Edukira joan

Biblia/Jonas

Wikitekatik
Biblia
Jonas
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

1. atala

[aldatu]

1 Honela hitz egin zion Jaunak Jonasi, Amitairen semeari: 2 «Ea, zoaz Ninivera, hiri handi horretara, eta hots egin nire mezua berorren aurka, bururaino egina bainauka bere gaiztakeriaz».

3 Abiatu zen, bai, Jonas, baina Tarsisera ihes egiteko asmotan, Jaunarengandik urrun. Jafara jaitsi eta Tarsisera zihoan ontzi bat aurkitu zuen; bidesaria ordaindurik, ontziratu egin zen, ontzikoekin batera Tarsisera joateko, Jaunarengandik urrun.

4 Baina Jaunak haize erauntsia aterarazi zuen eta itsasoa biziki haserretu zen, ontzia lehertzeko zorian jarriz. 5 Marinelak erabat beldurtu eta nor bere jainkoari oihuka hasi ziren. Ontziaren zama arintzeko, hornigaiak itsasora jaurtiki zituzten.

Bitartean, Jonas ontzi barrenera jaitsia zen eta etzanik lozorroan zegoen. 6 Kapitainak hurbildu eta esan zion: «Zer egiten duzu hor lotan? Altxa eta egiozu otoitz zeure jainkoari, ea gutaz arduratzen den eta ez garen galtzen».

7 Marinelek honela ziotsaten elkarri: «Zotz egin dezagun, zoritxar honen erruduna nor den jakiteko».

Zozketa eginik, Jonasi atera zitzaion. 8 Honela galdetu zioten, beraz:


-Esaguzu: zergatik datorkigu zoritxar hau? Zer egiten duzu hemen eta nondik zatoz? Nongoa zara? Zein herritakoa?

9 Jonasek erantzun zien:


-Hebertarra naiz eta Jauna gurtzen dut, zeruko Jainkoa, itsasoa eta lehorra egin zituena.

10 Eta gertatuaren berri eman zien. Jaunarengandik ihesi zebilela jakitean, beldur-ikarak hartu zituen.


-Zergatik egin duzu hori?
-galdetu zioten
-. 11 Zer egin behar dizugu, itsasoa baretzeko?

Izan ere, itsasoa gero eta haserreago baitzegoen.

12 Jonasek erantzun zien:


-Hartu eta bota nazazue uretara eta baretuko da itsasoa. Jakin badakit-eta ekaitza nire erruz gertatu zaizuela.

13 Hala ere, lehorrera nahian ziharduten arraunean marinelek; baina alferrik, itsasoa haserreagotuz baitzihoan.

14 Orduan, Jaunari erreguka hasi zitzaizkion: «Ai ene, Jauna! Ez gaitezela gizon honengatik gal, ez dezagula ere errugabe bat hil. Jauna, zeuk hala nahita egin duzu hau guztia».

15 Hartu eta itsasora bota zuten Jonas, eta une berean baretu zen itsasoa.

16 Gizon haiek beldur handia hartu zioten Jaunari, eta sakrifizio bat eskaini eta promesak egin zizkioten.

Jonasek arrain-sabeletik otoitz


2. atala

[aldatu]

1 Jaunak arrain handi bat bidali zuen Jonas irensteko. Eta hiru egun eta hiru gau igaro zituen Jonasek arrainaren sabelean.

2 Arrainaren sabeletik otoitz egin zion Jaunari, bere Jainkoari:

3 «Larri nengoela, Jaunari oihu egin nion, eta erantzun zidan; Hilen Egoitzatik laguntza eskatu, eta entzun zidan. 4 Itsas sakonera bota ninduzun, hondo-hondoraino: zurrunbiloak inguratu ninduen, zure uholde eta uhinek azpian hartu. 5 Hau nioen: Begien aurretik urrun bota nauzu. Ai zure tenplu santua berriz ikusterik banu! 6 Ura leporaino heldu zitzaidan, itsas leizeak inguratu ninduen, itsas belarrak buruan bildu zitzaizkidan. 7 Mendi-erroetaraino jaitsi nintzen, lur azpiraino. Itxiak nituen bertako ateak gainean betiko. Baina zuk, Jauna, ene Jainkoa, bizirik atera ninduzun leizetik. 8 Hilzorian nengoela, zu ekarri zintudan, Jauna, gogora, eta nire otoitza zureganaino iritsi zen, zure tenplu santuraino. 9 Sasijainkoen gurtzaileek jainkozaletasuna bertan behera uzten dute. 10 Baina nik, esker ona kantatuz, sakrifizioa eskainiko dizut, promesak beteko. Jauna da salbatzailea!»


11 Orduan, Jonas lehorrera botatzeko agindu zion Jaunak arrainari.

Jonasek Niniven mezua aldarrikatu. Ninivearren konbertsioa


3. atala

[aldatu]

1 Honela hitz egin zion berriro Jaunak Jonasi: 2 «Ea, zoaz Ninivera, hiri handi horretara, eta aldarrikatu bertan eman dizudan mezua».

3 Ninivera joan zen Jonas, Jaunak agindu bezala. Ninive hiria izugarri handia zen; hiru egun behar ziren alde batetik bestera zeharkatzeko. 4 Sartu zen Jonas hirian barrena eta egun osoan ibili zen mezu hau aldarrikatuz: «Berrogei egun barru erraustua izango da Ninive».

5 Ninivearrek sinetsi egin zioten Jainkoari. Hala, baraualdi bat egitea erabaki zuten eta dolu-jantziz estali ziren, zahar eta gazte.

6 Niniveko erregea, gertatzen zenaren berri jakin zuenean, tronutik jaiki, errege-jantziak kendu eta, dolu-jantziz estalirik, errautsetan eseri zen. 7 Gero, hau aldarrikarazi zuen hirian: «Erregearen eta beronen gobernarien aginduz, gizaki eta abere, behi eta ardi, inork ez beza ezertxo ere dasta, ez bitez larra, ez bezate edan; 8 gizaki eta abere, estal bitez dolu-jantziz; egin biezaiote dei Jainkoari gartsuki; utz bitzate denek beren jokabide gaiztoak, bortxakeriazko beren egintzak. 9 Agian, Jainkoak ere atzera egingo du eta damutuko egin da, agian itzaliko da haren sumina, eta ez gara galduko».

10 Ikusi zuen Jainkoak beren jokabide gaiztoetatik atzera egin zutena, eta damutu egin zen haiei egindako mehatxuaz eta ez zuen bete.

Jonasek Jaunaren errukiaren berri ikasi


4. atala

[aldatu]

1 Jonasek oso gaizki hartu zuen Jaunaren erabakia eta sumindu egin zen. 2 Eta honela egin zion otoitz Jaunari: «Ai ene, Jauna! Neure herrian nengoenean, iruditu zitzaidan, bai, horrela gertatuko zela! Horregatik, hain zuzen, nahi izan nuen Tarsisera ihes egin. Banekien nik Jainko bihozbera eta errukiorra zarena, haserregaitza eta onginahiz betea, bere mehatxuez damutzen dena. 3 Beraz, Jauna, kendu niri bizia! Hobe dut hil, bizi baino!

4 «Ba al duzu zertan horrela sumindurik?», galdetu zion Jaunak.

5 Hiritik irten eta Niniveren ekialdean gelditu zen Jonas. Han etxola bat eraiki eta itzalean eseri zen, hiriari zer gertatuko begira.

6 Orduan, Jainko Jaunak landare bat hazarazi zuen, Jonas baino handiagoa, buruan itzala eman ziezaion eta bere sukarretik libra zezan. Jonas biziro poztu zen landarearekin.

7 Baina biharamun egunsentian har bat bidali zuen Jainkoak; harrak jo eta landarea ihartu egin zen. 8 Eguzkia atera zenean, Jaunak hegohaize sargoritsua bidali zuen; eguzkiak Jonas buruan jo zuen, ia kordegabe uzteraino. Eta heriotza opa izan zuen: «Hobe dut hil, bizi baino!»

9 Orduan, Jainkoak esan zion:


-Ba al duzu zertan horrela sumindurik, landarea dela eta?


-Bai horixe, badut zertan sumindurik, heriotza opa izateraino sumindu ere
-erantzun zion Jonasek.

10 Jaunak, orduan:


-Landare honek ez dizu lanik eman, ez da zuk zaindurik hazi. Egun batetik bestera sortu eta ihartu da. Hala ere, zuk erruki diozu. 11 Eta nik ez ote diot erruki izango Ninive hiri handi horri, bertan ongia eta gaizkia bereizten ez dakiten ehun eta hogei mila gizakitik gora eta ezin konta ahala abere bizi delarik?