Atlantikoko Gutuna
Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak eta Erregeren gobernuaren Erresuma Batuko ordezkariak, Mr. Churchillek, bildu ondoren, egoki ikusten dute ezagutaraztea bien herrialdeetako politika nazionaletan berdinak diren zenbait printzio, horietan oinarritzen baitute beren itxaropena, munduak etorkizun hobea izan dezan.
Haien herrialdeen helburua ez da ez lur gehiago berenganatzea, ez beste ezer berenganatzea.
Ez dute ikusi nahi inolako aldaketarik lurraldeetan, ez badator bat lur horietako herriek askatasunez adierazitako borondatearekin.
Errespetatzen dute herrialde guztiek beren lurraldeetan izango duten gobernatzeko modua aukeratzeko eskubidea, eta itzuli nahi dizkiete eskubide subiranoak eta askatasunez gobernatzeko aukera, lehenago bortxaz kendu zitzaizkienei.
Ahalegina egingo dute, dituzten betebeharrak erabat errespetatuz, estatu guztietara zabaltzen (handi nahiz txikietara, garaile nahiz garaituetara) merkataritzan berdintasunezko baldintzetan aritzeko aukera eta munduko lehengaiak eskuratzeko aukera, haien herrialdeek aurrera egin dezaten.
Nazio guztien arteko lankidetzarik handiena bultzatu nahi dute, ekonomia menderatze aldera, guztiek izan ditzaten lan-baldintzarik onenak, ekonomiak aurrera egin dezan eta babes soziala izan dezaten.
Nazien tirania erabat desegin ondoren, nazio guztietan bakea ezarriko den eguna ikusi nahi dute, bakoitza bere mugen barruan seguru biziko den eguna eta nazio guztietako gizaki guztiek libre, beldurrik gabe eta pobreziarik gabe bizitzeko aukera bermaturik izango dutena.
Horrelako bakeari esker ibili ahal izango dira gizaki guztiak itsaso eta ozeanoetan.
Haien ustez, munduko nazio guztiek uko egin behar diote indarkeria erabiltzeari, bai arrazoi praktikoengatik, bai eta espiritualengatik ere. Izan ere, ezin zaio eutsi etorkizuneko inolako bakeari, mehatxatzen duten nazioek lurreko, itsasoko edo aireko armak erabiltzen badituzte, edo mugetatik kanpo egindako erasoen bitartez mehatxatzeko gai badira; uste dute segurtasun-sistema orokor, zabal eta egonkor bat ezarri arte, funtsezkoa dela nazio horiek desarmatzea. Era berean, herri bakezaleentzako mehatxu diren armen pisua arintzeko neurriak suspertzen eta bultzatzen lagunduko dute.
Franklin D. Roosevelt - Winston S. Churchill
1941eko abuztua
Iturria: Martínez Rueda, F. eta Urquijo, M. (2006): Materiales para la historia del mundo actual, Istmo, Madril, I., 45-47.
Itzulpena: Martínez Rueda, F. eta Aizpuru Murua, M. (2011): Gaur egungo munduaren historia 1945-2009, UEU, Bilbo, 38.
Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License. | |