Edukira joan

Bertsolari onak ikusten ditut

Wikitekatik
Bertsolari onak ikusten ditut  (1950) 
Eusebio Muguerza "Mendaro Txirristaka"

Bertsolari onak ikusten ditut



Doñua: "Ume eder bat..."

1
Bertsolari onak ikusten ditut
festara dijuazela,
nere biotzak opa diote
ondo bizi ditezela;
ni ere orretan saiatu eta
aberastua naizela,
testamentua nua egitera
Txirritak zuan bezela.(1)

2
Batzuek Karlos, bestiak Alfonso,
okasiyua genduan,
Mendaro'n jaio nitzan errota
zartxo batean onduan;
urtiak irurogei ta amabost
igaro ditut munduan,(2)
suerte ona, Jaunari eskerrak,
det nere bizi-moduan.

3
Borondate onian askori
mesere egindakuak
nere guraso Pedro eta Juana,
biak zorionekuak;
zortzi seme ta iru arreba
mundura ekarritakuak,
ni bakarrikan bizi naiz oraiñ,
ill ziran gaiñerakuak.

4
Lanian ezi nai gurasuak,
biar kontuak atera,
etxian ogi zuria salgai
ta ni artua jatera,
errege Alfonso ill zan urtian,(3)
morroi toki apartera,
soldata gabe errekaldeko
basarri zartxo batera. (4)

5
Burni-bidean goizian-goiz ekiñ
ta illundu arte lanian,
aukera onik ez genduala
izaten jan-eranian;
nagusi zanak jornalikan ez
miñ artzen genduanian;
ofiziua ikastera urtiak
amasei urte nituanian.

6
Ama negarrez, aita errietan,
erotua nitzan galdera,
ta nik erantzun arrokeriyan:
«Nua Cuba'ko gerrara!»
Gosiak eta zorriya ugari,
errukarriya ibillera,
ez nintzan mutill bikaiña etorri.
Kilimon errekaldera.

7
Zazpi nazio Ameriketan
dira ibilli naizenak,
an ere asko, emen bezela,
adar gabeko zezenak;
konseju onak izanagatik
Redentore Jesusenak,
oker ibilli nai degunontzat
alperrik bire zuzenak.

8
Ebanjeliuak esa ten du,
iñork dudarik ez dezan:
«Erruki zazute alkar» esanda
Jesus gurutzian ill zan;
konseju on ori arrazgeroztik
duten jauneri eleizan
obe degula guziok entzun,
da ill arte goguan izan.

9
Guziok ondo bizi naibaiña
ez dudarikan iduki
dala pleitua sekulan ere
ezingo dana erabaki;
zerekin izan da errukarria
ez duanari erruki,
Aita San Pedrok zeruko atia
ez dio naiko iriki.

10
Kontu, gurasuak, aurrari, ez dezan
zabarkeriyan ikasi,
gerta lezake ez dakiala
ogiya nola irabazi;
zintzo saiatzen diranak bañon
obeto naiko du bizi,
azkenerako ibilli, biar
txapel-okerren igasi.

11
Badakizute askok dutela
erosua bizi-maiña:
buruko illiak orraztu eta
soñekua txit apaiña,
jan eta eran obenetikan,
ezertan saiatu ez baiña;
galdetzen det nik merezi al duten
langille zintzuak ama.

12
Nik esaten det nere aita Pedro
zanari entzundakua:
guziak oiñez ibilli biar
bizi-modu antziñakua;
zori onian Euskal-Erriyan
lenbizi egindakua
da lrun'dikan Altsasuraiño
burni-bide Nortekua.

13
Oiala merke zutela orduan
usariyuak txit onak,
neska zarrak bezela gaztiak
luziak soñian gonak;
ezkon-berritan oierakuan
andriak eta gizonak
fede onian oraziyua
eta kirieleisonak.



Oharrak

(1) Txirritak. bere azkeneko urteetan, liburutxo bat argitaratu zuan, Txirritaren Testamentua izenarekin. (2) Bertso auek. 75 urte zituala, jarri bazituan, eta bera 1874/XII/15'an jaioa zan ezkero, jalri-aldi au, or goien ipiñi degun bezela, 1950 urtekoa izango da. (3) Alfonso XII erregea 1885 urtean il zan. (4) Mendaro'ko Irabaneta baserria.