Biblia/Rut

Wikitekatik
Biblia
Rut
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

1. atala[aldatu]

1 Epaileen garaian gosetea izan zen Israel herrian. Gauzak honela, han joan zen bizitzera Moab lurraldera, aldi baterako, Judako Belengo gizon bat bere emazte eta bi semeekin. 2 Gizon hari Elimelek zeritzan, emazteari Noemi eta semeei Mahlon eta Kilion. Efratar leinukoak ziren, Judako Belengoak. Moaben bizi zirelarik, 3 hil zitzaion Noemiri Elimelek bere senarra, eta bi semeekin bakarrik gelditu zen. 4 Hauek emakume moabdarrak hartu zituzten emazte: batak Orpa zuen izena eta besteak Rut. Hamarren bat urtez han bizi ondoren, 5 hil ziren Mahlon eta Kilion ere. Noemi, ez senar ez seme, bakarrik gelditu zen.

Noemi Belenera itzuli Rutekin


6 Gerora, Moab lurraldean zegoelarik, entzun zuen Noemik Jauna bere herriari aldeko agertu zitzaiola uzta ugaria emanez. 7 Hala, bere bi errainekin, Moab uzteko prestatu eta Judarantz abiatu ziren. 8 Baina, bidean, honela mintzatu zitzaien Noemi:

-Tira, itzul zaitezte zeuen etxera, nor bere amarenera. On bekizue Jauna, zuek niretzat eta hildakoentzat on izan zareten bezala. 9 Jaunak eman biezazkizue beste senar eta etxe bana.

Orduan, Noemik besarkatu egin zituen bere errainak, agurtzeko. Baina hauek, garrasika, negarrari eman zioten, 10 eta esan:

-Ez! Zurekin joan nahi dugu zure herrira.

11 Noemik erantzun zien:

-Itzul zaitezte, ene kuttunok. Zergatik nahi duzue nirekin etorri? Honezkero izan ote dezaket nik beste semerik zuei senartzat emateko? 12 Itzul zaitezte, enetxook, zaharregia bainaiz ni berriro ezkontzeko; baina oraindik itxaropena izan eta, gaur gauean haurdun gelditurik, semerik izango banu ere, 13 haiek gizondu zain egon behar ote zenukete? Besteren batekin ezkontzeari uko egingo al zeniokete? Ez, ene kuttunok, horrelakorik ez. Aurka jarri zait Jauna, eta zuei gertatuak nahigabeturik nauka.

14 Haiek berriz ere negarrari eman zioten garrasika. Orduan, Orpak bere amaginarreba besarkatu zuen, eta bere herrira itzuli zen. Rut, ordea, amaginarrebarekin gelditu zen. 15 Noemik esan zion, orduan:

-Hara, Rut, zure koinata bere herrira eta bere jainkoengana itzuli da. Zoaz zu ere harekin.

16 Baina Rutek erantzun zion:

-Ez eskatu horrelakorik. Utzi zurekin joaten. Zeren zu nora joan, hara joango bainaiz ni ere; zu non jarri bizitzen, hantxe jarriko naiz ni ere; zure herria zein, huraxe izango da nirea ere; zure Jainkoa zein, huraxe nirea ere; 17 zu non hil, hantxe hilko naiz ni ere, eta hantxe ehortziko naute. Betorkit Jaunarengandik zigorrik latzena, heriotzak ez bestek zuregandik aldenduko banindu!

18 Rutek bere erabakia harturik zeukala ikusirik, amore eman zuen Noemik. 19 Eta Belenerantz abiatu ziren. Iristean, herri osoa asaldatu zen eta emakumeek hau zioten:

-Noemi bera ote da hau?

20 Noemik erantzuten zien:

-Ez deitu niri gehiago Noemi -zorioneko-, Mara -zoritxarreko- baizik, Jainko Ahaltsuak zoritxarrez bete bainau. 21 Asebeterik alde egin nuen hemendik; Jaunak, ordea, esku-hutsik itzularazi nau. Zergatik deitzen didazue oraindik ere Noemi, Jaun ahalguztiduna aurka jarri zaidanean eta honelako zoritzarra erakarri didanean?

22 Honela itzuli zen Noemi Moabetik Rut bere errain moabdarrarekin. Garagarra igitaitzen hasteko garaian iritsi ziren Belenera.

Rut Boozen soroetan


2. atala[aldatu]

1 Noemik bazuen bere senar Elimeleken aldetik ahaide bat, aberatsa eta itzal handiko gizona, Booz zeritzana. 2 Rutek esan zion Noemiri:

-Joan al naiteke sorora igitariek uzten dituzten garagarburuak biltzera? Aurkituko ahal dut bere ondoren biltzen utziko didanen bat!

Noemik erantzun:

-Zoaz, alaba.

3 Hala, sorora joan eta igitarien atzetik garagarburuak biltzen hasi zen Rut. Hain zuzen ere, Elimeleken ahaide Boozen sailean suertatu zen.

4 Handik laster, Booz berbera etorri zen Belendik eta esan zien igitariei:

-Jauna zuekin.

Haiek erantzun:

-Jaunak bedeinka zaitzala.

5 Boozek galdegin zion igitari-buruari:

-Nor dugu neska hau?

6 Hark erantzun:

-Noemirekin Moabetik etorritako neska atzerritar hura. 7 Igitarien atzetik garagarburuak biltzeko baimena eskatu dit. Goizetik oraintsu arte aritu da lanean eta utzi berria du, itzalean atseden hartzeko.

8 Orduan, esan zion Boozek Ruti:

-Aizu! Ez zaitez joan soro honetatik beste inora garagarburuak biltzera. Jarrai hemen lanean nire morroiekin. 9 Begira zein sailetara doazen biltzera eta joan beraien atzetik. Nire morroiei zuri bakean uzteko eskatu diet. Egarri zarenean, edan haiek betetako ur-ontzietatik.

10 Rutek, lurreraino ahozpezturik, esan zion Boozi:

-Zer dela-eta arduratzen zara nitaz, eta hartzen duzu hain bihotz onez atzerritar hau?

11 Boozek erantzun:

-Senarra hil zitzaizunez gero, amaginarrebarekin nola jokatu duzun kontatu didate: nola zeure aitamak eta sorterria utzi eta aurrez ezagutzen ez zenuen herri batera etorri zaren. 12 Jaunak ordain diezazula egin duzun guztia eta eman diezazula saria luzaroan Israelgo Jainko Jaunak, honen babesera etorri baitzara.

13 Rutek ihardetsi zion:

-Bai ona zarela nirekin, jauna! Zure mirabeetako edozein baino gutxiago nauzun honi bihotzera mintzatu zatzaizkio.

14 Bazkal orduan Boozek esan zion Ruti: «Zatoz, hartzazu ogi-puska bat, busti saltsatan eta jan».

Eseri zen, bada, Rut igitarien ondoan eta Boozek xigortutako ale eskutada bat eskaini zion. Hark asetzeraino jan zuen eta, halere, sobera geratu zitzaion. 15 Gero, garagarburuak biltzera joan zenean, Boozek agindu hau eman zien morroiei: «Utz iezaiozue garagar-sortetatik ere biltzen, eragozpenik gabe. 16 Are gehiago, sortetatik garagarburuak aterako dituzue eta apropos erortzen utziko, berak jaso ditzan. Ez egin errietarik».

17 Arratserarte garagarburu biltzen aritu zen soroan, eta garagarra jo ondoren, hogeita hamar bat kilo atera zituen. 18 Gainean harturik, herrira itzuli eta amaginarrebari erakutsi zion bildutako guztia. Bazkaritik geratua ere eman zion. 19 Noemik galdegin zion:

-Non aritu zara gaur garagar biltzen? Noren soroan egin duzu lan? Jaunak bedeinka beza zutaz arduratu den hori.

Rutek, orduan, Booz izeneko baten soroan lan egin zuela kontatu zion Noemiri.

20 Honek esan zion:

-Jaunak bedeinka dezala gizon hori, Jaunak bere onginahia agertzen baitie biziei nahiz hilei. Booz -erantsi zuen- hurbileko ahaide dugu, legez gu zaintzeko ardura dutenetarikoa.

21 Rutek, orduan:

-Zera esan dit gainera: bere igitariekin garagarburuak biltzeko, uzta osoa amaitu arte.

22 Noemik esan zion Ruti:

-Bai, alaba, askoz hobe duzu Boozen soroan beraren morroiekin lan egin, beste inoren sorotan gogaitaraz ez zaitzaten.

23 Beraz, Boozen morroiekin lan eginez eta garagarburuak bilduz aritu zen Rut, garagar eta gariaren uzta-biltzea bukatu arte. Eta amaginarrebarekin jarraitu zuen bizitzen.

Rutek senarra aurkitu


3. atala[aldatu]

1 Egun batez esan zion Noemik Ruti:

-Ez ote dizut egokitu behar bizitzan zorioneko egingo zaituen etxerik? 2 Aizu, bere morroiekin lan egiten utzi dizun gizon hori, Booz delakoa, hurbileko ahaide dugu. Gaur arratsean garagarra garbitzen arituko da. 3 Txukundu, usain-gozatu eta soinekorik ederrenaz jantzi zaitez. Zoaz gero, garagarra garbitzen ari den lekura. Ez bedi, ordea, zutaz ohartu jate-edatea bukatu arte. 4 Jakizu ongi non etzaten den lotarako. Eta lotara doanean, hurbil zakizkio, altxatu haren estalkia eta etzan haren oinetan. Hortik aurrera, berak adieraziko dizu zer egin.

5 Rutek erantzun:

-Zuk esan guztia egingo dut.

6 Larrainera jaitsi zen Rut eta amaginarrebak gomendatua zehatz-mehatz egin zuen. 7 Booz, jan eta edan ondoren, umoretsu jarri zen, eta jarraian garagar-pila baten ondoan etzan zen lotarako. Rut isilka hurbildu, haren estalkia altxatu eta haren oinetan etzan zen. 8 Gauez, hotzak esnatu zen Booz; burua jaso eta horra non ikusten duen emakumea bere oinetan etzanik.

9 -Nor zaitut?- galdegin zion. Emakumeak erantzun:

-Rut nauzu, zeure mirabea. Hurbileko ahaide zaitudanez, legez nitaz arduratu beharra duzu. Har nazazu, arren, emaztetzat. 10 Boozek, orduan:

-Jaunak bedeinka zaitzala. Oraingoan lehen baino leialtasun handiagoa agertu diozu zeure amaginarrebaren familiari. Ez zara mutil gazte, txiro nahiz aberats, baten atzetik joan. 11 Ea, bada, ez izan beldur. Eskatuko didazun guztia eginen dut. Herrian jende guztiak daki emakume jatorra zarena. 12 Egiaz hurbileko ahaide nauzu eta legez zurekiko erantzukizuna dut. Baina bada hemen ni baino hurbilagokoa duzun ahaiderik. 13 Zaude hemen gaur gauean. Bihar goizean ikusiko dugu zurekiko ardura bere gain hartzen duen. Hala eginen balu, bejondeiola! Bestela, zin dagit Jaun biziarengatik, neure gain hartuko dudala zurekiko erantzukizuna. Etzan zaitez eta egizu lo egunsentirarte.

14 Hala, haren oinetan etzan zen egunsentirarte. Baina eguna zabaldu aurretik jaiki zen, inork ez ikusteko. Izan ere, Boozek ez zuen nahi, Rut han egona zela inork jakiterik.

15 Honela esan zion Boozek:

-Ekarri zeure soingainekoa eta zabaldu.

Hala egin zuen Rutek, eta Boozek hogeiren bat kilo garagar bota zizkion eta bizkarrean hartzen lagundu. Honela, herrira itzuli zen Rut bere zamarekin.

16 Amaginarrebaren etxera heldu zenean, honek galdegin zion: -Zer berri, alaba?

Boozek beraren alde egindako guztia kontatu zion Rutek. 17 Eta beste hau ere esan zion:

-Gainera, zuregana esku-hutsik ez itzultzeko esanez, garagar hau guztia eman dit.

18 Eta Noemik erantzun:

-Orain, Rut, zaude lasai arazoa zer-nola bukatuko den jakin arte. Boozek ez du etsiko gaur bertan auzia erabaki arte.

Booz Rutekin ezkondu


4. atala[aldatu]

1 Booz herri-sarrerako plazara joan zen eta bertan eseri. Hain zuzen, orduantxe pasatu zen handik Elimeleken ahaiderik hurbilena, Boozek Ruti aipaturikoa. Dei egin zion Boozek:

-Aizu, adiskide, zatoz hona eta eseri!

Joan zen hura eta eseri. 2 Boozek, orduan, herriko hamar nagusi hartu zituen lekuko eta han esertzeko erregutu zien. Eseri zirenean, 3 esan zion Boozek bere ahaideari:

-Noemi Moab lurraldetik etorria da eta gure ahaide Elimelekena zen soroa saldu nahi du. 4 Honen guztiaren berri jakinarazi nahi nizun. Beraz, soroa zeuretzat nahi baduzu, erostazu hemen herriko nagusi eta gainerako guztien aurrean. Nahi ez baduzu, esan, zuk baituzu lehentasuna erosteko, eta ondoren nik.

-Erosiko nuke, bai- esan zuen hark.

5 Boozek, orduan:

-Ongi! Baina Noemiri soroa erosten badiozu, Rut moabdar alarguntsarekin ezkondu ere egin beharko duzu. Honela, berarengandik jaiotako seme-alabek hildakoaren jatorria iraunaraz dezakete eta haren oinordea gorde.

6 Hark erantzun zuen:

-Horrela bada, uko egiten diot soroa erosteko eskubideari. Ez diet neure seme-alabei neure oinordea hondatu nahi. Erostazu zeuk, nik ez dut erosi nahi.

7 Israelen, antzina, jabegoa erosi edota jabego-eskubidea eskuz aldatzen zenean, honela egin ohi zen: saltzaileak oinetako bat erantzi eta erosleari ematen zion. Hala jokatu ohi zuten israeldarrek, auzia erabakia zegoela adierazteko. 8 Beraz, gizon hark, Boozi «Erostazu zeuk» esan zionean, oinetako bat erantzi eta Boozi eman zion.

9 Orduan, Boozek herriko nagusiei eta han zeuden guztiei esan zien:

-Gaur lekuko zaituztet, nola erosten diodan Noemiri Elimelekena eta Kilion eta Mahlonena zen guztia. 10 Halaber, emaztetzat hartzen dut Rut moabdarra, Mahlonen alarguntsa; honela, Mahlonen familian iraungo du jabegoak eta Elimeleken izenak bere senideen artean eta herri honetan jarraituko du. Zuek zarete, gaur, honen guztiaren lekuko.

11 Herriko nagusiek eta han zeuden guztiek esan zuten:

-Bai, lekuko gara. Zure etxera datorren emakume hau egin beza Jaunak Jakobi seme-alaba ugari eman zioten Rakel eta Lea bezalakoa. Izan zaitez aberats Efratan eta ospetsu Belenen! 12 Emakume honengandik Jaunak emango dizkizun seme-alabek egin bezate zure familia, Juda eta Tamarren seme Peretzen familia bezain handi.

Boozen ondorengoak


13 Booz Rutekin ezkondu zen eta Jaunak bedeinkatu egin zuen Rut: haurdun gelditu eta semea izan zuen. 14 Emakumeek honela ziotsoten Noemiri: «Gora Jauna! Berak eman baitizu gaur zainduko zaituen biloba. Izan bedi hau Israel herrian ospetsu. 15 Bizitza suspertuko dizu eta zahartzaroa atseginez beteko, maite zaituen errainak biloba eman baitizu: zazpi seme baino hobea duzu bera». 16 Noemik haurra semetzat hartu zuen eta zaindu. 17 Auzo-lagunek honela zioten: «Semea jaio zaio Noemiri».

Eta Obed deitu zioten. Obed Jeseren aita izan zen; Jese, berriz, Davidena.

18-22 Hona hemen Peretzengandik Davidenganainoko arbaso-zerrenda: Peretzek Hetzron sortu zuen, honek Ram, honek Aminadab, honek Nahxon, honek Salmon, honek Booz, honek Obed, honek Jese eta honek David.