Milla zortzireun irutan ogei
au da boskarren urtian
diberzio bat jartzera nua
gazte guztien artean.
Azentzioz zan erromeri bat
ermita txiki batian
bi damatxo an ikusi ditut
ezin pasarik atian.
Ermitan sartu ziradenian
parrez neguen atzetik
dudarik gabe promesa ein da
joanak ziraden etxetik
majo on bana eskatzen zuten
lendabiziko itzetik
Salbadoriak libra gaitzala
neska zarraren gaitzetik.
Zer nai zukian manifestatu
ziyotenian barrendik
Salbadoriak bere goguan,
joan zaitezte emendik,
desiuaren paltan ez daude
egiya esango det nik
iñork nai badu oyen esposo
ezkongai daude oraindik.
Ermita ortako pasara einda
prestatu ziran soruan
zikin mantxarik etzan arkitzen
orien belar onduan
abanikurik zuten edo ez
orain ez daukat goguan
beren buruak errespetatzen
aundi mendien moduan.
Batek zintura bear duela
bestiak berriz kortzia
arritzen giñan damatxo oyek
kotxe gabe etortzia
gustatzen zaigu aundi mendien
moda berriak artzia
baña oraindik gerta liteke
beste modutan jartzia.
Zapatatxuak txarolezkuak
sedazko soña gorriyak
lasaitasunak galdu ez ditzan
kortziatuak gerriyak
diamantezko belarritako
begi engañagarriyak
buruan berriz pañolituak
prantse moduan jarriyak.
Galaz beteta ikusi ditut
erromeriyan bi dama
elizarako erropa gabe
etxian aita ta ama
zori-gaiztoan sortu ziraden
alajak eta kabana
banidadeak pameliara
errenta gutxi darama.
Birian topo egin nituen
esan niyoten ariyo
erantzun zuten ere ez dakit
juan ziraden seriyo
bati beñepein gorputz guzitik
seda ta zinta dariyo
oyek guztiak kendu ezkero
kuarto bat eztu baliyo.
Neregatikan esango dute
pikaro begi luzia
gure orduko banidadeaz
kokotzeraño asia.
Aizazu ez det gezurrik esan
ala berean pasia
pobriarentzat ezta tokatzen
aberatsaren klasia.
Begiyak beltzak musu biribil
zuri gorriya larrua
batek sugurra galanta zuen
¡ai zer oliyo jarrua!
berinajia zabaldu eta
gañian jantzi arrua
oyen bultuak bazirudien
galera edo karrua.
Batek tintura bear duela
bestiak berriz kordoya
ainbat etxetik salduko dute
ama edo morroya.
Bestia oyek berriz daukate
galani izugarriya
lenguen moda joan da eta
ama ekatzu berriya.
Ama gaxuak au adituta
nola artu pazientziya
nekerik asko berekin dauka
alabik ezin jantziya.
Egun batetik bestera dator
galanen diperentziya
modu orretan bajatuko da
pobriaren ganantziya.
Neke trabaju penaz beteta
alabak munduan azi
gurasoari esker gaiztoa
orra nik adierazi
beren umeak aundi puntuan
nai lituzke ikusi
lenago maiztar bizitzen dana
ezta jarriko nagusi.
Jantziya bere errespetoan
artu dezala egoki
orra nik esan nola bear dan
iñork ez baldin badaki
banidadeak engañatuta
gero ez dedin erruki
gorputzak eztu gala bearrik
anima garbi eduki.
Beste gauzikan ez det gallentzen
lupika edo barniya
banidadiak galdu bear du
mundu onetan erdiya
gorputzarentzat apainduriya
animak dauka erdiya
garisumaren asieratik
orra galaien sermoya.
Astiasuko danboliña naiz
gañera ezkon berriya
orain itxutzen ari naizena
lenago nitzan argiya
damatxoren biren pasadisua
liburuan det jarriya
amasei bertso txanpon batian
moldezko letra garbiya.