Edukira joan

Beroa

Wikitekatik
Beroa  (2023) 
Pello Otxandiano
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean.

Beroa

[aldatu]

Gaurko gaiak ezin zuen beste bat izan. Termometroak inoiz baino gorago iritsi dira Europa mendebaldean. Krisi klimatikoa hemen da, eta geure gorputzetan sentitu dugu. Hemendik aurrera halako beroaldiak ohikoak izango dira, hau ere normaltasun berriaren parte da. Planeta gradu bat inguru berotu da industriaurreko garaiarekin konparatuta, eta hauxe da berotze horren emaitza. Zientzialariek diote, berotegi efektuko gasen egungo isurketa mailei eutsiz gero, mende amaierarako 2,7 gradutik gorakoa litzatekeela berotzea. Imajinatu zeintzuk izan daitezkeen halako berotze baten ondorioak.

Eta ondorioa ez da soilik jasangaitza zaigun beroa pairatuko dugula urteko hilabete batzuetan. Aitzitik, ondorioak askotarikoak dira: ura faltako da, elikagaiak faltako dira, biodibertsitatea suntsituko da, suteak biderkatuko dira eta abar. Horren guztiaren ondorioa: krisi ekonomiko eta sozial handi bat. Eta baldintza horietan ez dago lehiakortasun inklusiborik ez bestelakorik. Beraz, hemen badago desmuntatu behar den lehen falazia bat, Josu Jon Imaz eta konpainia aireratzen ari direna (berotegi efektuko gasez gain): afera ez da lehiakortasun ekonomikoaren eta ingurumenaren artean hautatu beharra; baizik eta berotegi efektuko gasen isurketak murrizten ez badira, atzerapen gehiagorik gabe eta modu drastikoan, klimaren aldaketa bortitz bati aurre egiteak sekulako kostu ekonomiko eta soziala izango duela. Hau da, garestiago aterako zaigula beroketa bortitz bati aurre egitea berau saihesten saiatzea baino.

Baina hori egiteko modu bakarra dago: etengabeko hazkunde ekonomikoaren paradigma auzitan jarri behar da eta aberastasuna banatu egin behar da, erradikalki banatu ere. Eta munduko eliteak ez dira halako zerbaiten antzik izan dezakeen ezer pentsatzen ari; hori ere badakigu, sistema ezin baita eten eliteen pribilegioak kaltetu gabe.

Populistatzat joko du norbaitek esan berri dudana. Eta egia da, ez daukat soluziorik erregai fosilak drastikoki murriztu eta geure gizarte antolamenduaren bideragarritasuna bermatzeko. Uste dut inork ez duela halako soluziorik. Zer da, beraz, dakiguna? Has gaitezen hortik, egoerak ekintzak eskatzen baititu, eta dakigunarekin ekin behar baitzaio, ez dakigunaren esperoan gelditu gabe.

Badakigu kontsumo energetikoa jaitsi behar dugula. Horrek, gutxienez, esan nahi du etengabeko hazkundearen paradigman oinarritzen den inbertsio politikari emergentzia frenoa jartzea. Abiadura Handiko Trena bezalako azpiegitura batean halako inbertsioa egitea euskal populuaren segurtasunaren aurkakoa da testuinguru historiko honetan, iraungita dagoen garapen eredu baten logika indartzen duelako eta eraldaketarako eta egokitzapenerako beharrezkoak zaizkigun baliabide ekonomiko urriak xahutzen dituelako.

Kontsumo energetikoa jaisteak esan nahi du efizientzia energetikoaren aldeko Marshall plan bat; euskal industriak hazkunde osteko garaian zer eta nola ekoitziko duen pentsatzea, eta ondorioz, zein sektore ahuldu eta zein indartu behar diren aurreikustea; esan nahi du mugikortasun paradigma berri bat, alde askotatik bultzatu behar dena modu koordinatuan; eta esan nahi du energia berriztagarrien aldeko hautu itzulezin bat.

Baina, batez ere, esan nahi du aberastasunaren banaketa handi bat. Aberastasunaren banaketa erradikal baten eskutik ez bada, planetaren eskala biofisikoan kabitzen diren gizarteetarako trantsizioa lur ongarritua baita faxismoarentzat. Eta hori botere publikoak sektore energetikoan esku hartzetik hasten da.

Eta esan nahi du, eta hortaz ere hitz egin behar da, aldaketa kultural handi bat: munduan egoteko modu berri bat, biziera berriak, gure kontsumo ohiturak errotik kuestionatzea. Hori ere bai.