Edukira joan

Biblia/Jeremiasen Gutuna

Wikitekatik
Biblia
Jeremiasen Gutuna
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

Jeremiasek gutun bat bidali zien Babiloniako erregeak bere herrialdera gatibu eraman behar zituenei, Jainkoak aginduriko mezua iragarriz. Hona hemen kopia:

1 «Babiloniako errege Nabukodonosorrek bere herrialdera eramango zaituzte Jainkoaren kontra egin dituzuen bekatuengatik. 2Babiloniara iritsirik, urte asko egin beharko duzue han, denboraldi luzea, zazpi belaunaldi bete arte; ondoren, bakean aterako zaituzte handik Jainkoak. 3Babilonian, zilar, urre eta zurezko jainkoak bizkarrean prozesioan eramaten ikusiko dituzue; irudi horiek beldurra ematen diete jentilei. 4Zuek kontuz ibili! Ez jokatu atzerritarrek bezala, ez dadila jainko horien beldurra zuetaz jabetu. 5Jendetza gurtza emateko berorien inguruan pilatzen dela ikustean, esan zeuen baitan: <Zuri bakarrik, Jauna, zor zaizu gurtza!> 6Zuekin dago Jainkoaren aingerua eta bera arduratuko da zuetaz.

7«Jainko horien mihia artisauak landua da! Urrez eta zilarrez estaliak badaude ere, gezurrezkoak dira eta hitz egiteko gauza ez. 8Apaingarriak maite dituzten neskatxentzat bezala, urrea hartu 9eta beren jainkoentzat koroak egiten dituzte. Batzuetan, apaizek beren jainkoei urrea eta zilarra kendu eta beren probetxurako erabiltzen dituzte; emagaldu sakratuei ematera ere ausartzen dira. 10Urre, zilar eta zurez egindako idoloak jantziz apaintzen dituzte, gizakiak bailiran; 11baina ez dakite beren buruak pipitik eta herdoiletik zaintzen. Purpurazko jantziak daramatzate idolo horiek, 12baina aurpegia garbitu beharra izaten dute, hautsez betetzen baitira jauretxean. 13Bada haien artean, eskualdeko gobernariak bezala, eskuan aginte-makila duenik; baina norbaitek iraintzen badu, ez da gauza erruduna hiltzeko. 14Bada ezpata eta aizkora eskuan dituenik, baina ez da gauza bere burua gerratik eta lapurrengandik babesteko.

«Hor ageri da ez direla jainko; ez izan, beraz, horien beldur!

15«Hautsitako ontzia ezertarako ez den bezala, jauretxean ezartzen dituzten idoloak ere ez. 16Horien begiak jauretxean sartzen direnen oinek harrotutako hautsez beteak daude. 17Erregearen kontra hoben egin duena, heriotzara emateko kartzelan ongi ixten duten bezala, idoloen jauretxeetako ateak ere atalagaz eta morroiloz sendotzen dituzte apaizek, lapurrek eraman ez ditzaten. 18Beren etxeetan baino kriseilu gehiago pizten dizkiete jainkoei, hauek deus ere ikusten ez duten arren. 19Barrutik sitsak janda daudela dioten jauretxeko habeak bezala dira: beren jantzi eta guzti sitsak janda ere, ez dira konturatzen. 20Jauretxeko keak belzturik dauzkate aurpegiak. 21Haien gorputz eta buruan hontz, enara eta bestelako txoriak pausatzen dira; katuak ere hurbiltzen zaizkie.

22«Horregatik jakingo duzue ez direla jainko; ez izan, beraz, horien beldur!

23«Apaintzeko, urrez estaliak daude idoloak; baina urreari herdoila ez badiote kentzen, ez dute distiratzen. Urtu zituztenean ere, ez zuten ezer sentitu. 24Kosta ahala kosta erosten dituzte, bizi-arnasarik ez izan arren. 25Oinik ere ez dutelako, bizkarrean eraman behar izaten dituzte, guztiei erakutsiz zein mesprezagarri diren; hori dela eta, gurtzaileak berak ere lotsatu egiten dira. 26Izan ere, inoiz lurrera erortzen badira, ezin jaiki dira beren kasa; zutik jartzen badituzte, ezin egin zirkinik; etzanik badaude, ezin zutitu beren kasa. Horiei opariak eskaintzea, hildakoei eskaintzea bezala da. 27Sakrifizioetako oparigaiak saldu egiten dituzte apaizek beren irabazirako; emazteek, berriz, oparigaien zati bat gazitu egiten dute gordetzeko, behartsuei eta gaixoei ezer banatu gabe. 28Oparigaiok haur egin berri diren nahiz hilerokoarekin kutsatuta dauden emakumeek ere ukitu ohi dituzte.

«Beraz, jainko ez direla jakinik, ez izan horien beldur!

29«Orduan, nolatan deitu jainko? Emakumeek ere opariak eskaintzen dizkiete urre, zilar eta zurezko idolo horiei. 30Apaizek gurdiak garraiatzen dituzte jauretxean. Jantziak urraturik, kaskamotz, bizargabe eta buru hutsik, 31garrasiak botatzen dituzte eta oihuka ibiltzen dira beren jainkoen aurrean, hileta-afarietan egin ohi den bezala. 32Beren idoloei kendutako arropaz janzten dituzte apaizek emazte eta seme-alabak. 33Mesede edo kalte eginda ere, idoloek ezin ordainik eman. Ez dute ahalmenik norbait errege egiteko, ez eta kentzeko ere. 34Era berean, ezin eman inori aberastasunik, ez dirurik. Norbaitek zin egindakoa betetzen ez badu ere, ezin diote konturik eskatu. 35Ezin dute inor heriotzatik libratu, ez eta gizagaixorik ere ahaltsuaren atzaparretatik. 36Ezin diote itsuari ikusmena eman, ez eta inor estuasunetik atera ere. 37Ez dute alargunaren errukirik eta ez diote laguntzen umezurtzari. 38Urrez eta zilarrez estaliriko egur-puska horiek menditik ateratako harrien antzeko dira; horien gurtzaileak lotsaturik gertatuko dira. 39Nola pentsa edo esan jainko direla?

40«Are gehiago, babiloniarrek berek ere desohoratu egiten dituzte. Muturen bat ikustean, beren jainko Bel-engana eramaten dute eta mintzoa emateko eskatzen, jainko hori ulertzeko gauza izango balitz bezala. 41Baina ezer ez dutela egiten oharturik ere, ezin dituzte utzi horrelako jainkoak; ez dute horretarako bururik. 42Emakumeak, gerrian soka jantzirik, bide-bazterretan esertzen dira zahia errez. 43Bertatik igarotzean, norbaitek emakume bat hartu eta berarekin etzaten bada, delako emakume horrek aldamenekoari iseka egiten dio, bera bezala aukeratu ez dutelako eta gerriko soka eten ez diotelako. 44Jainko horiekin zerikusia duen guztia gezur hutsa da. Nola, bada, pentsa edo esan jainko direla?

45«Idoloak artisauek eta zilarginek landuak dira; ez dira, beraz, beraien egileek izatea nahi dutena besterik. 46Egileak berak ere luzaro bizi ez badira, 47beraiek egindakoak nola izan jainko? Gezurra eta iraina uzten dizkiete ondorengoei. 48Gerra edo beste zoritxarren bat sortzean, apaizek elkarrekin erabakitzen dute beren idoloekin non ezkutatu. 49Nola ez konturatu ez direla jainko, beren burua gerratik eta zoritxarretik libratzeko gauza ez badira? 50Urrez eta zilarrez estaliriko egur-puska baizik ez dira. Egunen batean jakingo da gezur huts direla. Garbi geldituko da herri eta errege guztientzat ez direla jainko, gizakien eskulan baizik. 51Nork ez ikusi, bada, ez direla jainko?

52«Ezin diote erregerik sortu inongo herriri, ez eta euririk eman ere gizakiei; 53ezin dituzte giza arazoak erabaki, ez eta bidegabekeria jasan duenari justizia egin ere, ahalgabeak baitira; airean jira-biraka dabiltzan belatxingak bezala dira. 54Urrez eta zilarrez estaliriko zurezko jainko horien jauretxeak su hartzen badu, apaizek ihesari emango diote salbatzeko; idoloak, berriz, habeak bezala erre egingo bertan. 55Ezin diote aurre egin, ez erregeari, ez etsaiei. 56Nola, bada, onartu edo sinetsi jainko direla?

«Urrez eta zilarrez estaliriko zurezko idoloak ezin dira lapur eta gaiztaginengandik libratu. 57Berak baino indartsuagoak dira lapurrak: urrea, zilarra eta jantziak harrapaturik, alde egiten dute, eta idoloek ezin ezer egin beren buruak babesteko. 58Gezurrezko jainko horiek baino hobea da bere adorea erakusten duen erregea edo jabeari lagungarri zaion etxeko tresna erabilgarri bat; hobe gezurrezko jainkoak baino etxe barruko guztia babesten duen atea edo jauregiko zurezko habea.

59«Eguzki, ilargi eta izarrek distira egiten dute eta esaneko dira eman zaien eginkizuna betetzen. 60Oinaztargia, argi egitean, nabarmen ikusten da; haizeak inguru guztian jotzen du; 61Jainkoak agintzean, hodeiek lur osoa estaltzen dute eta agindutakoa betetzen. 62Berdin tximistak ere: mendiak eta basoak kiskaltzera goitik bidalia denean, bete egiten du agindutakoa. Idoloak, berriz, ez dira horien guztien pareko, ez itxuraz, ez indarrez. 63Beraz, ezin pentsa edo esan jainko direla, gizakiei justizia edo ona egiteko ez baitira gauza.

64«Beraz, jainko ez direla jakinik, ez izan horien beldur!

65«Ezin dute idoloek erregerik bedeinkatu, ez madarikatu. 66Ezin diete herriei zeruan ezaugarririk erakutsi, ez eguzkiak bezala distiratu, ez eta ilargiak bezala gaua argitu ere. 67Piztiek beraiek ere idoloek baino gehiago balio dute: badakite behintzat, gordelekura ihes eginez, beren buruak babesten.

68«Ez dago, beraz, ezer jainko direla frogatzen duenik; ez izan, bada, horien beldur!

69«Urrez eta zilarrez estaliriko zurezko idoloak meloi-soroko txorimaloak bezala dira: ez dira ezer zaintzeko gauza. 70Txorien kokaleku den baratzeko elorria bezala dira edota ilunpera jaurtikitako gorpuak bezala. 71Haien jantzietako purpura eta lihoa hondatzen ikustean, jakingo duzue ez direla egiazko jainko. Beraiek ere, azkenean, sitsak jango ditu eta herrialde guztiarentzat lotsagarri izango.

72«Beraz, hobe da idolorik ez duen gizon zintzoa: ez da inoiz lotsagarri gertatuko».