Edukira joan

Bizkaiko langileei

Wikitekatik

[...] Bizkaiko meatzeetako langileek, maiatzaren 1ean Gallartako pilotalekuan bildurik, manifestazio berri eta zaratatsuak egin zituzten meatze-eskualde honetako jauntxoek jarritako barrakoi eta derrigorrezko dendak mantentzearen kontra, eta Batzorde bat izendatu zuten botere publikoei horiek laster erabat ken daitezen eskatzeko.

[...] Meatzeetako langile guztiek 1890ean grebara jo zuten, lan-egun mugatzea eta barrakoi eta derrigorrezko dendak kentzea eskatuz. Ondorioz probintzia hau gerra- egoerapean jarri zen eta tropa askok, Loma jeneralaren agindupean, parte hartu behar izan zuten ordena publikoa mantentzeko. Greba-mugimendu hura, Loma jeneralaren aurrean langile eta ugazaben artean adosturiko hitzarmenaren bidez amaitu zen, honen bitartez 10 orduko lan-eguna jarri eta barrakoi zikin eta derrigorrezko dendak behin betiko desagertuz.

Baina handik laster ugazabek beren konpromisoa ahaztu eta barrakoiak berreraiki eta derrigorrezko dendak ezarri zituzten berriro, meatzariei izarretik izarrera lan eraginez. Beste greba batzuk egin ziren, konstituzio-garantiak ostera ere eten eta armadaren indarrak berriz ere jarri ziren mugimenduan.

Gaur egun, nola edo hala, 1890ean ezarririko lan-eguna mantentzen da, baina barrakoi eta derrigorrezko dendei dagokienez, meatze-alde guztian ia-ia lehenengo greba aurretik bezalaxe daude. Bizkai aldean, legeak mespretxatuz eta mende honetako espiritu liberala zapalduz, lanean onartua izateko, nahitaezko baldintza gisa, higienearen kontrako txaboletan bizi eta janariak, onak zein txarrak (ia beti txarrak eta eskandaluzko prezioetan) halako denda jakinetan erosi beharra dago.

Hau guztiau, gure ikuspuntutik, hainbeste aldiz aipatzen den lanerako askatasunaren kontrako eraso ezin larriagoa da, osasun- eta higiene-legeen aurkako iraina eta, batez ere, esplotazio anti-humanitarioa, inongo gobernu landuk onartu behar ez lukeena.

Hala ere, Bizkaiko meatzeetako langileek, barrakoiak eta derrigorrezko dendak kentzeko, esklabotasun berri eta nazkagarriaren zeinuak direnak, grebarako eskubide zilegiaz baliatuko dira, gobernuak eta agintariek uste ez badute egiazko krimenak egiten dituzten kontzientzia gabeko negrero horien aseezintasunari muga bat ezarri behar zaiola behingoz.

La lucha de clases, 86. zenb., 1896-V-23


Lehen iturria: UPV/EHUra sartzeko 2001/2002 ikasturteko hautaproba. UPV/EHUk jatorrizko (gaztelaniazko) testutik egindako euskarazko bi itzulpenak bakarrean bildu dira, bertsio bakoitzeko onena hautatuz. Halaber Kondaira taldeak akats bakanen bat emendatzeko bere erara moldatu du testua.

Bigarren iturria: kondaira.eus


Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License.