Edukira joan

Bukolikoak

Wikitekatik

Bukolikoak, I. Melibeo eta Titiro: erbesteratu beharra.

(Itz.: Andima Ibiñagabeitia. Bergiliren Unai eta Alor-kantak. Iñigo Ruiz Arzalluzen edizioa, Klasikoak 55 - Euskal Editoreen Elkartea, 1992.)

Melibeu-k. Zu, Titir, pagondo zabalaren itzalpean etzanda basa-musaren eresiak txirul segail batez ioten ari zera; guk aberriko muga ta soro atsegiñak utzi bear izan ditugu; sorterritik igesi atera gera; zu, Titir, gerizpean lasai, Amarili ederraren izena ber-esaten, oianei irakasten ari zera.

Titir-ek. Oi, Melibeu! atsarte auek iainko bati zor dizkiot: beti ere hura, iainko izango da niretzat eta aren opalarria, maiz, nere artaldeko bildots xamurren odolez zipriztinduko dut. Dakusunez, ari eskerrak, ene idiak lasa bazka ditezke nun-nai, eta neonek ere basatxirulaz zernai io dezaket.

Melibeu-k. Ez zaitut bekaitz, miraz nago ala ere; soro guztiak erabat asaldaturik daude! Ara, neonek ere, ozta daramazkit aurretik auntz auek; auxe ere, Titir, doi daramat: urraizti sarri batean antxume bizkiak egin ditu oraintsu, artaldearen itxaro; ondikotz, arkaitz gorrian laga ditu. Zoritxar au, —gogoan dut—, ortziak iotako aritzak iragarri zigun; itsuegi izan ni, ordea. Alare, Titir, esaiguzu, arren, iainko ori nor ote duzun.

Titir-ek. Erroma deritzan uria gurearen antzekoa zala uste nun zoro onek, antxume xamurrak eramaten dituguna bezelakoa. Ala uste nitun ttottoek zakurren antzeko, antxumeak, beuren amen ideko; era ortara txikiak aundiekin erka oi nitun. Uri ark, ordea, uztailatze apalen artean nekostak baiño garaigo iaso du bere burua beste guztien artean.

Melibeu-k. Zerk piztu zizun Erromarako orren gurari bizia?

Titir-ek. Askatasunak! Berandu bederen begiratu zidan erbail oni; bizarra iñoiz baiño urdiñago mozten nun garaian. Begiratu zidan bai, ta azkenean etorri ere zitzaidan Galatee-k utzi ta Amarili-k artu nindunez gero. Ala ere, aitortu bear dut, Galatee-k nendukanean ez neukan askatasunaren itxarorik, ezta diruaren ardurarik ere. Alperrik ateratzen nitun esi artetik urirako opalgaiak, baita gaztai guriak ere. Ez nun iñoiz ere diruz astun sakelik etxeratzen!

Melibeu-k. Zurtuta nengon, Amarili, zer zala-ta orren its iainkoei deiez ari ziñan, eta norentzako uzten ote zenitun igaliak zuaitzetan zintzilik. Ioana zan Titir! Lerrondoak eurak, iturriak, zugazti auek ere zuri deiez zeuden.

Titir-ek. Zer besterik egin ote nezakean? Bestela ezin nindekean ioputzatik irten, ezta iainko laguntzaille auek ezagutu ere, nonbait. Orduntxe, Melibeu, ikusi nun gazte hura, sei-urrenez, urtean birritan, gure opal-arriek kea eskeintzen dien gazte hura. Eta orduntxe nere galdeari aurrenekoz erantzun zion ark: «Aurrak! idiak bazka itzatzute, len bezela; zezenak ezi itzazute».

Melibeu-k. Agure zoriontsua zu! Onezkero soroek zure iraungo dute. Aski dukezu, naiz ta larreak lur-etze biurturik ta ii-basatsuz idoiturik egon! Zure ardi emariek ez dute bazka ez-ezagunik irrikatuko, ezta auzoko abereen izurriak ere ez ditu ukituko. Agure doatsua! Ibai ezagun auen artean eta iturri guren oien aldamenean, ozkirri ta ozpel giro izango dituzu. Alde batetik, oi bezela, sarats loretsuz hiblar erleak alatzen ditun auzo-mugako esiak, mur-mur goxo ta biguñez lotarako ots egingo dizu; bestetik, ordea, arkaitz garaipean kimatzailleak bere abestiak aizetara iaurtiko ditu. Auek gorabera, begiko dituzun usoek ez ditute beren urrumak etengo, ezta zumar-ondoko uxapalek ere beren minkuriña eguratsa zear.

Titir-ek. Aren irudia gure biotzetik ezaba baiño len orein ariñak ortzian bazkatzen ikusiko ditugu; ibaiak arrain gorriak ertzera iaurtitzen eta Aberri-mugak elkar aldatuta, Partiarrak Arari-ko urak eta germandarrak Tigri-tik edaten.

Melibeu-k. Gutariko batzu, ordea, Aprika egartsura ioango gera, beste batzu Eskiti-ra, Oaxes ibai lasterraren aldamenera, edota mundutik bereiz bizi diran breiz-tarretara. Iñoiz ikus aal izango ote ditut ene gurasoen mugarteok edota nere etxola txiroaren gaindegia belarrez iosita? Gerora, nere aginterriok ikustean galbururik miretsiko ote dut? Ain ondo landu luberriok gudari gaiztoen batek ukanen ote? Uzta auek arrotzen batek? Orientzako erein genitun soro auek! Orra elkar-aserreak zertaratu ditun erritar errukarriak! Orain, Melibeu, txerta itzatzu udarondoak, mastiak lerrokatu itzatzu. Zoazte ene aldi bateko artalde zoriontsuak, zoazte ene auntzok; gaurgero, ez zaituztet ikusiko leize orlegian etzanda, ezta urrutiko arkaitz goroldiotsutik zintzilika ere. Ez dut geiago kanturik abestuko. Ez zaituztet geiago bazkatuko erratz loretsuz ezta sarats gaziz ere, nere auntz maiteok. Titir-ek. Ala ere gau ontan, ementxe, nerekin, osto muskerren gaiñean atseden ar zenezake. Baditut igali umoak, gaztain biguñak baita gaztaiak ugari ere. Basetxe urrunetako gaindegiak ke-dario daude dagoeneko, eta itzalak, aundituz, mendi garaietatik bera erortzen ari dira.


Bukolikoak, II. Koridonen maitasuna eta Alexisen erdeinua.

(Itz.: Iñigo Ruiz Arzalluz. Bukolikak eta Georkikak. Bibliotheca Scriptorum Classicorum Vasconica, Eusko Jaurlaritza - EHU, 1997.)

Corydon artzaina garretan zen Alexis ederrarengatik —jaunaren atsegina— eta ez zuen zer itxaron. Soilik pago sarrien artera, adaburu gerizpetsuak, maiz etortzen zen; han, bakarrik, araugabeko hauek mendi eta basoei botatzen zizkien alferreko arretaz:

«Alexis ankerrori, ez al zara nire abestiez ezer arduratzen? ez gutaz ezer errukitzen? hiltzera behartuko nauzu azkenean. Orain abereek ere gerizpe eta hotzak bilatzen dituzte, orain elorriek ere musker berdeak ezkutatzen dituzte, eta Thestylisek bero oldarrak nekatu biltzaileentzat baratzuriak eta sarpoila, belar usaindunak, ehotzen ditu; niri ordea, zure arrastoa ibiltzen dudan bitartean, eguzki sutsu baten pean zuhaixkek erantzuten didate txitxar erlatsekin batera. Ez al zen hobe Amaryllisen haserrealdi tristeak eta erdeinu arroak pairatzea? ez al zen hobe Menalcas pairatzea, nahiz eta hura beltza, nahiz eta zu zuria izan? Oi mutil ederrori, ez koloreari gehiegi sinets: zuhandor zuriak erori egiten dira, basaran beltzak bildu.

Arbuiatu egiten nauzu, eta ez duzu nor naizen galdetzen, Alexis, zein aberats arditan, zein izandun elurrezko esnetan. Nire mila arkume alderrai dabiltza siciliar mendietan, ez dut falta esne freskoa ez udan ez hotzetean. Dircear Amphionek Acteko Aracynthon saldoari hots egiten zionean abestu ohi zituenak abesten ditut. Eta ez naiz horren zatarra: arestian neure burua ikusi dut itsasertzean, itsasoa haizeekin lasai zegoenean; ez naiz, zu epaile, Daphnisen beldur izango, irudiak inoiz engainatzen ez badu. Oi! atsegin bekizula bakarrik lur zikin eta txabola apaletan nirekin bizitzea, eta oreinak ehizatzea eta antxumeen taldea ziguin berdera eramatea! Nirekin batera, basoetan, Pan antzeratuko duzu abesten (Panek irakatsi zuen lehenen kanabera asko argizariz itsasten; Pan arduratzen da ardiez eta ardien zaintzaileez), eta ez penatu ezpaintxoa zakartu baduzu kanaberarekin: hauek berauek ikasteko, zer ez zuen egiten Amyntasek? Zazpi hodi desberdinez osatutako txirula dut, Dametasek aspaldi oparitua, eta hiltzean esan zidan: ‘orain zu zaitu honek bigarren’. Esan egin zuen Dametasek; bekaiztu zen Amyntas ergela. Gainera bi basahuntzek, ibar ez seguruan neuk aurkituak, oraindik larruak zuriz nabartuak, bina ardi titi lehortzen dituzte egunean; hauek zuretzat gordetzen ditut. Aspalditik erregutzen dit Thestylisek haiek eramateko, eta egingo du, nazkatu egiten zaituzte-eta gure opariek.

Zatoz hona, mutil ederrori: hara, ninfek liliak dakartzate zuretzat otarre beteka; naiade zuriak bioleta zurpailak eta lo-belar garaiak biltzen ditu, lilipa eta usain oneko miluaren lorea zuretzat gehitzen ditu; orduan, izpiliku eta beste belar gozo batzuekin ehunez, aingeru-lore oriaz nabarmentzen ditu basaran biguinak. Nik neuk bilduko ditut bizar leuneko irasagar zuristak, eta gaztainak, nire Amaryllisek maite zituenak; gehi ditzadan argizarizko aranak (fruta honek ere izango du ohorea), eta zuek ere bai, erramuak, eta horien laguna zarena, mirtoa, zu ere har zaitzadan; honela jarrita usain gozoak nahasten dituzue-eta.

Baserritarra zara, Corydon; Alexis ez da opariekin arduratzen eta, opariz lehiatuko bazina, Iollas ez litzateke atzean geratuko. Ene ene, zer nahi nuen, errukarrionek? itsututa, Austroa lore artera eraman dut, eta basurdeak iturri gardenetara. Norengandik egiten duzu ihes, zoroori? jainkoak ere basoetan bizi izan dira, baita Dardanotar Paris ere. Pallas, hiriak sortu zituena, bera bizi dadila horietan; guri basoak izan dakizkigula atsegin gauza guztien aurretik. Lehoi betokerra otsoari darraio, otsoa bera antxumeari, isats loretsuari antxume jolastia darraio, zuri, oi Alexis, Corydon: nor bere gurariak darabil. Begira, zekorrek uztarritik zintzilik dakartzate goldeak, eta eguzkiak, erortzean, haziz doazen itzalak bikoizten ditu; ni ordea maitasunak erretzen nau; zein neurri leukake bada maitasunak?

Ai Corydon, Corydon, zein zoramenek hartu zaitu! Erdi inausita duzu zumar hostotsuan mahatsondoa; bada ere, zergatik ez zara saiatzen, hobe, beharreko zerbait zume eta ihi malguez ehuntzen? aurkituko duzu, honek erdeinatzen bazaitu, beste Alexis bat».


Iturria: Bilbao Telletxea, G. (2002): Latin-literaturarako sarbidea: idazleak eta idazlanak, UEU, Bilbo, 118-121.


Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License.