Biblia/2 Samuel

Wikitekatik
Biblia
2 Samuel
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

1. atala[aldatu]

1 Saul hila zelarik, amalektarrak menperatu eta itzuli ondoren, bi egun egin zituen Davidek Tziklagen. 2 Hirugarren egunean, Saulen kanpalekutik zetorren gizon bat agertu zen; jantziak urraturik eta burua hautsez estalirik zekartzan. Davidengana heltzean, lurreraino ahozpeztu zen. 3 Davidek galdegin zion: ‑‑Nondik zatoz? ‑‑Israeldarren kanpalekutik natorkizu ihesi ‑‑erantzun zion. 4 Davidek galdegin zion: ‑‑Zer gertatu da? Esadazu, otoi! ‑‑Ihes egin du jendeak gudu-zelaitik. Gizon asko erori da hilik. Saul eta beronen seme Jonatan ere hil dira ‑‑erantzun zuen. 5 Davidek galdetu zion berria zekarkion gazteari: ‑‑Nola dakizu hilak direla Saul eta beronen seme Jonatan? 6 Berria zekarren gazteak erantzun zuen: ‑‑Gilboa mendian gertatu nintzen ni, halabeharrez. Saul bere lantzaren gainean zegoen. Hurbiltzen ari zitzaizkion gudu-gurdiak eta zaldizkoak. 7 Atzera begiratu eta, ni ikustean, dei egin zidan. Eta nik «Hemen nauzu!» erantzun nion. 8 Hark galdetu zidan: «Nor zara?» Nik erantzun: «Amalektarra nauzu». 9 Eta esan zidan: «Zatozkit, arren, ondora eta hil nazazu. Hilzorian nago, baina oraindik bizirik». 10 Joan nintzaion eta hil egin nuen; bai bainekien ezin izango zela bizi hondamen haren ondoren. Buruan zeraman koroa eta besoan zeraman besokoa hartu nizkion, eta hemen dakarzkizut, ene jauna. 11 Davidek bere jantziak hartu eta urratu egin zituen. Orobat egin zuten berarekin ziren gizon guztiek. 12 Dolu egin zuten eta negar, eta baraurik egon ziren arratserarte Saulengatik, beronen seme Jonatanengatik, Jaunaren herriarengatik eta Israel osoarengatik, ezpatapean eroriak baitziren. 13 Davidek, orduan, galdetu zion gertatuaren berri ekarri zion gazteari: ‑‑Nongoa zara? ‑‑Zuen artean atzerritar gisa bizi den amalektar baten semea nauzu ‑‑erantzun zuen hark. 14 Davidek: ‑‑Eta nolatan ez zinen Jaunaren gantzutua hiltzeko beldur izan? 15 Eta morroi bati dei egin eta agindu hau eman zion Davidek: ‑‑Zatoz eta hil ezazu hau! Hala, jo eta hil egin zuen. 16 Davidek esan zion: ‑‑Zeure erruz hiltzen zara! Zeure ahoak salatu zaitu, Jaunaren gantzutua hil duzula esatean.

Daviden hileta‑kantua Saulen eta Jonatanen heriotzagatik

17 Hileta‑kantu hau kantatu zuen Davidek, Saulengatik eta beronen seme Jonatanengatik, eta 18 berau Judako jendeari irakasteko agindu zuen. «Uztai‑kantua» deritza eta «Zintzoaren Liburuan» dator:

19 «Oi Israel, horra zure ospea zure gailurretan galdua, erori dira zure adoretsuak! 20 Ez oihukatu Gaten berri hori, ez zabaldu Axkalongo kaleetan, poz ez daitezen filistearren alabak, alai ez daitezen jentil‑arrotz horien alabak. 21 Gilboako muinoak, ez ihintzik, ez euririk zuen gainera! Ez bedi zuetan alor emankorrik izan! Paraje horretan gelditu baitzen Saulen ezkutua, olioz ez, hilen odolez baizik, 22 adoretsuen gantzez igurtzia; Jonatanen uztaia, inoiz atzera egin ez zuena, Saulen ezpata, erabili gabe sekula itzuli ez zena. 23 Ene Saul, ene Jonatan, kuttun eta maiteak, bizitzan eta heriotzan beti elkartuak, arranoak bezain bizkorrak, lehoiak bezain indartsuak! 24 Israelgo alabak, egiozue negar Sauli, dotore janzten zintuzten eta apaintzen, urrezko bitxiz zituen zuen soinekoak edertzen. 25 Horra, adoretsuak guduan hilak! Jonatan zure gailurretan hila! 26 Hau samina zuregatik, Jonatan ene anaia, hain zinen niretzat maitea! Zure maitasuna niretzat gozoago emakumeen amodioa baino. 27 Erori dira adoretsuak, hondatu dira borrokarako armak!»


2. atala[aldatu]

1 Ondoren, Davidek kontsulta egin zion Jaunari: ‑‑Igoko al naiz Judako hiriren batera? ‑‑Bai, igo ‑‑erantzun zion Jaunak. ‑‑Zeinetara igoko naiz? ‑‑Davidek berriro. ‑‑Hebronera ‑‑esan zion Jaunak. 2 Igo zen, bada, David hara bere bi emazteekin, Ahinoam Izreelgoarekin eta Abigail Karmelgo Nabalen emazte izanarekin. 3 Bere gizonak ere eraman zituen Davidek berekin, nor bere etxekoekin, eta Hebrongo inguruetan gelditu ziren. 4 Etorri zen Judako jendea eta han gantzutu zuten David Judako errege. Jakinarazi zioten Davidi Galaadeko Jabexkoek ehortzi zutela Saul, 5 eta mezulariak igorri zizkien esatera: «Bedeinka zaitzatela Jaunak, Saul zeuen jaunari lur emanez halako erruki‑egintza egin diozuelako. 6 Ager bekizue zuei ere Jauna onbera eta leial. Nik ere on eginez erantzungo dizuet, hori egin duzuelako. 7 Orain, adore zaitezte eta izan sendo. Hil zaizue Saul zeuen jauna, bai; baina Judakoek ni gantzutu naute beren errege».

8 Ner‑en seme Abnerrek, Saulen gudarosteko buruzagiak, berriz, Saulen seme Ix‑Boxet hartu, Mahanaimera eraman 9 eta Galaad, Axur, Izreel, Efraim eta Benjaminen, hau da, Israel osoaren errege izendatu zuen. 10 Berrogei urte zituen Saulen seme Ix‑Boxetek Israelen errege izaten hasi zenean, eta bi urtez izan zen errege. Judak, aldiz, David onartu zuen errege. 11 David zazpi urte eta sei hilabetez izan zen Judako errege Hebronen.

12 Ner‑en seme Abnerren eta Saulen seme Ix‑Boxeten mutilak Mahanaimdik atera eta Gabaonera joan ziren. 13 Aldi berean, Tzeruiaren seme Joaben eta Daviden zerbitzariak ere atera ziren eta Gabaongo uraska ondoan aurkitu zituzten besteak. Elkar ikusi zutelarik, batzuk uraskaren alde batean kokatu ziren, eta besteak bestean. 14 Abnerrek esan zion Joabi: ‑‑Gazte‑talde bi jaiki eta borroka daitezela gure aurrean! ‑‑Jaiki daitezela, bada! ‑‑erantzun zion Joabek. 15 Jaiki eta aurreratu ziren, beraz, batzuk: hamabi benjamindar Saulen seme Ix‑Boxeten aldetik, eta beste hamabi zerbitzari Daviden aldetik. 16 Heldu zion burutik nork bere arerioari eta saihetsean sartu zion ezpata. Denak batera erori ziren. Horregatik, Gabaondik hurbil dagoen toki horri Jelkat‑Hatzurim deritza, hau da, «Harkaitz‑landa». 17 Ondoren, borroka izugarri latza egin zuten egun hartan. Daviden zerbitzariek menperatu egin zituzten Abner eta Israelgo gizonak. 18 Han ziren Tzeruiaren hiru semeak: Joab, Abixai eta Asahel. Azken hau basahuntza bezain zango bizkorrekoa zen. 19 Abnerren ondoren abiatu zen Asahel zuzen‑zuzen, inora okertu gabe. 20 Begiratu zuen Abnerrek atzera eta esan zuen: ‑‑Asahel al zara? Honek erantzun: ‑‑Bai! 21 Abnerrek esan zion: ‑‑Jo ezazu beste norabait. Harrapa ezazu mutilen bat eta hartu beraren jantziak. Asahelek, ordea, ez zion utzi nahi izan haren atzetik joateari. 22 Orduan, Abner berriro mintzatu zitzaion Asaheli: ‑‑Alde! Ez jarraitu niri! Ez nazazu behartu zu lurrera botatzera! Bestela, ezin izango diot zure anaia Joabi begiratu. 23 Hala ere, Asahelek ez zuen alde egin nahi izan. Orduan, Abnerrek lantzaren atzeko muturra sabelean sartu eta atzealdetik atera zion. Bertan erori zen hila Asahel. Ondoren zetozen guztiak, Asahel hila erori zen tokira heltzean, gelditu egiten ziren. 24 Joab eta Abixai Abnerren atzetik joan ziren. Eguzkia sartzen ari zen Gabaon basamorturako bidean Gia‑ren ekialdera dagoen Amma mendixkara heldu zirenean. 25 Benjamindarrek Abnerren inguruan bildu eta, talde bat eginez, muino‑gailurrean tinko eutsi zioten. 26 Abnerrek esan zion deiadarka Joabi: ‑‑Denak hondatu arte astindu behar al duzu ezpata? Ez al dakizu gaizki bukatu behar dugula horrela? Noiz esan behar diezu zeure gizonei beren anaiei ez erasotzeko? 27 Joabek erantzun zion: ‑‑Ala Jainkoa! Mintzatu ez bazina, inork ez ziokeen egunsentirarte utziko bere anaiei erasotzeari! 28 Horrela, beraz, jo zuen Joabek adarra eta gudaroste osoa gelditu egin zen; ez ziren aurrerantzean israeldarren ondoren joan, ez eta borrokatu ere. 29 Abner eta beronen gizonak gau osoz ibili ziren Araba ibarrean barna; Jordan ibaia igaro eta, Bitron osoa zeharkaturik, Mahanaimera heldu ziren. 30 Joabek, berriz, utzi zion Abnerren ondoren ibiltzeari eta gizon guztiak bildu zituen. Hemeretzi gizon falta ziren Daviden zerbitzarietarik, Asahelez gainera. 31 Daviden gudariek, ordea, hirurehun eta hirurogei benjamindar eta Abnerren gizon hil zituzten. 32 Asahel hartu eta Belenen ehortzi zuten, bere aitaren hilobian. Gau osoan ibili ziren Joab eta beronen gizonak, eta argi‑urratzean heldu ziren Hebronera.

3. atala[aldatu]

1 Luzea izan zen Saulen eta Daviden etxeen arteko borroka. David geroz eta sendoago egiten ari zen; Saulen etxea, aldiz, geroz eta ahulago.

2 Hona hemen Davidi Hebronen jaio zitzaizkion semeak: zaharrena Amnon, Izreelgo Ahinoamengandik; 3 bigarrena Kilab, Karmelgo Nabalen emazte izana zen Abigailengandik; hirugarrena Absalom, Gexurko errege Talmai‑ren alaba zen Maakaren semea; 4 laugarrena Adonias, Hagit‑en semea; bosgarrena Xefatias, Abital‑en semea, 5 eta seigarrena Itream, Daviden emazte Egla‑rengandik jaioa. Horiek sortu zitzaizkion Davidi Hebronen.

6 Saulen etxekoak eta Davidenekoak liskarretan zebiltzan bitartean, Abner nagusituz joan zen Saulen etxean. 7 Bazuen Saulek Ritzpa izeneko ohaide bat, Aia‑ren alaba. Ix‑Boxetek esan zion Abnerri: ‑‑Zergatik oheratu zara gure aitaren ohaidearekin? 8 Biziki haserretu zen Abner Ix‑Boxeten salaketa horrekin eta ihardetsi zion: ‑‑Zakurraren putza ote naiz, bada, ni Judan? Hemen ari naiz etengabe zuen aita Saulen etxearen alde, berorren ahaide eta adiskideen alde; ez dut utzi zu Daviden eskuetara eror zaitezen. Eta emakume horrekin okerra egin dudala botatzen al didazu aurpegira? 9 Zigor nazala gogor Jainkoak, Jaunak Davidi egin zion zina betetzen gaurdanik lehiatzen ez banaiz; 10 erregetza Saulen etxeari kendu eta Israelen eta Judan, Dandik hasi eta Beer‑Xebaraino, Daviden errege‑aulkia sendotuko zuela egin baitzuen zin. 11 Ix‑Boxetek ezin izan zion fitsik ere erantzun Abnerri, beldurra baitzion. 12 Mezulariak igorri zizkion Abnerrek Davidi, beraren izenean esan ziezaioten: «Nor izango da lurraldearen jabe? Egizu nirekin hitzarmena eta zeurekin izango nauzu. Eta Israel osoa berreskuratzen lagunduko dizut». 13 Davidek erantzun zion: «Ongi da, eginen dut zurekin hitzarmena; baina gauza bakarra eskatzen dizut: ez azaldu niregana Saulen alaba Mikal ekarri gabe». 14 Saulen seme Ix‑Boxeti ere bidali zizkion Davidek mezulariak, esatera: «Itzul iezadazu ene emazte Mikal, ehun filistear zakil-mutur eman bainituen berori emazte hartzeko». 15 Ix‑Boxetek, orduan, Laixen seme Paltieli bere emazte Mikal kentzeko agindu zuen. 16 Senarrak Bahurimeraino lagundu zion, negarrez, ondoren joanez. Abnerrek agindu zion gizonari: ‑‑Tira, itzul zaitez! Eta itzuli egin zen gizona. 17 Abner, orduan, honela mintzatu zitzaien israeldarren buruzagiei: «Aspaldidanik nahi zenuten David zuen errege izatea. 18 Oraintxe duzue aukera; honela mintzatu baita Jauna Davidi buruz: Ene zerbitzari Daviden eskuz salbatuko dut neure herri Israel filistearren eta gainerako etsaien menpetik». 19 Era berean mintzatu zitzaien Abner benjamindarrei ere. Ondoren, Abnerrek Hebronera jo zuen, Israelen eta benjamindarren onarpena Davidi adierazteko. 20 Hogei gizonekin joan zen Hebronera, Davidengana. Honek otordua eman zien Abnerri eta beronekin joan zirenei. 21 Abnerrek esan zion Davidi: «Orain banoa. Zuregana bildu behar dut, ene errege jaun horrengana, Israel osoa. Hitzarmena egingo dute zurekin eta, zeuk nahi bezala, guztien errege izango zara». Davidek agur egin eta bakean joan zen Abner. 22 Daviden mutilak eta Joab irtenaldi bat egitetik zetozen, harrapakin ugari zekartela. Abner ez zegoen Hebronen Davidekin, ordurako joana baitzen bakean. 23 Joab eta beronekin ziren mutil guztiak heldu zirenean, honela esan zioten batzuek Joabi: «Ner‑en seme Abner etorri zaio erregeari, eta honek agur eginik, bakean joan da hura». 24 Joabek erregeagana joan eta esan zion: «Zer egin duzu? Abner etorri omen zaizu. Zergatik utzi diozu joaten? 25 Badakizu, gero, nor den Ner‑en seme Abner hori! Asmo maltzurrez etorri zaizu, zure joan‑etorriak zelatatzera, zertan ari zaren jakitera». 26 Alde egin zuen Joabek Davidengandik eta mandatariak bidali zituen Abnerren ondoren. Hauek Sirako ur-putzutik itzularazi zuten, Davidek deus ere jakin gabe. 27 Abner Hebronera itzuli zenean, Joabek aparte hartu zuen, hiri‑sarreran bertan, isilpean hitz egiteko bezala. Orduan, sabelean jo eta hil egin zuen, bere anaia Asahelen odola mendekatuz. 28 Gertatua jakin zuenean, honela esan zuen Davidek: «Ner‑en seme Abnerren odolari dagokionez, garbi gaude ni eta nire erreinua Jaunaren aurrean. 29 Eror bedi hilketa honen errua Joaben eta beronen etxekoen gain! Izan bedi beti Joaben etxean odol-jariodunik, legendunik, eme‑itxurako gizonik, ezpataz edota goseak hilko denik!» 30 Joabek eta honen anaia Abixaik hil zuten Abner, honek bien anaia Asahel Gabaongo guduan hil zuelako. 31 Davidek esan zien Joabi eta honekin ziren gizonei: «Urratu zeuen jantziak, hartu soinean dolu-jantzia eta egizue negar Abnerren aurrean». Ondoren, David hilkutxaren atzetik joan zen. 32 Abner Hebronen ehortzi zutenean, negar‑zotinka hasi zen David Abnerren hilobi ondoan, eta herri osoak ere negar egin zuen. 33 Erregeak eresi hau egin zuen Abnerren omenez:

«Hain zentzugabeki behar al zuen Abnerrek hil? 34 Ez zizkizuten eskuak lotu, ez oinak kateatu. Gaizkileen eskuz bezala erori zara lurrera».

Jendeak are eta negar handiagoak egin zituen orduan. 35 Gero, Davidengana hurbildu eta, egun-argi zen bitartean, zerbait jateko esaten zion jende guztiak. Baina, Davidek zin egin zuen, esanez: «Zigor nazala gogor Jaunak, eguzkia sartu baino lehen ogirik nahiz beste zernahi gauza jaten badut». 36 Jende guztiak entzun zuen hori eta ongi iruditu zitzaion, erregeak egiten zuen guztia ongi iruditzen zitzaionez. 37 Horrela jakin zuten israeldar guztiek egun hartan ez zuela erregeak agindu Ner‑en seme Abner hiltzea. 38 Erregeak esan zien bere zerbitzariei: «Ez al dakizue, buruzagi bat, gizon handi bat, erori dela gaur Israelen? 39 Biguna naiz, errege gantzutua izan arren. Gizon hauek, ordea, Tzeruiaren semeok, ni baino gogorragoak dira. Baina itzul diezaiola Jaunak gaizkileari berak besteri egindako kaltea!»

4. atala[aldatu]

1 Abner Hebronen hila zela jakin zuenean, Saulen seme Ix‑Boxet bihozgabetu egin zen, eta Israel osoa larritu. 2 Bazituen Saulen seme Ix‑Boxetek bi gizon gudalburu: Baana izenekoa bata, eta Rekab bestea; Beerot‑eko Rimonen semeak ziren, benjamindarrak; Beerot ere Benjaminen lurraldeko jotzen baita. 3 Beerotarrak ihesi joanak ziren Gitaimera, eta han bizi dira atzerritar gisa gaurdaino. 4 Saulen seme Jonatanek bazuen bi zangoak elbarri zituen seme bat; Mefi‑Boxet zeritzan. Sauli eta Jonatani gertatu zitzaienaren berri Izreeldik ekarri zutenean, bost urte zituen Mefi‑Boxetek. Orduan, inudeak haurra hartu eta ihesari eman zion; zalapartan, ordea, haurra jausi eta herren gelditu zen. 5 Behin batean, etorri ziren Beeroteko Rimonen seme Rekab eta Baana, eta, eguneko berorik handienean, Ix‑Boxeten etxean sartu ziren. Hau bazkalondoko lo-kuluxka egiten ari zen. 6 Rekab eta honen anaia Baana garia hartzeko itxurak eginez sartu ziren etxe barrura, zauritu zuten Ix‑Boxet sabelean eta ihesi joan ziren. 7 Etxera sartzean, lotan aurkitu zuten Ix‑Boxet bere ohean, jo eta hil egin zuten, eta burua moztu. Gero, burua harturik, Arabarako bidean zehar ibili ziren gau osoan. 8 Heldu ziren Hebronera eta David erregeari eraman zioten Ix‑Boxeten burua, esanez: ‑‑Hona Ix‑Boxeten burua; zu hil nahi izan zintuen zure etsai Saulen semea zen. Honela eman dio Jaunak Davidi Saulen eta beronen ondorengoen lepotik mendekatzeko aukera. 9 Davidek, ordea, Beeroteko Rimonen seme Rekabi eta honen anaia Baanari honela ihardetsi zien: ‑‑Bizi bedi Jauna! Berak atera bainau estualdi guztietatik. 10 Berri ona zekarkidalakoan, Saul hila zela esan zidana atxilotu eta hil egin nuen Tziklagen, albistea horrela ordainduz. 11 Hara bada; zuei, bere etxean eta bere ohean zegoen gizon errugabea hil duzuen gaizkileoi, arrazoi handiagoz eskatuko dizuet haren odolaren kontua, suntsitu egingo zaituztet lur-azaletik. 12 Hala, haiek hiltzeko agindua eman zien Davidek bere mutilei. Gero, esku‑oinak mozturik, Hebrongo uraska ondoan zintzilikatu zituzten. Ix‑Boxeten burua, berriz, hartu eta Abnerren hilobian lurperatu zuten Hebronen.

5. atala[aldatu]

1 Israelen leinu guztiek Hebronera Davidengana bildu eta esan zioten: «Zeure odolekoak gaituzu gu ere. 2 Lehendanik, Saul gure errege zenean ere, zuk zenituen Israelen joan‑etorriak gidatzen. Jaunak esana dizu: <Zuk gidatuko duzu ene herri Israel eta zu izanen zara israeldarren agintari> ». 3 Etorri ziren, bada, israeldarren buruzagi guztiak Hebronera David erregeagana, eta hitzarmena egin zuen honek haiekin Jaunaren aurrean. Haiek Israelgo errege gantzutu zuten. 4 Hogeita hamar urte zituen Davidek errege izaten hasi zenean, eta berrogei urtez izan zen errege. 5 Hebronen zazpi urte eta erdiz izan zen Judako errege, eta Jerusalemen hogeita hamahiru urtez Israel osoko eta Judako errege. 6 Erregeak, berekin zituen gizon guztiekin, Jerusalemerantz jo zuen, lurralde hartan bizi ziren jebustarren kontra. Hauek esaten zioten Davidi: « Ez zara hona sartuko; itsuak eta herrenak aski dira zuri eusteko!» David inola ere ez zela sartuko uste zuten. 7 Hala ere, jabetu zen David Siongo gotorlekuaz, gero Daviden Hiri deituko zutenaz. 8 Egun hartan, hain zuzen, esan zien Davidek bere gudariei: «Jebustarrei eraso nahi dieten guztiak sar daitezela ubide‑zulotik, David gutxiesten duten itsu eta herren horiengana!» Hortik dator esaera: «Ez itsurik, ez herrenik ez da sartuko Jaunaren etxean». 9 David gotorleku hartan gelditu zen bizitzen, eta Daviden Hiri deiarazi zuen. Harresia eraiki zuen inguruan, Milo deritzan ezpondatik barnealdera. 10 David geroz eta indartsuago ari zen egiten, eta berekin zuen Jaun ahalguztiduna. 11 Tiroko errege Hiram‑ek mandatariak bidali zizkion Davidi, zedro‑zura, zurginak eta harginak berekin zeramatzatela. Eta jauregia eraiki zioten Davidi. 12 Horrela ohartu zen David, Jaunak Israelgo errege ezartzen zuela eta handi egiten ziola erregetza, Israel bere herriarengatik. 13 Hebrondik Jerusalemera etorri ondoren, beste emazte eta ohaide batzuk hartu zituen Davidek, eta beste zenbait seme‑alaba jaio zitzaion. 14 Hona hemen, Jerusalemen sortu zitzaizkion semeen izenak: Xamua, Xobab, Natan, Salomon, 15 Ibhar, Elixua, Nefeg, Jafia, 16 Elixama, Eliada, Elifelet. 17 David Israelgo errege gantzutu zutela jakin bezain agudo, filistearrak Daviden bila igo ziren. Jakin zuen Davidek, eta gotorlekura jaitsi zen. 18 Filistearrak, hara heltzean, Refaim haranean zabaldu ziren. 19 Davidek kontsulta egin zion Jaunari: ‑‑Erasoko al diet filistearrei? Emango al dizkidazu eskura? Jaunak erantzun zion Davidi: ‑‑Bai, eraso! Emango dizkizut eskura filistearrak. 20 Etorri zen David Baal‑Peratzim deritzan tokira, eta ebaki‑ebaki egin zituen filistearrak. Honela zioen: «Ebaki egin ditu Jaunak nire etsaiak, uholdeak ebakidura egin ohi duen bezala». Horregatik deritza toki hari Baal‑Peratzim, hau da, «Ebakiduren Jauna». 21 Filistearrek han utzi zituzten bere sasijainkoen irudiak, eta Davidek eta beronen gizonek jaso egin zituzten. 22 Geroago, ekin zioten berriro filistearrek, igo eta Refaim haranean zabaldu ziren. 23 Davidek kontsulta egin zion Jaunari, eta Jaunak erantzun zion: «Ez eraso aurrez aurre. Egin itzulingurua haien atzetik eta eraso masustondo aurretik. 24 Masustondo gainetik datorren oin-hotsa nabaritzean, ekin orduan borrokari, orduantxe joango baitzaizu aurretik Jauna filistearren gudarostea suntsitzera». 25 Jaunak agindu bezala egin zuen Davidek, eta Gebatik Gezer sarreraraino xehatu zituen filistearrak.

6. atala[aldatu]

1 Bildu zituen Davidek berriro Israelgo gizonik aukerakoenak: hogeita hamar mila. 2 Eta Judako Baalatik abiatu zen, bere jende guztiarekin, Jaunaren kutxa handik ekartzeko asmoz. Kutxa hau Jaunaren izenari eskainia dago, kerubin gainean jarria dagoen Jaun ahalguztidunaren izenari. 3 Ezarri zuten Jainkoaren kutxa gurdi berri baten gainean eta eraman zuten, muinoan zegoen Abinadaben etxetik. Uza eta Ahio, Abinadaben semeak, zihoazen itzain. 4 Han zeramaten, bada, gurdia, muinoan dagoen Abinadaben etxetik, Jainkoaren kutxa gainean zuela. Ahio aurretik zihoan. 5 David eta israeldar guztiak gogotik dantzatuz eta kantatuz zihoazen aurretik, zipres‑zurezko musika-tresnak ‑‑zitarak, harpak, danbolinak, albokak eta txilinak‑‑ joz. 6 Nakonen larrainera heltzean, idiak irristatu egin ziren, eta Uzak, eskua luzatuz, eutsi egin zion Jainkoaren kutxari. 7 Jauna biziki haserretu zitzaion Uzari; bertan zauritu zuen eta han hil zen, Jainkoaren kutxa ondoan. 8 Atsekabetu egin zen David, Jaunak Uza jo eta ebaki zuelako, eta toki hari Peretz‑Uza esan zion, hau da, «Uzaren Ebakidura», eta horrela deritza egundaino. 9 Egun hartan Jaunaren beldur izan zen David. Honela zioen: «Nola ekarriko dut, bada, nirera Jaunaren kutxa?» 10 Hala, Davidek ez zuen Jaunaren kutxa berera, Daviden Hirira, sarrarazi nahi izan, eta Gateko Obed‑Edomen etxera eraman zuen. 11 Hiru hilabetez egon zen Jaunaren kutxa Gateko Obed‑Edomenean. Jaunak bedeinkatu egin zituen Obed‑Edom eta beronen etxe osoa.

12 Jakinarazi zioten hori David erregeari, esanez: ‑‑Jaunak bedeinkatu egin ditu Obed‑Edomen etxea eta honena den guztia, Jainkoaren kutxa dela‑eta. Joan zen orduan David eta Obed‑Edomen etxetik Daviden Hirira igoarazi zuen Jainkoaren kutxa, bozkarioz beterik. 13 Jainkoaren kutxa zeramatenek sei urrats egin zintuztenean, idia eta zekor gizendua eskaini zituen opari. 14 David Jaunaren aitzinean gogotik dantza eginez zihoan, lihozko efodaz jantzia. 15 Oihu eta adar-hots artean zeramaten Jaunaren kutxa Davidek eta israeldar guztiek. 16 Jaunaren kutxa Daviden Hirira sartzen ari zelarik, Saulen alaba Mikal leihotik begira zegoen eta David erregea Jaunaren aitzinean jauzika eta dantzan ikusi zuen, eta arbuiatu egin zuen bere baitan. 17 Eraikia zuen Davidek oihal‑etxola Jaunarentzat, eta han sartu zuten Jaunaren kutxa, eta erdian ezarri, bere tokian. Orduan, erre‑opariak eskaini zizkion Davidek Jaunari, bai eta bake‑opariak ere. 18 Erre‑opariak eta bake‑opariak eskaintzen bukatu zuenean, bedeinkatu egin zuen herria Jaun ahalguztidunaren izenean. 19 Ondoren, herri osoari, israeldar jendetza guztiari, gizaseme nahiz emakume, opil bana, haragi‑zati bana eta mahaspasa‑opil bana eman zizkien. Orduan, jende guztiak nork bere etxera alde egin zuen. 20 David bere jauregia bedeinkatzeko itzuli zenean, Saulen alaba Mikal atera zitzaion, esanez: ‑‑Itxura ederra azaldu du gaur Israelgo erregeak, bere morroi‑mirabeen aurrean biluzik, edozein lagun zirtzil biluzik jarriko litzatekeen bezala, jarriz! 21 Davidek Mikali: ‑‑Jaunaren aurrean dantzatu naiz, bai. Berak aukeratu nau zuen aitaren eta beronen etxeko guztien ordez, eta Jaunaren Israel herriaren agintari egin nau. Berriro ere dantzatuko naiz Jaunaren aurrean; 22 oraino apalago eta arbuiagarriago eginen dut neure burua. Baina zuk aipatu dituzun mirabe horiek ohoratu egingo naute. 23 Harrezkero, Saulen alaba Mikalek ez zuen haurrik ukan bere bizitza osoan.

7. atala[aldatu]

1 David erregea bere etxean bizitzen jarri eta Jaunak inguruetako etsaiekiko lasaitasuna eman zionean, 2 esan zion erregeak Natan profetari: ‑‑Hara, zedrozko etxean bizi naiz ni; Jainkoaren kutxa, aldiz, oihal‑etxolan dago. 3 Natanek erantzun zion erregeari: ‑‑Zoaz eta bete zeure asmoa, zeurekin baituzu Jauna. 4 Gau hartan, ordea, Jaunak hitz egin zion Natani, esanez: 5 «Zoaz eta esaiozu ene zerbitzari Davidi: Honela mintzo da Jauna: Etxea eraiki behar al didazu zuk, ni bertan bizi nadin? 6 Ez naiz inoiz ere etxe batean bizi izan, israeldarrak Egiptotik atera nituenetik egundaino; bizilekutzat oihal‑etxola nuela ibilia naiz. 7 Israeldar ororekin batera ibili izan naizen bitarte osoan, esan al diet inoiz ene herri Israel zaintzeko agindu nien buruzagiei niretzat zedrozko etxerik egiteko?» 8 Beste hau ere esan zion Jaunak Natani: «Esaiozu, gainera, ene zerbitzari Davidi: Hau dio Jaun ahalguztidunak: Nik atera zintudan larreetatik, artaldeen artetik, ene herri Israelen agintari izateko. 9 Zeurekin izan nauzu ibili zaren toki guztietan. Hondatu ditut aurrean jarri zaizkizun etsaiak oro. Lurreko handikiena bezain izen handia eman dizut. 10 Bizitokia emanen diot ene herri Israeli; hantxe errotu eta kokatuko dut. Aurrerantzean ez da ikaratuko; gaizkile horiek ez dute gehiago zapalduko, 11 antzina, ene herri Israeli buruzagiak eman nizkionean, egin zuten bezala. Lasaitasuna emanen dizut zeure etsai guztiekiko. Ondorengotza emanen dizula jakinarazten dizu Jaunak. 12 Zure egunak bete ondoren, zeure gurasoekin etzango zarenean, zure ondorengo bat ezarriko dut, zuregandik sortua, eta sendotu eginen dut beraren erregetza. 13 Hark eraikiko dit etxea, eta nik errege‑aulkia sendotuko diot. 14 Aita izango nau hark ni, eta seme izango dut nik hura. Okerrik egingo balu, zuzendu egingo nuke, gizakiek erabili ohi dituzten makilaz eta zigorrez. 15 Hala ere, ez dut neure onginahia harengandik baztertuko, Saulengandik baztertu nuen bezala, baztertu egin bainuen neure aurretik bera. 16 Zure etxeak eta zure erregetzak betierean iraungo dute zure ondoren, eta zeure errege‑aulkia sendoa izanen duzu beti». 17 Ikuskari honetan adierazitako guztia esan zion Natanek Davidi. 18 Orduan, David oihal‑etxolara sartu eta honela mintzatu zitzaion Jaunari: «Nor naiz ni, Jainko Jauna, eta zer da nire senitartea, ni honetaraino ekartzeko? 19 Eta hori ere gutxitzat jota, Jainko Jauna, zure morroi honen etxeari luzarorako hitza eman diozu. Hori ez da maiz gertatzen, Jainko Jauna. 20 Zer gehiago esan diezazuket nik, Davidek? Jainko Jauna, zuk ezagutzen nauzu morroi nauzun hau. 21 Zeuk nahi eta esan bezala egin dituzu gauza handi hauek guztiak, eta zeure morroi honi agertu dizkiozu. 22 Horregatik, Jainko Jauna, handia zara, ez baita zu adinakorik. Ez da jainkorik zu baizik, geure belarriz entzun izan dugun bezala. 23 Ba ote da lurrean Israel zure herria bezalako besterik? Zeu, Jainko, etorri zinen herri hau askatzera, zeure herri egiteko, zeure izena emateko eta beronen alde gauza handiak egiteko. Izugarriak egin dituzu zeure herriaren alde. Ba ote da beste herririk, Egiptotik eta gainerako herri eta jainkoen menpetik askatu duzuna bezalakorik? 24 Zuk Israel zeure herri egin duzu betiko, eta zu zeu, Jauna, berorren Jainko egin zara. 25 Beraz, Jainko Jauna, iraunarazi betierean zeure morroi honi eta nire ondorengotzari eman diozun hitza. Egizu esan bezala. 26 Izan bedi handietsia zure izena betierean! Esan bezate: <Jaun ahalguztiduna Israelen Jainkoa!> Eta iraun beza zure aurrean, morroi duzun David honen ondorengotzak. 27 Zuk, Jaun ahalgutidun eta Israelen Jainko horrek, ondorengotza hitz eman didazu. Horregatik izan du zure morroi honek zuri otoitz hau egiteko ausardia. 28 Hara bada, Jainko Jauna, Jainkoa zara zu eta zure hitzak egiazkoak dira. Zure morroi honi halako gauza ederrak hitz eman dizkiozunez, 29 bedeinka ezazu, otoi, zeure morroi honen ondorengotza, beti zure aurrean iraun dezan. Zeuk hitz eman duzu hori, Jainko Jaun horrek. Zure bedeinkapenak bedeinka beza, beraz, zure morroi honen ondorengotza».

8. atala[aldatu]

1 Gerora, Davidek menperatu egin zituen filistearrak, eta beren nagusigoa kendu zien. 2 Jo zituen moabdarrak ere, eta hirutatik bi hilarazi zituen, eta bat bakarrik utzi bizirik. Moabdarrak Daviden menpeko eta zergapeko egin ziren. 3 Tzobako errege Hadadezer, Rehoben semea, ere jo zuen Davidek, hura Eufrates ibai ingurua eskuratzera zihoalarik. 4 Mila eta zazpiehun zaldizko eta hogei mila oinezko atzeman zizkion; zalditeria osoari hanka-zainak ebaki zizkion, baina beretzat gorde zituen ehun gudu-gurdi beren zaldiekin. 5 Damaskoko siriarrak Tzobako errege Hadadezerri laguntzera heldu ziren; baina Davidek hogeita bi mila gizon siriar hil zituen. 6 Davidek gobernariak ezarri zizkien Damaskoko siriarrei, eta haren menpeko eta zergapeko egin ziren siriarrak. Jaunak garaipena eman zion Davidi beronen gudu‑irtenaldi orotan. 7 Hadadezerren zerbitzariek zeramatzaten urrezko babeskiez jabetu eta Jerusalemera eraman zituen Davidek. 8 Hadadezerren hiri ziren Betah eta Berotaitik brontze ugari eraman zuen. 9 Hamateko errege Toi‑k jakin zuen hondatua zuela Davidek Hadadezerren gudaroste osoa. 10 Orduan, Toik bere seme Joram bidali zion David erregeari, agurtzera eta Hadadezer erregea borrokatu eta hondatu zuelako zorionak ematera. Izan ere, Toi eta Hadadezer elkarren etsai ziren. Joramek urrezko, zilarrezko eta brontzezko ontzi eta tresnak eraman zizkion, 11 eta Davidek Jaunarentzat eskaini zituen, menpean hartutako herri guztien zilarra eta urrea ere eskainiak zituen bezala. 12 Aramearrei, moabdarrei, amondarrei, filistearrei, amalektarrei eta Tzobako errege Hadadezerri, Rehoben semeari, harrapatua zen hura guztia. 13 David ospetsua egin zen, aramearrak Gesaltza haranean hondatu eta, hemezortzi mila hil ondoren, itzuli zenean. 14 Gobernariak ipini zituen Edom osoan eta edomdar guztiak Daviden menpeko egin ziren. Jaunak garaipena eman zion Davidi gudu‑irtenaldi orotan.

15 Israel osoaren errege izan zen David, eta zuzenbidez agintzen zuen bere herri osoan. 16 Joab, Tzeruiaren semea, zuen gudalburu; Josafat, Ahiluden semea, agirizain; 17 Tzadok, Ahituben semea eta Ahimelek, Abiatarren semea, apaiz; eta Saraias idazkari; 18 Benaias, Joiadaren semea, keretarren eta peletarren buruzagi. Daviden semeak, berriz, apaiz ziren.

9. atala[aldatu]

1 Davidek galdetu zuen: «Gelditzen ote da bizirik Saulen senitartekoren bat? Neure onginahia agertu nahi nioke Jonatanengatik». 2 Bazen han Saulen etxeko morroi bat; Tziba zuen izena. Deitu zuten Daviden etxera eta erregeak galdegin zion: ‑‑Tziba al haiz? Hark erantzun: ‑‑Hala naiz, zu zerbitzeko. 3 Erregeak orduan: ‑‑Bizi al da Saulen etxeko inor? Neure onginahia agertu nahi niokek, Jainkoak nahi bezala. Tzibak erregeari: ‑‑Bizi da oraindik Jonatanen seme bat; elbarri ditu bi oinak. 4 Erregeak galdetu zion: ‑‑Non da? Tzibak erregeari: ‑‑Amielen seme Makirren etxean, Lo‑Debarren. 5 Lo‑Debartik, Amielen seme Makirren etxetik ekartzeko agindu zuen Davidek. 6 Mefi‑Boxet, Jonatanen semea eta Saulen biloba, Davidengana heldu zenean, ahozpetu egin zen. Davidek esan zion: ‑‑Mefi‑Boxet! Hark erantzun: ‑‑Hemen nauzu, zu zerbitzeko. 7 Davidek esan zion: ‑‑Ez izan beldur. Onginahiz hartu nahi haut, zuen aita Jonatanengatik. Zuen aitona Saulen lur guztiak itzuliko ditiat. Eta hik nire mahaian jango duk beti. 8 Mefi‑Boxetek, ahozpezturik, esan zion: ‑‑Zer da, bada, zure zerbitzari hau, ni bezalako zakur akabatu bati zuk begiratzeko? 9 Orduan, erregeak Tzibari, Saulen morroi izanari, dei egin eta esan zion: ‑‑Saulenak eta beronen etxekoenak izan ziren ondasun guztiak hire nagusiaren bilobari ematen zizkioat. 10 Landu iezaiozue lurra heuk, heure seme‑alabek eta morroiek; eramaiozue uzta hire nagusiaren etxekoen janari izan dadin. Hire nagusiaren biloba Mefi‑Boxetek nire mahaian jando dik beti. Tzibak hamabost seme‑alaba zituen eta hogei morroi. 11 Honela erantzun zion Tzibak erregeari: ‑‑Ene errege jauna, zuk agindu guztia eginen du zure morroi honek. Mefi‑Boxetek, beraz, erregearen mahaian jaten zuen, beronen seme‑alabetariko edonork bezala. 12 Mefi‑Boxetek seme txiki bat zuen; Mika zeritzan. Tzibarenean bizi ziren guztiak Mefi‑Boxeten zerbitzurako zeuden. 13 Mefi‑Boxet Jerusalemen bizi zen, eta erregearen mahaian jan ohi zuen beti. Bi oinak elbarri zituen.

10. atala[aldatu]

1 Hortan, hil zen amondarren erregea eta honen seme Hanun gertatu zen ondorengo errege. 2 Honela zioen Davidek: «Har dezadan Nahaxen seme Hanun, beronen aitak ni hartu ninduen bezain ongi». Davidek mandatariak igorri zizkion aitaren heriotzagatik doluminak ematera. Mandatariak amondarren lurraldera heldu zirenean, ordea, 3 honela esan zioten amondarren buruzagiek Hanuni, beren jaunari: ‑‑Davidek mandatariok zuen aita ohoratzeko bidali dizkizula uste al duzu? Ez ote dizkizu bidali hiria azter eta iker dezaten, gero hondatzeko asmoz? 4 Atzeman zituen, orduan, Hanunek Daviden mandatariak eta alderdi bateko bizarra moztu zien, bai eta jantziak ere erditik behera, ipurmasailetatik behera. Eta joaten utzi zien. 5 Davidek, horren berri eman ziotenean, bere mandatari haien bila bidali zituen batzuk, oso lotsaturik baitzetozen. Esan zien erregeak: ‑‑Geldi zaitezte Jerikon, bizarra hazi arte. Orduan itzuliko zarete.

6 Amondarrak ohartu ziren gorrotagarri egin zirela Davidentzat. Horregatik, Bet‑Rehob eta Tzobako aramearren artean hogei mila oinezko, Maakako erregearen mila gizon eta Tob‑eko beste hamabi mila gizon hartu zituzten sari‑truk. 7 Davidek, hori jakin zuelarik, Joab bidali zuen bere gudaroste adoretsuarekin. 8 Amondarrak irten eta hiriko ate aurrean prestatu ziren borrokarako lerrotan. Bai Tzobako eta Rehobeko aramearrak, bai Tobeko eta Maakako gizonak, berriz, beste toki batean ziren, landan. 9 Ikusi zuen Joabek aurretik eta atzetik zuela borroka eta, Israel osoko hoberenak aukeraturik, aramearren aurrez aurre ipini zituen borrokarako lerrotan. 10 Gainerako gudariak bere anaia Abixairen gidaritzapean utzi zituen lerrotan. 11 Joabek esan zion: ‑‑Aramearrak nagusitzen bazaizkit, zatozkit laguntzera; amondarrak nagusitzen bazaizkizu, berriz, ni joango natzaizu laguntzera. 12 Eutsi sendo! Gogor egin behar dugu geure herriaren eta geure Jainkoaren hiriaren alde! Egin beza Jaunak ongi deritzona! 13 Hasi ziren, bada, Joab eta berekin zuen gudarostea aramearren kontra borrokan. Aramearrak ihesi joan ziren. 14 Hori ikusirik, amondarrek ere ihesari eman zioten Abixairen aurretik, eta hirira sartu ziren. Joab Jerusalemera itzuli zen amondarren kontrako borrokatik. 15 Israeldarrek menperatu zituztela ikustean, aramearrak elkartu egin ziren denak. 16 Hadadezerrek Eufrates ibaiaren ekialdeko aramearrei etortzeko agindu zien, eta Helam‑en bildu ziren, Hadadezerren gudalburu zen Xobak buruzagi zutela. 17 David, jakinarazi ziotenean, Israelen gudaroste osoa bildurik, Jordan igaro eta Helamera heldu zen. Aramearrak, gudu-lerroak antolatuz, oldartu egin zitzaizkion Davidi. 18 Baina aramearrek ihes egin zuten Israelen aurretik. Gudurako zazpiehun gurdi-zaldi eta berrogei mila zaldizko hil zizkien Davidek aramearrei; hauen gudalburu Xobak bera ere jo eta hil egin zuen. 19 Hadadezerren menpean zeuden errege guztiek, israeldarrek menperatu zituztela ikustean, bakezkoak egin zituzten Israelekin, eta honen menpe gelditu ziren. Aramearrak ere ez ziren ausartu aurrerantzean amondarrei laguntzera.

11. atala[aldatu]

1 Hurrengo urtean, erregeek guduari ekin ohi dioten garaian, Davidek Joab bidali zuen bere ofizialekin eta Israelgo gudari guztiekin. Amondarrak hondatu zituzten eta Raba hiria inguratu. Bitartean David Jerusalemen gelditu zen. 2 Arratsalde batez, ohetik jaikirik eta jauregiko etxe gainean harat‑honat zebilen David. Etxe gainetik emakume bat ikusi zuen bainatzen. Oso ederra zen, 3 eta nor zen jakitera bidali zituen batzuk. Erantzun hau ekarri zioten: ‑‑Betsabe da, Eliamen alaba eta Urias hititaren emaztea. 4 Orduan, Davidek mandatariak bidali zituen, emakume hura ekar ziezaioten. Etortzean, David berarekin etzan zen; hilerokoaren garbikuntza eginberria zen emakumea. Ondoren, bere etxera itzuli zen Betsabe. 5 Haurdun gertatu zelarik, Davidi jakinarazi zion, esanez: ‑‑Haurdun nago. 6 Orduan, mandatu hau bidali zion Davidek Joabi: ‑‑Bidal iezadazu Urias hitita. Eta Joabek Davidengana bidali zuen Urias. 7 Hau etortzean, Joab eta gudarostea ongi al zebiltzan eta gudua nola zihoan galdetu zion Davidek. 8 Gero, esan zion: ‑‑Jaitsi zeure etxera eta garbitu oinak. Urias jauregitik atera zenean, erregaloa bidali zioten. 9 Uriasek, ordea, jauregiko ate ondoan egin zuen lo, bere jaunaren gainerako morroiekin batera, bere etxeraino jaitsi gabe. 10 Etxera ez zela joan jakinarazi ziotenean, esan zion Davidek Uriasi: ‑‑Ez al duzu bide luzea egin? Zergatik ez zara, bada, etxeraino jaitsi? 11 Uriasek Davidi: ‑‑Bai Jaunaren kutxa, bai Israel eta Judako gudariak oihal‑txaboletan daude; Joab ene jauna ere bere zerbitzariekin lur gorrian etzaten da. Neure etxean sartuko ote naiz, bada, ni, jan‑edanean aritzeko eta emaztearekin etzateko? Ez, alajaina! Ez dut behin ere horrelakorik egingo! 12 Davidek, orduan, Uriasi: ‑‑Geldi zaitez gaur hemen. Bihar utziko dizut joaten. Egun hartan, beraz, Jerusalemen gelditu zen Urias; biharamunean 13 berekin jatera eta edatera deitu eta mozkorrarazi egin zuen Davidek. Arratsean atera eta bere jaunaren morroiekin lotaratu zen Urias, etxera joan gabe. 14 Eguna argitu zuenean, Davidek gutuna idatzi zion Joabi eta Uriasekin bidali. 15 Hau zioen gutunean: «Ipin ezazue Urias aurreneko lerroan, borroka gogorrenik dagoen tokian eta zuek egin atzera, jo eta hil dezaten».

16 Hala, hiria inguratzen ari zelarik, bai baitzekien non ziren etsairik gogorrenak, hantxe ipini zuen Joabek Urias. 17 Hiriko gizonek irten eta eraso egin zioten Joabi. Han erori ziren Daviden gudari eta gudalburu batzuk, bai eta Urias hitita ere. 18 Albisteak bidali zizkion Joabek Davidi, guduan gertatuaren berri emanez. 19 Eta hau agindu zion mezulariari: «Guduari buruzko berri guztiak eman ondoren, 20 behar bada, haserretu egingo da erregea eta esango dizu: <Zertarako hurbildu zarete hiriraino borrokara? 21 Ez al dakizue harresi gainetik jaurtika egiten dutela? Ez al zarete oroitzen nola hil zuen emakume batek Tebetz hirian Jerubexeten seme Abimelek, harresi gainetik errotarri bat jaurtikiz? Zergatik hurbildu zarete harresiraino?> Orduan, zuk erantzun: <Zure zerbitzari Urias hitita ere hila da> ». 22 Abiatu zen mezularia eta, heldu zenean, Joaben agindua adierazi zion Davidi. 23 Esan zion mezulariak Davidi: ‑‑Hango gizonak gu baino gogorragoak ziren. Irtenaldia egin zuten gure kontra zelai zabalera. Guk, aldiz, kontraerasoa egin genien hiri‑sarreraraino. 24 Arkulariek jaurtiki zituzten geziak zure gudarien aurka harresi gainetik eta zure gudarietariko batzuk hil zituzten. Zure zerbitzari Urias hitita ere hil zuten. 25 Davidek esan zion mezulariari: ‑‑Esaiok Joabi: «Ez kezkatu horregatik, ezpatak batean bata eta bestean bestea irensten baitu. Areagotu erasoa hiriaren kontra eta mendera ezazue». Emaiok horrela adore Joabi. 26 Jakin zuen Uriasen emazteak bere senarra hil zela eta negar egin zuen harengatik. 27 Dolualdia buruturik, Davidek emakumea etxera etorrarazi, jauregian hartu eta bere emazte egin zuen; eta semea sortu zion. Jaunak, ordea, ez zuen atsegin izan Davidek egina.

12. atala[aldatu]

1 Jaunak Natan profeta bidali zion Davidi. Natanek esan zion: ‑‑Hara, baziren hiri batean bi gizon, bata aberatsa, eta bestea behartsua. 2 Aberatsak ardi eta behi ugari zuen. 3 Behartsuak, aldiz, erositako bildots koxkor bat baizik ez zuen. Berak elikatu zuen eta bere etxean hazi, seme‑alabekin batera; bere ogitik eman ohi zion jaten eta bere edalontzitik edaten, eta bere magalean lotaratzen zuen. Alaba bezalaxe zuen. 4 Behin batez, bisitari bat etorri zitzaion gizon aberatsari; honek ez zuen bere ardirik, ez behirik hartu nahi izan arrotz hari jaten emateko, baizik eta behartsuari kendu zion bildotsa; horrela prestatu zuen jakia bere bisitariarentzat. 5 Biziki haserretu zen David halako gizonaren aurka, eta esan zion Natani: ‑‑Ala Jauna! Hori egin duenak bai merezi duela heriotza! 6 Hori egingo zuen, bada, inolako gupidarik gabe! Lau halako itzuli beharko du, bildotsaren ordain. 7 Natanek, orduan, Davidi: ‑‑Zeu zara gizon hori! Hona zer diotsun Jaunak, Israelen Jainkoak: «Nik gantzutu zaitut Israelen errege, eta Saulen eskuetatik askatu. 8 Zeure jaunaren etxea eman dizut, eta altzoan jarri dizkizut zeure jaunaren emazteak. Israel eta Juda erreinuak eman dizkizut. Eta hori gutxi balitz, askoz handiagoak emanen dizkizut. 9 Zergatik gutxietsi duzu Jaunaren esana? Zergatik egin duzu Jaunaren begietan oker dena? Amondarren eskuz hilarazi duzu Urias hitita, eta haren emaztea zeure emazte egin. 10 Horregatik, Urias hititaren emaztea zeure emazte eginez ni gutxietsi nauzulako, ez zaizu inoiz ere borrokarik falta izango etxean». 11 Hau ere badiotsu Jaunak: «Zeure etxetik etorraraziko dizut ezbeharra; zure emazteak hartu eta, zeure aurrean, beste bati emango dizkiot: hau egun-argitan etzango da beraiekin. 12 Ezkutuan egin zenuen zuk; Israel osoaren aurrean eta egun-argitan eginen dizut nik». 13 Davidek erantzun zion Natani: ‑‑Bekatu egin dut Jaunaren aurka. Natanek Davidi: ‑‑Jaunak, hala ere, barkatzen dizu bekatua. Ez zara hilko. 14 Baina egin duzunaz Jauna larriki gutxietsi duzulako, jaio zaizun semea hil egingo da. 15 Gero, Natan etxera itzuli zen.

Jaunak larriki gaixoarazi zuen Uriasen emazteak Davidi ekarritako haurra. 16 Haurra bizi zedin eskatu zion Davidek Jainkoari, barau zorrotza eginez eta gauak lurrean etzana emanez. 17 Joan zitzaizkion jauregiko arduradunak lurretik jaikiarazteko asmotan, baina hark ez zuen nahi izan, ez eta deus jan ere haiekin. 18 Zazpigarren egunean hil zen haurra. Zerbitzariak beldur ziren haurra hila zela Davidi adierazteko. Honela zioten: «Haurra bizi zen bitartean mintzatzen gintzaizkion eta ez zigun aditzen. Nola adierazi orain hil zaiola haurra? Egingo digu ikaragarriren bat!» 19 Sumatu zituen Davidek bere zerbitzariak zurrumurruka, eta antzeman zuen hila zela haurra. Orduan, galdegin zien Davidek zerbitzariei: ‑‑Hil da haurra, ez da? Haiek erantzun: ‑‑Hil da, bai. 20 Orduan, Davidek, lurretik jaiki, bainatu eta usain gozoz igurtzi zuen bere burua. Aldatu zituen jantziak, Jaunaren etxolara joan eta ahozpeztu egin zen. Ondoren, etxera etorri, janaria eskatu eta jan zuen. 21 Zerbitzariek esan zioten: ‑‑Zertan ari zara? Haurra bizi zela barau eta negar egiten zenuen. Hil da haurra, eta zu jaiki eta jaten? 22 Davidek erantzun: ‑‑Haurra bizi zen bitartean, berarengatik egiten nuen barau eta negar. Neure baitan nioen: «Ea errukitzen zaidan Jauna eta bizirik gelditzen den haurra». 23 Orain, ordea, hila da; zertarako baraua? Ekar ote dezaket berriro bizira? Ni bai joango naizela berarengana; bera niregana, ordea, ez.

Salomon jaio

24 Gero, Davidek bere emazte Betsabe kontsolatu zuen; joan eta berarekin etzan zen. Emazteak haurra egin eta Davidek Salomon jarri zion izena. Maite izan zuen Jaunak haurra, 25 eta hala jakinarazi zion Davidi, Natan profetaren bidez. Orduan, Jaunaren omenez, Jedidias ipini zion izena, hau da, «Jaunaren Maitea».

26 Bitartean, Joabek amondarren Raba hiriburuari eraso zion, eta erregea bizi zen auzunea hartu zuen. 27 Orduan, mezulariak bidali zizkion Joabek Davidi, esatera: «Rabaren kontra borrokatu naiz eta urtegiak dituen auzuneaz jabetu. 28 Bil ezazu gainerako gudarostea, inguratu hiria eta hartu. Ez dadila gerta, nik hartu eta hiriari nire izena ezartzea». 29 Bildu zuen, beraz, Davidek gudaroste osoa, Rabaren aurka joan, eraso eta hartu zuen. 30 Kendu zioten buru gainetik amondarren jainko Milkomi urrezko koroa harribitxiduna ‑‑hogeita hamabost kilo pisatzen zuen‑‑, eta Davidi ezarri zioten harribitxia buruan. Harrapakin ugari eraman zuen hiri hartatik. 31 Gero, hango jendea irtenarazi eta zerraz, burdinazko pikotxaz eta burdinazko aizkoraz lan egitera behartu zuen, eta adreilugintzara eraman. Horixe bera egin zuen amondarren hiri guztietan. Ondoren, David Jerusalemera itzuli zen bere gudaroste osoarekin.

13. atala[aldatu]

1 Bazuen Daviden seme Absalomek arreba biziki polita; Tamar zeritzan. Behinola, Daviden beste seme bat, Amnon, hartaz maitemindu zen. 2 Hain maite zuen Amnonek bere arreba Tamar, ezen bere onetik atera eta gaixotu ere egin baitzen. Izan ere, Tamar birjina izanik, zail iruditzen zitzaion neskarekin ezer egitea. 3 Bazuen Amnonek adiskide bat, Jonadab izenekoa, Daviden anaia Ximaren semea, gizon azeria benetan. 4 Galdetu zion Jonadabek Amnoni: ‑‑Zer duzu, errege‑seme horrek, egunean baino egunean makalago egoteko? Ez al didazu esan behar? Amnonek erantzun zion: ‑‑Gure anaia Absalomen arreba Tamarrez maitemindurik nago. 5 Jonadabek esan zion: ‑‑Etzan zaitez zeure ohean eta egin gaixo‑itxura. Aita ikustera etortzean, esaiozu: «Otoi, esaiozu gure arreba Tamarri niri jaten ematera etortzeko; hark nire aurrean eta ni begira nauela jateko zerbait prestatzen eta bere eskuz ematen badit, jango dut». 6 Horrela, bada, etzan zen Amnon gaixo‑itxurak eginez. Erregea ikustatzera joan zitzaionean, esan zion Amnonek: ‑‑Otoi, esaiozu gure arreba Tamarri etortzeko nire aurrean bihotz tankerako bi opil egitera, eta emateko jaten bere eskuz. 7 Davidek mandatua bidali zion etxera Tamarri: «Zoaz zeure anaia Amnonen etxera eta prestatu zerbait jateko». 8 Joan zen, bada, Tamar bere anaia Amnonen etxera; hau ohean zetzan. Tamarrek ogi-irina hartu, orea egin, anaiaren aurrean opilak prestatu eta erre zituen. 9 Hartu zuen zartagina eta atera zituen, anaiaren aurrean ipiniz. Honek, ordea, ez zuen jan nahi izan, eta agindu zuen: ‑‑Alde hemendik denok! Denak irten zirenean, 10 esan zion Amnonek Tamarri: ‑‑Ekar iezadazu janaria gelara. Zure eskutik nahi dut jan eta.

	Tamarrek eginiko opilak hartu eta gelara eraman zizkion bere anaia Amnoni. 

11 Janaria hurbiltzean, heldu zion Amnonek neskari, esanez: ‑‑Zatozkit, etzan nirekin, ene arreba. 12 Neskak ihardetsi zuen: ‑‑Ez, ene anaia, ez nazazu bortxa. Israelen ez da horrelakorik egiten. Ez egin horrelako zitalkeriarik. 13 Nora joan naiteke neure lotsarekin? Zeu ere gizatxarretariko bat izango zinateke Israelen. Otoi, eskatu erregeari nirekin ezkontzeko baimena; ez dizu ukatuko. 14 Amnonek ez zion entzun nahi izan; indartsuago zenez, bortxatu eta berarekin etzan zen. 15 Gero, ordea, biziki gorrotatu zuen Amnonek neska, lehen izan zion amodioa baino gorroto askoz handiagoz. Amnonek esan zion: ‑‑Jaiki zaitez! Alde hemendik! 16 Neskak erantzun zion: ‑‑Ez, ene anaia. Lehengoa baino irain handiagoa egingo didazu, hemendik botatzen banauzu.

	Ez zion entzun ere egin nahi izan Amnonek, 

17 baizik eta bere zerbitzura zuen morroiari dei egin eta agindu zion: ‑‑Bota hau hemendik kanpora eta itxi atea! 18 Morroiak kanpora bota zuen neska eta atea giltzaz itxi. Soineko luze ederrez jantzia zegoen neska, halaxe janzten baitziren errege‑alaba ezkongabeak. 19 Orduan, ordea, bere burura hautsa bota, soinekoa urratu eta eskuak buruan zituela, garrasika joan zen Tamar. 20 Absalomek, bere anaiak, galdetu zion: ‑‑Amnon egon al dun hirekin? Isil hadi, ene arreba, heure anaia dun‑eta. Ez kezkatu horregatik. Tamar, hala ere, atsekabetua gelditu zen bere anaia Absalomen etxean. 21 Jakin zuen David erregeak gertatuaren berri eta erabat haserretu zen. 22 Absalomek ez zion hitzik esan bere anaia Amnoni, baina gorrotoa zion, arreba Tamar bortxatu zuelako.

23 Handik bi urtera, Absalomek errege‑seme guztiak gonbidatu zituen Efraim ondoko Baal‑Hatzorren egiten ari zen ardi‑mozketako jaira. 24 Absalomek, erregeagana joan eta esan zion: ‑‑Ardi‑mozketako jaia dugu. Etor bitez nirekin, otoi, erregea eta beronen zerbitzariak. 25 Erregeak erantzun zion Absalomi: ‑‑Ez, ene seme, ez gara guztiok joango; istilu handia izango litzateke zuretzat.

	Absalom eske eta eske ari zitzaion arren, erregeak ez zuen joan nahi izan eta bedeinkatu egin zuen agurtzeko. 

26 Absalomek, orduan: ‑‑Zuk etorri nahi ez baduzu, utziozu gure anaia Amnoni gurera etortzen. Erregeak galdetu zion: ‑‑Zertarako joan behar du zuenera? 27 Absalom behin eta berriro esaten ari zitzaionez, azkenean utzi egin zien joaten Amnoni eta gainerako seme guztiei Absalomen etxera. 28 Absalomek agindu zien bere morroiei: ‑‑Begira, ardoak Amnonen bihotza alai‑alai egin eta nik bera hiltzeko esatean, hil ezazue. Ez izan beldurrik, neuk agintzen dizuet‑eta. Aurrera eta izan ausart! 29 Absalomek agindu bezala, morroiek hil egin zuten Amnon. Errege‑seme guztiek jaiki eta nork bere mandoz ihes egin zuten. 30 Oraindik bidean zirelarik, norbaitek zurrumurru hau ekarri zion Davidi: «Absalomek hil egin ditu erregearen seme guztiak; ez da bat bakarra ere gelditu». 31 Jaiki zen erregea, urratu zituen bere jantziak eta lurrera bota zuen bere burua. Ondoan zituen zerbitzari guztiek ere jantziak urratu zituzten. 32 Daviden anaia Ximearen seme zen Jonadabek, ordea, esan zuen: ‑‑Ez uste izan, ene jauna, erregearen seme guztiak hilak direnik. Amnon bakarrik hil da. Erabakia zuen hori Absalomek, hark bere arreba Tamar bortxatu zuenez geroztik. 33 Ez bedi, beraz, kezkatu ene errege jauna, seme guztiak hil dizkiotela pentsatuz. Amnon bakarrik da hila. 34 Absalom ihesi joan zen. Zelatari zegoen gudariak begiak jaso eta bere atzealdetik mendi‑maldan behera jende asko lasterka zetorrela ikusi zuen. 35 Jonadabek esan zion erregeari: ‑‑Horra, hor datoz erregearen semeak. Zure zerbitzari honek esan bezala gertatu da. 36 Hau esan zuenerako, han agertu ziren erregearen semeak, eta garrasika negarrari eman zioten. Erregeak eta beronen zerbitzariek ere berebiziko negar‑zotinak egin zituzten. 37‑38 Absalomek Gexurko errege zen Amihur‑en seme Talmairen etxera egin zuen ihes eta han bizi izan zen hiru urtez. Bitarte osoan dolu egin zion Davidek bere semeari. 39 Amnonen heriotzaren samina eztiturik, ordea, baretu zitzaion Davidi Absalomen kontrako haserrea.

14. atala[aldatu]

1 Joabek, Tzeruiaren semeak, antzeman zion erregearen bihotza berriro Absalomekin zegoela. 2 Orduan, Joabek emakume argi bat ekarrarazi zuen Tekoatik, eta esan zion: ‑‑Dolu‑itxurak egin behar dituzu. Har itzazu soinean dolu-jantziak eta ez eman usain gozorik. Hildako batengatik oso luzaro dolutan dagoen emakume baten itxura egin behar duzu. 3 Horrela, erregeagana joan eta esan hau eta hau. Eta zer esan guztia adierazi zion Joabek. 4 Emakume tekoarra lurreraino makurtu zen erregeari mintzatzeko, eta esan zion: ‑‑Lagundu, errege jauna! 5 Erregeak galdetu zion: ‑‑Zer gertatzen zaizu? Emakumeak: ‑‑Ai ene! Alargun nauzu, hila dut senarra. 6 Bi seme nituen nik, zure mirabe honek. Borrokan hasi ziren elkarrekin landan; ez zen han apartatuko zituenik gertatu, eta batak bestea jo eta hil egin zuen. 7 Orain, ahaide guztiak gainera datozkit, bere anaiaren hiltzailea emateko esanez, hil egin behar dutela‑eta, anaia hil zuelako. Horrela, oinordekoa ere kendu egingo didate. Gelditzen zaidan txinpart bakarra itzali nahi didate! Ez zaio geldituko nire senarrari ez izenik, ez ondorengorik lurrean. 8 Erregeak emakumeari: ‑‑Zoaz etxera. Neuk emango ditut aginduak zuri buruz. 9 Orduan, emakume tekoarrak esan zion erregeari: ‑‑Ene errege jauna, izan bedi errua nirea eta nire aitaren senitartekoena; baina erregea eta erregetza izan bitez errugabe. 10 Erregeak, orduan: ‑‑Norbaitek ezer kontra esaten badizu, bidali niregana, aurrerantzean ez zaizu gogaikarri gertatuko. 11 Emakumeak berriro: ‑‑Agindu beza erregeak Jaunaren, bere Jainkoaren izenean, seme baten odola mendekatu behar duen ahaideak ez dezala kaltea handiagotu beste semea hilez. Erregeak erantzun zion: ‑‑Ala Jauna! Ile bat ere ez zaio eroriko zure semeari. 12 Emakumeak: ‑‑Esango nizuke nik, mirabe honek, beste zerbait ere, errege jauna. Eta erregeak: ‑‑Esan. 13 Emakumeak: ‑‑Esan duzunaz errudun egiten duzu zeure burua; izan ere, atzerriratuari itzultzen ez utziz, Jainko‑herriaren kontra azpikeria egiten ari zara. 14 Hil, denok hil behar dugu; lurrera isuri eta berriro bildu ezin den ura bezala gara. Jainkoak, aldiz, ez du bizia kentzen; aitzitik, erabaki du zuk atzerriratua berak ez atzerriratzea. 15 Errege jauna, jendeak beldurra sartu didalako etorri natzaizu hau esatera. Honela nioen neure baitan: «Noan erregearekin mintzatzera; behar bada, egingo du erregeak mirabe honen esana. 16 Adituko dit, bai, erregeak eta libratuko gaitu neure semea eta biok, Jainkoak emandako lurraldetik desagerrarazi nahi gaituenaren eskutik». 17 Hau pentsatu nuen: «Ene errege jaunaren hitzak lasaituko nau, Jainkoaren aingerua bezala baita bera, ona eta gaiztoa bereizten dakiena». Jauna, zeure Jainkoa, izan bedi zurekin! 18 Erregeak esan zion emakumeari: ‑‑Ez ezkutatu galdetu behar dizudanetik ezer. Emakumeak: ‑‑Mintza zakizkit, ene errege jauna. 19 Erregeak galdetu zion: ‑‑Ez al dabil Joaben eskua zurekin arazo honetan guztian? Emakumeak erantzun: ‑‑Ala ene errege jauna! Bete betean asmatu duzu esan duzun guztian. Bai, zure zerbitzari Joabek agindu dit, ene errege jauna, zer esan behar nizun. 20 Egoera aldatzearren egin dizu hori Joabek. Zu, ene errege jauna, Jainkoaren aingerua bezain argia zara, eta badakizu mundu honetan gertatzen den guztia. 21 Orduan, erregeak Joabi dei egin eta esan zion: ‑‑Horixe eginen dut. Zoaz, bada, eta itzularazi Absalom gaztea. 22 Joabek, ahozpezturik, erregea bedeinkatu zuen, esanez: ‑‑Oraintxe dakusat begiko nauzula, ene errege jauna; zeure zerbitzari honen gogoa bete baituzu. 23 Ondoren, jaiki eta Gexurrera abiatu zen Joab, Absalom Jerusalemera ekarrarazteko. 24 Erregeak, berriz, hau agindu zuen: ‑‑Doala bere etxera! Ez nazala ikus! Absalom, beraz, bere etxera joan zen, erregea ikusi gabe.

25 Ez zen Israel osoan bere liraintasunagatik Absalom bezain gizon goretsirik: burutik oinetara ez zuen akatsik. 26 Urtero moztu ohi zuen ilea, oso trinkoa zuelako. Bi kilo baino gehiago izaten zen haren ile‑sorta, errege‑pisuaren arabera. 27 Hiru seme jaio zitzaizkion eta alaba bat, Tamar. Ederra neska! 28 Bi urte eman zituen Jerusalemen Absalomek erregea ikusi gabe. 29 Behin batean, Joabi dei egin zion, erregeagana bidaltzeko asmoz; Joabek, ordea, ez zuen Absalomengana joan nahi izan. Bigarrenez egin zion dei; baina etorri nahi izan ez zuenez, 30 hau agindu zien Absalomek bere morroiei: ‑‑Begira, nire alorraren ondoan garagar‑soroa dauka Joabek. Zoazte eta emaiozue su. Absalomen morroiek, beraz, su eman zioten soroari. 31 Joab jaiki eta Absalomen etxera joan zen, esanez: ‑‑Zergatik eman diote su nire soroari zure morroiek? 32 Absalomek Joabi: ‑‑Hara, etortzeko eskatu nizun, erregeari hau esan zeniezaion: «Zertarako etorri nintzen Gexurtik? Hobeki nengoen han. Erregea ikusi nahi nuke. Errudun banaiz, hil nazala». 33 Orduan, Joabek, erregeagana joan eta halaxe jakinarazi zion. Orduan, erregeak dei egin zion Absalomi; hau erregeagana etorri eta lurreraino ahozpeztu zitzaion. Erregeak besarkatu egin zuen Absalom.

15. atala[aldatu]

1 Honen ondoren, Absalomek gudu-gurdi bat, zaldiak eta aurretik joango zitzaizkion berrogeita hamar gizon eskuratu zituen. 2 Goizean goiz jaiki eta hiri‑sarrerako ate ondoan jarri ohi zen. Norbaitek arazoren batengatik erregeagana zuzenbide eske etorri beharra zuenean, Absalomek dei egin eta galdetu ohi zion: ‑‑Zein hiritakoa zara? Eta besteak erantzuten: ‑‑Israelgo halako leinukoa. 3 Eta Absalomek: ‑‑Adizu. Zure auzia egokia eta zuzena da, baina inork ez dizu entzungo erregearen izenean. 4 Esaten zion gainera: ‑‑Herri honetako epaile egingo banindute, niregana etorriko litzateke auziak dituen jendea, eta nik zuzenbidea egingo nieke. 5 Bat edo bat hurbildu eta aurrean ahozpezten zitzaionean, Absalomek eskua luzatu, hartu eta besarkatu egiten zuen. 6 Halaxe egin ohi zuen erregeagana zuzenbide eske zetozen israeldar guztiekin. Horrela, bereganatzen ari zen israeldarren bihotzak. 7 Lau urteren buruan, behin batean, esan zion Absalomek erregeari: ‑‑Joan al naiteke Hebronera, Jaunari hitz eman nion eskaintza egitera? 8 Siriako Gexur hirian nintzelarik, nik, zure zerbitzari honek, promes hau egin bainuen: «Jaunak Jerusalemera itzularazten banau, oparia eskainiko diot Jaunari». 9 Erregeak erantzun zion: ‑‑Zoaz bakean. Jaiki eta abiatu zen Hebronerantz. 10 Absalomek, ordea, mandatariak igorri zizkien Israelgo leinu guztiei, esanez: ‑‑Adar-hotsa entzun orduko, esazue: «Absalom errege da Hebronen». 11 Absalomekin batera, berrehun gizon gonbidatu joan ziren Jerusalemdik, xalo‑xalo, deus ere jakin gabe. 12 Sakrifizioa eskaintzen ari zelarik, etorrarazi zuen Absalomek Gilotik Ahitofel giloarra, Daviden aholkularia. Azpilanak geroz eta indar handiagoa zuelarik, geroz eta jende gehiago ari zitzaion biltzen Absalomi. 13 Hartan, batek honela adierazi zion Davidi: ‑‑Israeldarren bihotzak Absalomen alde jarri dira. 14 Orduan, esan zien Davidek Jerusalemen berekin zituen zerbitzariei: ‑‑Goazen ihesi, bestela Absalomek ez digu ihesbiderik utziko. Zabiltzate bizkor; ez dadila gerta berak aurrea hartu, harrapatu eta hondamena ekarriz hiriko guztiok ezpataz garbitzea. 15 Zerbitzariek ihardetsi zioten erregeari: ‑‑Prest gaude gure errege jaunak erabakitakoa betetzeko. 16 Etxea zaintzeko hamar ohaide utzirik, oinez atera zen erregea etxeko guztiekin. 17 Erregea eta bere lagun guztiak oinez kanpora zihoazela, hiriko azken etxearen ondoan gelditu ziren. 18 Zerbitzari guztiak erregearen ondoan zihoazen; keretar eta peletar guztiak eta Gatetik jarraitu zioten seiehun gizon gatarrak, berriz, erregearen aurretik. 19 Erregeak esan zion Itai gatarrari: ‑‑Gurekin etorri behar al duzu zuk ere? Itzul zaitez eta gelditu beste erregearekin; zu ere atzerritarra zara eta zeure herritik erbesteratua. 20 Atzo heldu zinen eta gaur neurekin eraman behar ote zaitut bada, nora-ezean ibiltzeko, neuk ere nora joan ez dakidalarik? Itzul zaitez eta eraman zeurekin zeure senideak. Jaunaren onginahia eta leialtasuna zurekin! 21 Itaik, ordea, ihardetsi zion erregeari: ‑‑Ala Jauna! Ala erregea, ene jauna! Nire errege jauna nora, ni ere hara, hiltzeko nahiz bizitzeko. 22 Eta Davidek Itairi: ‑‑Aurrera, bada! Halaxe iragan zen Itai gatarra aurrera, bere gizon guztiekin eta berekin zuen senitarte osoarekin. 23 Herri osoa garrasika ari zen negarrez, jende hura guztia bazihoala ikustean. Iragan zuen erregeak Zedron erreka, eta jende guztiarekin basamorturako bidea hartu zuen. 24 Tzadok apaiza ere han zihoan, Jainkoaren itun‑kutxa zeramaten lebitar guztiekin. Lurrean utzi zuten Jainkoaren kutxa, jende guztia hiritik atera bitartean. Abiatarrek sakrifizioak eskaini zituen. 25 Orduan, esan zion erregeak Tzadok apaizari: ‑‑Itzul ezazu Jainkoaren kutxa hirira. Jaunak begiko baldin banau, itzularaziko nau eta ikusaraziko dizkit kutxa eta bera dagoeneko oihal‑etxola. 26 Begiko ez banau, berriz, egin beza nirekin egoki deritzona. 27 Beste hau ere esan zion erregeak Tzadok apaizari: ‑‑Hara, itzul zaitezte bakean hirira bai biok, bai bion bi semeak: Ahimaatz zure semea eta Jonatan Abiatarren semea. 28 Begira, ni basamortuko lautadetan geldituko naiz, zuen berririk izan dezadan arte. 29 Hala, Tzadokek eta Abiatarrek Jerusalemera eraman zuten, ostera, Jainkoaren kutxa, eta bertan gelditu ziren. 30 David Oliamendiko maldan gora zihoan negarrez, burua estalirik eta oinutsik; berarekin zen jende guztia ere, burua estalirik, negarrez zihoan gorantz. 31 Albiste hau eman zioten Davidi: ‑‑Ahitofel ere Absalomen alde ari da azpilanean. Orduan, esan zuen Davidek: ‑‑Otoi, Jauna, bihur itzazu hutsal Ahitofelen aholkuak. 32 Jainkoa gurtu ohi zuteneko gailurrera heldu zenean, Huxai arkitarra atera zitzaion Dabibi bidera, jantziak urraturik eta burua hautsez beterik. 33 Davidek esan zion: ‑‑Nirekin baldin bazatoz, oztopo izango zaitut. 34 Itzul hirira eta esan Absalomi: «Zeure zerbitzari izanen nauzu, oi errege. Lehen zuen aitarena izan nintzen, orain zurea». Horrela, huts bihurtuko dituzu Ahitofelen aholkuak. 35 Han izango dituzu Tzadok eta Abiatar apaizak; esan haiei jauregian entzungo duzun guztia. 36 Berekin dituzte beren bi semeak: Ahimaatz, Tzadokena eta Jonatan, Abiatarrena. Hauen bidez jakinarazi entzundako guztia niri. 37 Daviden adiskide Huxai hirira zihoan une berean ari zen Absalom ere Jerusalemen sartzen.

16. atala[aldatu]

1 Davidek mendi-gailurra igaro zueneko, Tziba, Mefi‑Boxeten morroia, atera zitzaion bidera. Berekin zekartzan bi asto txalmaturik eta berrehun ogiz, ehun mahaspasa‑mordoz, garaiko ehun fruitu‑multzoz eta ardo‑zahagi batez zamaturik. 2 Erregeak esan zion Tzibari: ‑‑Zertarako dituzu hauek? Tzibak erantzun: ‑‑Astoak, erregearen etxekoak gainean jar daitezen; ogiak eta garaiko fruituak, zure morroiek jan dezaten; ardoa, berriz, basamortuan nekatzen direnek edan dezaten. 3 Erregeak galdetu zion: ‑‑Non da zure jaunaren biloba Mefi‑Boxet? Tzibak erregeari: ‑‑Jerusalemen gelditu da. Orain israeldarrek bere aitonaren erreinua itzuliko diotela uste baitu. 4 Erregeak Tzibari: ‑‑Horra bada, gaurdanik zeureak dituzu Mefi‑Boxeten ondasunak oro. Tzibak, ahozpezturik, esan zuen: ‑Eskerrik asko, ene errege jauna, mesede horrengatik! 5 Heldu zen David Bahurim zeritzan hiriraino. Ximei izeneko gizon bat, Gera‑ren semea eta Saulen senitartekoa, atera zitzaion madarikazioka, 6 David erregearen eta beronen zerbitzari guztien kontra harriak jaurtikiz. Gudariak eta jende guztia erregearen ezker‑eskuin jarri ziren. 7 Ximeik honela zioen, erregea madarikatuz: ‑‑Alde, alde hemendik, odolzale eta maltzur‑gaizto hori! 8 Saulen etxean isuri zenuen odol guztiaren ordaina eman dizu Jaunak! Erregetza kendu zenion, orain Jaunak zure seme Absalomi eman dio erregetza. Gaiztakeria huts zara, hiltzaile hori! 9 Tzeruiaren seme Abixaik esan zion erregeari: ‑‑Horrela madarikatu behar ote du zakur galdu horrek ene errege jauna? Uztazu joaten, eta lepoa moztuko diot. 10 Erregeak, aldiz: ‑‑Hau ez da zuen arazoa, Tzeruiaren semeok. David madarikatzeko Jaunak agindu badio, nor ausartu «Zergatik ari haiz horrela» esatera? 11 Orduan, Davidek esan zien Abixairi eta bere zerbitzari guztiei: ‑‑Nire erraietatik ateratako semea ni hil nahian badabil, ez da harritzekoa benjamindar hori horrela ari izatea. Utziozue madarika nazan, Jaunak aginduko baitzion hori. 12 Behar bada, Jaunak nire atsekabea ikusirik, ongia ekarriko dit, gaurko madarikazioaren ordain. 13 David bere lagunekin bidez bide zihoalarik, Ximei ere hurbiletik zihoan mendi‑maldan barna, madarikatuz, hurbiletik harriak jaurtikiz eta hautsa harrotuz. 14 Erregea eta beronen jende guztia nekaturik heldu zen Jordanera, eta atseden hartu zuten han. 15 Sartu zen, bada, Absalom Jerusalemen bere aldeko israeldar jende guztiarekin. Berekin zuen Ahitofel ere. 16 Daviden adiskide Huxai arkitarra Absalomi joan zitzaion, esanez: ‑‑Gora erregea! Gora erregea! 17 Absalomek galdetu zion Huxairi: ‑‑Hori al da adiskidearekiko zure leialtasuna? Zergatik ez zara joan berarekin? 18 Huxaik ihardetsi zion Absalomi: ‑‑Ez horixe! Jaunak eta herri honek eta Israel osoak hautatu duenarekin egongo naiz ni, eta berarekin geldituko. 19 Gainera, nor zerbitzatuko nuke nik Daviden semea ezik? Zuen aitaren zerbitzari izan naizen bezala izango naiz zurea ere. 20 Absalomek esan zion Ahitofeli: ‑‑Hitz egizue zeuen artean zer egin behar genukeen. 21 Ahitofelek Absalomi: ‑‑Etzan zaitez zuen aitak etxezain utzi zituen ohaideekin. Horrela, Israel osoak jakinen du zeure aitaren arerio egin zarela; horrela, bizkortu eginen dira zure alde daudenak. 22 Ipini zioten, beraz, Absalomi oihal‑etxola bat etxe gainean eta bere aitaren ohaideekin etzan zen, Israel osoaren begi-bistan. 23 Izan ere, Ahitofelen aholkuak Jainkoak berak emanak bailiran hartzen zituzten garai hartan. Horrela hartu ohi zuten Ahitofelen aholku oro, bai Davidek, bai Absalomek.

17. atala[aldatu]

1 Behin batean, esan zion Ahitofelek Absalomi: ‑‑Hamabi mila gizon aukeratu eta gaur gauean bertan Daviden ondoren joango naiz. 2 Nekaturik eta ahuldurik dagoen bitartean, gainera joan eta izutu egingo dut. Berekin dituen guztiek ihes eginen dute, eta erregea bakarrik hilko dut. 3 Horrela, zuregana etorraraziko dut jende guztia, gizon bakarraren biziaren bila baitzabiltza zu. Jendea zuregana etortzean, bakean izanen da herri osoa. 4 Ongi iruditu zitzaien aholkua Absalomi eta Israelgo herri‑arduradun guztiei. 5 Absalomek, hala ere, esan zuen: ‑‑Otoi, dei egiozue Huxai arkitarrari ere, entzun dezagun zer dioen. 6 Huxai etortzean, esan zion Absalomek: ‑‑Hau eta hau esan digu Ahitofelek. Esaguzu egin behar genukeen ala ez berak dioena. 7 Huxaik, orduan, erantzun zion Absalomi: ‑‑Oraingoan ez du aholku egokia eman Ahitofelek. 8 Eta gehitu zuen: ‑‑Badakizu, zuen aita eta berekin dituen gizonak oso ausartak direla, eta mendian bere umeak ostu dizkioten hartz-ama bezain amorratuak daudela. Gainera, gudari iaioa duzu aita eta gaua ez du bere jendearekin batera emango. 9 Leizeren batean edota beste tokiren batean gordea izanen duzu orain. Eta borrokan hasirik, gureetako batzuen batzuk erori orduko, zure gudarostea hondatu dutela zabalduko da. 10 Orduan, azkarrena ere, lehoia bezain indartsu izan arren, lur joa geldituko da. Israel osoak daki zuen aita ausarta dela, eta bulartsuak berekin dituen guztiak. 11 Nik hau aholkatuko nizuke: Bildu zeuregana Israel osoa, Dandik Beer‑Xebarainokoa, itsasertzeko hondarra bezain gudaroste ugaria eta gidatu zeuk. 12 Dagoen tokian dagoela, gainera eroriko gatzaizkio, ihintza lurraren gainera bezala. Ez da inor libratuko, ez bera, ez eta berekin dituen gizonetarik bat ere. 13 Eta hiriren batean sar baledi, berriz, israeldar guztiek lokarriak ekarriko lituzkete eta errekaraino eramango genuke hiri hori arrastaka, harri koxkor bat ere utzi gabe. 14 Orduan, Absalomek eta israeldar guztiek esan zuten: ‑‑Huxai arkitarraren aholkua hobea da Ahitofelena baino. Izan ere, erabakia zuen Jaunak Ahitofelen aholkua, ona izan arren, bertan behera uztea, Absalom hondamenera eramateko. 15 Huxaik esan zien gero Tzadok eta Abiatar apaizei: ‑‑Hau eta hau aholkatu die Ahitofelek Absalomi eta Israelgo herri‑arduradunei; nik, aldiz, beste hau aholkatu diet. 16 Bidali bizkor albiste hau Davidi: «Ez eman gaua basamortuko lautadetan; igaro zaitez bestaldera, irents ez zaitzaten zu eta zurekin diren guztiak». 17 Jonatan eta Ahimaatz Rogel iturri ondoan zeuden, hirian sartzen inork ez ikusteko. Neskame bat etorri behar zitzaien dena jakinaraztera, eta beraiek David erregeari adieraztera joan behar zuten. 18 Baina batek ikusi eta Absalomi jakinarazi zion. Orduan, biak, bizkor ibiliz, Bahurimgo gizon baten etxean sartu eta patioko putzuan gorde ziren. 19 Etxekoandreak estalki bat hartu, putzu‑ahoaren gainean ezarri eta ale garbitua zabaldu zuen gainean; ez zen deus ere igartzen. 20 Absalomen mutilek, etxe hartara heldurik, galdetu zioten etxekoandreari: ‑‑Non dira Ahimaatz eta Jonatan? Etxekoandreak erantzun: ‑‑Alde egin dute hemendik uretara. Ibili ziren bila, baina aurkitzen ez eta Jerusalemera itzuli ziren. 21 Haiek alde egitean, biak putzutik atera eta David erregeari berri ematera joan ziren. Esan zioten: ‑‑Jaiki eta igaro bizkor ibaiaz bestaldera, Ahitofelek halako aholkua eman baitu zure aurka. 22 Jaiki zen, beraz, David eta harekin zen jende guztia eta Jordan ibaiaz bestaldera igaro ziren; eguna argitu zuenerako ez zen bat ere gelditzen ibaia igarotzeko. 23 Ahitofel, berriz, bere aholkuari jarraitu ez ziotela ikustean, bere astoa txalmaturik, abiatu eta bere hirira, bere etxera joan zen; etxeko gorabeherak zuzendu ondoren, urkatu egin zuen bere burua. Horrela hil zen, eta bere aitaren hilobian lur eman zioten. 24 David Mahanaimera heldu zen. Bitartean, Absalom Jordanez bestaldera igaro zen, berekin zituen israeldar guztiekin. 25 Amasa zeritzan bat gudalburu ezarria zuen Absalomek, Joaben ordez. Amasa hau Itra izeneko israeldar baten semea zen. Itra Abigailekin ezkondua zegoen; Abigail Nahaxen alaba zen eta Joaben ama Tzeruiaren ahizpa. 26 Absalomek eta israeldarrek Galaaden ezarri zuten beren kanpalekua. 27 David Mahanaimera heltzean, amondarren hiri Rabako Xobik, Nahaxen semeak, eta Lo‑Debarko Makirrek, Amielen semeak, eta Rogelimgo Bartzilai galaadtarrak 28 oheak, konketak eta buztinezko ontziak ekarri zizkioten Davidi, bai eta garia, garagarra, ogi-irina, gari-ale xigortuak, babarruna, dilista, 29 eztia, gaztanbera, ardi‑ eta behi‑gazta ere. Davidi eta beronekin zen jende guztiari eman zioten dena, jateko; konturatu baitziren jende hark gosea, nekea eta egarria jasan zuela basamortuan.

18. atala[aldatu]

1 Davidek, berekin zuen gudarosteari begiraldia egin ondoren, milako eta ehuneko gudalburuak ezarri zituen. 2 Davidek banatu egin zuen gudarostea: hirutatik bat Joaben menpe, beste heren bat Tzeruiaren seme eta Joaben anaia zen Abixairen menpe, eta beste heren bat Gateko Itairen menpe. Esan zien erregeak gudariei: ‑‑Zuekin aterako naiz ni ere. 3 Gudariek ihardetsi zioten: ‑‑Ez atera. Ihes egin beharrik bagenu, inor ere ez litzateke gutaz arduratuko; gutariko erdiak hilko balira ere, bost axola. Zuk, aldiz, gutako hamar milak adina balio duzu. Hobe duzu, beraz, hirian gelditu, handik guri laguntzeko. 4 Erregeak, orduan: ‑‑Egokien iruditzen zaizuena eginen dut. Erregea, beraz, hiriko ate ondoan jarri zen, gudaroste osoa ehuneko eta milako taldeetan ateratzen zen bitartean. 5 Erregeak agindu hau eman zien Joabi, Abixairi eta Itairi: ‑‑Hartu eztiki Absalom gaztea. Gudaroste osoak aditu zuen erregeak Absalomi buruz gudalburu guztiei agindutakoa. 6 Horrela, bada, atera zen gudarostea zelaira, israeldarrei aurre egitera. Efraimgo oihanean ekin zioten guduari. 7 Daviden zerbitzariek menperatu egin zituzten israeldarrak. Egun hartan izugarria izan zen triskantza: hogei mila gizon galdu ziren. 8 Lurralde osora zabaldu zen borroka. Egun hartan, ezpatak baino jende gehiago irentsi zuen oihanak. 9 Absalom, mando gainean zihoala, Daviden gudariekin aurrez aurre gertatu zen ustekabean. Mandoa arte‑arbola handi baten azpian sartzean, arte‑adarretan gatibatu zitzaion Absalomi ilea; zeru‑lurren artean zintzilikaturik gelditu zen, mandoak aurrera egin zuelako. 10 Hori ikusi zuen gizon batek adierazi zion Joabi: ‑‑Absalom arte‑ondo batetik zintzilik ikusi dut. 11 Joabek esan zion berria ekarri zion gizonari: ‑‑Ikusi eta zergatik ez duk, bada, bertan lurrari josi? Zilarrezko hamar txanpon eta gerriko bat emango nizkian. 12 Gizonak ihardetsi zion Joabi: ‑‑Eskuetan zilarrezko mila txanpon ipiniko bazenizkit ere, ez nioke eskurik erantsiko erregearen semeari. Aditu nuen nola esaten zizuen erregeak zuri, Abixairi eta Itairi: «Zaindu Absalom gaztea!» 13 Haren aurka halako maltzurkeria egin izan banu, erregeak jakingo zukeen, eta orduan zu ere ez zinatekeen nitaz arduratuko. 14 Joabek esan zuen: ‑‑Ez diat astirik galduko hirekin. Hartu zituen bere eskuetan hiru gezi eta bihotzean sartu zizkion Absalomi, oraino bizirik zegoelarik artearen adarretan; 15 ondoren, Joaben ezkutari ziren hamar gaztek Absalom inguratu, zauritu eta hil egin zuten. 16 Orduan, Joabek jo zuen adarra eta israeldarrei pertsegitzeari utzi zion jendeak, Joabek geldiarazi egin baitzuen gudarostea. 17 Orduan, Absalom hartu eta basoko zulo handi batera bota zuen; gero, harri‑pila handia ezarri zioten gainean. Israeldar guztiak beren etxoletara joan ziren ihesi. 18 Bizi zelarik, eraikia zuen beretzat Absalomek Errege Haranean dagoen oroitarria, berekiko esanez: «Ez dut ene izena oroitaraziko duen semerik». Eta bere izena ezarri zion oroitarriari. Horregatik deritza gaurdaino «Absalomen oroitarria». 19 Tzadoken seme Ahimaatzek esan zion Joabi: ‑‑Uztazu, arren, erregeari berri on hau ematera lasterka joaten: Jauna bere alde atera eta etsaiengandik libratu duela. 20 Joabek esan zion: ‑‑Gaur ezin zara berri onaren eramaile izan; beste egunen batean bai, beharbada. Baina gaur ezin duzu berri onik eraman, hila baita erregearen semea. 21 Orduan, Joabek agindu zion etiopiar bati: ‑‑Hoa eta adierazi erregeari ikusi duana. Etiopiarra, Joaben aurrean ahozpeztu ondoren, lasterka abiatu zen. 22 Tzadoken seme Ahimaatzek esan zion berriro Joabi: ‑‑Dena dela, uztazu niri ere lasterka joaten, etiopiarraren atzetik. Joabek: ‑‑Zertarako nahi duzu joan lasterka, ene seme? Ez baituzu saririk izango berri on horren ordain. 23 Ahimaatzek: ‑‑Dena dela, banoa lasterka. Joabek: ‑‑Zoaz, bada. Ahimaatz lautadako bidetik joan zen lasterka, eta aurrea hartu zion etiopiarrari. 24 David hiri‑sarrerako bi ateen artean zegoen eseria. Ate gaineko solairura igoa zegoen zaintzaileak begiak jaso eta gizon bat bakarrik lasterka zetorrela ikusi zuen, 25 eta erregeari jakinarazi zion oihuka. Erregeak esan zuen: ‑‑Bakarrik baldin badator, berri onak dakartza. Lasterkaria hurbildu ahala, ordea, 26 zaintzaileak beste gizon bat ere atzetik lasterka zetorrela ikusi zuen. Zaintzaileak honela egin zion deiadar atezainari: ‑‑Beste gizon bat dator lasterka, hori ere bakarrik. Eta erregeak esan zuen: ‑‑Horrek ere berri onak dakartza, noski. 27 Zaintzaileak berriro: ‑‑Lehenengoaren ibilera, Tzadoken seme Ahimaatzena da. Erregeak esan zuen: ‑‑Gizon ona dugu hori; berri onarekin dator. 28 Ahimaatzek esan zion oihuka erregeari: ‑‑Agur, jauna! Eta, erregearen aurrean lurreraino ahozpeztuz: ‑‑Bedeinkatua Jauna, zure Jainkoa, menperatu baititu ene errege jaunaren kontra jaiki ziren gizonak! 29 Erregeak galdegin zion: ‑‑Onik al da Absalom gaztea? Ahimaatzek erantzun: ‑‑Iskanbila handia ikusi nuen, Joabek ni, zure zerbitzari hau, zuregana bidali ninduenean; baina ez dakit zer gertatuko zen. 30 Erregeak agindu zion: ‑‑Egon hor atzean! Joan zen atzera eta han gelditu zen. 31 Orduan, etiopiarrak agertu eta esan zuen: ‑‑Berri onak dakarzkizut, ene errege jauna. Alde atera zaizu gaur Jauna eta libratu zaitu aurka jaikitako guztien eskuetatik. 32 Erregeak galdegin zion etiopiarrari: ‑‑Onik al da Absalom gaztea? Etiopiarrak erantzun zuen: ‑‑Gertatuko ahal zaie ene errege jaunaren etsaiei eta erregearen kontra kalte egiteko jaiki ziren guztiei mutilari gertatu zaiona!

19. atala[aldatu]

1 Erregea dardarka gelditu zen; ate gaineko solairura igo eta negarrari eman zion. Bidean honela zioen: ‑‑Ai ene seme Absalom, ene seme, ene seme Absalom! Zergatik ez naiz ni hil zure ordez? Absalom, ene seme, ene seme! 2 Jakinarazi zioten Joabi erregea negarrez eta aieneka ari zela Absalomengatik. 3 Egun hartan garaipena dolu bihurtu zen gudaroste osoarentzat, entzun baitzuten gudariek erregea atsekabetua zegoela bere semearengatik. 4 Horregatik, gudarostea isilka sartu zen hirira, gudutik ihesi datorren gudarostea lotsaz isilka sartu ohi den bezala. 5 Erregeak, aurpegia estalirik, oihu handiz honela zioen: ‑‑Ai ene seme Absalom, Absalom ene seme, ene seme! 6 Sartu zen Joab erregearen etxera eta esan zion: ‑‑Lotsarazi egin dituzu gaur, zuri eta zure seme‑alabei, zure emazte eta ohaideei bizia salbatu dizueten gudari guztiak. 7 Gorrotatzen zaituztenak dituzu maite, eta maite zaituztenak gorrotatzen. Zeure gudalburuek eta zeure gudariek bost axola dizutela adierazten ari zara gaur. Badakit, Absalom bizi eta gu guztiok gaur hil izan bagina, ontzat hartu izango zenuela. 8 Jaiki zaitez, irten eta gogo-berotu zeure gudariak. Hara, Jaunarengatik zin degizut: ateratzen ez bazara, ez da inor ere geldituko zurekin gaur gauean; orduan, zeure bizitza osoan ikusi izan dituzunak baino gorriagoak ikusi beharko dituzu. 9 Jaiki zen, bada, erregea eta ate ondoan jarri zen. Jakinarazi zioten jende guztiari erregea ate ondoan jarria zegoela, eta denak erregearen aitzinera etorri ziren. Israeldarrak nor bere etxolara ihesi joanak ziren. 10 Israelgo leinu orotan jendea eztabaidan ari zen, esanez: «Erregeak libratu gintuen geure etsaien menpetik, bai eta filistearren eskuetatik salbatu ere. Absalom dela‑eta, ordea, ihes egin behar izan du lurralde honetatik. 11 Guk errege gantzutu genuen Absalom hura hila da guduan. Zergatik ez duzue zerbait egiten, David erregea berriro etorrarazteko?» 12 Davidek Tzadok eta Abiatar apaizak bidali zituen, esanez: ‑‑Mintza zakizkiete honela Judako herri‑arduradunei: «Zuek izan behar al duzue azkenak erregea bere jauregira etorrarazten? 13 Anaiak zaituztet, neure odolekoak. Azkenak izan behar al duzue erregea etorrarazten?» 14 Amasari, berriz, esan: «Ez al zaitut neure odolekoa? Zigor nazala Jainkoak gogor, baldin eta gudalburu egiten ez bazaitut betiko, Joaben ordez!» 15 Honela bereganatu zituen Judako gizon ororen bihotzak batean, eta eskari hau bidali zioten erregeari: «Itzul zakizkigu, zeure zerbitzari guztiekin». 16 Erregea, beraz, itzuli zen eta Jordaneraino heldu. Judakoak Gilgaleraino etorri ziren erregearen bila, Jordan igarotzean lagun egiteko. 17 Geraren seme Ximei ere, Bahurimgo benjamindar hura, lehiatu zen Judako gizonekin batera Daviden bila jaisten; 18 berekin zituen mila gizon benjamindar eta Tziba, Saulen etxeko morroia, ere bai, beronen hamabost seme eta hogei zerbitzariekin. Hauek Jordan igaro zuten erregearen bila, 19 erregearen etxekoak zekartzan txanela abiatzeko zegoen unean. Beren laguntza eskaini nahi zioten erregeari. Hau Jordan igarotzeko zegoenean, Geraren seme Ximei aurrean ahozpeztu zitzaion, 20 eta honela mintzatu: ‑‑Ene jauna, ez izan kontuan nire okerra; ez oroitu, ene errege jauna, Jerusalemdik atera zinen egun hartan nik, zure morroi honek, esan nizunaz. Ez hartu gogoan, ene errege jauna. 21 Aitortzen dizut oker jokatu nuela; baina hara, Joseren ondorengo guztietatik neu izan nauzu lehena ene errege jaun horren bila etortzen. 22 Tzeruiaren seme Abixaik esan zuen: ‑‑Ez al du heriotza merezi Ximeik, Jaunaren gantzutuari bota zion madarikazioagatik? 23 Davidek, ordea: ‑‑Hau ez da zuen arazoa, Tzeruiaren semeok! Zergatik ari zatzaizkidate oztopoak jartzen? Badakit orain Israelgo erregea naizela; beraz, gaur ez da inor hilko Israelen. 24 Orduan, esan zion Ximeiri: ‑‑Ez zara hilko, ez! Eta zin egin zion. 25 Saulen seme Mefi‑Boxet ere atera zitzaion erregeari bidera. Oinak garbitu gabe, bizarra txukundu gabe eta jantziak ere garbitu gabe egon zen Mefi‑Boxet erregeak alde egin zuen egunetik bizirik eta onik itzuli zen arte. 26 Jerusalemera erregeagana etorri zenean, esan zion Davidek: ‑‑Nolaz ez zinen nirekin etorri, Mefi‑Boxet? 27 Honek erantzun: ‑‑Ene errege jauna, engainatu egin ninduen morroiak. Nik, zure zerbitzari honek, astoa txalmatzeko agindu nion, gainean jarri eta erregearekin joateko, herrena naiz eta. 28 «Hark, ordea, gezurrez salatu ninduen zure aurrean, ene errege jauna. Hala ere, Jainkoaren aingerua bezalakoa zarenez, egin egoki iruditzen zaizuna. 29 Gure aitaren senitartean denok merezi genuen heriotza zure eskutik, ene errege jauna. Baina zeure mahaian jarri ninduzun, zeure zerbitzari hau. Ba ote dut oraindik eskubiderik erregeari zerbait eskatzeko?» 30 Erregeak esan zion: ‑‑Zertarako honenbeste berriketa? Agindua dut lurrak Tziba eta bion artean banatzeko. 31 Mefi‑Boxetek ihardetsi zion: ‑‑Har ditzala denak beretzat. Aski dut zu etxera bizirik eta onik etorri izana, ene errege jauna. 32 Bartzilai galaadtarra ere jaitsi zen Rogelimdik, Jordan ibaia erregearekin igaro eta ibai ertzean agur egiteko. 33 Bartzilai oso zaharra zen, bazituen laurogei urte. Erregea Mahanaimen izan zen bitartean, hark hornitu zuen janariz, gizon oso handikia baitzen. 34 Erregeak esan zion Bartzilairi: ‑‑Zatoz nirekin Jerusalemera; behar duzun guztia izango duzu nire ondoan. 35 Bartzilaik, aldiz, erregeari: ‑‑Beste zenbat urtez biziko naiz, bada, erregearekin Jerusalemera joan behar izateko? 36 Baditut, dagoeneko, laurogei urte. Uste al duzu badudala ahalmenik ona eta txarra bereizteko? Edota janari‑edariez gozatzeko? Edota kantariei entzuteko? Zuretzat oztopo baizik ez nintzateke izango, ene errege jauna. 37 Jordan igarotzen lagundu besterik ez dizut egingo; horregatik eman behar al didazu halako saria? 38 Otoi, uztazu itzultzen, neure herrian neure aitamen hilobi ondoan hil nadin. Baina hona hemen Kimham zure morroia: doala bera zurekin, ene errege jaun horrekin; egiozu egokien iruditzen zaizuna. 39 Erregeak esan zion: ‑‑Betor, bada, nirekin Kimham, eta zuri egokien iruditzen zaizuna eginen diot. Eskatzen didazun guztia emango dizut. 40 Igaro zuten denek Jordan ibaia. Erregeak, igaro zuenean, Bartzilai besarkatu zuen eta bedeinkatu. Hau ere herrira itzuli zen. 41 Erregea, berriz, Gilgalerantz joan zen, Kimham berekin zeramalarik. Juda herri osoa eta Israel erdia ere erregearekin batera zihoan. 42 Israeldarrek erregeagana hurbildu eta galdetu zioten: ‑‑Zergatik hartu zaituzte berentzat bakarrik Judako gure senideek, zuri, zure etxekoei eta zeurekin dituzun guztiei Jordan igarotzen laguntzerakoan? 43 Judakoek erantzun zieten Israelgoei: ‑‑Geurea dugu erregea. Zergatik haserretzen zarete horregatik? Erregearen bizkar jan ote dugu, bada? Edota, hartu ote dugu inolako ordainik? 44 Israeldarrek, berriz, erantzun zieten Judakoei: ‑‑Zuek baino hamar aldiz eskubide handiagoa dugu erregea eta David bera ere gurea izateko. Zergatik gutxiesten gaituzue? Ez al dugu lehenengo guk erabaki erregea itzularaztea? Judakoen erantzuna latzagoa izan zen Israelgoena baino.

20. atala[aldatu]

1 Inguru haietan gertatu zen benjamindar maltzur‑gaizto bat. Xeba zeritzan, eta Bikriren semea zen. Borrokarako adarra jo zuen, esanez:

«Guk ez dugu zerikusirik Davidekin, ez dugu ezer nahi Jeseren seme horrekin! Etxoletara denok, israeldarrok!»

2 Israeldar guztiek Davidengandik aldendu eta Bikriren seme Xebari jarraitu zioten. Judakoak, aldiz, beren erregeari atxiki zitzaizkion, Jordandik hasi eta Jerusalemeraino. 3 David erregeak, Jerusalemera bere etxera heldu zenean, hartu zituen etxezain utziak zituen hamar ohaide haiek eta etxe batean zaintzapean ipini zituen. Berak mantentzen zituen, baina ez zen gehiago etzan haiekin. Giltzapean eduki zituen bizitza guztian, bizi-alargun betiko. 4 Erregeak, behin batez, esan zion Amasari: ‑‑Bildu Judako gizonak gudurako eta zatozkit zeu ere haiekin batean hiru egunen buruan. 5 Amasa Judako gizonak biltzera joan zen; baina luzatu egin zuen, emaniko epea baino gehiago. 6 Orduan, Davidek esan zion Abixairi: ‑‑Absalomek baino kalte handiagoa egin behar digu orain Xebak, Bikriren seme horrek. Har itzazu zeure jaunaren gudariak eta zoaz haren ondoren. Ez dadila heldu hiri-gotorretara, ihes eginen digu bestela. 7 Abixairekin atera ziren Jerusalemdik Joaben gizonak, keretarrak, peletarrak eta gudaririk adoretsuenak Bikriren seme Xebaren ondoren. 8 Gabaonen dagoen harri handiaren ingurura heltzean, han non datorkien Amasa. Joabek gudari-jantzia zeraman soinean, gerrikoz loturik eta gerrikotik zintzilik ezpata bere zorroan. Amasarengana aurreratzean, ezpata erori zitzaion Joabi. 9 Honek esan zion Amasari: ‑‑Ongi al zara, ene anaia? Eta eskuineko eskuaz bizarretik heldu zion musu emateko. 10 Amasa ez zen ohartu Joabek beste eskuan zuen ezpataz; honek sabeletik sartu zion, hesteak lurrean barreiatuz. Ez zuen bigarrenez jo beharrik izan; bertan hil zen. Gero, Joabek eta beronen anaia Abixaik Bikriren semearen ondoren jarraitu zuten. 11 Joaben gudarietako bat Amasaren ondoan gelditu zen, eta honela zioen: ‑‑Joaben eta Daviden alde dagoen orok jarraitu Joabi! 12 Amasa, odoletan blai, bidearen erdian zetzan. Jende guztia gorpuaren ondoan gelditzen zela ikustean, gudari hark bidetik zelaira eraman eta oihalez estali zuen Amasa; bestela, haren ondora heltzen ziren guztiak gelditu egiten baitziren. 13 Bidetik baztertu zuenean, aurrera egin zuten denek, Joabi jarraiki, Bikriren seme Xeba harrapatzeko. 14 Xebak Israelgo leinu guztien lurraldeak igaro zituen Abel‑Bet‑Maakaraino; Bikriren senitarteko guztiak bildu eta Xebaren atzetik sartu ziren hirira. 15 Heldu ziren Joaben gizonak eta setiatu zuten Abel‑Bet‑Maaka; hiriari erasotzeko, harresiaren gailurreraino lurra pilatuz, harresia hausten eta botatzen saiatu ziren denak. 16 Hortan, hiriko emakume argi batek honela egin zuen oihu: ‑‑Adizue, adizue! Esan, arren, Joabi hona hurbiltzeko, berarekin mintzatu nahi dut eta. 17 Hurbildu zen Joab eta emakumeak esan zion: ‑‑Zu al zara Joab? Joabek: ‑‑Bai! Emakumeak esan zuen: ‑‑Entzun zeure mirabe honek esan behar dizuna. Joabek: ‑‑Adi nago. 18 Emakumeak orduan: ‑‑Antzina esan ohi zuten: «Galdetzekotan, galdetu Abel hirian eta kitto». 19 Israelen hiri baketsu eta zintzorik bada, gure hauxe da bat. Akabatu egin behar al duzu hainbat israeldarren ama den hiri hau? Zer dela‑eta nahi duzu hondatu Jaunaren ondarea? 20 Joabek erantzun: ‑‑Ez horixe! Horrelakorik ez! Ez dut hondatuko, ez dut desegingo! 21 Ez natorkizue horretara. Baina baduzue hor, bere eskua erregearen kontra jaso duen gizon bat, Efraimgo mendialdekoa. Xeba du izena, Bikriren semea. Emadazue hori, eta alde egingo dut hiritik. Emakumeak orduan Joabi: ‑‑Hara, harresi gainetik botako dizugu horren burua. 22 Joan zen emakumea jendearengana eta argi mintzatu zitzaion. Moztu zioten, beraz, lepoa Bikriren seme Xebari eta Joabi bota zioten. Orduan, Joabek adarra jo zuen, nork bere etxolara alde egin zezan. Joab Jerusalemera joan zen, erregeagana.

23 Joab zen israeldar gudaroste osoaren buruzagi nagusia; Benaias, Joiadaren semea, keretarren eta peletarren buruzagia; 24 Adoram, lanera behartutakoen arduraduna; Ahiluden seme Josafat, agiri‑zaina; 25 Xeba, idazkaria; Tzadok eta Abiatar, apaizak; 26 Jairko Ira ere Daviden apaiza zen.

Azken urteak

21. atala[aldatu]

1 Daviden garaian, hiru urtez iraun zuen gosetea izan zen. Davidek Jaunari kontsulta egin zion eta Jaunak erantzun: ‑‑Odola zor dute oraino Saulek eta beronen senitartekoek, gabaondarrak hil zituztelako. 2 Erregeak gabaondarrei dei egin zien, beraiekin mintzatzeko. Gabaondarrak ez ziren israeldar, amortarren artetik bizirik geldituak baizik. Egina zuten hitzarmena israeldarrekin; baina Saulek, Israel eta Judakoenganako gehiegizko axolaz, galdu egin nahi izan zituen haiek. 3 Davidek esan zien gabaondarrei: ‑‑Zer egin dezaket zuen alde? Zerez ordain diezazueket, Jaunaren ondarea bedeinka dezazuen? 4 Gabaondarrak erantzun zioten: ‑‑Saulekin eta beronen senitartekoekin duguna, ez da zilar, ez urre‑kontua; ez eta Israelgo inor hilaraztea ere. Erregeak berriro: ‑‑Nahi duzuena eginen dizuet. 5 Haiek esan zioten: ‑‑Gizon hark hondatu egin gintuen; hala uste izan zuen bederen: suntsituak ginela Israelen lurralde osoan bizi direnen artetik. 6 Emazkiguzu orain haren ondorengoetako zazpi gizon, eta hil egingo ditugu Jaunaren aurrean, Saulen hiria den Gibean, Jaunak hautatu zuenaren hirian.

	Erregeak esan zien: 

‑‑Emango dizkizuet, bada. 7 Mefi‑Boxeti, ordea, Saulen seme Jonatanen semeari, barkatu egin zion, Jonatanek eta Davidek Jaunaren aurrean egina zuten zinarengatik. 8 Hartu zituen, aldiz, Aiaren alaba Ritzpak Sauli eman zizkion bi semeak, Armoni eta Mefi‑Boxet, eta Saulen alaba Mikalek Adrieli, Meholako Bartzilairen semeari, eman zizkion bost semeak, 9 eta gabaondarren esku utzi zituen. Hauek urkatu egin zituzten mendian, Jaunaren aitzinean. Zazpiak batera hil ziren, uzta-aroaren lehen egunetan, garagarra biltzen hastean. 10 Aiaren alaba Ritzpa zaku bat hartu eta harkaitzaren gainean gelditu zen, uzta-aroaren hasieratik gorpuen gainera euria egin zuen arte. Egunez ez zien uzten zeruko hegaztiei haien gainean kokatzen, ez eta basapiztiei ere gauez. 11 Aiaren alaba eta Saulen ohaide Ritzpak egin zuena Davidi adierazi ziotenean, 12 joan eta Saulen eta beronen seme Jonatanen hezurrak Galaadeko Jabexeko bizilagunen eskuetatik hartu egin zituen; izan ere, ostuak zituzten hauek Bet‑Xango plazatik, Saul Gilboan hil ondoren filistearrek zintzilikatu zituzten tokitik. 13 Gero, Saulen eta beronen seme Jonatanen hezurrak handik eraman zituen Davidek eta urkatutako haien hezurrekin bildu zituen. 14 Azkenik, Saulen eta beronen seme Jonatanen hezurrekin batera ehortzi zituzten Tzelan, Saulen aita Kixen hilobian, Benjaminen lurraldean. Erregeak agindu guztia egin zuten. Honen ondoren, Jainkoa errukitu egin zen herrialdeaz.

Gatazkak filistearren aurka (1 Kro 20,4‑8)

15 Hasi ziren berriro borrokan filistearrak israeldarren aurka. Jaitsi zen David bere gizonekin filistearren kontra gudukatzera, baina nekatu egin zen. 16 Refatarren ondorengoetarikoa zen Ixbi‑Benobek David hilko zuela esan zuen; gudu-jantzi berria zeraman; lantzaren punta hiru kilo baino gehiago zen. 17 Tzeruiaren seme Abixaik, ordea, erregeari laguntzera etorriz, filistearra jo eta hil egin zuen. Orduan, zin eragin zioten bere gizonek Davidi: ‑‑Ez zara aurrerantzean gudura aterako gurekin, Israelen zuzia itzal ez dadin. 18 Gerora, beste gatazka bat izan zen God hirian filistearren kontra. Huxako Sibekaik hil egin zuen Saf, refatarren ondorengoa hau ere. 19 God hirian filistearren kontra izan zen beste gatazka batean, Belengo Jairren seme Elhananek Gateko Goliat hil zuen; honen lantza‑kirtena ehuleen ardatza adinakoa zen. 20 Izan zen gero beste gatazka bat ere Gat hirian. Bazen han gizon erraldoi bat esku‑oinetan seina behatz, orotara hogeita lau behatz zituena, refatarren ondorengoa. 21 Erronka egin zien israeldarrei; baina Jonatanek, Daviden anaia Ximearen semeak, hil egin zuen. 22 Lau erraldoi haiek refatarren ondorengoak ziren, Gat hirikoak. Davidek eta beronen gizonek hil zituzten.

22. atala[aldatu]

1 Jaunak bere etsai guztietatik eta Saulen eskuetatik askatu zuenean, gorazarre hau kantatu zion Davidek Jaunari:


2 «Jauna da nire haitza, nire geriza, bera nire askatzailea, 3 ene Jainkoa nire harkaitz babesgarri, nire babeski eta indar salbatzailea, nire gotorlekua, nire ihesleku eta salbatzailea. Zuk nauzu indarkeriazaleengandik salbatzen. 4 Goretsia Zu! Dei egin nion Jaunari, eta etsaiengandik salbatu ninduen. 5 Herio‑uhinek inguratu ninduten, uholde gaiztoek ikaratu; 6 herio‑leizeko lokarriek ninduten lotu, herio‑sareek harrapatu.


7 «Larrialdian dei egin nion Jaunari, dei ene Jainkoari. Eta aditu zuen bere tenplutik nire oihua, haren belarrietaraino heldu zen nire deiadarra. 8 Ikaratu zen lurra eta dardaratu, zeruaren oinarriak mugitu, Jainkoaren haserreak baitzituen astindu. 9 Kea zerion sudurretik, su kiskalgarria, ikatz goriak ahotik. 10 Ireki zuen zerua eta jaitsi zen, oinpean hodei‑lainoa zekarren. 11 Hegan zihoan hegadun izakien gainean, haize‑hegaletan agertu zen. 12 Bere inguruan etxolatzat hartu zituen ilunpeak, hodei‑laino euritsuak. 13 Haren aurrean distira, su‑garretan ikatz goriak.

14 «Ortzitik trumoia joarazi zuen Jaunak, deiadar egin Goi‑goikoak. 15 Geziak jaurtikiz sakabanatu zituen, tximista eginez ihes eragin. 16 Itsas hondoa agertu zen, lurraren oinarriak agerian jarri Jaunaren orroaz, haren haserre‑ziztuaz.

17 «Goitik eskua luzatuz hartu ninduen eta uholdetik atera. 18 Etsai indartsuagandik salbatu ninduen, ni baino indartsuago ziren arerioengandik. 19 Lur joa nengoenean eraso zidaten, baina Jauna izan nuen euskarri. 20 Zabaldira atera ninduen, maite nauelako libratu.

21 «Neure zuzentasunaren ordaina eman dit Jaunak, neure jokabide garbiaren saria. 22 Jaunaren bideari jarraitu baitiot, ez naiz Jainkoarengandik urrundu. 23 Haren aginduak oro aurrean izan ditut beti, eta ez naiz saihestu haren arauetatik. 24 Haren aurrean zintzo izan naiz, ez dut batere bekaturik egin. 25 Neure zuzentasunaren ordaina eman dit Jaunak, beraren begietan garbi jokatu dut eta.

26 «Leialarentzat leial zara, zintzoarentzat zintzo, 27 asmo garbikoarentzat garbi, asmo txarrekoarentzat zorrotz. 28 Zuk duzu herri zapaldua salbatzen, eta harroputzen handikeria makurrarazten. 29 Zu zaitut argi-zuzia, Jauna; zuk argitzen duzu, Jauna, nire ilunpea. 30 Zure laguntzaz ihes eragiten diot gudu-taldeari, zurekin, ene Jainko, harresiak igarotzen gainetik.

31 «Jainkoaren bidea on‑ona, Jaunaren hitza sinesgarria. Bera da harengana jotzen dutenen babesa. 32 Nor Jainko, Jauna izan ezik? Nor harkaitz babesle, gure Jainkoa izan ezik? 33 Jainkoa dut gordeleku indartsu, bide zuzenetik ibilarazten nau. 34 Oreinarenak bezain arin dizkit oinak egin, eta neure tontorretan sendo nau ezarri. 35 Trebatzen dizkit eskuak gudurako, eta besoak brontzezko uztaia teinkatzeko. 36 Babeskiak bezala gorde nauzu eta salbatu, erantzun didazu eta indartsu egin. 37 Bidea zabalagotu didazu eta nire oinak ez dira oztopatu.

38 «Etsaiak pertsegitu nituen eta triskatu, eta ez nintzen itzuli denak suntsitu arte. 39 Suntsitu nituen eta desegin, ez ziren aurrerantzean jaiki; nire oinazpira erori ziren. 40 Indarrez jantzi ninduzun gudurako, menpean jarri zenizkidan arerioak. 41 Nire etsaiak ihesi jarri zenituen, gorroto nindutenak hondatu nituen. 42 Begiratu zuten, baina inork salbatu ez; Jaunarengana jo, baina hark entzun ez. 43 Lurreko hautsa bezala xehatu nituen, kaleko lokatza bezala oinpean zapaldu.

44 «Ene herriaren liskarretatik atera ninduzun, atzerritarren buruzagi izendatu. Herri ezezaguna jarri zitzaidan zerbitzari, 45 arrotzek lausengatzen ninduten, entzuten zidaten eta esana betetzen. 46 Atzerritarrak kikildu egin ziren, eta beren gordelekuetatik dardaraka irten.

47 «Gora Jauna, bedeinkatua ene harkaitza! Goretsia Jainkoa, salbatzen nauen haitza! 48 Ene Jainko, zuk mendekatu nauzu, herriak menpean jarri dizkidazu. 49 Etsaien artetik atera nauzu, oldartzen zaizkidanen gainetik jaso, gizon zakarrarengandik askatu.

50 «Horregatik, Jauna, atzerritarren artean goresten zaitut, zure omenez kantatzen dut. 51 Garaipen handiak eman dizkio bere erregeari, maitasunez jokatu du bere gantzutuarekin, Davidekin eta beraren ondorengoekin betiko».

23. atala[aldatu]

1 Hona Daviden azken hitzak:

«Honela mintzo da Jeseren seme David, goienean ezarritako gizona, Jakoben Jainkoaren gantzutua, Israelgo kantari eztia. 2 Jaunaren espiritua mintzo da niregan, haren hitza nire ahoan. 3 Israelen Jainkoa mintzatu da, Israelen Harkaitzak esan dit: <Gizon‑emakumeen agintari zuzena, Jainkoarekiko begirunez agintzen duena, 4 egunsentiko argia bezalakoa da, goiz-alba garbian jaikitzen den eguzkia, lur bustian ernetako belarrari dizdiz eragiten dion goiz-argia>. 5 Horrelakoxea nire ondorengotza Jainkoaren babespean. Egin du nirekin betiereko ituna, denetan ongi arautua eta sendoa. Berak ematen dit garaipen betea, berak betetzen nire irrika guztiak. 6 Maltzur‑gaiztoak, aldiz, eskuan hartu gabe botatzen diren sasien antzeko, 7 ukitu behar dituenak burdina eta lantza‑kirtena hartzen ditu, sutara bota eta erretzeko».

Daviden gudariak (1 Kro 11,10‑47)

8 Hona hemen Daviden gudari adoretsuen izenak: Ix‑Baal hakmondarra, hiru ausarten buruzagia; hau da, bere lantza astinduz, zortziehun gizonen gainera oldartu eta denak batera hil zituen Adino etznetarra. 9 Honen ondoren Eleazar, Dodo ahohitarraren semea. Davidekin batera ziren hiru gudari adoretsuen artean zegoen hau ere, gudurako bilduak ziren filistearrei erronka egin zietenean. Israeldarrek atzera egin zuten, 10 baina hark tinko eutsi zion eta eskua, nekearen nekez, ezpatari itsatsia gelditu zitzaion arte jo zituen filistearrak. Egun hartan garaipen handia lortu zuen Jaunak. Jendea etorri zen berriro Eleazarrengana, baina harrapakinak hartzera bakarrik. 11 Honen ondoren, Xama, Age‑ren semea, harartarra. Bilduak ziren filistearrak Lehi‑n, eta jendea ihes egina zen filistearren aurretik. Bazen han dilista‑sail bat. 12 Sailaren erdian tinkaturik, Xamak defendatu egin zuen sail hura, filistearrak hilez. Garaipen handia lortu zuen Jaunak. 13 Uzta-aroan, gudari ausarten hiru buruzagi Davidengana etorri ziren Adulamgo leizera. Filistear gudari‑talde bat refatarren haranean zegoen etxolatua. 14 David, aldi hartan, bere babeslekuan zegoen; filistearrek, berriz, gudari-toki bat zuten Belenen. 15 Davidek gogo hau adierazi zuen: «Norbaitek Belengo atean dagoen urtegitik ura ekarriko balit edateko...!» 16 Hiru adoretsuek, filistearren gudari-tokira sartu, Belengo atean dagoen urtegitik ura atera eta eraman zioten Davidi. Honek, ordea, ez zuen edan nahi izan, eta isuri egin zuen Jaunarentzako eskaintza bezala. 17 Esan zuen: «Inola ere ez! Libra nazala Jaunak ur hau edatetik! Gizon horien odola edatea izango litzateke, beren bizia arriskatuz joan baitira». Eta ez zuen edan nahi izan. Hauxe egin zuten hiru gudari adoretsu haiek. 18 Tzeruiaren seme eta Joaben anaia Abixai zen ausarten buruzagi. Hirurehunen kontra astindu zuen honek bere lantza, eta izen handia hartu zuen hiru adoretsuen artean. 19 Hogeita hamarren artean bera izan zen ospetsuena eta guztien buruzagia. Hala ere, ez zen hiru haiek adinakoa izan. 20 Benaias, Joiadaren semea, gizon kementsua zen eta egintza handiak egina; Kabtzeelgoa zen. Honek hil zituen Ariel izeneko bi moabdar. Elurra ari zuen batean, urtegira jaitsi eta lehoia akabatu zuen bertan. 21 Berak hil zuen itxura bikaineko gizon egiptoar bat ere. Honek lantza zuen eskuan; hark, berriz, makila bat baizik ez. Kendu zion Benaiasek lantza eskutik egiptoarrari eta bere lantzaz hil zuen. 22 Horra, bada, zer egin zuen Joiadaren seme Benaiasek; horregatik, izen handia izan zuen hiru adoretsuen artean. 23 Hogeita hamarrak baino ospetsuago izan zen; baina ez zen hiru haiek adinakoa izan. Davidek bere zaintzaileen buru egin zuen. 24 Hogeita hamar haien artekoa zen Asahel, Joaben anaia; bai eta Belengo Elhanan ere, Dodoren semea. Eta 25 Harodeko Xama, Harodeko Elika; 26 Peleteko Heletz; Ira, Tekoako Ikexen semea; 27 Anatoteko Abiezer; Huxako Sabeni; 28 Ahoheko Tzalmon; Netofako Mahrai; 29 Heleb, Netofako Baanaren semea; Itai, Gibeako Ribai benjamindarraren semea; 30 Piratongo Benaia; Gaax ibarreko Hidai; 31 Arabako Abi‑Albon; Barhumgo Azmabet; 32 Xaalbongo Eliahba; Gungo Jaxen; Jonatan, 33 Harargo Xamaren semea; Ahiam, Arargo Xarar‑en semea; 34 Elifelet, Maakako Ahasbairen semea; Eliam, Giloko Ahitofelen semea; 35 Karmelgo Hetzrai; Arbiko Paarai; 36 Igal, Tzobako Natanen semea; Gad‑eko Bani; 37 Amongo Tzelek; Beerot‑eko Nahrai, Tzeruiaren seme Joaben ezkutaria; 38 Jatirgo Ira eta Gareb; 39 eta Urias hitita. Guztira hogeita hamazazpi.

Herritarren zenbaketa egin Davidek (1 Kro 21,1‑6)

24. atala[aldatu]

1 Sutu zen berriro ere Jaunaren haserrea israeldarren kontra eta, zigortzeko, esan zion Davidi: ‑‑Tira, egin israeldarren eta judatarren zenbaketa. 2 Erregeak esan zion Joab bere gudalburuari: ‑‑Zoaz Israelen barna leinuz leinu, Dandik Beer‑Xebaraino, eta egin herritar guztien zenbaketa, zenbat diren jakin dezadan. 3 Joabek ihardetsi zion erregeari: ‑‑Orain dena baino ehun bider handiago egin dezala herria Jaunak, zure Jainkoak, eta ikus dezala bere begiz errege jaunak! Baina zertarako nahi du ene errege jaunak halakorik egin? 4 Hala ere, erregeak bere agindua betearazi zien Joabi eta gudalburuei. Beraz, Joab, gudalburu guztiekin, erregearen aurretik atera eta israeldarren zenbaketa egitera joan zen. 5 Iragan zuten Jordan ibaia, eta Aroer‑tik eta ibarraren erdian dagoen hiritik hasirik, Gad lurraldean zehar, Jazer‑eraino heldu ziren. 6 Gero, Galaadera eta hititen lurraldera, Kadexera, joan ziren; bai eta Dan‑Jaanera eta Sidongo inguruetara ere. 7 Tiroko hiri-gotorrera ere iritsi ziren; bai eta hibiarren eta kanaandarren hiri guztietara ere. Azkenik, Judako Negev‑erantz abiatu ziren, Beer‑Xebara. 8 Horrela zeharkatu zuten lurralde osoa eta, bederatzi hilabete eta hogei egunen buruan, Jerusalemera heldu ziren. 9 Herritarrak zenbat ziren adierazi zion Joabek erregeari: Israelen zortziehun mila ziren ezpata erabil zezaketen gudu‑gizonak, eta Judan bostehun mila.

Jainkoak herria zigortu zenbaketa egiteagatik (1 Kro 21,7‑17)

10 Herritarren zenbaketa egin ondoren, bihotzeko harra sentitu zuen Davidek eta esan zion Jaunari: ‑‑Bekatu astuna egin dut, bai. Hala ere, Jauna, barkatu zeure zerbitzari honen bekatua, erokeria egin baitut. 11 Biharamun goizean David jaiki zenerako, zuzendua zion Jaunak bere hitza Gad‑i, Daviden zerbitzura zegoen profetari, esanez: 12 «Zoaz Davidengana eta esaiozu: <Hau dio Jaunak: Hiru zigor ipiniko dizkizut aukeran; hautatu bat eta huraxe ezarriko dizut»>. 13 Joan zen, beraz, Gad Davidengana eta horren berri eman zion, esanez: ‑‑Zer nahi duzu: zazpi urteko gosealdia zeure lurraldean, hiru hilabeteko ihesaldia etsaia ondoren duzularik, ala hiru eguneko izurritea zeure lurraldean? Hausnar ezazu, beraz, ea zer erantzun behar diodan bidali nauenari. 14 Davidek orduan Gadi: ‑‑Hau larriaren handia! Hobe Jaunaren eskuetan erori, handia baita haren errukia. Ez nadila, ordea, eror giza eskuetan! 15 Jaunak, orduan, izurritea bidali zuen Israelera, goiz hartatik hasi eta esaniko epea bete arte. Herriko hirurogeita hamar mila gizon hil ziren Dandik Beer‑Xebaraino. 16 Eta aingerua Jerusalem hondatzeko eskua luzatzen ari zelarik, atzera egin zuen Jaunak kalte hura bidaltzetik eta esan zion herria xehatzen ari zen aingeruari: ‑‑Atzera esku hori! Aski da! Une hartan Jaunaren aingerua Arauna jebustarraren larrain ondoan zegoen. 17 Herria xehatzen ari zen aingerua ikustean, honela mintzatu zitzaion Jaunari David: ‑‑Neuk egin dut bekatu! Artzain hau da errudun! Bildots hauek, ordea, zer egin dute? Zigor gaitzazu, arren, ni eta nire senitartekoak.

Davidek aldarea egin Jaunari (1 Kro 21,18‑27)

18 Egun hartan joan zen Gad Davidengana eta esan zion: ‑‑Igo zaitez Arauna deritzan jebustarraren larrainera, aldarea eraikitzera. 19 Igo zen, beraz, David, Jaunaren aginduz Gadek esan bezala. 20 Erregea eta beronen zerbitzaria zetozkiola ikustean, Araunak, bidera irten eta erregearen aurrean ahozpezturik, 21 esan zuen: ‑‑Zer dela‑eta dator ene errege jauna bere zerbitzari honengana? Davidek erantzun: ‑‑Larraina erosi nahi dizut, Jaunari aldarea eraikitzeko, horrela izurritea herriarengandik urrun dezan. 22 Araunak Davidi: ‑‑Har beza ene errege jaunak nahi duen guztia erre‑oparia eskaintzeko. Horra, hor dituzu idiak erre‑oparitarako, eultzia eta idien uztarria egurretarako. 23 Hau guztia zuretzat ematen du Araunak, oi errege. Araunak beste hau ere esan zion erregeari: ‑‑Izan dezala atsegin zuregan Jaunak, zeure Jainkoak! 24 Erregeak, aldiz, erantzun zion Araunari: ‑‑Ez, balio duena ordainduz erosi nahi dizut. Jaunari, ene Jainkoari, ez diot eskainiko kostatu ez zaidan erre‑oparirik. Horrela bada, zilarrezko berrogeita hamar txanponetan erosi zizkion Davidek larraina eta idiak. 25 Hantxe bertan eraiki zion aldarea Davidek Jaunari, eta erre‑opariak eta bake‑opariak eskaini zituen. Errukitu zen Jauna lurralde hartaz eta urrundu egin zuen izurritea Israelengandik.