Edukira joan

Arraza-bereizkeria mota guztiak ezabatzeko Nazioarteko Konbentzioa

Wikitekatik

Arraza-bereizkeria mota guztiak ezabatzeko Nazioarteko Konbentzioa

Biltzar Orokorrak onartu eta sinadura eta berrespenerako irekia, 1965eko abenduaren 21eko 2106 A (XX) ebazpenean

Indarrean jartzea: 1969ko urtarrilaren 4an, 19. artikuluarekin bat etorriz.

Konbentzio honetako estatu alderdiek,

Kontuan harturik, Nazio Batuen Gutunaren oinarri direla duintasun- eta berdintasun-printzipioak, gizaki guztiei datxezkienak, eta estatu kide guztiek, erakundearekin lankidetzan arituz, neurriak hartzeko konpromisoa hartu dutela, elkarrekin edo bananduta, Nazio Batuen helburuetako bat gauzatzeko, alegia, guztion giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetu unibertsala eta eragingarria sustatzea eta bultzatzea, bereizkeriarik egin gabe, arraza-, sexu-, hizkuntza- edo erlijio-arrazoiengatik.

Kontuan harturik, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak aldarrikatutakoaren arabera, gizaki guztiak aske jaiotzen direla, berdinak izanik duintasunari eta eskubideei begira, eta pertsona orok bertan adierazitako eskubide eta askatasunak dituela, inolako bereizketarik egin gabe, batik bat, arraza, larru-kolore edo jatorri nazionalaren ondoriozko arrazoiengatik,

Kontuan harturik, gizaki guztiak berdinak direla legearen arabera, eta gizaki guztiek legearen babes bera izateko eskubidea dutela, bereizkeria ororen aurka eta bereizkeria bultzatzen duen egintza ororen aurka,

Kontuan harturik, Nazio Batuek kolonialismoa eta horrekin batera gauzatu ohi diren segregazio- eta bereizkeria-eginera guztiak kondenatu dituztela, horien mota eta horiek dauden tokia edozein dela, eta herrialde eta herri kolonialei independentzia emateari buruzko Adierazpenak, 1960ko abenduaren 14koak, [Biltzar Orokorraren 1514 (XV) ebazpena], adierazi eta solemnitateaz aldarrikatu duela halakoak lehenbailehen eta baldintzarik gabe bukatu behar dutela,

Kontuan harturik, arraza-bereizkeria mota guztiak ezabatzeko Nazio Batuen Adierazpenak, 1963ko azaroaren 20koak [Biltzar Orokorraren 1904 (XVIII) ebazpena], solemnitateaz adierazi duela, dela munduko toki guztietan arraza-bereizkeria lehenbailehen ezabatzeko beharrizana, horren mota eta agerpenak edozein izanik ere, dela gizakiaren duintasuna ulertzea eta errespetatzea ziurtatzeko beharrizana,

Jakinik, arrazaren desberdintasunetan oinarritutako nagusitasun-doktrina oro zientifikoki faltsua, moralaren aldetik kondenagarria eta sozialki bidegabea nahiz arriskutsua dena, eta ez teorian, ez praktikan deusek ere ez duela justifikatzen, inongo tokitan, arraza-bereizkeriarik,

Berretsiz, arraza, larru-kolore edo jatorri etnikoaren ondoriozko arrazoiengatik, gizakien arteko bereizkeria oztopo bat dela, nazioen arteko harremanak lagun artekoak eta baketsuak izan daitezen, eta bereizkeria horrek kalte egin diezaiekeela herrialdeen bakeari eta segurtasunari, bai eta pertsonen elkarbizitzari ere, nahiz eta estatu bateko mugak ez gainditu,

Jakinik, arrazaren araberako hesiak izatea bateraezina dela edozein gizartek dituen idealekin,

Asaldaturik, munduko zenbait tokitan oraindik arraza-bereizkeriaren inguruan dauden agerpenengatik, eta arraza-nagusitasunean edo -gorrotoan oinarritutako gobernu-politikengatik, horien artean direla apartheida, segregazioa edo banantzea,  

Erabakia harturik, behar diren neurri guztiak hartzeko, lehenbailehen arraza-bereizkeria ezaba dadin, horren mota eta agerpenak edozein izanik ere, eta doktrina nahiz eginera arrazista guztiak prebenitu eta borrokatzeko, arrazen artean elkar ulertzea susta dadin, eta nazioartean arraza-segregazio nahiz -bereizkeria guztietarik aske den erkidegoa eraiki dadin.

Gogoan harturik, enplegu- eta okupazio-arloko bereizkeriari buruzko Hitzarmena, Lanaren Nazioarteko Erakundeak 1958an onetsitakoa, eta irakaskuntza-esparruko bereizkerien aurka borrokatzeari buruzko Konbentzioa, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak 1960an onetsitakoa,

Asmoa izanik, arraza-bereizkeria mota guztiak ezabatzeko Nazio Batuen Adierazpenak ezarri dituen printzipioak praktikan jartzea, eta xede horrekin ziurtatzea neurri praktikoak ahalik arinena har daitezela,

Hurrengoa erabaki dute:

I. Zatia

[aldatu]

1. artikulua

[aldatu]

1. Konbentzio honetan «arraza-bereizkeria» esapideak agertuko du edozein bereizketa, bazterketa, murrizketa edo lehenespen, baldin eta hori oinarritzen bada arraza, larru-kolore, leinu edo jatorri nazional nahiz etnikoaren ondoriozko arrazoietan, xede edo ondoriotzat izanik giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen aitorpena, izatea edo egikaritza deuseztatzea edo kaltetzea, politika-, ekonomia-, gizarte-, kultura-esparruetan edo bizitza publikoko beste edozein esparrutan.

2. Konbentzio hau ez da aplikatuko konbentzio honetako estatu alderdi batek egiten dituen bereizketa, bazterketa, murrizketa edo lehenespenei begira, herritarren eta herritar ez direnen artean.

3. Konbentzio honetako klausuletatik bat bera ere ezin izango da interpretatu estatu alderdien naziotasunari, herritartasunari edo bertakotzeari buruzko lege-xedapenak ukitze aldera, betiere, xedapen horiek ez badute beren-beregi bereizkeriarik ezartzen inolako naziotasunaren aurka.

4. Arraza- edo etnia-talde nahiz pertsona batzuen aurrerapen egokia ziurtatzeko helburuarekin bakarrik hartutako neurri bereziak, talde eta pertsona horiek behar duten laguntza premiazkoa denean, berdintasun-baldintzetan berma dakien giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen izatea edo egikaritza, ez dira arraza-bereizkeriazko neurritzat hartuko, betiere, horren ondorioz ez badira ezartzen eskubide desberdinak arraza-talde desberdinentzat, eta neurri horiek indarrean jarraitzen ez badute, neurriok zein helbururekin hartu eta helburuok lortu ondoren.

2. artikulua

[aldatu]

1. Estatu alderdiek arraza-bereizkeria kondenatu eta konpromisoa hartzen dute, egoki diren bide guztiak erabilita, eta atzerapenik gabe, arraza-bereizkeriaren mota guztiak ezabatzeko, eta arraza guztien artean elkar ulertzea sustatzeko, eta xede horrekin:

a) Estatu alderdi bakoitzak konpromisoa hartzen du, arraza-bereizkeriazko inolako egintza edo eginerarik ez gauzatzeko pertsonen, pertsona-taldeen edo erakundeen aurka, eta zaintzeko agintari publiko eta erakunde publiko guztiek, nazionalek eta toki-mailakoek, betebehar horrekin bat etorriz jarduten dutela.

b) Estatu alderdi bakoitzak konpromisoa hartzen du, edozein pertsona edo erakundek gauzatutako arraza-bereizkeria ez suspertu, defendatu edo babesteko;

c) Estatu alderdi bakoitzak neurri eragingarriak hartuko ditu, gobernu-politika nazionalak eta toki-mailakoak berrikusteko, eta legeak nahiz erregelamendu-xedapenak zuzendu, indargabetu edo deuseztatzeko, halakoen ondorio denean arraza-bereizkeria sortzea edo aurretiaz dagoen tokian iraunaraztea.

d) Estatu alderdi bakoitzak debekatuko du, eta bide egoki guztiak erabilita bertan behera utzaraziko du, baita inguruabarrek hala eskatzen dutenean legegintzazko neurriak erabilita ere, pertsonek, taldeek edo erakundeek gauzatutako arraza-bereizkeria.

e) Estatu alderdi bakoitzak konpromisoa hartzen du, bultzatzeko, hala denean, arraza askotariko erakunde eta mugimendu gizarteratzaileak, eta beste baliabide batzuk, arrazen arteko hesiak ezabatzera zuzenduak, eta etsiarazteko arrazen arteko zatiketa indartzea ahalbidetzen duen oro.

2. Estatu alderdiek, inguruabarrek hala eskatzen dutenean, neurri berezi eta zehatzak hartuko dituzte, gizarte-, ekonomia- eta kultura-esparruetan, bai eta beste esparru batzuetan ere, arraza-talde batzuek edo talde horietako pertsona batzuek garapen eta babes egokia izatea ziurtatzeko, berdintasun-baldintzetan berma dadin pertsona horiek oso-osoan izatea giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak. Neurri horien ondorioa inoiz ez da izango arraza-talde desberdinentzako eskubide desberdinak edo bananduak iraunaraztea, neurri horiek zein helbururekin hartu eta helburuok lortu ondoren.

3. artikulua

[aldatu]

Estatu alderdiek bereziki kondenatzen dute arraza-segregazioa eta apartheida, eta konpromisoa hartzen dute euren jurisdikziopeko lurraldeetan izaera horretako eginera guztiak prebenitu, debekatu eta ezabatzeko.

4. artikulua

[aldatu]

Estatu alderdiek kondenatzen dituzte propaganda oro zein erakunde guztiak, halakoek baliatzen dituztenean arraza baten edo larru-kolore nahiz jatorri etniko jakin bateko pertsonen nagusitasunean oinarritutako ideia nahiz teoriak, edo halakoek justifikatu edota sustatu nahi dutenean arraza-gorrotoa eta arraza-bereizkeria, horien mota edozein izanik ere; eta bereizkeria hori gauzatzera bultzatzen duten egintza guztiak edo horrelako bereizkeriazko jarduerak ezaba daitezen, berehalakoak eta positiboak izango diren neurriak hartzeko konpromisoa hartzen dute. Halaber, xede horrekin, estatu alderdiek Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalera bildutako printzipioak, bai eta konbentzio honetako 5. artikuluan esanbidez adierazitako eskubideak ere, behar den moduan aintzat hartu ondoren, besteak beste, hurrengo neurriak hartzen dituzte:

a) Adieraziko dute legearen arabera egintza zigorgarria dela arraza-nagusitasunean edo -gorrotoan oinarritutako ideien zabalkunde oro, arraza-bereizkeria bultzatzen duen jarduera oro, bai eta edozein arrazaren edo larru-azal nahiz jatorri etniko desberdineko pertsona-talderen aurkako indarkeria-egintza oro, edo egintza horiek gauzatzera bultzatzen dituzten jardueretarik beste edozein ere, eta jarduera arrazistei emandako laguntza oro, horren barne dela jardueraren finantzaketa.

b) Legearen aurkakotzat adierazi eta debekatuko dituzte, nahiz erakundeak, nahiz propagandarako antolatutako jarduerak eta propaganda-jarduera oro ere, halakoek arraza-bereizkeria sustatu edo hori egitera bultzatzen badute, eta aitortuko dute legeak zigortutako delitua dela erakunde edo jarduera horietan parte hartzea;

c) Ez dute utziko agintariek, ezta erakunde publiko nazional zein toki-mailakoek ere, arraza-bereizkeria sustatzea edo hori egitera bultzatzea.

5. artikulua

[aldatu]

Konbentzio honetako 2. artikuluko oinarrizko betebeharrekin bat etorriz, estatu alderdiek konpromisoa hartzen dute arraza-bereizkeria mota guztiak debekatu eta ezabatzeko, eta pertsona guztiei legearen araberako berdintasuna bermatzeko, bereizketarik egin gabe, arraza, larru-kolorea eta jatorri nazional nahiz etnikoagatik, bereziki, hurrengo eskubideak izateari dagokionez:

a) Auzitegietan eta justizia administratu ohi duten organoetan tratamendu-berdintasunerako eskubidea;

b) Segurtasun pertsonalerako eta estatuaren babesa izateko eskubidea, funtzionario publikoek edo edozein gizabanakok, taldek edo erakundek osotasun pertsonalaren aurka gauzatutako indarkeria-jarduera edo atentatu ororen aurka.

c) Eskubide politikoak, eta horien artean bereziki, hauteskundeetan parte hartzea, sufragio unibertsal eta berdinaren arabera hautatzea eta hautatua izatea, gobernuan eta edozein mailatako arazo publikoetan parte hartzea, eta berdintasun-baldintzetan funtzio publikoan sarrera izatea;

d) Bestelako eskubide zibilak, batez ere:

i) Askatasunez joan-etortzeko eta estatu bateko lurraldean bizilekua aukeratzeko eskubidea;

ii) Edozein herrialdetatik irteteko eskubidea, baita norberaren herrialdetik ere, eta norberaren herrialdera itzultzeko eskubidea;

iii) Naziotasuna izateko eskubidea;

iv) Ezkontzeko eta ezkontidea aukeratzeko eskubidea;

v) Jabe izateko eskubidea, banaka eta beste batzuekin elkartuta;

vi) Jaraunsle izateko eskubidea;

vii) Pentsamendu-, kontzientzia eta erlijio-askatasunerako eskubidea;

viii) Iritzi- eta adierazpen-askatasunerako eskubidea;

ix) Modu baketsuan bilerak egiteko eta elkartzeko askatasunari buruzko eskubidea;

e) Ekonomia-, gizarte- eta kultura-eskubideak, bereziki:

i) Lanerako, lana askatasunez aukeratzeko, laneko baldintza bidezko eta egokiak izateko, langabeziaren aurkako babesa jasotzeko, lan bera egiteagatik alokairu bera jasotzeko eta ordainsari bidezko eta egokiak izateko eskubidea;  

ii) Sindikatuak sortzeko eta sindikatuko kide egiteko eskubidea;

iii) Etxebizitzarako eskubidea;

iv) Osasun publikorako, medikuaren laguntzarako, Gizarte Segurantzarako eta gizarte-zerbitzuetarako eskubidea;

v) Hezkuntzarako eta lanbide-prestakuntzarako eskubidea;

vi) Kultura-jardueretan, berdintasun-baldintzetan, parte hartzeko eskubidea;

f) Erabilera publikora destinatutako toki eta zerbitzuetara jotzeko eskubidea, hala nola, garraiobideetara, hoteletara, jatetxeetara, kafetegietara, ikuskizunetara eta parkeetara.

6. artikulua

[aldatu]

Estatu alderdiek euren jurisdikziopean dauden pertsona guztiei ziurtatuko dizkiete, babesa eta baliabide eragingarriak auzitegi nazional eskudunetan eta estatuko beste erakunde batzuetan, arraza-bereizkeriazko egintza ororen aurka, halako egintzek konbentzio honen aurka egin eta pertsona horien giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak urratzen dituztenean, bai eta bereizkeria horren ondorioz zein kalte eragin eta kalte horren biktima gisa auzitegi horiei kalte-ordaina edo konponketa bidezko eta egokia eskatzeko eskubidea ere.

7. artikulua

[aldatu]

Estatu alderdiek konpromisoa hartzen dute berehalakoak eta eragingarriak diren neurriak hartzeko, batez ere, irakaskuntza-, hezkuntza-, kultura- eta informazio-arloetan, arraza-bereizkeria eratortzen duten aurreiritzien aurka borrokatzeko eta nazioen eta arraza- nahiz etnia-talde desberdinen artean elkar ulertzea, tolerantzia eta laguntasuna sustatzeko, bai eta Nazio Batuen Gutunaren, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren, arraza-bereizkeria mota guztiak ezabatu nahi dituen Nazio Batuen Adierazpenaren eta konbentzio honen asmoak eta printzipioak hedatzeko ere.

II. zatia

[aldatu]

8. artikulua

[aldatu]

1. Arraza Bereizkeria Ezabatzeko Komitea sortuko da (aurrerantzean Komitea deituko dena). Komite hori hemezortzi adituk osatuko dute, prestigio moral sendoko eta inpartzialtasun handikoak, estatu alderdiek hautatuko dituztenak euren nazionalen artean; aditu horiek euren eginkizunak modu pertsonalean gauzatuko dituzte. Komitea osatzeko orduan geografiaren araberako banaketa orekatsua eta zibilizazio-mota desberdinen ordezkaritza aintzat hartuko da; orobat, sistema juridiko nagusien ordezkaritza.

2. Komiteko kideak isilpeko botazio bidez hautatuko dira, estatu alderdiek izendatutako pertsonen zerrenda batetik. Estatu alderdi bakoitzak pertsona bat izendatu ahal izango du bere nazionalen artetik.

3. Hasierako hautatzea egingo da konbentzio hau zein datatan indarrean jarri eta data horretatik sei hilabete igaro ondoren. Hauteskunde bakoitza zein datatan egin eta, gutxienez, data hori baino hiru hilabete lehenago, Nazio Batuetako idazkari nagusiak gutun bat bidaliko die estatu alderdiei, euren hautagai-zerrendak bi hilabeteko epean aurkezteko gonbita eginez. Idazkari nagusiak, modu horretara izendatutako pertsona guztiekin, hurrenkera alfabetikoaren araberako zerrenda prestatuko du, pertsona horiek izendatu dituzten estatu alderdiak zehaztuz; zerrenda horren berri estatu alderdiei emango die.

4. Komiteko kideak estatu alderdien bilera batean izendatuko dira; bilera horren deialdia idazkari nagusiak egingo du, eta bilera Nazio Batuen egoitzan egingo da. Bilera horretarako estatu alderdien bi herenak osatuko du quoruma, eta Komiterako hautatutzat joko dira boto gehien lortzeaz gain, bilerako estatu parte-hartzaile eta boto-emaileen ordezkarien artetik botoen erabateko gehiengoa lortzen duten hautagaiak.

5. a) Komiteko kideak lau urterako hautatuko dira. Hala ere, lehenengo hautaketan hautatutako bederatzi kideren agintaldia bi urte igaro ondoren amaituko da; lehenengo hautaketa egin eta berehala, Komiteko lehendakariak zozketa bidez izendatuko ditu bederatzi kide horiek.

b) Aurreikusi gabeko hutsuneak betetzeko, Komitean zein estatu alderdiko kidek utzi bere eginkizunak gauzatzeari eta horren estatuak izendatuko du beste aditu bat, bere nazionalen artean, aditu horren izendatzeak Komitearen onespena behar duela.

6. Estatu alderdiek Komiteko kideen gastuak ordainduko dituzte, horiek euren eginkizunak gauzatzen dituzten bitartean.

9. artikulua

[aldatu]

1. Estatu alderdiek Nazio Batuetako idazkari nagusiari txostena aurkezteko konpromisoa hartzen dute, Komiteak azter dezan; txosten hori izango da konbentzio honetako xedapenak eragingarri egiteko hartu dituzten legegintza-, epaiketa- eta administrazio-neurriei edo bestelako neurriei buruzkoa. Bada, txosten hori aurkeztuko dute: a) Kasuan kasuko estatuarentzako konbentzioa indarrean jarri eta urtebetera; eta b) osterantzekoan, bi urterik behin, eta Komiteak hala eskatzen duenean. Komiteak informazio gehiago eskatu ahal die estatu alderdiei.

2. Idazkari nagusiaren bidez, Komiteak urtero informatuko du bere jarduerez Nazio Batuetako Biltzar Orokorra, eta izaera orokorreko iradokizunak eta gomendioak egin ahal izango ditu, estatu alderdiek igorritako txostenen eta datuen azterketak oinarri hartuta. Izaera orokorreko iradokizun eta gomendio horiek Biltzar Orokorrari komunikatuko zaizkio, estatu alderdien oharrekin batera, halakorik balego.

10. artikulua

[aldatu]

1. Komiteak onetsiko du bere araudia.

2. Komiteak hautatuko du bere mahaia, bi urterako.

3. Nazio Batuetako idazkari nagusiak idazkaritza-zerbitzuak ahalbidetuko dizkio Komiteari.

4. Komitearen bilerak, orokorrean, Nazio Batuetako egoitzan egingo dira.

11. artikulua

[aldatu]

1. Estatu alderdi batek uste badu beste estatu alderdiren batek ez dituela betetzen konbentzio honetako xedapenak, gai hori Komitearen esku utzi ahal izango du. Komiteak kasuan kasuko komunikazioa helaraziko dio interesdun den estatu alderdiari. Hiru hilabeteko epean, komunikazioa jasotzen duen estatuak idatziz aurkeztuko dizkio azalpenak edo adierazpenak Komiteari, arazoa argitzeko eta, hala denean, hartu duen neurri zuzentzailea azaltzeko.

2. Estatu jasotzaileak hasierako komunikazioa jasotzen duen unetik zenbatzen hasita, sei hilabeteko epean, arazoa ez bada konpontzen, bi alderdiak asez, bitariko negoziazioen bidez edo bestelako prozedura egoki baten bidez, bi estatuetarik edonork eskubidea izango du arazoa berriro Komitearen mende uzteko, horren gaineko jakinarazpena eginez Komiteari eta beste estatuari.

3. Artikulu honetako 2. paragrafoarekin bat etorriz Komitearen mende zein arazo utzi eta Komiteak arazo horien gaineko ardura izango du, egiaztatzen duenean barne jurisdikzioko errekurtso guztiak jarri eta agortu direla, nazioarteko zuzenbidean orokorrean onartzen diren printzipioekin bat etorriz. Erregela hori ez da aplikatuko aipatu errekurtsoak bideratzea justifikatu gabe luzatzen denean.

4. Komitearen mende utzitako kasu guztietan, Komiteak estatu alderdi interesdunei eskatu ahal izango die beste edozein informazio egoki ematea.

5. Komiteak artikulu honek eratorritako arazoetarik edozein erabaki behar duenean, estatu alderdi interesdunek ordezkari bat bidali ahal izango dute, Komitearen lanetan parte hartuko duenak, boto-eskubiderik gabe, arazoa aztertu bitartean.

12. artikulua

[aldatu]

1. a) Behin Komiteak beharrezkotzat jotzen duen informazio guztia lortu eta aztertuta, lehendakariak Adiskidetze Batzorde Berezia izendatuko du (aurrerantzean Batzorde deituko dena); batzorde hori bost pertsonak osatuko dute, Komitearen kide izan daitezkeenak ala ez. Batzordeko kideak izendatuko dira gatazkako alderdien erabateko eta ahobatezko adostasunarekin, eta euren jardunbide egokiak estatu interesdunen esku jarriko dira, arazoa adiskidetasunez konpondu ahal izateko, konbentzio honetan ezarritakoa oinarritzat hartuz.

b) Hiru hilabete igaro ondoren, gatazkako estatu alderdiak ez badute lortzen akordiorik Batzordeko kide guztien edo horietako batzuen inguruan, Komiteak hautatuko ditu gatazkako estatu alderdiek adostu gabeko kideak, Batzordeko kideen artean, boto sekretuaren bidez eta bi hereneko gehiengoarekin.

2. Batzordeko kideek modu pertsonalean jardungo dute euren eginkizunetan. Ez dira izango gatazkako estatu alderdietako nazionalak, ezta konbentzio honetako kidea ez den estatu batekoak ere.

3. Batzordeak bere lehendakaria hautatuko du eta bere araudia onetsiko du.

4. Batzordearen bilerak, orokorrean, Nazio Batuetako egoitzan egingo dira, edo Batzordeak egokitzat jotzen duen beste edozein tokitan.

5. 10. artikuluko 3. paragrafoan jasotako idazkaritzak Batzordeari ere emango dizkio zerbitzuak, estatu alderdien arteko gatazka batek hori eragiten duenean.

6. Gatazkako estatu alderdiek modu berean banatuko dituzte Batzordeko kideen gastu guztiak, Nazio Batuetako idazkari nagusiak egingo duen zenbatespenarekin bat etorriz.

7. Idazkari nagusiak ordaindu ahal izango ditu, hala behar izanez gero, Batzordeko kideen gastuak, gatazkako estatu alderdiek, artikulu honetako 6. paragrafoarekin bat etorriz, gastuak ordaindu aurretik.

8. Komiteak lortu eta aztertutako informazioa Batzordeari emango zaio, eta horrek estatu alderdi interesdunei eskatu ahal izango die beste edozein informazio egoki emateko.

13. artikulua

[aldatu]

1. Batzordeak, gatazka sakon aztertu ondoren, txostena prestatuko du eta Komiteko lehendakariari aurkeztuko dio; txosten horretan jasoko dira alderdien arteko arazoa zein izan eta arazo horren egitatezko gai egoki guztien ondorioak, eta Batzordeak gatazka adiskidetasunez konpontzeko egokitzat jotzen dituen gomendioak.

2. Komiteko lehendakariak Batzordearen txostena igorriko dio gatazkako estatu alderdi bakoitzari. Hiru hilabeteko epean, estatu horiek Komiteko lehendakariari jakinaraziko diote Batzordearen txostenera bildutako gomendioak onartzen dituzten ala ez.

3. Artikulu honetako 2. paragrafoan jasotako epea igaro ondoren, Komiteko lehendakariak Batzordearen txostena eta estatu alderdi interesdunen adierazpenak komunikatuko dizkie konbentzio honetako gainerako estatu alderdiei.

14. artikulua

[aldatu]

1. Estatu alderdi orok edozein unetan adierazi ahal izango du Komitearen eskumena onartzen duela, bere jurisdikzioko pertsonen edo pertsona-taldeen komunikazioak jaso eta aztertzeko, halakoek alegatzen dutenean biktimak direla, estatu horrek konbentzio honetako eskubideetarik edozein urratzeagatik. Komiteak ez du inolako komunikaziorik jasoko, komunikazio hori denean adierazpen hori egin ez duen estatu bati buruzkoa.

2. Artikulu honetako 1. paragrafoaren araberako adierazpena egin duen estatu alderdi orok organo bat ezarri edo izendatu ahal izango du, bere antolamendu juridiko nazionalean, eskumena izan dezan bere jurisdikzioko pertsonen edo pertsona-taldeen eskariak jaso eta aztertzeko, halakoek alegatzen dutenean biktima direla, konbentzio honetako eskubideetarik edozein urratzeagatik, eta estatu-mailan eskuragarri dituzten errekurtso guztiak agortu dituztenean.

3. Artikulu honetako 1. paragrafoaren arabera egindako adierazpena eta artikulu honetako 2. paragrafoarekin bat etorriz ezarri edo izendatutako organoaren izena estatu alderdi interesdunak gordailutuko ditu, Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utzita; idazkari horrek adierazpen eta izen horien kopiak bidaliko dizkie gainerako estatu alderdiei. Adierazpen oro edozein unetan kendu ahal izango da, idazkari nagusiari zuzendutako jakinarazpenaren bidez, baina jakinarazpen horrek ez du ondorerik izango Komiteak gauzatzeke dituen komunikazioei begira.

4. Artikulu honetako 2. paragrafoarekin bat etorriz ezarri edo izendatutako organoak eskarien erregistroa eramango du, eta, bide egokiak baliatuta, urtero gordailutuko ditu, idazkari nagusiaren esku utziz, erregistroaren kopia ziurtatuak, horien edukia jendaurrean ez dela zabalduko aintzat hartuz.

5. Artikulu honetako 2. paragrafoarekin bat etorriz ezarri edo izendatutako organotik ez badu konponketa egokirik lortzen, eskatzaileak eskubidea izango du, hurrengo sei hilabeteetan arazoa Komiteari komunikatzeko  

6. a) Komiteak zein estatu alderdiren aurka jaso komunikazioa, konbentzio honetako xedapenetarik edozeinen aurkako urratzea alegatuz, eta estatu alderdi horri sekretupean adieraziko dio komunikazio hori, baina pertsona edo pertsona-talde interesdunen identifikazioa ez da emango, horien esanbidezko adostasunik gabe. Komiteak ez ditu onartuko komunikazio anonimoak.

b) Hiru hilabeteko epean, komunikazioa jasotzen duen estatuak idatziz aurkeztuko dizkio azalpenak edo adierazpenak Komiteari, arazoa argitzeko eta, hala denean, hartu duen neurri zuzentzailea azaltzeko.

7. a) Komiteak komunikazioak aztertuko ditu, estatu alderdi interesdunak eta eskatzaileak bere esku jarritako datu guztiak kontuan hartuz. Komiteak ez du eskatzailearen komunikaziorik aztertuko aldez aurretik egiaztatu gabe eskatzaile horrek barne jurisdikzioan dituen errekurtso guztiak agortu dituela. Aitzitik, erregela hori ez da aplikatuko aipatu errekurtsoak bideratzea justifikatu gabe luzatzen denean.

b) Komiteak estatu alderdi interesdunari eta eskatzaileari bere iradokizunak eta gomendioak aurkeztuko dizkie, halakorik balego.

8. Komiteak urteko txostenera bilduko ditu komunikazio horien laburpena eta, bidezkoa denean, estatu alderdi interesdunen azalpenen eta adierazpenen laburpena, bai eta bere iradokizunen eta gomendioen laburpena ere.

9. Komiteak artikulu honetan jasotako eginkizunak gauzatzeko eskumena izango du, konbentzio honetako hamar estatu alderdik, gutxienez, hori onartzen dutenean bakarrik, artikulu honetako 1. paragrafoarekin bat etorriz aurkeztutako adierazpenengatik.

15. artikulua

[aldatu]

1. Herrialde eta herri kolonialei independentzia emateari buruzko Adierazpena, Nazio Batuen 1960ko abenduaren 14ko 1514 (XV) ebazpenean jaso dena, aintzat hartu eta horren helburuak lortzen ez diren bitartean, konbentzio honetako xedapenek ez dute inola ere mugatuko nazioarteko beste tresna batzuek edo Nazio Batuek eta horren erakunde espezializatuek bestelako herri horiei eskariak egiteko aitortu dieten eskubidea.

2. a) Konbentzio honetako 8. artikuluko 1. paragrafoaren arabera eratutako Komiteak jasoko du Nazio Batuetako organoen eskarien kopia, organo horiek konbentzio honetako printzipio eta helburuekin zuzeneko lotura duten arazoak aztertzen dituztenean, eta organo horiei komunikatuko dizkie, eskari horietan oinarrituta, bere iritzi eta gomendioak, aztertu behar dituenean zainpeko lurraldeetako edo lurralde autonomoetako biztanleek, eta Biltzar Orokorraren 1514 (XV) ebazpena zein lurraldetan aplikatu eta lurralde horietako biztanleek aurkeztutako eskariak; eskari horiek izan beharko dira Konbentzio honetako gaien ingurukoak eta aipatu organoek aztertu beharrekoak.

b) Komiteak Nazio Batuetako organo eskudunetatik jasoko du, konbentzio honetako printzipio eta helburuekin zuzeneko lotura duten arazoei dagokienez, potentzia administratzaileek aurreko lerrokadako lurraldeetan aplikatutako legegintza-, epaiketa- eta administrazio-neurrien edo beste neurri batzuen txostenen kopia, eta Komiteak bere iritziak eta gomendioak komunikatuko dizkie organo horiei.

3. Komiteak Biltzar Orokorrari aurkeztu beharreko txostenera bilduko ditu Nazio Batuen organoetatik jasotako eskari eta txostenen laburpena eta halakoen inguruan organo horiei komunikatu dizkien iritzi eta gomendioak.

4. Komiteak Nazio Batuetako idazkari nagusiari eskatuko dio eskuragarri duen informazio oro, informazio horrek lotura duenean konbentzio honetako helburuekin eta aztergai dituenean artikulu honetako 2. paragrafoko a) lerrokadako lurraldeak.

16. artikulua

[aldatu]

Gatazkak edo salaketak konpontzeko konbentzio honetan jaso diren xedapenak aplikatuko dira kalterik egin gabe bereizkeriaren gaian gatazkak edo salaketak konpontzeko beste prozedura batzuei, halakoak ezarri direnean Nazio Batuak eta horren erakunde espezializatuak eratzeko tresnetan edo horiek onetsitako hitzarmenetan, eta ez dute eragotziko estatu alderdiek gatazka jakin bat konpontzeko beste prozedura batzuetara jotzea, euren artean indarrean dauden nazioarteko hitzarmen orokor nahiz bereziekin bat etorriz.

III. zatia

[aldatu]

17. artikulua

[aldatu]

1. Konbentzio hau sinatu ahal izango dute Nazio Batuetako edo erakunde espezializatuetako estatu kideek, bai eta Nazioarteko Justizia Gortearen Estatutuko estatu alderdiek eta Nazio Batuetako Biltzar Orokorrak konbentzio honetako alderdi izatera gonbidatutako beste edozein estatuk ere.

2. Konbentzio hau berretsi beharko da. Berreste-agiriak Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utziko dira hark gordailutu ditzan.

18. artikulua

[aldatu]

1. Konbentzio honi goiko 17. artikuluaren 1. paragrafoan aipatu estatuetarik edozein atxiki ahal izango zaio.

2. Atxikipen-agiriak Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utziko dira hark gordailutu ditzan.

19. artikulua

[aldatu]

1. Konbentzio hau indarrean jarriko da, berreste- edo atxikipen-agirietatik hogeita zazpigarrena zein datatan gordailutu, Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utzita, eta hogeita hamargarren egunean.

2. Berreste- edo atxikipen-agirietatik hogeita zazpigarrena gordailutu ondoren konbentzioa berresten duen edo horri atxikitzen zaion estatu bakoitzarentzat konbentzioa indarrean jarriko da, kasuan kasuko estatu horrek zein datatan gordailutu bere berreste- edo atxikipen-agiria eta hogeita hamargarren egunean.

20. artikulua

[aldatu]

1. Estatuek berrespen- edo atxikipen-unean egindako erreserben testuak Nazio Batuetako idazkari nagusiak jasoko ditu, eta testu horiek konbentzio honetako alderdi diren edo izango diren estatu guztiei komunikatuko dizkie. Erreserba bati begira eragozpenak dituen estatu orok idazkari nagusiari jakinaraziko dio erreserba hori ez duela onartzen, eta jakinarazpen hori laurogeita hamar eguneko epean egin beharko da, idazkari nagusiak komunikazioa zein datatan egin eta data horretatik zenbatzen hasita.

2. Ez da onartuko konbentzioaren xedearekin eta asmoarekin bateraezina den erreserbarik, eta ez da onartuko konbentzio honen ondorioz ezarritako organoen jardunbidea saihesteko erreserbarik ere. Ulertuko da erreserba bateraezina edo saiheskorra dela, konbentzioko estatu alderdietarik, gutxienez, bi herenak horri begira eragozpenak jartzen baditu.

3. Erreserba oro edozein unetan kendu ahal izango da, horren inguruko jakinarazpena eginez idazkari nagusiari. Jakinarazpen horrek ondoreak sortuko ditu berori jasotzeko datan.

21. artikulua

[aldatu]

Estatu alderdi orok konbentzio hau salatu ahal izango du, Nazio Batuetako idazkari nagusiari zuzendutako jakinarazpenaren bidez. Salaketak ondoreak sortuko ditu, idazkari nagusiak jakinarazpena jaso eta urtebetera.

22. artikulua

[aldatu]

Konbentzio honen interpretazioaren edo aplikazioaren inguruan estatu alderdi bi edo gehiagoren artean sortutako gatazka oro, baldin eta ez bada konpontzen negoziazioen bidez edo konbentzioan bertan esanbidez ezarritako prozeduren bidez, Nazioarteko Justizia Gortearen esku utziko da, gatazkako alderdietarik edonork hala eskatuta, salbu eta alderdiak ados jartzen direnean bestelako konponbide baten gainean.

23. artikulua

[aldatu]

1. Estatu alderdi orok edozein unetan azaldu ahal izango du konbentzio hau berrikusteko demanda, Nazio Batuetako idazkari nagusiari idatziz zuzendutako jakinarazpenaren bidez.

2. Nazio Batuetako Biltzar Orokorrak erabakiko ditu, demanda horri dagokionez, hartu beharreko neurriak, hala behar izanez gero.

24. artikulua

[aldatu]

Nazio Batuen idazkari nagusiak goiko 17. artikuluko 1. paragrafokoan aipatu estatu guztiei komunikatuko dizkie:

a) 17 eta 18. artikuluetan xedatutakoarekin bat datozen sinadurak, berrespenak eta atxikipenak;

b) Konbentzio hau indarrean jartzeko data, 19. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz;

c) 14, 20 eta 23. artikuluen ondorioz jasotako komunikazio eta adierazpenak.

d) 21. artikuluaren ondorioz jasotako salaketak.

25. artikulua

[aldatu]

1. Konbentzio hau, Nazio Batuetako artxiboetan gordailutuko da; berebat, kautoak izango dira txinatarrez, espainolez, frantsesez, ingelesez eta errusieraz dauden konbentzio-testuak.

2. Nazio Batuetako idazkari nagusiak konbentzio honen kopia ziurtatuak bidaliko dizkie goiko 17. artikuluko 1. paragrafoaren kategorietarik edozeinetara biltzen diren estatu guztiei.