Edukira joan

Analak eta Historiak I/Lehen liburua

Wikitekatik
Analak eta Historiak I  (115-117)  Tazito, translated by Xabier Amuriza Zarraonaindia
Lehen liburua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Lehen liburua

1.    Erromako hirian, lehenengotan, erregeek agindu zuten; askatasuna eta kontsulatua Luzio Brutok ezarri zituen. Diktadurak aldi baterako onartzen ziren. Dezenbiroen aginteak ere ez zuen pare bat urtetik gora iraun, ezta tribuno militarren aginte kontsularrak ere luzaro. Ez Zinnaren, ez Sularen nagusigoa ez zen luzea izan; Ponpeioren eta Krasoren boterea laster etorri zen Zesarren eskura, eta Lepidoren eta Antonioren armak Augustorenera, zeinak, printze izenez, liskar zibilek ahituriko mundua hartu baitzuen bere inperiopean. Baina erromatar herri zaharraren onaldiak eta txarraldiak idazle argiek kondairatuak dituzte, eta Augustoren garaiari ere ez zitzaion hura kontatzeko buru ospetsurik falta izan, zurikeria handitzean, atzera egin zuten arte. Tiberioren eta Gaioren, eta Klaudioren eta Neronen historiak, eurak agintean zirela, beldurragatik gezurrezkoak izan ziren, eta, eurak hildakoan, gorroto izan berrien eraginpean idatziak izan ziren. Hortik datorkit asmoa, Augustoren berri laburki eta azken aldia bakarrik emateko eta, gero, Tiberioren eta gainerakoen berri, sumin eta norkeria gabe, horiekikoa urrun baitaukat.

2.    Bruto eta Kasio akabatuak zirela, jadanik armada errepublikarrik ez zela, Ponpeio Sizilia ondoan suntsiturik, Lepido erauzirik eta Antonio hilik, Juliotar alderdiari Zesarrez beste buruzagirik gelditu ez zitzaionean, honek triunbiro izena utzi eta bere burua kontsul izendatu zuen eta, herria babesteko tribuno-ahalarekin pozik, armada sariz eta herria janariz, denak bakearen gozotasunez xarmatu zituenean, apurka-apurka gorantz egin zuen; senatuaren, magistratuen, legeen eskubideak bereganatu zituen, aurka egiteko inor gabe, amorratuenak gerran edo proskripzioetan akabatu baitziren, eta gainerako nobleek, zenbat eta zerbitzeko gertuago, hainbat ondasun eta ohore gehiago hartzen baitzuten, eta, egoera berrian gailendurik, orainaldi segurra nahiago baitzuten lehenaldi arriskutsua baino. Probintziek ere gauzen egoera hari ez zioten muzinik egiten, susmoti baitziren senatuaren eta herriaren gobernuaz, boteretsuen haserre eta magistratuen gutiziengatik, indarrak, handikeriak eta, funtsean, diruak astinduriko legeen laguntza alferrekoa zelarik.

3.    Bestalde, Augustok, bere nagusitasunaren euskarri guran, Klaudio Martzelo, bere arrebaren seme eta artean mutiko, pontifikatura eta ediltasun kurulera jaso zuen, eta Marko Agripa, jatorri apaleko baina soldadu on eta garaipen-laguna, urte biko kontsulatura, Martzelo hildakoan, bere suhi eginik; Tiberio Neron eta Klaudio Druso semeordeak enperadore tituluz ohoratu zituen, nahiz eta oraindik bere familia osorik zeukan. Zeren Gaio eta Luzio, Agriparen semeak, Zesarren familian sarrarazi baitzituen, eta, oraindik haur-toga utzi gabe, gaztetasunaren printze eta kontsul izendatu nahi izan zituen gartsuki, zaputz-plantak egin arren. Agripak biziari agur egin zionean, Hispaniako armadetarantz zihoan Luzio eta Armeniatik larriki zauriturik zetorren Gaio herio fatalki goiztarrak edo, beharbada, Libia amaordearen jukutriak eroan zituenean, eta, Druso aspaldi hilik, semeordeetarik Neron bakarrik gelditzen baitzitzaion, dena beronengan bildu zen: seme, inperioko kolega, tribuno-ahalean kide egin zuen, eta armada guztiei handiro aurkeztua izan zen, ez, lehenago bezala, amaren trikimaina ilunez, gomendio ageriz baizik. Izan ere, Libiak hainbestean goia hartu zion Augusto zaharrari, ezen honek Planasiako irlara baztertu baitzuen bere birloba bakar Postumo Agripa, erabat trebetasun gabea eta gorputzez harroki indartsua, nahiz eta bat ere zitalkeriarik gabea. Drusoren seme Germaniko, ostera, zortzi legioren buru jarri zuen Rhin inguruan, eta Tiberio hura semetzat hartzera behartu zuen, Tiberiorenean seme gazte bat bazen arren, euskarri gehiago izatearren. Garai hartan, ez zegoen germaniarren aurkakoaz beste gerrarik, eta berau Kintiliano Barorekin galdutako armadaren lotsaria garbitzeagatik areago, inperioa hedatzeko irrikagatik edo sari duinen gogoagatik baino. Barruan, gauzak lasai zeuden, magistratuek euren izenari eusten zioten; gazteenak Accioko garaipenaren ondoren, eta zaharrik gehienak ere gerra zibilen artean jaio ziren: zenbat gelditzen zen errepublika ikusi zuenik?

4.    Hala, beraz, errepublikaren egoera iraulirik, antzinako osotasunetik ez zen ezer geratzen: denak, berdintasuna galdurik, printzearen aginduen zain zeuden, orainaren beldurrik bat ere gabe, Augusto, osasun betean, bere burua, etxea eta bakea sostengatzeko gauza zeno. Haren adin aurreratua gorputzeko minekin errenditurik, haren azkena eta itxaropen berriak bistaratzen hasi zirenean, ostera, gutxik aipatzen zuen alferrik askatasunaren ondasunik; gehienak gerraren beldur ziren, beste batzuek horixe nahi zuten. Parte batek, gehien-gehienek, hain zuzen, etortzear ziren nagusiei buruzko zurrumurrurik anitzenak zabaltzen zituen: Agripa ankerra zela, eta laidoak sumindua, eta ez adinez, ez bizitzako esperientziaz, ez zegoela hain ardura astunaren neurrira; Tiberio Neron urtez heldua eta gerran zaildua zen, baina Klaudiotarrei zegokien hantuste zaharra zeraman, eta, ezkutatzen saiatu arren, anker-usaina ere galanta kanporatzen zitzaion. Eta, gainera, erret etxean hezia izan ei zen; gaztetarik hornitu zuten kontsulatuz eta garaipenez; eta, erretira itxuran, Rodasko erbestean igarotako urte haietan ere, ez zuen gorrotoa eta simulazioa eta nahikunde sekretuak besterik gogoan izan. Ama ere hantxe zen, gainera, emakumezkoei dagokien ezintasunez: andere bat zerbitu behar eta, gainera, bi nerabe, errepublika zanpatuko zutenak, noizbait berau desegiteko.

5.    Halako eta antzeko aieruetan, Augustoren osasuna txarrerantz zihoan, eta batzuek haren emaztearen krimenen bat susmatzen zuten. Izan ere, zurrumurrua zabaldu zenez, Augusto, hil batzuk lehenago, hautatu batzuez beste inork jakin gabe, eta Fabio Maximok bakarrik lagundurik, Planasiara eraman ei zuten, Agripa bisitatzera, eta han, alde bietarik, malko eta xera erakuste ugari izan ei zen, nondik itxaropen bat bazela zirudien, mutila aititaren etxera itzul zezaten. Maximok bere emazte Martziari agertu ei zion, honek Libiari, eta Zesarrek jakin ei zuen; eta, ez luzarora, Maximo hil zenean, heriotza eragina izan ez ote zen zalantza zela, Martziaren auhenak entzun ei ziren haren hiletan, bere burua senarraren galbidetzat salatuz. Zena zela, Ilirikon sartzea besterik egin ez zuen Tiberio deitua izan zen amaren gutun urgentean; ez dago argi, Augusto Nola hirian aurkitu zuenean, hau bizirik ala hilik zegoen. Izan ere, Libiak guardia zorrotzak ipini zituen etxe eta bide inguruetan, eta agiri alaiak zabaltzen ziren tarteka, harik eta, garaiak eskatzen zuena buruturik, batera iragarri zen arte Augusto hila zela eta Neronek agintea hartu zuela.

6.    Aginpide berriaren lehen ekintza Postumo Agripa hiltzea izan zen, zeina, ustekabean eta arma gabe harrapatu arren, zenturioi batek ozta-ozta akabatu zuen. Tiberiok ez zuen gai hori aipatu ere egin senatuan: aitaren agindua izan zelakoa egiten zuen, zeinean Agripa zaintzeko ardura zeukan tribunoari agindu izango zion ez zezala hura hiltzeko dudarik izan, berak azken eguna burutuz batera. Egia da Augusto maiz eta zorrotz kexatu izan zela mutilaren portaeraz, senatuak haren erbestea onar zezan eginez; baina haren gogorkeria ez zen inoiz beretarrik hiltzeraino iritsi, eta ez zen sinestekoa bilobaren heriotzarik eragingo zuenik, semeordearen segurantzarako. Sinesgarriago zen Tiberiok eta Libiak, hark beldurrez, honek amaorde gorrotoz, mutil susmagarri eta txarto ikusiaren heriotza aurreratu zutela. Armadan ohi denez, agindutakoa egina zela iragartzera joan zen zenturioari erantzun zion berak ez zuela halakorik agindu, eta senatuaren aurrean kontu eman beharko zela. Sekretukide zen Salustio Krispok (berak bidali baitzion tribunoari agindu idatzia) hori jakin zuenean, beldur baitzen, gezurra zein egia agertu, salapen berdin arriskutsua etor zekion, Libiari adierazi zion ez zela zabaldu behar etxeko sekreturik, ez lagunen aholkurik, ez soldaduen zerbitzurik, eta Tiberiok ere ez zuela agintearen indarrik hautsi behar, dena senatura eramanez: agintearen izaera baitzen norbere buruaz besteri konturik ez ematea.

7.    Erroman, ostera, kontsulak, senatoreak, zaldunak, makurpenera bizkortu ziren. Zenbat goitarrago, hainbat faltsuago eta bizkorrago, eta itxura landuagoz (printzearen heriotzaz alaiegi eta ondorengoagatik tristeegi ez agertzearren) nahasten zuten negarra eta poza, auhenak eta zurikeria. Sexto Ponpeio eta Sexto Apuleio kontsulak izan ziren Tiberio Zesarri leialtasuna zin egiten lehenengoak, eta, euren aurrean, Seio Estrabon eta Kaio Turranio, hura pretoriar kohorteen, hau janarien prefektua; gero, senatua, armada eta herria. Izan ere, Tiberiok kontsulak denean aurretik jartzen zituen, antzinako errepublika bailitzan, eta aginterik ezarri behar ez bailuen. Senatariei kuriara deitzeko ediktuan ere, Augustoren garaian hartutako tribuno-ahalmenaz beste idazpururik ez zuen ipintzen. Ediktuko hitzak ere gutxi eta erabat neurtuak ziren: aitari nolako omena egin galdetu nahi zuen; ez zuen haren gorputzetik banatu nahi eta horixe zen beretzakotzat zeukan eginkizun publiko bakarra. Augusto hildakoan, ostera, pretoriar kohorteen aurrean, enperadore agertu zen; bazituen armak, guardiak eta gorteari dagokion dena; soldaduek eskoltatzen zuten forora, soldaduek kuriara. Armadetara printze bihurturik bidaltzen zituen gutunak; senatuan ez beste inon ez zen dudan mintzo. Arrazoi nagusia beldurra zen, ez ote zuen Germanikok, hainbeste legio eta indar aliatu amaigabeak eskuan zeuzkanak, eta herriaren eder izugarria zeukanak, aginteari heltzea nahiago izango, zain egotea baino. Bere ospearen onerako, errepublikak hautatua eta deitua izan zela agertu nahi zuen areago, emaztearen trikimainaz eta agure baten adopzioz sartu zela baino. Geroago jakin zen zalantza-itxura hori eman zuela, baita ahaltsuen pentsakera ezagutzeko ere: hitzak eta begiradak salapen bihurturik gordetzen baitzituen bere baitan.

8. Senatuko lehenengo egunean, Augustori zegozkion azkenkiez hitz egitea besterik ez zuen onartu, zeinaren testamentuak, birjina bestalek aurkeztuak, Tiberio eta Libia izendatzen baitzituen oinordeko. Libia Juliar familiako egiten zen eta Augusta izena hartzen zuen; bigarren oinordeko, birlobak eta birbilobak inskribatzen ziren, eta, hirugarren mailan, estatuko nobleak, gehienak ikusi ere ezin zituenak, baina harrokeriagatik eta gerorako ospeagatik komeni zitzaizkionak. Haren legatuak ez ziren herritarren artean ohi zirenetik gorakoak: herriari eta populuari utzitako berrogeita hiru milioi eta bostehun mila sestertzio, pretoriar kohorteetako soldaduei mila bana, (urbanoei bostehun bana), legionarioei eta erromatar hiritarren kohorteei hirurehun bana. Gero ohoreen kontua etorri zen; entzutetsuenen bila hasirik, Galo Asiniok proposatu zuen segizioa garaipen-arku batetik igaro zedila, eta Luzio Arruntziok, berriz, hark promulgaturiko legeak eta menperaturiko herrien izenak aurrenen ager zitezela. Mesala Valeriok gehitzen zuen, gainera, zina urtero berritu zedila, Tiberioren izenean; Tiberiok galdeturik ea ekimen hura berak agindurik agertu zuen, hark erantzun zuen bere kabuz esan zuela eta, errepublikari zegozkion gauzetan, bere ustea besterik ez zuela erabiliko, iraintzeko arrisku eta guzti ere: adulazio modu huraxe bakarrik falta zen! Gurasoek aldarrikatzen dute gorpuak senatarien sorbalda gainean joan behar duela. Zesarrek apaltasun harroz onartu zuen eta, ediktu baten bitartez, herria ohartarazi zuen ez zedila saia, behinola Julio jainkozkoaren hileta, berotasun gehiegizkoarren, aztoratu zuen moduan, Augusto ere foroan erretzen, leku izendatua zen Martitzen zelaian egin beharrean. Hileta egunean, soldaduak gerrarako bezala zeuden; ez zuten barre gutxi egin euren begiz edo gurasoengandik jakin zutenek nolakoa izan zen morrontza artean freskoaren eta askatasun alferrik bilatuaren egun hura, non Zesar diktadorearen heriotza batzuei ekintzarik zitalena, beste batzuei ederrena iruditu zitzaien, ziotela: «orain printze agure batek, aginte luzekoak, bere oinordekoen fortunak ere errepublikaren bizkarretik hornitu dituenak, babes militarra behar dik, bere ehorztea lasaia izan dadin».

9.    Hori zela eta, Augustorengatik beragatik ere asko hitz egin zen, gehienek huskeriak miresten zituztelarik: nola egun berdina izan zen, antzina aginteratu zen lehenengoa eta orduko bizitzako azkena; nola bizia Nolan amaitu zitzaion, bere aita Oktabioren etxe eta gela berean. Bere kontsulatu kopurua ere goraipatzen zen, zeinarekin Valerio Korbo eta Gaio Mariorenak batera berdindu baitzituen, haren tribuno-boterea, hogeita hamazazpi urtean etengabe jarraitua, hogeita bat aldiz lorturiko enperadore titulua, eta beste zenbait ohore, biderkatuak edo berriak. Jende zentzudunen artean, ostera, haren bizitza iritzi kontrajarrien gai zen, batzuek goresten, beste batzuek gaitzesten zutela. Batzuek zioten bere aitarekiko pietateak eta errepublikaren krisiak, non ez baitzen orduan legeentzako tokirik, eraman zutela gerra zibilera, zeina ez baitago prestatzerik ez burutzerik moralaren arabera. Asko eman zion Antoniori, aitaren hiltzaileak zigortu alde, eta asko Lepidori ere. Hau txepeltasunagatik hondaturik, hura bere gehiegikerietan galdurik, aberri liskartsurako ez zegoen gizon bakarraren aginteaz beste biderik, eta, hala ere, ez zuen errepublika erregetzaz edo diktaduraz zurkaiztu, printze tituluz baizik. Haren inperioa Ozeano itsasoak edo ibai urrunek babesturik zegoen; legioak, probintziak, flotak, dena elkarrekin bat-bat zen; bazen zuzenbidea hiritarren, zintzotasuna aliatuen artean; hiria bera ere bikain edertua izan zen; gutxitan jo zen indarrera, eta bertan, besteentzat bakea izan zedin.

10.  Aitarenganako pietatea eta errepublikako gorabeherak, ostera, aitzakitzat hartzen zituela zioten; bestela, agintzeko gogoak eroan ei zuen beteranoak opariz irabaztera; mutiko partikular bat izanik, armada prestatu, kontsul baten legioak andeatu eta Ponpeioren alderdiarekiko begirunea simulatu ei zuen. Geroago, senatoreen dekretuz, pretore-azaoak eta eskumena usurpatu ondoren, Hirtzio eta Pansa hilak zirela, –dela etsaiek, dela Pansa zaurira isuritako pozoinak eta Hirtzio bere soldaduek eurek eta azpikeriaren atontzaile Zesarrek akabatu zituztelako–, bien tropak bereganatu ei zituen; kontsulatua indarrez kendu ei zion senatuari eta Antonioren aurka hartutako armak errepublikaren aurka bihurtu ei zituen; hiritarren proskripzioak eta lur-banaketak ez ei zituzten onetsi burutu zituztenek eurek ere. Egia da Kasioren eta Brutotarren azkena aitarekiko etsaigoen ordaina izan zela, nahiz eta zilegi izan gorroto pribatuak on publikora makurtzea; baina Ponpeio bake-plantaz eta Lepido adiskidetasun-itxuraz engainatu zituen; gero, Antoniok, Tarento eta Brindisko itunez eta bere arrebarekiko ezkontzaz irabazia izan zenak, heriotzaz ordaindu behar izan zituen elkartasun maltzurraren ondorioak. Dudarik ez, horien guztien ondoren, bakea izan zela, baina bai odoltsua ere: Lolio eta Baroren hondamenak, Barrondarren, Egnaziotarren, Julotarren hilketak Erroman. Etxeko konturik ere ez zuten apartatzen: Neroni emaztea kendu zion eta, benetan lotsagarri, pontifizeak kontsultatu zituen ea haurdun eta erditzear zegoen emakume hark errituen arabera ezkontzerik bazuen; Q. **** Tedio eta Bedio Polionen larkeriak; azkenik, Libia, errepublikarentzat ama latza, Zesarren etxearentzat amaorde latza. Jainkoentzako ohorerik ere ez zuen utzi, bere burua gurrarazten baitzien flaminei eta abadeei, tenpluetan eta jainkozko irudietan. Tiberio ere ez zuen ondorengotzat onartu, xeraz edo errepublikaren arduraz; aitzitik, ostera, bere harrokerian eta ankerkerian barneratu zenez gero, konparaziorik txarrenean bilatu zuen aintza. Egia esan, Augustok, urte batzuk lehenago, senadoreengandik Tiberiorentzat tribuno-ahalmena bigarrenez eskatu zuenean, goraipuzko hitzetan bazen ere, errietaren bat egin izan zion, haren izaera, jokaera eta ohiturak zirela eta, desenkusatze-plantan. Gainerakoan, ehorzketa ohi bezala buruturik, tenplua eta jainko-kultua dekretatzen zaizkio.

11.  Gero, eskariak Tiberiorentzat izan ziren. Inperioaren handitasunaz eta bere txikitasunaz dibagatzen hasi zen: Augusto jainkozkoaren oroitzapena bakarrik ei zegoen hainbesteko puskaren mailan; berak, hark bere lanetan parte hartzera deitu zionak, esperientziaz ei zekien zer latza, zer zoripeko zen dena gobernatzeko zama. Horregatik, hainbeste gizon noblerengan oinarritzen zen estatuan, ez ei zuten dena bakar batengan bildu behar; askoren artean, eta ahaleginak bat eginez, aisago eroango ei zituzten errepublikako zereginak. Mintzaldi hartan, duintasunetik gehiago zegoen egitasunetik baino; ezkutatu nahi ez zituen kontuetan ere, bai berez, bai ohituraz, Tiberioren hitzak lanbroak eta ilunak ziren beti, eta, aldi hartan, bere pentsakizunak zeharo gordetzen saiatzen zenez gero, are zehazgabe eta anbiguoagoak ziren. Ulertzen zutela iruditzeko beldurra besterik ez zeukaten senatariak, ostera, kexuetan, malkoetan, erreguetan urtzen ziren; eskuak jainkoengana, Augustoren irudira, Tiberioren belaunetara luzatzen zituzten, honek liburuxka bat ekartzeko agindu zuenean. Bertan, ondasun publikoak zetozen, zenbat hiritar eta arma-lagun ziren, zenbat flota, erreinu, probintzia, zerga edo errenta, eta beharrezko gastu eta emari. Hori guztia Augustok bere eskuz idatzi zuen, eta aholkua erantsi, inperioari bere mugetan eusteko, argi ez zegoelarik beldurrez ala bekaitzez zen.

12.  Hartan, senatua erregurik apalenetara makurtzen zela, bat-batean Tiberiok jaulki zuen ezen, bere burua errepublika osoa gobernatzeko gai ez bazekusen ere, haren zati bat esleitu ziezaiotela, bere kargupean har zezan. Orduan, Asinio Galok hots egin zuen: «Galdetzen dut, Zesar, zein errepublika-zati esleitzea nahi duzun». Ezusteko galderak astindurik, une batez isildu egin zen; gero, gogoberriturik, erantzun zuen ez zitzaiola bere duintasunarentzat batere itxurazko iruditzen zerbait hartzea edo ekiditea, denari osoan jaregitea nahiago lukeenetik. Berriz ere Galok, haren hizkeratik, mindu egin zela oharturik, esan zuen ez zuela galdetu banatu ezineko gauzak zatitzearren, baizik bere aitortzaz garbi gera zedin errepublikaren gorputza bakarra zela eta gogo bakarrak gobernatu behar zuela. Augustoren laudorio bat erantsi zuen, eta Tiberiori berari ere gogoratu zion zenbat garaipen lortu eta zenbat gauza egin zuen, toga jantzirik, hainbeste urtetan. Halaxe ere, ez zuen haren haserrerik bigundu, aspalditik zetorrena berau, iruditu baitzitzaion, Marko Agriparen alaba Bipsania, behinola Tiberioren emazte izana, ezkontzaz hartzean, hiritar soilez haragoko asmoak zeuzkala, eta Polion Asiniok bere aitaren handinahia zeramala.

13.  Ondoren, Luzio Arruntziok, Galorenaren hain ezberdina ez zen mintzaldian, antzera iraindu zuen, Tiberiok Arruntziorenganako haserre zaharrik ez zeukan arren; baina errezeloa zion haren aberastasun, ausardia, gaitasun izugarri eta araberako ospeagatik. Izan ere, Augustok, azken solasetariko batean, mintzo zelarik nortzuek uko egingo zuten, nahiz eta lehen tokiaz jabetu ahal izan eta hartarako gai ere izan, esan zuen Marko Lepido bazela gai, baina ez zeukala gogorik; Asinio Galok nahi zuela, baina ez zeukala mailarik; eta Luzio Arruntzio ez zela ezduin eta, aukera izanik, ausartuko zela. Lehenengo biena halakotzat dago, baina batzuek, Arruntzioren lekuan, Gneo Pison ipini dute; bada, geroago, Lepidoz beste denak galdu ziren, Tiberiok harildutako salaketengatik. Kinto Hateriok eta Mamerko Eskaurok ere mindu zuten haren gogo susmotia; Hateriok, honakoa esatean: «Noiz arte jasango duzu, Zesar, errepublika buru gabe egon dadin?»; Eskaurok, berriz, esan zuelako bazuela itxaropena senatuaren erreguak alferrik izango ez zirena, bere tribuno-ahalmenaren betorik ez baitzion jarri kontsulen mozioari. Hateriori beherela ihardetsi zion; Eskaurori, gupidagabeago gorroto zuenari, ordukoz isilik utzi zion. Astiro-astiro, denen aldarriek abaildurik, bakoitzaren erreguetara makurtuz joan zen, baina inperioa onartzen zuenik garbi agertu gabe, baizik ezetz esateari utzi eta eska ziezaioten eginez. Ziurra da Haterio, Jauregira barka eskatzera sartu eta pasioan zebilen Tiberioren belaunetara makurtzean, soldaduek ia bertan hil zutela, Tiberio, halabeharrez edo besteak heldu ziolako, jausi zenean. Halako mailako gizonaren arriskua ez zen arindu Hateriok Augustari eskatu eta honen erregu ekinkorrek babestu zuten arte.

14.  Senatarien Augustarenganako zurikeria ere handia izan zen: batzuek aberriaren erditzaile, beste batzuek aberriaren ama dei zedin proposatzen zuten; gehienek zioten Zesar izenari Juliaren seme erantsi behar zitzaiola. Berak behin eta berriz zioen emakumeen ohoreei muga bat ipini behar zitzaiela, eta neurritasun bera erabiliko zuela berari esleitzen zizkiotenetan ere. Bestalde, bekaitzez urduri eta emakume baten goratzea bere txikitze gisan harturik, ez zuen onartu liktorerik ipini ziezaioten ere, eta adopzioaren aldarea eta antzekoak debekatu egin zituen. Germaniko Zesarrentzat, ostera, inperio prokuntsularra eskatu eta mandatariak bidali zizkion jakinaraztera eta, aldi berean, haren tristura kontsolatzera, Augustoren heriotzagatik. Drusogatik gauza bera ez eskatzearen arrazoia zen hura kontsul izendatua zela eta bertan zegoela. Hamabi pretoregai izendatu zituen, Augustok ezarritako kopuruan; eta, senatuak gehitzeko eskatu zionean, bere burua zinpetu zuen kopuru hori ez zuela inoiz gaindituko.

15.  Orduan, lehenengoz, hauteskundeak Martitzen Zelaitik senatura aldatu ziren; zeren, artean, garrantzitsuenak printzearen iritzira egiten baziren ere, batzuk oraindik tribuen gogoaren mende zeuden. Herria ez zen esamesa txikiz baizik kexatu eskubidea kentzeaz, eta senatuak pozik hartu zuen, hala, oparietarik eta erregu apalgarrietarik libratzen baitzen. Tiberiok gomendatu zuen lau hautagaitatik gora ez zitezela izan; hauek ukorik eta jokorik gabe hautatuak behar zutela. Populuaren tribunoek aurkeztutako eskarien artean, euren kontura joko batzuk antolatzea zegoen, Augustoren oroimenez, haren fastuei gehitzekoak eta Augustalak deituak. Baina, hartarako, altxor publikotik harako dirua erabaki zuten, eta tribunoek, zirkuan, garaipen-soinekoa erabili behar zutela; ez zitzaien uzten gurdian joaten. Gero, urteroko ospakizuna hiritar-atzerritarren arteko eskumena zegokion pretoreari transferitu zioten.

16.  Gauzak hiriburuan hala zeudela, Panoniako legioetan sedizio bat gertatu zen, ez inongo arrazoi berriengatik, baizik, areago, antza, printze aldatzeak nahasterako baimena ematen zuelako, eta sari itxaropena, gerra zibilen ondoren. Hiru legio batera zeuden uda kanpamentuetan, Junio Blesoren menpean, zeinak, Augustoren azkenaren eta Tiberioren etorreraren berri jakitean, dela saminez, dela pozez, ohiko ariketak eten baitzituen. Hortik aurrera, soldaduek lasaikeriara, liskarrera eta gaiztoenen esanak sinestera jo zuten; gero, komenentzia eta aisia bila, diziplinari eta ahaleginari muzin eginez. Bazen kanpamenduan Pertzenio zeritzan bat, behinola antzerki klake bateko buru eta gero soldadu soila, mihi lotsagabekoa eta nahastaile trebea, eszenako trikimainen arabera. Morroi hau zenbait ezjakin eta, Augustoren ondoren, armadaren izateaz kezkati zegoen zenbait lagun xaxatzen hasi zen eta, iluntzean, onak erretiratuak zirenean, okerrenak inguratzen zituen.

17.  Azkenik, beste sedizio egileak ere gertu zeudela, arenga eran galdetzen zien ea zergatik men egiten zioten, morroi gisan, zenturioi bakan batzuei eta tribuno bakanagoei. Noiz ausartuko ziren konponbideak eskatzen, printze berri eta oraindik zalanzkorrari erreguz edo armaz heltzen ez bazioten? Nahikoa bekatu eginak ziren koldarkeriaz hainbeste urtetan, hogeita hamar edo berrogei urtetan zerbitzatzea jasanez, zahartu arte, eta, gehienetan, gorputza zauriz ebakirik. Gainera, lizentziadunak ere ez ei ziren libratzen soldadutzatik, bai, ostera, beste izen batekin, neke berdinak pairatzen, estandarte azpian kanpaturik. Eta hainbeste heriotza-arriskutatik onez irteten zena oraindik urrungo lurretan arrastatzen zen, non, soro izenez, zingira urtsuak eta mendi elkorrak hartzen zituen. Eta, jakina, soldadutza bera ere ondo nekosoa eta antzua zen: gorputz eta arima, egunean hamar as baloratzen zen; hortik ordaindu behar zen jantzia, armak, dendak, zenturioien ankerkeria aurreikusteko ordainak eta zerbitzuen beherapenak. Baina, Herkulesarren!, kolpeak eta zauriak, negu gogorra, uda nekosoa, gerra izugarria edo bake antzua betiko ziren. Beste erremediorik ez zegoen, beraz, baldintza segurretan soldadu sartzea baino: egunean denario bat irabaztea, hamaseigarren zerbitzu urtean behin betiko lizentzia hartzea, eta ez zitzatela estandartepean luzaroago atxiki, aitzitik, ordea, kanpamentuan bertan saritu zitzatela diruz. Egunean denario bi irabazi eta, hamasei urteren buruan, etxera bidaltzen zituzten pretoriar kohorteak arrisku handiagoetan ote zebiltzan, bada? Ez ei zituen guarnizio hiritarrak laidotu gura, baina berak, herri basatien artean, dendatik bertatik ikusten ei zuen etsaia.

18.  Masa oihuka ari zen, haserrekizun anitzez, nork bere kolpe markak erakutsiz, beste batzuek buruzuriak, gehienek soineko hautsiak eta gorputz biluziak. Azkenik, hainbesteko suminera heldu ziren, ezen hiru legioak bakarrean batu nahi baitzituzten. Emulazioak atzeratzen ditu, bakoitzak ohore hura bere legioarentzat nahi baitzuen; horregatik, plana aldatu eta kohorteen hiru arranoak eta estandarteak batera ipintzen dituzte. Aldi berean, sokilak batu eta tribunal bat jasotzen dute, egoitza ikusgarriago gera dadin. Horretan zihardutela, Bleso iritsi eta agiraka hasi zitzaien, banan-banan heldu eta oihuka: «Zikin itzazue eskuok neure heriotzaz: zeuen ordezkaria hiltzeko lotsaria arinagoa izango duk, enperadorea zapuztea baino. Edo, onik, legioen leialtasunari eutsiko zioat, edo, lepamozturik, zuen damua bizkortuko diat».

19.  Horregatik, ez zioten, ostera, sokil batzeari uzten eta, ordurako, paparren pareraino jasoak zituzten, azkenik, Blesoren setak menperaturik, amore eman zutenean. Blesok, trebetasun handiz, esan zien soldaduen nahiak ez zitzaizkiola Zesarri aurkeztu behar sedizioz eta matxinadaz; ez antzinakoek antzinako jeneralei, ez eurek ere Zesar jainkozkoari ez ei zioten inoiz hain ezohiki eskatu; gainera, era desegokian astuntzen ei zuten printze hasiberriaren ardura; hala ere, gerra zibilen irabazleek ere eskatu ez zutena bakean lortu nahi bazuten, zergatik jo behar zuten indarrera, menpetasun ohituraren aurka, disziplina zuzenbidearen aurka? Ordezkariak hautatu behar zituzten eta bere aurrean mandatuak eman. Aho batez erabaki zuten Blesoren seme tribunoak burutu zezala ordezkaritza eta eska zezala soldaduen lizentziamendua, hamasei urtetik aurrera; gainerako eskariak lehenengoa lortutakoan egingo ziren. Gaztea abiaturik, lasaitasun apur bat izen zen; baina soldaduak harrotu egin ziren, legatuaren semeak, kausa komunaren eramaile bihurtu zenak, garbi erakusten zuelako menpetasunez lortu ez zutena koakzioz atera zutela.

20.  Bitartean, sedizioa hasi aurretik, bide, zubi eta beste zeregin batzuetara Nauportora bidali zituzten manipuluek, kanpamenduan gertaturiko matxinadaren berri jakinik, estandarteak erauzten eta inguruko herriak sakeatzen dituzte, Nauporto bera ere bai, hiritasuna zeukana; eusten saiatzen diren zenturioiak barrez eta isekaz eta, azkenean, kolpez iraintzen dituzte, kanpamenduko buruzagi Aufidieno Ruforen aurkako haserre bereziz, zeina orgatik atera eta fardelez zamaturik, formazioburu joanarazten duten, laidoz galdetzen diotela ea hain zama handiak, hain ibilaldi luzeak pozik hartzen dituen. Rufok, izan ere, luzaroan soldadu soil, gero zenturioi, geroago kanpamentuko prefektu izanak, antzinako milizia gogorra berrezarri nahi zuen, lanean eta nekean zaildua bera, eta are bigungaitzago, bera jasana zelako.

21.  Jende horren etorrerak sedizioa berritu egiten du eta, han-hemen, bazterrak arpilatzen dituzte. Blesok banaka batzuk, harrapakinez kargatuenak, jipoitzeko eta ziegaratzeko agintzen du besteen eskarmentagarri, orduan, oraindik, zenturioien eta soldadurik onenen legatuari men egiten baitzioten; haiek indarrez jarkitzen zitzaizkien atxilo zeramatzatenei, ingurukoen belaunei heltzen zieten, izena oihukatzen zuten, bai nork berea, bai bakoitza hango soldadu zen zenturiarena, kohortearena, legioarena, denei horixe zetorkiela garrasika. Aldi berean, legatuari txakurrenak esaten dizkiote, zerua eta jainkoak inbokatzen dituzte eta ez dute modurik uzten, gorrotoa, errukia, beldurra eta haserrea eragiteko. Denak laguntzen hasirik, ziegak bortxatzen eta kateak askatzen dituzte, eta desertoreei eta heriotza-zogordunei eurekin nahastatzen uzten diete.

22.  Orduan indarra areagotzen da, sedizio buruak gehitzen. Vibuleno delako soldadu soil batek, Blesoren tribunal aurrean ingurukoek bizkarrean jasoak, zer egin behar ote zuen arretaz zeuden matxinatuei diotse: «Zuek, noski, argia eta arnasa itzuli diezue errugabe eta zorigabe hauei: baina nire anaiari nork itzuliko dio bizia? Nork itzuliko dit niri anaia? Hari, arazo komunez mintzatzeko, Germaniako armadak zuengana bidali zutenari, bart lepoa moztu diote, beronen gladiadoreen, soldaduak hiltzeko dauzkan eta armatzen dituen horien bitartez. Erantzun, Bleso: nora jaurti duzu hilotza? Etsaiek ere ez dute ehorztea ukatzeraino gorrotatzen. Musuz eta malkoz, neure samina ordain dezadanean, agindu ni ere zatika nazatela, hauek ehortz gaitzaten, ez inolako krimenagatik, baizik legioen onaz arduratzeagatik hil gaituztenak».

23.  Hitz horiek malkoz sutzen zituen, paparra eta aurpegia eskuekin joz. Gero, sorbaldetan eusten ziotenengandik apartaturik, eta bakoitzaren oinetan lurrean ahozpez, hainbesteko harrimena eta haserrea sortu zuen, ezen soldadu multzo batek Blesoren zerbitzuan zeuden gladiadoreak kateatu baitzituen, beste multzo batek gainerako esklaboak, eta beste batzuk hilotzaren bila sakabanatu baitziren. Eta izan ez balitz laster ikusi zelako inongo hilotzik ez zegoela, eta esklabo torturatuek hilketa ukatu zutela, eta anaiarik inoiz ez zuela izan jakin zelako, ez zebiltzan legatua bertan garbitzetik urrun. Baina bai jazarri zituzten tribunoa eta kanpamenduko prefektua eta, ihesi zihoazela, ekipajea lumatu zioten. Luzilio zenturioia ere hil zuten, zeinari ezizentzat –soldaduen ohiko adarjotzeak– «ekar beste bat» ipini baitzioten, mahatsezko zartailua soldaduen bizkarrean hautsitakoan, beste bat eta gero beste bat eskatzen baitzuen. Gainerakoak ostendu egin ziren, babesteko; soldaduek Klemente Julio bakarrik atxiki zuten, bere izaera prestagatik, mandatuak eramateko egokitzat jotzen zutena. Legio bi, gainera, zortzigarrena eta hamabosgarrena, elkarri erasotzear zeuden, hangoek Sirpiko izeneko zenturioi bat hil eta hamabosgarrenekoek babestu nahi baitzuten; eskerrak bederatzigarreneko soldaduek artean sartu ziren erreguka, baita mehatxuka ere, entzungor egin balezate.

24.  Berri haiek Tiberio, izaera ilunekoa eta zer larriak ezkutatzen aparta izan arren, bere seme Druso hara bidaltzera behartu zuten, hiriko gorenekin eta pretoriar kohorte birekin, gauzak bertan ikusteaz beste agindu zehatzik gabe. Soldatu hautaz osaturiko kohorteak ohiz gorako bermedunak ziren. Pretoriar soldaduen multzo handi bat gehitu zitzaien, eta germaniar talde sendo bat, orduan enperadorea zaintzen zuena. Aldi berean, bere aita Estrabonen kolega izendaturiko pretorioko prefektua eta Tiberioren konfiantza handikoa zen Elio Seiano izango zen gaztearen gidari eta, besteentzat, arriskuen eta sarien ikusarazle. Druso hurreratzean, legioak menpetasun eran irten zitzaizkion bidera, baina ez ohi bezain alai, ez banderak airean, zarpail eta bertan-beheratasun itxuran baizik, tristura planta bazuten ere, errebeldiatik hurrago zeudela.

25.  Hesitik barrura sartu zenean, ateetan guardiak eta kanpamentuko zenbait lekutan talde armatuak ezartzen dituzte; gainerakoek, formazio izugarrian, tribunala inguratzen dute. Drusok, zutik, isiltasuna eskatzen zuen. Haiek, jendetzara begiratzean, marruka burrunbatzen ziren, Zesarri begiratzean, ostera, dardarak hartzen zituen; marmar zehazgabea, harrabots izugarria eta, bat-batean, baretasuna; gogoen mugida kontrakoz, behin izutzen ziren, behin izugarritzen. Iskanbila atertutakoan, aitaren gutuna dirakur, non idatzia baitzen ardura txit berezia zeukala bera haiekin hainbeste gerra jasana zen legio kementsuekin; bere gogoa dolutik arintzen zenaz batera, haien eskariez senatuan jardungo zuela; bitartean, bere semea bidali ziela, unean eskain zitekeena lehenbailehen eman ziezaien; gainerakoa senatuari utzi behar zitzaiola, zeina ez baitzen zilegi, ez onberatsunetik, ez zorroztasunetik aparte uztea.

26.  Batzarrak erantzun zuen Klemente zenturioiak hitz egingo zuela euren izenean. Honek aipatzen du hamasei urterekin lizentziatzea, soldadutza amaierako sariak, soldata egunean denario bat izatea, beteranoak estandartepean ez atxikitzea. Drusok hori senatuaren eta aitaren erabakia zela erantzutean, oihuka hasten zaizkio. Zertara etorri zen, ez bazen soldaduen irabaziak gehitzera, ez haien nekeak arintzera, hitz batez, ezertan on egiteko baimenik gabe? Herkulesarren, jipoitzen eta hiltzen denei uzten ei zitzaien. Tiberiok, lehenago, legioen gurariak Augustoren izenean zapuzten ei zituen; Drusok trikimaina bera ei zekarren. Ez al zen, noizbait, familiako semeez besterik etorriko eurengana? Benetan berdingabea ei zen enperadoreak armada kontuak bakarrik eroatea senatura. Horren arabera, senatuari kontsultatu behar zitzaion exekuzioak edo gerrak noiz egin ere. Sariak jaunen esku ote zeuden, ba, eta zigorrak kontrolik gabe?

27.  Azkenik, tribunaletik alde egiten dute, pretoriar soldaduen edo Zesarren lagunen bat aurkitzean, ukabila erakutsiz, armetarako haserre eta aitzakia bila, batez ere, Gneo Lentuloren aurka, zeinak, adinez eta gerra ospez besteen aurretik egonik, Druso bermatzen eta soldaduen matxinada hura gehien gaitzesten zuela uste baitzen. Eta ez askoz geroago, Zesarrengandik apartaturik, eta gainean zen arriskua saihesteko, neguko kanpamenturantz doala, inguratu eta nora doan galdetzen diote, enperadorearengana ala senatariarengana, han ere legioen interesei kontra egiteko; aldi berean, harrika oldartzen zaizkio. Eta, harrikadekin odoletan eta azkenaren ziur zegoela, Drusorekin etorritako tropa agertu zen, gizona babestera.

28.  Gau mehatxuzko eta krimenean leher-zoriko hura halabehar batek baretu zuen: bat-batean, ilargia moteltzen ikusi zuten zeruan. Zergatik ez zekien soldaduak uneari buruzko seinaletzat hartu zuen, argizagiaren eklipsea bere sofrikarioekin bat eginez, eta pentsatuz bere gorabeherek onera egingo zutela, jainkosari bere distira eta argitasuna itzultzen bazitzaizkion. Beraz, brontze hotsa eta tuben eta adarren harrabotsa ateratzen dute; ilargia argitu ala ilundu ahala, alaitu edo goibeldu egiten ziren; eta, hodei batek bistatik galdurik, ilunpean hondatutzat eman zutenean, halako gogoek, behin zirraraturik, superstiziora daukaten joerarekin, deitoratzen ziren amai gabeko sufrikarioa zetorkiela eta jainkoak haserre zeudela eurek egin zutenaz. Zesarrek, aldakuntza hartaz baliatu eta zoriak ekarri zuena jakinduriaz erabili behar zela pentsaturik, dendarik denda joateko agintzen du. Klemente zenturioia eta, euren dohainengatik, herri xehearen begiko zirenak etorrarazten dituzte. Hauek gauzain, begirale, atezainekin nahasten dira, itxaropena eskaintzen diete, eta beldurra sartzen saiatzen dira. «Noiz arte setiatu behar dugu enperadorearen semea? Noiz amaituko da borroka? Pertzeniori eta Bibulenori zin egin behar al diegu? Pertzeniok eta Vibulenok banatuko ote dizkiete, bada, soldaduei sariak eta lizentziadunei lurrak? Horiek jabetu behar al dute erromar herriaren inperioaz, Nerondarren eta Drusotarren lekuan? Zergatik, aitzitik, erruan azken izan ginenok damuan lehenengoak ez izan? Denen onari dagokiona astiro joaten da, grazia partikularra, ostera, irabaziz batera hartzen da». Halako kontuekin astindu eta euren artean susmopetu zituzten, berriak beteranoetarik eta legioak legioetarik banatuz. Orduan, diziplina grina apurka-apurka itzultzen da, ateak abandonatzen ditzute, eta sedizioaren hasieran bateratu zituzten estandarteak euren tokietara bihurtzen dituzte.

29.  Drusok, egunsentian batzarrera deiturik, hizlari baldarra bazen ere, bere berezko gurentasunez, lehengo jokaera gaitzetsi eta oraingoa onesten die. Bera ez ei dute beldurrak eta mehatxuek makurtzen; menkor ikus baditza, arren eska badiezaiote, idatziko ei dio aitari, legioen eskariak bigunki entzun ditzan. Hala, eurek eskaturik, Bleso bera berriro, eta Luzio Aponio, Drusoren kohorteko erromatar zalduna, eta Justo Katonio, lehen kohorteko zenturioia, Tiberiorengana bidaltzen dituzte. Gero, eztabaida izan zen: batzuek zioten legatuen itzuleraren zain egon behar zela eta, bitartean, soldaduak baretu, bigunki hartuz; beste batzuk erremedio gogorragoen aldekoak ziren: «popululuarentzat ezer ez duk gutxi; izutu ezak, beldurtzen ez bada; behin beldurra sartzen badiok, arbuia dezakek». Superstizioaren menpean zeudeno, huraxe ei zen agintearen beldurra ere sentiarazteko unea, sedizioaren egileak paretik kenduz. Druso, berez, gogorrenera jotzen zuena zen: Bibuleno eta Pertzeniori deitu eta bertan hilarazten ditu. Gehienek diotenez, jeneralaren beraren dendan ehortzi ei zituzten; beste batzuek diote haien hilotzak hesitik kanpora jarti zituztela, eskarmentagarri.

30.  Orduan, nahasle nagusien bila hasi ziren, eta kanpamentuetatik kanpora alderrai zebilen mordo bat zenturioiek edo pretoriar kohorteetako soldaduek hil zituzten, eta beste batzuk manipuluek eurek entregatu zituzten, leialtasun agiritzat. Soldaduen ezbeharra gehitu egin zuen neguaren etorrera goiztarrak, euri etengabez eta hain indartsuz, ezen ezin baitzuten dendetatik irten, ez elkarrengana bildu; doi-doi estandarteak zaindu bakarrik, haizeteak eta urak aurrean eramaten zituenak. Zeruko haserrearen beldurrak ere hantxe zirauen: ez ziren alferrik izarrak moteltzen eta ekaitzak oldartzen, euren inpietatearen aurka. Ez zen haien gaitzen erremediorik, kanpamentu madarikatu eta profanatu hartatik alde egin eta, espiazio bidez garbiturik, bakoitza bere neguko kanpamentura itzul zedila besterik. Lehenik, zortzigarren legioa abiatu zen, gero, hamabosgarrena; bederatzigarrenekoek behin eta berriz zioten Tiberioren erantzunari itxaron behar zitzaiola; gero, besteen martxak bakarrik utzi baitzituen, derrigorrean zetorkiena onez hartzea erabaki zuten. Eta Druso, ordezkariak itzuli zain egon gabe, egoera nahikoa baretua baitzen, hirira itzuli zen.

31.  Egun beretsuetan eta arrazoi beretsuengatik matxinatu ziren Germaniako legioak, eurok gehiago izanik, hainbat gogorragoa izan zen erreboltan; baita itxaropen handia zegoelako ere, Germaniko Zesarrek ez zuela bestearen aginterik onartu nahi izango eta legioengana entregatuko zela, hauek euren indarrez dena arrastatuko zutelarik. Rhin ibarrean, armada bi zeuden: goikoa zeritzona Gaio Silioren agindupean zegoen eta behekoaz Aulo Zezina arduratzen zen. Aginte gorena Germanikoren esku zegoen, orduan Galietako errolda egiten ziharduena bera. Baina Silioren menpekoak, ezbaian, besteen sedizioaren arretaz zeuden bitartean, beheko armadakoek haserreari eman zioten, mugimendua hogeita batgarrenean eta bosgarrenean hasi zelarik; honek lehenengo eta hogeigarren legioak ere arrastatu zituen, inguru berean kanpaturik baitzeuden, ubiarren lurretan, aisian edo lan txikietan. Hala, Augustoren azkenaren berri entzunik, jendetza hiritarra, Erroman egin berri zen erreklutamendutik harakoa, laxokeriara ohitua, nekearen etsaia, besteen gogo xaloetan honako buruerak sartzen hasi zen: huraxe zela garaia beteranoek lizentziamendu bizkorra eskatzeko, gazteek ordainsari mardulagoak, denek euren lazerien amaia, baita zenturioien ankerkeriez mendekatzeko ere. Hori ez zuen bakarrak esaten, Panoniako legioetan Pertzeniok bezala, ezta armada indartsuagoak ikusten zituzten soldaduen belarri urdurietara ere; asko ziren matxinadaren aurpegiak eta ahotsak: euren esku ei zegoen Erromaren izatea; euren garaipenekin handitzen ei zen errepublika, eta jeneralek euren goitizenak hartzen ei zituzten.

32.  Eta legatuak ez zien kontrarik egiten; gehienen zoroaldiak, izan ere, kikildu egin baitzuen. Bat-batean, itsuturik, ezpatak eskuan, zenturioiei erasotzen diete, eurok baitira, betidanik, soldaduen gorrotagai eta lazkerien abiagune. Eraitsi eta zartaka kolpatzen dituzte, hirurogeina bakoitzari, zenturioien kopurua berdintzeko; gero, ubelez eta urratuz josirik, zati batzuk hilik, oholesi barrenera edo Rhineko uretara jaurtitzen dituzte. Tribunalean babestu eta Zezinaren oinetara makurtu zen Septimioren eske jardun zuten, hil zezaten entregatua izan arte. Geroago, Gaio Zesar hiltzeagatik, ondorengoen gomutan ospea irabaziko zuen Kasio Kereak, artean mutil gazte baina gogo ausartekoak, ezpataz bidea ireki zuen, armaz eragotzi nahi ziotenen artetik. Geroztik, ez tribunoak, ez kanpamentuko prefektuak eutsi zion aginpideari: gaueko guardiak, begirale postuak eta uneari zegokion edozein eginkizun eurek banatzen zuten. Soldaduen gogoak sakonkiago hautemateko gauza zirenentzat, mugida handi eta gupidagabea zelako zantzu nagusia zen ez zebiltzala banan, ez banaka batzuen esanean, denak batera beroturik baizik; eta isildu ere, denak batera, halako trinkotasunez eta irmotasunez, ezen agintaria zeukatela baitzirudien.

33.  Bitartean, Galietan, esan bezala, erroldaginan zebilen Germanikok Augustoren heriotzaren berri hartu zuen. Haren birloba Agripina zuen emazte, eta zenbait seme-alaba; bera Tiberioren anaia Drusoren semea eta Augustaren birloba zen, baina artega zebilen, osaba eta amamaren bere aurkako errezelo ezkutuengatik, zeintzuen arrazoiak garratzagoak ziren, bidegabeak izanik. Izan ere, erromatar herriaren gogoan, Drusoren gomuta handia zegoen, pentsatzen zelarik hark, boterera iristera, askatasuna berrezarriko zuela; hortik begion eta itxaropen bera Germanikorengana ere. Izaera irekiko gaztea zen, izan ere, ontasun miragarri eta oso ezberdinekoa Tiberioren hizkera eta begirakunetik, harroa eta iluna berau. Emakumeei dagozkien erreminak pilatzen ziren gero: Libiak Agripinari amaorde begizkoa zion, eta Agripina bera ere suminkorra zen, nahiz bertutetsua, eta senarrarenganako maitasunak oneratzen zuen haren berezkotasun hezigaitza.

34.  Germaniko, ostera, zenbat hurrago goren itxaropenetik, hainbatago saiatzen zen Tiberioren alde. Inguruko frankoak eta belgiar hiriak berak egindako zinera ekarri zituen. Gero, legioen matxinadaren berri jakitean, berbertan abiatu zen eta kanpamentutik kanpora aurkitu zituen, begiak lurrera zituztela, damuturik bezala. Batzuek, haren eskua muin emateko bezala harturik, hatzak ahoetan sartzen zituzten, hortz gabeko oiak uki zitzan; beste batzuek zaharraren zaharrez okerturiko gorputz-adarrak erakusten zituzten. Inguratzen zuen jendetza manipuluka formatzeko agintzen du, nahastean ageri baitziren: hala, hobeto entzungo zuten erantzuna; eta estandarteak aurrean ipintzeko, hala kohorteak, behintzat, bereiztu ahal zitzan: nagiro men egin zuten. Orduan, Augustoren beneraziotik hasirik, Tiberioren arrakasta eta garaipenetara jo zuen, bereziki goraipatuz legio haiekin Germanian lortu zituen ederrenetarikoak. Gero Italiako kontsentsua eta Galietako leialtasuna txalotzen du; inon ez zen iskanbilarik edo liskarrik sortu. Hori isilik edo marmario txikian entzun zuten.

35.  Sedizioari ekitean, non zegoen menpetasun militarra, non diziplina zaharraren ohorea, nora jaurti zituzten tribunoak, nora zenturioiak galdeturik, denek gorputzak biluzten dituzte, zauri-orbainak eta kolpe-markak aurpegiratzen dizkiote; gero, garraisi artean, librakuntzen trafikoa, ordainen estura, lanen gogorkeria, bakoitza bere izenez salatzen dute, hots, oholesiak, zuloak, pentsuen, materialen eta egurraren hornimena; eta hori, besterik eskatzen ez zaienean, premiagatik edo kanpamentuetako aisia kentzearren. Oihurik izugarrienak beteranoen artetik zetozen, zeintzuek, hogeita hamar urte edo gehiagoko zerbitzua kontatuz, sufrikarioen erremedioa eskatzen baitzuten, eta ez lan beretan hiltzea, hain soldadutza neketsuaren azkena eta atseden ez urria baizik. Baziren Augusto jainkozkoak utzitako dirua eskatu zutenak ere, Germanikorentzat hitz promeskorrez; nahi bazuen, inperioa eskuan zeukala garbi agertu zioten. Baina orduan, krimenak kutsaturik bezala, tribunaletik berehala jaitsi zen. Armekin saiatu ziren alde egitea eragozten, mehatxuka, itzultzen ez bazen; baina hark, zin egindako leialtasuna hautsi aurretik, hil egingo zela aldarrikatuz, ezpata sahietsetik atera eta bazeraman zuzen bularrera, ingurukoek haren eskuinari indarrez eutsi ez baliote. Jendetzaren atzealdean pilatzen zirenek, eta batzuek, sinesteko ere, berarenganaino hurbildurik, sar zezala xaxatzen zuten; eta Kalusidio izeneko soldadu batek bere ezpata atera eta eman zion, zorrotzago zegoela eta. Hori senetik irtenda zeudenei ere anker eta zital iruditu zitzaien, eta, azkenean, tarte bat egin zen, lagunek Zesar bere dendara eraman zezaten.

36.  Han, erremedioaz jardun zuten, legatuak prestatzen ari ei baitziren, goiko armada ere kausa berera arrastatzeko; ubioen hiria suntsitzera destinaturik ei zegoen, eta tropak, nahi beste arpilatze egindakoan, Galiak zehatzera oldartuko ei ziren. Etsaiak, Erromako sedizioaren jakitun, beldurra areagotzen zuen, inbaditzeko gertu, ibarra libre uzten bazen. Indar laguntzaileak eta aliatuak legio matxinatuen aurka armatuz gero, berriz, gerra zibila zetorren. Zorroztasuna arriskutsua zen, zabaltasuna kriminala: soldaduei hutsa zein dena eman, errepublika kinkan zegoen. Beraz, arrazoiak neurtu ondoren, printzearen izenean gutun bat idaztea onartu zen: hogei urteko zerbitzudunei lizentzia ematen zitzaien; hamasei urte beteak zituztenei librakuntza, baina, estandartepean atxikirik, etsaiaren erasoan bakarrik laguntzeko obligazioz; eskatutako legatuak bibiderturik ordainduko zitzaizkien.

37.  Soldaduak ohartu ziren ihesbide bat zela eta berehala kunplitzeko eskatu zuten. Tribunoek lizentziamenduak azkartu zituzten, eta ordainak bakoitza bere neguko kuartelean zegoenerako atzeratu. Baina bosgarren eta hogeita batgarren legiokoek ez zuten alde egin gura, udako kanpamentuan bertan ordaina jaso arte, Zesarren lagunen edo Zesarren beraren bidaiatik. Lehenengo eta hogeigarren legioak Zezina legatuak ubioen hirira eraman zituen berriro: segizio lotsagarria, jeneral nagusiari kendutako ondasunak estandarte eta arrano artean zeramatzatela. Goiko armadarengana joan zen Germanikok bigarren, hamabigarren eta hamaseigarren legioen zina hartu zuen, zalantza gabe emana bera. Hamalaugarrenekoak apur bat zalantzan egon ziren: dirua eta lizentziamendua eskaini zitzaien, eurek eskatu gabe.

38.  Kaukoen lurrean, guarnizioaren arduradun zeuden legio matxinatuetako beteranoak sedizioan hasi ziren, eta, soldadu biren exekuzio sumarioz, apur bat zigortu zituzten. Mario Ennio kanpamentuko prefektuak agindu zuen hori, etsenplu onari gehiago begiratuz, zeukan eskumenari baino. Gero, matxinada handitzean, ihesari eman zion, baina harrapatu egin zuten, eta ausardian bilatu zuen gordelekuak ematen ez zion abaroa: ez zutela prefektua bortxatzen, Germaniko jenerala, Tiberio enperadorea baizik. Aurre egiten ziotenak beldurtzea lortutakoan, estandartea kendu eta ibarrerantz jo zuen, eta, inor formaziotik irteten bazen, desertoretzat hartuko zutela oihu eginez, kanpamentura bihurtu zituen, aztoraturik, baina ezertara ausartu gabe.

39.  Bitartean, senatuaren legatuak ubioen aldarera itzulia den Germanikorekin baturik daude. Bertan, legio bik, lehenengoak eta hogeigarrenak, eta orain estandartepean aurkitzen ziren beterano lizentziatu berriek hibernatzen zuten. Beldurrak eta kontzientzia txarrak eraginik, ikara sartzen zaie ez ote ziren etorri, sedizioz lortutako emaitzak baliogabetzeko senatuaren aginduarekin. Eta, inputazio gezurrezkoan ere errudun bat bilatzea populuaren ohitura denez, Munazio Planko kontsul izana eta ordezkaritzaren buru zetorrena salatzen hasten dira, senatuaren dekretuaren eragiletzat; gauerdian, Germanikoren etxean ipinitako estandartearen eske hasten dira eta, atarian pilaturik, atea apurtu, Zesar ohetik jaikiarazi eta estandartea emanarazten diote, hieriotza mehatxuz. Gero, kaleetan hara-hona, legatuekin, zalaparta entzunik, Germanikoren ondora zetozenekin topo egin zuten. Irainka hasten zaizkie, bertan hiltzeko gertu, batez ere, Plankori, duintasunak ihes egiten utzi ez zionari; eta, halako arriskuan, lehenengo legioaren kanpamentuaz beste abarorik ez zuen izan. Han, estandarteari eta arranoei heldurik, erlijioan babestu nahi zuen, eta, Kalpurnio arrano eramaleak azken erasoa geratu ez balu, etsai artean ere arraroa zena gertatuko zen: erromatar herriaren legatuak, erromatar kanpamentuan, jainkoen aldareak bere odolez zikintzea. Azkenean, egun argiz, buruzagi, soldadu eta ekintza bereiz zitekeenean, Germaniko kanpamentuan sartu eta, Planko bere aurrera eramateko agindurik, tribunalean hartzen du. Orduan, amorru fatal hura gaitzetsirik, eta, soldaduen ez, baina jainkoen haserrea berritu zela esanik, legatuak zertara etorri ziren agertzen die; elokuentziaz deitoratzen du legazioaren eskumen-haustea eta Plankok jasaniko laido larri eta merezigabea eta, aldi berean, legioari ezarritako desohore nabarmena, eta, jendetza lasai baino gehiago, zur utzirik, legatuak zaldieria auxiliarraren babespean bidaltzen ditu.

40.  Beldurraldi hartan, Germanikori denek gaitzesten diote zergatik ez doan goiko armadara, non diziplina eta matxinatuen aurkako errefortzuak badauden: okerrik nahikoa eta gehiegi egina ei zen, lizentziamendu, diru eta neurri bigunekin, eta, bere biziak ardura ez bazion, zergatik zeukan bere seme txikia, zergatik bere emazte haurduna, zoro eta giza eskubide ororen bortxatzaile haien artean? Haiek, behintzat, bihur zitzala aititarenera eta errepublikara. Zalantza luzea izan zuen, emazteak uko egiten baitzion joateari, Augusto jainkozkoaren ondorengoa zela eta arriskuan ez zuela doilor jokatuko protestatuz. Azkenik, haren bularra eta bien umea negarrez besarkaturik, joan zedin konbentzitu zuen. Han zihoan emakumeen segizio tristea: jeneralaren emaztea iheslari, besoetan haur txikia zeramala; inguruan, lagunen emazteak, bidaia bera eginarazten zitzaienak; eta gelditzen zirenen tristura ez zen txikiagoa.

41.  Ez zen hura Zesar arrakastatsu, bere kanpamentuan zegoenaren irudia, hiri menperatuarena baizik; hasperenek eta lantuek soldaduen begi-belarriak ere erakarri zituzten. Dendetatik irteten dira. Zer zen iskanbila penagarri hura? Zer hain gertaera triste hura? Emakume gurenak, zenturioi bat ere babesle ez zutela, soldadurik ere ez, enperadorearen emazteari zegokion ezer gabe, ohiko eskolta gabe, trebiroen lurrerantz zihoazen, arrotzen leialtasun bila. Orduan, lotsatzen eta errukitzen hasi ziren, eta gogoratzen Agripa aita, Augusto aitita, Druso aitaginarreba; Agripinaren beraren ugalkortasun ospetsua, kastitate distiratsua; kanpamentuan jaiotako haurra, legioen adiskidantzan hazia, Kaligula izena jarri ziotena, ia beti oinetako horixe janzten baitzioten, soldaduen begiko izatearren. Baina gogo aldatze hura ezerk ez zuen gehiago eragin, trebiroen aurkako bekaitzak baino. Erreguka aurrean jartzen zaizkio, itzultzeko eskatuz, geratzeko, batzuek Agripina inguratuz, gehienak Germanikoren ondora itzuliz. Eta hau, bere samin eta haserre oraindik berriekin, honela mintzatu zitzaien ingurukoei:

42.  «Emaztea eta semea ez ditut maiteago aita eta errepublika baino; baina aita, jakina, bere maiestateak defendatuko du, eta erromatar inperioa gainerako armadek. Neure emaztea eta umeak, heriotzara zuengatik pozik eskainiko nituzkeenak, zorakeria honetatik urrundu egin nahi ditut orain, dena delako krimenez mehatxatzen nautela ere, neure odol hutsez espiatua izan dadin, eta Augustoren birbilobaren heriotzak eta Tiberioren errainaren hilketak errudunago egin ez zaitzaten. Zeren zertara ez zarete ausartu eta zer ez duzue bortxatu, egun hauetan zehar? Zer izen eman behar diot bilera honi? Soldadu deitu behar al diet, armaz eta lubakiz, zeuen enperadorearen semea setiatu duzuenoi? Edo hiritar, senatuaren aginpidea horrela ostikopetu duzuenoi? Etsaiari zor zaion eskubidea eta legazioaren izaera sakratua eta jendeen zuzenbidea ere hautsi duzue. Julio jainkozkoak armadaren sedizio bat hitz bakarrez baretu zuen, Erromako Hiritar deituz berari eginiko zina ezetsi zutenei; Augusto jainkozkoak begirada eta presentzia hutsez dardarazi zituen Akzioko legioak. Gu, berberak izan ez arren, eurengandik gatozenok, Hispanian edo Sirian jaiotako soldaduek isekatuko bagintuzte, harrigarria eta laidogarria litzateke. Zuek, lehen-bigarren legiook, bata banderak Tiberiorengandik hartu zituena, bestea haren kide hainbeste gatazkatan, hainbeste sari hartua: a zer esker bikaina erakusten diozuen zeuen buruzagiari! Berri hau eroan behar al diot beste probintzietatik dena ona entzuten duen aitari? Haren erreklutak, haren beteranoak, ez dituela ez lizentziamenduak, ez diruak asetu. Hementxe bakarrik dituztela zenturioiak hiltzen, tribunoak egozten, legatuak ziegaratzen, kanpamentuak eta ibaiak odoleztatzen; eta nik neure arima prekarioa etsai artean arrastatzen dudala.

43.  Zergatik, bada, lehenengo bilera egun hartan, neure bularrean sartzera nindoan burdina hura atzeratu zenuten, lagun sengabeok? Hobe eta maitakorrago nuen ezpata eskaintzen zidana. Neure armadaren hainbeste krimenen jakitun ez nintzen jausiko, behintzat; buruzagi bat hautatuko zenuten, nire heriotza zigor gabe utziko zuena, noski, baina Baro eta hiru legioena, gutxienez, mendekatuko zuena. Jainkoek ez bezate utz belgikarrek, euren burua aurrenen eskaini dutenek, erromatar izena sorosteko ohore eta aintza hori lor dezaten, Germaniako herriak menperatuz. Zeruan hartua izan den zure espirituak, Augusto jainkozko, zure irudiak, zure oroimenak, Druso aita, zeuenak izan ziren eta, dagoeneko, ohore eta aintzaren senera itzultzen ari diren soldaduokin batera, garbi bezate orban hau, eta haserre zibilak bihur bitez etsaien hondamen. Eta zuek ere, zeintzuongan orain beste aurpegi, beste bihotz batzuk ikusten ditudan, senatuari bere legatuak, enperadoreari menpetasuna, niri emaztea eta semea itzultzen badizkiguzue, bana eta bereiz zaitezte nahasleengandik: horixe dukezue damuaren berme, leialtasunaren lokarri».

44.  Hitz haiei erantzunez eta agirakak bidezkoak zirela aitortuz, errudunak zigortzeko eskatzen zioten, bidegalduei barkatzeko eta etsaiaren aurka gidatzeko; emaztea itzularazteko, legioek hazitako mutiko hura ekartzeko eta ez uzteko galoen bahi. Agripiniarena haurgintza hurbilaz eta neguaz desenkusatu zuen; semea etorriko zen; gainerakoa euren esku geratzen zen. Transformaturik, banatzen dira eta sediziosoenak katez loturik dakartzate lehen legioaren legatu Gaio Zetronioren aurrera, zeinak, hala, epaitu eta bakoitzari zigorrak ezarri zizkion. Legioak bileran formaturik zeuden, ezpatak zorrotik kanpora; tribunoak salatua oholtzatik erakusten zuen; erruduna zela oihu egiten bazuten, eraitsi eta bertan lepamozten zuten. Eta soldaduak pozik exekuzioekin, euren burua absolbituko balute legez; Zesarrek ez zuen parte hartzen; horrela, berak inolako agindurik ez ematean, ekintzaren ankerkeria eta hartatiko gorrotoa euren kontua izango zen. Etsenpluari jarrai, handik laster, beteranoak Reziara bildatzen dituzte, esatez, probintzia sueboen mehatxutik defendatzera, baina, izatez, kanpamentutik urruntzeko, oraindik basakeriak joa berau, ez gutxiago erremedioaren latzagatik, krimenaren gomutagatik baino. Gero zenturioienaz jardun zuen. Jeneralak banan-banan deiturik, bakoitzak jakinarazi behar zuen bere izena, saila, aberria, zerbitzu urteak, nolako ekintza armazkoak zituen burutuak eta nolako sariak jasoak. Tribunoek eta legioak haren gaitasuna eta zintzotasuna baieztatzen bazuten, graduari eusten zion; aho batez, gutiziaz eta ankerkeriaz salatzen bazuten, miliziatik kanporatzen zuten.

45.  Unea horrela konpondurik, ez zen lan txikiagoa geratzen, hirurogei miliatara, Betera izeneko lekuan hibernatzen zuten bosgarren eta hogeita batgarren legioen jarrera setatia zela eta. Eurak hasi ziren lehenen sedizioan; krimenik lazgarrienak euren eskuz burutu zituzten, eta haien sumina ez zuen baretzen ez miliziakideen zigorrak, ez haien damuaren etsenpluak. Zesarrek, beraz, Rhinen behera abiatzen du armada, flota eta aliatuak, bere agintea zapuzten bazuten, gerraz ezartzeko asmoz.

46.  Erroman, ostera, Ilirikoko matxinadaren azkenik jakin gabe, eta Germaniako legioen berri entzunik, hiri beldurtuak Tiberiori salatzen zion ezen, senatuaz eta herriaz, armagabeak eta ahalgeak eurok, zalantza gezurrezkoekin burlatzen zen bitartean, soldaduak lotsagabetzen ari zirela, mutiko biren aginpide heldugabeak ezin menperatuz. Berak joana izan behar ei zuen, maiestate inperiala matxinatuei ezartzera, zeintzuek, hain esperientzia luzeko eta, aldi berean, zorroztasunaren eta eskuzabaltasunaren gailur zen printzea ikusiz batera, amore emango baitzuten. Ez al zuen, bada, Augustok, adinak okiturik, hainbeste aldiz joaterik izan Germaniara? Tiberio sasoikoak, ostera, senatuan eserita egon behar al zuen, senadoreak berbaz nahasten? Hiriaren mentasunari nahikoa ekin zitzaion; bazen garaia soldaduen gogoak baretzeko, bakea onartzera makur zitezen.

47.  Jardun haien aurrean, Tiberiok mugigaitz eta finko eutsi zion hiriburua ez abandonatzeko, eta ez bere burua, ez errepublika airean ez uzteko asmoari. Ardura asko eta larriak zeuzkan, noski: Germaniako armada indartsuagoa zen; Panoniakoa hurrago zegoen; hura Galietako ondasunek babesturik zegoen; honek Italia mehatxatzen zuen; zein zen aurrenen? Atzerago utziak mindu egingo ziren. Semeen bitartez bisitatuz, ostera, aldi berean, maiestatea salbatzen zuen, zeinaren errespetua urrunago eta handiago den. Gainera, mutilei onartuko zitzaien zenbait kontu aitari bidaltzea, eta, Germanikori edo Drusori aurre egiten bazioten, berak bigun edo hauts zitzakeen. Baina zer baliabide zeukan, enperadorea bera arbuiatzen bazuten? Hala ere, une batetik bestera abiatu behar balu bezala, laguntzaileak hautatu zituen, ekipajea hornitu, ontziak prestatu. Gero, negua zela, zereginak zirela, lehenik zuhurrak, gero herria eta, luzaroan, probintziak engainatu zituen.

48.  Baina Germanikok, bere armada bildurik eta matxinatuentzako zigorra gertu zeukan arren, oraintsuko etsenplutik, euren onerako gogoeta egiteko epea eman behar zitzaiela pentsaturik, aurretik gutun bat bidaltzen dio Zezinari, indar-olde sendoz datorrela iragarriz, eta, gaiztoak eurek azkar zigortzen ez badituzte, hilketa indiskriminatua eragingo duela. Zezinak isilean irakurtzen die arrano eta bandera-eramaleei, eta kanpamentuan zintzo iraun zutenei, denak infamiatik eta euren buruak heriotzatik libra ditzaten aldarrikatuz: «Bakean, arrazoiak eta merituak aintzat hartzen dira; gerra abiatzean, berriz, errudunak eta errugabeak batera jausten dira». Haiek, egokientzat zeuzkatenak tentatu ondoren, legionariorik gehienak menkor ikusi dituztenean, legatuaren planari jarraituz ordu bat jartzen dute okerrenei eta sediziozaleenei ezpataz erasotzeko. Orduan, seinale jakin batez, dendetara oldartu eta ezustean lepamozten dituzte, planpekoez bestek ez zekielarik nolakoa izango zen hilketaren hasiera, nolakoa amaiera.

49.  Izan diren gerra zibil guztietarik oso beste itxura bat izan zuen hark. Borroka gabe, kontrako kanpamentutik barik, ohe beretatik abiaturik, egunak batera jaten, gauak batera lo egiten ikusi zituenek bandoetan banatu eta elkarri armaz erasotzen diote; kanpoan, harrabotsa, zauriak, odola, zergatia ezkutuan dira; gainerakoa zoriaren mende. Onak ere hil ziren batzuk, gaiztoek ere, nori erasotzen zitzaion oharturik, armak hartu zituztenean. Ez legaturik, ez tribunorik ez zen agertu baretzaile: populuari nahi zuena egiten eta nahi beste mendekatzen utzi zitzaion. Gero Germanikok, kanpamentuan sartzean, malko ugariz esan zuen hura ez zela erremedioa, hondamena baizik, eta hilotzak erretzeko agindu zuen. Orduan, haien gogo oraindik sutuetan, etsaiaren aurka jotzeko irrika sartu zen; ez ei zegoen soldadukideen arimak baketzeko beste biderik, euren bular inpioetan zauri ohoragarriak hartzea baino. Zesar soldaduen berotasunera batzen da eta, zubi bat eginik, hamabi mila legionario bestalderatzen ditu, eta hogeita sei kohorte aliatu eta zortzi zaldun eskuadroi, sedizioan disziplinarik hautsi ez zutenak.

50.  Germaniarrak pozik eta ez urrun agitatzen ziren, gureak, Augustoren heriotzaren doluz, gero matxinadengatik, geldi zeuden bitartean. Baina erromatarrek, martxa bizkorrean, Zesiako oihana eta Tiberiok jasotako hesia mozten dute; kanpamendua mugan ezartzen dute, atze-aurreak lubakiz eta alboak enborrez babesturik. Gero, baso ilunetan barrura, bide bietarik laburren eta ohikoenari ala zailen eta ohigabeenari eta, beraz, etsaiak gutxien jagonari jarraitu eztabaidatzen dute. Biderik luzeena hautatzen dute, baina martxa azkartzen, esploratzaileek iragarri baitzuten gau hura germaniarrentzat jaia zela eta oturuntza handiekin ospatuko zutela. Zezinari aurretik joateko eta oihana zeharkatzeko oztopoak garbitzeko agintzen zaio; legioek atzeratxoagotik jarraitzen dute. Zeru izarratua lagun izan zuten; marsoen auzoetara iritsi eta posizioz inguratu zituzten, haiek ohean etzanik eta mahaietan zeuden bitartean, ezeren beldurrik gabe, zaintzaile aurreraturik gabe, hain bertan behera dena, arduragabekeriaz. Ez zeukaten gerra beldurrik, baina bakea ere ez zen mozkorren arteko laxotasun nagi hura.

51.  Zesarrek legio irrikatsuak lau ziritan kokatu zituen, txikizioa zabalagoa izan zedin; berrogeita hamar miliako lurraldea ezpataz eta suz errausten du. Ez sexua, ez adina izan ziren erruki bide; eraikin zibilak zein sakratuak, eta, jende haien artean, txit ospetsua zen Tanfana izeneko tenplua ere, hausturik gelditu ziren. Soldaduek ez zuten inolako zauririk izan, etsai erdilo, armagabe eta alderrai haiek akabatzeko. Sarraski hark brukteroak, tubanteak eta usipeteak sutu zituen, armadak itzuli behar zuen haitzarteetan kokatzen zirela. Hori jakinik, jenerala biderako eta borrokarako prestatu zen. Aurretik, zalduneria zati bat eta kohorte aliatuak zihoazen, gero lehenengo legioa, eta, ekipajeak bide erdian utzirik, hogeita batgarrenak ezker alboa eta bosgarrenak eskuinekoa ixten zituzten; hogeigarrenak atzea zaintzen zuen eta, ondoren, gainerako aliatuak zetozen. Etsaiek, geldi, zutabeak haitzartean aurrera egiten zuten bitartean, gero alboak eta aurrealdeak apur bat xaxatuz, atzealdeari indar osoz eraso zioten eta kohorte xumeak desegin egiten ziren gemaniar saldo trinkoen aurrez; orduan, Zesar, hogeigarrenenkoengana iritsirik, oihuka hasi zitzaien, huraxe zela unea sedizioaren orbana garbitzeko; jotzeko aurrera, ibiltzeko azkar, errua ohore bihurtzen. Gogoek su hartu zuten eta, oldarraldi bakarrean, etsaia aurrean hartu, zabalgunera eraman eta bertan akabatzen dute. Aldi berean, aurreko tropek oihanetik irten eta kanpamentua gotortzen dute. Aurrerantzean, bidea lasaia da eta soldaduak, oraingoaz harro eta lehengoaz ahazturik, neguko kuarteletan kokatzen dira.

52.  Gertaera haien berriak Tiberiorengan poza eta kezka sortu zuten: pozten zen sedizioa zapaldu izanaz, baina Germanikok soldaduen ederra diru sariz eta lizentziamenduak aurreratuz irabazi izanak eta haren aintza militarrak ardura ematen zioten. Dena dela, haren balentrien berri eman eta haren kemenaren gorespen handiak egin zituen senatuan, hitz apaindu eta hanpatuegiz, benetan sentitzen zuela sinesteko. Druso eta Ilirikoko altxamendua laburkiago goretsi zituen, hitz bero eta egiazkoagoz baina. Germanikok egindako emaitza guztiak mantendu zituen panoniar armadentzat ere.

53.  Urte berean, Juliaren heriotza gertatu zen, zeina Augusto aitak aspaldi barruratu zuen inpuduziagatik, Pandateria irlan, eta gero, Reggio hirian, Siziliako itsasartean. Gaio eta Luzio Zesarren loraldian, Tiberiorekin ezkondurik egon zen, honek maila beheragokotzat zapuztu arte; hauxe izan zen Tiberio Rodasera bazter zedin arrazoirik sakonena. Inperioaz jabetu zenean, hura zokoraturik eta desohoraturik eta, Agripa Postumo hildakoan, itxaropen oroz gabeturik, lazerian eta gose luzean hiltzen utzi zion, haren heriotza, atzerriaren urrunagatik, ilunpean geldituko zela pentsaturik. Antzeko gogorkeria egin zion Senpronio Grakori ere, goi familiakoa berau, buru argikoa eta gaiztoki etorritsua, Julia bera seduzitu zuena, Marko Agriparekin ezkondurik zegoela. Eta haren grina ez zen horretan amaitu, zeren, Tiberiori emana izan zenean ere, adultero maltzur hark Juliarengan senarrarenganako muzina eta gorrotoa pizten jarraitu baitzuen. Juliak Augusto aitari Tiberioren aurkako salaketaz bidalitako gutun bat Grakok idatzia zela uste zen. Hala, Afrika itsasoko Zerzina irlara bazterturik, hamalau urteko erbestea jasan zuen. Orduan, hura hiltzera bidalitako soldaduek itsasertzeko tontor batean aurkitu zuten; ez zuten gauza onik itxaroten. Haiek iristean, denbora apur bat eskatu zuen, gutun batez, Aliaria emazteari azken gogoa igortzeko, eta gero lepoa eskaini zien borreroei. Heriotzarekiko tinkotasunean, ez zuen Senpronio izenaren ezduin jokatu, baina bizitzan endekatua izan zen. Batzuek diote soldaduok ez zirela Erromak, baizik Afrikako prokontsul Luzio Asprenatek bidaliak izan, Tiberiok xaxaturik, zeinak alferrik uste zuen heriotza haren erantzukizuna Asprenateri leporatuko ziotela.

54.  Urte hark kultu berriak ere ekarri zituen, kofrade augustoarrei abadegoa erantsiz, behinola, Tito Taziok, errito sabinoei eusteko, tizioena sortu zuen moduan. Hiriko hogeita bat gizon goren zotzera hautatu zituzten, eta Tiberio eta Druso eta Klaudio eta Germaniko gehitu zituzten. Lehenengoz orduantxe abiatu zituzten joko augustoarrak histrioien lehiatik harako haserreak nahasi zituen. Augustok zabalkor jokatu zuen ikuskizun mota harekin, Batilorekin xarmaturik zegoen Mezenasi atsegin emanez, eta berak ere ez zituen jarduera horiek gorroto, populuaren dibertsioetan nahastea zer politikotzat jorik. Tiberiok beste jarrera bat zeukan; baina, herria hainbeste urtetan bigunki tratatua izan ondoren, oraindik ez zen ausartzen gogorrerantz tiratzen.

55.  Druso Zesarren eta Gaio Norbanoren kontsulaldian, Germanikori garaipena aitortzen zaio, gerrak iraun arren. Baliabide guztiekiko kanpaina udarako prestatzen ari zela, bat-batean, udaberriaren hastapenera aurreratu zuen, katoei erasoz. Izan ere, etsaia Arminioren eta Segestesen artean zatituko zen itxaropena sortu zitzaion, biak ere nabarmenak, gureganako saldukeriaz edo leialtasunez. Arminio germaniarrak nahasten ari zen beti; Segestesek, berriz, beste hainbat alditan legez, ondoren gatazka abiatuko zen azken oturuntza hartan, erreboltarako prestakuntzen berri eman zion Barori, baita aholkua ere, bera eta Arminio eta beste gorenak atxilo zitzan: herria ez ei zen ezertan ausartuko, printzeak kendu arren, eta, hala, berak ere errudunak eta errugabeak bereizteko modua izango ei zuen. Baina Baro patuaren eta Arminioren indarpean jausi zen; Segestesek, herriaren kontsentsuak gerrara arrastatu arren, desakort zirauen, bere gorroto pertsonala handiturik, Arminiok beste bati aginduta zegoen alaba bahitu baitzion; aitaginarreba etsaiaren gorrotozko suhi, ondo konpontzen direnen artean, maitasun lokarri dena, haien artean, gorrotoaren pizgarri zen.

56.  Hala, bada, Germanikok lau legio, bost mila laguntzaile eta Rhinez honantz bizi ziren germaniarren kontingente irregularrak Zezinari uzten dizkio; berak, beste hainbeste legioren eta doble aliaturen buru, eta, bere aitak Tauno mendian ezarritako postuaren hondakin gainean, gotorleku bat eraikirik, bere armada trabarik gabea katoen aurka oldartzen du, atzean Luzio Apronio bideen eta ibaibideen arduradun utzirik. Izan ere, klima hartan arraroa bazen ere, lehorteak eta ibaien mehetasunak arazo gabeko ibilaldia errazago egin zuten, baina euriteak eta ibaigorak itzultzearen beldur ziren. Hain ezustean harrapatu zituen katoak, ezen, adinez edo sexuz, gauza ez zirenak aurkitutako lekuan bertan atxilotuak edo zehatuak izan baitziren. Gazteak Adrana ibaitik igerian bestalderatu ziren eta erromatarren zubi-ahaleginak ezerezten zituzten; gero, makinen eta gezien jaurtiketaz, atzera eragin zieten eta, bake negoziatuan alferrik saiatu ondoren, batzuk Germianikorengana pasatu ziren eta gainerakoak, auzo eta herriak bertan behera utzirik, oihanetan zehar sakabanatu ziren. Zesar, Mattiori, herri haren hiriburuari, su emanik eta inguru irekia suntsiturik, Rhinerantz okertu zen; etsaia ez zen ausartu erretiran zihoan armadaren atzealderik erasotzen, beldurragatik barik maltzurkeriagatik atzera egiten denean ohi denez. Keruskoek katoei laguntzeko gogoa izan zuten, baina Zezinak disuaditu zituen, armada hara-hona erabiliz; eta aurre egiten ausartu ziren marsoak borroka emankorrean uxatu zituen.

57.  Handik laster, Segestesen partez, legatuak iritsi ziren, inguraturik zeukan herriaren indarkeriaren aurka laguntasun eske; euren artean nagusitu zen Arminiok gerra aholkatzen zuen: barbaroentzat, izan ere, zenbat eta prestago eta ausartago izan, hainbat fidagarriagotzat eta erreboltan ahaltsuagotzat daukate. Segestesek legatuekin semea bidali zuen, Segismundo zeritzona, baina zalantzan zegoen, bere kontzientziagatik. Izan ere, Germaniarren altxamendu urtean, ubioen aldarean abade izendatua izanik, abade xingolak hautsi eta matxinoengana ihes egin zuen. Erromatar klementziaren itxaropenera erakarririk, ostera, aitaren aginduetara makurtu zen eta, onberaki harturik, galiar ibarrera bidalia izan zen eskoltarekin. Germanikok zutabeari eurt eragitea merezi zuela pentsatu zuen eta setiatzaileen aurka borrokatu zen, Segestes eta bere adiskide eta kliente andana handi bat askatzen zuela. Tartean, baziren andere gurenak, aldi berean, Arminioren emazte eta Segestesen alaba, esaterako; senarraren izaeratik gehiago zeukan, aitarenetik baino, eta ez negarrik, ez erregu hitzik ez zuen jaulki, eskuak soinekoaren tolespean gurutzaturik, sabel haurdunera begiratzen zuela. Baroren hondameneko mozkinak ere bazekartzaten, eta orduan euren burua entregatzen zuten gehienak harrapakinean partaide egin zituzten; Segestes bera ere bai, itxura itzelekoa eta izukaitza, elkartasun zintzoaren gomutaz.

58.  Segestes honela mintzatu zen: «Hau ez dut erromatar herriarekiko leialtasun segurraren lehen eguna. Augusto jainkozkoak hiritar egin ninduenetik, lagunak eta etsaiak zeuen komenentzian hautatu ditut, eta ez neure aberriaganako gorrotoz (traidoreak higuingarri baitira ongarri zaizkienentzat ere), baizik defendatzen nuelako erromatarren eta germaniarren interesa bat bera dela, eta bakearen eta ez gerarren alde nengoelako. Horregatik, Arminio, gure alabaren bahitzailea, zuen aliantzaren hauslea, orduan zuen armadaburu zen Baroren aurrean salatu nuen. Buruzagi hark luzapenak eman zizkidan utzikeriaz, eta, legeetan babes urria bainekusen, otoika eskatu nion neu eta Arminio eta konplizeak atxilo zitzan. Gau huraxe da lekuko, eta hobe niretzat bera azkena izan balitz! Ondoren etorri zena deitoratzeko hobea da, defendatzeko baino. Gainerakoan, Arminiori neuk kateak ezarri ez ezik, haren fakzioak neuri ezarriak jasan behar izan nituen. Eta zurekin lehenengoz aurkitzen naizen honetan, lehengoa oraingoaren, bakea nahasmenaren aurrean jartzen dut; eta ez sari itxaropenez, saldukeriaren salapenetik absolbitua izan nadin baizik, eta, aldi berean, germaniar herriaren adiskidetzaile egoki gisan, damua galmena baino nahiago baduzu. Barkamena eskatzen dut nire semearen okerkeria gazteagatik; alabari buruz, aitor dizut bortxaz ekarria izan dela hona. Zeure kontua izango da zein den behinago, Arminiorekin umea izana ala neure umea izana». Zesarrek, erantzun bihozberaz, seme-alaben eta ahaideen indemnitatea bermatzen dio, eta berari egoitza bat, antzinako probintzia batean. Armadarekin itzuli zen eta, Tiberioren mozioz, enperadore titulua hartu zuen. Arminioren emazteak mutiltxo bat izan zuen; Ravennan hazi zuten haurra eta gero zenbateraino bihurtu zen zoriaren jostailu, aurrerago kontatuko dut.

59.  Segestesen entreguaren eta egin zitzaion harrera onaren berri zabaltzean, itxaropenez edo saminez hartzen dute, bakoitza gerraren aurkako ala aldeko izan. Arminio, berezko izaera gogorraz gainera, emaztearen bahiketaz, emaztearen sabel-fruitu joputzara behartuaz, zoraturik zebilen, keruskoen artean eten gabe hara-hona, Segestesen eta Zesarren aurkako gerrara harengatuz. Ez zuen irainik aurrezten: «Aita entzutetsua, jeneral handia, armada bortitza, hainbeste esku, andre gajo bat eramateko!». Bere aurrean, hiru legio eta beste hainbeste legatu jausi ei ziren, ez baitzuen gerrarik traizioz egiten, ez emakume haurdunen aurka, aurrez aurre eta gizon armatuen aurka baizik. Han zeuden oraindik bistan, germaniarren oihan santuetan, erromatarren banderak zintzilik, aberri jainkoentzako opari. Bizi zedila Segestes ibar menperatuan, itzul ziezaiola bere semeari giza abadego hura; germaniarrek inoiz ezingo zuten behar beste barkatu makilak, aizkorak eta toga Elba eta Rhin artean ikusi izana. Beste jendeek, erromatar herria ez ezagutzearren, ez zuten haien supliziorik ezagutzen, ez zekiten zergen berri; eurek, ostera, gainetik kendu zituztenez gero, eta jainkoen artean gurturiko Augustok, berak hautaturiko Tiberiok, ezer lortu gabe alde egin behar izan zutenez gero, ez zioten beldurrik izan behar mutiko inperitoari, ez sediziosoen armadari. Jaun haiek eta kolonia berriak baino aberria, arbasoak, antzinako gauzak nahiago bazituzten, aintzaren eta askatasunaren buruzagi Arminiori jarraitu behar zioten, Segestes morrontza lotsagarriaren buruari barik.

60.  Harenga haiek, keruskoak ez ezik, herri mugakideak ere astindu zituzten eta, erromatarren aurrean, antzinatik errespetua zeukan osaba Ingiomero ere Arminioren alderdira igaro zen, honek Zesarren beldurra areagotzen zuela. Indar guztiak gune bakarrean baturik gerra ez hastearren, Zezina, berrogei kohorte erromatarrekin eta etsaia distraitzera, brukteroen lurretik bidaltzen du, Amisia ibairantz; Pedon prefektuak zaldieria frisioen mugetara darama. Berak, berriz, lau legio eraman zituen ontziz lakuetan zeha, eta, hala, esandako ibaiaren ondoan, oinezkoak, zaldiak eta ontziak bildu ziren. Tropa aliatuak eskaini zituzten kaukoak aliatutzat hartu zituzten. Brukteroak, ondasunak erretzen zihardutela, Germanikok tropa arin batekin bidalitako Luzio Estertiniok desegin zituen eta, sarraski eta harrapaketa betean, Barok galdutako hemeretzigarren legioko arranoa aurkitu zuen. Ondoren, zutabeak brukteroen mutur mugaraino jo zuen eta Amisia eta Lupia arteko lurralde guztia suntsitu zuten, Teutoburgotik ez urrun, non Baroren eta bere legioen gorpuzkinak ehortzirik ei zeuden.

61.  Horregatik, Zesarri soldadu haiei eta buruzagiari azken ohorea eskaintzeko gogoa sortu zitzaion; hango militar guztiak bihozberatzen ziren, ahaide, lagun, hitz batez, gerraren zorigaitz eta giza zorian pentsatzean. Oihanen alde ezkutuak esploratzera eta, zingiretako zoru heze eta badaezpadakoen gainean, zubiak eta lubetak eraikitzera, Zezina aurretik bidali ondoren, itxura eta gomuta zantarreko leku triste haietan barnatzen dira. Baroren lehen kanpamentuak, barrutiaren handitik eta agintegunearen neurrietatik, hiru legioen lana erakusten zuen. Gero ikusten zen armadaren hondakinak erdi eraitsita zegoen gotorlekuan zokotu zirela, sakonera txikiko lubaki batekin. Lautada erdian, hezur zuriskak, sakabanaturik edo piloan, ihesean ala eusten jausi ziren kontu. Ondoan, arma zatiak eta zaldi hezurrak zeutzan, baita zuhaitz enborretan jositako buruak ere. Baso hurbiletan, barbaroen aldareak zeuden, zeintzuen aurrean tribunoak eta lehen mailetako zenturioiak sakrifikatu zituzten. Eta triskantza hartatiko bizirauleek, borrokatik edo gatibutzatik ihes egin zutenek, kontatzen zuten nola hemen legatuak jausi ziren eta hor arranoak kendu zizkieten; Barok non hartu zuen lehen zauria, non eskuin kolpe zorigaitzeko batez heriotza aurkitu zuen; zein tribunatan egin zuen Arminiok harenga, zenbat ziren gatibuentzako urkabeak, zeintzuk zuloak, eta nola harropuztu ziren banderak eta arranoak laidotuz.

62.  Hala, hondamenetik sei urtera iritsi zen erromatar armadak hiru legioen hezurrak ehorzten zituen; inork ez zekien arrotzen ala eurenen hondakinak ziren, baina denak hurbilak, odolekoak bailiran ari ziren, etsaiarenganako amorrua areagotuz eta, aldi berean, tristerik eta gorrotoz beterik. Hilobia jasotzeko lehen zohia Zesarrek ipini zuen, hilekiko esker onaren aitormenez eta ingurukoen saminkide. Hori ez zitzaion Tiberiori ondo begitandu, bai Germianikoren dena txartzat jotzen zuelako, bai uste zuelako gizon hil eta ehortzigabe haien ikuspenak armadaren gogoa kikildu egingo zuela borrokarako, eta hain etsai beldurgarriaren aurrean, eta augurioz eta erritorik zaharrenez jantzitako jeneralak ez zuela hileta gaietan eskurik ezarri behar.

63.  Baina Germanikok, leku ibilgaitzetatik sartu zen Arminio jazarririk eta, aukerarik izan zueneko, zaldieria oldartzeko eta etsaia kokaturik zegoen lautada kentzeko agindu zuen. Arminiok, bereei atzera egiteko eta oihanetara hurbiltzeko aholkatu ondoren, berehala eurt eragin zien; jarraian, sastraketan ezkutaturik utzi zituenei erasotzeko agindu zien. Multzo berri honen aurrean, zaldieria izutu zen eta harantz bidalitako kohorte laguntzaileek, ihesi zetorren uholak aurrean harturik, nahasmena gehitu zuten; garaileak ezagun zuten eta, ezagutzen ez zutenentzat, galgarria zen zingirara zuzen arrastatuak izango ziren, Zesarrek legio hedatuei aurrera eragin ez balie. Horrek etsaiengan izua, soldaduengan konfiantza ekarri zuen; horrek banakuntza eta gatazka airean uztea ekarri zuen. Gero, armada Amisiara itzularazi zuen eta, legioak, flotan, eraman bezala ekarri zituen. Zaldieriaren zati bati, ozeanoaren ertzetik, Rhinera iristeko agindu zitzaion; bere armada zeraman Zezinari agindu zitzaion, bide ezagunetatik itzuliz bazen ere, lehenbailehen igaro zedila zubi luzeetara. Hau zingiria arteko tarte mehar bat zen, Luzio Domiziok aspaldi eraikia. Gainerakoak lokaztiak ziren, batzuk gogorrak lokatz trinkoz, beste batzuk ez segurrak errekengatik; inguruan malda leuneko oihanak zeuden, orduan Arminiok tropaz bete zituenak, ekipajeaz eta armaz kargaturiko armadari, lasterbideetatik eta azkar, aurrea harturik. Zezinak, nola, aldi berean, denborak apurtutako zubiak berregin eta etsaia jagon zalantzan, kanpamentu bat bertan eraikitzea erabaki zuen, batzuk lanean eta besteak borrokan has zitezen.

64.  Barbaroek, defentsak hautsi eta langileen gainera oldartzeko ahaleginean, xaxatzen, inguratzen, behin eta berriz erasotzen diete. Paladunen eta armadunen harrabotsa nahasten da. Eta dena batera erromatarren aurka jartzen da: zingira sakoneko lekua, biguna, zapaltzeko, eta labaina, aurrera egiteko; soldaduek, euren lorigekin eta uretan, ezin zuten azkonik jaurti ere. Keruskoak, ostera, zingiretan borrokan ohituak zeuden, altuak ziren, eta, euren lantza luzez, urrundik ere zauri zezaketen. Azkenik, borroka galgarri hartatik gauak libratu zituen legioak, amore ematen hasita zeudenak. Germaniarrek, nekagaitz arrakastarekin, atsedenik ere ez zuten hartu, eta goietatik zetozen ur guztiak behealde hartarantz bideratu zituzten; eginda zeuzkaten lanak hondatzeak edo eraisteak nekea areagotu egin zuen. Zezina, bai menpeko, bai agintari, berrogei urte zerbitzuan zeramatzanez, eta aldeko eta aurkako zoriaren berri bazekienez gero, ez zen izutu. Hala, zer egingo pentsaketan, ez zuen aurkitu etsaiari oihanetan eusteaz beste biderik, zaurituek eta zutabearen parterik astunenak aurrea hartzen zuten bitartean. Izan ere, mendiaren eta zingiraren artean, bazen hedatze bizkor bat burutzeko moduko lautada bat. Eskuin hegalerako, bosgarren legioa eta, ezkerrerako, hogeita batgarrena hautaturik, lehenengokoak buru joango ziren eta hogeigarrenekoak jazarleei aurre egin.

65.  Gaua urduria izan zen, motibo ezberdinez. Barbaroek, jai-otorduei emanik, kantu alaiz eta oihu basatiz betetzen zituzten harana eta mendi durundigileak; erromatarren aldean, su ahulak, abots etenak, eta eurak hara-hona hesi kontran, edo denda artean alderrai, zaintzaile baino gehiago, loa galdurik. Eta jenerala amets lazgarriak izutu zuen: Kintilio Baro, odoleztaturik, zingiratik irteten ikusi eta entzun uste zuen berari deika bezala, baina ez zion jaramonik egin eta luzatzen zion eskua ukatu egin zion. Eguna argitzean, hegaletara bidalitako legioek, beldurrez edo errebeldiaz, lekutik alde eta zingirez handiko zelaia azkar hartu zuten. Arminio, erasorako aukera garbia izan arren, ez zen berehala oldartu; ostera, ekipajeak basatzan eta zuloetan ataskatu zirenean, inguruan lerroak nahastu zirenean, banderak jada lekuan ez zeudenean, bakoitzak bere burua besterik ikusten ez eta aginduetarako belarri geldoak dituen une horretan, germaniarrei jotzeko agintzen die, oihuka: «Hona hemen Baro eta legioak, zori beraren mende berriz!». Aldi berean, gizon hautatuek lagundurik, zutabea mozten du, zaldiak, batez ere, zaurituz. Hauek, euren odolean eta lokatzean labainka eta zaldunak jaurtirik, bidean aurkitzen dituztenak sakabanatzen eta eroriak zapaltzen dituzte. Borrokaren latzena arranoen inguruan izan zen, jaurti-armen zaparradaren aurka eramaterik, ez lokatz-lurrean sartzerik ez baitzegoen. Zezina, formazioari eusten saiatzen zela, zaldi zauritutik jausi zen, eta bertan inguratuko zuten, lehen legioak defendatu ez balu. Etsaiaren gutizia lagun izan zuen, sarraskiari utzita, harrapakin bila jo baitzuen; iluntzerako, legioek eremu irekian eta sendoan kokatzea lortu zuten. Baina ez zen hori ezbeharren azkena izan: oholesia jaso behar zen, lubeta egin, zulatzeko eta sokilak iraultzeko tresneriarik gehiena galdua zela; ez zegoen dendarik tropentzat, ez sendagairik zaurituentzat; janari lokaztuak edo odoleztatuak banatuz, deitoratzen zuten ilunpe zital eta milaka gizonentzat azkena izango zela uste zuten eguna.

66.  Hartan, zaldi batek, uhalak hautsirik, lasterka eroan eta oihuek izuturik, bidean aurkitu zuen hainbat gizon zapaldu zuen. Horrek, germaniarren erasoa zelakoan, halako asaldua eragin zuen, ezen ateetarantz oldartu baitziren, batez ere, etsaiaren aldera ematen zuen eta iheserako segurragoa zen dekumanora. Zezinak, alarma gezurrezkoa zela oharturik, ez zuen lortu, ez aginduz, ez erreguz, ezta bere eskuz ere, soldaduak gelditzerik eta eusterik, azkenean, atalasean etzan eta errukira jorik, legatuaren gorputz gainetik igaro behar baitzen, bidea itxi arte. Orduan, tribunoek eta zenturioiek izuaren gezurra ikusarazi zieten.

67.  Gero buruzagitzan batzen ditu eta, isilik entzuteko agindurik, uneko egoeraz eta premiaz aholkatzen ditu. Salbamen bakarra borrokan ei zegoen; baina ondo pentsaturiko planez egin behar zen, eta hesi barruan egon, etsaia erasotzera gehiago hurreratu arte; gero, alde guztietatik, kanpora oldartu eta, abornada horrekin, Rhineraino iritsi behar zen. Ihesari ematen bazioten, oihan gehiago, zingira sakonagoak eta etsaiaren amorrua besterik ez zegoen; irabazten bazuten, ostera, aintza eta ohorea. Aberriaren ondasunak eta ohore militarra gogoratzen dizkie. Ezbeharrik aipatu ere ez. Gero, bereetarik hasi eta legatuen eta tribunoenetara jarraituz, borrokaririk indartsuenei, inolako bereizmen gabe, zaldiak banatzen dizkie, hauek aurretik, oinezkoak ondoren, etsaiaren aurka oldar daitezen.

68.  Germaniarrak ez zebiltzan lasaiago, itxaropena, gutizia eta buruzagien iritzi ezberdintasuna zirela bide. Arminioren aholkua irteten uztekoa zen, gero, zoru heze eta zailean, berriro inguratzeko. Ingiomeroren proposamena bortitzagoa eta barbaroen begikoagoa zen: oholesia armaz inguratu, erasoa erraza izango baitzen, gatibuak gehiago, eta harrapakina ukitu gabe. Hala, egunsentian, zuloak betetzen hasten dira, koltzak jaurtitzen dituzte, hesi gainera igotzen dira, soldadu bakanek zaindua berau, beldurrak bertan josita bezala. Gotorleku gainean kokatu zirenean, kohorteei seinalea ematen zaie, korneta eta tuben hots bateratuz. Orduan, indarrez eta orroz, germaniarren ezpaten aurka oldartzen dira, oihu eginik han ez zegoela oihanik ez zingirarik, jainko berdinak zelai berdinean baizik. Gizon bakan erdi armagabeen hilketa erraza itxaroten zuten etsaiei tuben hotsak eta armen distirak, zenbat eta ustekabeago, hainbat nahasmen handiagoa eragin zien, eta jausten zihoazen, onean gogotsu bezain txarrean inozo. Arminiok, onik, eta Ingiomerok, larriki zauriturik, borrokatik hanka egin zuten; populuak sarraskiari ekin zion, gorrotoak eta egunak ematen zueno. Azkenik, legioak itzuli ziren gauez, zauri gehiagoz eta bezperako janari falta berberaz; baina, garaipenarekin, indarra, osasuna, dena eskuratu zuten.

69.  Bitartean, armada inguraturik zegoela eta germaniarren zutabe bat Galien aurka gerrara zihoala zabaldu zen, eta, Agripinak Rhin gurutzatzen zuen zubia moztea eragotzi ez balu, baziren, beldurrez, lotsagarrikeria hartara ausartuko zirenak. Baina gogo alimaleko emakume hark buruzagi ardura bere gain hartu zuen egun haietan eta, miserian eta zauripean zeuden soldaduen artean, jantziak eta erremedioak banatu zituen. Gaio Pliniok, Germaniako gerren historialariak, dio ezen, zubiaren sarreran zutik, bueltan zetozen legioei gorespenak eta esker hitzak zuzendu zizkiela. Horrek Tiberioren gogoa sakon jo zuen: ardura hura ez zitzaion bidezkoa iruditzen, ezta soldaduen gogoak arrotzen aurka erakar zitzan ere. Jeneralek ez ei zeukaten zereginik, emakume bat soldaduak errebistatzen, banderetara hurbiltzen, eskuzalbaltasunean saiatzen ari zenez gero; eta gero, modestia itxuran, jeneral baten semea soldadu jantzita eramaten zuen, eta Zesar bati Kaligula deitzen uzten zuen. Agripinak legatuek eta jeneralek eurek baino aginpide handiagoa izango ei zuen armaden aurrean; printzearen izenak ezer egiterik izan ez zuen sedizioa emakume batek menperatu ei zuen. Pentsakizun horiek Seianok pizten eta zorrozten zizkion, zeinak, Tiberioren barruaren jakitun luzerako gorrotoak ereiten baitzituen, handiturik argitaratzeko gordeko zituenak.

70.  Germanikok, ontzietan garraiatu zituen legioetarik bigarrena eta hamalaugarrena Publio Biteliori entregatu zizkion, lehorrez eramateko, flota, hala arindurik, itsaso ez hain sakonean hobeto nabiga edo urbeheran suabeago lehorrera zedin. Biteliok, martxaren lehen zatian, ez zuen eragozpenik izan zoru lehor edo mareagatik heze samarrean. Gero, akiloiaren bultzadak eta, aldi berean, ekinozioaren eraginak, non ozeanoa gehien hanpatzen den, zutabea jotzen eta desegiten zuten. Lurrak ureztatzen ziren: itsasoak, ibarrak eta zelaiak itxura bera zeukaten, eta ez zegoen lur finkoa zoru mugikorretik, ur azalak sakonetatik bereizterik. Olatuek eraisten dituzte, zurrunbiloek irensten; zaldiak, ekipajeak, hilotzak tartean flotatzen dira, bidea eragotziz. Manipuluak elkarrekin nahasten dira, behin paparreraino, behin ahoraino uretan, eta, aldizka, sakabanatzen eta hondatzen dira, oina galtzean. Ez aginte hotsek, ez elkarri ematen zioten animoak egin zezaketen ezer olatuen aurrean; ez zegoen alderik suharretik koldarrera, zuhurretik zentzugabera, pentsaketatik halabeharrera: biolentzia berak irensten zuen dena. Azkenean, Biteliok, goragune batera igorik, han biltzen du armada. Gaua hornidura gabe egin zuten, su gabe, gehienak biluzik edo gorputza zehaturik, ez gutxiago penagarri etsaiak inguraturik baleude baino; halakoan, izan ere, heriotza ohoragarriaren baliabidea zuketen, honela, ostera, aintza gabeko azkena zetorkien. Argiarekin, lehorra itzuli zen eta ibairaino iritsi ziren, norantz Zesar zuzendu baitzen flotarekin. Gero hondaturik gelditu zirela esan zen legio biak ontziratu ziren, eta haien salbamenik ez zen sinestu, Zesar armadarekin itzultzen ikusi arte.

71.  Estertiniok, entregatua zen Segestesen anaia Segimeroren bila bidali zutenak, ordurako, hura eta haren semea ubioen hirira eramanak zituen. Segimerori aisa barkatu zitzaion, nekezago semeari, Kintilio Baroren hilotza laidotu ei baitzuen. Gainerakoan, armadak jasandako okerrak erreparatzeko, Galiak, Hispaniak eta Italia lehiatu ziren, bakoitzaren ahalaren arabera, armak, zaldiak eta urrea eskaniz. Germanikok, fintasun hori goraipatu ondoren, armak eta gerra-zaldiak bakarrik hartu eta soldaduak bere diruz sorotsi zituen. Gainera, hondamenaren gomuta bihozberatasunez leundu guran, zaurituak bisitatzen eta bakoitzaren balentriak goraipatzen saiatzen zen; zauriak aztertuz, batzuk itxaropenez, beste batzuk aintzaz, denak bere hitzez eta arretaz, berarengana irabazten eta gerrarako sendotzen zituen.

72.  Urte hartan, Aulo Zezinari, Luzio Aproniori eta Gaio Siliori garaipen ikurrak eman zitzaizkien, Germanikorekin burutatako balentriengatik. Tiberiok uko egin zion herriak zenbait aldiz ezarri nahi izan zion Aberriaren Aita tituluari; gainera, senatuak hala erabaki izan arren, bere egintzengatik zin egin zedin debekatu zuen, argudiatuz hilkorren dena ez-ziurra zela, eta berak, zenbat eta gehiago eskuratu, porrot arrisku handiagoa izango zuela. Ez zuen, hala ere, izaera liberaleko osperik irabazten, maiestate legea berrezarri baitzuen, zeinak antzinakoen artean izen bera zeukan baina beste kontu batzuk epaitzen zituen: norbaitek armadari traizioz kalte egin ote zion, edo populuari sedizioz, edo, hitz batez, erromatar herriari, kargu publiko baten kudeatze txarrez; egintzak auziperatzen ziren, hitzak zigor gabe utzirik. Augusto izan zen lege horretara jo zuen lehenengoa, libelo iraingarriak epaitzeko, Kasio Seberoren lotsagabekeriaz haserreturik, zeinak jaun eta andere gurenak desfamatu baitzituen idazki lizunetan. Geroago Tiberiok, Ponperio Marko pretoreak galdetu zionean ea maiestate auziak bideratu behar ziren, erantzun zuen legeak erabili egin behar zirela. Bera ere sumindu zuten egile dudazkoek argitaraturiko kopla batzuek, bere ankerkeriari eta harrokeriari eta amarekiko haserrei buruzkoek.

73.  Ez da kontatzea gaizki etorriko nolako salaketak onetsi ziren Falanio eta Rubrioren kasuetan, erromatar jaun apalak eurok, jakin dadin nolako printzipioz, nolako trikimaina estudiatuz joan zen Tiberio gaitz larri horri bidea irekitzen; nola gero atzera egin zuen, azkenean, dena inbadituz lehertzeko. Falaniori salatzen zioten, Augustoren gurtzaileen artean, etxe guztietan kolegio gisan zeudenen artean, Kasio delako bat onartu zuela, gorputz itsusiko pailazoa, eta, villa bat saltzean, Augustoren estatua bat saldu zuela. Rubriori salatzen zioten Augustoren izena laidotu zuela zin faltsuz. Hori guztia Tiberiok jakin zuenean, kontsulei idatzi zien ezen, bere aitaren jainkotzea erabaki bazen, ohore horrek ez zuela hiritarrak hondatzeko balio behar; Kasio histrioiak, sarritan arte bereko beste batzuekin batera, bere amak Augustoren oroimenari eskainitako antzezpenetan parte hartu zuela; bestalde, ez zela sakrilegioa haren irudia, jainkoen beste irudi batzuk bezala, villen eta etxeen salmentan sartzea. Zinari zegokionez, berriz, Jupiter engainatu balu bezala epaitu behar zela: jainkoen irainak jainkoen kontuak zirela.

74.  Gerotxoago, Bitiniako pretore Granio Martzelo bere kuestore Zepion Krispinok berak, salatu zuen maiestatez, Romano Hispon lagun zuela. Hispon honek gero garaiko miseriek eta gizakien lotsagabekeriak modan jarriko zuten bizierari eman zion. Izan ere, txiroa, ezezaguna, ipurtarina, isil libeloekin, printzearen ankerkeria irabazirik, gero gizonik ospetsuenak arriskupetzen ekin zion; bakarraren aurrean boterea, denen aurrean gorrotoa erdietsi ondoren, etsenplua eman zuen, zeinari jarraituz, batzuek txirotik aberats, arbuiagarritik beldurgarri bilakatu baitziren, besteen hondamena eta, azken batez, euren buruena bilatuz. Martzeloren kasuan, Tiberiorengatik gaizki esatea salatzen zion, nahitaezko krimena berau, salatzaileak printzearen alderdirik makurrenak hautatzen eta errudungaiari leporatzen baitzizkion; izana esantzat ere hartzen baitzen. Hisponek gaineratzen zuen Martzeloren estatua bat Zesarrena baino altuago zegoela, eta beste irudi bati Augustoren burua kendu eta Tiberiorena ipini ziola. Horrekin hainbeste berotu zen, ezen, bere ohiko isiltasuna utzirik, berak ere auzi hartan publikoki eta zinpean deklaratuko zuela aldarrikatu baitzuen, besteak ere premia berean aurki zitezen. Orduan ere baziren oraindik askatasun hil-hurrenaren hondakinak. Hala, Gneo Pisonek galdetu zuen: «Zenbatgarren lekuan deklaratu gura duzu, Zesar? Lehenengoa bazara, jarraibidea duket; denen atzetik bada, beldur naiz oharkabean disentitzeko». Hitz horiekin noraezean, eta kontrol gabe berotu zenez, atzera egin eta errudungaia maiestate salaketatik absolbitua izan zedin jasan zuen. Diruak bidegabeki erabiltzeari buruz, auzia errekuperatzaileei bildali zioten.

75.  Senatarien aurkako auziak nahikoa ez zituela, epaiketetan esertzen zen, auzitegiaren muturrean, pretorea kurul-aulkitik ez mugiarazteko, eta bera aurrean egoteak eragin handia izan zuen, ahaltsuen presio eta azpikerien aurka. Baina egia faboratzen zen bitartean, askatasuna andeatzen zen. Behin, Aurelio Pio senatariak, bide publiko eta ur-hodi baten eraikuntzak bere etxearen oinarriak azpijan zituelako kexu, senatuaren laguntza eskatu zuen. Altxor publikoko pretoreek kontra egitean, Zesarrek berak Aureliori lagundu eta etxearen prezioa ordaindu zion, gauza ohoragarrietan dirua xahutu nahirik; bertute horri luzaro eutsi zion, besteez gabetzen zihoan bitartean. Propertzio Zeler pretore ohiari, pobretasunagatik ordenatik libratzeko eskatzen zuenari, hamar milioi sestertzio eman zizkion, haren etxe ondasunak urriak zirela egiaztatu ondoren. Beste batzuk gauza bera egiten saiatzen zirenean, senatuak arrazoiak onar zitzala agintzen zuen, bere zorroztasun grina bide, ondo egiten zituen gauzetan ere garratz agertuz. Ondorioz, besteek isiltasuna eta txirotasuna lehenetsi zieten aitortzari eta irabaziari.

76. Urte hartan bertan, euri etengabeek handituriko Tiberrek hiri barrenak hondatu zituen. Urak erretiratzean, etxe eta hilotz hondakinak arrastatu zituzten. Horregatik, Asinio Galok Sibila liburuak kontsultatzea egokitzat jo zuen. Tiberiok ezetz esan zuen, jainko zein giza gaiak iluntzen errimea; ostera, Ateio Kapitoni eta Luzio Arruntziori ibaiaren kontrolbidea ezartzeko agindu zitzaien. Akaia eta Mazedoniako probintziek desgrabazioa eskatu zuten; oraingoz, haiek aginte prokontsularretik askatu eta Zesarrenera pasatzea erabaki zen. Bere buruaren eta anaia Germanikoren izenean eskaini zituen gladiadore jokoetan, Druso zen buru, zeina odol isurtzeaz, odol makurra bazen ere, gehiegi gozatu zen; horrek populua izutu zuen, eta aitak agiraka egin ziola esaten zen. Tiberiok ikuskizunean parte ez hartzearen zergatia ezberdinki azaltzen zen: batzuek masarenganako gogaitari esleitzen zioten, beste batzuek izaeraren iluntasunari eta konparazio beldurrari, Augusto onberaki egoten baitzen. Ez dut uste semeari ankerkeria erakusteko aukera eman eta herriaren gorrotoa haren aurka eragitearren egin zuenik, hori ere esan zen baina.

77.  Bitartean, aurreko urtean abiatutako antzerkiko lasaikeria larriki lehertu zen orduan, eta, populutarrak ez ezik, soldaduak eta zenturioi bat ere hil ziren, eta pretoriar kohorteko tribuno bat zauritu, magistratuen aurkako laidoak eta populu arteko haserrea eragotzi nahian. Sedizioaz senatuan jardun zuten eta proposamenak izan ziren, pretoreek, histrioien aurka, zigorkatzeko eskubidea izan zezaten. Haterio Agripa populuaren tribunoak bere betoa jarri zuen, honi Asinio Galok ahakar egin zion bere mintzaldian, eta Tiberio isilik, senatuari askatasun itxura haiek utzi nahirik. Betoak aurrera egin zuen, ordea, behinola Augustok gorputz zigorretatik libre izendatu baitzituen histrioiak, eta, Tiberiorentzat, haren erabakiak haustea sakrilegioa izango zen. Hainbat erabaki hartzen dute haien soldatez eta jarraitzaileen larkerien aurka; nabarmenenak izan ziren ezen pantomimagileen etxean ez zedila senataririk sar, erromatar zaldunak ez zitezela kalean haiekin ibil, antzokian baizik ez zezatela ikuskizunik egin, eta pretoreek ikusleen neurrigabekeria erbestearekin zigortzeko ahalmena izan zezatela.

78.  Tarragonako kolonian Augustori tenplu bat eraikitzeko hispaniarren eskaria onartu zen, eta, horrela, probintzia guztiei etsenplua eman zitzaien. Gerra zibilen ondoren ezarritako salgaien ehungarrenaren zergaz, herria deskontent bazen ere, Tiberiok adierazi zuen horixe zela gerrako aurrekontuaren euskarria, eta errepublikarentzat zama jasangaitza litzatekeela beteranoak hogei urteko zerbitzu gabe lizentziatzea. Hala, oraintsuko sedizioan, hamasei urtera lizentziatzea indarrez hartutako erabaki txarrak aurrerantzean aboliturik gelditu ziren.

79.  Gero senatuan jardun zuten, Arruntzio eta Ateioren mozioz, ea Tiberren emaria handitzen zuten ibai eta lakuak desbideratzerik komeniko zen, uholdeak zaintzeko. Kolonia eta udalerrietako ordezkariei entzun zitzaien florentinoek eskatuz Kianaren ibilbide naturala ez zezatela Arnora eraman, horrek hondamena ekarriko baitzien. Interamnakoek antzera hitz egin zuten: Italiako lurrik emankorrenak hondatuko ziren, Nera ibaia, aurreikusita zegoenez, gelditzen bazen, erreketan banaturik. Reatetarrak ere ez zeuden isilik; Belino lakua, Nerara husten zen aldetik, butxatzearen alde zeuden, inguruak hondatuko baitzituen: naturak giza zerak ondo eratu ei zituen, ibaiei ertzak eta ibilbideak emanez, baita uburua eta azkena ere; gainera, aliatuen tradizio erlijiosoak ere aintzat hartu behar ziren, zeintzuek aberri ibaiei tenpluak, basoak eta aldareak eskaini baitzizkieten; areago, Tiberrek berak ere ez zuen aintza txikiagoz korritu nahiko, ibaiadarrez gabeturik. Bai kolonien erreguak, bai lanen eragozpenak, bai superstizioa nagusitu ziren eta, azkenean, ezer ez aldatzea proposatu zuen Pisonen iritzia onartu zen.

80.  Popeo Sabinori Mesiako gobernua luzatzen zaio, Akaia eta Mazedonia gehiturik. Tiberioren ohikoa zen, halaber, aginteek jarraitzea eta ia beti lagun berak bizien azkeneraino mantentzea armada eta erakundeetan. Arrazoi ezberdinak ematen dira: batzuek diote ardura berriak saihestearren eusten ziela erabakiei behin betiko; beste batzuek uste dute bekaitzagatik egiten zuela, gozatzaile asko izan ez zedin; beste batzuek diote, buruz argia izanik, epaian zalantzatia zela. Iizan ere, ez zen bertute bikainen bilatzaile, baina bizioak gorroto zituen; onenengandik, beretzako arriskuaren, txarrenengandik, estatuarentzako desohorearen beldur zen. Zalantza haietan, probintziak eskaintzeraino iritsi zen Erromatik irteten utzi nahi ez zienei.

81.         Lehenengoz bere printzealdian eta aurrerantzean izan ziren komizio kontsularrei buruz, ez naiz ausartzen ezer ziurrik esaten: hain ezberdintasun handia aurkitzen baita, ez historialarien artean bakarrik, baizik Tiberioren beraren hitzaldietan. Batzuetan, kandidatuen izenik aipatu gabe, bakoitzaren jatorri, bizimodu eta zerbitzu militarrak deskribatzen zituen, nortzuk ziren ulertzeko moduan; beste batzuetan, argibide horiek gorderik, kandidatuak aholkatu ondoren komizioak trikimainekin ez nahasteko, bere laguntasuna agintzen zien hartarako. Gehienetan, adierazten zuen berak haien izenak kontsulei emandako kandidatuak bakarrik aurkezten zirela, baina beste batzuk ere aurkez ei zitezkeen, euren ospean edo merituetan fidatzen baziren. Hitz ederrak, baina, izatez, hutsak edo gezurrezkoak; zenbat eta askatasun itxura handiagoz jantzi, hainbat morrontza zorrotzagoan jausiko ziren.