Edukira joan

Biblia/Nehemias

Wikitekatik
Biblia
Nehemias
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

1. atala

[aldatu]

1 Hau da Hakaliasen seme Nehemiasen historia.

Artaxerxesen erregealdiko hogeigarren urtean, Kisleu hilean, Susa hiri-gotorrean nengoela, 2 Hanani, neure anaietako bat, etorri zitzaidan Judatik, gizon-talde batekin. Erbestealditik libre gelditu ziren juduen eta Jerusalem hiriko berriak eskatu nizkien. 3 Eta erantzun zidaten: «Erbestealditik libre gelditu direnak zoritxar handian eta egoera lotsagarrian daude Juda eskualdean; Jerusalemgo harresiak, berriz, zuloz beteak daude, eta hiriko ateak suak kiskaliak».

4 Berri hauek entzutean, jarri eta negarrari eman nion, dolu egin nuen egun batzuetan, baraurik eta zeruko Jainkoaren aurrean otoitzean.

5 Honela egin nuen otoitz: «Jauna, zeruetako Jainkoa, Jainko handi eta ikaragarria, zuk itunari eusten diozu eta leiala zara maite zaituztenekin eta zure aginduak betetzen dituztenekin. 6 Beude zabalik zure begiak eta adi zure belarriak zerbitzari honen otoitzera, gau eta egun ari bainaiz zure zerbitzari israeldarren alde otoitzean. Aitortzen ditut israeldarrok zure aurka egin ditugun bekatuak: bai, ni neu eta nire aitaren senitartea ere bekatari gara. 7 Benetan, oso gaizki jokatu dugu zurekin, ez baititugu bete zure zerbitzari Moisesi eman zenizkion agindu, lege eta erabakiak. 8 Hala ere, gogora ezazu zeure zerbitzari Moisesi esan zeniona: <Nirekin zintzo jokatzen ez baduzue, atzerriko nazioen artean sakabanatuko zaituztet. 9 Baina niregana itzultzen bazarete eta nire aginduak gorde eta betetzen badituzue, zeruko azken muturreraino jaurtikiko bazintuztete ere, bildu egingo zintuzketet eta bizileku eta kultu-lekutzat aukeratu dudan tokira ekarriko>. 10 Zeure zerbitzari eta zeure herri dituzu israeldarrak, zeure ahalmen handiz eta esku bizkorrez askatuak. 11 Jauna, beude adi zure belarriak nire eta zure zerbitzari guztien otoitzera. Leial izan nahi genuke zurekin. Lagundu zure zerbitzari honen asmoak ongi atera daitezen, eta erregeak onginahiz har nazan».

Erregearen edari-emaile nintzen ni orduan.

Nehemiasek Jerusalemera itzultzeko baimena lortu


2. atala

[aldatu]

1 Behinola, Artaxerxesen erregealdiko hogeigarren urtean, Nisan hilean, erregeari ardoa zerbitzatzen ari nintzaiolarik, besteetan ez bezala triste nengoela ohartu zen. 2 Erregeak galdegin zidan:

--Zergatik aurpegi ilun hori? Ez duzu gaixo-itxurarik; zerk nahigabetzen zaitu?

Izugarri beldurtu nintzen, 3 eta erantzun nion:

--Bizi bedi erregea! Nola ez egon nahigabeturik, nire gurasoak hilobiraturik dauden hiria hondatua dagoelarik, eta hango ateak suak kiskaliak?

4 Orduan, erregeak:

--Zer eskatzen didazu, bada?

Zeruetako Jainkoari otoitz egin ondoren, 5 erantzun nion:

--Errege jauna, ongi baderitzozu eta begiko baldin banauzu, bidal nazazu Judara, nire gurasoak hilobiratuak dauden hirira, berriro eraiki dezadan.

6 Erregeak, erregina aldamenean eseria zuelarik, galdetu zidan:

--Zenbat iraungo du zure joan-etorriak? Noiz itzuliko zara?

Ontzat eman zuen erregeak jarri nion epea eta joaten utzi zidan. 7 Gero, esan nion:

--Errege jauna, ongi baderitzozu, eman iezazkidazu agiriak Eufrates ibaiaren mendebaldeko gobernarientzat, Judarainoko bidea libre utz diezadaten, 8 eta beste agiri bat Asafentzat, erregearen basazainarentzat, zura eman diezadan, tenpluaren ondoko gotorlekuko eta hiriko harresietako ateak egin eta neure etxebizitza jasotzeko.

Eskatutako guztia eman zidan erregeak, Jainkoa lagun bainuen. 9 Biderako gudari- eta zaldizko-talde bat ere eman zidan.

Eufrates ibaiaren mendebaldeko gobernariengana iritsi nintzenean, erregearen agiriak aurkeztu nizkien. 10 Baina Sanbalat horondarrak eta Tobias amondar funtzionarioak, zertara nentorren jakitean, oso gaizki hartu zuten israeldarren egoera ontzeko norbait etortzea.

Nehemias hiriko harresiak ikusten


11 Heldu nintzen, bada, Jerusalemera eta hiru egunez atseden hartu nuen. 12 Ez nion inortxori ere adierazi Jainkoaren eraginez Jerusalemen egin nahi nuena. Gauez atera nintzen gizon banaka batzuekin, neu ninderaman astoa beste abererik hartu gabe. 13 Atera nintzen, bada, gauez Haraneko atetik eta Herensugearen iturri aldera eta Zabortegiko ate aldera hartu nuen. Harresien alde hura arakatu nuen: harresiak zulatuak zeuden eta ateak suak kiskaliak. 14 Handik Iturriko ate aldera eta Erregearen urtegirantz jo nuen, baina gainean ninderaman abereak ez zuen handik igarotzeko lekurik. 15 Artean gaua zen; igo nintzen erreka-bidean gora, eta harresiak arakatu nituen. Gero, Haraneko atetik sartuz, hirira itzuli nintzen berriro.

16 Agintariek ez zekiten nondik nora ibili nintzen, ez eta zer egin nuen ere; ez bainien juduei beraiei ere deus agertu. Apaizak, handikiak, agintariak eta lan-arduradun izango zirenak ezjakinean zeuden. 17 Esan nien, bada: «Ikusten duzue nolako atsekabetan gabiltzan: Jerusalem hondatua dago eta bertako ateak kiskaliak. Ea, eraiki ditzagun Jerusalemgo harresiak, atera gaitezen egoera lotsagarri honetatik!»

18 Eta Jainkoak nola lagundu zidan eta erregeak zer esan zidan agertu nien. Orduan, esan zuten: «Goazen, bada, eta eraiki dezagun!»

Eta kementsu prestatu ziren lan eder hori egiteko.

19 Sanbalat horondarrak, Tobias funtzionario amondarrak eta Gexem arabiarrak, gure asmoen berri jakin zutenean, barre egin ziguten eta mesprezioka hasi zitzaizkigun:

--Zertan ari zarete hor? Erregearen aurka altxatu nahi duzue ala?

20 Honela erantzun nien:

--Zeruko Jainkoak berak emanen digu gure egitekoa ongi burutu ahal izatea; guk, haren zerbitzariok, lanari ekingo diogu. Zuek, aldiz, ez duzue ondarerik, ez eskubiderik, ez oroitzapenik izango Jerusalemen.

Jerusalemgo harresiak eraikitzen


3. atala

[aldatu]

1 Eliaxib apaiz nagusiak eta beronen apaizkideak ekin zioten, beraz, lanari, eta Ardien atea egin zuten. Sagaratu ondoren, ate-alderdiak konpondu zituzten. Gero, Ehunen dorreraino konpondu zuten harresia eta, sagaratu ondoren, Hananeelen dorreraino jarraitu zuten. 2 Haien ondoan Jerikoko gizonak ari izan ziren lanean eta hauen aldamenean Imriren seme Zakur. 3 Hasenaaren ondorengoek Arrainen atea berregin zuten; zurezko armazoia egin ondoren, ate-alderdiak, atalagak eta morroiloak ezarri zizkioten. 4 Hauen ondoren Hakotzen iloba eta Uriasen seme zen Meremotek jardun zuen lanean; harantzago, berriz, Mexezabeelen iloba eta Berekiasen seme zen Mexulanek, eta honen aldamenean Baanaren seme Tzadokek. 5 Gero, tekoarrak zetozen; baina hauen arteko handikiek ez zuten lan-arduradunen esanetara jarri nahi izan.

6 Jexanako atea, Paxeahen seme Joiadak eta Besodiasen seme Mexulamek berregin zuten; zurezko armazoia egin ondoren, ate-alderdiak, atalagak eta morroiloak ezarri zituzten. 7 Horien aldamenean Gabaongo Melatiasek eta Meronoteko Jadonek jardun zuten lanean, Gabaongo eta Mitzpako beste gizon batzuekin batera, Eufrates ibaiaren mendebaldeko gobernariaren kontura. 8 Harantzago, Harhaias zilarginaren seme Uziel ari izan zen, eta honen ondoan Hananias lurringilea. Hauek, harresi zabaleraino heldu arte egin zuten lan Jerusalemen. 9 Hurrengo tartean, Hurren seme eta Jerusalemgo barruti erdiaren buru zen Refaiasek jardun zuen. 10 Harantzaxeago, Harumafen seme Jedaiasek bere etxe aurreko zatia konpondu zuen; ondoren, Haxabniasen seme Hatux ari izan zen. 11 Beste zati batean, Labeen dorrerainokoan, Harimen seme Melkiasek eta Pahat-Moaben seme Haxubek egin zuten lan. 12 Hauen ondoan, Halohexen seme eta Jerusalemen beste barruti erdiaren buru zen Xalumek jardun zuen, bere alabek laguntzen ziotela. 13 Hanunek eta Zanoaheko bizilagunek berregin zuten Haraneko atea; eraiki ondoren, ate-alderdiak, atalagak eta morroiloak ezarri zituzten; gainera, bostehunen bat metrotan konpondu zuten harresia Zabortegiko ateraino. 14 Zabortegiko atea Rekaben seme eta Bet-Kerem herrialdeko buru zen Melkiasek eraiki zuen; jaso ondoren, ate-alderdiak, atalagak eta morroiloak ezarri zituen.

15 Iturriko atean, Kol-Hozeren seme eta Mitzpa herrialdeko buru zen Xalumek jardun zuen; jaso eta gaina eman ondoren, ate-alderdiak, atalagak eta morroiloak ezarri zizkion; berak konpondu zuen Erregearen lorategi ondoan dagoen Siloeko uraskaren ondoko harresi-zatia ere, Daviden Hiritik jaisten diren harmailetaraino. 16 Harantzago, Azbuken seme eta Bet-Tzurreko barruti erdiaren buru zen Nehemiasek egin zuen lan, Daviden hilobien aurrean, urmaeleraino eta gudarien kuarteleraino. 17 Hurrengo zatietan lebitarrek jardun zuten: Baniren seme Rehumek eta, ondoren, Keilako herri-barruti erdiaren buru zen Haxabiasek bere barrutiaren izenean; 18 ondoren, Henadaden seme eta Keilako beste herri-barruti erdiaren buru zen Binui aritu zen; 19 Josueren seme eta Mitzpako buru zen Ezerrek harresiaren ertzean dagoen armategiko aldapa-aurrealdea konpondu zuen. 20 Honen aldamenean, Zebairen seme Barukek egin zuen lan, Zokotik Eliaxib apaiz nagusiaren etxeko ateraino. 21 Harantzago, Akotzen iloba eta Uriasen seme zen Meremotek, Eliaxiben etxeko atetik etxe beraren ertzerainoko sailean jardun zuen.

22 Ondorengo sailetan, ingurutik etorritako apaizak ari izan ziren. 23 Benjamin eta Haxubek beren etxe aurreko sailean egin zuten lan, eta Ananiasen iloba eta Maaseiasen seme Azariasek, aldiz, beren etxe ondoan. 24 Henadaden seme Binuik Azariasen etxetik Zokorainoko sailean. 25 Uzairen seme Palalek, berriz, Zokotik errege-jauregiaren gainaldeko dorreraino, kartzelako patiotik hurbil. Gero, Paroxen seme Pedaias 26 eta Ofel auzategian bizi ziren tenpluko laguntzaileak ekialderantz aritu ziren, Ur-atearen eta aipaturiko dorrearen aurrean. 27 Ondorengo sailean Tekoako bizilagunek egin zuten lan, esandako dorre handiaren aurretik Ofelgo harresiraino.

28 Zaldien atetik aurrera apaizek egin zuten lan, nork bere etxe aurrean. 29 Aurrerago Imerren seme Tzadok aritu zen bere etxe aurrean; honen ondoren, Xekaniasen seme eta Ekialdeko ateko zaintzaile zen Xemaias; 30 hurrengo sailean, aldiz, Xelemiasen seme Hananiasek eta Tzalafen seigarren seme Hanunek bere etxebizitzaren aurrean. 31 Urrunago, Malkias zilarginak egin zuen lan, tenpluko laguntzaileen eta merkatarien etxeraino, Zaintze-atearen aurretik Zokoko goiko gelaraino. 32 Hemendik Ardien ateraino zilarginek eta merkatariek jardun zuten.


Etsaiek lanak geldiarazi nahi


33 Harresia berreraikitzen ari ginela jakin zuenean, Sanbalat haserre bizian jarri zen eta erabat sumindu. Iseka egiten zuen juduen lepotik, 34 eta bere lagunen eta Samariako gudarien aurrean honela zioen: «Zertan ari da jende zirtzil hori? Jarraitzen utzi behar al diegu? Gaur bertan bukatu nahi ote dute eta amaierako sakrifizioak eskaini? Zabor-pilatik ateratako harri kiskaliei berriro bizia emango ote diete, bada?» 35 Ondoan zegoen Tobias amondarrak ere honela zioen: «Egin dezatela! Azeri bat bertara igotzea aski izango da harresia lurrera botatzeko!»

36 Orduan, otoitz egin nuen: «Entzun, gure Jainkoa, nola egiten diguten iseka! Eror bedi beraien gainera egiten diguten iraina, gerta bitez lotsagarri erbestean. 37 Ez barkatu berorien gaiztakeria, ez ahaztu berorien bekatua, harresia eraikitzen dutenei irainka ari baitira».

38 Jarraitu genuen, hala ere, harresia eraikitzen, eta harresi osoa erdiraino konponduta gelditu zen. Herriak gogo beroa agertu zuen lanerako.

Nehemiasek lanean ari direnak armatu


4. atala

[aldatu]

1 Baina, Jerusalemgo harresia konpontzeko lanak aurrera zihoazela eta zuloak betetzen ari zirela jakin zutenean, Sanbalat, Tobias, arabiarrak, amondarrak eta Axdod aldeko jendea amorru bizian jarri ziren. 2 Eta denek bat egin zuten Jerusalemi eraso eta bertan nahasketa sortzeko. 3 Guk otoitz egin genion geure Jainkoari eta haien aurka zaintzaileak jarri genituen gau eta egun. 4 Honela kantatzen zuten juduek:

«Zaborrak hain dira ugariak, besoak ditugu eroriak; inoiz ere bukatuko ote geure harresiak?»


5 Etsaiek, aldiz, beren artean zioten: «Ezertaz ohar daitezen baino lehen, haien gainera erori eta hil egingo ditugu. Horrela bukatuko ditugu horien lanak!»

6 Baina haien artean bizi ziren juduak behin eta berriro etorri zitzaizkigun esatera: «Alde guztietatik gure aurka datoz».

7 Orduan, familiatalde batzuk ezkutuan jarri nituen, harresiaren azpialdean, ezpata, lantza eta uztai-geziekin, harresiek babesik ez zuten tokiuneetan. 8 Guztiari begiratu bat eman ondoren, handiki, agintari eta gainerako herriari esan nien: «Ez izan beldurrik! Oroit zaitezte Jainko handi eta ikaragarriaz; borroka zaitezte zeuen senide, seme-alaba, emazte eta etxekoen alde!»

9 Etsaiak ohartu ziren jakinaren gainean geundela. Honela ezereztu egin zituen Jainkoak beraien asmoak, eta gu harresietara itzuli ginen, nor bere lanera. 10 Baina, egun hartatik aurrera, nire gizonen erdiak lan egiten zuen bitartean, beste erdia lantzaz, ezkutuz, gezi-uztaiz eta korazaz armaturik egon ohi zen. Buruzagiek judu guztien ardura zuten. 11 Bai harresia egiten zutenek eta bai gauzak garraiatzen zituztenek esku batean arma zuten, besteaz lanean ari ziren bitartean. 12 Hargin guztiek ezpata gerrian zeramatela egiten zuten lan. Turuta-jolea neure ondoan nuen. 13 Eta, esan ere, esan nien handiki, agintari eta herriko gainerako jendeari: «Lana handia eta zabala dugulako, harresi gainean sakabanatuta gabiltza, bata bestearengandik urrun. 14 Beraz, turuta-hotsa entzuteaz batera, edonon zaudetela ere, bil zaitezte guregana. Gure Jainkoa borrokatuko da gure alde».

15 Honela jarraitu genuen lanean egunsentitik izarrak agertu arte, jendearen erdiak lantza eskuan zuela. 16 Agindu hau ere eman nien: «Guztiek, beren laguntzaileekin, Jerusalemen igaroko dute gaua. Horrela, gauez guarda egingo dugu eta egunez lanari ekingo». 17 Nik neuk eta nire senide laguntzaile eta guardakoek ere erantzi gabe egiten genuen lo, armak eskura genituela.

Gizarteko zuzengabekerien aurrean Nehemiasen jokaera


5. atala

[aldatu]

1 Egun batez, herriko seme eta emakumeak deiadarka hasi ziren beren senide juduen kontra. 2 Batzuek zioten: «Seme-alaba asko dugu, ogia nahi genuke bizi ahal izateko». 3 Beste batzuek, berriz: «Gure landa, mahasti eta etxeak bahituran jarri beharra izan dugu, gosete honetan garia izateko». 4 Beste batzuek: «Gure landa eta mahastien gain dirua eskatu beharrean gertatu gara, erregeari zergak ordaintzeko. 5 Denok arraza berekoak gara! Gure seme-alabak badira besteenak adina! Hala ere, gure seme-alabak esklabo saldu beharrean gertatzen gara, eta gure seme-alabetako batzuk dagoeneko esklabo bilakatu dira. Baina ezin dugu ezer egin, gure landak eta mahastiak besteren eskuetan baitaude».

6 Suminduta gelditu nintzen negar eta kexa hauek entzutean. 7 Handiki eta agintariei aurpegi ematea erabaki nuen. Esan nien: «Zama astuna ezartzen diezue, senideok, elkarri!» Eta batzar nagusia bildu nuen haien aurka. 8 Honela salatu nituen: «Geure ahalegin guztiaz berriro erosi ditugu atzerritarrei salduak zeuden geure senide juduak. Orain, zeuok ari zarete senideak saltzen, gu berriro erosi beharrean gerta gaitezen». Isilik geratu ziren, txintik ere atera gabe. 9 Nik, berriro:

--Ez dago ondo egiten ari zaretena. Ez al duzue gure Jainkoaren beldurrean bizi nahi, atzerriko gure etsaien aurrean barregarri gerta ez gaitezen? 10 Nik neuk, nire senideek eta zerbitzariek ere aurreratu dizkiegu dirua eta garia. Barka diezaiegun zor hori! 11 Itzuli gaur bertan beren landa, mahasti, olibadi eta etxeak, eta barkatu aurreratutako diru, gari, ardo eta olioa.

12 Nire proposamena onartu eta erantzun zidaten:

--Itzuliko dizkiegu, bada, eta ez diegu deus eskatuko.

Deitu nien, orduan, apaizei, eta haien aurrean zin eginarazi nion jendeari hitz emana beteko zuela. 13 Ondoren, nire jantziaren sakela astindu nuen, esanez:

--Astindu dezala honela Jainkoak, bere etxetik eta ondasunetatik kanpora botaz, emandako hitza betetzen ez duena! Hustua eta esku-hutsik gera bedi halakoa!

--Amen! --erantzun zuen batzar osoak, eta Jauna goretsi zuen. Herriak bete zuen emandako hitza.

14 Artaxerxesen erregealdiko hogeigarren urtean Judako gobernari izendatu ninduten, eta hogeita hamabigarren urterarte iraun nuen karguan. Hamabi urte horietan, nik eta nire senideek ez dugu gobernariari dagokion ordainik jaso. 15 Nire aurretik gobernari izan zirenek, ordea, herria zapaltzen zuten, honen bizkarretik ogia, ardoa eta zilarrezko berrogei txanpon hartuz; gobernarien funtzionarioek ere gehiegikeriak egiten zituzten herrian. Nik, aldiz, Jainkoari nion begiruneagatik, ez nuen horrela jokatu. 16 Harresia jasotzen ahalegindu naiz, eta ez dut lurrik erosi; nire zerbitzari guztiak ere hemen bildu dira lanerako. 17 Gainera, ehun eta berrogeita hamar judu eta agintarik nire mahaian jaten zuen, inguruko herrietatik etorritakoez gainera. 18 Egunero, idi bat, aukerako sei ahari eta hegaztiak neure kontura prestatzen nituen; hamar egunetik behin, ardoa ugari ekartzen nuen. Hala ere, ez nuen gobernariaren saririk eskatu, herriak bere lanarekin zama aski astuna zuelako.


19 «Ene Jainkoa, har ezazu gogoan herri honen alde egin dudan guztia!»

Etsaiak oztopoak jartzen berriro


6. atala

[aldatu]

1 Sanbalat, Tobias, Gexem arabiarra eta gainerako etsaiek jakin zuten harresia eraikia nuela. Ez zen zulorik gelditzen, nahiz eta artean ate-alderdiak jarri gabe egon.

2 Orduan, Sanbalatek eta Gexemek mandatu hau bidali zidaten: «Zatoz Ono haraneko Kefirimera gurekin hitz egitera». Niri kalte egiteko asmoa zuten. 3 Beraz, mandatariak bidali nizkien erantzun honekin: «Lan handietan nabil eta ez naiteke joan. Zuengana joateagatik bakarrik lanak ez nituzke utzi nahi». 4 Lau aldiz mandatu berbera bidali zidaten eta lautan gauza bera erantzun nien.

5 Bosgarrenean, Sanbalatek bere laguntzaile bat bidali zidan gutun ireki batekin. 6 Hona zer zioen: «Gexemek esan didanez, zurrumurru hau zabaldu da herrien artean: zu eta zure herritarrak erregearen aurka jaikitzeko asmotan zabiltzatela, horretarako ari zaretela harresia eraikitzen; gainera, zeu izango zinatekeela horien errege. 7 Jerusalemen Judako erregetzat aldarrika zaitzaten profetak ere izendatu omen dituzu. Zurrumurru hauek hel daitezke erregeagana. Zatoz, beraz, horretaz elkarrekin hitz egitera».

8 Honela erantzun nion: «Diozun horretan ezertxo ere ez da egia; zeure kabuz sortutako asmakeria besterik ez da». 9 Beldurra sartu nahi ziguten, adorea galdu eta lana utziko genuen ustetan.


«Eta orain, Jauna, sendotu nire asmoa!»


10 Egun batez, Mehetabelen iloba eta Delaiasen seme zen Xemaiasen etxera joan nintzen, berak etortzerik ez zuela eta. Hark esan zidan:

--Bil gaitezen biok Jainkoaren etxean, tenplu barruan, eta itxi ditzagun ateak, etsaiak zu hiltzera baitatoz; gaur gauean bertan etorriko dira.

11 Erantzun nion:

--Ni bezalako batek ez du ihes egiten. Eta naizena izanik, ez naiteke tenplura joan, bizirik ateratzeko; inolaz ere ez!

12 Izan ere, konturatu nintzen aholku hori ez zidala Jainkoak eraginik ematen, Tobiasek eta Sanbalatek erosita baizik. 13 Beldurra sartu nahi zidaten eta, hark esan bezala jokatuz, bekatua eragin. Horrela, belztu egingo zuten nire izena, eta neu lotsarazi.


14 «Gogoan izan, ene Jainko horrek, Tobiasek eta Sanbalatek egin didatena! Gogoan izan Noadias profetesa eta beldurra sartu nahi zidaten beste profetak ere!»


15 Harresia, Elul hilaren hogeita bostean bukatu zen, hasi eta berrogeita hamabi egunera. 16 Gure etsaiak eta inguruko herriak, hori jakin zutenean, zeharo harriturik gelditu ziren, eta lan hori gure Jainkoaren laguntzaz egina zela aitortu beharra izan zuten.

17 Baina, egun haietan ere, Judako handikiek eta Tobiasek gutun asko idatzi zioten elkarri. 18 Izan ere, jende asko zegoen Judan Tobiasekin hitzartua: Arahen seme Xekanias juduaren suhia baitzen Tobias eta honen seme Johanan Berekiasen seme Mexulamen alabarekin ezkondua baitzegoen. 19 Nire aurrean goraipatu egiten zuten gainera, eta nik esandakoak berari jakinarazten zioten. Tobiasek berak gutunak bidaltzen zizkidan, ni izutzeko.

Hiria babesteko neurriak


7. atala

[aldatu]

1 Harresia burutu zenean eta ate-alderdiak jaso, atezainak, kantariak eta lebitarrak beren eginkizunetan jarri nituen. 2 Neure anaia Hanani eta gotorlekuko buruzagi zen Hananias jarri nituen Jerusalemgo buru; izan ere, Hananias hau, besteen aldean, gizon leiala eta jainkozalea zen. 3 Agindu hauek eman nizkien: «Eguzkia berotzen hasi baino lehen ez dituzte Jerusalemgo ateak zabalduko; atezainak beren tokietan jarri bitartean, atalagak eta morroiloak itxirik egonen dira. Zaintzaile-taldeak egingo dira Jerusalemgo bizilagunekin: batzuk guardapostuetan eta beste batzuk beren etxe inguruan egongo dira zaintzen».

Herrira itzulitakoen zerrenda


4 Jerusalem handia eta zabala zen; bizilagunak, ostera, gutxi; etxe asko lur jorik zegoen artean. 5 Orduan, Jainkoaren eraginez, handiki, agintari eta gainerako herritarrak bildu nituen beraien erroldaketa egiteko. Eta aurkitu nuen hasieran atzerritik etorritakoen zerrenda; bertan hauxe zegoen idatzirik:

6 Babiloniako errege Nabukodonosorrek Babiloniara gatibu eraman zituenetatik zenbait israeldar nor bere herrira, Jerusalemera eta Judara, itzuli ziren erbestealdiaren ondoren. 7 Zorobabel, Josue, Nehemias, Azarias, Raamias, Nahamani, Mardokeo, Bilxan, Misperet, Bigbai, Nehum eta Baana gidari zituztela etorri ziren.

Hona israeldar hauen zerrenda: 8 Paroxen ondorengoak 2.172 lagun; 9 Xefatiasenak 372; 10 Arahenak 652; 11 Pahat-Moabenak, hots, Josue eta Joaben ondorengoak, 2.818; 12 Elamenak 1.254; 13 Zaturenak 845; 14 Zakairenak 760; 15 Binuirenak 648; 16 Bebairenak 628; 17 Azgadenak 2.322; 18 Adonikamenak 667; 19 Bigbairenak 2.067; 20 Adinenak 655; 21 Aterrenak, hots, Ezekiasen ondorengoak, 98; 22 Haxumenak 328; 23 Betzairenak 324; 24 Harifenak 112; 25 Gabaonenak 95; 26 Belen eta Netofako gizonak 188; 27 Anatotekoak 128; 28 Bet-Azmabetekoak 42; 29 Kiriat-Jearim, Kefira eta Beerotekoak 743; 30 Rama eta Gebakoak 621; 31 Mikmasekoak 122; 32 Betel eta Aikoak 123; 33 Nebokoak 52; 34 beste Elam batekoak 1.254; 35 Harimgoak 320; 36 Jerikokoak 345; 37 Lod, Hadid eta Onokoak 721; 38 Senaakoak 3.930.

39 Apaizak: Jedaiasen ondorengoak, hots, Josueren jatorrikoak, 973; 40 Imerrenak 1.052; 41 Paxhurrenak 1.247; 42 Harimenak 1.017.

43 Lebitarrak: Josueren eta Kadmielen ondorengoak, hots, Hodabiasen jatorrikoak, 74.

44 Kantariak: Asafen ondorengoak, 148.

45 Atezainak: Xalum, Ater, Talmon, Akub, Hatita eta Xobairen ondorengoak, guztira, 138.

46 Tenpluko laguntzaileak: Tziha, Hasufa eta Tabaoten ondorengoak; 47 Keros, Sia eta Padonenak; 48 Lebana, Hagaba eta Xalmairenak; 49 Hanan, Gidel eta Gaharrenak; 50 Reaias, Retzin eta Nekodarenak; 51 Gazam, Uza eta Paseahenak; 52 Besai, Meunim eta Nefixsimenak; 53 Bakbuk, Hakufa eta Harhurrenak; 54 Batzlit, Mehida eta Harxarenak; 55 Barkos, Sisera eta Tamahenak; 56 Netziah eta Hatifarenak.

57 Salomonen zerbitzarien ondorengoak: Sotai, Soferet eta Peridaren ondorengoak; 58 Jaala, Darkon eta Gidelenak; 59 Xefatias, Hatil, Pokeret-Hatzebaim eta Amonenak.

60 Tenpluko laguntzaileak eta Salomonen zerbitzarien ondorengo guztiak, 392 lagun.

61 Tel-Melah, Tel-Harxa, Kerub-Adon eta Imertik itzulitako batzuek beren familiaz eta jatorriz israeldar zirenik ezin izan zuten argitu. 62 Delaias, Tobias eta Nekodaren ondorengoak ziren, 642 lagun.

63 Zenbait apaiz ere egoera berean zeuden: Hobaias, Hakotz eta Barzilairen ondorengoak ziren. Azken honek Galaadeko Barzilairen alaba batekin ezkondu zelako zeraman izen hori. 64 Beren jatorri bila genealogi liburuetan ibili arren, ez zuten aurkitu; horregatik, apaizgotik kanpora bota zituzten. 65 Janari sakratuetatik jatea debekatu egin zien gobernariak, harik eta apaiz batek «Urim eta Tumim» epaigailuen bidez haien egoera argitu arte.

66 Itzulitako guztiak 42.360 ziren. 67 Gainera, 7.337 morroi eta mirabe eta 245 kantari, gizon eta emakume. 68 Bazituzten 435 gamelu eta 6.720 asto ere.

69 Familiaburu batzuek emaitzak ekarri zituzten tenplua eraikitzeko; gobernariak 8 kilo urre, 50 kopa eta 530 apaiz-tunika eman zituen altxortegirako. 70 Familiaburuetako batzuek 160ren bat kilo urre eta 1.200en bat kilo zilar eman zituzten altxortegirako. 71 Gainerako israeldarrek 160ren bat kilo urre, 1.100en bat kilo zilar eta 67 apaiz-tunika eman zituzten.

72 Orduan, apaizak, lebitarrak, atezainak, kantariak, tenpluko laguntzaileak eta atzerritik etorritako israeldar guztiak beren hirietan jarri ziren bizitzen.

Esdras jendaurrean legea irakurtzen


Zazpigarren hila iritsi zenean, israeldarrak jadanik beren hirietan zeuden.


8. atala

[aldatu]

1 Herri guztia gizon bakar bat bezala bildu zen Ur-ate aurreko plazan. Jaunak Moisesen bitartez Israeli emandako legearen liburua ekartzeko esan zioten Esdras lege-maisuari. 2 Ekarri zuen, beraz, liburua Esdras apaizak, gizon-emakume eta ezaguera zuten guztien batzarrera. Zazpigarren hileko lehen eguna zen. 3 Eta goizetik eguerdiraino Ur-ate aurreko plazan batzar osoari irakurtzen aritu zitzaion. Herria adi-adi zegoen.

4 Esdras lege-maisua hartarako egin zuten oholtza gainean zegoen zutik; eskuinean Matitias, Xema, Anaias, Urias, Hilkias eta Maaseias zituen; ezkerrean, aldiz, Pedaias, Mixael, Malkias, Haxum, Haxbadana, Zakarias eta Mexulam. 5 Zabaldu zuen Esdrasek liburua herri osoaren aurrean, denak begira zituela; liburua zabaltzearekin batera, herri osoa zutitu egin zen. 6 Gero, Jauna, Jainko handia, goretsi zuen Esdrasek, eta herriak «Amen! Amen!» erantzun zuen, eskuak jasorik; ondoren, makurtu eta lurreraino ahozpeztu ziren Jauna gurtzeko. 7 Josue, Bani, Xerebias, Jamin, Akub, Xabtai, Hodias, Maaseias, Kelita, Azarias, Jozabad, Hanan eta Pelaias lebitarrek legearen azalpena egin zioten herriari. Bitartean zutik zegoen herria. 8 Lebitarrek zehatz eta garbi irakurtzen zuten Jainkoaren legea, esanahia azalduz, herriak ulertzeko eran.

9 Herri osoak negarrari eman zion legearen hitzak entzutean. Orduan, Nehemias gobernariak, Esdras lege-maisuak eta irakasten ari ziren lebitarrek esan zioten herriari: «Gaurko eguna Jaunari, gure Jainkoari, sagaratua dugu. Beraz, ez egon triste, ez egin negarrik».

10 Gainera, esan zien: «Zoazte eta jan haragi guria, edan edari bikainak, eta bidali janaria ezer ez dutenei ere, egun hau Jaunari sagaratua baita. Ez atsekabetu, Jaunarengandiko pozak ematen baitizue indar!»

11 Lebitarrak ere herria lasaitu nahirik zebiltzan, esanez: «Ixo, gaurko hau egun santua da; ez egon triste!»

12 Joan zen, bada, herri osoa jan-edatera, eta zer janik ez zuenari ere banatu zioten; pozaren pozez egin zuten jai, ulertu baitzituzten entzundako hitzak.

Etxola Jaia


13 Hurrengo egunean, herri osoko familiaburuak, apaizak eta lebitarrak Esdras lege-maisuaren ondora bildu ziren legeak irakasten duena hobeki aztertzeko. 14 Eta Jaunak Moisesen bidez eman zuen legean agindu hau aurkitu zuten: israeldarrak etxoletan bizi behar zutela zazpigarren hileko jaietan, 15 eta Jerusalemen eta beste hiri guztietan hauxe iragarri behar zutela: «Atera mendira eta ekarri handik olibondo, pinu, mirto, palmondo eta orridun zuhaitzen adarrak, etxolak egiteko».

16 Orduan, adarrak ekartzera joan eta etxolak egin zituen herriak: batak bere etxe gainean, besteak Jainkoaren etxeko atarietan nahiz Ur-ateko plazan nahiz Efraimen ateko plazan. 17 Erbestetik etorritako guztiek egin zituzten etxolak eta horietan jarri ziren bizitzen. Nunen seme Josueren garaietatik ez zuten halako jairik egin israeldarrek! Hango poza guztiena!

18 Lehenbiziko egunetik azkenengora, egunero irakurri zen Jainkoaren lege-liburua. Zazpi egun iraun zuten jaiek, eta zortzigarrenean batzar nagusiaz amaitu ziren, erabakia zegoenez.

Batzarrak bekatuen barkamena eskatu


9. atala

[aldatu]

1 Hil hartako hogeita laugarren egunean israeldarrak barau egiteko bildu ziren; doluz jantzi ziren eta buruak hautsez estali. 2 Israeldar arrazakoak atzerritar guztiengandik bereizi ziren eta, zutiturik, beren bekatuak eta arbasoenak aitortu zituzten. 3 Hala eman zuten egunaren laurdena, nor bere lekuan zutik, beren Jainko Jaunaren lege-liburua irakurtzen zen bitartean; beste egun laurdena beren bekatuak aitortzen eta, ahozpezturik, Jauna, beren Jainkoa, gurtzen.

4 Josue, Bani, Kadmiel, Xebanias, Buni, Xerebias, Bani eta Kenanik lebitarren oholtza gainera igo eta oihu handiz egin zioten dei Jaunari, beren Jainkoari. 5 Gero, Josue, Kadmiel, Bani, Haxabnias, Xerebias, Hodias, Xebanias eta Petahias lebitarrek honela ziotsoten herriari: «Zuti zaitezte! Bedeinka Jauna, zeuen Jainkoa, betidanik betiraino!

Otoitz nagusia

«Bedeinkatua bedi zure izen ospetsua, bedeinkapen eta gorespen guztien gainetik dagoena! 6 Zu zara Jauna, zu bakarrik! Zeuk egin dituzu zeruak, zeruen zeruak eta izar guztiak, lurra eta lur gainekoak, itsasoa eta bertako guztiak. Zeuk biziarazten dituzu guztiak, zeruko izarrak ahozpez dituzu aurrean jarriak. 7 Zeu zara Jauna, zeu Abram aukeratu zenuen Jainkoa; zeu Kaldeako Ur hiritik atera eta Abraham izena eman zeniona. 8 Leiala zitzaizula ikusirik, ituna egin zenuen harekin, kanaandarren, hititen, amortarren, periztarren, jebustarren eta girgaxtarren lurraldea hari eta haren ondorengoei emateko. Eta bete egin zenuen zeure hitza, zuzena baitzara. 9 Ikusi zenuen gure arbasoen atsekabea Egipton, entzun zenuen garrasia Itsaso Gorriaren ertzean. 10 Mirariak eta egintza harrigarriak egin zenituen faraoiaren kontra, honen zerbitzari eta Egiptoko herriaren kontra; bazenekien, bai, harrokeriaz jokatu zutela israeldarrekin. Horrela zeureganatu zenuen gaurdaino duzun izen ospetsua. 11 Itsasoa erdi bi egin zenuen israeldarren aurrean, eta itsasoan barrena igaro ziren oinik busti gabe. Itsas hondora amildu zenituen, ostera, haien erasotzaileak, harria ur sakonera bezala. 12 Laino-adarra eman zenien gidari egunez, su-adarra gauez, egin behar zuten bidea argitzeko. 13 Sinai mendira jaitsi zinen eta zerutik hitz egin zenien. Erabaki zuzenak, lege sendoak, arau eta agindu onak eman zenizkien. 14 Larunbata zuri sagaratzen irakatsi zenien; aginduak, arauak eta legea eman zenizkien, zeure zerbitzari Moisesen bidez. 15 Gose zirelarik, ogia eman zenien zerutik; egarri zirelarik, ura sortarazi harkaitzetik. Zin eginez agindu zenien lurraz jabetzera bidali zenituen. 16 Baina harrotu egin ziren gure gurasoak, burugogor izan ziren, zure aginduei ez obedituz. 17 Ez zuten aditu nahi izan. Ez zituzten gogoan hartu zuk haien alde egindako gauza harrigarriak. Egiptora, morrontza-herrira, berriro itzuli nahian hasi ziren beren burugogorkerian. Baina zu Jainko barkatzailea zara, bihozbera eta errukiorra, haserregaitza eta onginahiz betea, eta ez zenituen bazter utzi. 18 Ez eta urre urtuzko zekorra egin zutenean ere, <Hau da zure jainkoa, Egiptotik atera zaituena> esaten zutenean. Zeinen irain handia egin zizuten! 19 Zuk, ordea, zeure erruki handiaz, ez zenituen basamortuan baztertu, laino-adarra ez zen haiengandik aldendu egunez bidean gidatzeko, ez eta su-adarra gauez bidean argi egiteko. 20 Zeure espiritu ona eman zenien, ulertzen laguntzeko; ez zenion ukatu zeure mana haien ahoari, ez eta ura ere haien eztarriari. 21 Berrogei urtez mantendu zenituen basamortuan, ez zuten izan ezeren faltarik; ez zitzaizkien jantziak zahartu, ez oinak handitu. 22 Erreinu eta herriak menpean jarri zenizkien, eta inguruko lurrak banatu. Hexbongo errege Sihon-en lurraldea hartu zuten, Baxango errege Og-ena. 23 Zeruko izarrak bezainbat ugaritu zenizkien seme-alabak, haien gurasoei agindu lurraldera ekarri zenituen. 24 Lurraldera heldu eta hartu egin zuten, haien menpe jarri zenituen kanaandarrak, bertako biztanleak. Erregeak eta hango herriak eman zenizkien, beren gogara erabil zitzaten. 25 Hiri babestuak eta lur gizenak hartu zituzten, ondasunez beteriko etxeez eta ur-putzuez jabetu ziren, mahasti, olibadi eta fruta-arbolen sail handiez. Asetzeraino jan zuten, sabela puzteraino; zure ondasun ugariz gozatu ziren. 26 Baina beren burugogorkerian zure aurka jarri ziren, bizkarra eman zioten zure irakaspenari; zuregana itzultzeko ari zitzaizkien deika profetak, eta hil egin zituzten! Zeinen irain handia egin zizuten! 27 Etsaien menpe jarri zenituen orduan, eta hauek zapaldu egin zituzten. Baina beren estuasunean deiadar egin zizuten, eta zuk zerutik entzun. Zeure erruki handiz askatzaileak bidali zenizkien, etsaien menpetik atera zitzaten. 28 Bakealdia etorri orduko, ordea, okerbidera itzuli ziren; eta etsaien menpe utzi zenituen, berauen hankapean. Deiadar egin zizuten berriro, eta zuk zerutik entzun; sarritan atera zenituen onik zeure erruki handiaz.


29 Zure irakaspenera itzultzeko dei egin zenien; haiek, ordea, beren harrokerian entzungor egin zieten zure aginduei; bekatu egin zuten zure erabakien kontra, betetzen dituenarentzat bizi-iturri. Bizkarra eman zuten beren gorbizian, ez zuten aditu nahi izan beren burugogorkerian. 30 Urte askoz jasan zenituen. Zure espirituak profeten bidez egin zien dei; baina haiek aditu nahi ez, eta atzerritarren esku utzi zenituen. 31 Baina zeure erruki handiz ez zenituen guztiz galdu, ez zenituen eskutik utzi, Jainko bihozbera eta errukiorra baitzara. 32 Zu zara gure Jainkoa, Jainko handi, bizkor eta ikaragarria, zeure ituna leialtasunez mantentzen diguzuna! Ez gutxietsi orain gure atsekabea, gure errege eta buruzagiei, apaiz eta profetei, gure guraso eta herri osoari, Asiriako erregeen egunetatik gaurdaino gainera erori zaigun atsekabea. 33 Zuk ez duzu errurik gertatu zaigun guztian, leial jokatu baituzu; guk, berriz, oker. 34 Gure errege, buruzagi, apaiz eta gurasoek ez dute bete zure irakaspena, ez dituzte aditu aginduak, ez eta eman zenizkien burubideak ere. 35 Ez erregeak izan zituztenean, ez zuk emaniko ondasun ugarietan, ez eta zuk eskuratu zenizkien lur zabal eta gizenetan ere ez zintuzten zerbitzatu, ez ziren itzuli beren egintza gaiztoetatik. 36 Eta gaur esklabo gaude gu, esklabo gure gurasoei zuk emandako lurraldean, fruitu eta ondasunez gozatzeko eman zenien lurraldean. 37 Lurralde honetako emaitza aberatsak atzerriko erregeentzat dira gaur, geure bekatuengatik nagusi ezarri dizkiguzun erregeentzat; geu eta geure abereak menpean gauzkate beren gogara. Guztiz atsekabetuak gaude!»

Herriak legea beteko duela hitz eman


10. atala

[aldatu]

1 Beraz, Jainkoari leial izateko erabaki sendoa hartu genuen eta idatziz jarri. Gure buruzagiek, lebitarrek eta apaizek sinatu zuten zigilaturiko agiria.

2 Hona hemen sinatu zutenen zerrenda:

Nehemias gobernaria, Hakaliasen semea.

Apaizak: Sedekias, 3 Seraias, Azarias, Jeremias, 4 Paxhur, Amarias, Malkias, 5 Hatux, Xebanias, Maluk, 6 Harim, Meremot, Obadias, 7 Daniel, Gineton, Baruk, 8 Mexulam, Abias, Miiamim, 9 Maazias, Bilgai eta Xemaias.

10 Lebitarrak: Josue, Azaniasen semea; Binui, Henadaden ondorengoetakoa; Kadmiel 11 eta berorien ahaideok: Xebanias, Hodias, Kelita, Pelaias, Hanan, 12 Mika, Rehob, Haxabias, 13 Zakur, Xerebias, Xebanias, 14 Hodias, Bani eta Beninu.

15 Herriaren buruzagiak: Parox, Pahat-Mohab, Elam, Zatu, Bani, 16 Buni, Azgad, Bebai, 17 Adonias, Bigbai, Adin, 18 Ater, Hizkias, Azur, 19 Hodias, Haxum, Betzai, 20 Harib, Anatot, Nebai, 21 Magpiax, Mexulam, Hezir, 22 Mexezabeel, Tzadok, Jadua, 23 Pelatias, Hanan, Anaias, 24 Oseas, Hananias, Haxub, 25 Halohex, Pilha, Xobek, 26 Rehum, Haxabna, Maaseias, 27 Ahias, Hanan, Anan, 28 Maluk, Harim eta Baana.

29 Beste apaizek, lebitarrek, atezainek, kantariek, tenpluko laguntzaileek eta gainerako herritarrek, hau da, Jainkoaren legea betetzearren bertako jendearengandik bereizi zirenek, beren emazte, seme-alaba eta ezaguera zutenekin batera, 30 beren herrikide agurgarrien jarraibideari baietza eman zioten eta zin egin zuten, honela aginduz:

«Jainkoak bere zerbitzari Moisesen bitartez emandako lege-bidean ibiliko gara eta Jaunaren, geure Jainkoaren, agindu, erabaki eta arau guztiak leial beteko ditugu.

31 «Ez dizkiegu geure alabak bertako jendeari ezkontzan emango, ez eta geure semeak haien alabekin ezkonduko ere.

32 «Jende horrek garia edo beste edozer larunbatean edo beste jaiegunetan saltzeko badakar, ez diogu ezer erosiko.

«Zazpigarren urtean lurrari atseden emango diogu eta zor guztiak barkatuko dizkiogu elkarri.

33 «Legez behartzen dugu geure burua, urtean zilarrezko txanpon bat geure Jainkoaren etxeko zerbitzurako ematera. 34 Eskaintza hau honetarako izanen da: Jaunari eskainiriko ogitarako, eguneroko oparietarako, larunbat, ilberri eta jai nagusietako oparietarako, beste eskaintza sakratuetarako, Israelen bekatuen ordain-oparietarako eta gure Jainkoaren etxeko beste eginkizunetarako.

35 «Apaizok, lebitarrok eta gainerako herritarrok zotz eginez erabakiko dugu urtean zehar, jarritako epeetan, zein familiak ekarri behar duen Jainkoaren etxeko sua mantentzeko egurra, legean idatzia dagoenez.

36 «Era berean, geure lurraren eta fruta-arbola guztien lehen fruituak Jaunaren etxera eramango ditugu urtero.

37 «Geure lehen-semeak eta abereen lehen umeak gure Jainkoaren etxean zerbitzua betetzen duten apaizei aurkeztuko dizkiegu, legeak agintzen duenez.

38 «Geure irinetik, zuhaitz guztietako fruituetatik, ardo eta oliotik parterik onena geure Jainkoaren etxeko mandiora eramanen dugu apaizentzat; lebitarrentzat geure uztaren hamarrenak emanen ditugu. Lebitarrek lanean ari garen hiri guztietan jasoko dituzte hamarrenak. 39 Apaiz bat, Aaronen ondorengoa, egonen da lebitarrekin hamarrenak jasotzerakoan, eta lebitarrek hamarren horren hamarrena Jainkoaren etxera, tenpluko altxortegira, eramanen dute. 40 Israeldarren eta lebitarren gari-, ardo- eta olio-emaitzak gure Jainkoaren etxeko altxortegi hauetara ekarriko dituzte; hortxe gordetzen dira santutegiko ontziak ere, eta horixe dute egoitza zerbitzuan dauden apaizek, atezainek eta kantariek.

«Beraz, ez dugu bazter utziko Jainkoaren etxea».

Jerusalemgo bizilagunen zerrenda


11. atala

[aldatu]

1 Herriko buruzagiak Jerusalemen jarri ziren bizitzen. Gainerako beste herritarrek, berriz, zotz eginez, hamar familietatik bat aukeratu zuten Jerusalemera, hiri santura, bidaltzeko; gainerako bederatziak beste hirietan geratu ziren bizitzen. 2 Herriak bedeinkatu egin zituen Jerusalemen bizitzea beren borondatez onartu zuten guztiak.

3 Eskualdeko buruzagiak Jerusalemen jarri ziren bizitzen. Israeldarrak, bai eta apaiz, lebitar, laguntzaile eta Salomonen zerbitzarien ondorengoak ere, nor bere herri eta etxaldean bizi ziren. 4 Hala ere, Judaren eta Benjaminen leinuko batzuk Jerusalemen jarri ziren bizitzen.

Judaren leinukoak: Ataias, Uziasen semea; hau Zakariasena; hau Amariasena; hau Xebatiasena; hau Mahalalelena, Peretzen ondorengoetakoak. 5 Maaseias, Baruken semea; hau Kol-Hozerena; hau Hazaiasena; hau Adaiasena; hau Joiaribena; hau Zakariasena; hau Haxilonirena. 6 Jerusalemen bizi ziren Peretzen ondorengo guztiak 468 ziren, denak armagizonak.

7 Benjaminen leinukoak: Salu, Mexulamen semea; hau Joedena; hau Pedaiasena; hau Kolaiasena; hau Maaseiasena; hau Itielena; hau Isaiasena; 8 gainera, Gabai eta Salai; 928 benjamindar guztira. 9 Zikriren seme Joel zen hauen taldeburu, eta Hasenuaren seme Juda hiriko bigarren buru.

10 Apaizak: Jedaias, Joiariben semea; Jakin; 11 Seraias Hilkiasen semea --hau Mexulamena, hau Tzadokena, hau Meraiotena, hau Ahitubena, Jainkoaren etxeko apaiz nagusiarena-- 12 eta Jainkoaren etxeko lanetan ziharduten haren ahaideak: guztira, 822 lagun; gainera, Adaias Jerohamen semea --hau Pelaliasena, hau Amtzirena, hau Zakariasena, hau Paxhurrena, hau Malkiasena-- 13 eta haren ahaide familiaburuak: guztira, 242; gainera Amasai Azarelen semea --hau Ahzairena; hau Mexilemotena; hau Imerrena-- 14 eta haren ahaideak, denak armagizonak: guztira, 128. Hauen taldeburu Hagedolimen seme Zabdiel zen.

15 Lebitarrak: Xemaias Haxuben semea --hau Azrikamena, hau Haxabiasena, hau Bunirena--; 16 bai eta Xabtai eta Jozabad, lebitarren buruetarikoak, Jainkoaren etxean kanpoko lanen arduradunak. 17 Matanias, otoitzaldiko gorespenetan kantua zuzentzen zuena, Mikaren semea --hau Zabdirena, hau Asafena--, Balbukias Mataniasen ahaide eta laguntzailea eta Abda Xamuaren semea --hau Galalena; hau Jedutunena--. 18 Hiri santuan zeuden lebitarrak, guztira, 284 ziren.

19 Atezainak: Akub, Talmon eta ahaideak; atezainak, guztira, 172 ziren.

20 Gainerako israeldar, apaiz eta lebitarrak Judako herrietan bizi ziren, nor bere etxaldean. 21 Tenpluko laguntzaileak Ofel auzategian bizi ziren; Tziha eta Gixpa ziren haien buru. 22 Jerusalemgo lebitarren arduraduna Uzi zen, Baniren semea --hau Haxabiasena, hau Mataniasena, hau Mikarena--; Uzi Asafen ondorengoetakoa zen; hauek Jainkoaren etxean kantatzeko eginkizuna zuten. 23 Kantarien eguneroko eginkizuna erregearen araudiak eta beste arau batzuek taxutzen zuten.

24 Petahias, Mexezabeelen semea, Judaren leinuko Zerahen ondorengoetakoa, Pertsiako erregearen ordezkoa zen herriaren arazo guztietarako.

Beste herrietako juduak


25 Judaren leinukoak landan sakabanaturiko herrietan bizi ziren: Kiriat-Arban eta inguruetan, Dibonen eta inguruetan, Jekabtzeelen eta inguruetan, 26 Jexuan, Moladan, Bet-Peleten, 27 Hatzar-Xualen, Beer-Xeban eta inguruetan, 28 Tziklagen, Mekonan eta inguruetan, 29 En-Rimonen, Tzorean, Jarmuten, 30 Zanoahen, Adulamen eta inguruko herrixketan, Lakixen eta inguruetan, Azekan eta inguruetan. Beer-Xeba eta Hinomgo harana bitartean jarri ziren bizitzen.

31 Benjaminen leinukoak herri hauetan bizi ziren: Geban, Mikmasen, Aian, Betelen eta inguruetan, 32 Anatoten, Noben, Ananiasen, 33 Hatzorren, Raman, Gitaimen, 34 Hadiden, Tzeboimen, Nebalaten, 35 Loden eta Onon, artisauen haranean.

36 Lebitar batzuk Judako eskualdetik Benjaminekora aldatu ziren.

Apaiz eta lebitarren zerrenda


12. atala

[aldatu]

1 Hona Xealtielen seme Zorobabelekin eta Josuerekin itzuli ziren apaizak: Seraias, Jeremias, Esdras, 2 Amarias, Maluk, Hatux, 3 Xekanias, Rehum, Meremot, 4 Ido, Gineton, Abias, 5 Miiamin, Maadias, Bilga, 6 Xemaias, Joiarib, Jedaias, 7 Salu, Amok, Hilkias eta Jedaias. Horiek ziren apaiz-familien eta ahaideen buru Josueren garaian.

8 Lebitarrak: Josue, Binui, Kadmiel, Xerebias, Juda eta Matanias. Honek eta beronen ahaideek gorespen-kantuak zuzentzeko eginkizuna zuten. 9 Beren ahaide Bakbukiasek eta Unik laguntzen zieten betebehar horretan.

10 Josuek Joiakim sortu zuen, Joiakimek Eliaxib, Eliaxibek Joiada, 11 Joiadak Jonatan eta Jonatanek Jadua.

12 Joiakimen garaian hauek ziren apaizen familiaburuak:

Seraiasen familian Meraias; Jeremiasen familian Hananias; 13 Esdrasen familian Mexulam; Amariasen familian Johanan; 14 Melikuren familian Jonatan; Xebaniasen familian Jose; 15 Harimen familian Adna; Meraioten familian Helkai; 16 Idoren familian Zakarias; Ginetonen familian Mexulam; 17 Abiasen familian Zikri; Miniaminen familian,...; Moadiasen familian, Piltai; 18 Bilgaren familian Xamua; Xemaiasen familian Jonatan; 19 Joiariben familian Matenai; Jedaiasen familian Uzi; 20 Salairen familian Kalai; Amoken familian Eber; 21 Hilkiasen familian Haxabias, eta Jedaiasen familian Netanel.

22 Eliaxib, Joiada, Johanan eta Jaduaren garaian lebitarren familiaburuen eta apaizen izen-zerrendak idatzi zituzten Pertsiako Darioren erregealdira arte.

23 Lebitarren familiaburuen izenak Kronika Liburuetan idatzita daude Eliaxiben seme Johananen garaira arte.

24 Haxabias, Xerebias eta Kadmielen seme Josue ziren lebitarren buru; beren senideekin txandatuz, Jainkoaren gorespenak kantatzen zituzten, nork bere zerbitzuko taldean, Jainkoaren gizon Davidek agindu zuen bezala. 25 Matanias, Bakbukias, Obadias, Mexulam, Talmon eta Akub ziren atezainak eta tenpluko atalondoko biltegiak zaintzen zituzten. 26 Hauek guztiak, Jotzadaken iloba eta Josueren seme zen Joiakimen garaian eta Nehemias gobernariaren eta Esdras apaiz eta lege-maisuaren garaian bizi izan ziren.

Harresiaren sagarapen-jaia


27 Jerusalemgo harresiaren sagarapen-jaia egiterakoan, lebitarrak beren bizileku guztietatik Jerusalemera etorrarazi zituzten, sagarapen-jaia alai ospatzeko, gorespen-kantuz, txilin, lira eta harpa-soinuz. 28 Kantariak Jerusalem inguruetatik nahiz netofatarren herrixketatik, 29 Bet-Gilgal, Geba eta Azmabetetik bildu ziren. Izan ere, kantariek herrixkak egin baitzituzten Jerusalem inguruan. 30 Apaizek eta lebitarrek, beren buruaren garbikuntza egin ondoren, herriaren, harresiaren eta ateen garbikuntza egin zuten.

31 Igoarazi nituen Judako buruzagiak harresiaren gainera eta bi abestalde egin nituen. Lehenengo abestaldea eskuinera joan zen harresi gainean, Zabortegiko ate aldera. 32 Abestaldearen ondoren Oseas eta Judako buruzagien erdiak zihoazen: 33 Azarias, Esdras, Mexulam, 34 Juda, Benjamin, Xemaias eta Jeremias. 35 Ondoren, apaizak beren turutekin. Gero, Zakarias, Jonatanen semea; hau Xemaiasena; hau Mataniasena; hau Mikaiasena; hau Zakurrena; hau Asafena; 36 eta berorien ahaideok: Xemaias, Azarel, Milalai, Gilalai, Maai, Netanel, Juda eta Hanani, Jainkoaren gizon Daviden musika-tresnekin; gidari Esdras lege-maisua zuten. 37 Iturriaren aurrera heltzean, Daviden Hiriko harmailetan gora igo ziren, harresiko aldapan gora, Daviden etxearen gainaldetik, ekialderantz, Ur-ateraino heldu arte.

38 Beste abestaldea, berriz, ni neu eta buruzagien erdiak atzetik gintuztela, ezkerraldera joan zen harresi gainean, Labeen dorre ondotik harresi zabaleraino; 39 gero, Efraimen atea, Hananeelen atea, Jexanaren atea, Arraien atea, Ananeelen dorrea eta Ehunen dorrea iragan genituen Ardien ateraino eta Presondegiaren atean gelditu ginen.

40 Bi abestaldeak Jainkoaren etxe aurrean gelditu ziren, bai eta ni eta lagun nituen agintarien erdiak ere. 41 Han ziren apaizak ere bere turutekin: Eliakim, Maaseias, Miniamin, Mikaias, Elioenai, Zakarias eta Hananias. 42 Bai eta besteok ere: Maaseias, Xemaias, Eleazar, Uzi, Johanan, Malkias, Elam eta Ezer. Kantariek abesti-saioa egin zuten, Jizrahias zuzendari zutela.

43 Egun hartan sakrifizio handiak eskaini ziren eta jai ederra egin zuten denek, Jainkoak alaitasunez bete baitzituen. Emakumeak eta haurrak ere pozik ibili ziren, eta Jerusalemgo poz-oihuak urrutitik entzun zitezkeen.

44 Egun hartan, halaber, lehen fruitu eta hamarrenen gordelekuak zaintzeko arduradunak jarri ziren. Gizon hauek legeak apaiz eta lebitarrentzat agintzen zuen partea hiri-inguruetan bildu eta toki horietara eramaten zuten. Pozik zegoen Judako jende guztia, apaiz eta lebitarrak beren zerbitzu-lanetan ari zirelako. 45 Izan ere, hauek beren Jainkoaren zerbitzua eta garbikuntza-ohikuneak ongi betetzen zituzten. Kantariak eta atezainak ere Davidek eta honen seme Salomonek emandako aginduetara zebiltzan. 46 Izan ere, Daviden eta Asafen garaitik kantariek bazituzten beren zuzendariak; bai eta Jainkoari gorespena eta esker ona emateko kantuak ere. 47 Bai Zorobabelen eta bai Nehemiasen garaian, israeldar guztiek ematen zieten kantari eta atezainei egunero behar zutena. Lebitarrei ere ematen zizkieten oparigai sakratuak, eta lebitarrek Aaronen ondorengoei, hau da, apaizei, eramaten zieten zegokiena.

Nehemiasek usadioak zaharberritu


13. atala

[aldatu]

1 Garai hartan, Moisesen liburua herriaren aurrean irakurri eta hauxe aurkitu zuten idatzirik: amondarrek eta moabdarrek ez zutela inoiz Jainkoaren batzarrean parterik izango. 2 Izan ere, ez zieten israeldarrei lagundu ogia eta ura emanez. Moabdarrek Balaam erosi zuten, israeldarrak madarika zitzan; baina gure Jainkoak madarikazioa bedeinkapen bihurtu zuen. 3 Lege hau entzutean, atzerritarrak oro batzarretik botatzea erabaki zuten.

4 Lehenxeago, gure Jainkoaren etxeko gelen arduraduna zen Eliaxib apaizak hurbileko ahaidea zuen Tobiasi 5 gela handi bat atondu zion; lehen, gela honetan gorde ohi ziren oparigaiak, intsentsua, tenplurako tresnak eta gari, ardo eta olioaren hamarrenak, hau da, lebitarrei, kantariei eta atezainei zegokien partea eta apaizentzat izendatua zegoena.

6 Hori guztia gertatu zenean, ni ez nintzen Jerusalemen, Artaxerxes Babiloniako erregearen hogeita hamabigarren urtean erregeagana joana bainintzen. Handik pixka batera, erregeari baimena eskatu nion 7 eta Jerusalemera itzuli nintzen; orduan jakin nuen Eliaxibek Jainkoaren etxeko atarian Tobiasi gela bat prestatuz egindako gaiztakeria. 8 Asko nahigabetu ninduen honek eta gelatik kanpora jaurtiki nituen Tobiasen gauza guztiak. 9 Gero, gelaren garbikuntza egiteko agindu nuen, eta Jainkoaren etxeko tresnak, oparigaiak eta intsentsua berriro bertara ekarrarazi nituen.

10 Jakin nuen, gainera, lebitarrei ez zitzaiela ematen zegokien partea eta horregatik lebitarrek eta kantariek, beren zerbitzua bete beharrean, beren herrietara alde egin zutela. 11 Agintariei errieta egin nien Jainkoaren etxea bazter utzi zutelako. Gero, lebitarrak eta kantariak bildu eta beren lekuetan jarri nituen berriro. 12 Orduan, judu guztiak gari, ardo eta olioaren hamarrenak biltegietara berriro ekartzen hasi ziren. 13 Eta biltegiak Xelemias apaizaren, Tzadok lege-maisuaren eta Pedaias lebitarraren ardurapean jartzeko agindu nuen, Zakurren seme eta Mataniasen iloba zen Hanan lagun zutela, jendeak gizon zintzotzat baitzeuzkan. Horiek banatzen zieten beren ahaideei zegokien partea.


14 «Ene Jainko, gogoan izan hau guztia, ez ahaztu nire Jainkoaren etxearen alde eta horko zerbitzuaren alde egin dudan guztia!»


15 Egun haietan gizon batzuk ikusi nituen larunbatez dolarean mahatsa zapaltzen. Beste batzuek gari-balak asto gainean ezartzen zituzten, bai eta ardoa, mahatsa, pikuak eta era guztietako zamak ere, eta larunbatean Jerusalemera eramaten zituzten. Zorrotz hartu nituen salerosketak egun horretan egiten zituztelako. 16 Jerusalemen bizi ziren tirotarrek ere arraina eta beste era guztietako salgaiak ekarri eta larunbatean saltzen zizkioten Jerusalemgo eta Judako jendeari. 17 Judako handikiei errieta egin nien, esanez: «Gaiztakerian ari zarete, ez baituzue egun sagaratua aintzakotzat hartzen. 18 Horrela egin zuten zuen gurasoek ere, eta horregatik bidali zigun gure Jainkoak zorigaitz hau, guri eta hiri honi. Eta zuek, larunbata profanatuz, areagotu egiten duzue Israelen kontrako Jainkoaren sumina».

19 Orduz geroztik, larunbat-bezperan, iluntzen hasi bezain laster, Jerusalemgo ateak ixteko agindu nuen, eta larunbat-biharamunera arte ez irekitzeko. Eta nire gizonetako batzuk jarri nituen atean, larunbatean inolako zamarik sar ez zedin. 20 Merkatariek eta zernahi saltzera zetozenek larunbat-gau bat edo beste Jerusalemdik kanpo igaro behar izan zuten. 21 Baina honela adierazi nien: «Zergatik igarotzen duzue gaua hor harresiaren aurrean? Berriro hori egiten baduzue atxilotu egingo zaituztet!» Harrezkero, ez ziren gehiago larunbatez agertu. 22 Orduan, beren garbikuntza egin eta ateak zaintzera joateko agindu nien lebitarrei, larunbataren santutasuna errespetatua izan zedin.


«Izan gogoan hau ere, ene Jainko; erruki nitaz, hain onbera baitzara!»


23 Judu batzuk emakume axdodtar, amondar eta moabdarrekin ezkondu zirela ere jakin nuen egun haietan. 24 Haien seme-alabetatik erdiak-edo axdoderaz mintzatzen ziren; beste batzuk bateko edo besteko herri arrotzen hizkeraz, baina inork ere ez zekien judu-hizkuntza. 25 Nik aurpegira bota nien hori eta madarikatu egin nituen; jo ere egin nituen batzuk eta ileak atera nizkien; gero, herri haietako jendearekin ez zirela ezkonduko zin eragin nien Jainkoaren izenean. 26 Eta esan nien: «Ez al zuen, bada, horregatik bekatu egin Salomonek, Israelgo erregeak? Ez zen atzerriko nazio guztietan hura bezalako erregerik; maite zuen bere Jainkoak eta Israel osoaren errege ezarri zuen. Hala ere, emakume arrotzek bekatura eraman zuten hura ere! 27 Horregatik, ez dut entzun ere nahi, emakume arrotzekin ezkonduz, Jainkoarekin hain desleial izango zaretenik!»

28 Eliaxib apaiz nagusiaren seme zen Joiadaren seme bat Sanbalat horondarraren alabarekin ezkondua zegoen; horregatik, bota egin nuen neure ondotik.


29 «Ez ahaztu, Jauna, apaizgoa edo apaiz eta lebitarrekin duzun ituna kutsatu duten horietaz!»


30 Beraz, garbitu nuen arrotz-kutsu oro, eta apaiz eta lebitarren eginkizunak zehazten zituzten arauak ezarri nituen. 31 Berriro ezarri nituen epe jakinetan egin behar ziren egur-eskaintzak, bai eta lurraren lehen fruituen eskaintzak ere.


«Oi ene Jainko, gogora zaitez nitaz, eta har nazazu onez!»