Bihotz beroak
Bihotz beroak (2020) |
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean. |
Bihotz beroak
[aldatu]Ezkortasunean ez itotzeko ahalegina aldarrikatu nuen orriotan idatzi nuen azken aldian. Pandemia okertzeak neurri murriztaile berriak ekarri ditu harrezkero eta eztabaida bizia sortu da ezkerreko sektoreetan.
Sektore batzuek neurri sanitarioen aurrean matxinatu beharra iradoki dute. Eskubide eta askatasunen ezabaketa izugarri baten aurrean gaudela. Orwellen distopia gauzatua ikusten dute kontrol sozialerako dispositibotzat dituzten gobernu dekretuetan, sistemaren inboluzio autoritarioan jauzi kualitatibo bat. Sekulako terrenoa galtzen ari da ezkerra sektore horien aburuz, otzan irensten ari da sistemaren ofentsiba beldurgarria. Eta horren guztiaren aurrean ezinbestekoa da haserre adierazpen biolento bat, euste-horma bat; sistemaren aurkako bulkadari bide ematea, neurri murriztaileen aurrean errebelatzea.
Erantzunkidetasunaren eta elkar zaintzaren banderari eutsi dio ezker independentistak. Beraien zabarkeriak sortutako zulo tragikoa ez dugu guk handituko, esanez; beraien arduragabekeriari gure ardura kontrajarriko diogu. Ehunka herrikideren bizitzak salbatu nahi baditugu, neurri murriztaileak hartzea beste aukerarik ez dago puntu honetara iritsita. Eta noski, osasun neurri murriztaileak baliabide sozioekonomiko konpentsatzaile sendoen eskutik behar dute.
Betiko legez, dena ez da zuria ala beltza (eta jakina da pentsamendu politikorik aberatsena elkarguneetan dagoela, grisaren tonalitate ezberdinetan, nahiz orekak ez diren errazak astean laurogei lagundik gora hiltzen direnean), eta neurri batzuen zentzua ere kuestionatu da. Botere publikoen jardunak eskatzen duen ezinbesteko gardentasun eta argitasunean jarri da azpimarra, eraginkortasun frogaturik ez duten hainbat erabaki ezin onartuzkoak direla esan da, zer esanik ez erabakiok hartzeko moduak, eta halakoen aurrean jarrera kritikoa ezinbestekoa zaigula.
Ezkortasunaren aurkako ahaleginean tematuko naiz gaurkoan ere. Aipatu hiru posizioetako lehena, “erresistentzialista” zelanbait izendatzearren, oso ohikoa baita ezkerreko diskurtsoetan. Pandemiari aurre egiteko neurriei buruzko eztabaidan modu beligerantean agertzen dena, baina beste hainbatetan, lausoago bada ere, presente dagoena. Adibidez: «Europa krisi ekonomikoari ematen ari zaion erantzuna 2008koari eman zion berbera da; Green Deal-a neoliberalismoaren beste aurpegi bat baino ez da».
Uste dut ezkerrak galdera sinple bat pausatu beharko liokeela bere buruari: Nola daiteke kapitalismoa muturreko antagonismoak sortzen ari den garai historikoan, kolapso zibilizatorioa aukera guztiz erreala denean, alternatiba sistemiko baten gutxieneko trazarik izango duen hautu berdinzale bat gorpuzteko gai ez izatea? Eta ez bada orain, noiz? Gora bihotzak, bai, baina bihotz beroez gain buru hotzak ere behar ditugu. Zein da koiuntura analisia? Non gaude? Boliviara itzuli berri den Alvaro Garcia Linerak berriki esan duenez, hegemonia neoliberala auzitan dago azken 40 urteetan ez bezala: etengabeko hazkundearen mantra, estatuak ekonomian esku hartu behar ez duela, zergak jaitsi eta zerbitzu publikoak pribatizatzea dela eraginkorrena, zer produzitu eta zer kontsumitzen dugun inongo planifikazio publikorik gabe ebatzi behar dela eta abar. Datozen urteetan, krisi zibilizatorioaren testuinguru historiko arriskutsuan, zentzu komun post-neoliberal bat heda daiteke Mendebaldeko gizarteetan. Irekidura bat aspaldi ez bezalakoa, erregresio handi bati bide eman diezaiokeena, bai, baina tamaina bereko aurrerabide berdinzaleari ere bai. Eta ez, ez gaude egoera preintsurrekzional batean.
Hortxe ezker independentistaren aukerak eta erantzukizun historikoa. Krisi aro hau baliatu behar du independentismoak jauzi kualitatibo baterako, bai. Eta horrek, batez ere, botere estrategia bat eskatzen du, estatugintza botere metaketa prozesu bat baita funtsean. Prozesu konplexu bat erresistentzialismotik batere ez duena. Eta hala pandemiaren kudeaketak nola Europako berreraikuntza funtsek, Green Deal-ak zein Espainiako politikak, borroka zelaiak guztiak, leporaino lokaztera behartzen gaituzte, tentsioak kudeatzera.