Juzgamen praktiko hutsaren tipikaz
Baina hemen juzgamen praktiko hutsak berriro ikuspegi ona lortzen du. Sentsuen munduan ahalgarri zaidan ekintza bat lege praktiko huts bati menperatzeak ez du zer ikusirik ekintzaren ahalgarritasunarekin sentsuen munduko gertaera den aldetik; izan ere, hori arrazoimenaren erabilera teoretikoak kausalitatearen legearen arabera egiten duen juzgaketari dagokio, adimenaren adigai huts dena, eta arrazoimenak horren eskema dauka sentimenezko begiespenean. Kausalitate fisikoa, edo hura gertarazten duen baldintza, natur adigaien artean kokatzen da, eta horien eskemak irudimen transzendentalak zirriborratzen ditu. Hemen, ordea, kontua ez da legeen araberako kasu baten eskema, baizik eta legearen beraren eskema (hitz hori hemen egokia bada), zeren nahimenaren determinazioak (ez ekintzak bere arrakastarekin harremanean) legearen bidez soilik lotzen baitu kausalitatearen legea, beste determinazio-oinarririk gabe, guztiz bestelako baldintzekin, horrelakoak izanik naturaren elkarlotura osatzen dutenak.
Natur legeari, sentimenezko begiespenaren objektuak halako gisa menperatzen zaizkion lege den aldetik, eskema bat dagokio, hau da, irudimenaren prozedura orokor bat (sentsuei a priori aurkeztea legeak determinatzen duen adimenaren adigai hutsa). Baina askatasunaren legeari (inolaz ere sentsuen arabera baldintzatua ez den kausalitate gisa), eta beraz, baldintzatugabeki ona denaren adigaiari ezin zaio oinarrian ezein begiespenik ezarri, eta beraz, ezta ezein eskemarik ere hura in concreto aplikatzeko. Ondorioz, ohituren legeak ez du hura naturako objektuetan aplikatzea bitartekotzen duen ezagumenik, adimena salbu (ez irudimena), zeinak arrazoimenaren ideia bati ez dion oinarrian sentimenaren eskema ezartzen juzgamenerako lege gisa, baizik eta lege bat, baina halako legea non sentsuen objektuetan in concreto aurkez baitaiteke, eta beraz, natur legea baita, baina soilik bere formaren arabera, eta horri ondorioz ohituren legearen tipoa dei dakiogu.
Arrazoimen praktiko hutsaren legeen menpeko juzgamenaren erregela honako hau da: galde iezaiozu zeure buruari ea egiteko asmo duzun ekintza, baldin eta horrek zu ere zati zaituen naturaren lege baten arabera gertatu beharko balu, zuk hura zure nahimenaren bidez ahalgarritzat joko zenukeen. Egitatean edonork juzgatzen ditu ekintzak erregela horren arabera, etikoki onak edo gaitzak izanda ere. Honela esaten da: norbaitek bere abantailaren alde ari dela uste duenean bere buruari baimenduko balio iruzurtzea, edo eskubidea duela usteko balu bizitza mozteko, horretaz erabat aspertzen den bezain pronto, edo besteen premia erabateko axolagabetasunez begiratuko balu, eta zu gauzen halako ordenaren zati izango bazina, zu hor zure nahimenaren adostasunez izango al zinateke? Baina edonork daki ezen, isilpean iruzurra baimentzen badu, guztiek ez dutela horregatik gauza berbera egingo, edo, oharkabean maitagarri ez bada, guztiak ez direla berehala bere aurka izango; beraz, bere ekintzen maxima natur lege orokor batekin alderatzea ez da izango bere nahimenaren determinazio-oinarria. Baina azken hori bada lehenaren juzgaketaren tipoa printzipio etikoen arabera. Ekintzaren maxima honela eratua ez badago, ezen oro har natur lege baten forman proba duela, orduan etikoki ezinezkoa da. Horrela juzgatzen du adimen arruntak ere; izan ere, natur legea bere judizio arruntenen oinarrian datza, baita esperientziako judizioen oinarrian ere. Eskura du beti, beraz, baina kausalitate askea juzgatu behar den kasuetan, natur lege hura askatasunaren lege baten tipo bihurtzen du, zeren zerbait eskura ez badu esperientziaren kasuan adibide gisa erabili ahal izateko, ezingo bailioke arrazoimen praktiko huts baten legeari erabilera eman aplikazioan.
Zilegi da, gainera, sentsuen munduko natura adimenduzko natura baten tipo gisa erabiltzea, horri begiespenak eta horren menpe dagoena egozten ez diodan bitartean, baizik eta soilik horri oro harrezko legezkotasunaren forma (horren adigaia arrazoimenaren erabilera arruntenean sortzen da, baina ezin da ezagutu a priori arrazoimenaren erabilera praktiko hutsaren asmorako determinatua ez bada) lotzen diodan bitartean. Izan ere, legeak lege diren aldetik beti berberak dira euren determinazio-oinarriak edonondik lortu arren.
Bestalde, adimenduzko den guztitik askatasunak (lege moralaren bidez) baino ez duenez errealitatea, eta horrek gainera hartatik bereiztezina den aurresuposizioa den heinean soilik, eta horretaz gain arrazoimenak lege haren gidari jarraiki aurkeztu nahiko lizkigukeen beste objektu adimenduzko guztiek guretzat ezein errealitaterik ez dutenez, lege horren beraren mesedetan eta arrazoimen praktiko hutsaren erabileraren mesedetan ez bada, eta horrek natura juzgamenaren tipo gisa erabiltzeko baimena eta beharra duenez, orduan ohar honek honetarako balio du, ezen adigaiei eurei ez egozteko adigaien tipikari baino ez dagokiona. Horrek, beraz, juzgamenaren tipika den aldetik, arrazoimen praktikoaren empirismotik gordetzen gaitu, zeinak ongiaren eta gaitzaren adigai praktikoak esperientziako emaitzetan baino ez dituen ezartzen (zoriona esaten zaion horretan), nahiz eta horiek eta norberaren maitasunaren bidez determinatutako nahimenaren ondorio baliagarri amaigabeak, horrek bere burua aldi berean natur lege orokor bihurtuko balu, oso tipo egokiak liratekeen etikoki ona denarentzat, horrekin berdintzen ez bada ere. Tipika berberak arrazoimen praktikoaren mistizismotik ere gordetzen du, zeinak sinbolo izateko balio duena eskema bihurtzen duen, hau da, adigai moralen aplikazioaren oinarrian begiespen erreal baina sentimenezkoak ez direnak ezartzen dituen (Jainkoaren erresuma ikusezina), eta horrela muga orotatik haratagoko eremura doa. Juzgamenaren arrazionalismoa baino ez da egokia adigai moralen erabilerako, sentimenezko naturatik arrazoimen hutsak berez pentsa dezakeena baino gehiago hartzen ez duena, hau da, legezkotasuna, eta sentimenetik haratagoko denean ez du ezer sartzen ekintzen bidez sentsuen munduan oro harrezko natur lege baten erregela formalaren arabera benetan aurkez daitekeena baino. Beraz, arrazoimen praktikoaren enpirismotik gordetzea askoz ere garrantzitsuagoa eta aholkagarriagoa da, zeren mistizismoa lege moralaren araztasunarekin eta bikaintasunarekin batera baitaiteke eta, gainera, ez delako berezkoa eta pentsaera arruntari egokia norberaren irudimena sentimenetik haratagoko begiespenetara zabaltzea, eta beraz, alde horretatik arriskua ere ez da hain orokorra; aitzitik, enpirismoak jaiduraren etikotasuna (hor baitatza eta ez soilik ekintzetan gizatasunak haren bidez lor dezakeen eta lortu behar duen balio gorena) errotik usteltzen duenez eta betebeharra egotzi beharrean erabat bestelakoa dena egozten dionez, hots, interes enpiriko bat, horrekin joerek oro har ezkutuan harremanak dituztela, eta gainera horregatik printzipio praktiko goren baten duintasunera igoko balira, gizatasuna beheitituko luketen joera ororekin (berdin dio zein motatakoak), eta hala ere horiek guztien sentierarentzat hain aproposak direnez, horregatik hori inoiz gizaki askoren egoera iraunkorra osatu ezin duen gogo-berotasun oro baino arriskutsuagoa da.