Hitzaurrea
Lehen Kritikarekiko eta Oinarritzapenarekiko lotura
[aldatu]Europar Ilustrazioaren gorenean Immanuel Kantek garaiko ideia gidari bat, kritika, beste bi ideia gidariei aplikatzen die, arrazoimenari eta askatasunari. Horrela, Ilustrazioaren autokritika errotikoa eta zabala egiten du, bai lehen uneko garaiarena, filosofiaren eragin handia jaso zuenarena, baita geroko aldiarena ere, filosofiak indarra galdu zuen aldi horrena. Autokritika hori artean sonatu bihurtu diren hiru galderetan biltzen da: 1. Zer ezagut dezaket? 2. Zer egin behar dut? 3. Zer itxaron dezaket? Lehen galderari dagokion erantzuna, beste bi galderak ere jorratzen dituena, arrazoimenaren kritika transzendentala, hain da enziklopedikoa eta bereziki hain berria, ezen garai berri bat hasten baitu. Idazlan hori, hogei urte inguruko pentsamendu-ahaleginen ondorioa eta hamar urte lanik argitaratu gabe egon ondoren 1781ean agertzen dena, Arraziomen hutsaren kritika, Arthur Schopenhauer-en ustez “Europan inoiz idatzi den liburu garrantzitsuena” da (Gesammelte Briefe, arg. A. Hübscher, Nr. 157). Filosofo askok baliospen berbera egiten dutenez, Charles S. Peirce pragmatista estatubatuarrak ere Kanten lehen kritikari “filosofian edan dudan bularretako esnea” zeritzon (My pragmatism laneko sarreran, 1909), Kanten beste lanak ezkutuan geratzen dira sarri. Horrez gain, 1788an argitaratu zuen Arrazoimen praktikoaren kritika Kantek filosofia moralaren eremuan idatzi zuen lehen idazlan kritikoaren itzalpean dago (Ohituren metafisikaren oinarritzapena, 1785).
Gutxiespen bikoitz horren aurkako bi arrazoi ditugu. Batetik, lehen kritikarekin loturan, ezin da ukatu haren tesiak artean asko erlatibizatu direla, adibidez ikuspegi transzendentala hizkuntzaren filosofiak egindako biraketa dela eta (“linguistic turn”) eta matematikaren teoria judizio matematikoen izaera sintetikoari buruzko zalantzak direla eta. Aitzitik, Kanten filosofia moralaren oinarrizko osagaiek egun ere onespena lortzen dute: baliotasun mugaezina, kategorikoa, agindu moralen adigai-osagai gisa, orokorgarritasuna haren beharrezko irizpide gisa eta gizakiak duen izaera bere baitarako xede gisa, bere duintasun utziezina, bere gaitasun moralaren “ondorio” gisa. Bi mendetik gorako eztabaida sakonen ondoren bigarren kritikako oinarrizko baieztapen batzuek lehen kritikakoek baino indar gehiago erakusten dute.
Bestalde, Oinarritzapenarekin loturan, bigarren kritikak betebeharraren printzipioari dagokionez “behin-behineko ezagupena” eta “formula jakin” baten aipamena baino zertxobait gehiago dauka (lanaren hitzaurrean aipatzen denez). Gainerako hori gaiaren zabalpenetik abiatzen da. Horrela, filosofia moralaren oinarritzapenak, zentzu hertsian, “arrazoimen praktiko hutsaren analitikak” irakasgai berri bat jasotzen du, “arrazoimenaren egitatea”. Horren bidez arrazoimen praktiko hutsak bere “errealitatea egintzaren bidez” frogatzen du (lanaren hitzaurrean). Horri “Arrazoimen praktiko hutsaren dialektika” gaineratzen zaio, hirugarren galdera jorratzen duena: zer itxaron dezaket?, eta azkenik “metodoaren irakaspen” bat.
Kanten filosofia moralaren eragin historikoan Ohituren metafisikaren oinarritzapenak izan du garrantzi handiena. Baina maila filosofikoari erreparatzen bazaio, orduan Arrazoimen praktikoaren kritika da nagusi. Idazkiak Oinarritzapenak baino gai gehiago jasotzen ditu eta, gainera, argiagoa da arazoa plazaratzerakoan, zehatzagoa adigaietan eta sendoagoa pentsamen-bidean.
Hala ere, Kantek ezagutzaren hizkuntza erabiltzen du, ez apelatiboa. Inoiz ez du nagusitasun moralaren ikuspegitik gaitzespenik egiten.
Oinarrizko arazoa
[aldatu]Arrazoimen praktikoaren kritikaren ausardia ez da txikia. Izan ere, Kantek ordura arteko etikotasunaren edo moralaren oinarritzapen orori egiten dio aurre. “Taula” laburbiltzaile batean, “etikotasunaren printzipioan dauden determinazio-oinarri material praktikoak” sailkatzen dituenean, Kantek bere printzipio formala azaltzen du filosofia moralaren tradizio osoari, oro har determinazio-oinarrien materialtasunaren menpe ezartzen duenari, zorrozki aurkakotuz. Kant aurkakotza gutxi-asko zorrotzean ezartzen da hezkuntzaren (Montaigne), konstituzio hiritarraren (Mandeville), sentimendu fisikoaren (Epìkuro) edo moralaren (Hutcheson), betegintzarrearen (estoikoak, Wolf) eta jainkotiar nahimenaren printzipio etiko materialen aurrean. Taulak guztiz osoa izan nahi duen arren, harrigarriro Platon eta Aristoteles ez ditu jasotzen.
Moralaren beste oinarritzapen saiakera horiek huts egiten dutela lehen kritikan bezala frogatzen da. Izan ere, Kanten ustez bi kasuetan uzia berbera da, baliotasun zeharo orokor eta objektiboa. Han, eremu teoretikoan zientziak aurkezten du uzi hori. Hemen, eremu praktikoan, moralak, zeinak era berean lotespen mugaezina eskatzen duen: objektibitate praktikoaren maila gorena, bestela esanda, egia praktikoa, ez teoretikoa.
Kantek eskuarki arrazoimenaz sentsuen eremua gainditzeko ahalmena ulertzen du eta hori egitean zorrozki objektiboak diren printzipioei jarraitzea. Arrazoimen teoretikoa da gaindipen horren arduraduna ezagumenarentzat eta hori egitean printzipio teoretikoek determinatzen dute; aitzitik, arrazoimen praktikoa ez zaio lotzen zuzenean ekiteari, baina bai horren oinarrian dagoen desiramenari eta horren printzipio praktikoei. Arrazoimenak determinatzen duen desiramenak, subjektibitate praktikoak, nahimen ere izena du, zeina Kantentzat ez den indar irrazionala, baizik eta arrazoizkoa den zerbait: arrazoimena ekintzari lotuta. Kanten lan kritiko osoaren oinarrian dagoen bereizkuntza horrek, arrazoimen praktikoaren eta teoretikoaren arteakoak, oraindik guztiz ulertu ez den eragina du: arrazoimen teoretikoari zorrozki aurkakotuz arrazoimen praktikoa osagai ezagutzaile orotatik aske dago, osagai epistemikoak ia erabat suntsituta daude hor. Horrela, Kant Platonengandik urruntzen da guztiz gai honi dagokionez, hots, ongi moralak baldintza epistemikoekin duen lotura eta hortik ondorioztatzen den itxaropen bat, alegia, filosofoek eskumen berezi bat dutela moralean eta, horregatik, gaitasun berezi bat gizartea politikoki gidatzeko. Filosofoek filosofiaren bidez lortzen duten moral bati Kantek giza arrazoimen orokorraren morala aurkakotzen dio. Morala jakintza-osagaiekiko lotura orotatik askatzen denean (Platonengan ideien sistema, bereziki ongiaren ideia), eta alderantziz giza arrazoimen orokor eta arruntarentzat irekia dagoenean, filosofoek euren pribilegio moralak galtzen dituzte eta, gainera, hortik ondorioztatzen diren pribilegio politikoak. Kantek Platonen ideia horri egiten dion kritika ezaguna, hots, filosofoak errege izan behar duela (Betiko bakea, bigarren eranskina), edukiaren arabera honekin hasten da: arrazoimen teoretikoaren eta praktikoaren arteko bereizketa zorrotzarekin, moralaren demokratizazio bati lotuta.
Arrazoimen praktikoa, hobeto esanda, nahimena “errepresentazioei dagozkien objektuak sortzen dituen edo horiek sortzeko (ahalmen fisikoa nahikoa izan ala ez) bere burua, hots, bere kausalitatea determinatzeko” ahalmena da.
Lau ikuspegi dira garrantzitsuak definizio horretan: 1. “Determinazio-oinarri” adierazpenaren arabera desiratze bat da, baina ez gustagarri eta gustagaitza denaren uneko sentimenduek gidatzen duena, baizik eta arrazoiek. Arrazoimen sinplea ere bai, ez soilik arrazoimen praktiko hutsa, printzipioen arabera gidatua den desiratze bat da; horren printzipioa bitarikoa izan daiteke, arrazoimen praktiko txikiena badu, agindu teknikoa izango da, horren goratzea bada, pragmatikoa. 2. “Sortze” adierazpenak indar ekoizlea adierazten du. 3. Baina, parentesiko esakune erdiak dioenez, fisikoki nahikoa ezin da izan; nahi izatearen eta ekitearen artean adigaien araberako aldea dago, eta sarri egitatezkoa ere bai. 4. “Norbere burua hori sortzera determinatzea” dioenean horrekin erabakia adierazten da. Arrazoimen praktiko hutsa nahimenarentzako arrazoimen-oinarrietan datza, hau da, ekitearen oinarrian dagoen desiratzea sentimenezko bultzatzaileetatik beregainki determinatzeko gaitasunean, hots, irrika, premia eta desioetatik, eta noski gustagarri eta gustagaitz denaren sentsaziotik beregainki. Bere printzipioak horretatik beregainak direlako, eta ondorioz, mugaezinak direlako, eta beraz, horiek kategorikoki balio dutelako, agindu kategorikoen maila dute.
Arrazoimena ea oro har praktikoa izan daitekeen galdetzeak, eta horri lotzen zaion beste galdera honek, hots, ea arrazoimen praktiko huts gisa, subjektibitate moral gisa existitzen den, filosofiaren historia osoa zeharkatzen dute oinarrizko arazo gisa. Hori horrela dela ikusita, Kanten prozedura argia bezain laburrari “geniala” deitu behar zaio. Hasteko Kantek adigaia zehazten du eta horrela gaizki-ulertze asko gainditzen ditu, baita hainbat irtenbide faltsu ere: arrazoimen praktikoa ez da ezagutza-gaitasuna, objektu berezi bat izango lukeena, praxia. Aitzitik, hura funtsezko eran ezberdina den, ezagutzetik eratortzen ez den, baizik eta erabat beregaina den gaitasuna da, nahi izatearena. Arrazoimen praktikoa ezagutza-gaitasun gisa ulertzen den bitartean, objektu berezi bat duena, praxia, bada, arrazoimen praktiko huts baten pentsamenduak zentzugabekeria dirudi. Izan ere, nola gidatu beharko luke ekintza ezagutza gaitasun soil batek? Bestalde, arrazoimen praktikoa ekintzaren determinazio-oinarri gisa ulertzen bada, orduan arrazoimen praktiko hutsa pentsatzen zaila den baina pentsa daitekeen zerbait bihurtzen da, alegia, nahi izate hutsa, kanpoko eskakizunetatik beregaina.
Adigaiaren zehaztapen horri lotzen zaio zuzenean Kanten argudioaren bigarren urratsa, hots, galdera hau: nola determinatzen du bere burua nahi izate huts batek? Hirugarren urratsak ematen digu erantzuna: nahi izatearen materia nahi izatearen kanpotik datorkigunez, nahi izate hutsak baztertu egin behar du materiaren bidezko determinazio oro, halako moldez non “materia edo forma” alternatiba badugu, forma geratzen baita soilik determinazio-oinarri gisa. Bere aldetik forma huts bat, laugarren urratsak dioenez, berbera da nahi duen edonorentzat, hau da, zentzu praktikoan arrazoidunak diren zerizan guztientzat, eta horregatik berberatasun hori, hots, lege orokorra, nahi izate hutsaren zeinu ezagugarri bihurtzen da.
Teoriaren eremuan bezala, Kantek praktikoan ere bereizkuntza zorrotza aurkitzen du sentimenezko determinazio-oinarrien menpe dagoen ahalmen baten, hemen “patologikoki afektatuta dagoen nahimenaren”, eta horretatik guztiz beregaina den nahimen huts baten artean. Patologikoki afektatuta dagoen nahimena enpirikoki afektatuta dagoena da, eta nahimen hutsa arrazoimen praktiko hutsa. Enpirikoki baldintzatuta dagoen arrazoimenak bere determinazioaren zati bat kanpotik jasotzen du, irrika, premia, azturak eta pasioen eskutik, baina arrazoimen praktiko hutsak bere buruari begiratzen dio guztiz, hau da, bere forma hutsari.
Lanaren sarreran baieztatzen du Kantek dagoeneko lehen liburuko lehen zatian, hau da, “arrazoimen praktiko hutsaren analitikan”, “arrazoimen praktiko hutsaren oinarrizko legetik” eratortzen den “ondorioztapen” erabakigarria osatzen duena, ezen “arrazoimen hutsa berez izan daitekeela praktikoa”. Baieztapen horren bidez Kantek mugak erakusten dizkie enpirikoki determinatuta dagoen arrazoimen praktikoaren uziei. Hori dela eta, eremu praktikoan frogaren helburuaren iraulketa bat gertatzen da eremu teoretikoarekin alderatuz. Bi lanen izenburuetan adierazten da hori. Ezagutzan Kantek arrazoimen hutsaren hantustea apurtzen du, eta horregatik horri dagokion lanak “Arrazoimen hutsaren kritika” izena du, edo zehazkiago, “Arrazoimen teoretiko edo espekulatibo hutsarena”. Bestalde, ekintzari dagokionez, edo zehazkiago, nahimenaren eraketari dagokionez enpirikoki baldintzatutako arrazoimenaren hantustea apurtzen duenez, lanari “Arrazoimen praktikoaren kritika” deitzen dio, eta ez “arrazoimen praktiko hutsarena”. Errefusatu behar dena, hain zuzen, moralaren printzipioa esperientziaren menpe dagoela dioen ikuspegia da. Hume gogoan izanik, Kantek enpirismo etikoa baztertzen du.
Horren ordez lehen atalaren egituran topatzen dugu filosofia moralean Kantek ordezkatzen duen arrazionalismo zorrotza, “Arrazoimen praktiko hutsaren oinarrizko esakuneez”. Spinozaren Ethica, Ordine Geometrico demonstrata lanari hurbilduz, baina arrazoinalismoaren metodo matematikoa eta horren aparteko lan hori guztiz onartu gabe, Kant definizioak emanez abiatzen da (“Definizioa”). Eta horiei irakaspenak eta euren oinarritzapen, ondorioztapen eta oharrak jarraiki zaizkie. Hala ere, behar diren adigaien definizioak baino gutxiago eta gehiago biltzen du lehen paragrafoak. Gehiago barnebiltzen du, Kantek bere burua ere argitzen duelako; bere egitasmoa edo konpondu behar den arazoa aurkezten du: nola pentsa dezake gizakiak, duen sentimena izanda (patologikoki afektatutako nahimena), arrazoimen hutsa ezaugarritzen duen baliogarritasun orokorra ekintzaren eremuan eta, gainera, nola egikari dezake hori? Bestalde, definizioak gutxiegi jasotzen du, behin-behineko izenezko adigai-definizioak baino ez dituelako ematen. Adigai erabakigarriaren, lege praktikoaren definizio garatuagoa lehen atalaren amaiera aldera dator, 7. paragrafoan.
Egitura
[aldatu]Lehen Arrazoimen hutsaren kritika bezala, Arrazoimen praktikoaren kritika ere hitzaurre eta sarrera batekin hasten da. Ondoren lehen eta zabalen den zatia dator, “arrazoimen praktiko hutsaren osagaien irakaspena”. Kantek berak esaten digunez, horrek lehen kritikaren egitura hartzen du, baina orain estetika analitikaren barne ezartzen du. Bestalde, lehen kritikan bezala analtika batetik abiatzen da, orain arrazoimen praktiko hutsaren analitika dena egiaren erregela gisa, eta ondoren dator dialektika “arrazoimen praktikoaren judizioetan gertatzen diren liluren aurkezpen eta desegite gisa”.
Analitikak (ulermen berri hedatuan) lehen kritikaren analitikak bezala hiru zati ditu, baina lehen kritikarekin alderatuz atzetik aurreko norantzan. Lehen kritika sentimenaren teoria batekin hasten da, estetikarekin, han analitika transzendentalari aitzinatzen zaiona, eta ondoren adigaien analitika bat dator eta gero, gainera, oinarrizko esakuneen analitika. Bigarren kritika, aldiz, oinarrizko esakuneen analitika batekin hasten da, eta ondoren dator adigaiena eta gero (sentimenezkoak ez diren) bultzagaien analitika bat dator. Ordenaren iraulketa horren arrazoia beste nonbait topatu behar da. Ezagutzan arrazoimenak objektuekin duen erlazioa jorratzen da, sentimenik gabe ezinezkoa dena, eta orain nahimenari dagokionez kontua oinarrizko esakuneen nolakotasun morala, araztasuna, argitara ekartzen duen nahimena da.
Egitasmo horri eta froga-helburu horri jarraitzen zaien argudioa zazpi froga urratsetan bana daiteke: lehen urratsean, I-II tesietan (2. eta 3. paragrafoetan), Kantek enpirikoki determinatuta dagoen nahimen batek dituen maxima guztiak baztertzen ditu, horiek ezein lege praktikorik eskuratu ezin dutela erakusten du (2. paragrafoa), eta horien printzipio nagusiari norberaren maitasun edo norberaren zorion deitzen dio (3. paragrafoa). Ondoren, nahieraren heteronomia aipatzen du (kanpotiko determinazioa). Bigarren urratsean, Kantek e contrario argudiatzen du; moralaren printzipio izan ezin duenetik abiatuz, determinazio-oinarri material orotatik, printzipio moral egokia arrazoitzen du, nahimen huts baten determinazio-oinarri izateko balio duen forma, hobe, forma hutsa, eta hirugarren urratsean hori edukiz betetzen du: lege-emate orokorra (3. tesia, 4. paragrafoa).
Ondoren, Kantek bi arazo plazaratzen ditu, eta laugarren eta bosgarren urratsak horietaz arduratuko dira. Alde batetik, legearen formaren bidez soilik determinatzen den nahimen baten egitura bilatzen da (5. paragrafoa, I arazoa) eta, gainera, nahimen askeari dagokion legea (6. paragrafoa, II arazoa). Printzipio moral gorena bilatzen da bere esanahi bikoitzean, subjektiboan eta objektiboan: batetik, subjektibitate moralaren printzipioa eta, bestetik, horri dagokion lege objektiboa, zeinak aldi berean irizpide moral gorena biltzen duen. Lehen arazoan printzipio material guztien bazterketa egin ondoren geratzen denak eduki propioa jasotzen du. Soberakin horrek, formak, nahimena determinatu ahal izan behar du, laugarren urratsaren arabera; subjektibitate moralaren printzipioa askatasun transzendentalean agertzen da.
Moralaren printzipio objektiboak, nahimen askea determinatzen duen legeak, arrazoimen praktiko hutsaren oinarrizko legeak, ohituren legea edo lege morala ere deitzen denak, honela dio: “Ekin ezazu zure nahimenaren maximak beti aldi berean lege-emate orokor baten printzipio gisa balio balezake bezala” (7. paragrafoa). Zehazki hartuta ez da ohituren legea bera, baizik eta horrek zerizan arrazoidun mugatuetan, arrazoidunak soilik ez direnetan hartzen duen forma. Adierazpena bera erabili gabe Kantek (Oinarritzapenetik ezaguna zaigun) agindu kategorikoa aipatzen du.
Kanten Ohituren metafisikaren oinarritzapena irakurtzetik datorrena harrituta egongo da ikustean hango adigai nagusiak, agindu kategorikoak, bigarren kritikan ia garrantzirik ez duela. Hori aipatzen duen lehen une garrantzitsuak (lehenago ere aipatu zuen), 7. paragrafoan, laguntzen du egoera hori argitzen: Kantek agindu kategorikoa “lege praktikoekin (ekintza betebehar bihurtzen dituztenekin)” berdintzen du, halako moldez non agindu kategorikoaren gaia hor baitugu hasiera berberetik, analitikaren lehen esakunetik. Gainera, Kantek agindu kategorikoarentzat gordeta daukan adigaia, betebeharra, Oinarritzapenean hasiera-hasieratik agertzen da, baina bigarren kritikan askoz beranduago, “Analitikaren” hirugarren eta azken atalean.
5. eta 6. paragrafoen oharrean Kantek dagoeneko iradokitzen du “oinarrizko legeari” buruzko oharrean eta “ondorioari” buruzkoan zehazkiago azaltzen duena, hots, irakaspen zail hura, seigarren urratsa osatzen duena, arrazoimenaren egitatea.
Horri, zazpigarren urrats gisa, laugarren urratsean jorratutako tesiaren argiketa zehatza jarraitzen zaio, hots, askatasun transzendentalarena, nahimenaren autonomiarena.
Nahimenaren askatasuna, ohituren legea edo agindu kategorikoa eta arrazoimenaren egitatea
[aldatu]Zazpi atal dituen argudio horren hiru osagaiek argipen zehatzagoa merezi dute honelako sarrera batean: subjektibitate moralaren printzipioa, horren irizpidea, agindu kategorikoa, eta horren errealitatearen froga, arrazoimenaren egitatea.
1. Nahimenaren askatasuna. Subjektibitate morala determinatzeko, arrazoimen praktiko hutsarena den aldetik, Kantek materia eta formaren adigaiak erabiliz argudiatzen du. Logikan materia deitzen dio “objektuari” eta forma “objektua ezagutzeko erari”. Hori bigarren kritikaren gaiari aplikatuz gero, materia nahimenaren objektuan datza, eta forma objektua nahi izateko eran (ez, noski, ezagutzeko eran). Baina materiaren barne objektu, egoera edo ekimen guztiak sartzen dira, zeinen errealitatea honexegatik desiratzen den, atsegina agintzen dutelako. Desiratzea eta atsegina hor ez zaizkio soilik sentimenezko poz baxuei lotzen (jatearen, edatearen, sexuaren, lasaitzearen pozei), baizik eta espirituzko poz garaiei ere bai, adimenduzko ekimen sortzaile edo sozialetatik sortzen direnei (3. paragrafoa, I oharra). Izan ere, bi kasuetan itxaroten den gustagarritasunak determinatzen du lehenik nahimenarentzat kanpotik datorrena, eta beraz, heteronomoa dena, eta bigarrenik, esperientziaren menpe dagoena, eta beraz, beti enpirikoa dena, eta hirugarrenik, esperientziaren menpe dagoenez, onenean orokortasun zabala baimentzen du, baina inoiz ez lege praktikoek eskatzen duten orokortasun zorrotz eta erabatekoa. Horren ordez nahimen morala konpromisorik onartzen ez duen ulermen bati makurtzen zaio: “Betebeharraren ohoragarritasunak ez du zer ikusirik bizitzaren gozamenarekin; hark bere lege propioa dauka, eta bere epaimahai propioa ere bai”.
Kantek onartzen du, bai, zerizan arrazoidun mugatu (premiadun) bakoitzak ezinbestean bere abantaila propioa bilatzen duela, eta azken finean bere zoriona, bere izate guztiarekiko asebete gisa ulertuta (3. paragrafoa, II oharra). Baina asebete hori subjektuaren (banako, gizarteko kide eta generoaren zati den heinean) berezitasunaren menpe dagoenez eta munduak eta gizarteak eskaintzen dizkion ahalgarritasunen menpe dagoenez, eta zoriona, beraz, bi ikuspegi horietan enpirikoki baldintzatuta dagoenez, arrazoimen praktiko hutsaren, legezkotasun orokorraren irizpidea ez da nahikoa.
Espirituaren interesak ere baztertzen direnez, galdera da ea determinazio-oinarri ahalgarrien eremu osoa ez ote den gainditu, eta ondorioz, etikotasunarentzat ez ote dagoen jada lekurik. Hirugarren atalean Kantek erakusten du materia oro baztertu ondoren oraindik ere forma geratzen dela, baina maximen forma besterik ez, halako moldez non horrek nahimenaren determinazio-oinarri bakarra osatzen duen. (4. paragrafoa). Baina legearen forma soila ez da sentsuen ezein objektu; agerpen guztietatik haratago dago, eta horren printzipioa kausalitatetik haratago dago. Lehen kritikan lortu zen adigaia, askatasun transzendentalarena, natura orotatik beregaintasunarena, bigarren kritikan askatasun praktiko (moral) gisa agertzen da: determinazio arrotz orotatik eta horren kausalitatetik aske den nahimenak bere buruari ematen dio legea, eta bere burua autonomiaren bidez, norberari legea ematearen bidez ezaugarritzen du. Askatasuna negatiboki determinazio-oinarri materialetatiko beregaintasuna da, positiboki norberaren buruaren determinazioa edo norberaren buruari lege-ematea (8. paragrafoa).
Ekintza desiratzetik abiatuta oinarrituz eta desiratzea autonomiatik abiatuta oinarrituz, arrazoizkotasunaren eta erantzukizunaren adigaiek zorroztasun eta errotikotasun berri bat jasotzen dute. Gizakiak betiere premiak dituen zerizan bat izaten dirau, baina horretaz gain, Kantek hemen jorratzen ez badu ere, zerizan historikoa eta soziala da. Moralak autonomia gisa ulertuta ez ditu premiak eta gizarte menpekotasunak baztertzen; aitzitik, horiek determinazio-oinarri gisa onartzen dira. Izan ere, “zoriontsu izatea halabeharrez da zerizan arrazoidun baina mugatu ororen eskaera, eta beraz, desiramenaren ezinbesteko determinazio-oinarria da”. Kanten irakurleek ere sarri ez dute ongi irakurtzen Kantek norberaren maitasunari eskubide hori onartzen diola, baldin eta “lege horrekin adosteko baldintzara murrizten den heinean”, eta horrela “norberaren maitasun arrazoizko” bihurtzen da. Eta hor arrazoizko hitzak ez du esan nahi ongi hausnartu dena edo ongi kalkulatu dena. Kontua ez da agindu pragmatikoa, epe luzera norberaren ongizate handiena sortzen duena, baizik eta aurretik betebehar moral ororen murriztapenei menpekotzen zaien norberaren maitasuna. Kanten arabera norberaren maitasuna arrazoizkoa da, baldin eta arrazoimen praktiko hutsaren mugen barne badabil.
Autonomiaren printzipioak etika filosofikoa oinarri berrien gainean ezartzen du. Etikotasunaren oinarria ez datza norberaren maitasun onberan (Rousseau), ezta sentimendu moralean ere (moral sense; Hutcheson, gainera Shaftesbury eta Hume). Jakina, norberaren betegintzarrearen betebeharraren testuinguruan sentimendu morala eta onberatasuna landu behar dira (Ohituren Metafisikan jasotzen du gero). Biak, norberaren maitasun onbera eta sentimendu morala subjektuaren egoera egitatezkoak, ausazkoak baino ez dira, eta horregatik ez dute balio orokorra zehazki. Rousseauk eta moral sense horren aldeko filosofoek enpirismo finago baten barnean harrapatuta diraute.
Are gutxiago oinarritzen da etikotasuna sentimendu fisiko batean (Epikurok hobesten duen moduan, nahiz eta Kanti hori ez zaion iruditzen “bere teoriaren printzipioetatik erator zitekeen bezain jaidura baxua”. Gauzen betengintzarrea (estoikoak, Wolff) edo Jainkoaren nahimena (Crusius, moralista teologikoak) ere ez dira betebehar moralen azken iturria. Izan ere, maxima bat ez da Kantentzat arrazoizkoa Jainkoak bere botere nagusian hori agintzen duelako, baizik eta Jainkoak maxima hori agintzen ditu, hori eta Jainkoa bera arrazoizkoak direlako. Nahiz eta enpirikoki ikusita batzuetan alderantziz izan daitekeen, sistematikoki hartuta moraltasuna ez zaio erlijio-sinesmen bati jarraitzen, baizik eta horren aurretik doa.
2. Ohituren legea edo agindu kategorikoa. “Arrazoimen praktiko hutsaren oinarrizko legearen bidez” (7. paragrafoa) edo ohituren legearen bidez Kantek moralaren juzgaketa-irizpide garaiena ezartzen du. Eta horri dagokion juzgamenak, “juzgamen praktiko hutsak” tankera berria eta, aldi berean, ikuspegi moralean oinarrizkoagoa hartzen du, Aristotelesengandik hasita nagusi zen juzgamenarekin alderatzen badugu, phronêsis edo zuhurtasunarekin. Aristotelesen phronêsisak egitura morala aurresuposatzen du bertutearen bidez, eta dagokion helburura daraman bidea determinatzearekin nahikoa du (Etika Nikomakorentzat, VI 13, 1144a 8). Aitzitik, Kanten juzgamen praktiko hutsa arduratzen da egitura moralaz, maxima morala eta ez-moralen arteko bereizkuntzaz.
Judizioaren arazo horri dagokionez, ezin da alde batera utzi oinarrizko lege moralak edo agindu kategorikoak ez dutela eskaintza neutralik egiten. Kantentzat horiek neurgailu soil bat baino askoz gehiago dira, lotespen moralak zertan datzaten erakusten duen moralometro bat baino gehiago, ekilearen esku utziz eskuzabal ea horiek berrezagutuko dituen ala agian ez. “Esakuke praktiko kategoriko” gisa oinarrizko legea baldintzarik onartzen ez duen “ekin ezazu...!” batekin hasten da. Bigarren lerroan esaten du Kantek lehenik ekimen hori zertan datzan: oinarrian datzaten maximen orokorgarritasunean.
Oinarritzapenean egin behar denari buruzko galdera gorantz mailakatuta zeuden hiru zatitan banatzen bazen, behar tekniko, pragmatiko eta moral batean, Arrazoimen praktikoaren kritikan lehen urratsak ez du garrantzi handirik. Lehen paragrafoari dagokion oharrean esaten da modu interesgarrian oinarrizko esakune praktiko ororen barne, eta beraz, moralen barne jasotzen diren erregelek izaera tekniko edo instrumentala dutela, “ekintza bat” agintzen dutelako “asmotan dugun eragina lortzeko bitarteko gisa”.
3. Arrazoimenaren egitatea. Bi osagai teoretikoen bidez (autonomiaren printzipioa eta maximen orokorgarritasunaren irizpidea), Kantek oraindik ez du lortzen frogatu nahi duena: enpirismo eta eszeptizismo etikoaren gaindipena. Bereziki eszeptizismoa behin betirako errefusatzeko ez da nahikoa etikotasunak kontraesanik ez duela pentsatzea, baizik eta azken buruan hura lilura pertsonaletan, gizarteak edo generoak dituenetan ez oinarritzearen aurka defendatu egin behar da. Kantek susmo horri “arrazoimenaren egitatearen” pentsamenduaren bidez egiten dio aurre, edo zehazkiago, “arrazoimen (praktiko hutsaren) egitatearen” pentsamenduaren bidez (7. paragrafoa, oharrak, eta gero hainbat unetan).
Arrazoimenaren egitate ez du izendatzen Kantek lanaren kokagune erabakigarrian ohituren legea edo lege morala bera, baizik horren kontzientzia. Kanten arabera hori eztabaidatu ezin den, enpirikoa ez den baizik eta a priori dugun eta apodiktikoki ziurra den egitatea da, baldintzatugabeko betebehar batez jabetzea. Eta hor arrazoimenak bere burua “jatorriz lege-emaile gisa” iragartzen du (sic volo, sic jubeo).
Arrazoimenaren egitatea ukaezina dela frogatzeko Kantek judizio berezi batzuk aipatzen ditu, non guk joera eta horren printzipio orotatik beregainki moralki zuzena den ekintza adierazten dugun. Kantek galdetzen du ea, norbaiti eskatzen bazaio “berehalako heriotza-zigorraren mehatxupean” “gizon zintzo baten aurkako lekukotza faltsua egiteko”, horrek ahalgarritzat joko duen lekukotza faltsua ukatzea. Eta galdera horren erantzunak zalantzarik gabe dio baietz. Lekukotza faltsua ulergarria izan badaiteke ere, baita hori itxaroten denean ere, bizitzan interesak indar izugarria izango duela espero delako, hala ere bidegabekeria moral gisa balioetsiko da. Eta baliospen horretan ohituren legea aplikatzen da erreal gisa lege-emate baldintzatugabea, norberaren ongizatearen hain mehatxu larritik beregainki balio duen lege-ematea den aldetik. Egitatean, lekukotza faltsua faltsua izateaz jabetuz gaitzesteko ekintzan Kantek ikusten du enpiria praktiko orotatik, hots, joera orotatik beregaina den arrazoimen praktikoa frogatzen dela erreal gisa. Nahimen hutsa, moraltasuna, ez da agertzen gehiago bizitzari arrotz zaion betebehar gisa, baizik eta guk beti berrezagutzen dugun errealitate gisa. Etikotasuna moralisten asmakuntza dela dioen susmoaren aurka Kantek arrazoimenaren egitatea aipatzen du, eta dio hori gizaki guztien zerizanean “sartuta” dagoela eta “hizki gordin eta irakurgarrienak erabiliz idatzia dagoela gizakiaren ariman” (Hori teorian zuzena baina praktikan baliogabea dela dioen ohiko esamoldeari buruz idazkian dioenez).
Arrazoimen praktiko hutsa nahimenaren askatasunean datzanez, arrazoimenaren egitateak hirugarren urratsa aurkezten du Kanten askatasunaren irakaspenean: 1) Lehen kritikaren antinomien atalean Kantek frogatzen du askatasun transzendentala pentsa daitekeela; 2) bigarren kritikako autonomiaren printzipioak askatasun transzendentala adigai negatibo gisa frogatzen du, positiboki hartuta askatasun moralean datzana; 3) arrazoimenaren egitateak frogatzen du, azkenik, askatasun transzendental eta aldi berean morala erreala dela.
Hemen objekzio bat sortzen da arrazoimenaren egitatearen aurka, hots, Kantek izate-behar akatsa egiten duela, izateari buruzko baieztapen soiletatik beharrari buruzko baieztapenak eratortzen dituela. Egiatan arrazoimenaren egitatean etika kantiarraren egoera itxuraz paradoxala agertzen da, agian filosofia moral ororen egoera: kontzientzia moralean (edo hitzaldi moralean eta abarretan) beti hor egon den zerbait gogoetatzen da, egitate bat beraz, da bat, eta gogoeta horrek ohituren legera, beharraren oinarri eta eredura eraman beharko gintuzke. Horren oinarria da egitatea ez dela berezko egitate arrunta, baizik eta behar moral baten kontzientzia. Gainera, egitatea da jatorrizko zentzuan, egiten dena edo hemen juzgatzen duenak egiten duena. Egoera erabakigarriak moralki juzgatzen diren heinean (ez ezinbestean horiei moralki aurre eginez), zerizan moral gisa egikaritzen gara. Gainera, Kantek ez du eratortzen arrazoimenaren egitatetik beharrari buruzko baieztapenik: argudioaren logika kontuan hartzen badugu ohituren legea ez zaio jarraiki arrazoimenaren egitateari, baizik eta mugagabeki orokorra den, zorrozki objektiboa den lege baten adigaiari.
Begirunearen sentimendua
[aldatu]Analitikaren lehen atalean orokorgarritasunaren apriorizko lege moral formala jorratzen du, bigarren atalean ongia eta gaizkiaren objektuak, a priori materialak direnak. “Arrazoimen praktiko hutsaren bultzagaiei” buruzko hirugarren atalean moraltasunaren apriorizko hirugarren osagaia argitzen du, lege moralari zaion begirunearen sentimendu morala. Lege moralaren formak baino iratzartzen ez duena, gizakian lege moralaren aurrean erreakzionatzen duen eta subjektiboki sentimenezkoa den sentimendua funtsezko eran bereizten da atsegin enpirikotik.
“Arrazoimenak eragiten duen” sentimendua da, hasieran gustagaitza dena, eta gogoz kontra gizaki guztietan berdin sortzen dena. Objektuen alor oso xumea ukitzen du begiruneak: sentimenaren arrazoi heteronomoei aurkakotuz ekintzen erantzukizun moralari soilik lotzen zaio, eta beraz, pertsonei, inoiz ez gauzei, inoiz ez naturari, abereei, ezta conditio humanaren gainerako alderdiei. Aldi berean sentimenak Kanten etikan tankera bikoitz harrigarria jasotzen du: alde batetik, sentimendu enpirikoak daude, bestetik begirunearen sentimendu morala. Lehen horiek narritadura enpirikoek eragiten dituzte eta ekintzaren oinarri materialak diren aldetik lege formalaren menpe daude; azkena, bitartegabe dator lege moraletik, eta funtzioaren arabera haren menpe badago ere, harekin batera doa aldean daraman emoziozko printzipio babesle gisa.
“Arrazoimen praktiko hutsaren dialektikaz”
[aldatu]Arrazoimen hutsak Kanten arabera beti du bere dialektika. Horrek hain zuzen baldintzen osotasuna, hau da, baldintzatugabea agerpenei aplikatzen dien heinean, berbaitango gauzak balira bezala, ezinbesteko lilura bat sortzen du. Bigarren kritikaren kasuan dialektikak ongi gorenarekin du zer ikusia, eta gainera horrekin lotuta dauden arrazoimen praktiko hutsaren postulatu birekin, arimaren hilezkortasunarekin eta Jainkoaren izatearekin, eta azkenik, gainera, arrazoimen praktiko hutsaren lehentasunarekin. Ohar gutxi batzuk baino ezin dira egin sarrera honetan Kanten lanean adituak direnek sarri arreta nahikoz jorratu ez duten alor zabal horri buruz.
Arrazoimen praktiko hutsak praktikoki baldintzatua denarentzat, joeretan eta natur premietan oinarritzen den guztiarentzat baldintzatugabea bilatzen du osotasun absolutu baten zentzuan. Osotasun hori edo gorena dena bi eratara pentsa daiteke, menperatzaile edo barne-hartzaile gisa. Lehen zentzuan garaiena dena (supremum) baldintzatugabea den baldintzak osatzen du (originarium), bigarren zentzuan osatua denak osatzen du (consummatum), beste osotasun baten zati ez den osotasun orohartzaile batek. Ongi gorena lehen zentzuan bertutean datza, zoriontsu izateko duintasuna bezala ulertuta. Bigarren zentzuan hartzen badugu, falta dena da bertutetsua aldi berean zoriontsu izatea, eta gainera zoriontsu izateko duintasunaren arabera, bertutearen arabera. Sentsuen munduan lortutako egitatezko zoriona moralki (noumenoaren eremuan) merezi izan den zorionari egokitu behar zaio, zorionaren eta zoriontsu izateko duintasunaren arteko egokitasun bat sor dadin.
Bi irtenbide-proposamen garrantzitsu antzinatik datoz eta garai modernora arte eragina izan dute. Kantek biak baztertzen ditu, epikuroarren eta estoikoen proposamenak. Izan ere, biek arazoa sinpletu egiten dute: “Epikuroarren arabera bertutearen adigaia norberaren zoriona sustatzeko maximan dago jasota; zorionaren sentimendua, ordea, estoikoen arabera norberaren bertutearen kontzientzian dago jasota”. Ongi gorena epikuroarrentzat norberaren zorionean, estoikoentzat bertutean datzanez, biek alderdi bakarra berrezagutzen dute eta bestearen pisua gutxiesten dute. Kant, aldiz, itxurazko ezintasun bat egiten saiatzen da: zoriona eta bertutea bakoitzak duen balioan berrezagutu nahi ditu eta, aldi berean, elkarrekin adiskidetu nahi ditu. Horretarako, ordea, bi osagai onartzen ditu, arrunki erlijiotik datozenak, hots, erlijio judu-kristautik datozenak, eta erlijio gaietan eszeptikoa denari arazoak sortzen dizkiotenak. Postulatuen irakaspenaren eskutik Kanten filosofia morala erlijioaren filosofiara igarotzen da; noski, ez da Jainkoaren agerkundearen filosofia bihurtzen, baizik eta ondoren idatzi zuen erlijioari buruzko liburuaren izenburuak esaten duenez erlijioaz arduratzen da arrazoimen soilaren mugen barne.
Autonomiaren etika batek ez du lege moralari zaion begirunea ez den beste bultzagai moralik onartzen. Beste munduan justizia sari-emaile edo zigortzailea espero duelako moralki jokatzen duenak moraltasunaren araztasuna apurtzen du. Baina arrazoimen bakarrak, erabilera teoretiko eta praktikoari komun zaien arrazoimenak, arrazoimenaren bi eremuen batasuna eskatzen du. Batasunaren premia hori dela eta, “Analitikaren” aldean galdera guztiz berria sortzen da, ez moralasunaren adigaiari, irizpideari eta errealitateari buruzkoa, baizik eta moraltasunaren zentzuari buruzkoa. “Analitika” subjektu ekilearen betegintzarreaz arduratzen da, “dialektika” munduaren betegintzarreaz: nola izan daiteke bere baitan natura gisa ez ezik, gainera, moralari begira ere betegina?
Galdera berri horri dagokion erantzuna ongi gorenean datza, ez garaienean soilik, baizik eta osatuan, moraltasunaren (zoriontsu izateko duintasun gisa) eta egitatean lortzen den zorionaren arteko harmonian: moralki bizi garen neurrian zoriontsu izatea, harmonia hori Kanten arabera bi gauza onartuz baino ezin da pentsatu: Jainkoaren izatea, harmonia hori sortzen duena, eta pertsonaren deuseztaezintasuna, arimaren hilezkortasuna, harmonia hori gozatzea ahalbidetzen duena. Bi baldintza horiei arrazoimen praktikoaren postulatu deitzen die. Horiek onartu behar ditu, hain zuzen, haren zentzu-premia, ongi gorenari lotzen zaiona, asebetegarri gisa pentsatzeko: pertsona zuzenak Jainkoa izan dadila eta bere arima hilezkorra izan dadila “nahi” du.
Egitatezko eta merezitako zorionaren arteko egokitasunak horien arteko lotura aurresuposatzen du, zeina ez analitikoki ez enpirikoki ez den sortzen. Hala ere, Kanten arabera enpirian nagusitzen den printzipioaren arabera baino ezin daiteke pentsatu, hots, kausa-ondorio erlazioaren arabera. Egoera horretatik bi legezkotasun aurkakotu ondorioztatzen dira, eta beraz, antinomia bat: batetik, zoriona eskatzea ezin daiteke maxima moralen kausa izan. Izan ere, zoriona eskatzearen oinarrian lege moralaren egiazko aurkaria dago, norberaren maitasunaren printzipioa. Bestetik, maxima moralek ez dute balio zorionaren kausa gisa, zeren hori ez baitago jaidura moralen menpe, baizik eta natur legeen eta ahalmen fisikoen menpe.
Antinomia hori arrazoimen praktiko hutsaren bi postulatuen bidez gaindi daiteke: batetik, jaidura ohituren legeari guztiz egokitzea, santutasuna, zerizan arrazoidun mugatuen kasuan aurrerabide amaigabe gisa baino ezin daiteke pentsatu, eta horrek bere aldetik zerizan arrazoidunaren amaigaberantz luzatzen den existentzia aurresuposatzen du, arimaren hilezkortasuna.
Parentesi artean bi galdera sortzen dira hor. Lehen galdera: gizakia oro har zentzu hertsian, “ontologikoan”, santu bihur al daiteke? Horretarako bere mugatasuna, hots, nahi izate ez-moralaren aldera limurtu ahal izatea galdu beharko luke. Egitatean, ordea, goraka doan araztasuna lortu arren, sentimenezko zerizan gisa zoriona eskatzeari eta hortik sortzen den limurgarritasunari lotuta jarraitzen du, halako moldez non gutxienez zentzu “ontologikoan” ezin baitzaio inolaz ere santutasunari hurbildu. Eta hurbilketa “pragmatiko” baterako, jarrera irmo nahiko baterako, bertuterako, aurrerabideak agian ez du zertan amaigabea izan behar. Bigarren galdera: ez al dago soinetik askatu den pertsona, arima hilezkorra, norberaren buruaren maitasunaren tentalditik aske dagoeneko? Itxuraz, lehen, ezinezkoa dena eskatzen da, eta bigarren, beharrezkoa ez dena.
Bestalde, zerizan bat behar da, horren adimen osatuaren bidez (orojakintza) eta horren nahimen osatuaren bidez (orozuzentasuna eta oroahalmena) ongi gorenaz arduratzen dena egitatean. Metodologikoki hartuta bi postulatuak ez dira “dogma teoretikoak”; izan ere, ezagutza ez baitute asmo teoretikoan hedatzen, praktikoan baizik. Moraltasunaren oinarrizko esakunetik abiatzen dira, eta hori bere aldetik ez da ezein postulatu, baizik eta lege bat.
“Interes oro azken buruan praktikoa denez”, Kantek “dialektikaren” hirugarren atalean arrazoimen praktikoari ematen dio lehentasuna teoretikoari eman beharrean. Askatasunak praktikaren arloan nabaritasun izugarria du, eta horrek lehenesten du arrazoimen teoretikoaren arloan duen frogaezintasunaren eta errefusaezintasunaren gainetik.
Metodoaren irakaspena: hezkuntza moralaren teoria bat
[aldatu]Bi zati dituen osagaien irakaspenaren ondoren, berriro, lehen kritikak egin duen moduan, idazlanaren bigarren zati bat dator, metodoaren irakaspen oso laburra. Lehen kritikak egiten zuen moduan, bigarrenak ere Descartesen Discours de la méthode laneko egitasmoa jasotzen du. Baina Kanti ez zaio filosofia moralaren metodoa interesatzen, maila batean moralari dagokionez metodo teoretiko bat, horren “ezagutza zientifikoa” interesatzen zaio.
Filosofia zehazki praktikoaren pentsamenduak Aristotelesengan du jatorria, sarri Kanten aurkaritzat jotzen den filosofo moralarengan (Etika Nikomakorentzat, I 1, 1095a 5). Kantek moralaren oinarriei buruz egiten duen gogoeta errotikoan interpretatzaile batzuek filosofia praktikoaren pentsamendua desagertzen dela irizten dute. Egitatean hori ez da ondoren sortzen, Ohituren metafisikan, lan horren zuzenbidearen irakaspenean eta bertutearen irakaspenean, baizik eta bigarren kritikan ere (eta aurretik ere bai Oinarritzapenean, baita lehen kritikaren hitzaurrean ere) asmo praktiko, existentziala datza oinarrian. Eszeptizismo etikoaren aurka, betebehar moralaren baliotasuna erabat zalantzan jartzen duenaren aurka, eta enpirismo etikoaren aurka, haren araztasun eta indarrean zalantzak dituenaren aurka, Kantek kontzientzia moral arrunta oinarri seguru baten gainean ezartzen du eta bere baldintzatugabetasunean indartzen du: lege hutsa den aldetik, atseginaren eta desatseginaren osagai guztietatik beregaina den legea den aldetik, morala nahimenaren autonomiatik sortzen da.
Metodoaren irakaspenean Kantek bere interes praktikoa garatzen du, orain zera aztertzeko eginkizun gisa: “arrazoimen praktiko hutsaren legeak giza gogamenerako bidea egiteko eta haren maximen gainean eragina lortzeko modua, hau da, objektiboki praktikoa den arrazoimena subjektiboki ere praktiko bihur ahal izateko modua”.
Kantek metodoaren irakaspenean hezkuntza moralaren teoria bat zirriborratzen du jeinuzko hitz gutxitan, bi une dituena, hezkuntza pragmatikoa eta zentzu hertsian morala dena, eta bigarren unean legezkotasunerako hezkuntza eta horren hurrengo urratsa den moraltasunerako hezkuntza bereizten ditu. Egungo eskoletako “etika” ikasgaiak badu hezkuntzaren teoria horretatik zer ikasi. Alternatiba pisutsuaren proposamena aurkezten du, morala dilemen arabera eztabaidatzeko. Garrantzitsua da adibidez hori arrazoimenak duen aiher bati lotzea, gaztetxoetan ere topatzen duguna, “sortzen diren arazo praktikoen proba sotilena ere gustura onartzea”. Merezi du, gainera, “bertute hutsaren proba-irizpideak adibide baten bidez erakustea”. “Gizon zintzo baten istorioa kontatzen da, zeina bultzatu nahi den pertsona inozo eta gainera txiro baten iraintzaileekin bat egitera. Irabaziak eskaintzen zaizkio… Baina has gaitezen galeraren mehatxuarekin…orduan nire entzule gazteek pixkanaka onarpen soiletik miresmenera egingo dute gora eta hortik harridurara, eta azkenean ohoratze handienera eta desira bizi batera, norbera horrelako gizona izateko desirara… Beraz, etikotasunak giza bihotzean hainbat indar gehiago izan du hura aratzago aurkezten den heinean”.
Gaurkotasuna eta zirikatzeko gaitasuna
[aldatu]Amaitzeko Kanten filosofia moralaren une gutxi batzuk azpimarra ditzagun, haren gaurkotasuna eta haren zirikatzeko gaitasuna erakusten dutenak. Horren arrazoi batzuk eman dira dagoeneko, adibidez, Kantek “metodoaren irakaspenean” hezkuntza moralaren teoria bat zirriborratzen duela eta egungo eskoletako “etika” ikasgaiak baduela horretatik zer ikasi, eta oro har idazlanak duen pisu existentziala.
1. Utilitarismoaren eta kontsekuentzialismoaren kritika
Egozpen sarri baten arabera Kanten etika gizaki konkretuen egitatezko ongizatearen aurrean axolagabe da eta, horrexegatik, utilitarismoa gailentzen zaio, zeinak morala ongizate orokorraren adigaien arabera definitzen duen. Badaki Kantek egiatan zerizan arrazoidun mugatu bakoitzak zoriona eskatzen duela; eta besteen ongizateaz arduratzea moralki agintzen den gauzatzat jotzen du. Baina utilitarismoak bere printzipio nagusia, besteen ongizatea, ez du filosofikoki oinarritzen, eta Kant, aldiz, oinarritzapen konplexu bat egiten saiatzen da. Gainera, ohituren legearentzako irizpidea ematen du eskura maximen orokorgarritasunaren bidez.
Horrez gain, besteen ongizatea ez du jotzen dagoen betebehar bakartzat. Betebeharrak agintzen dituen bi xede onartzen ditu, besteen zoriontasunarekin batera norberaren betegintzarrea (Ohituren metafisikan jasotzen du gero). Gainera, utilitarismoak baztertu duen galdera bat egiten du, zein apriorizko baldintzatan da gai subjektua morala izateko oro har? Eta utilitaristen artean gustuko den hedonismoari aurkakotuz, nahimenaren autonomia eskaintzen du erantzun gisa. Arrazoi horiengatik Kanten ikuspegitik etika utilitarista faltsu gisa ez ezik, aldi berean moralki eta filosofikoki osatu beharreko eta zuzendu beharreko teoria gisa agertzen da. Kanten aurkako eredua aurkeztu beharrean nahikoa oinarritua ez dagoen eta indarrik ez duen filosofia morala aurkezten du.
Utilitarismoari ez dio mesederik egiten, gainera, ongizate orokorraren izenean justiziaren aurka egitea baimentzeak. Kantek arrazoiz horren aurkako objekzioa egiten duenean, zuzenbidearen betebehar hertsiak lehenestuz betebehar etiko zabalen aldean, hiltzeko eta iruzurtzeko debekuak ezin direlako laguntzeko aginduagatik hautsi, egitatean Kantek utilitarismoarekin alderatuz filosofikoki hobea ez ezik moralki ere hobea den aukera eskaintzen du.
Azken finean aspaldi honetan gustukoa den alternatiba, “deontologia (betebeharren etika) edo kontsekuentzialismoa (ondorioen etika)”, ez da Kantentzat hertsiki bat ala bestearen arteko alternatiba. Betebeharrak ezin dira legeztatu Kanten arabera, adibidez hiltzeko eta iruzurtzeko debekua, baina ezta laguntzeko agindua ere, ondorioetatik abiatuz, eta beraz, era kontsekuentzialistan. Baina halako betebeharren eremuan, adibidez, laguntzeko agindua, noski gogoetatu behar dela ekintzen ondorioez, bereziki ea ekintza lortu nahi den xederako bitarteko eraginkorra den. Baina bigarren kritika funtsean beste bi agindu motaz arduratzen da, agindu pragmatikoez, orain norberaren maitasunaren edo norberaren zorionaren printzipio deitzen direnez, eta agindu moralez, orain kategorikoki praktikoak diren esakune deitzen direnez.
2. Morala subjektuarentzat eta maximentzat. Gaurko filosofo moral askok aski du moralaren irizpide gorena lortzearekin. Kant ere arduratzen da arazo horretaz, baina zuzen ikusten du horrela ez dela konpontzen moralari buruzko auzia. Moralean kontua gizakiaren erantzukizuna denez, gainera horrek duen maila gorenean, orduan galdera hau ere garrantzitsua da: zein subjektu da gai, bada, erantzukizun hori izateko? Hori jakiteko subjektu moralari buruz galdetu behar dugu, eta hor Kanten maximen adigaiak bitarteko funtzio garrantzitsua du. Dagoeneko lehen kritikan maximaz ulertzen du ekintzen oinarri subjektiboa, hau da, oinarrizko esakune subjektiboa. Arrazoimen praktikoaren kritikan gaineratzen du halako oinarrizko esakuneek nahimenaren determinazio orokorra barnebiltzen dutela eta euren baitan hainbat erregela praktiko jasotzen dituztela (lehen paragrafoa). Oinarrizko esakune subjektiboak diren aldetik norbanako batetik bestera ezberdinak izan daitezke, baina ez halabeharrez. Nahimenaren determinazio gisa ez dituzte ordena-eskemak izendatzen, behatzaile objektibo batek ekileari egozten dizkionak; aitzitik, printzipioak dira, ekileak bereak bezala berrezagutzen dituenak. Eta oinarrizko esakune gisa, euren baitan hainbat erregela jasotzen dituztenak, “gure bizimodu osoa” probatu behar da; maximek norberaren bizitza egiteko modua barnebiltzen dute, bizitzaren eta elkarrekin bizitzearen oinarrizko alderdi batzuei lotuta, adibidez laguntzaren beharra, bizitzaz aspertzea edo irainak edo, bigarren kritikaren adibideen arabera, mendekuaren premia (lehen paragrafoa) eta jabego-irritsa (4. paragrafoa, oharra). Maximaren barne dauden ekintzaren erregelek, aitzitik, bizitzaren baldintza aldagarriekin dute zer ikusia, eta horrenbestez ezberdinak dira. Kantek bere arrazoimen praktikoaren kritikan espresuki azpimarratzen ez badu ere, maximen etika bat erregelen edo arauen etika hedatuei gutxienez lau alderditan gailentzen zaio:
a. Nahimenaren oinarrizko esakuneek inguruabar aldagarriak kontuan hartzen ez dituztenez, horietan ekintza baten oinarrizko eredu normatiboa prestatzen da. Eta horren ondorioz ulertzen da nolatan ekintza ezberdinek nolakotasun komuna izan dezaketen, morala denaren eta morala ez denarena, kasu batean erlatibismo etikoan erori gabe eta bestean erregelen dogmatismo zurrunean erori gabe. Maximak eskuratzen du testuinguru normatiboa, eta testuinguruan ezartze horren bidez bihurtzen da lehenik ekintza konkretu, zeina juzgamen moral-praktiko batek egikaritzen duen juzgaketa prozesu produktiboen bidez.
b. Bizitzaren oinarrizko esakune komun diren aldetik maximek eragozten dute gizaki baten biografia erregelen aniztasun ulertezin batean edo ekintza konkretu zenbatezinetan sakabanatzea. Maximen bidez bizitza baten zatiak zentzu batasun batean biltzen dira, zeina ohituren legeak edo agindu kategorikoak horren nolakotasun moral edo ez-moralaren arabera juzgatzen duen.
c. Maximek pertsonaren eta gizartearen baldintza aldagarri urrunak kontuan hartzen ez dituztenez, horietan gizakiaren izaera adierazten da. Ez dira arauak, maximak baizik, nortasun moralari, osotasun moralari eta hezkuntza moralari buruzko galderen objektu egokiak.
d. Azken finean maximen etika batek baimentzen du morala moraltasunaren zentzuan probatzea. Izan ere, azken horietan soilik, euren kabuz ezartzen diren desiratzearen oinarrizko esakuneetan egiazta daiteke ea ekintza betebeharren araberakoa baino ez den, eta beraz, legezkoa, edo betebeharragatik gertatzen den eta, beraz, moralki.
Maxima bakoitzean jasota dagoen orokortasuna hasiera batean, noski, subjektiboa eta erlatiboa da, ez da orokortasun absolutu eta hertsia, zerizan arrazoidun oro lotzen duena. Horregatik, ohituren legearen bigarren ikuspegiak, orokorgarritasunak, probatzen du ea maxima baten helmen subjektiboak pertsona bakar baten helmen objektibo gisa edo pertsonen gizarte batena gisa balio dezakeen. Oinarrizko esakune subjektiboen sorta koloretsuan moralak direnak moralak ez direnetatik bereizten dira, eta ekileari eskatzen zaio moralak direnei baino ez jarraitzea.
Orain Arrazoimen praktikoaren kritikaren behin-behineko emaitza emango dugu: Kanti argudio guztietan jarraitzen ez zaiona ere, honetan behintzat ados egongo da harekin, filosofia moral egoki baten oinarritzapen kritikoak gutxienez lau eginkizun bete behar dituela: 1) eginkizun semantikoa: moralaren edo moralki ona denaren adigaiaren determinazioa; 2) irizpideari dagokion eginkizuna: moralaren lege gorenaren edo erregela gorenaren oinarritzapena; 3) subjektibitatearen teoriari dagokion eginkizuna: adigaiari eta legeari dagokion subjektibitate moralaren determinazioa; 4) ongi gorenaren eta postulatuen irakaspenaren arazoari buruzko gogoetak, hau da, nola erlazionatzen den gizakiaren berezko determinazioa, zoriona eskatzea, arrazoimenaren determinazioarekin, moralarekin.
Egun nagusi diren filosofo moralen lana begiratzen bada, adibidez Rawls, diskurtsoaren etika eta utilitarismoa, horiek denek eklektikoak dirudite, Kantek landu zituen baina eginkizun gutxiagorekin aski duten heinean eta gutxi horrek konbentzitzen ez gaituen heinean. Eta arrazoi onak daude onartzeko horrek eginkizunak betetzeari dagokionez ere balio duela: 1) moralak esan nahi du lege guztiz objektiboa dagoela; 2) horren irizpidea maximen orokorgarritasunean datzala; 3) horren jatorri subjektiboa nahimenaren autonomian datzala; 4) eta ongi gorenaren arazoa ez bada berriro baztertzen, orduan ez dirudi konpon daitekeenik postulatuen irakaspena edo gutxienez horren baliokide bat erabili gabe. Eta ondorioz, Jean Paul idazlearen hitz batzuk eraldatuz esan dezakegu: ”eros ezazu Jainkoaren izenean Kant, eta liburu bakarra eros badezakezu, orduan Arrazoimen praktikoaren kritika izan dadila”.
Otfried Höffe