Edukira joan

Azkarate: "Barandiaran ordezkatzeak markatuko dit euskaltzain izaera"

Wikitekatik
Azkarate: «Barandiaran ordezkatzeak markatuko dit euskaltzain izaera»  (1992)  Gorane Agirre, edited by Euskaldunon Egunkaria
Gizartea
Jatorria
Euskaldunon Egunkaria (1992-11-28)

Azkarate: «Barandiaran ordezkatzeak markatuko dit euskaltzain izaera»

Donostiarra 75 urtetan Euskaltzaindian sartu den lehen emakumea da

Lehen emakumea eta Joxe Migel Barandiaranen ondorengoa izateak markatuko dute nire euskaltzain izaera», adierazi zuen atzo Miren Azkarate euskaltzain berriak bere sarrera hitzaldian. Apirilean euskaltzain oso hautatu zuten Azkaratek ‘Jose Migel Barandiaran euskaltzaina’ gaiari eskaini zion bere sarrera hitzaldia. GORANE AGIRRE /BILBO Jean Haritxelhar euskaltzain buruak bere sarrera hitzetan adierazi zuenez, «75. urtean sartzera goazelarik, jadanik hautatu dugu gure lehen emakume euskaltzain osoa». Azkarateren kalitateak azpimarratu zituen Haritxelharrek argi utzi zuen «euskaltzale jakintsu bat hautatu dugu eta anderea bada, bestalde, hainbat hobe».

Donostian jaio zen Miren Azkarate, apirilaren 4ean aukeratu zuten euskaltzain oso. Jose Migel Barandiaranek utzitako hutsunea bete zezan, Patxi Altuna, Juan Mari Lekuonak eta Juan San Martinek proposatu zuten Azkarate, eta emandako hogeita bi botoetatik hogei bereganatu zituen hautagaiak, eta beste biak zuriz eman ziren.

Hautatua izan zenetik behin eta berriro entzun dituen galdera biak ekarri zituen gogora Azkaratek hitzaldiaren atarian, hau da, zer sentitzen den Euskaltzaindian sartzen den lehen emakumea izatean eta, horren ondoren, zer sentitzen den José Migel Barandiaranen lekua hartzean. Bere hitzetan, «hainbeste bider entzun ondoren uste dut bi ezaugarri horiek markatuko dutela nire euskaltzain izaera».

Azkaratek, ordea, halabeharrari leporatu zion berrikuntza hauen erantzukizuna, inolako garrantzi berezirik eman gabe. Hitzaldian, aurretik ere euskararen inguruko lan bikainetan aritu diren emakumeak aipatu zituen, hala nola Catalina Elizegi, Tere Mugika... «Merituak bai ugari guztiek», adierazi zuen, «baina garaia ez zen izan egokia. Nik alde izan dudana, haiek zeharo kontra».

«ZORIAK ERABAKI DU"

Barandiaranen ondorengoa izatea ere hala beharrez izan dela aipatu zuen, «zoriak erabakitzen du eta azken batean noren lekua hartzen duzun». «Halako pertsonek uzten duten hutsunea betetzea ezinezkoa izaten da», gehitu zuen. Euskaltzain osoak Barandiaranen bizitza eta lanak ekarri zituen guztien gogora, eta galdera batetik abiatu zen bere hitzaldiaren gaiaren zergatia argitzeko: «Zergatik Barandiaran euskaltzain?». Barandiaran hautatu zutenean ere aipatu omen zen Euskaltzaindiari babes eta itzala emateko izan zela hautatua. Miren Azkaratek uste duenez, ordea, hori ez zen izan Barandiaranen meritu bakarra. «Eta horixe da hitzaldi honen gaitzat hartu dudana, neure modura omenaldi xume bat eskaini nahian». Hau baita, bere iritziz, «gehiegi azpimarratu ez den alderdia; Jose Migel Barandiaran euskaltzainarena».

Barandiaranek euskaraz idatzitakoen artean ,ikerlanak, hitzaldiak, besteren idatziei eginiko hitzaurreak eta aldizkari eta egunkarietan idatzitakoak aipatu zituen. «Testu hauek aztertuz argi ikusten da nola aldatu den Barandiaranen euskara gaiaren eta inguruaren eraginez. Berea zuen Ataungo euskara ez zen aldatu, baina bai bere idatzietan ageri dena».

«Bada ordea, hasieratik azkenera arte aldatzen ez den zerbait, euskal egitura jatorren erabilera». Barandiaranen joskeraz ari zela, beste alderdi bat ere aipatu zuen, itzultzailearena, alegia.

Euskaltzaindiaren Arautegiak dioenez, «euskaltzain oso berrien sarrera bilkura berezi agerikotan eginen da. Euskaltzain hautatu berriak sarrera hitzaldia eginen du, eta euskaltzain oso batek erantzungo». Horrela Azkaratek bere hitzaldia bukatu ondoren, Patxi Altunak sarrerako erantzunari ekin zion.

Altunak, hasieran, aitabitxi aukeratu izana eskertu zion Azkarateri. Eta ildo beretik, argi utzi zuen, «ez zaitugu hautatu emazekia zarelako, baizik eta zaren bezalako emaztekia zarelako. Kazetari baten hitzez esateko, ‘Fruituz betetako arbola gaztea’ zarelako». Aukeraketaren zioak argitu ondoren zertarako aukeratu duten azaldu zuen Altunak. «Euskararen gramatika legeak ikertu eta mamitzeko eta hizkuntza honen idazlagintzarako argibideak eta arauak emateko».


"Fruituz betetako arbola gaztea"

Atzo 37 urte bete zituen Azkaratek. 1979. urtean hasi zuen bere lana Euskaltzaindian. Gaur egun, lehenbiziko euskaltzain emaztea da. Azken 13 urteetan donostiar emakume honek egin du lana: Gramatika eta Hiztegi Batuko batzordeetako kide da, eta baita Lexikologia Erizpideen Finkapena (LEF) deituriko azpibatzordearen ar-duraduna ere.

Patxi Altunak atzo azaldu zuenez, Azkarate «fruituz betetako arbola gaztea da».Filosofía eta Letretan lortu zuen lizentziatura Deustuko Unibertsitatean 1977ko ekainean. ‘-n edo -z atzizkia daramaten denborazko izen sintagma Axularrengan’ izeneko tesina irakurri zuen Deustuko Unibertsitatean 1979an, ‘Sobresaliente cum laude’ lortuz.

Illinois-eko Unibertsitatean izan zen 1980 eta 1981ean, batez ere sintaxia eta semantika landuz. Handik bueltatzerakoan, ‘Hitz konposatuak euskaraz’ izeneko tesia irakurri zuen EHUn 1988an. Urtebetean Azkue ikerketa saria irabazi zuen.

Gaur egun, EHUko irakaslea da euskara Teknikoa I eta II gaiak irakatsiz. Azkaratek euskaltzain bezala dituen betebeharrak lexikografía eta gramatikari lotzen zaizkio gehien bat.