Edukira joan

Biblia/Hebrearrei

Wikitekatik
Biblia
Hebrearrei
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

HEBERTARREI GUTUNA
SARRERA (1,1-4)
Jainkoaren Semeak goi-agerpenari erabateko osotasuna eman

1. atala

[aldatu]

1 Askotan eta era askotara hitz egin zien antzina Jainkoak gure arbasoei profeten bidez; 2 azken egun hauetan, berriz, bere Semearen bidez hitz egin digu. Seme horrexen esku utzi ditu gauza guztiak, egin ere berorren bidez egin baitzuen mundua. 3 Bera da Jainkoaren aintzaren distira eta beronen izatearen irudia, eta berak eusten die gauza guztiei bere hitz ahaltsuaz, eta, bekatuen garbikuntza egin ondoren, Jainko handiaren eskuinaldean eseri da zeru goienetan. 4 Eta aingeruak baino gehiago izatera iritsi da, ondaretzat jaso duen izena ere haiena baino askoz goragokoa denez gero.
KRISTO AINGERUEN GAINETIK (1,5--2,18)
Kristo Jainkoaren Seme
5 Izan ere, Jainkoak ez dio sekula inongo aingeruri esan:
Nire semea zara zu, gaur zaitut nik sortu;
eta beste hau ere ez:
Aita izango nau hark ni, eta seme izango dut nik hura.
6 Jainkoak bere lehen-semea munduan sarraraztean, berriz, honela esaten du:
Adora dezatela bera Jainkoaren aingeru guztiek.
7 Aingeruei buruz hau dio Jainkoak:
Haizearen antzeko egiten ditu bere aingeruak, sugarraren antzeko bere zerbitzariak.
8 Baina bere Semeaz hau esaten du:
Zure tronua, oi Jainko, betikoa da, zure erregetza zuzentasun-erregetza.
9 Zuzen dena izan duzu maite eta oker dena gorroto; horregatik, Jainkoak, zeure Jainkoak, gantzutu zaitu, jai-giro pozgarrian, lagunen artean aukeraturik.
10 Eta beste hau ere badio:
Jauna, hasieratik sendo ezarri zenuen lurra, zure eskuek egina da zerua;
11 haiek galduko dira, baina zuk iraungo; jantzia bezala gastatuko dira, 12 soinekoa bezala tolestuko dituzu, jantzia bezala aldatuko. Zu, ordea, beti bera, zure urteak amaigabeak.
13 Jainkoak ez dio sekula inongo aingeruri esan:
Eseri tronuan nire eskuinean: etsaiak oinaulkitzat jarriko dizkizut.
14 Zer dira, bada, aingeru guztiak, Jainkoaren zerbitzura dauden espirituak, salbamena jaso behar dutenei laguntzera bidaliak, baizik?
Ez galdu salbamen-bidea zabarkeriaz

2. atala

[aldatu]

1 Horregatik, arreta handiagoa jarri behar dugu entzun dugun mezuan, bidetik oker ez gaitezen. 2 Zeren, aingeruen bitartez Jainkoak hots egin zuen mezua baliozko gertatu bazen eta beronen kontra huts egin eta desobeditu zioten guztiak Jainkoak arrazoiz zigortu bazituen, 3 nola alde egin guk zigorrari, horrenbesteko salbamen-bidea zabarkeriaz galtzen badugu? Izan ere, salbamen hau Jaunak berak hots egin zuen, eta hari entzun ziotenek baietsi digute gero. 4 Eta Jainkoak seinale, egintza harrigarri eta mirari-modu askoz eta bere nahiaren arabera banatu dizkigun Espiritu Santuaren dohainez baietsi du.
Jesus gizaki aintzatua
5 Orain aipatzen ari garen etorkizuneko mundu hau ez zuen Jainkoak aingeruen menpe jarri. 6 Liburu Santuetan, hain zuzen, hauxe esana du norbaitek:
Zer da gizona, zu hartaz oroitzeko, zer gizakia, zu hartaz arduratzeko?
7 Ia aingeruen pareko egin duzu, ohorez eta aintzaz koroatu; 8 dena haren menpean jarri duzu.
Beraz, Jainkoak gizakiaren menpean jarri badu dena, ez du ezer utzi haren menpe jarri gabe. Hala ere, ez dugu ikusten oraindik gauza guztiak gizakiaren menpe daudenik.
9 Baina ia aingeruen pareko egina izan zen Jesus hura ohorez eta aintzaz koroatua ikusten dugu, sufritu zuen heriotzagatik; horrela, Jainkoaren onginahiaz, gu guztion onerako jasan zuen berak heriotza.
Jesus, gure kide sufrimenduan
10 Egoki zen, izan ere, Jainkoak, gauza guztien sorburu eta jomuga denak, seme-alaba guztiak bere aintzara eraman nahirik, Jesus, haiek salbamenera gidatuko zituen burua, oinazeen bidez bete-betekoa bihurtzea. 11 Izan ere, bai santu egiten duen Jesusek, bai honek santu egiten dituenek, Aita bera dute denek; horregatik, Jainkoaren Semeari ez dio lotsarik ematen hauei senide deitzeak, 12 Liburu Santuak dioenez:
Hitz egingo diet zutaz neure senideei, goretsiko zaitut batzarraren erdian.
13 Beste hau ere badio:
Jainkoarengan jarriko dut nik konfiantza.
Bai eta ere:
Hona ni eta hona Jainkoak eman dizkidan haurrak.
14 Familia bateko seme-alabak haragi eta odol bereko diren bezala, horrelaxe hartu zuen parte Jesusek ere gizakiaren haragi-odoletan, heriotzaren nagusi den deabrua heriotzaren bitartez indargabetzeko, 15 eta heriotzaren beldurrez beren bizitza osoan esklabo bezala bizi zirenei askatasuna emateko; 16 hura ez baitzen, noski, aingeruei laguntzera etorri, Abrahamen jatorrikoei baizik. 17 Horretarako, erabat bere senideen antzeko egin beharra zeukan, apaiz nagusi errukitsu eta Jainkoari dagozkionetan fidagarri izateko, herriaren bekatuak barkatzeko gai. 18 Bera ere nekeetan probatua izan delako, gauza da orain probaldian daudenei laguntzeko.
JESUS APAIZ NAGUSI FIDAGARRI ETA ERRUKITSU (3,1--5,10)
Jesus eta Moises elkarrekin konparaturik

3. atala

[aldatu]

1 Horregatik, Jainkoak herri santuko kide egin eta zerurako deitu zaituztenok, begira iezaiozue Jesusi: bera da guk aitortzen dugun fedearen apostolu eta apaiz nagusi. 2 Fidagarria da benetan eginkizun horretarako izendatu duen Jainkoaren aurrean, Moises ere haren etxeko ziren israeldar guztientzat fidagarria izan zen bezalaxe. 3 Jesusek, izan ere, ohore handiagoa merezi du Moisesek baino, etxegileak etxeak berak baino ohore handiagoa merezi duen bezalaxe. 4 Edozein etxek du bere egilea; baina gauza guztien egilea Jainkoa da. 5 Moises fidagarria izan zen, noski, Jainkoaren etxeko guztientzat, baina Jainkoaren mezua herriari adierazi behar zion zerbitzari bezala. 6 Kristo, ordea, Jainkoaren etxeko nagusi ezarritako Seme bezala izan da fidagarri; etxe hori gu geu gara, baldin adoretsu eta geure harrobide dugun itxaropenean sendo irauten badugu.
Jainkoaren atseden-lekura sartzeko deia
7 Horregatik, Espiritu Santuak dioen bezala:
Gaur Jaunaren mintzoa entzuten baduzue,
8 ez gogortu bihotzak, errebelde izan zinetenean bezala, tentaldi-egunean basamortuan bezala. 9-10 Han tentatu ninduten zuen arbasoek, ni aztertu nahirik, nik haien alde eginak berrogei urtez ikusi arren. Horregatik, belaunaldi hark gogait eragin zidan, eta esan nuen: «Bihotzez desleialak dira beti, nire bidetik ibili nahi ez dutenak». 11 Orduan, zin egin nuen haserre: «Ez, ez dira sartuko atsedenerako eman nien lurraldera».
12 Begira, senideok, ez dezala zuetako inork bihotz gaizto eta sinesgaberik izan, Jainko biziarengandik aldenduko duenik. 13 Bestela baizik, adore ezazue elkar egunero Liburu Santuak dioen gaur honek irauten duen arte; horrela, bekatuak ez du zuetako inor engainatu eta gogortuko. 14 Zeren Kristorekin partaide baikara, hasierako jarrerari azkeneraino sendo eusten badiogu, 15 esan zaigunaren arabera:
Gaur Jaunaren mintzoa entzuten baduzue, ez gogortu bihotzak, errebelde izan zinetenean bezala.
16 Nortzuk dira Jainkoaren mintzoa entzun eta beraren kontra errebelatu zirenok? Moisesek Egiptotik atera zituen haiek, noski. 17 Eta nortzuk gogait eragin zioten Jainkoari berrogei urtez? Bekatu egin zutenek; eta, horregatik, hilda gelditu ziren basamortuan. 18 Eta nortzuei zin egin zien Jainkoak ez zirela haren atsedenean sartuko? Obeditu ez ziotenei. 19 Garbi ikusten dugu, beraz, sinetsi ez zutelako gelditu zirela sartu gabe.

4. atala

[aldatu]

1 Beraz, Jainkoaren atsedenean sartzeko agintzaria indarrean dagoen bitartean, kontuz ibili behar dugu, zuetakoren bat sartu gabe geldi ez dadin. 2 Guri ere berriona eman zaigu gure arbasoei bezala; baina hauei ez zien ezertarako balio izan mezua entzuteak, entzun ere sinetsi gabe entzun zuten eta. 3 Gu, ordea, sinesten badugu, sar gaitezke Jainkoaren atsedenean; honetaz esan zuen Jainkoak:
Orduan, zin egin nuen haserre: «Ez, ez dira sartuko atsedenerako eman nahi nien lurraldera».
Egia esan, mundua eginez gero, bukatuak zituen Jainkoak bere lanak;
4 honela esaten baita Liburu Santuan zazpigarren egunaz:
Zazpigarren egunean atseden hartu zuen Jainkoak berak eginiko lan guztitik.
5 Baina aipatu dugun pasartean, Ez dira nire atsedenean sartuko esan zaigu. 6 Horrela bada, batetik, atseden horretan batzuk sartzekoak direlako eta, bestetik, berriona lehendabizi hartu zutenak beren desobedientziagatik sartu ez zirelako, 7 beste egun bat, gaur bat, jarri du Jainkoak, askoz geroago Daviden bitartez lehen aipaturiko hitzok esanez:
Gaur Jaunaren mintzoa entzuten baduzue, ez gogortu bihotzak.
8 Josuek israeldarrei atsedena eman izan balie, Jainkoak ez zukeen beste geroagoko egun batez hitz egingo. 9 Bada, beraz, oraindik beste atseden-egun bat Jainkoaren herriarentzat. 10 Eta Jainkoaren atsedenean sartzen denak bere lanetik atseden hartzen du, Jainkoak ere bere lanetik atseden hartu zuen bezala. 11 Saia gaitezen, bada, atseden horretan sartzen, eta ez dadila inor sinesgogorkerian eror, gure aurrekoen etsenpluari jarraituz. 12 Bizia da Jainkoaren hitza, bizia eta eragin handikoa, aho-biko ezpata bera baino sarkorragoa: gogo eta espirituaren sakon-sakoneraino sartzen da, pertsonaren zokorik ezkutueneraino, eta barneko pentsamendu eta asmo guztiak miatzen ditu. 13 Ez da harentzat munduan ezer gorderik; dena dago agerian eta zabalik, kontuak eman beharko dizkiogun harentzat.
Jesus apaiz nagusi errukitsu
14 Beraz, gure apaiz nagusi handia, Jesus Jainkoaren Semea, zeruan sartua dugunez gero, euts diezaiogun sendo aitortzen dugun fedeari. 15 Izan ere, gure apaiz nagusia ez da gure ahuleriaz gupidatu ez daitekeen norbait, zeren eta bera ere, gu bezala, gauza guztietan probatua izan baita, bekatuan izan ezik. 16 Hurbil gaitezen, bada, konfiantza osoz Jainkoaren onginahiaren tronura, errukia iritsi eta premialdian laguntza izan dezagun.

5. atala

[aldatu]

1 Apaiz nagusia gizonen artetik hautatua eta Jainkoaren aurrean gizon-emakumeen ordezkari izateko jarria izaten da, bekatuengatik emaitzak eta opariak eskaintzeko. 2 Badaki ezjakinez eta okerbideratuez gupidatzen, bera ere giza ahuleriez inguratua dagoenez gero; 3 horregatik, bere bekatuengatik ere opariak eskaini behar ditu, herriaren bekatuengatik eskaintzen dituen bezala. 4 Eta ezin du inork apaiz nagusigoaren ohorea beretzat hartu, Jainkoak dei eginik ez bada, Aaronek bezala. 5 Horrela, Kristok ere ez zion berak eman bere buruari apaiz nagusigoaren ospea, Jainkoak baizik, honela hitz egin baitzion:
Nire seme zara zu; gaur zaitut nik sortu.
6 Beste Salmo batean hau esaten dio:
Betiko zu apaiz Melkisedeken antzera.
7 Kristok, mundu honetan bizi zelarik, deiadar handiz eta negar-malkoz egin zion otoitz eta erregu heriotzatik libra zezakeen Jainkoari eta, esaneko izan zitzaiolako, Jainkoak aditu egin zion. 8 Eta, Semea izanik ere, oinazearen oinazez ikasi zuen obeditzen; 9 horrela, bete-beteko izatera iritsi zelarik, betiko salbamenaren iturri bilakatu zen berari obeditzen dioten guztientzat, 10 eta Jainkoak apaiz nagusi izendatu zuen Melkisedeken antzera.
Jesu Kristo, ITUN BERRIKO APAIZ NAGUSIA (5,11--10,39)
Kristau-heldutasunerako deia
11 Zer esanik asko ere asko dugu gai honetaz; baina ez da erraza zuei aditzera ematea, ulertzeko motel bihurtu zarete eta. 12 Honezkero, maisu ere izan behar zenukete, baina oraindik Jainkoaren mezuaren gauzarik funtsezkoenak ere ikasi beharrean zaudete; janari sendoaren ordez, esnez mantendu beharrean aurkitzen zarete. 13 Esnez mantentzen dena, ordea, ez da gai salbamenaren doktrina ulertzeko, bularreko haurra baita. 14 Janari sendoa, berriz, pertsona helduentzat da, ona eta txarra bereizteko eskarmentua dutenentzat.

6. atala

[aldatu]

1 Horrela bada, Kristori buruzko lehen mailako doktrina alde batera utzirik, has gaitezen kristau-heldutasunari dagozkionez mintzatzen, berriro oinarrizko gauzak aipatu beharrik gabe, hala nola: heriotzara daramaten egintzetatik aldentzea, Jainkoarengan sinestea, 2 bataio-modu ezberdinei buruzko doktrinak, eskuen ezartzea, hilen piztuera edo behin betiko auzia. 3 Horrela egingo dugu, beraz, Jainkoa lagun. 4 Izan ere, behin fedean argituak izan direnek, Jainkoaren dohaina dastatu eta Espiritu Santuarengan parte izan dutenek, 5 Jainkoaren mezu ederra eta datorren munduaren indarra probatu dituztenek, 6 fedeari uko egiten badiote, ezinezkoa dute berriro bihozberritzea, Jainkoaren Semea gurutziltzatzen ari baitira eta mundu guztiaren aurrean isekatzen. 7 Lurrak ere, gainera maiz datorkion euria xurgatu eta nekazariari probetxuzko landareak ematen badizkio, Jainkoaren bedeinkazioa du berekin; 8 baina, sasi eta sastrakak ematen baditu, ez du ezertarako balio, Jainkoak madarikatu egingo du eta, azkenik, erre egingo dute. 9 Horrela hitz egiten badizuegu ere, senide maiteok, ziur gaude, zuei dagokizuenez, jokabide guztiz jatorra duzuela, salbamena lortzeko egokia. 10 Zintzoa da, bai, Jainkoa eta ez da ahaztuko zuek egin duzuenaz, ez eta, lehen nahiz orain fededunak zerbitzatuz, berari agertu diozuen maitasunaz ere. 11 Hauxe nahi genuke, hala ere: azkeneraino ager dezazuela guztiok orain arte izan duzuen ardura bera, zuen itxaropena bete-betea izatera irits dadin; 12 ez zaiteztela nagi bihur, baizik eta jarraitu fedez eta eramanpenez Jainkoaren agintzariak jasotzen ari direnen etsenpluari.
Jainkoaren agintzaria Jesusengan burutua
13 Jainkoak, Abrahami agintzaria egin zionean, bere buruarengatik egin zuen zin, ez baitzuen bera baino inor handiagokorik zin egiteko. 14 Esan zion:
Oparo bedeinkatuko zaitut eta ondorea erruz ugalduko.
15 Eta, eramanpenez itxaron ondoren, eskuratu egin zuen Abrahamek Jainkoaren agintzaria. 16 Gizon-emakumeek berak baino handiago den norbaitengatik egiten dute zin, eta zin eginez erabakitzen dute edozein eztabaida. 17 Horregatik, Jainkoak ere, agindutako ondasunak hartuko zituztenei beraren asmoa aldaezina zela garbi erakutsi nahirik, zin-hitzez lotu zuen bere burua. 18 Beraz, bi gauza ditugu Jainkoaren asmoa aldaezina dela adierazten digutenak: agintzaria eta zin-hitza --eta horietan Jainkoak ez dezake gezurrik esan--; horietan oinarriturik, adorez beteak sentitzen gara aurrean dugun itxaropenari eusteko. 19 Itxaropen hau geure bizitzaren aingura tinko eta segurua dugu, zeruko santutegi barruraino sartzen dena; 20 hara sartu baitzen Jesus guregatik, aitzindari gisa, Melkisedeken antzera behin betiko apaiz nagusi egina.
Kristo Melkisedeken antzera apaiz (7,1-28)
Melkisedek eta lebitar apaizgoa

7. atala

[aldatu]

1 Melkisedek hau, Salemgo errege eta goi-goiko Jainkoaren apaiza zen. Bidera atera zitzaion Abrahami, erregeak garaitu ondoren itzulbidetik zetorrela, eta bedeinkatu egin zuen. 2 Abrahamek guduan harrapatutako guztiaren hamarrenak eman zizkion orduan. Alde batetik, Melkisedek izenak «Justizi errege» esan nahi du, eta, bestetik, Salemgo errege zen, hau da, «Bake-errege». 3 Liburu Santuan ez da aipatzen haren aitarik, ez amarik, ez jatorririk, ez jaiotzarik, ez heriotzarik; horrela, Jainkoaren Semearen antzera betiko dirau apaiz. 4 Zenbaterainokoa ez ote zen Melkisedek, gure arbaso Abrahamek berak guduan harrapaturiko gauza hoberenen hamarrenak eman baitzizkion! 5 Moisesen legearen arabera, apaizgoa hartzen duten Lebiren ondorengoek herriarengandik jaso behar dituzte hamarrenak, hau da, beren senideengandik, hauek ere Abrahamen jatorrikoak direlarik. 6 Melkisedekek, ordea, jatorri berekoa izan gabe, Abrahamengandik jaso zituen hamarrenak eta, gainera, Jainkoaren agintzariak hartuak zituen Abraham bedeinkatu egin zuen. 7 Eta, jakina, handienak bedeinkatzen du txikiena. 8 Hemen, gure artean, hamarrenak jasotzen dituzten lebitarrak gizon hilkor dira; baina harako Melkisedek hura bizirik dagoela aitortzen dute Liburu Santuek. 9 Eta nolabait esan daiteke, Abrahamen bitartez, orain bere ondorengoen bidez hamarrenak jasotzen dituen Lebik berak eman zizkiola hamarrenak Melkisedeki; 10 izan ere, Abrahamek bere baitan zeraman Lebi, Melkisedek bidera irten zitzaionean.
Lebitar apaizgoa baliorik gabea
11 Lebitar apaizgoa herriari eman zitzaion legearen oinarrian zegoen. Beraz, lebitar apaizgoa Jainkoarekiko harreman betea lortzeko gai izan balitz, ez zen beharrezko izango beste apaiz bat sortzea, ez Aaronen antzera, Melkisedeken antzera apaiz dena baizik. 12 Eta, apaizgoa aldatuz gero, nahitaez aldatzen da legea ere. 13 Hemen adierazten dena, berriz, Jesus gure Jauna alegia, beste leinu batekoa da, inoiz aldare-gizonik izan ez duen leinukoa, 14 aski ezaguna baita Judaren leinutik datorrela gure Jauna, eta Moisesek aipatu ere ez zuen egin leinu hori apaizei buruz hitz egitean. 15 Eta oraindik argiago da hori, baldin beste apaiz bat sortu bada Melkisedeken antzera, 16 hau da, ez giza legeen arabera, desegin ezin den bizi baten indarrari esker baizik. 17 Izan ere, honela dago esana:
Betiko zu apaiz, Melkisedeken antzera.
18 Beraz, alde batetik, balio gabe gelditu da aurreko erakundea, ezer gutxitarako balio zuelako eta alferrikakoa zelako 19 legeak ez baitzuen ezer bere betera eraman--; bestetik, Jainkoarengana hurbiltzen gaituen itxaropen bikainago bati ematen zaio hasiera.
Kristo benetako eta betiko apaiz
20 Hau guztia ez zen zinik gabe gertatu. Lebiren ondorengoak bai, zinik gabe izan ziren apaiz izendatuak; 21 Jesus, ordea, zin eginez izendatu zuen Jainkoak, hartaz esaten denez:
Zin egina du Jaunak eta ez zaio damutuko: «Betiko zara zu apaiz».
22 Horrela, itun bikainagoaren bermatzaile da Jesus. 23 Gainera, apaiz lebitarrak asko ziren, ezin baitzuten iraun, hil egiten zirelako; 24 Jesusek, ordea, beti irauten duenez, inoiz amaituko ez den apaizgoa du. 25 Horregatik, salbamen betea eman diezaieke beraren bidez Jainkoarengana hurbiltzen direnei, bizirik baitago beti haien alde erregutzeko. 26 Benetan, Jesus bezalako apaiz nagusia behar genuen guk: santu, errugabe eta kutsatugabea, bekatariengandik bereizia eta zeruak baino gorago jasoa; 27 honek ez du, beste apaiz nagusiek bezala, lehenengo bere bekatuengatik eta gero herriarenengatik egunero opariak eskaini beharrik, behin betiko egin baitz-uen hori, bere burua opari eskaini zuenean. 28 Legeak, izan ere, gizon ahulak izendatzen ditu apaiz nagusi; baina legea baino geroago etorri zen Jainkoaren zin-hitzak Semea izendatzen du apaiz nagusi, betierean bete-beteko dena.
Kristo bete-beteko apaiz bere opariaz (8,1--9,28)
Apaizgo berria eta itun berria

8. atala

[aldatu]

1 Hau da esaten ari garenaren gailurra: hain handia da gure apaiz nagusia, ezen Jainko handiaren eskuinaldean eseria baitago zeruan, 2 eta bere apaiz-zerbitzua Jainkoak egindako benetako santutegian betetzen du, eta ez gizakiek egindako itun-etxolan. 3 Edozein apaiz nagusi emaitzak eta opariak eskaintzeko jarria dagoenez, Jesusek ere zerbait eskaini behar zuen. 4 Mundu honetan Jesus ez litzateke apaiz ere izango, hor baitaude Moisesen legearen arabera opariak eskaintzen dituzten apaizak. 5 Hauek egiten duten kultua, ordea, zeruko gauzen irudi eta itzal besterik ez da, Jainkoak Moisesi, etxola egiterakoan, agindu zionaren arabera: Izan arreta, dena mendian erakutsi zitzaizun ereduaren arabera egiteko. 6 Jesusek benetan kultu-zerbitzu askoz bikainagoa hartu du, itun bikainagoaren, agintzari bikainagoetan oinarrituaren, bitarteko baita.
Itun zaharraren baliogabetasuna
7 Izan ere, lehenengo ituna akatsik gabea izan balitz, ez zegokeen bigarren batentzat lekurik. 8 Baina Jainkoak haserre egin zion herriari, esanez:
Jaunak dio: «Begira, badator Israel herriarekin eta Juda herriarekin itun berria egingo dudan garaia.
9 Itun hau ez da izango, Egiptotik ateratzeko eskutik hartu nituenean beraien arbasoekin egin nuena bezalakoa. Haiek hautsi egin zuten nire ituna, eta nik ere bertan behera utzi nituen. Hala diot nik, Jaunak. 10 Hona hemen etorkizunean Israelekin egingo dudan ituna: Buruan ezarriko dizkiet neure legeak, bihotzean idatziko; ni beraien Jainko izango naiz, eta haiek nire herri. Hala diot nik, Jaunak. 11 Ez dute elkarri irakatsi beharrik izango, <Ezagutu Jauna> esanez, guzti-guztiek, txiki nahiz handi, ezagutuko bainaute. 12 Barkatu egingo baitiet beren gaiztakeria, beraien bekatua ez dut gehiago gogoratuko».
13 Jainkoak, itun berria agintzean, aurrekoa zahartutzat ematen du, eta zaharkiturik dagoena desagertzear dago.
Antzinako opariak baliorik gabeak

9. atala

[aldatu]

1 Lehenengo itunak bazituen bere kultu-ohikuneak eta bere lurreko santutegia. 2 Honela antolatua zegoen santutegia: lehenengo aldean, «Santu» izenekoan, argimutila, mahaia eta Jaunari eskainiriko ogiak zeuden; 3 gero, bigarren kortinaren atzean «Toki santu-santu» izeneko aldea zegoen. 4 Bertan, intsentsua erretzeko urrezko aldarea eta itun-kutxa, dena urrez estalia, zeuden. Kutxaren barruan urrezko ontzi bat zegoen, manaz betea, bai eta Aaronen makila, ernamuindu zena, eta itunaren harlosak ere. 5 Kutxaren gainean bi izaki hegadun zeuden, Jainkoaren presentzia aintzatsua adierazten zuten kerubinak, beren hegoez kutxa gaineko estalkia babesten zutenak. Baina hau ez da gai hauetaz xehetasunez hitz egiteko unea. 6 Honela eratua zegoen, beraz, santutegia. Lehenengo aldean edozein garaitan sartzen dira apaizak beren kultu-zerbitzua betetzeko; 7 bigarren aldean, berriz, apaiz nagusia besterik ez da sartzen eta urtean behin bakarrik; eta orduan ere, bere buruaren eta herriaren hutsegiteengatik eskaini behar duen abere-odola eramanez sartzen da. 8 Honekin, hau adierazi nahi digu Espiritu Santuak: lehenengo santutegiak irauten zuen bitartean, benetako santutegirako bidea ez zegoela zabalik. 9 Izan ere, lehenengo santutegia orain gertatzen ari denaren irudi da; beraz, hor eskaintzen diren emaitza eta opariek ez dute indarrik eskaintzen dituena barrutik bete-betea egiteko; 10 izan ere, horiek guztiak janariei, edariei eta zenbait garbikuntza-ohikuneri --hau da, azaleko gauzei-- dagozkien lege besterik ez dira, Jainkoak gauzak aldatuko dituen arte balio dutenak.
Kristoren bete-beteko oparia
11 Kristo, berriz, datozen ondasunen apaiz nagusi bezala agertu da. Bera sartu den etxola lehengoa baino hobea eta bikainagoa da, ez giza eskuz egina, hau da, ez mundu honetakoa. 12 Kristo behin betiko sartu da santutegian, ez aker eta zekorren odola eskainiz, berea baizik, horrela betiko salbamena lortu digularik. 13 Beraz, akerren eta zezenen odolak eta erretako behi baten errautsek, kutsaturik daudenen gain zirtatuz gero, kutsaturiko pertsona horiek sagaratzeko indarra baldin badute azaleko garbitasuna emanez, 14 zenbatez gehiago Kristoren odolak, betiko Espirituaren bitartez akasgabeko oparitzat bere burua Jainkoari eskaini zion harenak, ez du garbituko gure barrua heriotzara daramaten egintzetatik, Jainko biziari kultua emateko gai izan gaitezen!
Itun berria
15 Horregatik, Jesu Kristo itun berri baten bitarteko da, bere heriotzaz antzinako itunaren garaian egindako hutsegiteak barkatu baititu; horrela, agindutako betiko ondarea jaso dezakete Jainkoak deitutakoek. 16 Izan ere, testamentua beteko bada, beharrezkoa da testamentugilea hila izatea, 17 hil ondoren balio baitu testamentuak; testamentugilea bizi den bitartean, ez du indarrik. 18 Horregatik, lehenengo ituna ere ez zen odol-isurketarik gabe egin. 19 Moisesek, legeko agindu guztiak herriaren aurrean irakurri ondoren, zekor eta akerren odola hartu zuen --ur, purpura gorrimin eta ixipuaz batera--, eta lege-liburua eta herri osoa zirtatu zituen, 20 esanez: Odol hau Jainkoak zuekin egiten duen itunaren ezaugarri da. 21 Era berean, Moisesek etxola eta kultuan erabiltzen ziren tresna guztiak zirtatu zituen odolaz. 22 Izan ere, legearen arabera, ia gauza guztien garbikuntza odolaren bidez egiten da, eta odol-isurketarik gabe ez dago barkamenik.
Itun berriko oparia
23 Beharrezkoak ziren horrelako ohikuneak zerukoen irudi besterik ez ziren gauzen garbikuntza egiteko; zeruko gauzek berek, ordea, opari baliotsuagoak behar zituzten. 24 Hala, Kristo ez zen sartu gizakiek egindako santutegian --egiazkoaren irudi besterik izango ez zen batean--, zeruan bertan baizik, orain Jainkoaren aurrean gure alde agertzeko; 25 eta ez zen sartu behin eta berriz bere burua opari eskaintzeko, apaiz nagusia santutegian berea ez duen odolarekin urtean behin sartzen den bezala. 26 Bestela, hil ere askotan hil behar izango zuen mundua mundu denetik gaur arte. Baina ez, Kristo behin bakarrik agertu da orain, azkenak diren garai hauetan, bere buruaren opariaz bekatua desegiteko. 27 Eta gizon-emakumeek behin bakarrik hil behar dutela eta gero auzia izango dela erabakita dagoen bezala, 28 halaxe Kristo ere: behin bakarrik izan zen oparitzat eskainia guztien bekatuak desegiteko, eta gero bigarrenez agertuko da, bekatuarekin zerikusirik gabe, beraren zain daudenak salbatzera.
Kristo betiko salbamenaren iturri (10,1-39)
Lehengo opariak Kristoren opariaz ordezkatu

10. atala

[aldatu]

1 Legeak, beraz, etortzekoak ziren ondasunen itzala bakarrik izanik eta ez gauzen izatea bera, ez ditzake inola ere, urtero etengabe eskaintzen diren opari berberen bidez, Jainkoarengana hurbiltzen direnak bete-beteko egin. 2 Bestela, amaitu egingo ziren opariak, kultu hori eskaintzen zutenek, behin garbituz gero, inongo bekatu-kontzientziarik ez baitzuten izango. 3 Baina opariak eskaintzean bekatuen oroitzapena berritzen dute urtero, 4 zezenen eta akerren odolak ez baititzake bekatuak desegin. 5 Horregatik, Kristok, mundu honetan sartzerakoan, Jainkoari esan zion:
Ez zenuen nahi izan opari eta eskaintzarik; baina gorputza eratu zenidan.
6 Erre-opari eta bekatuen barkamen-oparirik ez duzu atsegin izan. 7 Horregatik diot: «Hemen nauzu». Liburuan agintzen zait zure nahia betetzeko, ene Jainko.
8 Lehenik dio: Ez zenuen nahi izan, ez atsegin izan, opari eta eskaintzarik, ez erre-opari, ez bekatuen barkamen-oparirik, nahiz eta gauza guztiok legeak agindutakoak izan. 9 Ondoren, beste hau dio: Hemen nauzu zure nahia betetzeko. Aipaturiko lehenengo kultua kentzen du bigarrena jartzeko. 10 Eta behin betiko egin zuen bere gorputzaren eskaintzaren bidez, Jesu Kristok Jainkoaren nahia bete duelako izan gara gu Jainkoarentzat sagaratuak.
Apaiz berria eta itun berria
11 Apaiza egunero ari da bere kultu-zerbitzuan, bekatua inola ere kendu ezin duten opari berberak behin eta berriz eskainiz. 12 Baina Jesu Kristo, opari bat bakarra bekatuengatik eskaini ondoren, Jainkoaren eskuinaldean eseri zen behin betiko. 13 Eta, orain, Jainkoak etsaiak oinaulkitzat noiz jarriko dizkion itxaroten dago. 14 Izan ere, opari bakar baten bidez beren betera eraman ditu Jainkoarentzat behin betiko sagaratuak direnak. 15 Aitorpen bera egiten digu Espiritu Santuak ere, hau esatean:

16 Hona hemen etorkizunean haiekin egingo dudan ituna: Bihotzean ezarriko dizkiet neure legeak, buruan idatziko. Hala diot nik, Jaunak. 17 Eta haien bekatuak eta gaiztakeriak ez ditut gehiago gogoratuko.
18 Horrela bada, bekatuak barkaturik daudenean, ez da bekatuen barkamenerako opari beharrik.
Sinesmenean sendo iraun
19 Beraz, senideok, Jesu Kristoren odolari esker konfiantza dugu santutegian sartzeko, 20 Jesusek kortinan barrena --hau da, bere gorputzean barrena-- bide berri eta bizia ireki baitigu. 21 Jesus apaiz handia Jainkoaren etxeko buru dugunez, 22 hurbil gakizkion bihotz zintzoz eta sinesmen osoz, barrua bekatu-kontzientzia guztitik garbiturik eta gorputza ur garbiz txukundurik. 23 Iraun dezagun sendo itxaropena aitortuz, leiala da-eta hitza eman diguna. 24 Lagun diezaiogun elkarri, maitasunean eta egintza onetan elkar gogo-berotuz. 25 Ez utzi batzarrera joateari, batzuen batzuek ohi duten bezala, baizik eta adoretu elkar, eta are gehiago Jaunaren eguna hurbiltzen ari dela ikusten duzuen honetan.
Sinesmena ukatzeko arriskua
26 Zeren, egia ezagutu ondoren, nahita bekatu egiten jarraitzen badugu, ez dago gehiago bekatuen barkamenerako oparirik: 27 Jainkoaren auzi izugarria eta errebeldeak irentsiko dituen su kiskalgarria besterik ez dezakegu espero. 28 Moisesen legea hausten duenari heriotza-zigorra ematen zaio gupidarik gabe, bi edo hiru lekukoren aitorpenaz. 29 Zenbatez zigor handiagoa ez ote du merezi izango Jainkoaren Semea hankapean erabili, sagaratu duen ituneko odola profanatu eta Jainkoak onginahiz eman dion Espiritua iraintzen duenak! 30 Ongi ezagutzen dugu hau esan zuena:
Niri dagokit mendekua, neuk emango dut ordaina.
Eta beste hau ere esan zuen:
Jaunak epaituko du bere herria.
31 Izugarria da Jainko biziaren eskuetan erortzea! 32 Oroit zaitezte iraganeko egun haietaz: argia hartu berri hartan borroka gogor eta neketsua eraman behar izan zenuten. 33 Zuetako batzuek irainak eta tratu txarrak jasan zenituzten guztien aurrean; besteok horrela erabilitakoen lagunkide izan zineten; 34 parte izan zenuten kartzelatuen oinazeetan eta pozik sufritu zenuten zeuen ondasunak kendu zizkizuetenean, jakinik aberastasun bikainagoa eta iraunkorragoa zenutela. 35 Beraz, ez galdu adorea, berekin sari handia dakar eta. 36 Iraupena behar duzue, Jainkoaren borondatea betez agintzaria eskuratzeko. 37 Izan ere:
Laster, bai, oso laster etorriko da etortzekoa, ez du luzatuko.
38 Nire zintzoa fedeari esker biziko da, baina atzera egiten badu, ez dut atsegin izango.
39 Gu ez gara, ordea, atzera egin eta hondatzen direnetakoak, fedearen bidez salbamen bila gabiltzanak baizik.
FEDEA ETA IRAUPENA (11,1--12,13)
Itun zaharreko gizon-emakumeak sinesmen-eredu. Abel, Henok eta Noe

11. atala

[aldatu]

1 Fedea, itxaroten dena lortzeko segurtasuna da, ikusten ez diren gauzez komentzitua egotea. 2 Fede horrengatik onetsi zituen Jainkoak gure arbasoak. 3 Fedeari esker ulertzen dugu bere hitzaz eratu zuela Jainkoak mundua eta, beraz, ikusten duguna ageri ez denetik sortua dela. 4 Fedeari esker eskaini zion Abelek Jainkoari Kainek baino opari ederragoa; horregatik, Jainkoak zintzotzat aitortu zuen Abel eta honen eskaintzak onartu, eta fedeari esker hitz egiten du Abelek hilda gero ere. 5 Fedeari esker eraman zuen Jainkoak Henok heriotzarik jasan gabe; desagertu egin zen, Jainkoak eramanik. Baina, eramana izan zela esan aurretik, Jainkoak nahi bezala jokatu zuela esaten du Liburu Santuak. 6 Izan ere, federik gabe ezinezkoa da Jainkoaren gogoko izatea, zeren Jainkoarengana hurbiltzen denak sinetsi egin behar baitu hura badela eta haren bila dabiltzanei saria ematen diela. 7 Fedeari esker, Noek, oraindik ikusten ez ziren gauzen berri izan zuelarik, untzia egin zuen etxekoak salbatzeko, Jainkoaren esaneko izanez. Bere fedeaz gaitzetsi egin zuen mundu sinesgabea, eta fedetik datorren salbamenaren oinordeko egin zen.
Abraham eta patriarkak
8 Fedeari esker, Abraham, Jainkoaren deiari obedituz, Jainkoak ondaretzat emango zion lurraldera abiatu zen, nora zihoan ez zekiela abiatu ere. 9 Fedea zuelako, bere herria utzi eta atzerritar gisa bizi izan zen Jainkoak agindutako lurraldean; oihal-etxolatan bizi izan zen, Jainkoaren agintzari bera hartu zuten Isaak eta Jakob biziko ziren bezalaxe; 10 eta hori, zimendu sendoko hiria, arkitekto eta egile Jainkoa bera duen hiria, itxaron zuelako. 11 Fedeari esker hartu zuen ondorengoa ekartzeko indarra, beraren emazte Sara agorra izan eta berak sasoia joana zuen arren, hitz eman ziona fidagarria zela sinetsi baitzuen. 12 Eta, horrela, gizon bakarrarengandik, eta berau ere ia azkenetan zegoela, zeruko izarrak bezain ugari eta itsasertzeko hondarrak bezain kontaezin ondorengo sortu zen. 13 Horiek guztiak Jainkoak hitz emandako ondasunak eskuratu gabe hil ziren; baina fedearen argitan urrutira ikusi eta agurtu egin zituzten, horrela lur honetan arrotz eta atzerritar zirela aitortuz. 14 Izan ere, horrela hitz egiten dutenek garbi adierazten dute aberriaren bila dabiltzala. 15 Utzi zuten lurraldea izan balute gogoan, bazuten egokiera hara itzultzeko. 16 Baina lur hobea zuten irrika, zerukoa alegia. Horregatik, Jainkoa ez da lotsatzen «haien Jainko» deitua izateaz, hiri bat ere prestatu baitie. 17 Fedeari esker eskaini zuen Abrahamek Isaak, Jainkoak probatu zuenean. Bera, agintzaria hartu zuena, prest zegoen seme bakarra eskaintzeko, 18 nahiz eta seme berorri buruz esana izan Jainkoak: Isaaken bidez izango dituzu ondorengoak. 19 Abrahamek uste zuen Jainkoa gauza dela hilak pizteko ere; horrela, semea berreskuratzea Jainkoaren ahalmen horren ezaugarri gertatu zitzaion. 20 Fedeari esker, Isaakek etorkizunerako bedeinkazioa eman zien Jakobi eta Esauri. 21 Fedeari esker, Jakobek Joseren semeetako bakoitza bedeinkatu zuen hiltzerakoan, eta Jainkoa gurtu zuen, bere makila-buruan ezarrita izana. 22 Fedeari esker aipatu zuen Josek ere, hilzorian, israeldarrak Egiptotik irtengo zirela, eta bere hezurrekin zer egin behar zuten esan zien.
Moises eta israeldarrak
23 Fedeari esker, Moises jaio zenean, haur ederra zela ikusirik, hiru hilabetez eduki zuten bere gurasoek gordeta, faraoiaren aginduaren beldurrik gabe. 24 Fedeari esker, Moisesek, jadanik gizon heldua zela, uko egin zion faraoiaren alabaren seme-izenari; 25 nahiago izan zuen Jainkoaren herriarekin batera tratu txarrak jasan, bekatuaren atsegin iragankorrak gozatu baino. 26 Izan ere, baliotsuagotzat jo zuen Jainko-herriarekin mesprezatua izatea Egiptoko aberastasunak baino, geroko sariari begiratzen baitzion. 27 Fedeari esker alde egin zuen Moisesek Egiptotik faraoiaren haserrearen beldurrik gabe, eta sendo iraun zuen, Jainko ezinikusia ikusiko balu bezala. 28 Fedeari esker ospatu zuen Moisesek Pazkoa eta igurtzi zituen odolaz israeldarren etxeetako ateak, suntsitzaileak haien lehen-semeak uki ez zitzan. 29 Fedeari esker igaro zuten israeldarrek Itsaso Gorria lur lehorra bailitzan, egiptoarrak, beste horrenbeste egiten saiatu zirenean, hondora joan ziren bitartean. 30 Fedeari esker erori ziren Jerikoko harresiak, zazpi egunez hiria inguratu ondoren. 31 Fedeari esker ez zen hondatu Rahab emagaldua sinesgabeekin batera, israeldar ikertzaileei harrera ona egin zielako.
Ikuspegi orokorra
32 Zertan jarraitu hitz egiten? Ez nuke denborarik aski Gedeon, Barak, Samson, Jefte, David, Samuel eta profeten gertakariak esaten hasiko banintz. 33 Fedeari esker, erreinuak menperatu zituzten, justizia egin, Jainkoak agindua eskuratu, lehoien ahoak itxi, 34 su gartsuak itzali, ezpataz hilak izatetik ihes egin, gaixotasunetatik sendatu, borrokan bulartsu izan eta atzerritarren gudarosteei atzera eragin. 35 Eta zenbait emakumek, pizturik berreskuratu zituen bere hilak. Beste batzuk, berriz, torturapean hil ziren, handik libratzeari uko eginez, bizitza bikainagora pizteko itxaropenagatik; 36 beste batzuek isekak eta zigorrak, kateak eta kartzelak jasan zituzten; 37 harrikatu egin zituzten, zerraz ebaki, ezpataz hil; nora-ezean ibili ziren, ahuntz- nahiz ardi-larruz jantzirik, premia gorrian, erasopean eta tratu txarrak hartuz. 38 Munduak merezi baino hobeak ziren, eta nora-ezean ibili ziren basamortuetan, mendietan eta lurreko harpe eta koba-zuloetan. 39 Baina hauek, beren fedearengatik Jainkoak onetsi zituen arren, ez zuten eskuratu Jainkoak agindutakoa; 40 izan ere, Jainkoak zerbait hobea prestatu zuen guretzat, eta ez zuen nahi izan haiek helmugara gu gabe iristerik.
Iraun bekatuaren kontrako borrokan
}}

12. atala

[aldatu]

1 Horregatik, guk ere, hainbat eta hainbat testiguz inguraturik gaudenok, astin ditzagun oztopo zaigun guztia eta itsasten zaigun bekatua, eta ekin diezaiogun etsigabe aurrean dugun lasterketari. 2 Jar ditzagun begiak geure fedearen iturburu eta betetzaile dugun Jesusengan; honek, itxaro zuen zorionagatik, gurutzean hiltzea onartu zuen, heriotza lotsagarria zela kontuan hartu gabe, eta orain Jainkoaren tronuaren eskuinaldean eseria dago. 3 Gogora ezazue, bada, bekatarien aldetik halako eraso gogorra jasan zuen hura, adorea galdu eta etsi ez dezazuen. 4 Ez zarete oraindik bizia galtzeraino iritsi zeuen bekatuaren kontrako borrokan.
Jainkoak seme-alabak bezala zentzatu
5 Ahaztu egin duzue seme-alabei bezala ematen zaizuen aholkua:
Ene seme, ez baztertu Jaunaren zentzarazpena, ez eta adorea galdu ere agiraka egiten badizu,
6 maite duena baitu Jaunak zentzarazten eta semetzat hartzen duena du zigortzen.
7 Jasaten duzuena zuek zentzarazteko da; Jainkoak seme-alaba bezala tratatzen zaituzte. Izan ere, zein seme-alaba ez du aitak zentzarazten? 8 Zentzarazten ez bazaituzte, denak zentzarazi ohi diren bezala, ez zarete nonbait benetako seme-alaba, sasiko baizik. 9 Lurreko gurasoak begirunez hartzen genituen, zentzarazten gintuztenean; arrazoi gehiagoz jarri behar dugu, bada, zeruko Aitaren menpe, bizia iristeko. 10 Gurasoek bizitza labur honetarako eta beren irizpideen arabera zentzarazten gintuzten; Jainkoak, ordea, hobea den zerbaitetarako, haren santutasunean parte har dezagun, alegia. 11 Egia esan, momentuan edozein zentzarazpen mingarri da eta ez pozgarri; baina, gerora, zentzarazpenaren bidez zaildu direnek haren fruituak jasotzen dituzte: bakea eta bizitza zuzena. 12 Ea bada, sendotu beso ahulduak eta belaun makalduak, 13 eta ibil zaitezte bide zuzenean, hanka okerra hauts ez dadin, sendatu baino.
KRISTOREN OPARIAREN FRUITUAK KRISTAU BIZITZAN (12,14--13,19)
Leial eutsi kristau-bokazioari
14 Saia zaitezte guztiekin bakean bizitzen, eta izan santu; bestela, ez baitu inork Jauna ikusiko. 15 Ibili kontuz, Jainkoaren onginahitik inor urrun ez dadin; ez dadila zuen artean guztiok nahasi eta kutsatuko zaituzten landare pozoitsurik hazi. 16 Ez bedi izan zuen artean lizunik nahiz erlijiogaberik, Esau bezala; janari batengatik saldu baitzuen hark bere lehen-semetza. 17 Badakizue geroago bedeinkazioa eskuratu nahi izan zuela, baina ez zuen lortu, eta, negarrez erregutu bazion ere, ez zuen aitaren asmoa aldatzeko modurik izan. 18 Zuek ez zarete hurbildu, israeldarrak bezala, uki daitekeen mendi batera, su kiskalgarria, laino itxia, ilunpea eta ekaitza zeuden mendira; 19 ez duzue entzun turuta-hotsik, ez eta ahotsik ere. Ahotsa entzun zuten israeldarrek, gehiago ez ziezaiela hitz egin eskatu zuten, 20 ezin baitzuten jasan agintzen ziena: Mendia ukitzen duenari, aberea izanda ere, harrika emango diote. 21 Hain zen izugarria ikuskaria, Moisesek berak ere honela baitzioen: Beldur-ikaraz nago. 22 Zuek, ordea, Sion mendira hurbildu zarete, Jainko biziaren hirira, zeruko Jerusalemera, Jainkoa goresteko bildurik dauden milaka eta milaka aingerurengana, 23 beren izenak zeruan idatzirik dituzten Jainkoaren lehen-semeen batzarrera, guztien epaile den Jainkoarengana, beren betera iritsi diren zintzoen espirituengana 24 eta itun berriaren bitarteko den Jesusengana, Abelena baino indartsuago mintzo den odolaz garbitu gaituenarengana. 25 Kontuz, bada! Ez gutxietsi hitz egiten dizuena. Izan ere, lurrean hitz egin zienean gutxietsi zutenek zigorrari ihes egiterik izan ez bazuten, are gutxiago guk, zerutik hitz egitean bizkarra ematen badiogu! 26 Orduan, bere ahotsaz lurra dardararazi zuen Jainkoak hau hots egiten digu orain:
Oraindik beste behin, lurrari ez ezik, zeruari ere dardar eragingo diot.
27 Oraindik beste behin hitzek hau adierazten dute: dardar egiten duten gauzak, eginak direnez, desagertu egingo direla, dardar egin ez dezaketenak bakarrik geldi daitezen. 28 Horregatik, dardaratuko ez den erreinua hartu dugunez, izan gaitezen esker oneko eta eman diezaiogun Jainkoari berak atsegin duen kultua begirunez eta errespetuz, 29 su kiskalgarria baita gure Jainkoa.
Kristau-jokabidea

13. atala

[aldatu]

1 Eutsi senide arteko maitasunari. 2 Izan arduratsu etxera datozkizuenak ondo hartzen, horrela jokatuz, jakin gabe etxean aingeruak hartu zituztenak ere badira eta. 3 Oroit zaitezte preso daudenez, zuek ere haiekin batera preso bazeundete bezala; oroitu tratu txarrez erabiliez, zuek ere, haiek bezala, gorputza duzue eta. 4 Hartzazue denok ezkontza errespetu handiz, eta izan garbi ezkon-harremanetan, epaitu egingo baititu Jainkoak lizunak eta adulteriogileak. 5 Ez izan diru-gose; egon pozik duzuenarekin, Jainkoak esana baitu: Ez zaitut utziko, ez baztertuko. 6 Beraz, uste osoz esan dezakegu:
Jauna dut neure alde, ez naiz beldur: zer egin dezake nire kontra gizakiak?
7 Oroit zaitezte Jainkoaren hitza hots egin zizueten zeuen zuzendariez, eta jarraitu berorien fedeari, nola bizi eta nola hil diren kontuan hartuz. 8 Jesu Kristo bat bera da atzo, gaur eta beti. 9 Ez zaitzatela edozein eratako doktrina arrotzek lilura. Garrantzizkoena Jainkoaren dohainaz barrutik sendotzea da, eta ez janariei buruzko arauez arduratzea, hauek ez baitiete ezer onik ekarri bete dituztenei. 10 Guk badugu aldare bat, eta santutegi zaharraren zerbitzura daudenek ezin dute horretan eskaintzen den oparian parte hartu. 11 Izan ere, juduen apaiz nagusiak santutegi barrura eramaten du barkamen-oparitzat eskainitako abereen odola; baina abere horien gorputzak kanpalekutik kanpora erretzen dira. 12 Horregatik, Jesusek ere, bere odolaz herria sagaratzeko, hiritik kanpora jasan zuen heriotza. 13 Goazen, bada, gu ere Jesusengana, kanpalekutik kanpora, haren desohorea bera eramanez, 14 mundu honetan ez baitaukagu hiri iraunkorrik, baizik eta geroko hiriaren bila gabiltza. 15 Beraz, Jesusen bidez eskain diezaiogun Jainkoari oparitzat etengabeko gorespena, geure ezpainez beraren izena aitortuz. 16 Ez ahaztu on egiteaz eta elkarri laguntzeaz, horrelako opariak baititu Jainkoak atsegin. 17 Egin zeuen zuzendarien esanak eta izan horien menpeko, zuetaz arduratzen baitira eta zuen kontu eman beharko baitiote Jainkoari; horrela, beren egitekoa atseginez bete ahal izango dute eta ez marmarka; honek ez lizueke inolako onik ekarriko. 18 Egizue otoitz guregatik. Gure ustez, garbi daukagu kontzientzia, gauza guztietan zintzo jokatu nahian baikabiltza. 19 Otoitz egiteko eskatzen dizuet, batez ere, berriro zuen artera laster itzul nadin.
Azken gurariak eta agurrak
20 Bakea ematen duen Jainkoari egiten diot otoitz zuen alde. Berak piztu zuen hilen artetik Jesus gure Jauna, betiko ituna ezartzeko bere odola isuri eta ardien Artzain handi bihurtu zena. 21 Bakearen Jainkoak gai egin zaitzatela egite on ororen bidez haren nahia betetzeko; burutu dezala guregan berari atsegin zaion guztia Jesu Kristoren bidez. Aintza beroni menderen mendetan! Amen. 22 Arren, senideok, ondo hartuko ahal duzue sermoi hau! Hitz labur batzuk erantsiz bidaltzen dizuet. 23 Jakizue askatu dutela gure anaia Timoteo. Agudo etortzen bada, berarekin joango natzaizue ikustera. 24 Agurtu zeuen zuzendariak eta fededun guztiak. Italiakoek agurtzen zaituztete. 25 Jainkoaren grazia zuek guztiokin. \z