←Rut | Biblia Kantarik Ederrena |
Kohelet→ |
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea |
1. atala
[aldatu]1 Salomonen kantarik ederrena
Maitasuna ospatuz
Emakumeak
2 Eman biezat musu, bere ezpainez musu! Zure maite-laztanak ardoa baino gozoago, 3 zure ukenduen usaina lurrin guztiak baino gozoago! Zu zeu zara ukendu lurrintsu! Horregatik zaizkizu neskatxak maitemindu!
4 Har nazazu zeurekin, goazen bizkor;
eraman nazazu zeure logelara, ene errege.
Goza gaitezen, poztu zuregatik:
zure maite-laztanak ardoa baino gozoago!
Arrazoiz zaizkizu neskatxak maitemindu!
Mahastizaina eta artzaina
Emakumeak
5 Beltzarana naiz, baina ederra, oi Jerusalemgo neskatxok; beduinoen oihal-etxolak bezain beltzaran, Salomonen jauregiko kortinak bezain eder. 6 Ez begira nire azal ilunari, eguzkiak bainau kiskali: neure anaiek, nirekin haserre, mahastiak zaintzen jarri naute. Eta neure mahastia utzi dut zaindu gabe!
7 Esadazu, ene bihotzeko kuttuna,
non duzun larratzen artaldea,
non abaroan uzten eguerdian.
Ez nadin isil-gorderik ibil,
zure lagunen artaldeen atzetik.
Gizasemeak
8 Ez badakizu, oi emakumerik ederren,
zoaz ardien oinatzen ondoren
eta larratu zeure antxumeak
artzainen txabola ondoan.
Nire nardoari usain-gozo dario
Gizasemeak
9 Ene laztana,
errege-karroza daraman behorra dirudizu.
10 Zeinen politak zure bi masailak,
belarritako horiekin!
Zeinen polita zure lepoa,
urrezko kate horiekin!
11 Urrezko belarritakoak egingo dizkizugu,
zilarrez tarteka apainduak.
Emakumeak
12 Ene erregea etzanik dagoela,
nire nardoari usain-gozo dario.
13 Ene maitea niretzat mirra-zorrotxoa:
nire bularren artean ematen du gaua.
14 Ene maitea niretzat xuandor-loresorta,
En-Gediko mahastietan hazia.
Gizasemeak
15 Bai ederra zarela, ene laztana, bai ederra!
Zure begiak uso bi!
Emakumeak
16 Zu bai ederra, ene maitea, bai zoragarria!
Belardia da gure ohe,
17 zedroak gure etxe-habe,
nekostak etxe gain.
Maitasuna ezaugarri
Emakumeak
2. atala
[aldatu]1 Xaron zelaiko lore naiz ni,
ibarretako lili.
Gizasemeak
2 Nola lilia arantza artean,
hala ene laztana neskatxen artean.
Emakumeak
3 Nola sagarrondoa basazuhaitz artean, hala ene maitea mutilen artean. Zein atsegin haren itzalean esertzea, zein gozo haren fruituak jatea! 4 Bere jangelara nau eraman, eta ezaugarri hau jarri dit gainean: «Maitasuna».
5 --Susper nazazue mahats-opilez, indartu sagarrez, gaixo bainago maitasunez.
6 Ezker besoaz dit lepotik heltzen
eta eskuinekoaz nau besarkatzen.
Gizasemeak
7 Jerusalemgo neskatxok,
basoetako orein eta gazelen izenean, otoi,
ez iratzarri ene maitea,
utzi lo egiten,
nahi duen arte.
Udaberria
Emakumeak
8 Ene maitearen ahotsa!
Horra, hor dator bera,
mendiz mendi saltari,
muinoz muino jauzika;
9 ene maitea gazela bezalako,
oreinkumearen antzeko.
Gure hormaren atzean gelditu da,
leihoetatik zelatan,
leiho-sareetatik kirika.
10 Honela mintzo zait maitea:
Gizasemeak
Jaiki zaitez, ene ederra, ene laztana,
zatoz nirekin.
11 Horra! Joan da negua,
atertu du euria.
12 Erne dira zelaietan loreak,
heldu da kanturako garaia,
entzun daiteke gure zelaietan usapalen urruma.
13 Hasia da muskiltzen pikuondoa,
usaina zabaltzen mahats-kimuak.
Jaiki zaitez, ene ederra, ene laztana,
zatoz nirekin.
14 Ene uso,
gordeleku haitzuloak,
labarreko zirrikituak dituzun hori,
ikus dezadala zure irudia,
entzun dezadala zure ahotsa!
Gozoa baita zure ahotsa,
ederra zure irudia!
Azeriak
Biek
15 Harrapa azeriak,
azeri txikitxoak,
gure mahasti kimuberrituak
hondaturik uzten dizkigutenak.
Emakumeak
16 Nirea da maitea eta ni harena, lilizainarena.
17 Arrats beherean,
haizeak jo eta itzalak ihes egitean,
itzul zaitez, ene maitea,
gazela edo oreinkumea bezala,
mendi eta sakanetan barrena.
Bilatu eta aurkitu
Emakumeak
3. atala
[aldatu]1 Gauez, ohean, neure bihotzeko kuttunaren bila nenbilen. Bila ibili, bai, baina aurkitu, ez. 2 Jaiki eta hirian zehar abiatu nintzen, kale eta plazetan zehar, neure bihotzeko kuttunaren bila. Bila ibili, bai, baina aurkitu, ez. 3 Hirian zehar dabiltzan zaindariek aurkitu ninduten. --Ikusi al duzue nire bihotzeko kuttuna?-- galdetu nien.
4 Haiengandik aldendu nintzeneko,
aurkitu nuen neure bihotzeko kuttuna.
Gogor heldu nion,
ez diot berriz jaregingo,
neure amaren etxean sartu arte,
sortu ninduenaren logelan sartu arte.
Gizasemeak
5 Jerusalemgo neskatxok,
basoetako orein eta gazelen izenean, otoi,
ez iratzarri ene maitea,
utzi lo egiten,
nahi duen arte.
Eztei-segizioa
Koruak
6 --Zer da basamortuan gora datorren hori?
Intsentsu, mirra eta beste hainbat usaingarrizko
ke-zutabea dirudi.
Ahots batek
7 --Horra Salomonen eskuaulkia
Hirurogei gudari ditu inguruan,
Israelgo ausartenak.
8 Ezpata erabiltzen ikasiak denak,
guduan trebatuak.
Aldean daramate ezpata
gaueko erasoen beldur.
Koruak
9 --Salomon erregeak
Libanoko egurrez egin zuen eskuaulkia.
10 Zutabeak zilarrezkoak ditu,
bizkarraldea urrezkoa,
eserlekua purpurazkoa;
barrualdea, dena,
Jerusalemgo neskatxek maitekiro apaindua.
Ahotsak
11 --Siongo alabok,
atera zaitezte Salomon erregea ikustera.
Koroa eta guzti dator,
eztei-egunean,
bihotza beteko poza zuen egun hartan,
amak ezarri zion koroaz.
Honelakoa da ene laztana
Gizasemeak
4. atala
[aldatu]1 Bai ederra zu, ene laztana, bai ederra!
Zure begiak uso bi,
musu-estalkipean.
Zure adats-kizkurrak ahuntz-taldea dirudi,
Galaad mendian behera bilin-balan.
2 Zure hortzak
ardi moztu eta garbitu berriak.
Denak dituzu biritxiak,
bat bera ere ez lagunik gabea.
3 Zure ezpainak, zinta gorrimin,
mintzaira gozokoak.
Zure masailak
granada ebaki baten bi erdiak,
musu-estalkipean.
4 Zure lepoa
harlanduz eraikitako Daviden dorrea.
Milaka babeski daude han zintzilik,
gizon ospetsuen babeskiak.
5 Zure bi bularrak
bi gazelakume biritxi,
lili artean bazkatzen.
6 Arrats beherean, haizeak jo eta itzala ihesi joatean, banoa neure mirra-mendira, neure intsentsu-muinora.
7 Guztiz ederra zara, ene laztana,
ederra eta akatsik gabea!
Zatoz!
Gizasemeak
8 Zatoz Libanotik, ene emaztegaia, zatoz! Jaitsi zaitez Libanotik, jaitsi Amanako gailurretik, Senir eta Hermon tontorretatik. Utzi lehoien eta panteren mendizuloak.
9 Maitemindua nauzu,
ene arreba, ene emaztegaia!
Maitemindua nauzu zeure begirada bakar batez,
bihotz-lotua zeure lepoko kate-bira batez.
10 Zeinen ederrak zure maite-laztanak,
ene arreba, ene emaztegaia!
Ardoa baino gozoago dira!
Zure ukenduen usaina lurrin guztiak baino gozoago!
11 Zure ezpainei eztia darie, ene emaztegaia;
zure mihipean, eztia eta esnea.
Zure jantzien lurrina
Libanoko basoen lurrina da.
Baratzea
Gizasemeak
12 Baratze itxia zara, ene arreba, ene emaztegaia! Baratze itxia eta iturri zigilatua! 13 Paradisu jori zara zu, granadondoak dituzu ematen, emaitzarik zoragarrienak sortzen: 14 nardoa, ipurua eta azafrana, kanela eta ereinotza; intsentsu, mirra, aloe, mota guztietako lurrin bereziak.
15 Zu nire baratzeko iturri,
urbizien iturri,
Libano menditik datorren urjario!
Emakumeak
16 Iratzar, ipar-haize! Hator, hegohaize!
Zabaldu airean nire baratzeko lurrinak.
Eta zu, ene maitea, sar zeure baratzean,
jan bertako fruitu zoragarriak.
Gizakumeak
5. atala
[aldatu]1 Banator neure baratzera,
ene arreba, ene emaztegaia,
neure mirra eta lurrinak biltzera,
neure abaraskako eztia jatera,
neure ardo eta esnea edatera.
Koruak
Maiteok, jan eta edan,
mozkor zaitezte maite-laztanez.
Hurbil eta urruti
Emakumeak
2 Lotan nengoen, baina bihotza erne. Horra ene maitea atean deika: --Ireki, ene arreba, ene laztana, ene uso zuriño horrek! Burua ihintzez betea daramat, ile-kizkurrak gaueko tantaz bustiak.
3 Erantzia dut soinekoa; nolatan jantzi berriro? Garbituak ditut oinak; nolatan zikindu berriro?
4 Ate-krisketan jarri du eskua ene maiteak:
dardar degit barruak.
5 Jaiki naiz ene maiteari irekitzera:
mirra-ukendua darie nire eskuei,
hatzetan behera, ate-sarraileraino.
6 Ireki diot,
eta joana zen nire maitea.
Arnasa ihesi doakit, konturatzean.
Atera naiz bila, baina aurkitu ez;
deika ari natzaio, baina erantzunik ez.
7 Hirian zehar dabiltzan zaindariek aurkitu naute,
kolpatu eta zauriz bete;
harresietakoek mantua kendu didate.
8 Jerusalemgo neskatxok, otoi;
ene maitea aurkitzen baduzue...,
zer esango diozue?
Esan, gaixo nagoela maitasunez.
Honelakoa da ene maitea
Neskatxek
9 Zer du, bada, zure maiteak
bestek ez duenik, oi emakumerik ederren?
Zer, guri horrela otoizka jarduteko?
Emakumeak
10 Nire maitea gorrimin bizia da,
hamar milaren artean nabarmena.
11 Haren burua urrea, urrerik garbiena;
haren ile-kizkurrak palmondoaren luku,
beleak baino beltzago.
12 Haren begiak uso bi ur ondoan,
esnetan bustiak,
uraxka-ertzean egonean.
13 Haren masailak
lurrinkaiz landaturiko alor.
Haren ezpainak, mirra darien lili.
14 Haren eskuak urretan biribilduak,
topazioz tarteka apainduak.
Haren bularra
marfilez landua, zafiroz estalia.
15 Haren zangoak marmolezko zutabe,
urre gorrizko oin gainean jasoak.
Libano mendia bezain eder,
zedroak bezain lerden.
16 Haren ahoa, gozo-gozo.
Dena da xarmangarria!
Honelakoa da ene maitea, honelakoa ene laztana,
Jerusalemgo neskatxok!
Neskatxek
6. atala
[aldatu]1 Oi emakumerik ederren,
nora joan zaizu maitea?
Norantz abiatu da?
Zurekin nahi dugu bila joan.
Nirea da maitea
Emakumeak
2 Ene maitea bere baratzera jaitsi da,
lurrinkai-alorretara,
baratzea zaintzera, liliak biltzera.
3 Nirea da maitea
eta ni harena,
lilizainarena.
Bat bakarra ene laztana
Gizakumeak
4 Bai ederra zu, ene laztana, Tirtza hiria bezain ederra, Jerusalem bezain zoragarria, izartegia bezain izugarria! 5 Ken niregandik begi horiek, zoratu egiten naute. Zure adats-kizkurrak ahuntz-taldea dirudi, Galaad mendian behera bilin-balan. 6 Zure hortzak ardi moztu eta garbitu berriak. Denak dituzu biritxiak, bat bera ere ez lagunik gabea. 7 Zure masailak granada ebaki baten bi erdiak, musu-estalkipean.
8 Izan ditzala erregeak hirurogei emazte,
laurogei ohaide,
nahi beste neska gazte.
9 Bat bakarra da nire usoa,
bakarra eta akatsik gabea,
amaren kuttuna.
Zoriontsu diotse neskatxek ikustean,
erreginek eta ohaideek honela goraipatzen:
10--123 or da emazteki hori?
Nor egunsentia bezala sortzen den hori,
ilargia bezain eder, eguzkia bezain argi,
izartegia bezain izugarri?
Antzaldaketa
Emakumeak
11 Neure intxaurdira jaitsi naiz, ibarretako landaretza ikustera, mahastiak kimuberritzen, granadondoak loratzen ikustera.
12 Baina ni ez naiz jadanik lehengoa,
ohorezko tokian jarri nauzu eta.
Dantza
Koruak
7. atala
[aldatu]1 --Itzul zaitez, itzuli, Xulamita;
itzul zaitez, itzuli, ikus zaitzagun.
Gizakumeak
--Zer nahi diozue ikusi Xulamitari?
Koruak
--Bi gudu-taldeen dantza.
Gizakumeak
2 --Bai politak zure oinak abarka horiekin,
errege-alaba!
Zure izterretako bihurguneak,
zilarginaren egiazko artelan.
3 Erdian, kopa biribila duzu:
eduki dezala beti ardo goxoa!
Zure sabela
liliz inguraturiko gari-piloa.
4 Zure bi bularrak
bi gazelakume biritxi.
5 Zure lepoa
marfilezko dorrea.
Zure begiak Hexbongo bi uraxka,
hiri jendetsu horren sarreran.
Zure sudur-hegia
Damaskora begira dagoen
Libanoko dorre.
6 Zure burua tente Karmel mendia bezala.
Zure adatsaren distira purpurarena;
errege bat dago preso zure ile-mototsetan.
Elkarren irrikaz
Gizakumeak
7 Zu bai eder, bai atsegin,
ene bihotzekoa, emazteki zoragarria!
8 Zure taxua palmondoarena,
eta bularrak palmondo-lukuak.
9 Hau nioen neurekiko:
«Palmondora igoko naiz
haren fruituak hartzera».
Mahats-lukuen gozoa dute niretzat zure bularrek,
sagar-usain eztia zure arnasak.
10 Zure ahoaren jarioa ardorik bikainena...
Emakumeak
... bai, ardo bikaina nire maitearentzat;
lotan daudenen ezpainak eztiki bustitzen ditu.
11 Ni neure maitearena naiz, eta nire irrikaz dago bera.
12 Zatoz, ene maitea, goazen landara,
ipuruen babesean emango dugu gaua.
13 Goizean goiz, mahastietara joango gara,
ernamuinak irekitzen hasiak diren,
granadondoak loretan dauden ikustera.
Hantxe emango dizut neure maite-laztana.
14 Maitasun-sagarrei usain eztia darie,
milaka fruitu gozo dago gure atean zain,
fruitu zahar eta berri.
Zuretzat nituen gordeak,
ene maitea!
Besarkada
Emakumeak
8. atala
[aldatu]1 Oi nire anaia bazina, nire amaren bularrean hazia! Musu emango nizuke kalean aurkitzean, inoren iseka-beldurrik gabe. 2 Neure amaren etxera eramango zintuzket, eta han neure irakasle izango. Ardo lurrintsua emango nizuke edaten, nire granaden edari bizia.
3 Ezker besoaz dit lepotik heltzen,
eta eskuinekoaz nau besarkatzen.
Gizakumeak
4 Jerusalemgo neskatxok, otoi,
ez iratzarri ene maitea,
utzi lo egiten,
nahi duen arte.
Maitasuna eta Herio
Koruak
5 Nor da, bere maitearen besotik,
basamortuan gora datorren hori?
Gizakumeak
Sagarrondopean iratzarri zaitut:
han egon zen erdiminez zure ama,
han oinazez zutaz erdi zena.
Emakumeak
6 Ezar nazazu bihotzean zigilu bezala,
besoan zigilu bezala.
Herio bezain gogorra maitasuna,
Hilen Egoitza bezain iraunkorra maite-grina.
Su eta gar da maitasuna,
Jaunarengandiko sugar.
7 Uholdeak maitasuna ezin itzali,
ez eta ibaiek ere ito.
Norbaitek maitasuna erosi nahi balu,
bere ondasun guztiak emanik ere,
mesprezioa baizik ez luke aterako.
Zorion-eskaintza
Anaiek
8 Arreba txiki bat dugu,
ez zaizkio oraindik bularrak hazi.
Zer egin gure arrebatxoarekin
haren esku eske etorriko direnean?
9 Harresia balitz,
zilarrezko almenak jarriko genizkioke.
Atea balitz,
zedro-oholez gogortuko genuke.
Emakumeak
10 Harresia naiz ni,
dorreak nire bularrak.
Horregatik,
zorion betea damaiot neure maiteari.
Neure mahastia
Gizakumeak
11 Mahasti bat zuen Salomonek Baal-Hamonen;
mahastizain batzuei utzi zien:
zilarrezko mila txanpon dakarzkio bakoitzak
fruituen ordain.
12 Zuretzat mila txanponak, Salomon,
haietarik berrehun mahastizainentzat.
Neure mahastia neuretzat dut.
Agurra
Gizakumeak
13 Oi lorategietako erregina, nire lagunak zure mintzoari adi; uztazu zure ahotsa entzuten: 14 «Zoaz ihesi, ene maitea, gazela edo oreinkumea irudi, usain-gozoko mendietan barrena».