Edukira joan

Arrazoimen hutsaren kritika/1. atala. Espazioaz

Wikitekatik
Arrazoimen hutsaren kritika  (1781)  Immanuel Kant, translated by Ibon Uribarri
1. atala. Espazioaz
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

1. atala. Espazioaz

§ 2 Adigai honen argiketa metafisikoa35

[aldatu]

Kanpoko sentsuaren bitartez (gure gogamenaren berekitasun baten bitartez) objektuak errepresentatzen ditugu gugandik at eta osotara espazioan baleude bezala. Bertan, objektuen tankera, handitasuna eta elkarrekiko hartuemana determinatzen dira edo determinagarriak dira. Gogamenak bere burua edo bere barneko egoera begiesteko baliabidea den barneko sentsuak ez du benetan arimaren begiespenik eskaintzen, arima objektu bat balitz bezala; hala eta guztiz ere, bere barneko egoeraren begiespena ahalbidetzen duen forma determinatu bakarra da, eta horrenbestez, barneko determinazioei dagokien guztia denborazko hartuemanetan errepresentatzen da. Denbora ezin da kanpoan begietsi, espazioa gugan dagoen zerbait gisa begietsi ezin daitekeen bezala. Zer dira, bada, espazioa eta denbora? Benetako zerizanak al dira? Gauzen determinazioak besterik ez al dira, ala gauzen hartuemanak ere bai, begietsiak izan gabe ere gauzei beren baitan legozkien modukoak, edo begiespenaren formari soilik datxezkion, eta beraz, gure gogamenaren antolaera subjektiboari datxezkion modukoak al dira, hots, bere gabeziak predikatu horiek ezein gauzari ere ezin egotzi ahal izatea eragingo lukeen antolaerari? Honi buruz ikasteko, lehendabizi espazioaren adigaia argitu nahi dugu36. Argiketaz (expositio), ordea, zera ulertzen dut: adigai bati dagokionaren errepresentazio nabaria (xehea ez izan arren); argiketa hau metafisikoa da adigaia a priori emana bezala aurkezten duena barnebiltzen badu.

1. Espazioa ez da kanpoko esperientzietatik jasotako ezein adigai enpirikorik. Izan ere, sentsazio jakin batzuk nigandik kanpora dagoen zerbaiti lotu ahal izateko (h. d., nik espazioan dudan lekuan ez dagoen zerbaiti), halaber, haiek bakoitza bestearen kanpo eta ondoan, eta beraz, ezberdin gisa ez ezik, leku ezberdinetan ere errepresentatu ahal izateko espazioaren errepresentazioak jadanik horren oinarrian egon behar du. Hortaz, espazioaren errepresentazioa ezin da kanpoko agerpenen hartuemanetatik mailegatu esperientziaren bidez, baizik eta kanpoko esperientzia hori bera aipatutako errepresentazioaren bidez besterik ez da ahalgarria lehen-lehenik.

2. Espazioa kanpoko begiespen ororen oinarrian datzan apriorizko eta beharrezko errepresentazioa da. Ezin da inoiz errepresentatu espaziorik ez legokeela, nahiz eta ederki pentsa daitekeen bertan ezein objekturik ez dagoela. Beraz, espazioa agerpenen ahalgarritasunaren baldintza gisa hartzen da eta ez beren menpean dagoen determinazio gisa, eta apriorizko errepresentazioa da, halabeharrez kanpoko agerpenen oinarrian datzan errepresentazioa37.

3.38 Espazioa ez da oro harrezko gauzen hartuemanen ezein adigai diskurtsiborik, edo esaten denez, orokorrik, begiespen hutsa baizik. Izan ere, lehendabizi espazio bakarra errepresenta daiteke eta espazio askoz hitz egiten denean, espazio bat eta berberaren zatiak ulertzen dira horretaz. Zati hauek ere ezin dira dena besarkatzen duen espazio bakarraren aurretik izan, nolabait esateko, bere zati osagarri gisa (haren elkarketa hauetatik abiatuta ahalgarria izan dadin), baizik eta bertan besterik ezin dira pentsatu. Espazioa funtsean batua da, bertako anizkunkia eta honekin batera oro harrezko espazioen adigai orokorra zedarriztapenetan baino ez da funtsatzen. Espazioaren adigai ororen oinarrian (enpirikoa ez den) begiespen bat datzala ondorioztatzen da hortik. Horrela, oinarri-esakune geometriko guztiak, adibidez, «hiruki batean bi alde batera hirugarrena baino handiago dira», ez dira lerroaren eta hirukiaren adigai orokorretatik eratortzen, begiespenetik baizik, eta gainera a priori ziurtasun apodiktikoarekin eratortzen dira.

4.39 Espazioa handitasun jakin amaigabe gisa errepresentatzen da. Adigai bakoitza errepresentazio ahalgarri ezberdinen kopuru amaigabean barnebilduta dagoen errepresentazioa balitz bezala pentsatu behar da (beren ezaugarri komuna den aldetik), eta beraz, hauek bere menpean barnebiltzen dituela pentsatu behar da; baina ezein adigai ere ezin da pentsatu, adigaia den aldetik, errepresentazioen kopuru amaigabea bere baitan barnebilduko balu bezala. Hala eta guztiz ere, horrela pentsatzen da espazioa (izan ere, espazioaren zati guztiak amaigaberaino aldi berean baitira). Beraz, espazioaren jatorrizko errepresentazioa apriorizko begiespena da, eta ez adigaia.

§ 3 (40) Espazioaren adigaiaren argiketa transzendentala

[aldatu]

Argiketa transzendentalaz beste ezagutza sintetikoen ahalgarritasuna a priori aditzea ahalbidetzen duen adigai baten argipena ulertzen dut, adigai hau oinarri-esakune bat den heinean. Asmo honetarako zera eskatzen da: 1) benetan halako ezagutzak adigai jakinetatik segitzea, 2) ezagutza horiek adigai horren argipen-era jakin baten aurresuposiziopean baino ez izatea ahalgarriak.

Geometria espazioaren berekitasunak sintetikoki eta, hala ere, a priori determinatzen dituen zientzia da. Zer izan behar du, bada, espazioaren errepresentazioak halako bere ezagutza ahalgarria izan dadin? Jatorriz begiespena izan behar du; izan ere, adigai soil batetik abiatuta ezin da adigaiaz goiti doan esakunerik lortu, hau izan arren Geometrian gertatzen dena (sarrera V). Halere, begiespen honek a priori, h. d., objektu baten hautemapen ororen aurretik egon behar du gugan, eta beraz, begiespen hutsa izan behar du, eta ez begiespen enpirikoa. Izan ere, esakune geometrikoak apodiktikoak dira osotara, h. d., beren beharrezkotasunaren kontzientziari lotuta daude, adibidez, «espazioak hiru dimentsio besterik ez ditu»; halako esakuneak, ordea, ezin dira judizio enpirikoak edo esperientzia-judizioak izan, ezta beraietatik abiatuta inferitutako esakuneak ere (sarrera II).

Nola egon daiteke, beraz, kanpoko begiespen bat gogamenean, baldin eta objektuen aurretik badoa eta bertan objektuen adigaia a priori determinatu badaiteke? Nabarmenki begiespenak egoitza gogamenaren antolaera formala den subjektuan besterik ez duen heinean soilik, honela objektuengatik afektatua izateko eta horren bitartez haien errepresentazio zuzena, h. d., begiespena lortzeko, eta beraz, kanpoko sentsuaren forma den heinean soilik oro har.

Beraz, gure argipenak soilik bihurtzen du ulergarria Geometriaren ahalgarritasuna, hau apriorizko ezagutza sintetikoa den aldetik. Hau lortzen ez duen beste argipen modu oro ezagugarri horren bidez bereiz daiteke gure modutik era seguruenean, hark itxuraz gurearen nolabaiteko antza duen arren.

Aurreko adigaietatiko inferentziak

a) Espazioak ez ditu berbaitango gauzen berekitasunak errepresentatzen, ezta beren arteko hartuemanean dauden gauzak ere, h. d., ez du objektu beraiei datxekien eta begiespenaren baldintza subjektiboaz abstraitu ondoren iraungo lukeen determinaziorik errepresentatzen. Izan ere, ez determinazio absolutuak, ezta erlatiboak ere, ezin dira begietsi hauei lotuak dauden gauzen izatearen aurretik, eta beraz, a priori.

b) Espazioa kanpoko sentsuen agerpen ororen forma besterik ez da, h. d., kanpoko begiespena ahalbidetzen duen sentimenaren baldintza subjektiboa. Objektuen bitartez afektatuak izateko subjektuaren harmenak halabeharrez objektu horien begiespenen aurretik joan behar duenez gero, orduan uler daiteke nola izan daitekeen emana agerpen ororen forma benetako hautemapenaren aurretik, eta beraz, a priori gogamenean, eta nola barnebil ditzakeen berak begiespen huts gisa –non objektu guztiak determinatu behar diren– objektuon hartuemanen printzipioak esperientzia ororen aurretik.

Hortaz, gizakiaren ikuspuntutik baino ezin dugu hitz egin espazioaz, izaki hedatuez, eta abarrez. Kanpoko begiespenak lortu ahal izateko ditugun baldintza subjektiboak alde batera utziz gero, hots, objektuen bidez afektatuak izateko baldintzak baztertuz gero, orduan espazioaren errepresentazioak ez du esanahirik. Predikatu hau gauzei egozten zaie, baina hauek guri agertzen zaizkigun heinean besterik ez, h. d., sentimenaren objektuak diren heinean. Sentimena deitzen diogun harmen honen forma iraunkorra hartueman ororen beharrezko baldintza da; bertan gugandik kanpora objektuak begiesten dira, eta objektu horietaz abstraitzen bada, orduan espazioa izena duen begiespen hutsa da. Sentimenaren baldintza bereziak gauzen ahalgarritasunaren baldintzak ez, baizik beren agerpenaren baldintzak soilik bihur ditzakegunez, orduan lasai esan dezakegu espazioak kanpoan agertu ahal zaizkigun gauza guztiak besarkatzen dituela, baina ez gauza oro bere baitan, begietsiak izan ala ez izan arren, edo subjektua edozein izan arren. Izan ere, beste zerizan pentsatzaileen begiespenez ezin dugu juzgatu ea gure begiespena zedarriztatzen duten eta guretzat orokorki balio duten baldintza berberei lotzen zaizkien. Subjektuaren adigaiari judizioaren zedarriztapena gehitzen badiogu, orduan honek baldintzatugabeki balio du. «Gauza guztiak bata bestearen ondoan dira espazioan» esakuneak gauza hauek gure sentsuzko begiespenaren objektutzat hartzeko zedarriztapenarekin balio du. Hemen adigaiari baldintza hau gehitzen badiot eta hau badiot: «gauza guztiak kanpoko agerpen gisa bata bestearen ondoan daude espazioan», orduan erregela honek orokorki eta zedarriztapenik gabe balio du. Gure argiketek, hortaz, bi gauza hauek irakasten dizkigute: batetik espazioaren errealitatea (h. d., baliotasun objektiboa) kanpotik gure objektu gisa ager daitekeen orori begira, baina aldi berean espazioaren idealtasuna ere bai arrazoimenaren bidez beren baitan, h. d., gure sentimenaren antolaera aintzat hartu gabe kontsideratzen diren gauzei dagokienez. Beraz, espazioaren errealitate enpirikoa baieztatzen dugu (kanpoko esperientzia ahalgarri orori dagokionez), baina aldi berean bere idealtasun transzendentala ere bai, h. d., esperientzia ororen ahalgarritasunaren baldintzak alde batera utzi eta espazioa berbaitango gauzen oinarrian datzala onartu ahala hau ezer ez dela baieztatzen dugu.

Ez dago, ordea, espazioaz gain subjektiboa den eta kanpoko zerbaiti lotzen zaion beste errepresentaziorik a priori objektiboa izena jaso dezakeenik. Izan ere, hauetako bakar batetik ere ezin dira esakune sintetikoak a priori eratorri espazioaren begiespenetik erator daitezkeen bezala (§ 3). Horregatik, hauek, zehazki hitz eginez, ez dute ezein idealtasunik, nahiz eta espazioaren errepresentazioarekin bat egiten duten sentsu-eraren antolaera subjektibokoak izateari dagokionez, adibidez, ikusmenarenak, entzumenarenak, sentimenduarenak izateari dagokionez kolore, doinu eta beroaren sentsazioen bidez, baina hauek sentsazioak besterik ez direnez gero, eta ez begiespenak, orduan ez dute objekturik ezagutarazten beren baitan eta are gutxiago a priori41.

Ohar honen asmoa espazioaren idealtasuna oso askiezak diren adibideen bidez argitzeko ateraldia saihestea da, zeren koloreak, gustamena, eta abar, gauzen antolaera ez, baina gure subjektuaren aldaketa soil gisa kontsideratzen baitira bidezki, hots, gizaki ezberdinetan ere ezberdinak izan daitezkeen aldaketa gisa. Izan ere, kasu honetan jatorriz agerpena baino ez dena, adibidez, arrosa bat, adiera enpirikoan berbaitango gauza bera da, begirada bakoitzari koloreari dagokionez ezberdina ager dakiokeen arren. Aitzitik, espazioan dauden agerpenen adigai transzendentalak kritikoki oharrarazten du espazioan begiesten den ezer ez dela berbaitango gauza, eta espazioa gauzei beren baitan berea litzaiekeen forma bat ez dela, aitzitik, guri berbaitango gauzak ez zaizkigula inolaz ere ezagunak eta guk kanpoko objektuak deitzen diegunak gure sentimenaren errepresentazio soilak direla, zeinaren forma espazioa den, baina egiazko korrelatua, h. d., berbaitango gauza bera ez den ezagutzen eta ezin den ezagutu errepresentazio hauen bitartez; korrelatu honetaz ez da, ordea, inoiz galdetzen esperientzian.