Edukira joan

Austria-Hungariaren ultimatuma Serbiari

Wikitekatik

Azken urte hauetako historiak, eta batez ere ekainaren 28ko gertaera mingarriek, argi asko erakutsi dute badela Serbian mugimendu iraultzaile bat, zeinen helburua Austria-Hungariako Monarkiako lurraldeetatik zenbait zati banantzea den. Mugimendu hau, gobernu serbiarraren aurrean areagotzen joan dena, erreinuaren lurraldeak baino harantzago ere azaldu da terrorismo­ekintzen bidez, zenbait atentatu burutuz eta heriotzak eraginez.

Serbiako gobernuak ez du ezer egin mugimendu hau deuseztatzeko. Toleratu egin du Monarkiaren aurkako elkarte eta erakunde desberdinen jarduera kriminala, prentsaren neurrigabeko hizkuntza, atentatu egileen gorespena, ekintza iraultzaileetan ofizialek eta funtzionarioek parte hartzea, propaganda kaltegarria herri-iritzian (...).

Errege eta inperio gobernuak beharturik ikusi du bere burua Serbiako gobernuari Austria-Hungariako Monarkiaren aurkako propaganda kondenatzen duela dioen formulazio ofiziala eskatzera, hau da, beren azken helburua Monarkiatik bertako zenbait lurralde banantzea lortu nahi duten joera guztiak kondenatzen dituela, eta konpromisoa hartzen duela, bide guztiak erabiliz, propaganda kriminal eta terrorista hori deuseztatzeko (...).

Serbiako errege-gobernuak honako konpromiso hauek hartu behar ditu:

1) Monarkiarekiko gorrotoa eta gaitzespena sorrarazten duen argitalpen oro deuseztatzea (...)

2) Narodna Odbranai deituriko elkartea berehala indargabetzea eta bere propaganda-bide guztiak konfiskatzea;

3) Serbiako heziketa publikotik inolako luzapenik gabe (...) Austria-Hungariaren aurkako propaganda sustatzeko bide ematen duen edo eman lezakeen guztia suntsitzea;

4) Soldadutzatik eta administraziotik Austria-Hungaria Monarkiaren aurkako propagandaren errudun diren ofizial eta funtzionario guztiak baztertzea, inperio eta errege gobernuaren mendean egonik horien izenak eta ekintzak jakinaraztea errege-gobernuari.

5) Serbian inperio eta errege gobernuko organoen lankidetza onartzea Monarkiaren lurralde-batasunaren aurkako mugimendu subertsiboa deuseztatzeko.

6) Ekainean 28ko konplotean parte hartu eta Serbiako lurraldean daudenen aurka inkesta judiziala irekitzea. Inperio eta errege gobernuak eskuordetutako organoek burutu beharreko ikerketetan parte hartuko dute.

7) Ahalik eta azkarren Voislav Tankositch komandantea eta Milan Ciganovitch atxilotzea, Serbiako Estatuko enplegatuak eta konprometiturik daudenak Sarajevon egindako ikerketaren arabera;

8) Serbiako agintariek mugatik armen eta lehergailuen legez kanpoko trafikoan partehartzea eragoztea;

9) Inperio eta errege gobernuari azalpenak ematea Serbiako goi-funtzionarioen ezin zurituzko asmoei buruz, zeinek ez duten duda izpirik ere izan, ekainaren 28ko atentatuaren ondoren, Austria-Hungariako Monarkiaren aurkako adierazpenak egiteko (...);

10) Luzamendurik gabe inperio eta errege gobernuari aurreko puntuetan dauden neurriak betetzen diren jakinaraztea.

Inperio eta errege gobernuak errege-gobernuaren erantzuna beranduenez ere hilaren 25eko, larunbata, arratsaldeko bostak baino lehen espero du.

1914ko uztailaren 23an

Iturriak

[aldatu]

Lehen iturria: ZZEE (1998): Historia testu bidez, Arabako Foru Aldundia - EHU, Gasteiz. (Itzulpenaren arduradun den Mikel Aizpururen baimenaz).

Bigarren iturria: kondaira.eus


Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License.