beldur horrek, armadan eta etsaiengan, alderantzizko ondorioak eragin zituen: gure kemena areagotu egin zen eta barbaroen gailentasuna hautsi. Frisioen herria ere, Luzio Apronioren porrotetik sortutako matxinadaren ondoren, etsaikor eta segurtasun txikiko agertzen zitzaiguna, bahituak entregatu eta Korbulok markaturiko lurretan kokatu zen; halaber, senatua, magistratuak eta legeak ezarri zizkien. Gainera, bere aginduei desmen egitea ekiditeko, euren erdian gotorleku bat eraiki zuen, mezulariak bidalirik, kauko nagusiak menpera bil zitezen eta, aldi berean, Gannaskori iruzurrez esaso ziezaioten. Jarri zioten enboskada ez zen alferrekoa izan, ezta lotsagarria ere, zin egindako leialtasuna puskatu zuen desertore haren kasuan. Baina haren heriotzak kaukoen buruak irauli zituen, eta Korbulok ez zion matxinadarako motiboak emateari uzten, gehienak alde egonik ere, batzuk aurkako marmarrean ari baitziren. Izan ere, zergatik zirikatzen zuen etsaia? Okerrak errepublikaren gainera jausiko ziren, eta, arrakastarik izaten bazuen, bakearentzat beldurgarria zen hain gizon ospetsua eta printze koldar harentzat jasan-zaila. Beraz, Klaudiok Germanien aurkako eraso berriak debekatu egin zituen, goarnizioak Rhinetik honantz erretiratzeko agintzeraino.
20. Korbulo jada kanpamentua etsaien zoruan muntatzen ari zela, gutuna heldu zitzaion. Zer ustekabe honen aurrean, haren baitan sentimendu asko nahasten baziren ere, –enperadorearen beldurra, barbaroen mesprexua, aliatuen iseka–, «dohatsuak antzinako buruzagi erromatarrak» besterik esan gabe, erretiratzeko agindua eman zuen. Hala ere, soldaduek alferkeria astin zezaten, Mosa eta Rhin artean, hogeita hiru miliako ubidea egin zuen, itsasoko duda-mudak ekidingo zituena. Hala ere, Zesarrek garaipen ikurrak eman zizkion, gerra ukatu bazion ere. Handik laster, Kurtzio Rufok ere ohore bera lortzen du, Mattioko lurraldean, zilar zainak bilatzeko meategia irekitzeagatik; honen onura urria eta laburra izan zen, baina legioek neke eta hil ugari izan zuten, ubideak eta agerian ere gogorrak ziratekeen lanak egiten. Zeregin haietara beharturik, soldaduek isil gutun bat idatzi zuten, armaden izenean, enperadoreari eskatuz, aginte militarra emango zitzaienei, garaipena aurretiaz emateko.
21. Batzuek gladiadore baten semea zela zioten Kurtzio Ruforen jatorriaz, ez nuke gezurrik zabaldu gura, baina egia esaten lotsatu egiten naiz. Nerabezaroa Afrika egokitu zitzaion kuestore baten segizioan igaro ondoren, Adrumeto hirian zegoela eta, eguerdian bera bakarrik, karrerape hutsetan pasioan zebilela, giza itxuraz haragoko emakume bat agertu zitzaion eta ahots bat entzun zuen: «Zeu zara, Rufo, probintzia honetara prokontsul etorriko dena». Halako augurioz, itxaropena handitu zitzaion eta, hirira itzulirik, lagunen eskuzabaltasunez eta baita bere talentu zorrotzez ere, kuestoretza eta gero, hautagai nobleen artean, pretoretza lortzen du, printzearen gomendioz, Tiberiok haren jatorri lotsagarri samarra hitz hauekin disimulatu zuela: «Kurtzio Rufo bere buruarengandik jaioa iruditzen zait». Gero zahartzaro luzea izan zuen eta, nagusiekiko adulazio ilunez, menpekoekin harroa, berdinekin zakarra izan ondoren, aginte kontsularra, garaipen ikurrak eta, azkenik, Afrikako probintzia beragandu zituen; eta hantxe hilez bete zuen destinoaren iragarpena.
22. Bitartean, Erroman, ageriko eta gero ezagutu gabeko arrazoiz, Gneo Ninimo erromatar zaldun ospetsua ezpataz armaturik aurkitzen dute, printzea agurtzen dutenen korruan. Kontua da ezen, torturaz urratzen zutela, bere buruarenik ukatu gabe, ez zuela konplizerik jakinarazi, izkutatzen zituen ala ez, dudan geraturik. Kontsulaldi berean, Publio Dolabelak gladiadoreen ikuskizuna urtero ospatzea proposatu zuen, kuestoretza eskuratzen zutenen kontura. Lehengoen artean, kargu hori bertutearen saria izaten zen eta hiritar guztiek zilegi zuten, euren izate onaz fidatzen baziren, magistratura hori eskatzea; adinagatik ere ez zen egiten bereizketarik, lehen gaztaroan kontsulgoa eta diktadurak eragoztekorik. Kuestoreei dagokienez, oraindik erregeek agintzen zutela sortuak izan ziren, Luzio Brutok ezarritako kuria-legeak erakusten duenez. Gainera, kontsulena izan zen haiek hautatzeko ahalmena, ohore hura ere herriak ematera aldatu arte. Lehenen izendatuak Balerio Potito eta Emilio Mamerko izan ziren, Tarkinioak bidali eta hirurogeita hiru urtera, armadaz ardura zitezen. Gero, zereginen kopurua handitzean, beste bi gehitu ziren, Erromaz arduratzeko. Geroago, kopurua bibidertu egin zen, artean Italia zergadun zela eta probintzietako zergak ere batzen zirela. Ondoren, Silaren lege batez, hogei sortu ziren, senatua osatzeko, zeinari berak epaiketen bista esleitu zien, eta, nahiz eta gero epaiketak zaldunek berreskuratu, kuestoretza hautagaien dignitateagatik edo hautatzaileen faboreagatik eta doan ematen zen, Dolabelaren mozioarekin, enkantean erabaki arte.
23. Aulio Bitelio eta Luzio Bipstanoren kontsulaldian, senatua osatu nahi izan zutenean, Iledun Galia izeneko jaunek, federatuen eta erromatar hiritarren izatea aspaldi lortua zutenek, hirian karguen jabe izateko eskubidea eskatu zuten, horrek zeresan handia eta askotarikoa emanez. Printzearen aurrean, interes kontrajarriak lehiatzen ziren: Italia ez zegoela hiriburuari senatua emateko gauza ez izateko bezain gainbehera esaten zen; antzina, indigenak herri odolkideentzat nahikoa izan zirela, eta antzinako errepublikaz lotsatu beharrik ez zegoela. Areago, oraindik gogoan zegoen erromatar endak, bere ohitura zaharren arabera, nolako bertute eta aintza etsenpluak eman zituen. Gutxi al zen benetoak eta insubreak kurian irrunpitu izana, orain bertan atzerritar aldra bat gatibu talde gisan sartzeko? Zer ohore geratzen zitzaien jaun bizirauleei edo Lazioko senadore txiro bati, baldin bazen? Dena beteko ei zuten aberats handi haiek, zeintzuen aititek eta birraititek, herri etsaien buruzagiek, gure armadak armen indarrez suntsitu eta Alesian Julio jainkozkoa bera setiatu baitzuten. Hori guztia berri samarra zen: zer esan, Kapitolioaren eta Erromako gotorlekuaren oinetan, herri haren beraren eskuetan jausi zirenak gogoratuz gero? Goza zezatela osasunez hiritar titulua, baina ez zitzatela arruntu senadoreen intsigniak eta magistratuen ohoreak.
24. Printzeari hauek eta antzeko arrazoiek ez zioten eragin, eta, berehala kontra agerturik, senatuari deitu eta honela hitz egin zuen: «Nire arbasoek, zeintzuetarik Klauso, antzinakoena, jatorri sabinokoa izanik, aldi berean erromatar hiritargoan eta familia patrizioen artean onartua izan baitzen, errepublikaren gobernuan antzeko irizpidez jokatzera bultzatzen naute, inon ezer bikainik izan bada, hona ekar dezadan. Badakit, bai, Julioak Albatik etorrarazi zituztela, Korunkanioak Kameriotik, Portzioak Tuskulotik, eta, antzinateko zehetasunetan ez sartzearren, Etruriako, Lukaniako eta Italia guztiko jendea sarrarazi zutela senatuan; azkenean, Italia Alpeetaraino zabaldu zela, norbaitzuk banan ez ezik, lurrak eta herriak gure izenera bil zitezen. Orduan, barne bake sendoa izan genuen; atzerrian ere oparotasuna gozatu genuen, Transpadanoak hiritargoan hartu genituenean; lurbira osoan zabalduriko legioen aitzakian, probintzietako suharrenak geuganaturik, geure inperio nekatua sorotsi genuenean. Damu al gara, Balboak Hispaniatik eta gizon ez gutxiago gorenak Narbonar Galiatik guregana pasatu direlako? Oraindik badira haien ondorengoak, eta ez digute zorrik, aberri honenganako maitasunean. Gerra ahalmenik onenean zeudela, lazedemoniarrak eta atenastarrak hondatzearen arrazoia zein beste izan zen, menperatuak arrotz bezala apartatzen zituztela baino? Gure sortzaile Romulo, ostera, hain jakintsua izan zen, ezen herri asko egun batez etsai eta hurrengoan hiritarkide izan baitzituen. Kanpotik etorriek gobernatu izan gaituzte; libertoen semeei magistraturak ematea ez da berria, asko erratuta daudenez, gure herri zaharraren praktika baizik. Senonekin borrokatu garela? Bolskoek eta ekuoek armadarik gure aurka inoiz hedatu ez balute bezala! Galoen gatibu izanak gara, baina etruskoei bahituak entregatuak eta samniten uztarria jasanak ere bagara. Eta, hala ere, gerra guztiak berrikusten baditugu, bat ere ez zen galoen aurka egina baino denbora laburragoan amaitu, eta, harrezkero, bake jarraitua eta segurra izan dugu. Orain, gure ohitura, arte eta odolekin bat eginik, bekarte urrea eta aberastasuna, eurek euretara gozatu beharrean. Orain oso antzinakotzat jotzen diren gauza hauek, senatariok, berriak izan ziren: magistratu plebeioak patrizioen ondoren, latinoak plebeioen ondoren, Italiako gainerako herrietakoak latinoen ondoren. Hau ere antzinako bihurtuko da, eta gaur etsenpluetan oinarritzen duguna, bera izango da, noizbait, etsenplu».
25. Printzearen mintzaldi ondorengo senatu dekretu batez, eduoek lortu zuten lehenen hirian senadore izateko eskubidea. Hau harekiko itun antzinako baten aitormena izan zen, eurok baitira erromatar herriaren anaia izena daramaten galo bakarrak. Egun haietan bertan, Zesarrek senatuko antzinakoenak eta guraso gurenak izan zituztenak patrizioen kopuruan sarrarazi zituen, gutxi gelditzen baitziren Romulok lehen jendea eta Brutok bigarren jendea deitutako familietarik, eta Zesar diktadoreak kasiar legez eta Augusto printzeak seniar legez gehituak ere agorturik baitzeuden. Errepublikaren onerako neurriok zentsorearen poz handiz hartzen ziren. Entzute txarreko gizonak senatutik nola bidaliko ote zituen kezkaz, era leun eta asma berria erabili zuen, antzinako zorrostasunaren ordez: bakoitzak bere buruaren gogoeta egin eta kargua uzteko eskubidea eska zezala agindu zuen; baimena aisa emango ei zen eta berak senatari bereiztuen eta dimitituen izenak batera aurkeztuko ei zituen, zentsoreen epaia eta eurenez erretiratzen zirenen pudorea nahastean izateak lotsaizuna bigun zezan. Hori zela eta, Bipstano kontsulak Klaudiori senatuaren aita deitura ematea proposatu zuen, aberriaren aita arrunt bilakatu ei baitzen, eta errepublikaren aldeko meritu berriak artean ohitu gabeko tituluekin ohoratu behar ei baitziren; baina berak geldiarazi zuen kontsula, lar adulazio zaletzat. Lustroaren amaiera ere egin zuen, zeinean 5.984.072 hiritar erroldatu ziren. Eta orduantxe izan zen bere etxeko berri ez jakitearen amaia ere; handik laster, emaztearen eskandaluak ezagutu eta zigortu beharra izan zuen, geroago, intzestu ezkontzaren grinan sutu zedin.
26. Ordurako, Mesalina, adulterio errazegiekin gogaiturik, atsegin ezezagunetara oldartzen zela, Siliok ere disimuluak haustera sakatzen zion, ergeltasun fatalak eraginik, edo arrisku inminenteen erremedioa arriskuak eurak izango zirela pentsaturik: bera ez ei zen hartaraino iritsi, printzearen zahartzaroaren zain egoteko. Plan inofentsiboak inozoentzat utzirik, eskandalu ageriaren babesa ausardian aurkitu behar zela; beldur berdineko konplizeak zituela; bera ezkongea eta seme-alaba gabea zela, eta ezkontzeko eta Britaniko adopatzeko gertu zegoela. Mesalinak botere berarekin eta irmotasun handiagoz jarraituko ei zuen, Klaudiorengandik babesten baziren, zeina hala suminbera baitzen, nola azpikerien ez-ohartun. Mesalinak hitzok ez zituen berotasun handiegiz hartu, ez senarra maite zuelako, baizik beldur zelako Siliok, dena eskuratutakoan, azkenean, adulteriogiletzat zapuztuko ez ote zuen, eta arrisku artean probaturiko krimen hura ez ote zuen, geroago, bere benetako baliotik neurtuko. Ezkontza hitzak, ostera, lotsagarikeriaren handiaz irrikarazi zuen, zeina, jada dena egina dutenentzat, azken atsegina den. Eta Klaudio, sakrifizioa eskaintzera, Ostiara zihoanaz beste aukeraren zain egon gabe, ezteiak solemnitate osoz egiten ditu.
27. Badakit ipuina emango duela, dena jakiten eta ezer isiltzen ez zen hirian, hain segur sentitzeko hilkorrik izatea; areago, kontsul izendatua printzearen emaztearekin biltzea, aurretiaz jarritako egunean, eta sinatzera deituriko lekukoen aurrean, seme-alabak legitimatzea bailitzan; berak auspizioen hitzak entzun, eztei beloa jantzi eta jainkoen aurrean sakrifikatzea; eta biak musu eta besarkada artean eseri eta, azken batez, ezkon lizentziari dagokion gaua igarotzea. Baina ez dut ezer moldatu, txundimena sortzearren; zaharragoei entzuna eta irakurria bakarrik kontatzen dut.
28. Printzearen etxea izuturik zegoen, beraz, eta, batez ere, eskuetan agintea eta, gauzak aldatuz gero, beldurrik handiena zeukatenek uluka ziharduten, ez isil solasetan, agerian baizik, esanez ezen, printzearen logela histrioi batek zapaltzen zueno, desohoratu zuela, bai, baina hondamen arriskutik urrun ibili zela; orain, ostera, gazte noble, bereziki lerden, talentudun eta laster kontsul izatekoak goragoko itxaropenera jotzen zuela; eta ez zela misterioa halako ezkontzak atzetik zer zekarren. Beldur ziren, duda gabe, uste zutelako Klaudio emazteak menperaturiko ergela zela, eta heriotza asko Mesalinak aginduak zirela. Baina, halaber, enperadorearen izaera onak konfiantza ematen zien, krimenaren izugarrikeriari gaina hartzen bazioten, emakumea akaba zezaketela, epaitu aurretik kondenatua; kontua zen haren defentsa entzungo ote zen, eta Klaudioren belarriak ixterik lortuko ote zen, haren aitortzan ere.
29. Lehenengotan, Kalisto, zeinaz mintzatua naizen Gaio Zesarren hilketan, Narziso, Apioren heriotza bilbatu zuena, eta Palante, orduan grazia bereziaren jabe zena, saiatu ziren Mesalina, azpi mehatxuekin, Silioren maitasunetik apartatzen, gainerakoa disimulatuz. Gero, hondamenera arrastatuak izateko beldurrez, atzera egin zuten; Palantek koldarrez, eta Kalistok ere bai, aurreko agintaldian gortea ezagutu zuelarik, uste baitzuen boterea neurri gogorrez baino zuhurrez segurkiago gordetzen dela. Narzisok berean jarraitu zuen, plana honetan bakarrik aldaturik: ezein iruzkinez ez aditzen ematea hobenik eta salatzailerik. Okasioaren zain, Ostian asko luzatzen ari baitzen, printzea haien gorputzetara bereziki ohiturik zegoen emagaldu bi, opariz eta agintzariz, eta, emaztea paretik kenduz gero, eurek botere handiagoa izango zutela ikusaraziz, delazioa euren gain hartzera bultzatu zituen.
30. Orduan, Kalpurnia (hala zeritzon emagaldu bati), Zesarren harrera sekretu batean, haren belaunetara oldarturik, aldarrika hasten da, Mesalina Siliorekin ezkondu dela; aldi berean, Kleopatrari, inguruan adi zegoenari, ea ezer jakin zuen galdetzen dio eta, honek baietz erantzutean, Narziso etorrarazteko erregutzen du. Honek bere lehengo egintzen barkamena eskatzen du, Tizioak, Bettioak eta Pauzioak estali zituelako, orain ere adulterio salaketarik ez zuela egingo esanez, etxerik, esklaborik eta haren handitasunaren gainerako apainduriarik ez erreklamatzearren; aitzitik, utzi egin behar zitzaiola Siliori horiek denak gozatzen, baina itzul zezala emaztea eta hauts zezala ezkon ituna. «Jakin al duzu –galdetu zion– zure zaputzaren berri? Bada, Silioren ezteiak herriak, senatuak eta armadak ikusi ditu, eta, bizkortzen ez bazara, senarra hiriaren jabe egingo zaizu».
31. Orduan, lagunik onenei deitzen die eta, lehenik, Turranio galdekatzen du, ale horniduraren prefektua, eta, gero, Lusio Geta, pretoriarren burua. Hauek egia esan dioteneko, besteak uluka hasten zaizkio, joateko kuarteletara, bermatzeko pretoriar kohorteak, arduratzeko bere segurtasunaz, mendekuaz baino gehiago. Gauza ziur jakina da Klaudio halako izuak hartu zuela, ezen behin eta berriro galdetzen baitzuen ea bera agintearen jabe zen, ea Silio hiritar soila zen. Baina Mesalinak, inoizko luxurik handienez, udazkenaren bihotzean, mahats-batze simulakroa ospatzen du etxean. Prentsak jardunean, dolareak gainezka, emakume larruz jantziak jauzika ari ziren, sakrifizioa eskaintzen edo delirioan zeuden bakanteen antzera; berak ere, adatsari jareginik, tirsoa astinduz, eta ondoan Siliok, huntzez koroaturik, koturnoak zeramatzaten, burua astintzen zuten, inguruan koru lotsagabea oihuka. Bettio Balente, bere frenesian, zuhaitz puntara igo ei zen eta, zer ikusten zuen galdetu ziotenean, Ostia aldetik zetorren ekaitz beldurgarria erantzun ei zuen, dela fenomeno hura abiatzen ari zelako, dela airera jaurtitako hitzak iragarpen bihurtuko zirelako.
32. Bitartean, zurrumurrua ez ezik, nondinahi mezuak heltzen dira, Klaudio, denaren jakitun, mendekurako gertu datorrela. Beraz, Mesalinak Lukuloren baratzera eta Siliok, beldurra disimulatzeko, bere foro lanetara alde egiten du. Gainerakoak hanka-jokoan zirela, zenturioiak etorri eta kateak ezarri zizkieten, bakoitza zegoen tokian bertan, agerian zein ezkutuan. Mesalinak, ostera, egoeraren okerrak zentzuna murrizten zion arren, bidera irten eta senarrarengana aurkeztea erabakitzen du dudarik gabe, sarritan erabili zuen erremedioa berau, eta Britaniko eta Oktabiari mezua bidali zien, aita besarkatzera etor zitezen. Gainera, Bibidiari, birjina bestalik zaharrenari, erregutu zion entzunarazteko goren pontifizeari, eskatzeko errukia. Eta, bitartean, hiru lagunek bakarrik lagundurik, –bat-batean, halakoxe bakardadean geratu zen–, hiri guztia oinez korritu ondoren, baratzetako zaborrak biltzeko orga batean, Ostiako bidean abiatzen da, inoren erruki gabe, haren itsuskeria lotsagarriak denen gainetik gailentzen baitziren.
33. Zesarren aldetik, larritasuna ez zen txikiagoa, pretorioko prefektu Getaz ez baitziren gehiegi fidatzen, onera zein txarrera berdin lerrakor bera. Hala, Narzisok beldur bera zutenak bereganaturik, Zesarrentzat beste salbabiderik ez dagoela dio, libertoetariko bati, egun hartarako bakarrik, aginte militarra trnsferitzea baino; eta bere burua eskaintzen du, hartzeko. Eta, hirira bidean, Luzio Biteliok eta Largo Zezinak damuarazteko astirik izan ez zezaten, ibilgailu hartan aulkia eskatzen eta lortzen du.
34. Gero, behin eta berriro kontatzen zen ezen, printzearen auhen kontraesankorren artean, behin emaztearen eskandaluak salatuz, behin ezkontzako gomutara eta seme-alaben adin samurrera itzuliz, Biteliok ez zuela besterik esaten: «Bai zerrikeria! Bai krimena!». Nartzisok, noski, garbi hitz egitera eta egia esatera sakatzen zion, baina ezin izan zuen atera erdizka eta edozertara ulertzeko moduko hitzak erantzutetik, eta Largo Zezina ere haren etsenplua segitzetik. Eta, dagoeneko, Mesalina bistan zegoen eta oihuka eskatzen zuen entzuteko Britanikoren eta Oktabiaren amari, baina haren hitzak salatzaileak ito zituen, Silio eta ezteiak aipatuz; aldi berean, haren gehiegikerien txostena entregatu zuen, Zesarren begirada distraitzeko. Handik laster, hirian sartzen ari zela, bien seme-alabak aurkeztu nahi zizkioten, baina Narzisok erretiratzeko agindu zuen. Bibidia ezin izan zuen alboratu, ez eragotzi aldarrikatzerik, gorroto handiz, ez zezatela emazte indefentso bat hilaraz. Nartzisok erantzun zion, beraz, printzeak entzungo ziola eta emango ziola inputaziotik defendatzeko aukera; bitartean, joan zedila birjina eta ardura zedila elizkizunez.
35. Horiek horrela, Klaudio harrigarriro isilik zebilen eta Biteliok ezer ez zekiela zirudien: libertoaren esanera zegoen dena. Maitalearen etxea ireki eta enperadorea hara eramateko agintzen du. Eta, lehenen, atartean, Silioren aitaren irudia ikusten du, senatuaren dekretu batek debekatua, eta gero Nerondarren eta Drusotarren ondasunak, desohorearen ordain bihurtuak. Suak harturik eta mehatxu urtika, kuarteletara eraman zuen, non soldaduak formaraziak zituen; haien aurrean, Nartzisok diktaturik, hitz bakanak jaulki zituen: samin bidezkoa izan arren, lotsak mozten baitzuen. Berehala, kohorteen berbaro luzea sortu zen, errudunen izenak eta zigorra eskatuz. Epaitegira eramanik, Silio ez zen ez defendatzen, ez atzeratzen saiatu; bere heriotza azkartzeko eskatu zuen. Irmotasun berak heriotza azkarra desiarazi zien erromatar zaldun ospetsuei. Eta Tizio Prokulo, Siliok Mesalinaren jagole jarria eta deklaratzeko prest zegoena, Bettio Balente, aitortzailea, eta Ponpeio Urbiko eta Saufeio Trogo, konplizeak, supliziora eramateko agintzen du. Dekrio Kalpurniano, prefektu suzain, Sulpizio Rufo, jokuen prokuradore, eta Junko Birgilianori ere, zigor bera ezarri zieten.
36. Mnesterrek bakarrik sortu zuen zalantza, soinekoak urraturik, zigorkaden markei begiratzeko eta Mesalinaren esanetara makurtzeko nola agindu zion gogoratzeko garraisika eskatu zionean; beste batzuek eskuzabaltasunen eta itxaropen neurrigabeen kariaz egin zirela errudun, baina bera premiagatik zela; eta inor ez zela bera baino lehenago akabatuko, Silio aginteratu balitz. Hitz horiek Zesar hunkitu egin zuten eta, jada errukira lerraturik zirudienean, libertoek eragin zioten, hainbeste gizon ospetsu akabatu eta gero, ez zedila histrioi batengatik arduratu; hain hoben handiak nahita ala behartua burutu zituen, ez zuen deus axola. Traulo Montano zaldun erromatarraren defentsa ere ez zuen onartu; mutil zintzoa, baina gorputz ederrekoa zen berau, eta, gau berean, Mesalinak etorrarazi eta bidali egin zuen, irritsean zein gogaitean berdin apetatia baitzen. Suilio Zesonino eta Plauzio Laterano heriotzatik libratzen dituzte, hau bere osabaren meritu bikainengatik; Zesonino bere bizioek babestu zuten, hain zirkulu hits hartan, emakume lana egin ei baitzuen.
37. Bitartean, Mesalina, Lukuloren baratzean, bizia luzatzen ari zen, erreguak moldatzen, ez itxaropen eta, batzuetan, sumin gabe: halakoxe burgoitasuna zerakusen azken uneetan! Eta, Nartzisok haren hilketa bizkortu ez balu, hondamena salatzaileari itzuliko zion. Zeren Klaudiok, etxera itzuli eta oturuntza luzez bareturik, ardoarekin bero-bero jarri zenean, joateko eta errukarriari (hitz hauxe erabili ei zuen) iragartzeko agintzen du, biharamunean ager zedila, bere defentsa egitera. Hori irakurri eta haren haserrea biguntzen, amodioa itzultzen ari zela ikusi zutenean, eta, arin ibili ezik, gauaren hurbilaren eta emaztearen oheaz gogoratzearen beldurrez, Nartzisok joan eta guardian zeuden zenturioiei eta tribunoari hilketa burutzeko agintzen die: horixe agintzen zuen enperadoreak. Zaintzaile eta presarazle, Ebodo libertoetarikoa jartzen dute. Hau ziztuan joan zen denen aurretik baratzera eta lurrean etzanda aurkitu zuen, Lepida ama alboan eserita zuela, alabarekin ondo konpondu ez zena, hau goian zegoenean, baina azken orduko larritasunean erruki hartu ziona; hiltzailearen zain ez egoteko aholkatzen zion: bizia joana ei zuen eta heriotza ohoragarria besterik ezin ei zuen bilatu. Baina pasioek andeaturiko gogo hartan, ez zen zintzotasun izpirik gelditzen; negarrak eta alferreko kexak luzatzen ari zela, iritsi zirenek atea bortxatu zuten eta tribunoa zutik gelditu zen bere aurrean, libertoak esklabo erako laido ugari jaulkitzen zion bitartean.
38. Orduantxe lehenengoz jabetu zen sakonki bere egoeraz eta, sastagaia harturik, lepoaren edo bularraren kontra alferrik astintzen du, dardararen dardaraz, tribunoaren ezpatak bertan josi arte. Gorpua amari utzi zioten. Mahaian zegoen Klaudiori Mesalina hila zela iragarri zioten, bere eskuz ala inorenez argitu gabe. Berak ere ez zuen galdetu. Beste kopa bat eskatu eta oturuntzan ohi den ospakizunean jarraitu zuen. Hurrengo egunetan ere ez zuen poz-gorrotoen, sumin-tristuren, hitz batez, ezein giza afekturen seinalerik eman; ezta salatzaileak alai, ez seme-alabak nahigabez ikustean ere. Eta senatuak ahanzten lagundu zion, haren izen-irudiak leku publiko zein pribatuetatik kentzeko aginduz. Nartzisorentzat, kuestore ohorea dekretatu zen, ezer gutxi, Palante eta Kalistoren gainetik ziharduenaren urguluarentzat. Gauza zuzena zen, noski, baina oso atze txarra ekarriko zuena.