Bide Barrijak/Arotzak

Wikitekatik
Jump to navigation Jump to search
Bide Barrijak  (1931)  Lauaxeta
Arotzak

Arotzak


Uriguen'dar Joseba Mirena'ri

Arotzak lan-dagije, zar eta gastiak:
oya batak badagi, ilkutxa bestiak.

—Arren, oya bukatu nasai lo-dagidan
bijotzan poza yatan maitiaz batera.
Begijak apal-itxi luaro aldijan
eta irrija datorke espanen ganera.
Ezkon-barrijen oya, bai-da donetsija,
bertan zorunak dagi maitasun abija.

Arotzak lan-dagije, zar eta gastiak:
oya batak badagi, ilkutxa bestiak.

—Geldiro ilkutxa egin. Eder yat bixitza.
Itzalentzat bakarrik ixaten da ilkutxa.
Or ezin sartu naike maitasun irritsa,
eta gastaruaren lorazko gorputza.
Zerraldua ituna da itxaropen barik,
bertan ezta sortuten ametsen lorarik.

Arotzak lan-dagije, zar eta gastiak:
oya batak badagi, ilkutxa bestiak.

Ixilik gaba dator liluraz bilduta:
Ene arotz gastia, ekin biarrari.
Ain maite dodan oya itxi amaituta.

Arotz zar orrek barriz alde-egin lanari.
Zeure soñak deskatu gauko atsedena.
Goitik ixarrez dator ordurik leunena.

Arotzak lan-dagije, zar eta gastiak:
oya batak badagi, ilkutxa bestiak.

Egunak argi-dagi mendixka ganian:
Arotz agure orrek amaitu dau lana.
Zerraldo baltza daurkit etxeko atian...
Gastia barriz luak uatu dau dana.
Erdi egiñik datza oe ain kutuna.
Orain zertako dogu geure maitasuna?