Analak eta Historiak I/Hirugarren liburua

Wikitekatik
Analak eta Historiak I  (115-117)  Tazito, translated by Xabier Amuriza Zarraonaindia
Liber tertius
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma


Hirugarren liburua

1.    Neguko itsasoak behin ere eten ez zuen nabigazioaren ondoren, Agripina Kalabriako itsasertz aurreko Kortzira irlara iristen da. Han, egun batzuk hartzen ditu, gogoberritzeko, dolu bortitza eta jasangaitza izan baitzuen. Bitartean, haren etorreraren berri entzunik, lagun min guztiak eta Germanikoren agindupean zerbitzatutako militar ugari, baina baita albo-herrietako ezezagun asko ere, batzuk printzearekiko eginbeharra bete ustez, gehienak besteei jarraitzearren, Brundisio hirira lasterkatu ziren, zeina, nabigatzaileentzat lekurik hurbilena eta lehorreratzeko segurrena baitzen. Eta, ostertzean untziak begiztatu zituzteneko, portua eta itsasaldea ez ezik, hormak eta teilatuak eta urrunera ikusteko moduko leku guztiak jendez eta jendez bete ziren doluan, elkarri galdezka ea Agripina, lehorreratzean, isilean ala aldarriren batez hartu behar zuten. Zer zen egokiago oraindik nahikoa argi ez zegoela, untziak portuan sartu ziren astiro-astiro; arraunak ez ziren ohi bezain alai ari, dena dolura egokituz baizik. Bere seme biek lagundurik, errauts kutxa eskuetan zekarrela, lehorreratu eta begiak lurrean josita geratu zenean, bakarra izan zen denen auhena, eta ez zegoen ahaideak eta arrotzak bereizterik, gizonen eta emakumeen negar artean, ez bazen Agripinaren jarraigokoak, dolu luzean nekatuak, errezibitzera irten zirenek eta samina berriago zutenek gainditzen zituztelako.

2.    Zesarrek kohorte pretoriar bi bidali zituen, baita aginduz ere Kalabria, Apulia eta Kanpaniako magistratuek ohorerik gorenak eskain zitzaten, bere semearen gomutan. Hala, haren errautsak tribunoen eta zenturioien bizkarrean zihoazen, apainduria gabeko banderak eta azao irauliak aurrean zirela. Kolonietan zehar zihoazenean, lutudun herriak eta trabeaz jantzitako zaldunek oihal aberatsak, lurrinak eta beste hil opari batzuk erretzen zituzten, lekuko ahalaren arabera. Bidetik urrungo hirietakoak ere bidera irten, aldareak jaso eta jainko maneei biktimak eskaintzen zizkieten, samina malkoz eta erostaz adieraziz. Druso Terrazinara aurreratu zen, Germanikoren anaia Klaudiorekin eta Erroman zeuden honen semeekin. Euren karguak hartuak zituzten Mario Balerio eta Marko Aurelio kontsulek, senadoreek eta herri zati handi batek bidea betetzen zuten, nahasian eta bakoitza bere bihotzaren arabera negarrez; han ez zen, ez, zurikeriarik, nahiz denek jakin Tiberiok gaizki disimulatzen zuela Germanikoren heriotzaren poza.

3.    Tiberiok eta Augustak ez zuten publikoan agertu gura izan, pentsatuz, beharbada, denen aurrean dolu egitea ez zegokiola euren maiestateari, edo, beharbada, euren aurpegietara zeudekeen denen begietan, faltsutzat ez agertzeagatik. Germanikoren ama Antoniari buruz, ez dut historialariengan, ez egunkari ofizialean, esku-hartze garrantzitsurik izan zuen berririk aurkitzen, nahiz eta Agripinaz, Drusoz eta Klaudioz gainera, gainerako odolkideak ere izen eta guzti aipatzen diren. Edo osasunak galarazi zion, edo lutuak menperaturiko gogoak ez zion utzi zorigaitzaren handia begiz ikusten. Lehenago sinistuko nuke etxetik irteten ez ziren Tiberiok eta Augustak behartu zutela horretara, euren samina ere berdina zela eta amama eta osaba ere amaren etsenpluak atxikirik gelditu zirela eman zezan.

4.    Errautsak Augustoren tumuluan ezarri zituzten egunean, bai isiltasunaren bakartasuna, bai erosten larritasuna erakusten zuen. Hiriko kaleak beterik, zuziak Martitzen zelaian dizdiz zeuden. Han, soldadu armadunek, magistratu banderagabeek, herriak, tribuka sailkaturik, errepublika hil zela, ez zela itxaropenik gelditzen oihu egiten zuten, hain ausarki eta agerian, ezen menperatzaileez ahaztua zirela baitzirudien. Baina Tiberiori ezer ez zitzaion gehiago barneratu, jendearen Agripinarekiko elkartasun sutsua baino, zeinari aberriaren ohore, Augustoren odol bakar, antzinaroaren etsenplu bakar deitzen baitzioten; eta, zerura eta jainkoengana zuzenduz, haren ondorengoek osorik iraun eta gaiztakerietatik biziraun zezatela erregutzen zuten.

5.    Izan ziren hileta publikoen handitasun falta hartu zutenak, eta Augustok Drusori, Germanikoren aitari, eskainitako ohore bikainak konparatu zituztenak. Izan ere, gogoratzen zuten hura bera aurreratu zela, neguaren gogorrenean, Tizinoraino eta, hilotzarengandik aldendu gabe, berarekin sartu zela hirian; hil-ohean, Klaudiotarren eta Juliotarren irudiak ipini zituzten; foroan erostatua, rostretan goraldua izan zen; asabek ezarri eta geroak hautaturiko ohore guztiak pilatu ziren. Germanikori, ostera, ohikorik eta edozein jaun goreni zor zaionik ere ez zitzaion eskaini. Ulertzekoa ei zen haren gorpua, bidaiaren luzeagatik, lur arrotzean eta edonola erraustua izana; baina bidezko izango ei zen hainbat ohore gehiago eskaintzea, zenbat eta zoriak aurretik ukatua zion. Anaia ere ez zitzaion irten, egun bateko bidera baino, ezta osaba ere, atera heldu arte. Non zeuden antzinakoen erakunde haiek, katafalkoan kokaturiko irudia, kemenaren oroimenezko kantak eta goralbenak eta malkoak, edo, gutxienez, dolu plantak?

6.    Hura dena Teberiok jakin zuen eta, herriaren esamesak mozteko, ediktuz ohartarazi zuen erromatar goragarri asko hil zela errepublikagatik, eta inor ez zela hainbeste sentimenduz ohoratua izan; hori, beretzat eta denentzat, ohorea zela, baina, beti ere, neurri sena nagusi zela. Izan ere, printzeei eta herri inperialari ez ei zegokion etxe edo nazio apalei bezalako jarrerarik. Lutua oraintsuko saminaren araberakoa izan ei zen, eta ondo ei zegoen atsekabean asaskua bilatzea; baina bazela gogoa irmotasunera itzultzeko sasoia, behinola, Julio jainkozkoak, alaba bakarra galtzean, edo Augusto jainkozkoak, bilobak erauzi zizkiotenean, tristura irentsi zuten moduan. Ez ei zegoen etsenplu zaharragoetara jo beharrik ikusteko erromatar herriak zenbat aldiz eraman zituen sendoki armaden hondamenak, buruzagien heriotzak, sendi gurenen desagerpen osoa. Printzeak hilkorrak ziren, errepublika betikoa. Itzul zitezela, beraz, ohiko arduretara, baita, Joku Megalentseak gainean zirenez gero, dibertsiora ere.

7.    Orduan, dolua utzi eta zereginetara itzuli ziren. Druso Ilirikoko armadara abiatu zen, denen gogoa Pisonen mendekua eskatzeko gertu zegoela, eta protestak berretuz zihoazen, nola hura, bien bitartean, Asiako eta Akaiako jolasetan hara-hona, bere krimenen frogak apurtzen ari zen, atzerapen harro eta engainakorrez. Berria zabaldu baitzen, Martina, Gneo Sentziok Erromara bidalitako pozoitzaile ezaguna, esana dudanez, bat-batean Brundision hil zela, eta bere ile-txirikorda batean pozoi ezkutua zegoela, gorputzean inolako suizidio lorratzik aurkitu gabe.

8.    Baina Pisonek, semea printzea biguntzeko aginduz Erromara bidalirik, Drusorengana jo zuen, zeina ez zuen uste berarekin hala zorrotz aurkitzerik, anaiaren heriotzagatik, nola gertu, lehiakide batez libratu izanagatik. Tiberiok, zentzu zuzena agertzearren, Pison gaztea adeikor hartzen du, goi sendietako semeekin ohi zuen oparotasunez lausengaturik. Drusok Pisoni erantzun zion ezen, jaulkitzen zirenak egiak baziren, berak hartu behar zuela minik handiena, baina nahiago zuela gezurrezkoak eta hutsalak izan zitezen, eta Germanikoren heriotzak inoren galerarik ekar ez zezan. Hori agerian eta inolako sekretu gabe esan zion; eta ez zegoen dudarik hori Tiberiok agindu ziona, zeren, Druso, berez, maleziagabea eta gaztetasun irekikoa izanik, orduan zahar senez jokatu baitzuen.

9.    Pisonek, dalmaziar itsasoa gurutzatu eta untziak Ankonan utzirik, Pizenon eta, gero, flaminiar bidean zehar, Panoniatik Erromara zihoan legioa harrapatu zuen, handik Afrikako guarniziora jarraitzeko; eta zeresan handia izan zen, bidean eta joanean, soldadu artean maiz agertu zelako. Narniatik, beharbada, susmoak ekiditearren, edo, beharbada, beldurrak erabakiak zalantzatzen zizkiolako, Naren eta, gero, Tiberon zehar jaitsi zen; populuaren amorrua gehitu egin zen, untzia Zesarren tumuluan atrakatu eta, egun argiz eta kaia jendez beterik, bera otsein aldra handiz eta Plantzina emakume segizioz, aurpegi alaiz lehorreratu zirenean. Gorrotoak areagotu egin zituen Foro gainean zeukan etxeko jai apainduriak, eta bertan eman zuen oturuntza itzelak, tokiaren ageritasunak ezer ezkutatzen ez zuela.

10.  Biharamunean, Fultzinio Trionek Pisoni kontsulen aurrera deitu zion. Viteliok, Beraniok eta Germanikoren segizioko gainerakoek aurka egin zioten, esanez Trionek ez zeukala horretan parterik, eta eurak ez zetozela salatzaile moduan, gertakarien aurkezle eta lekuko moduan baizik, eta Germanikoren aginduak burutzeko. Trionek, auzi haren salaketa utzirik, hura aurreko bizimoduagatik salatzen utz ziezaioten lortu zuen, eta printzeari ikerketaz arduratzeko eskatu zioten. Hori salatuak ere ez zuen ezeztu, herriaren eta senatarien begizkoaren beldur baitzen; Tiberiok, ostera, bazuen zurrumurruak arbuiatzeko beste indar, eta bere amaren konplizitateak harrapaturik zegoen; eta egia, edo, okerrena pentsatzearren, egiatzat hartzen zena, epaile bakarrak hobeto bereiztuko zuen; multzoan, ostera, gorrotoa eta erremina gailenduko ziren. Tiberio ohartzen zen auzia zer handia zen eta beragatik zer fama zebilen. Eta, hala, etxeko banaka batzuen aurrean, salatzaileen mehatxuak eta beste aldearen erreguak entzun zituen, gero auzi osoa senatura bidaltzeko.

11.  Bitartean, Drusok, Ilirikotik bueltan, Maroboduoren entreguagatik eta aurreko udako arma ekintzengatik txaloak har zitzan senatuak agindu bazuen ere, ohorea atzeratu zuen eta hirian sartu zen. Gero, erruztatuak Luzio Arruntzio, Publio Bizinio, Asinio Galo, Esernino Martzelo eta Sesto Ponpeio eskatu zituen defendatzaile; hauek, zenbait aitzakiaz, desenkusatu ziren, eta Marko Lepido, Luzio Pison eta Libineio Regulok lagundu zioten, hiri guztia arretaz zegoela, Germanikoren lagunen leialtasuna eta salatuaren segurtasuna noraino iritsiko ote ziren, Tiberio bere sentimenduak menperatzeko eta zapaltzeko gauza izango ote zen. Herriak, bereziki kezkaturik, inoiz baino gehiago eman zion printzeari buruzko berriketa ezkutuari edo isiltasun susmotiari.

12.  Senatu egunean, Zesarrek mintzaldi pentsatuki neurtua jaulki zuen. Pison bere aitaren legatu eta lagun izan zela gogoratu zuen, eta berak eman ziola Germanikori laguntzailetzat, senatuak proposaturik. Han, makurgaitz eta lehiati, mutila mingostu eta haren heriotzaz poztu bazen, edo, gainera, krimenez eragin bazuen, gogo zuzenez epaitu behar zen. «Zeren, legatu batek egitekoaren mugak eta buruzagiari zor dion menpekotasuna harainditu baditu, eta haren heriotzaz eta nire lutuaz poztu bada, gorrotatu eta etxetik urrunduko dut, baina ez dut, printzearen indarrez, etsaigo pribaturik mendekatuko; orain, edozein hilkor akabatzeko krimen zigorgarririk aurki baledi, zeuek eman behar dizkiezue Germanikoren semeei, eta guri ahaideoi, behar diren kontsolamenduak. Azter honakoak ere: ea Pisonek armadarekin nahastaile eta matxino jokatu zuen, soldaduen begiona anbizioz bilatu zuen, probintzian berriro sartzen armekin saiatu zen, edo ea horiek denak salatzaileek zabalduriko gehiegikeriak diren. Nik neuk, egia esan, ezin dut horien irrika gehiegizkoa salatu besterik. Zeren zertarako zen Germanikoren hilotza biluztea, eta populuaren begi-igurtzirako erakustea, eta, atzerritarren artean ere, pozoitua izan zelako esamesak zabaltzea, gauza oraindik zalantzazkoak eta ikertzeko daudenak badira? Negar dagiot, bai, eta dagioket beti neure semeari, baina salatuari ez diot eragozten bere errugabetasunaren aldeko zernahi agertzea, ezta, Germanikoren aldetik irainik izan bazen, berau errudun egitea ere; eta zuei erregutzen dizuet ez ditzazuela egozten zaizkion salaketak frogatutzat eman, auzia nire saminari lotuta dagoelako. Odol edo konfiantzazko lokarriek Pisoni defendatzaileak eman badizkiote, zeuen etorriaren eta fintasunaren arabera, lagundu arriskuan dagoenari. Lan berdinera, sendotasun berdinera deitzen diet salatzaileei. Pribilegio hauxe bakarrik emango diogu Germanikori: haren heriotzaren ikerketa kurian egin dadila, ez foroan; senatuaren aurrean, ez epaileen aurrean. Gainerakoan, neurritasun berak behar du. Ez begiratu inork Drusoren malkoei, inork nire tristurari, ez gutaz asma dezaketenari».

13.  Egun bi ezartzen dira salaketak aurkezteko, eta, sei eguneko tartearen ondoren, erruztatuak beste hiru izan ditzala defentsarako. Orduan, Fultzinio salapen zahar eta alferretan hasi zen: Hispainian, anbizioz eta gutiziaz jokatu zuela; horrek, frogaturik ere, ez zuen erruztatuaren kondenarik ekarriko, bere burua oraintsuko salaketetatik justifikatzen bazuen, ez absoluziorik ekarriko, defendatzea lortzen bazuen, baldin krimen handiagoak frogatzen bazitzaizkion. Gero, Serbeok, Beraniok eta Biteliok, antzeko garrez, eta Biteliok, etorri handiz, salatu zuten ezen, Germanikorenganako gorrotoz eta asmo nahastailez, soldadu multzoa, lasaikeria eta aliatuen irainak permitituz, hainbestean usteldu zuela, non txarrenek ‘legioen aita’ deitzen baitzioten; onenekin eta, batez ere, Germanikoren kide eta lagunekin, ostera, zitaldu egin zela; azkenean, malefizioz eta pozoiz akabatu zuela; gero, Pisonek eta Plantzinak errito eta sakrifizio higuingarriak egin zituztela; armekin errepublikari eraso ziola eta, justiziaren aurrera ekarriko bazuten, guduan menperatu behar izan zutela.

14.  Gainerakoetan, defentsa loka ibili zen, ezin baitzuten haren soldaduekiko lazokeriarik, ez probintzia jenderik txarrenaren esku egon izanik ukatu, ezta buruzagiaren aurkako laidorik ere. Pozoitze kargutik bakarrik eskulpatu zela zirudien, salatzaileek ere ezin izan baitzuten hori ganoraz oinarritu, argudiatuz ezen, Pison aurrez zeukan Germanikoren oturuntza batean, janariak bere eskuz pozoitu zituela. Zentzugabea zirudien, izan ere, zerbitzari arrotzen artean eta hainbeste jenderen bistan, Germanikoren beraren aurpegian, hartara ausartu izana. Gainera, erruztatuak sendia eta zerbitzari haiek eskaintzen zituen torturazko ikerketarako. Baina epaileek errukigaitz jokatu zuten, zenbait arrazoiz: Zesarrek, probintzia bat gerrara eraman zutelako; senatuak, inoiz ez zuelako behar bestean sinistu Germaniko krimenik gabe hil zenik. (...) eskatuz idatziko zuten, baina hori Tiberiok ez zuen Pisonek baino gutxiago ukatu. Aldi berean, kuria aurrean, herriaren oihuak entzuten ziren, ez zirela esku-uzkur geldituko, senatuaren epaitik libratzen bazen. Ipsonen irudiak Gemonietara arrastatu zituzten eta hantxe apurtuko zituzten, printzearen aginduz babestuak eta birlekutuak izan ez balira. Beraz, literan ezarririk, pretoriar kohorteko tribuno batek eraman zuen, zurrumurru ezberdinez, hots, ea segurantzazain gisan ala heriotzaren erantzule gisan laguntzen ote zion.

15.  Plantzinari gorroto berdina hartu zioten, nahiz eta grazia handiagoz; horregatik, dudazkoa zen Zesarrek noraino erasoko zion hari, Pisonek erdi-itxaropenik zeukan bitartean, edozein zoritan, haren lagun izatea eta, gauzak hala bazetozen, heriotzaraino laguntzea agintzen zuenari; baina, Augustaren isil erreguekin, barkamena jadetsi zuenean, senarrarengandik astiro-astiro apartatzen eta defentsa bereizten hasi zen. Erruztatua, hori bere hilbidetzat ulertu zuenean, eta ahaleginean jarraitu ala ez zalantzan, seme-alabek aholkaturik, gogoberritzen eta senatuan berriro aurkeztu zen, eta, salaketa berhastean, senatarien kontrako hitzak eta nondinahi zetorkion etsaigo zitala ikusirik, ezer ez zitzaion ikaragarriago egin, Tiberio, erruki gabe, sumin gabe, bere kautan setaturik ikustea baino, ezein emoziok eragiten ez ziola. Etxera berreramana izanik, defentsaren jarraipena pentsatuz bezala, zenbait lerro idatzi, zigilatu eta libertoari eman zion; orduan, ohi bezala, bere gorputza garbitu zuen. Gero, oso gau beranduan, emaztea logelatik irtenik, atea ixteko agindu zuen; eta, egunsentian, lepoa alderik alde ebakirik, ezpata lurrean zetzala aurkitu zuten.

16.  Gogoan dut zaharrenei entzun izana, Pisonen eskuetan maiz ikusi zutela libelo bat, berak argitaratu ez zuena, baina, bere lagunek behin eta berriro ziotenez, Tiberioren gutuna eta Germanikoren aurkako aginduak ei zeuzkana, eta senatariei aurkeztekotan eta printzea inkulpatzekotan egon zela, Seianok gezurrezko promesaz engainatu ez balu. Halaber, zioten ez zuela bere burua hil, hiltzailea bidali ziotela baizik. Ez nuke ez bata ez bestea ziurtatuko, baina ez nuke izkutatu behar gure gaztarora arte bizi izan zirenek zer kontatu zidaten ere. Zesar, tristura aurpegiz, senatuan [kexatu zen] heriotza harekin beraganako hegigoa bilatu zutela; [Marko Pison deiarazten du] eta, galdeketa zorrotzean, Pisonen azken eguna eta gaua nolakoak izan ziren ikertzen du. Hark, zuhurtzia orokorrez, zenbait gauza gordinki azaldu ondoren, Pisonen memoria irakurtzen dio, gutxi gorabehera, honakoak jartzen zituena: «Neure etsaien konspirazioak eta salaketa faltsutik harako gorrotoak zanpaturik, nire egiak eta errugabetasunak zereginik ez daukatenez gero, jainko hilezkorrak lekuko jartzen ditut bizi guztian, Zesar, leial izan natzaizula, eta zure amaganako pietatea ere halakoxea izan dela; eta nire semeak zaintzeko erregutzen dizut, zeintzuetarik Gneo Pison ez den ezertan ere nire zorira bildu, aldi honetan guztian hirian egon izan baita, eta Marko Pisonek Siriara itzultzea desaholkatu baitzidan. Hobe seme gazteari jaramon egin banio, hark aita zaharrari barik! Horregatik, zinkiago eskatzen dut ez dezala nire okerraren zigorrik ordain, errugabea baita. Neure berrogeita bost urteko mentasunagatik, kontsulkidetasunagatik, behinola zure aita Augusto jainkozkoaren kutun eta zure adiskide izan naizen aldetik, eta honez besterik gehiago eskatuko ez dizudanez, neure seme dohakabearen salbamena eskatzen dizut». Plantzinaz ez zuen ezer gaineratu.

17.  Horren ondoren, Tiberiok mutila gerra zibila eragitearen salaketatik libratu zuen: aitaren aginduak izan ziren, semeak entzungor ezin egitekoak; aldi berean, pietatez mintzatu zen etxe haren nobletasunaz eta Pisonen zori dohakabeaz, merezia bazuen ere. Plantzinaren alde lotsaz eta lotsarazteko moduan hitz egin zuen, amaren erreguak agertuz, zeinaren aurka gizonik onenen kexa sekretuak indartsuen pizten ziren: amamak zilegi zuen, beraz, senatuari aurrez aurre begiratu, hitz egin eta bilobaren hiltzailea eskuetatik kentzea. Legeek hiritar guztiei segurtatzen ziena Germanikori bakarrik falta izan zitzaion. Biteriok eta Beraniok garraisika negar egin zioten buruzagiari, enperadoreak eta Augustak, ostera, Plantzina defendatu zuten. Orain besterik ez zuen behar bere pozoitzaile-arte hain arrakastaz probatua Agripina eta seme-alabengana berdin bihurtzea baino, eta amama eta osaba hain etxe dohakabe haren odolez asetzea. Oraindik beste pare bat egun joan ziren epaiketa itxura honetan, Tiberiok Pisonen semeei ama zaintzeko ekiten zien bitartean. Eta, salatzaileak eta lekukoak inork erantzuteke mintzo ziren bitartean, errukia gorrotoa baino gehiago handitzen zen. Aurrenen boza eskatu zitzaion Aurelio Kota kontsulak (Zesar mintzo zenean ere, magistratuak bozkatzen baitziren) proposatu zuen Pisonen izena fastuetatik ezabatzea, ondasunen parte bat konfiskatu eta beste bat Gneo Pison semeari ematea, eta honek izena aldatzea; Marko Pisoni dignitatea kentzea eta, bost milioi sestertzio harturik, hamar urtean, baztertua izan zedila; Plantzina Augustaren erreguengatik salba zedila.

18. Printzeak hauetariko asko bigundu egin zituen: Pisonen izenik ez zen fastuetatik ezabatu behar, zeren aberriaren aurka gerra egin zuen Marko Antoniorenak eta Augustoren etxea desohoratu zuen Julo Antoniorenak ere hantxe baitzirauten. Eta Pison ignominiatik libratu eta aitaren ondasunak eman zizkion, diru kontuan, maiz esan dudanez, soraio samarra baitzen eta, hartan, bihozkorrago ageri baitzen, Plantzinari barkatzearen lotsagatik. Areago, Balerio Mesalinok Martitz Mendekatzailearen tenpluan urrezko estatua, eta Zezina Seberok Mendekuari aldarea eraikitzea proposatu zutenean, aurka egin zuen, behin eta berriro esanez halako eskaintzak kanpoan lortutako garaipenengatik egiten zirela eta etxeko ezbeharrak tristuraz estali behar zirela. Mesalinok Tiberio, Augusta, Antonia, Agripinia eta Drusori esker-ematea gehitu zuen, Klaudioren aipua omitituz. Orduan, Luzio Asprenatek, senatu guztiaren aurrean, Mesalinori galdetu zion ea omisioa nahita izan zen; orduantxe bakarrik erantsi zen Klaudioren izena. Zenbat eta oraintsuko eta antzinako kontuei gehiago eragin, hainbat argiago aurkitzen dut nahikeria giza gorabehera guztietan dabilela. Izan ere, ospez, itxaropenez, begirunez, edonork zirudien aginterako egokiago, zoriak geroko printzetzat isilean zeukan hura baino.

19.  Handik egun gutxitara, Zesarrek senatuari proposatu zion Vitelio, Beranio eta Serbeori abadetzak ematea; Fultziniori, ohoreetarako hauteskundean babesa agindurik, ohar egin zion ez zezala elokuentzia gogorkeriaz honda. Halaxe amaitu zen Germanikoren heriotzaren mendekua, orduan bizi ziren gizonen artean ez ezik, ondorengo garaietan ere, aurkako berbagai izan zena. Izan ere, gertaerarik handienak berdin anbiguo bilakatzen dira, batzuek nolanahi entzuna gauza egiaztatutzat ematen, eta beste batzuek egia gezur bihurtzen dutelako; eta, denborarekin, jokaera biak indartzen dira. Horretan, Druso hiritik irten zen, auspizioak berriro hartzeko, eta txalo artean sartu zen berehala. Handik egun gutxitara, ama Bipsania hil zitzaion, bakez hil zen Agriparen ume bakarra, besteak nabariki ezpataz edo, ustez, pozoiz edo gosez hil baitziren.

20.  Urte berean, Takfarinatek, aurreko udan Kamilok hautsi zuela kontatua dudanak, gerra berritzen du Afrikan, lehenik, ustekabeagatik zigor gabe gelditu ziren noizean behingo arpilaketekin, gero herriak suntsituz eta harrapakin ugari jasoz; azkenik, Pagida ibaitik ez urrun, erromatar kohorte bat inguratu zuen. Gotorlekua Dekrioren menpean zegoen, gudulari nekagaitza eta milizian zaildua bera, setio hura lotsagarritzat jotzen zuena. Soldaduak harengaturik, tropa gotorleku aurrean hedatzen du, leku irekian gudukatzeko. Kohortea lehen erasoan hautsia izan zen; berak, jaurtigaien artean, ihestulariei bidea mozten die, banderadunei agiraka eginez, erromatar soldaduek desertore desantolatu batzuei bizkar emateagatik. Bitartean, zauriak hartu zituen eta, begi bat husturik ere, etsaiari aurpegi ematen jarraitu zuen eta ez zion borrokatzeari utzi, bereek abandonaturik jausi arte.

21.  Kamiloren ondorengo izan zen Luzio Aproniok, horren berri jakin zuenean, etsaiaren aintzaz baino, bereen desohoreaz penatuago, garai hartan arraroa zen eta antzinatea gogoratzen zuen praktikara jo zuen: kohorte lotsagarriko hamarretik bat, zotzaren arabera, makilaka hiltzen du. Zorroztasunak hain ondorio handia eragin zuen, ezen bostehundik gora ez ziren beteranoen bandera batek suntsitu baitzituen Tala izeneko gotorleku bati eraso zioten Takfarinateren tropak. Gudu hartan, Rufo Helbio izeneko soldadu soil batek hiritar bat salbatzeko ohorea izan zuen eta Aproniok besokoz eta lantzaz saritu zuen; Zesarrek koroa zibikoa gehitu zuen, kexaz, nahiz eta ez haserrez, Aproniok hura eman ez ziolako, prokontsul eskubidearen arabera. Baina Takfarinate, numidak puskaturik eta setioei ekiteko gogo gabe zeudenez, dispertsio gerran hasten da, estutzen zutenean, atzeraka, eta berriro atzealdeei erasoz. Eta, barbaroak taktika hari eutsi zion bitartean, erromatar ahalgabe eta nekatuaz inpuneki isekatzen zen; baina, itsas inguruetara jorik eta harrapakinari loturik, kanpamendu egonkorretan kokatu zenean, Apronio Zesianok, aitak zaldiekin eta kohorte laguntzaileekin bidali zuenak, zeintzuei legiorik bizkorrenak gehitu behar zitzaizkien, gudu emankorra egin zuen numiden aurka, eta mortuetarantz uxatu zituen.

22.  Baina, Erroman, Lepida, Emiliotarren aintza beragan eramateaz gainera, Luzio Sila eta Gneo Ponpeio birraitita zituena, salatua izan zen, Publio Kirinio gizon aberats eta ondorengabearen umea izatea simulatzearren; adulterio, pozoitze eta espekulazio karguak ere baziren, azti kaldearren bitartez, Zesarren etxearen aurka; erruztatua neba Manimo Lepidok defendatzen zuen. Kiriniok, zapuztu ondoren, gogorki jazartzen zuen, horrek, zenik doilorren eta errudunen zela ere, errukia eragiten zuela. Ez da erraza auzi hartan printzeak zer pentsatzen zuen igartzea: hainbesteraino aldatu eta nahastu baitzituen haserre eta onberatasun seinaleak. Lehenik, senatuari eskatu zion ez aztertzeko maiestate salaketak, baina, gero, Marko Serbilio, kontsularretariko bat, eta beste lekuko batzuk, berak ukatzeko planta egin zuena bistaratzera bultzatu zituen. Gainera, zaintza militarpean zeuden Tepidaren esklaboak kontsulei transferitu zizkien, eta ez zuen utzi tormentupean galdetuak izan zitezen bere etxeari zegozkion kontuetan. Areago, kontsul izendatua zen Druso boza aurrenen ematetik libratu zuen; hau batzuek zer zibiltzat jotzen zuten, gainerakoak harena baieztu beharrean aurki ez zitezen, baina beste batzuek ankerkeriatzat hartzen zuten: ez baitzuen eskubide hura utzi izango, kondenatzeko ez bazen.

23.  Lepida, epaiketa eten zuten joko egunetan, andere gurenez inguraturik agertu zen antzokian; auhen erdiragarriz, bere aurrekoei eta Ponpeiori berari erreguka hasi zen, hark eraikitako monumentua eta inguruko haren irudien aurrean, eta halako gupida eragin zuen, ezen jendeak negarrari ematen baitzion, Kirinioren aurkako gorroto eta biraozko oihuekin, zeinaren zahartzaro umegabe eta etxe txit ilunera destinatua izan baitzen, behinola, Luzio Zesarren emazte eta Augusto jainkozkoaren erraintzat emateko ei zegoena. Gero, esklaboen tormentuz, krimenak bistaratu ziren, eta Rubelio Blandoren proposamena onartu zen, ur eta su gabe uztea, alegia. Druso bat etorri zitzaion, beste batzuek proposamen bigunagoak jaulki zituzten baina. Gero, harekin alaba bat izan zuen Eskauroren begirunez, ondasunik ez konfiskatzera makurtu ziren. Tiberiok orduantxe bakarrik agertu zuen nola egiaztatu zuen, hau ere Publio Kirinioren esklaboen bitartez, Lepida senarra pozoitzen saiatu zela.

24.  Etxe ospetsuen ezbeharrek (denbora ez luzean, Kalpurniotarrek Pison eta Emiliotarrek Lepida galdu baitzuten) ordaina jaso zuten, Dezimo Silano Junia sendira bihurtzeaz. Hona kasua, laburki kontatua. Augusto jainkozkoak errepublika kontuetan zori oparoa izan bazuen ere, etxekoa aldrebesa izan zuen, alabaren eta alabatxiaren lotsagabekeria bide, zeintzuak hiritik egotzi zituen, maitaleak heriotzaz edo erbestez zigorturik; zeren, gizon eta emakume arteko erru hain ohikoari sakrilegio eta maiestate-haustearen izen larria emanik, aurrekoen bihozberatasun mugetatik eta bere legeetatik ere irteten baitzen. Baina besteen azkena aldi hartako gertaerekin batera kontatuko dut, baldin, pentsatutako lana amaiturik, beste asmo batzuetarako bizirik geratzen bazait. Augustoren alabatxiarekin adulterioa burutu zuen Dezimo Silanok, Zesarren adiskidantzatik apartatua izateaz beste jazarpenik izan ez bazuen ere, atzerri bidea erakusten zitzaiola ulertu zuen, eta Tiberioren agintepean bakarrik ausartu zen senatuari eta printzeari barkakortasuna eskatzen, bere anaia Marko Silanoren babespean, zeina noblezia gurenez eta etorriz nabarmentzen zen. Silanok eskerrak eman zizkionean, Tiberiok, senatuaren aurrean, erantzun zuen bera ere pozten zela haren anaia bidaia luzetik itzuli zelako, eta hori, legez, guztiz zilegia zela, ez baitzen ez senatuaren aginduz, ez inolako legez egotzia izan; baina, Silanorekiko, bere aitaren errezelo berean jarraitzen zuela eta ez zela, Silano itzulita, Augustok nahi izan zuena ezerezean gelditzen. Aurrerantzean, hirian egon zen, baina ohorerik eskuratu gabe.

25.  Gero, Papia Poppea legea biguntzeko mozioa aurkeztu zen, Augustok zahartzaroan berretsi zuena bera, juliar legeen ondoren, ezkongabeen isunak handitu eta erarioa gehitzeko. Baina horrek ez zuen ezkontzak, ez hazten zen haur kopurua gehitzerik ekarri, ondorengorik ezak jarraituz; bai gehitzen zen arriskuan zeudenen kopurua, etxe guztiak baitzeuden salatzaileen trikimainek astindurik, eta, lehen eskandaluengatik bezala, orain legeengatik sufritzen zen. Gai honek zuzenbide printzipioak apur bat xehekiago jorratzera narama, eta nola iritsi ziren legeen kopuru infinitu eta aniztasun honetara.

26.  Hilkorrik antzinakoenak, artean inolako grina gaiztorik ez zela, desohore gabe, krimen gabe, eta, beraz, zigorrik eta hertsapenik gabe bizi ziren. Saririk ere ez zen behar, ongia berezko joeraz bilatzen baitzuten; eta, ohituraz kontrakorik desiratzen ez zutenez, ez zitzaien beldurrez ezer debekatu behar. Baina, berdintasuna arroztu eta, neurriaren eta lotsaren ordez, azpikeria eta indarra piztu zirenean, menperakuntzak sortu ziren, herri askotan betiko bihurtu zirenak. Batzuek, berehalaxe edo erregeei muzin egin ondoren, legeak hobetsi zituzten. Hauek, lehenengotan, xumeak ziren, gizaki haien izate koxkorren araberakoak. Entzuteak bereziki ospetsu egin ditu Kretako legeak, Minosek idatziak, Espartakoak, Likurgok idatziak, eta gero Atenaskoak, landuagoak eta ugariagoak, Solonek idatziak. Gure herrian, Romulok libreki agindu zuen; gero, Numak erlijioz eta jainko zuzenbidez lotu zuen herria, horiei Tulok eta Ankok pentsatuak erantsirik. Baina legeen egile nagusia Serbio Tulio izan zen, haietara erregeek ere makurtu behar zutela.

27.  Tarkinio egotzi zutenean, herriak neurri ugari hartu zuen senatari fakzioen aurka, askatasuna babesteko eta elkartasuna segurtatzeko; dezenbiroak eratu ziren eta, beste lekuetako onenari heldurik, hamabi taulak osatu ziren, berdintasunaren gailur eurok zuzenbidean. Zeren, horien ondorengo legeak, batzuetan gaiztoen aurka agertu ahala promulgatzen baziren ere, maizago etorri ziren klaseen liskarrez eta ohore debekatuen irrikaz, edo gizon ospetsuak kendu guraz, edo beste zenbait arrazoi makurrez. Hortik datoz Grakotar eta Saturninotarren herri nahaketak eta, ez gutxiago, Drusoren xahutzeak, senatuaren izenean. Aliatuak itxaropenak usteldu edo beto-eskubideak engainatu zituen, eta, ez italiar gerran, ez geroko gerra zibilean, ez zioten utzi elkarren kontrako lege ugari egiteari, harik eta Luzio Sila diktadoreak, aurrekoak abolitu edo aldatu eta are gehiago erantsirik, hartan eten bat ezarri zuen arte, askorik ez zuen iraungo baina. Izan ere, laster etorri ziren Lepidoren proposamen nahasleak, eta, ez askoz geroago, tribunoei herria euren gogora astintzeko baimena eman zitzaien. Eta, hala, ez zen jadanik denentzat bakarrik legerik egin, gizon partikularren kontra ere baizik, eta, errepublika txit ustelduan, legeak aniztu ziren.

28.  Orduan, Gneo Ponpeio, hirugarrenez kontsula, ohituren zuzenketarako hautatu zuten, eta erremedioak latzagoak izan ziren, hobenak eurak baino, aldi berean, bere legeen egile eta desegile, armekin defendatu nahi zuena armekin galdu baitzuen. Gero, desadostasunak hogei urtean darrai, ez ohitura ez zuzenbide gabe; krimenik gaiztoenak zigor gabe geratzen dira, eta zintzotasun erakutsi askok jabeen suntsipena dakar. Azkenik, Zesar Augustok, bere seigarren kontsulatuan, indarrean segur, triunbiratuan agindu zuena abolitu zuen eta legeak eman zizkigun, haietaz bakean eta printzearen menpean baliatzeko. Horrekin, loturak estutu egin ziren: zaintzaileak ipini eta, Papia Poppea legearen eraginez, ordainekin induzitu zituzten, senatarien pribilegioak eteten baziren, herria, denen guraso bezala, ondasun bakanteen jabe izan zedin. Baina salatzaileak urrunago zihoazen: euren menpean geratu ziren hiria eta Italia eta nonahiko hiritarrak, eta, hala, hamaika hondatu zuten. Izua denen mehatxu zatekeen, Tiberiok, egoera erremediatzeko, zotzez hautatu ez balitu bost kontsular, bost pretoriar, eta gainerako senatutik beste bost, legearen trabarik gehienak kendurik, aldi bateko lasaitua ekarri zutenak.

29.  Aldi berean, Neron, Germanikoren semeetariko bat, gaztarora heldua zenez, senatuaren aurrean gomendatu zuen, eta eskatu, ez entzuleen irribarre gabe, bigintibiratuaren betekizunetik libra zezatela, eta utz ziezaiotela kuestoretzara jotzen, legezko adina baino bost urte lehenago. Berari eta anaiari ere, Augustoren eskariz, emate berdina egin zitzaiela argudiatzen zuen. Eta ez daukat dudarik izan zirela, aldi hartan, erregu haietaz ezkutuan isekatu zirenak; baina Zesarren handitasunaren hasiera zen, aurrekoen ohiturak bistarago zeuden, eta semeordearen aitaordearekiko lotura txikiagoa zen, aititarena bilobarekin baino. Kontua da pontifikatua ere eman zitzaiola eta, Neron foroan sartu zen lehenengo egunean, opariak banatu ziren, Germanikoren kimu bat hazita ikusteaz pozten zen herrian. Poza areagotu egin zen gero, Neronen eta Drusoren alaba Juliaren ezteiekin. Eta, ezkontza hori aldeko hitzez hartu zen bitartean, desatseginez jakin zen Seiano aitaginarrebatzat destinaturik zegoela Klaudioren semearentzat. Familiaren nobleziarako orbana zela uste zen, eta Seiano, neurriz gorako itxaropenen susmopeko, gehiegi jasotzen zuela.

30.  Urte amaieran, gizonezko ospetsu bi hil ziren: Luzio Bolusio eta Salustio Krispo. Bolusio familia antzinako, baina pretoretzara heldu gabe zegoen batekoa zen; berak irabazi zuen kontsulatua, zaldunen dekuriak hautatzeko ardura zeukan zentsore kargua ere izan zuelarik. Etxeari botere izugarria eman zioten ondasunen lehen pilatzailea izan zen. Zaldizko jatorritik harako Krispo Gaio Salustiok adoptatu eta izena eman zion, Erromaren historialari bikaina berau, zeinaren arrebaren biloba zen hura. Eta berak, ohoreen bidea zabalik eduki arren, Mezenasen etsenpluari jarraituz, aginte handiagoa izan zuen, senatari mailarik gabe, garaipena edo kontsulatua lortu zuen askok baino; bere bizikera eta txukuntasunak bide, tradizio zaharretatik urrunago zebilen eta, aberastasunez gainezka, luxutik hurrago. Hala ere, itxura honen azpian, negoziorik handienen mailako gogo kemena zeukan, hainbat zoliago, zenbat eta lo eta inertzia planta handiagoa izan. Horregatik, Mezenas bizi zela, bigarrentzat izan zuten, eta gero lehenengotzat, zeinari enperadoreen sekretuak kontatzen zitzaizkion. Agripa Postumoren hilketaren jakitun, adina aurrera zihoala, egiatik baino itxuratik gehiago izan zuen printzearen adiskidantzan. Mezenasi ere gauza bera gertatu zitzaion, bai boterearen patua nekez delako iraunkorra, bai asetasuna dena lortutakoan jabetzen delako batzuetaz, eta beste batzuetaz, berriz, ezer desiratzekorik gelditzen ez denean.

31.  Aurrera doa Tiberioren laugarren kontsulaldia, Drusoren bigarrena, aipagarria, aita-semeen kargukidetasunagatik. Zeren, urte bi lehenago, Germaniko eta Tiberio ohore bereko kide izan zirenean, ez osabaren gogoko izan baitzen, ez hain handia berezko lotura. Urte hasieran, Tiberio Kanpaniara erretiratu zen, osasuna zaintzeko aitzakian, bai astiro-astiro bere ausentzia luze eta jarraitua prestatzearren, bai Drusok, aita urrun zela, kontsul zereginak bakarrik egin zitzan. Halabeharrez, gero eztabaida handia ekarriko zuen kontu txiki batek gazteari ospe handia irabazteko aukera ekarri zion. Domizio Korbulo pretore ohiak Luzio Sila gazte noblea auzitara eraman zuen senatuan, gladiadoreen ikuskizunean tokirik utzi ez ziolako. Adina, asaben ohitura, zaharren sinpatia Korbuloren alde zeuden; Mamerko Eskaurok, Luzio Arruntziok eta beste hurreko batzuek defendatzen zuten Sila. Eztabaida bat burutu zen, non asaben etsenpluak atera zituzten, gazteen irreberentziak agindu zorrotzez zigortzen zituztenak, Drusok gogoak baretzeko moduan hitz egin zuen arte. Korbulo, azkenik, Mamerkoren bitartez satisfatua izan zen, zeina, aldi berean, Silaren osaba eta aitaordea zen, baita garaiko hizlaririk etorritsuena ere. Korbulok berak ere, Italiako bide asko kontratisten iruzurragatik eta magistratuen axolagabekeriagatik mozturik eta ibilgaitz zeudela aldarrikatzen zuenak, pozik hartu zuen bere auziaren erabakia; hori ez zen denen onarentzat hain onuragarri gertatu, nola kaltegarri askorentzat, zeintzuen ondare eta izenaren aurka kondenaz eta konfiskazioz ankertu baitziren.

32.  Handik laster, Tiberiok gutunez jakinarazi zion senatuari Afrika berriro asaldaturik zebilela Takfarinateren erasoa bide, eta proposatzen zuen senatuak prokontsul bat hauta zezala, milizian aditua, gorputzez indartsua eta gerraren pare egotekoa. Sesto Ponpeio aukera hartaz baliatu zen, Manio Lepidoren aurkako gorroto guztiari jaregiteko; koldar, txiro eta asaben lotsagarritzat salatu zuen, eta, beraz, Asiako zozketatik ere baztertua izan behar zuela. Senatuak ezetz esan zuen, uste baitzuen Lepido gehiago zela atsegin, alfer baino, eta ondare urritasuna eta lotsaizun gabe eramaniko noblezia areago zituela ohoragarri, laidogarri baino. Beraz, Asiara bidali zuten, eta, Afrikari buruz, nor arduratu, Zesarrek hauta zezala erabaki zuten.

33.  Batzar berean, Sebero Zezinak proposatu zuen zotzez probintzia bat egokitzen zitzaion ezein magistraturi ez ziezaiola emazteak lagundu, bera berearekin, sei ume eman zizkionarekin, ondo konpontzen zela behin eta berriro esan ondoren, baina berak arau orokor lez proposatzen zuena etxean bertan ikusi zuela, emaztea Italian egonaraziz, berak, hainbat probintziatan, berrogei urteko zerbitzua egina zuen arren. Ez ei zen behinola alferrik ezarri aliatuen lurrera edo herri arrotzetara emakumerik ez eramatea; emakumeen konpainiak bakea luxuz, gerra beldurrez oztopatzea zekarrela, eta erromatar zutabeari segizio barbaroaren antza zemaiola. Sexuz ahulak eta nekeak jasateko ezgaiak ez ezik, bidea emanez gero, anker, nahasle, aginte-gose bihurtzen ei ziren; soldadu artean ibiltzen, zenturioiak zerbitzari ei zituzten; oraintsu, emakume batek kohorteen maniobren eta legioen desfileen buru egin ei zuen. Pentsa zezatela, norbait konkusioz auziratzen zutenean, gehienetan, emaztearen aurkako salaketak zirela. Eurengana biltzen ei ziren, lehenengotarik, probintziatarrik txarrenak; eurak ei ziren auzien kargudun eta ebazle; eskolta bi, pretorio bi behar ei ziren, emakumeen aginduak setati eta zentzugabeago zirelarik, zeintzuek, lehenenago Opiar legeen eta antzekoen mende, orain kateak hautsirik, etxeak, foroak eta armadak ere gorbernatzen zituzten.

34.  Proposamenak oniritzi urria izan zuen entzuleengan; gehienak zalapartan hasi ziren, esanez hura ez zela eguneko gaia eta Zezina ez zela hain gai handiari zegokion zentsorea. Gero, Balerio Mesalinok, Mesalaren seme eta aitaren etorriaren irudia gordetzen zuenak, erantzun zion antzinakoen gogortasuna, alderdi askotan, hobera eta gizatarragora aldatu zela; hiria orain ez baitzegoen, egon ere, lehenago bezala, gerraz eta probintzia etsaiz inguratua; emakumeen beharrizanei bide txikia ematen zitzaiela; ez zietela kalterik egiten senarren ondasunei, eta are gutxiago aliatuei; gainerakoan, senarrarekin bat egiten zutela eta horretan ez zegoela bakearentzat inolako oztoporik. Gerrara trabarik gabe joan behar zela, baina, nekeetatik bueltan, zer ederragorik, emaztearen kontsolamendua baino? Batzuk azpijokura eta gutiziara lerratu ei ziren. Eta zer? Magistratuak eurak ere ez al zeuden, bada, gehienak hainbat grinaren arriskupean? Horregatik, hala ere, ez zitzaion bat probintziara bidaltzeari uzten. Sarritan, emazteen bizioek senarrak galtzen ei zituzten. Zelibe guztiak zintzoak ote ziren, bada? Behinola, Opiar legeak egoki iruditu zitzaizkien, errepublikako gorabeherek halaxe eskatzen zutelako; gero, laxotu eta bigundu baziren, komeni zelako izango zen. Alferrik zen norbere ezgaitasunari beste izen batzuk ematea, gizonezkoaren errua baitzen, andrezkoa neurritik haragotzen bazen. Bataren edo bien gogo ahula aitzakia zela, senarrei onaren eta txarraren konpainia kendu nahi ei zitzaien, aldi berean, sexu berez makala bertan behera eta bere nahikerien eta inoren grinen mende uzten zela. Presentzia jagoleak nekez eusten ei zion ezkontzari osorik. Zer izango zen, urte mordoan, dibortzioz bezala, ahazturik uzten baziren? Ondo zegoen kanpoetan eginiko bekatuen bila irtetea, baina hiriko eskandaluak gogoratzekotan. Drusok bere ezkontzaren aipamen txiki batzuk erantsi zituen, printzeak maizago aurkitzen baitziren inperioko leku urrunetara joan beharrean. Zenbat aldiz ez ote zen Augusto jainkozkoa Mendebalde eta Ekialdera joan, Libia lagun zuela! Bera ere Ilirikora joana zen eta, behar bazen, beste herri batzuetara ere joango ei zen, baina ez beti gogo onez, emazte txit maite eta hainbeste ume komunen amarengandik apartarazten bazuten. Zezinaren proposamenari halaxe albo egin zioten.

35.  Hurrengo senatu batzarrean, Tiberiok, gutunez, eta senatariei, zeharka, ardura guztiak printzeari leporatzea aurpegiratu ondoren, Marko Lepido eta Junio Bleso izendatu zituen, Afrikako prokontsula euren artean hauta zezaten. Orduan, bien hitzak entzun ziren eta Lepido desenkusatu zen, aitzakiatzat emanez bere osasun urria, seme-alaben adina eta alaba bat ezkontzeko zeukala; eta esan ez zuena ere ulertzen zen, hots, Bleso Seianoren osaba eta, beraz, boteretsua zela. Blesok uko itxuran erantzun zion, baina ez irmotasun berdinez, eta adulatzaileen kontsentsua alde izan zuen.

36.  Gero, artean askoren kexa ezkutuan zebilena bistaratu zen. Zeren edozein zantarrek baitzeukan askatasuna jende prestua iraintzeko eta gorrotatzeko, Zesarren irudia aldean bazeraman. Ugazabari edo jabeari hitza edo eskua ezarri zioten libertoak eta esklaboak ere beldurgarri bihurtzen ziren. Hala, Gaio Zestio mintzatu zen, esanez printzeak jainko antzekoak zirela, noski, baina jainkoek ere ez zutela eskatzaileen erregurik entzuten, bidezkoa ez bazen, eta inor ez zela kapitolioan edo hiriko beste tenpluetan aterpetzen, babes hori gaizkintzarako baliatzeko. Legeak abolitzen eta arras iraultzen ei ziren, foroan bertan, kuriako atarian, Annia Rufilaren irainak eta mehatxuak jasan behar zituenez gero, iruzurrez kondenarazi zuena bera, baina auzitegira eramaten ausartu gabe, bera enperadorearen irudiarekin jarki zitzaiolako. Beste batzuek antzeko gertaerak eta batzuk okerragoak oihukatzen zituzten eta Drusori zigor etsenplarra ezartzeko eskatzen zioten, emakume hura, deitua eta konbiktua, preso sartu zuen arte.

37.  Konsidio Ekuo eta Zelio Kursor zaldun erromatarrak ere zigortuak izan ziren, printzearen ekimenez eta senatuaren aginduz, Magio Zeziliano pretorea maiestate krimen gezurrezkoz salatu zutelako. Egintza biak Drusoren goragarri izan ziren: hirian biziz, lagunarte eta jendeen solasean ibiliz, aitaren tankera sekretua biguntzen zuen. Bestalde, gazte batengan luxua ez zegoen hain txarto ikusia; eguna eraikuntzan eta gaua oturuntzan igaro zezan nahiago zuten, bakarrik eta inolako gozamenen pozik gabe, zaintza tristean eta kezka gaiztoetan ibil zedin baino.

38.  Zeren ez Tiberio, ez salatzaileak nekatzen baitziren. Ankario Priskok Kretako prokontsul Zesio Kordo konkusioz salatu zuen, orduan, salaketa guztien gehigarri zen maiestate krimena erantsiz. Antistio Betere, Mazedoniako jaunetariko bat, adulteriotik absolbitu zutenean, Zesarrek epaileei agiraka egin zien eta hura berriro auziperatu zuen, maiestate salaketagatik erantzun zezan, argudiatuz ezen sedizioan eta Reskuporideren trikimainetan nahasturik ibili zela, honek, Kotisen (anaiaren) hilketa ondoren, gure aurkako gerra azpikatu zuenean. Salatua, beraz, ur-suen debekura kondenatu zuten, eta irla batean eduki zezatela gomendatu, Mazedoniara eta Traziara aisa ez iristeko moduan. Zeren Traziak, erreinua Remetalzesen eta, gazteegiak zirelako, Trebeleno Rufo tutore zuten Kotisen semeen artean banatutakoan, gurekiko ohiturarik ezagatik, zakar jokatzen baitzuen, eta hala Remetalzes nola Trebeleno salatzen zituen, hangotarrek jasaniko laidoak zigor gabe uzten zituztelako. Zelaletek, odrusek eta dioek, nazio indartsuek, armak hartu zituzten, buruzagi ezberdin, baina ezezagunean elkarren berdinekin; hauxe izan zen arrazoia, gerra lazgarrirako bil ez zitezen. Batzuek inguruetan istiluak sortzen dituzte, beste batzuek Hemo mendikatea bestalderatzen, urrungo herriak altxarazteko; gehienek eta antolatuenek erregea eta Filipopolis, Mazedoniako Filipok sortua, setiatzen dute.

39.  Berri horiek armadarik hurbilenaren buru zegoen Publio Beleok jakin zituenean, zaldieria laguntzailea eta kohorte arinak bidali zituen, hara-hona, bai harrapaketan, bai errefortzu bila zebiltzanen aurka, eta bera jarri zen oinezkoen buru, setioa apurtzeko. Arrakasta alde bietan izan zen, harrapariak suntsituak eta setiatzaileen artean desadostasunak sortu baitziren, eta erregeak, legioaren etorrerarekin, irteera egokia izan zuen. Ekintza hari ez zegoen gudu deitzerik ere, gizon gaizki armatuak eta alderraiak lepamoztuak izan baitziren, gure aldetik odolik gabe.

40.  Urte berean, Galietako hirietan, zorren handiagatik, altxamendu saio bat izan zen, zeinaren xaxatzailerik zorrotzenak izan baitziren Julio Floro, trebiroen artean, eta Julio Sakrobiro, eduoen artean. Biak nobleak eta ibilbide aintzatsuko asabadunak ziren, eta, horregatik, erromatar hiritargoa eman zitzaien lehenago, zer bakana berau, bertute-sari bakarrik ematen zena. Isilpeko solasetan, ausartenak eta miseriak edo krimenetatik harako beldurrak ekintza okerragoetara eragiten zienak eurekin harturik, Florok belgak eta Sakribirok hurren zeuzkan galoak matxinatzea erabakitzen dute. Kontziliabulu eta bileretan, sedizioski mintzo ziren zergen luzapenaz, interesen astunaz, gobernadoreen ankerraz eta harroaz; soldaduak haserre zebiltzala zioten, Germanikoren heriotzaren berri jakinik, eta askatasuna berreskuratzeko une aparta zela, baldin pentsatzen bazuten, eurak hain edukitsu izanik, Italia zer behartsu, Erromako herria gerrarako zer makal zegoen, eta, armadetan, kanpokoez beste indarrik ez zegoela.

41.  Mugida haren hazitik ez zen herririk libratu; baina, lehenen, andekaboak eta turonoak jaiki ziren. Andekaboak Azilio Abiola legatuak menperatu zituen, Lugdunoko guarnizioaz arduratzen zen kohortea aterarazirik. Turonoak Biselio Barronek, Behe Germaniako legatuak, bidalitako soldadu legionarioek zanpatu zituzten, Abiola bera zela, baita Galietako zenbait jaun ere, euren defekzioa disimulatzeko lagundu ziotenak, une egokiagoan azaltzeko. Sakrobiro bera ere ikusi zuten erromatarren alde buruhas borrokan, bere kemena erakustearren, zioenez; baina gatibuek argudiatzen zuten ezagun egin nahi zuela, berari tira ez ziezaioten. Tiberiori horretaz galdetu ziotenean, salaketari albo egin zion eta, zalantza harekin, gerra elikatu zuen.

42.  Bitartean, Floro bere asmoetan tematzen zen, eta zaldieriaren hegala, trebiroen artean erreklutaturik, gure milizia eta diziplina osatzen zuena, xaxatzen ari zen, erromatar merkatariak akabatu eta gerra abia zedin. Zaldun bakan batzuk usteldu ziren, baina gehienek leial jarraitu zuten. Beste talde batek, zordunek edo klienteek, armak hartu zituen. Bazihoazen denak Ardenak izeneko mendarteetarantz, bina Biseliok eta Gaio Siliok, bide ezberdinetatik, haien aurka bidalitako armada bitzuetako legioek atzera eragin zieten. Talde hautatu batekin, Julio Indo zihoan aurrelari, herrikoa bertakoa, Flororekin haserre zebilena eta, beraz, guri laguntzeko gogotsuago, eta jendetza hura antolatzerako sakabanatu zuen. Floro gordeleku dudazkoetan sahiestu zen garaileengandik; azkenik, ihesbideak hartuta zeuzkaten soldaduek ikusirik, bere burua hil zuen. Halaxe amaitu zen trebiroen matxinada.

43.  Eduoen artean zeregin latzagoak izan ziren, herri aberatsagoa baitzen, eta haiek menperatzeko goarnizioa urrun baitzegoen. Sakrobirok, kohorte armatuekin, Augustoduno hartu zuen, herri haren hiriburua, Galiako sendirik nobleenetariko seme-alaben, han ikasketa liberaletan zihardutenen eta, haiek bahi zirela, guraso eta ahaideen jabe egiteko; aldi berean, gazteriari ezkutuan fabrikaturiko armak banatu zizkion. Berrogei bat mila ziren, bostetik bat legionarioen armekin, gainerakoak azkon eta aizto eta beste ehiza arma batzuekin. Gladiadore jokeetara destinaturiko esklaboak gehitu zituen, nazio hartako ohituran, burdinazko armadura osoa zeramatenak; krupelarioak deitzen dira, kolpeak emateko baldar, baina hartzekoentzat sargaitz. Indar horien sendogarri zen alberrien kontsentsu oraindik ez ageria, baina laguntza indibidualen emailea; baita erromatar buruzagien norgehiagokak ere, eztabaidan baitzebiltzan, gerra hura bakoitzak beretzat aldarrikatuz. Azkenean, zahartzaroak indargeturiko Barronek amore eman zuen, Silio sendoaren aurrean.

44.  Erroman, trebiroak eta eduoak ez ezik, Galietako hirurogeita lau herriak ere matxinatu zirela, germaniarrak aliatutzat hartu zituztela, Hispaniak dudan zeudela, den-dena, entzuteari ohiko zaionez, handiturik sinesten zuten. Jende zintzo guztia errepublikaren arduraz nahigabetzen zen. Eta asko, presenteko egoeraren gorrotoz eta aldakuntza gogoz, euren arriskuaz ere poztu egiten ziren eta Tiberiori aurpegiratzen zioten, hain asaldura handiko unean, salatzaileen libeloetan zeukala ardura. Sakrobiro ere maiestatez salatu behar ote zuen, bada, senatuan? Horra, azkenean, gizon batzuk, haren gutun odoltsuak armekin moztu zituztenak. Bake zitala truka zitekeen, ondo ere, gerragatik. Tiberiok, are saiatuago segurantza itxura egiten, ez lekuz, ez aurpegiz aldatu gabe, beti bezala jokatu zuen egun haietan, bai izaeraren isilez, bai bazekielako zer txikia eta ziotena baino arinagoa zela.

45.  Bitartean, Silok, legio birekin aurrera eginez eta tropa laguntzailea aurretik bidaliz, lurraldearen muturra hartzen du eta eduoen mugakide eta matxinadan lagun ziren sekuanoen herriak suntsitzen ditu. Gero Augustodunora jotzen du agudo, banderadunak bizkorrean lehiatuz eta tropak ere oihuka eskatuz ez egiteko arauzko geldialdirik, ez gaueko atsedenik; etsaia aurrez aurre ikusi eta ikusiak izan nahi ei zuten, horixe izango baitzuten garaipenerako nahikoa. Hamabi miliatara, Sakrobiro eta haren tropak leku irekian agertu zitzaizkien. Aurrean, armaduradunak ipini zituen, hegaletan, kohorteak, eta atzean, erdi-armatuak. Berak, lehenengoen artean eta zaldi bikainean hara-hona, galiarren behinolako balentriak eta erromatarrei eragindako porrotak gogoratzen zituen; zer ederra den askatasuna garaileentzat, zer jasangaitzagoa morrontza, bigarrenez menperatuentzat.

46.  Hitz horiek ez zuten luze iraun, ez pozez hartuak izan. Izan ere, legioak ordenan hurbiltzean, hirikume desantolatu eta milizian ezjakin haiek ez ziren ikusteko, ez entzuteko gauza. Siliok, ostera, ustezko itxaropenak harenga premiatik libratzen bazuen ere, oihu egiten zien lotsagarri zela eurak, germaniarren garaile izanak, galiarrak bezalako etsaien aurka bidal zitzaten. «Kohorte bakarrak turono matxinoak haustu berri ditu, zaldien hegal bakarrak, trebiroak; armada honen beronen destakamentu batzuek, sekuanoak; zenbat eta aberatsago eta luxuan joriago izan, hainbat ezgauzago diren eduoak menpera itzazue eta zaindu iheslariak». Hitz horiei oihu itzelez erantzun zieten eta, zaldieriak ingurapena eginez, oinezkoek etsaiaren aurreari eraso zioten, eta hegaletan ere ez zen zalantzarik izan. Armaduradunek zerbait iraun zuten, korazek azkonen eta ezpaten zartadei eusten baitzieten; baina soldaduek, dailuz eta aizkoraz, murruaren aurka oldarturik bezala, armadura eta gorputz eraisten zuten. Batzuek, pertikaz eta sardez, fardel inerte haiek eraisten zituzten eta, berriz zutitzeko inolako helduleku gabe zeutzala, hilda bezala uzten zituzten. Sakrobirok, lehenik, Augustodonora eta gero, entregatua izateko beldurrez, inguruko villa batera jo zuen bere leialekin. Han, geratzen zirenak, euren eskuz, elkar zaurituz hil ziren. Villari su emanik, denak bertan kiskali zituen.

47.  Tiberiok orduantxe bakarrik idatzi zion senatuari gerra hasi eta amaitu zela; egiari ez zion ezer kendu ez ipini, baizik bere legatuen leialtasun eta kemenari eta bere aholkuei esker irabazi zutela. Bera eta Druso gerrara ez joanaren arrazoiak ere gehitu zituen, inperioaren handitasuna nabarmenduz, eta ez zegoela ondo, herri bat edo beste matxinatu zelako, printzeek hiria, aginte orokorraren gunea, bertan behera uztea, (...). Orain, beldurragatik zela pentsa ez zezaten, gauzak bertan ikustera eta konpontzera joango zela. Senatuak, haren itzuleraren alde, botuak, erreguak eta beste ohore batzuk agindu zituen. Dolabela Kornelio bakarrik iritsi zen, besteei aurrea hartu guran, Kanpaniatik bueltan, hirira sartzean, txalotua izan zedin proposatzearen zurikeria zentzugabera. Horrek Zesarren gutuna eragin zuen, non adierazten zuen ezen, herririk gerlarienak menperatu ondoren, gaztetan hainbeste garaipen hartu edo alboratu ondoren, orain, zahartzaroan, ez zegoela sari hutsal bat bilatzerainoko aintza-premian, hiriz kanpoko bidaia batengatik.

48.  Sasoi berean, senatuari eskatu zion Sulpizio Kirinioren heriotzari hileta publikoak eskaintzeko. Kiriniok ez zeukan Sulpiziotarren familia patrizio zaharrarekin zerikusirik, Lanubioko udalerrian jaioa baitzen, baina, gerran eta zer zailetan gizon kementsua izanik, kontsulatua eskuratu zuen Augusto jainkozkoaren pean, eta gero, Zilizian homonadentseen gotorlekua bereganatutakoan, garaipen dominak. Gaio Zesarri aholkularitzat ipini zioten, Armenia eskuratu zuenean, eta Tiberio ere zaindu zuen, Rodasen bizi zenean. Hori guztia orduantxe adierazi zuen senatuan, hark beragana izaniko begirunea goralduz eta Marko Lolio salatuz, zeinari aurpegiratzen zion makurkeriak eta bere aurkako hegigoa sortu izana Gaio Zesarrengan. Baina, besteentzat, Kirinioren gomuta ez zen atsegina, gogoratua dudanez, Lepidaren aurkako jazarpenagatik eta zahartzaro narrats eta prepotenteagatik.

49.  Urte azkenean, Klaudio Prisko zaldun erromatarra, Germanikoren heriotzari negar egin zion poema ospetsua zela eta, Zesarrek diru saria eman ziona, salatzaile baten biktima izan zen, zeinak leporatzen zion, Druso gaixorik zegoela, beste bat egin zuela, hiltzen bazen, argitaratzetik sari handiagoa eskuratzeko. Klutoriok banitatez irakurri zuen Publio Petroniorenean, honen amaginarreba Biteliaren eta emakume guren askoren aurrean. Salapena gertatu zenean, besteek, izuturik, lekukotza eman zuten; Biteliak bakarrik baieztatu zuen ez zuela ezer entzun. Baina salatuaren galera bilatzen zutenen aitortzei fede handiagoa eman zitzaien eta, Haterio Agripa kontsul izendatuaren proposamenez, erruztatuari azken zigorra eman zioten.

50.  Marko Lepido era honetara jarki zen: «Baldin, guraso konskriptuok, bakarrik ikusten badugu Klutorio Priskok zer ahots zitalez zikindu duen bere gogoa eta gizakien belarriak, ez espetxe, ez urkabe, ez esklaboentzat gorderiko oinazeak ere ez lituzke nahikoa. Baina, eskandaluek eta hobenek mugarik ez badute, oinazeak eta erremedioak printzearen moderazioak eta aurrekoen eta zeuen etsenpluak biguntzen ditu; hutsalkeriak krimenen ezberdin dira, hitzak gaiztakerien, eta izan liteke epai bat, ez hobena zigor gabe ez gelditzekoa, ez gu aldi bereko bihozberatasun eta zorroztasunaz ez damutzekoa. Gure printzea maiz entzun dut kexatzen, norbaitek, heriotza bere esku harturik, haren errukiari aurrea hartu ziolako. Klutorioren bizia oraindik osorik dago; ez barkaturik arrisku izango da errepublikarentzat, ez hilik balioko du esenplutzat. Haren lanak zentzungabekeriaz adina banitatez eta hutsalkeriaz beterik daude, baina ez dago ezer larri ez serioren beldurrik, bere krimenak berak salatzen eta, ez gizonen gogoak, baizik andretxo batzuk bereganatu nahi dituenarengandik. Alden bedi, bai, hiritik eta, ondasunak galdurik, ken bekizkio ur-suak. Hauxe proposatzen dut, maiestate legearen errudun bailitzan».

51.  Rubelio Blando kontsul ohiak bakarrik alde egin zion Lepidori; besteek Agriparen proposamenari jarraitu zioten eta Prisko espetxera eraman eta berehala hil zuten. Tiberiok hori bere ohiko anbiguotasunez gaitzetsi zuen senatuan. Printzearenganako irainak, txikiak izan arren, gogor zigortzen dituztenen pietatea goraldu zuen, baina deitoratu zuen hitz batzuen zigor hain presazkoa; Lepido goretsi zuen, baina Agripari eraso gabe. Beraz, senatuaren dekretu bat eman zen, gurasoen erabakiak ez zitezen erariora eraman hamar egun geroago arte, eta kondenatuen bizia hainbestean luza zedin. Baina ez senatuak zeukan damutzeko askatasunik, ez Tiberio biguntzen zen, epea igaro ahala.

52.  Gaio Sulpizio eta Dezimo Haterioren kontsulaldiak jarraitzen du. Kanpo-arazoetan urte ez nahasia izanik, etxean neurri zorrotzen beldurra ekarri zuen, era guztietako diru-eralketek puzturiko luxuaren aurka. Beste gastu handiagoak, ostera, ezkutatu egiten ziren, gezur-prezioen azpian; baina etengabeko solasetan zabaltzen ziren jan eta jai kontu handiek beldurra eragin zuten, printzeak, lehengo doitasunaren zaleak, gogorragora joko ez ote zuen. Izan ere, Gaio Bibulo hasita, beste edil guztiek ere aitortu zuten luxu legeari albo egiten zitzaiola eta, debeku eta guzti ere, jangaien prezioak egunetik egunera gora zihoazela, eta hori ez zegoela erremedio txepelekin gelditzerik. Gurasoei kontsultaturik, hauek auzia printzeari bidali zioten osorik. Baina Tiberiok, bakarrean behin eta berriz gogoeta egin ondoren, hain grina zabalduak estutzerik izango ote zen, estutzeak errepublikari oker handiagoa ekarriko ez ote zion, zer lotsagarri izango zen lortuko ez zena intentatzea edo, lorturik ere, gizon ospetsuen laidoa eta desohorea eragitea, azkenean, senatuari gutun bat idatzi zion, honela zioena:

53.  «Beharbada, gainerako gauzetan, guraso konskriptuok, egokiago litzateke neuri agerian galdetzea eta neuk esatea errepublikaren onerako zer uste dudan, baina, auzi honetan, hobe izan dut begiak alboratzea, gerta ez zedin ezen, luxu lotsagarriaz salaturiko bakoitzaren aurpegiko beldurra zuek nabarmentzean, neuk ere ikus eta, nolabait, atzeman nitzan. Eta edilek, gizon sendo horiek, aurretiaz aholkua eskatu balidate, ez dakit bizio indartsu eta errotuok ahanztea ez ote nien iradokiko, eskandalu hauentzat indargabeak garela agerian utzi aurretik. Haiek, ostera, euren egitekoa egin dute, beste magistratu guztiek euren zereginak betetzea nahi nukeen moduan. Baina nire ez zait, ez isiltzea jator, ez iriztea bidezko iruditzen, ez baitaukat ez edil, ez pretore, ez kontsul zereginik. Printzeari zer handiagoa eta bikainagoa eskatu behar zaio, eta, bakoitzak, ondo eginetik, bere aintza ateratzen badu, denek oker egin dezakete, baina gorrotoa harentzat bakarrik da. Zer da, bada, lehenen debekatu eta lehengo ohiturara itzularazi behar dudana? Villen zabalera amaigabeak? Esklaboen kopurua eta nazioak? Zilar eta urre kopuruak? Brontze eta koadro miragarriak? Gizonen eta emakumeen soineko komunak, eta emakumeen bereziak, zeintzuen bitartez, harribitxitan, gure diruak herri arrotz edo etsaiengana doazen?

54.  Ez nago ezjakinean, oturuntza eta bileretan, gehiegikeriok salatzen direna eta neurria eskatzen dena; baina, norbaitek legea ateratzen eta zigorrak ezartzen baditu, haiek eurek hots egingo dute hiria nahasten dela, hiritarrik distiratsuenen galera prestatzen dela, inor ez dagoela errutik guztiz libre. Eta, hala ere, gorputzeko gaixotasun zahar eta kroniko bihurtuak ere gelditzerik ez dago, gogorrez eta latzez besterik; gogo era batera ustel eta usteltzaile, gori eta goritzailea ezin da sendatu hura kiskaltzen duten baino erremedio bigunagoz. Aurrekoek asmatu zuten hainbeste legetarik, Augusto jainkozkoak egin zuen hainbestetarik, haiek ahanzturak eta hauek, are doilorrago, arbuioak abolitu ditu, luxua segurrago bihurturik. Zeren, oraindik debekatzeko dagoena nahi baduzu, debeka dezaten beldur zara; baina debekuak inpuneki hausten badituzu, ez zaizu beldurrik, ez lotsarik gelditzen. Zergatik zen, bada, doitasuna nagusi lehenago? Bakoitzak bere burua neurtzen zuelako, hiri bakarreko hiritarrak ginelako; Italia bakarrik menperatzen genuenean ere, ez geneukan honelako tentaziorik. Kanpoko garaipenetan, inoren ondasunak kontsumitzen ikasi genuen, eta geureak ere bai, zibiletan. Bai dela gauza txikia edilek ohartarazten duten hori! Bai huskeriatzat jo behar dela, gainerakoei begiratzen bazaie! Zeren, Herkulesarren, inork ez digu esaten Italiak kanpo-laguntza behar duenik, erromatar herriaren bizimodua itsasoen eta ekaitzen zalantzapean dagoenik egunero; eta, probintzietako ondasunek jaunei, morroiei eta lurrei lagunduko ez baligute, geure zelaiek eta geure villek babestu beharko gintuzkete, noski. Hauxe da, gurasook, printzearen ardura: gauza hauek aintzat hartu ezik, errepublika hondamenera doake. Gainerakoak gogo barruan konpondu behar dira: gu ohoreak, pobreak beharrizanak, aberatsak aseak hobe egin gaitzala. Bestela, magistraturen batek, arazoa mozteko, halako ekina eta zorroztasuna agintzen baditu, hura goraltzen dut, eta aitor dut nire nekeen zati on bat kentzen didala. Baina, bizioak salatu eta gero, auziak aintza eskuratu dienean, gorrotoak abian uzten badituzte, nire esku uzteko, sinets, gurasook, neu ere ez naizela erresuminen gose; eta erresuminok, larriak eta sarritan bideagabeak, errepublikagatik jasotzen baditut, zilegi bekit arinak eta funtsgabeak, eta ez niri ez zuei onik ekarriko ez digutenak, ezeztatzea».

55.  Zesarren gutuna entzunik, gaika edilei bidali zitzaien. Mahaiko luxua, Akzioko batailatik Serbio Galba aginteratu zen gerrara arte, ehun urtean iraun zuena, astiro-astiro bertan behera geratu zen. Aldakuntzaren arrazoiak aztertu nahi nituzke. Antzina, nobleziako sendi aberatsak eta ospez gailen zirenak handitasun zaleak ziren. Izan ere, orduan, oraindik zilegi zen herriari, aliatuei, erregeei eder egitea eta ederra hartzea. Norbait ondasunez, etxez, bizikeraz nabarmendu ahala, gurenago egiten zen, izena eta klienteriak irabaziz. Sarraskien ankerkeria iritsi eta ospearen handitasuna heriotzabide bikalatu zenean, bizirauleek jarrera zuhurragora jo zuten. Aldi berean, udalerri eta kolonietatik, baita probintzietatik harako gizon berrien senaturatzeak ugaldu egin ziren, eta hauek doitasun domestikoa ekarri zuten, eta gehienek, zortez edo trebetasunez, zahartzaro dirutsua erdietsi zuten arren, haiengan lehengo espirituak zirauen. Baina doitasunaren eragile nagusia Bespasiano izan zen, gizon antigualekoa jantzian eta janean. Horrela, printzearenganako begirunea eta antzekoa izan nahia indartsuagoak izan ziren, legearen zigorra edo beldurra baino. Edo, beharbada, zer guztietan, ziklo bat dagoelako izango da, urtaroak bezala, ohiturak ere txandatuz joateko; baina, antzina, dena hobea izan zela esaterik ez dago, baizik geure aroak ere hainbat moral eta zentzun adibide utzi diola geroari. Iraungo ahal digu aurrekoekiko lehia horrek gauza onen alde!

56.  Tiberiok, salatzaileen erasoa itotzeagatik, moderazio ospea erdietsitakoan, senatura gutuna bidali zuen, Drusorentzat tribunotasuna eskatuz. Horixe izan zen Augustok goren boterearentzat aurkitu zuen izena, errege edo diktadore titulurik ez onartzearren eta, hala ere, nabarmentzearren, beste aginteen gaineko izen bereziren batekin. Gero, botere horren kide Marko Agripa egin zuen eta, bera hildakoan, Tiberio Neron, ondorengoaz zalantzarik izan ez zedin. Horrela, besteen itxaropen bihurriak mozten zirela uste zuen; gainera, Neronen moderazioaz eta bere handitasunaz fidatzen zen. Orduan, etsenplu horri jarrai, Tiberiok Druso goren boterera jaso zuen, nahiz eta, Germaniko bizi zela, bien arteko hautua gorde zuen. Gutunaren hasieran, jainkoei erregutzen zien bere asmoak errepublikaren onerako izan zitezen, gero, mutilaren izaeraren alderdi batzuk aipatzeko, ezer gezurrez handitu gabe: emaztea eta hiru ume zituela, eta, behinola, Augusto jainkozkoak halako magistraturaz jabetzera, berari deitu zion adin bera; eta orain, arrapalada gabe, zortzi urteko esperientziarekin, sedizioak ito eta gerrak amaitu ondoren, garaile eta birritan kontsul, ezagun zituen lanen partaidetzat hartzen zuela.

57.  Senatariek, euren golkoan, eskaera hor aurreikusia zuten, eta, horregatik, adulazioa eztigozoagoa izan zen. Baina ez zitzaien bururatu printzeen irudiak, jainkoen aldareak, tenpluak eta arkuak eta beste ohiko zerak erabakitzea besterik. Marko Silano bai saiatu zen, kontsulatua apalduz, printzeak ohoratzen, eta proposatu zuela ezen, oroitarri publiko eta pribatuetan, denboren gomutarako, ez kontsulen baizik tribunotasuna zeramatenen izenak idatz zitezela. Baina, Kinto Hateriok senatuaren egun hartako aginduak urrezko hizkietan irarriak izan zitezela proposatu zuenean, barregarri gelditu zen, eta agure hark, bere zurikeria nazkagarritik, izen txarra besterik ez zuen atera.

58.  Junio Blesori ere orduantxe luzatu zitzaion Afrikako agintea, eta Serbio Maluginentsek, Jupiterren flamenak, Asia esleitu ziezaioten eskatu zuen, esan eta esanez Jupiterren flamenek Italiatik irtetea debekaturik ei zutelakoa gezurra zela eta bere eskubidea ez zela Martitz eta Kirinoren flamenen ezberdina. Hauei probintziak eman bazitzaizkien, zergatik debekatu Jupiterrenei? Horretaz, ez plebisziturik ei zegoen, ez zeremonia liburuetan ei zetorren ezer; sarritan, pontifizeek burutu ei zituzten Jupiterren erritoak, baldin flamenak, gaixoz edo eginkizun publikoz, ezin izan bazuen. Hirurogeita hamabost urtetan zehar, Kornelio Merularen hilketa ondoren, inor ez zen ordezko izendatu, eta, hala ere, kulturarik ez ei zen eten. Beraz, ordezkorik gabe eta kultuaren okerrik gabe, hainbeste urte igaro baizitekeen, zenbat onargarriago ez ote zen urte bateko hutsa, aginte prokontsular batengatik? Behinola, etsaigoen eraginez, gertatu ei zen, bai, goren pontifizeek probintzietara joatea debekatzea; baina orain, jainkoen graziaz, goren pontifizea goren gizona ere ba ei zen, eta, emulazio, gorroto eta gutizia partikularren gainetik ei zegoen.

59.  Hitz hauek, era ezberdinean, Lentulo augurearen eta beste batzuen kontratasuna ekarri zutenez, goren pontifizearen iritziaren zain gelditzea erabaki zen. Tiberiok, flamenaren eskubideari buruzko epaia atzeraturik, Drusoren tribunotasunak eragindako zeremoniak bigundu zituen, beren beregi gaitzetsiz sorterriko ohituren aurkako urre-hizki proposamenaren ezohikeria. Drusoren gutun bat ere irakurri zen, apalera jo arren, harrokeria handitzat ulertu zena. Dena hain gainbehera ei zegoen, ezen gazte bat, hain goi ohorea harturik, ez baitzen aurkeztu ere egin Erromako jainkoen eta senatuaren aurrean, eta ez baitzuen auspiziorik hartu ere sorterrian. Gerran edo atzerrian atxikirik egongo zen, jakina, Kanpaniako itsasertz eta lakuetan zebilenean, hain zuzen! Horrelaxe hezi behar gizateriaren gidaria, horixe ikasi behar lehenen, aitaren aholkuetatik! Enperadore zahartuak hiritarrak ikustea gaitzi izatea eta adinaren nekeak eta lan iraganak aitzakia ematea barka zitekeen, baina Drusok zer zuen eragozpenik, harrokeriaz besterik?

60.  Tiberiok, ostera, printzegoaren indarra beretzat segurtaturik, senatuari antzinako irudia ematekoa egiten zuen, probintzietako eskaerak gurasoen eztabaidara bidaliz. Kontua zen, hiri grekoetan, asiloguneak inpuneki ezartzeko lizentzia gorantz zihoala. Hala, tenpluak esklaborik gaiztoenez beterik zeuden; babespe berera jotzen zuten zordunek, hartzedunen aurrean, eta hilketen susmopekoek; eta ezein botere ez zen gauza, gizakien hobenak jainkoen kultuak balira bezala babesten zituen herri bateko sedizioak itotzeko. Beraz, hiri bakoitzak bere eskumenak eta legatuak bidal zitzala erabaki zen. Batzuek onez utzi zuten gehiegizko praktikaren ondorio zena; askok euren antzinako sineskeriei eta erromatar herriarekiko merituei heltzen zieten. Egun handia izan zen hura, non senatuak aztertu zituen asaben pribilegioak, aliatuekiko itunak, baita, erromatarren agintea iritsi aurretik, agintedun izan ziren erregeen dekretuak eta jainkoen kultuak eurak ere; eta hori dena, lehenago bezala, berresteko edo aldatzeko askatasunez.

61.  Lehenik, Efesokoak azaldu ziren, gogoratuz Diana eta Apolo ez zirela Delon jaio, populuak uste bezala; bazela euren herrian ibai bat, Zenkreo, eta oihan bat, Ortigia, non Latona, haurdunaldiaren azkenean, jainko haietaz erditu zen, oraindik tente zegoen olibondoaren kontra; jainkoen aholkuz, oihana sakratu izendatu zutela eta Apolo bera ere hantxe babestu zela, ziklopeak akabatu ondoren, Jupiterren sumina ekiditeko. Gero, Liber aitak, gerraren irabazleak, barkatu egin ziela aldarea erregugile hartu zuten Amazonei. Gero, tenpluaren santutasuna areagotu egin zela, Herkulesen ematez, Lidian agintzen zuenean; pertsiarren menpealdian, euren eskubideak ez zirela murriztuak izan; ondoren, mazedoniarrek eta, gero, geuk ere errespetatu genituela.

62.  Hurrengo, magnesiarrak Luzio Eszipionek eta Luzio Silak ezarrian oinarritzen ziren, zeintzuek, hark Antioko eta Honek Mitridates menperatu ondoren, magnesiarren leialtasuna eta kemena ohoratu zuten, Diana Leukofrineren babeslekua bortxaezina izan zedila aginduz. Gero, Afrodisiadekoek eta Estratonizeadekoek Zesar diktadorearen dekretu bat erakutsi zuten, haren aldeko antzinako merituekin, eta Augusto jainkozkoaren oraintsuko bat, non partoen inbasioa jasan izana laudatzen zen, erromatar herriarekiko leialtasuna batere aldatu gabe; afrodisiadarren hiriak Benusen kultuari eusten zion, eta estratonizearrenak, Jupiter eta Tribiarenari. Hierozesarearrek atzeragoko kontuak azaldu zituzten: euren lurrean, Diana pertsiar bat zegoela, Ziro erregeak eskainitako tenpluarekin; gero, Perpena, Isauriko eta beste hainbat buruzagiren izenak gogoratu zituzten, tenpluari, santutasuna ez ezik, inguruan bi milia esparrua ere aitortu ziotenak. Jarraian, Ziprekoek hiru tenplu aipatu zituzten, zaharrena Aeriasek Venus Pafiari eraikia; gero, haren seme Amatok Venus Amatusiari, eta Teukrok, azkenik, Telamonen semeak, aitaren haserreari iheska zihoanak, Jupiter Salaminiori.

63.  Beste hiri batzuetako ordezkariei ere entzun zitzaien. Hainbesterekin nekaturik, eta kontrako lehiak sortzen zirenez gero, senatariek kontsulen esku utzi zuten eskubideak aztertzea, eta, okerrik bazegoen, auzia berriro osoan senatura itzultzea. Kontsulek jakinarazi zuten, aipatu ditudan hiriez gainera, Pergamoko Eskulapioren tenpluan babeslekua zegoela, eta besteak oinarri zaharraren zaharrez ilunetan finkatzen zirela. Hala, esaterako, esmirnarrak Apoloren orakuluan, zeinak agindurik, Venus Estratonizideren tenplua eskainia izango zuten, eta tenoarrak jainko beraren erantzun bertsozkoan, non agindua izango zitzaien Neptunoren irudia eta tenplua eskain zitzatela. Sardestarren kontuak berriagoak ziren: Alexandro garailearen emaitza zeukaten; miletoarrek ere Dario erregea aipatzen zuten. Bitzuek Diana edo Apolo gurtzen zuten. Kretarrek ere eske ziharduten, Augusto jainkozkoaren estatua bat zela eta. Azkenean, senatuaren dekretu batzuk landu ziren, begirune handiz bazen ere, mugak ezartzen zituztenak; dekretuok brontzean grabatzeko eta tenpluetan bertan itsasteko agindu zen, oroimenaren finkagarri, eta, erlijio itxuran, ez zedila larkeriarik onar.

64.  Aldi hartan berean, Julia Augustaren osasun-txartzeak printzea ziztuan Erromaratzera behartu zuen, ama-semeen artean oraindik egiazko sentimendua bazelako, edo gorrotoak ezkutuan egon zitezen. Zeren, ez aspaldi, Juliak Augusto jainkozkoaren estatua Martzeloren antzoki ondoan eskaini zuenean, Tiberioren izena berearen atzean ipini baitzuen, honek printzearen maiestatearen aurkako iraintzat hartu zuela eta erremin handia eta disimulatua gorde zuela uste zen. Baina, oraingoan, senatuak jainkoentzako otoitzak eta joko handiak agindu zituen, pontifizeen, augureen eta kindezinbiroen ardurapean gelditzen zirenak, dezenbiro eta anaikide augustalekin batera. Luzio Aproniok proposatu zuen fezialak ere izan zitezela jokoon buru. Zesarrek ezetz esan zuen, abadeen eskumenak bereiztuz eta adibideaz jarriz, fezialek inoiz ez baitzuten halako ohorerik izan. Augustalak gehitzen ei ziren, botuak bete ohi ziren etxeari zegokion abadetza zelako.

65.  Proposamen ospetsuki zintzoak edo nabarmenki lotsagarriak baizik ez jasotzea erabaki dut, horixe dela uste baitut analista baten zeregin nagusia, bertuteak isilpean ez gelditzeko, eta geroko izen txarraren beldurrak hitz eta egite gaiztoak galga ditzan. Gainerakoan, kontatzen ari naizen garaia adulazio doilorrak hain kutsaturik zegoen, ezen, ez hiriko gizon handiek bakarrik, euren distira saldukeriaz jagotera beharturik zeudenek, baizik kontsular guztiek ere, zeintzuetarik asko pretore eta senatari oinezko ere izan ziren, lehian baitziarduten, jaiki eta nork makurkeria eta astakeria handiagoak proposatuko. Kuriatik irtetean, Tiberiok, grekoz, honelako zerbait hots egiten ei zuen: «O, gizon morroikiok!». Alegia, askatasun publikorik nahi ez zuen harexek ere higuin zuela hain morroikeria makur eta zuri hura.

66.  Gero, astiro-astiro, lotsagabekeriatik ankerkeriara jo zen. Gaio Silanori, aliatuek konkusioagatik salaturiko Asiako prokontsulari, Mamerko Eskauro kontsul ohia, Junio Oto pretorea eta Brutedio Nigro edila batera oldartu zitzaizkion, Augustoren santutasuna profanatu eta Tiberioren maiestatea arbuiatu izana leporatuz. Mamerkok adibide zaharrak ipintzen zituen: Eszipion Afrikarrarena, Luzio Kotaren aurka, Katon Zentsorearena, Serbio Galbaren aurka, eta Marko Eskaurorena, Publio Rutilioren aurka. Halako mendekuak onartuko balituzte bezala Eszipion Afrikarrak eta Katonek, edo bere birraitita Eskauro hark, zeina Mamerkok, asaben lotsagarriak, ekintza doilorrez desohoratzen zuen! Junio Oton, lehenago, eskola maisua izan zen; gero, Seianoren boterez, senatari bilakaturik, bere jatorri berez iluna ausardia lotsagabez zikintzen ekin zion. Brutedio, dohain on ugarikoa eta, bide zuzenetik jarraitzera, gailurrik distiratsuenetara iritsiko zena, prezipitazioak xaxatzen zuen, kideak, goragokoak eta, azkenik, bere itxaropenak ere gainditzera bultzatuz; honek gizon prestuak ere asko hondatu izan ditu, aurreratze mantsoa eta segurra arbuiatuz, azkarretik hondamenera oldartzen direla.

67.  Salatzaile kopurua Gelio Publikolak eta Marko Pakoniok handitu zuten, hura kuestorea eta hau Marko Silanoren legatua. Ez zegoen dudarik Silano ankerkeriaren eta diru batzearen errudun bihurtu zela; baina errugabeentzat ere arriskutsu izateko moduko kontu asko pilatu zen. Izan ere, kontrako hainbeste senatariez gainera, Asia guztiko oradorerik etorritsuenei, bera salatzeko bereziki hautatuei, berak bakarrik erantzun behar zien, erretorikan ezjakin eta biziaren beldurrez, honek etorri aritua ere makaltzen duela; gainera, Tiberiok ere ahotsez eta begiradaz estutzen zuen, etengabe galdetuz, ezeztatzeko edo saihesteko modurik gabe; eta, batzuetan, erantzun beharrean aurkitzen zen, galdera alferrik ez izatearren. Silanoren esklaboak ere, tormentupean galdetuak izan zitezen, agente publiko bati salmentan emanak izan ziren; eta, ezein ahaidek arriskuan lagundu ez ziezaion, maiestate salaketak eransten zizkioten, kate horrek isildu beharra zekarrela. Hala, bada, egun gutxi batzuen luzapena eskaturik, bere defentsari utzi egin zion, Zesarri txosten bat bidaltzen ausartuz, non errietak eta erreguak nahasten ziren.

68.  Tiberiok, Silanoren aurka prestatzen ari zena etsenplu batekin aisago onar zedin, Augusto jainkozkoak Boleso Mesalari buruz, Asiako prokontsula hau ere, egindako txostena eta haren aurka agertu zen senatuaren dekretua irakurtzeko agindu zuen. Orduan, Luzio Pisoni iritzia eskatzen dio, eta honek, printzearen onberatasunari buruzko hainbat gogoetaren ondoren, Silano ur eta suaren debekura kondenatzea eta Giaroko irlara baztertzea proposatu zuen. Berdin besteek ere, Gneo Lentulok izan ezik; honek Silanori amagandik jarauntsitako ondasunak kentzea, Aziaren semea baitzen, eta semeari ematea proposatu zuen, eta Tiberiok baietz.

69.  Baina Kornelio Dolabelak, adulazioa urrunago eroanez, Gaio Silanoren ohiturak gaitzetsi ondoren, gaineratu zuen bizimodu lardats eta lotsagarriko ezein gizon ez zedila probintzien zozketan sar, eta printzea izan zedila epaitzeko arduraduna. Hobena legeek zigortzen ei zuten; baina zenbat eurentzat bigunago eta aliatuentzat hobea ez zen izango urratzeari aurrea hartzea? Zesar horri jarki zitzaion: berak ba ei zekien ondo ere Silanogatik zer zioten, baina ez zuela ezer erabakiko zurrumurruan oinarriturik; eta, probintzietan, askok jokatu zuela haiekiko zegoen itxaropen edo beldurraz beste era batera; batzuk, euren karguaren garrantziagatik, hobetu eta beste batzuk usteldu egiten zirela. Printzeak ere ezin ei zuen bere jakinduriaz dena atxiki, eta ez zela komeni inoren intrigek arrasta zezaten uzterik; legeak zerbaitegatik jartzen zirela egintzen aurrez, etorkizuna ez-ziurra delako. Asabek horixe erabaki ei zuten: aurretik hobenik bazen, zigorrak jarrai ziezaiola. Ez zezatela hain erabaki jakintsurik eta beti egokitzat jo zenik alda. Printzeek ba ei zuten eurengan aski zama, eta aski botere ere; eskumenak handituz, eskubideak txikituko ei ziren, eta ez zegoen agintera jo beharrik, legeekin joka zitekeenean. Tiberiorengan, ospea gehiarazteko keinuak zenbat eta bakanagoak izan, hainbat pozago hartu zituzten haren hitzak. Eta, erresuminak eragiten ez bazion, neurritsu agertzen trebea zenez, Giaroko irla babesgabea eta inorgabea zela gaineratu zuen; onar zezatela Juniar sendiari eta lehenago bere mailakoa izaniko gizonari Zitno ematea erbestetzat. Horixe eskatu ei zuen Silanoren arreba Torkuatak, santutasun antigoaleko birjinak ere. Proposamen horrek onarpen osoa izan zuen.

70.  Gero Zirenekoei entzun zitzaien, eta, Ankario Priskok salaturik, Zesio Kordo konkusioagatik kondenatu zuten. Luzio Ennio zaldun erromatarra maiestatez auziperatu nahi izan zuten, printzearen estatua batekin zilarrezko tresnak egin zituelako. Zesar salapena onartzearen aurka agertu zen, Ateio Capitonen muzin nabariz, askatasun itxuran. Honek zioen gurasoei ez zitzaiela erabakiak hartzeko ahalmenik kendu behar, eta hainbesteko txarkeriak ezin zuela zigor gabe gelditu. Izan zedila Tiberio bere suminean bigun, baina ez errepublikaren aurkako irainetan eskuzabal. Tiberiok hitz horien izaera gehiago ulertu zuen esaera baino, eta betoan amore eman zuen. Kapitonen doilorkeria nabarmenagoa zen, zuzenbide zibilean eta erlijiosoan aditua izanik, bere goi maila publikoa eta dohai on partikularrak zikindu zituelako.

71.  Gero erlijioa aipatu zen, ea zein tenplutan ipini behar zen, zaldun erromatarrek, Augustaren osasunaren alde, Fortuna Zaldizkori egin zioten eskaintzaria, hirian jainkosaren hainbat tenplu egon arren, batek ere ez zeukan izen hori eta. Antzion bazela izen horretako tenplua egiaztatu zen, eta kultu, tenplu eta Italiako hirietako jainkoen irudi guztiak Erromako zuzenbide eta agintepean zeudela. Beraz, eskaintzaria Antzion ipintzen dute. Eta, erlijioaz ari zirenez gero, Zesarrek lehen atzeratutako erantzun kontrakoa eman zuen, Jupiterren flamen Serbio Maluginentseri buruz, eta pontifizeen dekretua irakurri zuen, zioena ezen, Jupiterren flamena gaixotzen zen guztian, goren pontifizearen agindupean, gau bitatik gora ere alden zitekeela, sakrifizio publikoko egunetan eta urtean birritan baino gehiagotan ez izatekotan; Augusto printze zela hartutako erabakiok argi erakusten zuten Jupiterren flamenei ez zitzaiela urtebeteko ausentziarik, ez probintzien administraziorik onartzen. Luzio Metelo goren pontifizearen adibidea ere gogoan zeukaten, zeinak Aulo Postumio flamena Erroman atxiki zuen. Asiako zortea, beraz, Maluginentseren hurrengo zegoen kontsul ohiari egokitu zitzaion.

72.  Egun beretan, Lepidok senatuaren baimena eskatu zuen Pauloren basilika, Emiliotarren monumentua, bere kontura berriztatzeko eta apaintzeko. Izan ere, eskuzabaltasun publikoa oraindik ohikoa zen, eta Augustok ere ez zien Tauro, Filipo eta Balbori eragotzi euren garaipenen hondakinak edo ondasunen soberakinak hiriaren apainketa eta geroaren aintzarako eskaintzerik. Etsenplu horren arabera, Lepidok, ondasun neurtukoa bazen ere, bere asaben aintza berriztatu zuen. Zesarrek, bestalde, sute kasual batek irentsitako Ponpeioren antzokia berreraikitzea agindu zuen, haren familiako inork ezin zuelako berregin, Ponpeioren izenak jarraitzen bazuen ere. Seiano ere goralbenez hornitu zuen, aipatuz ezen, haren ahalegin eta arretari eskerrak, hain hondamen handia eraikin bakarrera mugatu zela. Senatariek Seianoren estatua Ponpeio antzokian jasotzea erabaki zuten. Handik laster, Zesarrek, Junio Bleso Afrikako prokontsula garaipen ohorez gorestean, haren osaba zen Seianoren begirunez egiten zuela hori aitortu zuen; dena dela, Blesoren jokaera bazen halako ohorearen duin.

73.  Zeren Takfarinate, maiz desegina izan arren, indarrak Afrikaren barnealdean berreginik, halako harrokeriara heldu zen, ezen Tiberiori legatuak bidali baitzizkion, beretzat eta bere armadarentzat kokapena eskatuz eta, bestela, gerra amaigabearen mehatxua eginez. Zesar behin ere ez ei zen berari eta erromatar herriari eginiko irain batez gehiago mindu, desertore eta bidelapur batek etsai gisan jokatzen zuen hartan baino. Espartakori berari ere, hainbeste armada kontsular menperatu ondoren, Italiari su inpunea jartzen zionari, eta errepublika Sertorio eta Mitridatesen gerra lazgarriek arraildurik egon arren, ez zitzaion armistizio itundurik eman. Zenbat gutxiago erosiko zuten, bakez eta lur ematez, Erromaren distira unerik gorenean,Takfarinate bidelapur hura! Kontua da ezen Blesoren esku utzi zuela besteak, barkamen ordez, armak uztera erakartzea, eta buruzagia bera nola edo hala atzematea. Adiskide eskaintza hori askok onartua izan zen. Gero, Takfarinateren maltzurkerien aurka, haren arma berdinekin gerra egin zen.

74.  Izan ere, haren armadaren indarra gurea baino txikiagoa, baina ezusteko asaltorako hobea zenez, eta, gero enboskada berriak ezartzeko, aurrez aurrea saihestuz, zenbait bandarekin erasotzen zuenez gero, hiru sarbide eta beste hainbeste zutabe eratu ziren. Baten buru, Kornelio Eszipion zegoen, Leptisen kontrako harrapaketak egiten ziren eta garamanteen gordelekua zegoen lekuan. Beste aldetik, zirtentseen herriak arpilatoki inpune bilaka ez zitezen, Blesoren semeak bere tropa propioa eraman zuen; erdi aldetik, tropa hautekin, buruzagi nagusia gotorlekuak eta gordeguneak leku egokietan ezarriz zihoan, eta inguru guztia etsaiarentzat deseroso eta zakar bihurtu zuen, jotzen zuen lekurantz jotzen zuela, aurrez, alboz eta, batzuetan, atzez ere, erromatar armadaren zati bat aurkitzen baitzuen. Hala, asko izan ziren hilak edo inguratuak. Orduan, bere armadaren hiru zutabeak zenbait destakamentutan zatitu zituen, antze jakineko zenturioien agindupean. Eta ez zuen, ohitura zenez, uda igarotakoan, troparik erretiratu, antzinako probintziako negu kanpalekuetan biltzeko; aitzitik, ordea, gerra atarian bezala, gotorlekuak ezarri zituen, eta, tropa arin eta mortu haien ezagutzaile zirenen bitartez, Takfarinate jazartzen zuten, dendak mugiaraziz, harik eta, bere anaia harrapatua izanik, itzuli zen arte, aliatuei komeni baino bizkorrago, atzean gerra berpizteko moduko jendea uzten baitzuen. Baina Tiberiok, amaitutzat emanik, Blesori ere legioek enperadoretzat agurtzea eman zion, antzinako ohorea berau, egitekoa arrakastaz burutu ondoren, armada garaileak pozez eta oldarrez txalotzen zituen buruzagientzat. Baziren zenbait enperadore batera, besteen berdintasunetik goratzen ez zirenak. Titulu hori Augustok ere emana zion zenbaiti, eta Tiberiok orduantxe eman zion Blesori, azkenengoz.

75.  Urte hartan, bi goi gizon hil ziren: Asinio Salonino, Marko Agripa eta Asinio Polion aititengatik, eta Zesarren ilobarekin ezkontzekoa zen Druso anaiarengatik ospetsua; eta aipatua dudan Ateio Kapiton, lege ikasketengatik hirian goi maila zeukana, baina Silaren zenturioi bat aitita eta pretore ohi bat aita zuena. Augustok haren kontsulatua azkartu egin zuen, ikasketa beretan gailentzen zen Labeon Antistiori gaina har ziezaion, bere magistraturaren mailagatik. Izan ere, belaunaldi hark bakearen gailur biok batera eman zituen; baina Labeonek askatasunari usteltzeke eutsi zion eta, horregatik, entzutetsuago izan zen, Kapitonen morroikeria agintariei atseginago zitzaien bitartean. Hari, pretoretzan gelditurik, irainak ospea gehitu zion; honi, kontsulgoa atzemanik, bekaitzak gorrotoa ekarri zion.

76.  Junia ere, Katonen iloba, Gaio Kasioren emazte eta Marko Brutoren arreba, orduantxe hil zen, Filiposko batailatik hirurogeita lau urtera. Haren testamentuak zeresan handia eman zuen, zeren, oso aberatsa izanik eta ia gizon handi guztiak ohorez izendaturik, Zesar omititu baitzuen. Honek nasaiki hartu zuen eta ez zuen galarazi haren hiletak goralben publikoz eta gainerako zeremoniaz edertzerik. Aurrelari, hogei familia ospetsuren irudiak zihoazen; Manlio, Kintzio eta noblezia bereko beste izen batzuk. Baina distiratsuenak Kasio eta Bruto ziren, haien irudirik ikusten ez zelako, hain zuzen.