Atiko

Wikitekatik
Jump to navigation Jump to search
Atiko (De viris illustribus / Excellentium Imperatorum Vitae) (k.a. I. mendea) 
Kornelio Nepote, translated by makeip wikilaria
Itzultzaileak berak igo du Jatorrizko testua latinez-PERSEUS atarian

Kornelio Nepote

Atiko

I[aldatu]

(1) Tito Ponponio Atikok, erromatar leinurik zaharreneko ondorengoak, bizitza osoan zehar mantendu zuen bere aitzinekoengandik jasotako zaldun maila. (2) Aita langilea izan zuen, garai hartako aberatsa ez ezik, bereziki letrazalea ere. Beronek letrak maite zituenez, bere semeari irakatsi zizkion haurtzaroan landu beharreko arlo guztiak. (3) Umeak, bada, ikasteko gaitasun handiaz gain, hain mintzaera eta ahots xamurtasun izugarria zuen, irakasten zitzaizkion gauzak azkar ulertzeaz gain ederki kontatu ere egiten zituela. Horregatik haurtzaroan bere adin berekoen artean bikaintzat zeukaten eta nabarmentzen zen haren ikaskide nobleek gogo onez jasan zezaketen baino argiroago. (4) Horrelaxe, bere ahaleginaz guztiak estimulatzen zituen, hauen artean Luzio Torkuato, Kaio Mario Seneka eta Marko Zizeron. Hauek bere jardueraz liluratu zituen halako suertez ezen inor ez baitzen beraientzat bizitza osoan zehar maitagarriagoa izan.

II[aldatu]

(1) Bere aita behar baino lehenago hil zen. Gaztetxoa zenean Atiko bera ere, eraildako Publio Sulpizio plebe-tribunoaren ahaide izateagatik ez zen hark bizi izandako arriskutik urrun ibili; izan ere, Anizia, Ponponioren lehengusua, Serbiorekin, Sulpizioren anaiarekin ezkondu baitzen. (2) Halaxe ba, Sulpizio eraila izatean, alde batetik hiria Kinaren guda zibilak nahasia zegoela ikusita eta bere mailaren arabera alderdi bat edo bestea mindu gabe bizitzeko aukerarik ez zuela, eta bestetik, hiritarren gogoak banatuta egonik, batzuk Silaren alderdia laguntzen zutela, beste batzuk Kinarena, Atenasera joan zen bere gustuko gauzei atxikitzeko garai egokia zela ustez. Hala ere, horrek ez zion eragotzi etsai publiko izendatutako Mario Gazteari bere bitartekoekin laguntzea, zeinen ihesa bere diruaz lagundu zuen.(3)Bidai hark bere ondareari kalterik egin ez liezaion, bertara bere ondasun zati handi bat eraman zuen. Han halako moldez bizi zen ezen atenastar guztientzat mereziki oso maitagarria baitzen;(3)Bidai hark bere ondareari kalterik ez egiteko, bertara bere ondasunen zati handi bat eraman zuen. Han halako moldez bizi izan zen ezen atenastar guztientzat mereziki oso maitagarria baitzen;(4) gaztetxo batengan orduko handia zen sinesgarritasunaz gain, bere ondasunekin haien eskasaldi publikoari askotan lagundu baitzion; Estatuaren izenean prestamen bat hartzea beharrezkoa izanez gero, aukera onik lortu ezean, beti eskaini zuen bere burua halako gisaz non ez baitzuen haiengandik inoiz bildu gehiegizko interesik, ezta hitzartutako baino epe luzeago batean (haiek) zorretan ibiltzea tokatu ere. (5)Bata zein bestea haientzat onuragarriak ziren, ez baitzuten haien zorra bere onespenaz luzatzeko aukerarik ematen, ezta, interesak biderkatuz, areagotzekorik ere.(6) Gizabidetasun (laguntza) honi beste eskuzabaltasun bat ere gehitu zion, denei garia oparitu baitzien, bakoitzari sei gari lakari emanez, Atenasen "medimno" deitutako neurri mota.

III[aldatu]

(Laburpena) Atikok Atenasen izugarrizko arrakasta lortu eta beste ohore batzuen artean hiritar maila eskaini zioten. Ez zuen bere omenez estatuarik eraikitzerik onartu han egon zen bitartean baina alde egin zuenean, ordea, ezin izan zuen hau eragotzi atenastarrek aholkulari eta lagunik hoberentzat jotzen baitzuten. Mundua agintzen zuen hirian sortu eta, kultura zein zientziatan nagusi zen hirian oso maitatua izan zen pertsona dugu bada, Atiko.

IV[aldatu]

(1) Sila Asiatik abiatuta hara iritsi izan zelarik, Ponponio berarekin eduki zuen han egon zen bitartean gaztearen maitekortasun eta jakituriak liluraturik. Izan ere, grekoz solasten zuen halako gisaz non Atenasen sortua baitzirudien: bere latin mintzairaren goxotasuna hain handia zen nabaritzen zela berarengan jatorrizko, ez ikasitako graziaren bat zegoela. Era berean olerkiak grekoz zein latinez halako moldez errezitatzen zituen non deus ere gehiago gehitu ezin baitzitzaion. (2) Gauza hauengatik gertatu zen Silak [Atiko] bere ondotik inora joaten ez uztea eta berarekin eraman nahi izatea. Hura konbentzitzen saiatu zelarik, Ponponiok erantzun zion: "ez nazazu, mesedez, ni horien aurka eraman, zeinekin Italia utzi bainuen zure kontra ez matxinatzeko. Silak, bere aldetik, gaztearen kontsideroa aunitz goraipatu ondoren, agindu zuen abiatzerakoan Atenasen jaso zituen opari guztiak Atikori ematea.(3) Han urte askoan egon zenez, pater familias ez axolagabe batek bere ondareari behar adina kasu egin eta gainerako denbora guztia letrei zein atenastarren politikari eskaini arren, hala eta guztiz ere lagunei laguntzen zien;(4) zeren eta beren hauteskunde batzarretara maiz joan ohi zen eta, gainera, garrantzizko gairen bat jorratzekotan ez zen (inoiz) falta izan. Esate baterako, Zizeronekiko leialtasun berezia adierazi zuen hark bizi izandako arrisku guzietan; honi, aberritik ihes egiterakoan 250000 mila sestertzio eman zizkion. (5) Erromatar kontuak lasaitu zirenean, ordea, Erromara itzuli zen, nire ustez, Luzio Kota eta Luzio Torkuatoren kontsulaldian. Abiatu zenean Atiko, Atenas hiri osoak halako moldez lagundu zuen ezen malkoez etorkizuneko bakar-minaren oinazea adierazten baitzuen.

V[aldatu]

(Laburpena) Atikoren osaba, Kinto Zezilio, hil zenean bere ondarearen hiru laurdenak Atikorentzat izan ziren eta horrela 10 milioi sestertzio lortu zituen. M. Zizeron lagun minarekin batera antolatu zuen bere arrebaren ezkontza Kinto Tulio Zizeronekin. Atikok bazuen beste lagun ospetsu bat: Kinto Hortentsio, garai hartako hizlaririk famatuenetako bat.

VI[aldatu]

(Laburpena) Atiko handi-mandien alderdikoa izan zen baina ez zen sekulan ere iskanbila zibiletan murgildu, ez zuen inoiz berarentzat kargurik eskatu, ez zuen inoiz inor salatu, ez zen epaitegietan ibili, eta, pretore eta kontsul aunitzek eskainitako buruzagigoa onartu bazuen ere, ohorearekin nahikoa zuen eta ez zen inoiz lurraldetara joan ez baitzuen bere ondarea handitzeko asmorik. Horregatik lortu zuen guztiek begirunez tratatzea eta lege hauste susmorik bere inguruan ez egotea.

VII[aldatu]

(Laburpena) 60 urte inguru zituenean hasi zen Zesarren guda zibila. Adinagatik Erroman gelditu zen eta diru laguntza eskaini zien Ponpeiorengana abiatu ziren lagunei. Ez zen ez baten ez bestearen alde atera eta bere bizitza osoan zehar mantendutako jokabide honi esker, Zesarrek, garaile itzuli ondoren, bakean utzi zuen. Berarenganako kontsideroa zela eta, Ponpeioren kanpamenduan atxilotutako Atikoren arrebaren semea eta Kinto Zizeron askatu zituen.

VIII[aldatu]

(1) Zesar hil zutenean iritsi zen errepublika Brutoen eta Kasioren agintepean egon eta Erroma osoa haien alderdira pasatu zela zirudien garai hura. (2) Marko Brutorekin halako harremanak izan zituen non hark, gaztetxoa izan arren, ez baitzuen bere adineko inor agure hau baino familiarkiago tratatu, eta ez zuen soilik hura kontseiluko lehendabizikotzat jotzen, baizik eta etxeko bizitzan ere bai. (3) Erromatar zaldunek Zesarren hiltzaileentzako dirutegi pribatu bat ezar zezaten planeatu zuten zenbaitzuk; Giza-maila hartako gailenek dirua emanez gero, hau erraz lor litekeela uste izan zuten. Halaxe ba, Brutoren laguna zen Kaio Flabiok Atiko gonbidatu zuen proiektu haren buru izateko. (4) Baina berak lagunei laguntza alderdikeriarik gabe eman behar zitzaiela pentsatzen zuenez eta betidanik halako trikimailuetatik urrundu izan zenez, erantzun zion Brutok bere ondasunetariko zerbaitetaz baliatu nahi izanez gero, erabiltzeko haiek agortu arte baina berak ez zuela inorekin honen inguruan hitz egingo ezta elkartuko ere. Horrela, konspiratzaile talde hura bakar honen desakordioagatik desegin zen. (5) Handik denbora gutxira, Antonio nagusitzen hasi zen, halako suertez non Bruto eta Kasio erbestera abiatu ziren, egoera etsi-etsi eginda zegoelarik, kontsulak haiei itxura hutsez eman zizkien lurraldeen babesa utzita. Atikok ez zuen horregatik Antonio boteretsua gehiago goraipatu ezta etsituak bere gisa utzi ere.(6) Gainerakoekin batera sortzen ari zen alderdi hartako dirurik eman nahi izan ez zuen honek, opari moduan 100.000 sextertzio bidali zizkion abandonatutako eta Italiatik iheslari zen Brutori.(Erromatik) kanpo zegoenean, beroni Epiron 300.000 (mila sextertzio) ematea agindu zuen.

IX[aldatu]

(1) Horren ondotik Modenan buruturiko guda iritsi zen non Atikori zuhurra soilik deitzen badiot, merezi duena baino gutxiago adierazten baitut, hobeki esanda hura igarle izan baitzen, deusek aldatu edo gutxiagotzen duen betiko ontasun natural hari igartzapena deitu behar bazaio. (2) Etsai kontsideratua izan zen Antoniok Italiatik alde egin zuen eta ez zen [hura] lehenagora bihurtzeko itxaropenik. Antonioren lagunen atzetik zebiltzan ez soilik bere etsaiak, orduko oso indartsu eta asko zirenak, baizik eta bere kontrakoei bere burua eskeintzen zietenak ere eta berari kalte egitean irabaziren bat lortuko zutela espero zutenak; bere eemazte Fulbiari ondasun guztiak kendu nahi zizkioten eta bere seme-alaben erailketa ere asmatzen ari ziren. (3) Atikok, nahiz eta Zizeronen adiskidetasun min-mina eduki eta Brutorentzako lagun mina izan, Antonio kaltetzeko haien gustua ezertan ez egiteaz gain, aitzitik, hiritik ihes egiten ari ziren haren lagunak ahal zuen neurrian babestu zituen eta behar izan zuten kontu guztietan lagundu zien.(4) Izan ere, halako [mesedeak] egin zizkion Publio Bolumniori non aita batengandik gehiago etor ezin baitzitezkeen. Fulbiari berari, auziek ahuldurik eta izugarrizko mehatxuek oinazeturik zegoenean, hain arreta haundiz eskeini zion bere laguntza, hura ez zela Atiko gabe (bere gauza guztien onegile izan zen) epaitegi baten aurrera ere azaldu. (5) Are gehiago, bere zorioneko garaian jabetza bat epe tinkoan erosi izan zuelarik eta behargabearen ondotik prestamen bat hartu ezin izan zuelarik, [Atiko] bera artean sartu zen eta dirua interesik eta dokumenturik gabe utzi zion, pentsatzen baitzuen irabazirik haundiena zela bera [pertsona] gomutadun eta atseginkortzat ezaguna izatea eta, aldi berean, bera ez fortunaren laguna baizik eta gizakiena izan ohi zela adieraztea. (6) Gauza hauek egiten zituenean, inork ezin zuen pentsatu berak egoeraren arabera jokatzen zuenik, Antoniok errepublikaren agintea edukiko zuenik ez baitzetorkion inori burura. (7) Baina bere hurbileko haundi-mandi batzuk bere pentsakeraz kexatzen ziren hiritar txarrak gutxi gorrotatzen zituela omen baitzirudien. Hark, ordea, berezko iritziko [gizona], beste batzuk goretsiko zutena baino lehenago, berak egitea komenigarria zer zen aztertzen zuen.

X[aldatu]

(1) Zoria bapatean aldatu zen. Antonio Italiara itzuli zenean denek uste izan zuten Atiko arrisku bizian egongo zela Zizeron eta Brutorekiko [zuen] laguntasun minagatik. (2) Halaxe ba, buruzagien etorrera [ikustean] forotik aldendu zen erbesteratzearen beldur zelako eta izkutaturik egon zen Publio Bolumnioren etxean zeini, lehen adierazi dudan bezala, pixka bat lehenago lagundu zion (garai hartan halako zori aldaketa izan zen ezen hauek zein haiek zorion-aldirik edota arriskurik haundienean baitzeuden) eta berarekin zuen Kinto Gelio Kano, adin berekoa eta haren antz-antzekoa. (3) Hau ere Atikoren bihotz onaren erakusgarri da, halaber, eskolan umetan ezagutu zuen gizon batekin hain estu bizi izana ezen haien adiskidetasuna zahartzaroraino amaigabe handitu baitzen. (4) Baina, Antoniok Zizeroni hain gorroto bizia bazion ere, bere etsaia izateagatik ez ezik, bere lagun guztiena ere, eta nahiz eta hauek erbesteratu nahi izan, hala eta guztiz ere, askok zirikatu arren Atikoren laguntzak gogoratu zituen eta non zegoen arakatu izan zuelarik bere eskuz idatzi zion beldurrik ez izateko eta beregana berehala joateko [esanez]; hark [Atiko] bera eta, beragatik, Kano erbesteratuen zerrendatik baztertu zituela. Arriskurik egon ez zedin, [hau] gauez egiten zen eta, eskolta bat bidali zion. (5) Horrela, arrisku egoera bizian, Atiko babes bihurtu zen ez soilik bere buruarena baizik eta oso maite zuen harena ere bai. Izan ere, ez zion inori laguntzarik eskatu bere salbamenerako bakarrik, argi gera zedin berak ez zuela bere buruarentzat harengandik berezitako inolako halabeharrik nahi. (6) Itxasontzia ekaitz eta uhaitzez beteriko itxasoaz salbatzen duen ontzi-buruak izugarrizko goraipamen bat jasotzen badu, zergaitik ezin da berezitzat jo hain istilu zibil ugari eta larrietatik [aterata] egoera ezin hobe batera iristen den honen zuhurtasuna?

XI[aldatu]

(1) Arrisku hauetatik libre gelditu zenean, ahal zuen kontuetan asko eta askorentzat laguntza bide izan baino ez zuen egin. Plebea buruzagien sariengatik erbesteratuak bilatzen ibili zen bitartean, zerbaiten falta zuen bakar bat ere ez zen Epirora joan eta ez zitzaion inori han betirako gelditzeko aukera ukatu. (2) Are gehiago, Filipos gatazkaren ondotik eta, Kaio Kasio eta Marko Brutoren heriotzaren ondotik, erabaki zuen babestea Luzio Iulio Mozila pretore-ohia, bere semea, Aulo, Torkuato eta antzeko zoritxarrak makurtutako gainerakoak eta Epirotik Samotraziara hauei gauza guztiak eramateko agindua eman zuen. (3) Dena azaltzea zaila da eta [gainera] ez da beharrezkoa. Hau ulertzea soilik nahi dut, bere eskuzabaltasuna ez zela izan momentuko gauza ezta kalkulatutakoa ere. (4) Hau erakus dezakete ekintzek berek eta tenoreak, berak ez baitzien bere burua boteretsuei saldu, baizik eta lur jota zeudenei beti lagundu; izan ere, [adibide gisa ] Serbiliari, Brutoren amari, honen heriotzaren ondotik ez zion boteretsua zenean baino begirune gutxiago erakutsi. (5) Eskuzabaltasun honetaz halaxe baliatuz ez zuen areriotasunik irabazi ez baitzion inori minik egiten eta irainen bat jasotzen bazuen, mendekua hartu beharrean, nahiago izaten zuen ahaztea. Aldi berean, jasotako onurak oroipen iraunkorrez gordetzen zituen; hark berak egin zituenak, ordea, jaso zituenak eskertzen zizkion arte gogoratzen zituen. (6) Horrela ba, honek lortu zuen [ondoko] esaera egia dela baieztatzea: "Bizimodu propioak moldatzen du gizaki bakoitzaren zoria." Hala eta guztiz ere, berak, edozein arlotan zigortua izatea saihestu zuenak, ez zuen bere zoria bere burua baino lehenago moldatu.

XII[aldatu]

(1) Horrela ba, [Atikok] bertute hauei esker lortu zuen Marko Vipsanio Agripak, Zesar gaztearekin oso adiskidetasun minez elkartua zegoena, bera aukeratzea gehienbat eta erromatar zaldun baten alabarekin ezkondu nahi izatea, [emakume] noble batekin baino lehenago, nahiz eta bere merezimenduengatik eta Zesarren boterearengatik [edozein] ezkontzaz baliatzeko aukera izan. (2) Ezkontza honen bitartekara izan zen Marko Antonio, eraiki beharreko errepublikaren triunbiro, (ez da ixilean gorde beharrekoa). Honen eraginagatik bere ondasunak areagotu ahal (izan) bazituen ere, dirugosetik halak urrundu zen ezen ez baitzen (aukera) honetaz bat ere baliatu, ez bazen bere lagunen arriskuak edo kalteak aldentzeko. (3) Hau, izan ere, erbesteratze garaian bertan argi eta garbi gelditu zen zeren eta, gauzak burutzen zituzten ohitura haren arabera, triunbiroek orduan Luzio Saufeioren ondasunak saldu izan zituztenean, erromatar zalduna [hura], bere adinekoa, filosofiarenganako zaletasunak bultzatua aspalditik Atenasen bizi zena eta Italian balio haundiko jabetzak zituena, Atikok bere ardura eta ekintzei esker lortu baitzuen mezulari beraren bidez Saufeiok jakitea bere ondasun guztiak galdu eta berreskuratu zituela. (4) [Atikok] berak aztoratu zuen Luzio Iulio Kalido, nire ustez, Lukrezio eta Katuloren heriotzaren ondotik, zalantzarik gabe, gure garaiak eman duen olerkaririk dotoreena, eta, neurri berean, gizon ona eta kultur haundikoa. Hau, zaldunen proskripzioaren ondoren, erbesteratuen zerrendan sartu zuen [Italiatik] kanpo zegoenean Publio Bolumniok, Antonioren langileen buruak, Afrikan (zituen) ondasun haundiengatik. (5) Zaila da erabakitzea gaur egun hau berarentzat gogaikarria edo goraipagarria izan zen, ikusi baitugu arriskualdietan Atiko lagunen ardura izan zuela kanpo zeudenean bere ondoan zeudenean bezain beste.

XIII[aldatu]

(1) Gizon hura, benetan, hiritar bezain sendi-buru ontzat jotzen zuten, zeren eta, diruduna bazen ere, ez baitzen inor izan bera bezain emana ez erostera eta ez eraikitzera. Hala ere, ederki bizi izan zen gailenen artean eta gauzarik onenez baliatu zen. (2) Kirinal mendixkan zeukan bere amaldeko osabak ondare gisa utzitako Tanfiloenea etxea, zeinen edertasuna ez zetzan eraikinean, ohianean baizik, etxeak berak, aspalditik eraikia, apainduria baino gehiago liraintasuna baitzuen; bertan ez zuen ezer aldatu, zerbaiten zaharkeriak behartu ez bazuen. (3) Oso morrointza ona izan zuen baliagarritasunari begiratuz gero eta ozta-ozta hala-holakoa edertasunari begiratuz gero. Izan ere, bertan baziren letretan oso ikasiak ziren esklabuak, oso irakurle onak eta idaz-mutil asko, halako suertez ezen ez baitzen esklabu laguntzaile bat ere ez hauetariko bata zein bestea ederki egin ez zezakeenik. Era berean, etxe-morrointzak eskaturiko gainerako langileak [ere] oso onak [ziren]. (4) Ez zuen, ordea, hauen [artean] bere etxean sortu eta bere etxean hezi ez zen inor; hau ez da soilik moderazio-seinale baizik eta ardura seinale ere bada; izan ere, askok horrela desiratzen dutena gehiegikeriaz ez desiratzea neurriko gizon baten ezaugarritzat hartu behar da, eta diruaren bidez baino lehenago lanaren bidez lortzea, ez hala-holako arduraren seinalea. (5) Dotore, ez dizdiratsu; bikain, ez ospatsu; denaren arduraz bilatzen zuen dezentzia eta ez oparotasuna. Bere altzariak umilak ziren, ez ziren asko halako suertez non ezin baitzen nabarmendu ez joera batengatik ez bestearengatik. (6) Eta ez dut esan gabe utziko, batzuei garrantzi gutxikoa irudituko zaiela pentsatzen badut ere, badakigula bere eguneroko liburuari esker, berak bataz beste hiabetero 3.000 sextertzio baino gehiago ez zituela gastu zerrendan apuntatzen, nahiz eta gailenen artean erromatar zaldun bikaina izan eta eskuzabaltasun handiz bere etxera maila guzietako pertsonak gonbidatu. (7) Eta hau ez dut esaten entzun dudalako baizik eta jakinaren gainean, sarritan, [gu bion arteko] adiskidetasunagatik bere etxeko ekimenetan parte hartu bainuen.

XIV[aldatu]

(1) Bere oturuntzetan irakurlea baino ez zuen entzuten inork, guretzat entrenimendurik atseginena; bere etxean, gonbidatuak ariman sabelean bezainbat poztu zitezen, ez zen inoiz otordurik egiten irakurketarik gabe. (2) Izan ere, bere ohituretatik urruntzen ez zirenak gonbidatzen zituen. Halako diru gehitze haundia suertatuta ere, ez zuen ezertxo ere aldatu bere eguneroko bizitzan, ez zuen ezer aldatu bere bizimoduan, eta hain moderazio handiz baliatu zen, ez zela aitarengandik jaso zituen 2,000.000 sextertzioekin oparotasun gutxiz bizi, ezta 10.,000.000 sextertziorekin hasieran baino oparoago ere, eta zorialdi batean zein bestean maila berean mantendu zen. (3) Ez zuen lorategirik izan, ezta landetxerik ere Erromako kanpoaldean edo itxas-bazterrean, Ardea eta Nomentokoak izan ezik, eta bere diru-errenta osoa Epiroko eta Erromako jabetzetan zetzan. Horretatik ondorio gisa atera daiteke berak ez zuela neurtzen diruaren erabilera kantitatearen arabera, helburuaren arabera baizik.

XV[aldatu]

(Laburpena) Atikok ez zuen gezurrik esaten eta ezin zuen jasan berarekin gezurretan ibiltzea. Zerbait agindu aurretik asko pentsatzen zuen ez baitzuen atsegin gero bete ezin izango zuena agintzea. Horrela, zerbaiten ardura hartzen zuenean, berea balitz bezala kontsideratzen zuen, bere ospea, gehien maite zuena, jokoan zegoela uste baitzuen. Horregatik bere eskutan uzten zituzten erromatar nagusiek bere negozioak.

XVI[aldatu]

(Laburpena) Adin guztietako lagunak izan zituen. Hauen artean: Sila, Marko Bruto, Kinto Hortensio eta Marko Zizeron. Azken honek Atiko bere liburuetan aipatzeaz gain, XVI eskutitz bolumen idazti zizkion non kontatzen dizkion bere kontsulalditik azken urteetara gertatutakoak, iraultzak, e.a. Zizeronek bere garaian gertatuko zena igartzeaz gain, orain gertatzen ari dena ere asmatu zuen.

XVII[aldatu]

(1) Baina, zergaitik kontatu Atikoren bidezkotasunari buruzko gauza gehiago? 90 urtekin lurperatu zuen amaren hiletetan berari entzun diodalako bere burua arrazoi osoz goresten 67 urtez amarekin sekulan ere adiskideratu ez zelako eta ia adin berekoa zuen arrebarekin inoiz haserretu ez izanagatik. (2) Hau, haien artean inoiz kexarik ez egotearen seinale da edo Atiko bere senideekin hain barkaerraztasunekoa izan zela, ezen bidegabekeriatzat jotzen baitzuen maite behar zituenekin haserretzea. (3) Ez zuen hau egin naturarengatik soilik, nahiz eta denek bere menpe egon, baizik eta jakinduriagatik, zeren eta filosofo garrantzitsuenen aginduak ikasi zituen halako gisaz non haietaz baliatzen zen bere bizitza bideratzeko eta ez nabarmenkeriarako.