Biotzean min dut

Wikitekatik
Biotz-begietan  (1930)  Xabier Lizardi
Biotzean min dut

Biotzean min dut


                (ILLETA-ERESI)
                (Amona zanaren eortz-egunean). 

Biotzean min dut, min etsia,
negar ixilla darion miña.
Amonatxo bat nun: gaur, enarak
etorri-garaiez, aldegiña. 
           * * * 

Eguzkirik ez dute
leiotan zapiak;
aur-yolasik ez dago
gaur zure kalean.
Odeiek lits urratu;
itsasoak orro.
Gizadi bat geldirik;
gero, bat-batean: 

        Ots!
        Ots,
bizion oiñok... 
Errezka bi gizonek
argizai oriak;
gorputza lau billobok;
atzetik andreak. 
Ai, ene lor arin au
zein dudan larria!
Besoek ez lan arren,
biotzak nekeak... 

        Ots!
        Ots!
bizion oiñok... 
Mendea ia betea,
ta ain illaun,
gorputz xaar!
Bezak gogoa goien
i beziun ariña,
ta bezat-nik nerea,
dei nazatenean,
ezin-itzal-Argiruntz
egatzeko diña! 

        Ots!
        Ots!
bizion oiñok... 
Orain larogei urte,
kale poz-gabeok
eguzkiak zitun ta,
zure aur-yolasak
alaitzen. Gaur, arriak
ere baitira itzal...
nork lekuskez, ikusi,
urte urdin igesak! 

        Ots!
        Ots!
bizion oiñok... 
Egun zaarrak yoan ta
berriak etorri,
gaur poz biar oiñaze,
noiz burni noiz zillar,
zenbaitek ondamendi
baituten katea 
lore-sorta bekizu
goi-muñoak zear! 

        Ots!
        Ots!
bizion oiñok 

           * * * 
Bat-batean eten da
bizion ots ori.
Gorputza laga dugu
nunbait. Al-dakit nun!
Bultza naute barrura...
ñir-ñir aunitz argi...
ordia-antzo sar nazu,
begi-lauso ta urgun. 

        Ots!
        Ots!
enegan, biotz! 
Amonatxo! Bakarrik
zagoku atean,
otz ta gogor, entzuten
zure azken-Meza!
Zerraldo-olen artetik
(negu-gaua iduri)
ez al-datortzu, uluka,
aize erruki-eza? 

        Ots!
        Ots!
enegan, biotz! 
Begiok ero ditut,
noranai doazkit;
dantza naasi bat dabilt
irudimenean.
Goruntz egik, biotza:
otoika lasa adi!
Ixilla sor badadi
ire barrenean! 

        Ots!
        Ots!
enegan, biotz... 
Ordu bete luzea
Igaro zan. Noizbait,
berriro lor illauna
besoek... Urrena, 
muño baten gaiñean
uri ixil bat: arki.. —
Poz-oiñaze-kateak
emen dik etena. 

        Ots!
        Ots!
bizion oiñok... 

           * * * 
Ol bat yaso ta ikusi
dut musu ximela:
parre-antxa, bizirik
balirau bezela: 

        (Ots!
        Ots!
ler adi, biotz!) 
ordun, ixar bat biztu
du nere gau beltzak.
Begioi malko ixil bat
dardarka darite.
Noizbait itxaro-kabi
biur dan biotzak: 

        (Ots!
        Ots!
yauzika, biotz!) 
«Agur! (oiuka dio)
»gorputz ximur maite!
»Agur, amonatxoa!
»Egun Aundirarte!...» 

           * * * 

Biotzean min dut,
min etsia,
zotiñik-gabeko negar-miña.
Alatsu txoriak, uda-ondoz,
negua du galazi-eziña.