Biziraupenak
Biziraupenak (2020) |
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean. |
Biziraupenak
Covid-19aren testuinguruak erabat baldintzatuak datoz hauteskunde ziklo luze bati amaiera emango dioten hurrengo zita elektoralak. Erkidego Autonomoan kanpainan gaude joan den aspaldian eta datozen asteetan buru-belarri sartuko gara osasun krisiak eta krisi sozioekonomikoak ardaztuko duen lehian. Ez da datarik onena kanpaina politiko baterako, zalantzarik ez; baina bada aukera bat krisi ekonomiko eta sozialaren kudeaketak hartu beharreko norabidearen inguruko eztabaida politikoa sustatzeko. Hori baita epe laburreko zeregina: gainera etorri zaigun krisi sozioekonomikoari nondik eta nola helduko diogun ebaztea.
Baina hori baino gehiago da aztergai beharko lukeenak. Esango nuke covid-19ak hamarkada determinante bat inauguratu duela. Aro aldaketa sakon baten zurrunbiloan sartu gaitu guztiok; mundua oro har eta, zer esanik ez, munduko txoko honetan bizi garen euskal herritarrok ere bai. Uste dut euskal nazio egitasmoak hamar urteko ortzimuga tenporala maneiatu behar duela. Patxada hartu behar dugu, hauteskunde hauek pasata, gure herri egitasmoa hamarkada honek aurkezten dizkigun erronka sozial kolosalei begira birsortzeko. Lehenik eta behin diagnosi sakon eta zintzo bat behar dugu.
Era askotako larrialdiek ezaugarritutako astinaldi handiko garaian murgildu gara. Hamarkada honetan hartzen diren eta hartzen ez diren erabakiek gaurko eta, batez ere, biharko belaunaldien ongizatea baldintzatuko dute. Ez gaude denbora gehiago galtzeko. Ez dakigu datozen hiru hilabeteetan zer pasako den baina behartuak gaude herri hau hamar urte barru irudikatzera. Horrela soilik izango baita posible urgentziaz behar ditugun berrikuntza prozesuei tamainan heltzea. Eta berrikuntza prozesuok disruptiboak izan beharko dira hamar urte barru euskal nazioa zutik mantenduko bada. «Beste halako bi eta euskararenak egin du», Josu Amezagaren hitzak dira Martin Ugalde kultur parkean. Euskal Herriaren garapen eta ongizate neurgailuek adierazten dutena oso da kezkagarria.
Bestalde, covid-19aren krisian zehar beste behin ikusi da badugula gaitasun komunitarioa eta erantzun berritzaileak emateko baldintzetan egon gaitezkeela. Zein da ba orduan arazoa? Non daude galgak bestelako dinamika soziopolitiko bat aktibatzeko? Hauxe izan dugu hizpide Xabier Barandiaran eta biok aste honetan Mondragon Unibertsitateak antolaturiko webinar batean. Tesi bat mantendu du Xabierrek joan den hamarkada osoan zehar: bi familia abertzaleen paradigmak agortu direla eta, ondorioz, abertzaletasuna bera krisian aurkitzen dela, eraberritze sakon baten beharrean. Tesi hori ontzat jo izan dut iraganean, baina denbora badoa eta eutsiezin begitantzen zait ETA isildu zenetik hamar urte joan diren honetan.
Bada diferentzia kualitatibo handi bat bi familia abertzaleen azken hamar urteen bilakaeran. Ezker abertzaleak estrategia aldaketa bat egin zuen, eztabaida sakon eta zabal baten emaitza izan zena. Agorpena esplizitatu egin zuen garaian, baita ondorenean ere, eta eraberritze prozesu sendo bat garatu du azken urteetan zehar bere paradigma garai berrietara ekartzen saiatuz. EAJk ez du horrelakorik egin, ezta hurrik eman ere; kontrakoa baizik. Eraberritze prozesu sakon baterako behar zuen garaia antipedagogia egiteko baliatu du; Estatuarekin aldebikotasun efektiboa genuela antzeztuz, “euskal oasia” gisako narratiba kontserbadore eta neutralizatzaileak baliatuz, herri interesen kalterako ziren erabaki estrategikoak hartuz (Euskaltel) eta, hainbat kasutan, gizarte ekimenetik sor zitezkeen dinamikak neutralizatzen saiatuz. Alderdiaren biziraupena lehenetsi du, batere demokratikoa ez den botere asimetria baliatuz, bide batez.
Ez dut EAJn aldaketarik espero, ez dut inongo zantzurik ikusten halakorik espero ahal izateko. Eta, halere, Euskal Herriak aurrerabideak bilatzen jarraitu beharko du. Eta bi familia abertzaleek hautu bat egin beharko dute, bere ondorio guztiekin: alderdigintza ala aberrigintza; alderdiaren biziraupena ala euskal nazioarena.