Edukira joan

Azelerazioa

Wikitekatik
Azelerazioa  (2021) 
Pello Otxandiano
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean.

Azelerazioa

Azelerazio garai bat bizi dugula esan izan da azken urteetan. Urte politiko berri honi erreparatzen badiogu, aste gutxitan zer gertatu den, ez da zaila azelerazio horren zantzuak aurkitzea. Israel Palestinan egiten ari den sarraskia sionismoaren proiektu genozidaren beste kapitulu bat da; eta palestinarren erresistentzia galtzeko ezer ez daukanaren askatasun garrasia. Baina Palestina bada, baita ere, beste pieza gakoetako bat xake-taula geopolitiko globalean. Ukrainako gerrari Palestina batzen zaio, berrorekatzen ari den xake partida globalean gertakariak azeleratzen ari dira, eta arrisku existentziala dramatikoki areagotzen. Mundu hau maldan behera doa, bigarren mundu gerraz geroztiko gobernantza-sistema globalek inoiz ez bezala egin dute huts oinarrizko giza eskubideak errespetarazteari dagokionez, eta baita krisi ekologikoari erantzuteko gaitasuna aktibatzeari dagokionez ere. Azken hau ere, ikerketa zientifiko berrienen argitara, azeleratzen ari da.

Estatu espainiarrean ere gauzak azeleratzen ari dira. Aste hau erabakigarria izaten ari da Pedro Sanchezen inbestidurari begira. Akordio ezberdinak aurkeztu direlarik, idazki hau osatzerako orduan, badirudi gauzak martxa onean doazela eta datorren astean gerta daitekeela inbestidura. Erreakzioa ere antolatzen ari da. Repsolek mehatxu egin du euskal lurretan egin asmo zituen inbertsioak bertan behera uztearekin, ez baitu energetikei ezarri zaien zerga onartzen. Zentzuzkoa izan daiteke pentsatzea mehatxu horren hartzailea EAJ dela, hau da, EAJko presidente ohia EAJ presionatzen ari dela Sanchez inbestitu ez dezan Euskal Herrian inbertituko ez duela mehatxu eginez.

Erreakzioaren bozeramaile gorena Aznar bera izan da aste honetan. Hitz larriak darabiltza. Krisi konstituzional betean omen dago Espainia eta honek tamainako erreakzioa eskatzen duela adierazi du, eta norberak dagokiona egin behar duela, baina inhibitzea ez dela aukera bat. Hitz hauek, nork esan dituen kontuan izanda, zein testuinguru politiko bizi dugun adierazten dute argiro. Kataluniako gertakarien inguruko amnistia hitzartu da, eta legegintzaldi berri bat hasiko da alderdi independentistek sostengatutako gobernu batekin. Halabeharrez, estatu ereduaren gaineko eztabaida irekiko da, aldez edo moldez. Galdera: egon daiteke bisiorik, gaitasunik, asmorik PSOEn eztabaida hori bideratzeko? Azken hamarraldietako PSOE ezagututa, buruak ezezkoa diosku. Baina mundua aldatzen ari da, abiada bizian. Okerreko zentzuan, bai, baina posible al da ezkortasun orokor honetan, imajinatzerik, agian, Espainian, batzuek konbentzimenduz pentsatzen dutela aldaketa batzuk beharrezkoak direla eta ez luketela hain traumatikoak izan behar?

Felipe Gonzalez eta Alfonso Guerra entzutea aski da egungo PSOE hau garaikoa ez dela konturatzeko. Zer emango du Estatuaren plurinazionaltasuna beste era batera kudeatzeko saiakera izan daitekeen bide honek? Hori inork ez daki, Espainiaren historia modernoan ezezaguna den eremu batean sartuko baikara, noiz eta mundua eta Europa hankaz gora datozen garai historikoan. Ezer ez dago idatzita.

Eta kaos honen erdian iritsi da nire partetik GAUR8-ri eta bere irakurleei agur esateko tenorea. Hau da nire azkena. Saiatu naiz ekarpena egiten eta esateko nuena ahalik eta ondoen adierazten. GARA eta NAIZ komunikabideen komunitateari zuzentzea ardura handiz bizi izan dut, errespetu handia eman izan dit, nori zuzentzen ari nintzaion kontziente nintzelako. Bestalde, niretzat ikasketa prozesu bat izan da, pribilegio bat. Esker ona adieraztea baino ez zait geratzen. Milesker bihotzez! Jarrai dezagun komunitate izaten eta mundu berri baten eta herri aske baten alde borrokatzen.