Edukira joan

Delituez eta zigorrez/Hitzaurrea

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
Hitzaurrea
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Hitzaurrea

Dei Delitti e delle Pene 1764an argitaratu zen Livornon, egile-izenik gabe, Marco Coltellini Abatearen moldiztegian. Liburuak arrakasta handia lortu zuen berehala Europako giro ikasietan, eta honen adierazgarririk onena, liburua agertu eta urtebetera elkarte suizar batek, Bernako Elkarte Patriotikoak, hartu zuen erabakia: «hogei dukateko domina eskaintzea delituei eta zigorrei buruz italieraz argitaratu den tratatuaren egile ezezagunari, eta bere burua ezagutarazteko eta ospetsu bihurtzeko gonbita luzatzea, gizadiaren alde eta aurreiritzi errotuenen aurka egiten ausartu den hiritar jatorrari».

Liburuak halako arrakasta izan bazuen, une historiko hura bere orrietan agertzen ziren erako gogoetak zabaltzeko egokiena zelako izan zen, neurri handi batean.

Ez da kasualitatea liburuaren argitalpen asko Robert Damiensen urkamendiaren kontaketarekin etortzea, La Greveko Plazan, oinaze arrunt eta bereziaz, Luiz XV.a aiztoz zauritzeagatik; edota edizio latinamerikarren batean Tupac Amaruren urkamendia agertzea, El Cuzcoko Arma-plazan. Kontakizun hauen bidez jabe daiteke irakurlea zer nolako zigor-izua erabiltzen zuten orduko monarkia absolutoek.

Liburu hau azaldu baino lehen, Voltaireren prosak bere Zapalduen alde-rekin ederki astindu zituen orduko giro ilustratuak. Zera zioen Voltairek: «Calasen erailketa, justiziaren ezpatak Okzitaniako Tolosan 1762ko martxoaren 9an burutua, inoizko gertakizunik berezienetakoa da, gure garaikideen eta ondorengoen arreta merezi duena». Merkatari hugonote hau gurpilean hil zuten bere semea erailtzearen akusaziopean, inolako froga sinesgarririk gabe, eta gertaera honek gogoeta indibidual eta kolektiboa eragingo du zuzenbide penalak estatu batean izan behar duen edukiaz; izan ere, orduko pentsamendu ilustratuaren arabera, estatua gizakiak sortutako tresna baitzen denok zoriontsuago izateko, eta, honengatik, itzuli kopernikar bat jarriko da abian, dotrinan lehenik eta zigor-legeetan gero.

Erregearen, estatuaren eta soberaniaren jainkozko jatorriaren arteko identifikazioak bere baitan zekarren, orokorrean, boterea monarkaren eskuetan pilatzea, eta zigor-eremuan delitu eta bekatu ideiak elkarren gainean jartzea, eta auzi penala erruztatuaren aitorpena lortzera bideratzea, inkisizio-prozedurak erabiliz. Honi gehi diezaiogun zigorren gogortasun nabarmena, egoera hau saihets zezaketen bide politiko eta juridikoen gabeziak eragindako sistemaren krisia, eta zigorren berdintasun falta, legeetan beraietan aurreikusia, batetik delituak ez zeudelako behar bezala deskribatuak, bestetik epaileen iritzira uzten zelako zigorren zehazpena, edota, azkenik, nobleziak pribilegioak zituelako lege penalaren aurrean.

Estatu honen aurka eta, beraz, zuzenbide honen eta bere erabileraren aurka jaiki ziren argien mendeko figura nagusiak. Rousseau, dibinitatearen soberaniaren jatorria gizarte-hitzarmenean kokatu zuena, eta Montesquieu, estatuko botereen banaketa ezinbestekoa azpimarratu zuena. Biak mintzatzen dira beren idatzietan zuzenbide penalaz. Hona hemen, adibide gisa, Montesquieuren testu hau bere Legeen Espiritua liburutik aterea: «Gizakia ez da bide arraroetatik eraman behar; aitzitik, oso kontu handiz aukeratu behar dira naturak gizakia gidatzeko eman dizkigun bitartekoak. Lasaikeriaren jatorria zein den aztertzen badugu, delituen zigorgabetasuna dela ikusiko dugu, eta ez zigorren biguntasuna», eta geroago: «Nahi eta nahiezkoa da zigorrek beren artean oreka gordetzea, nahi eta nahiezkoa delako delitu larria saihesten ahalegin handiagoa jartzea, delitu arina saihesten baino, gizartea asko samintzen duena, gutxi samintzen duena baino».

Kontestu honetan agertzen da liburu hau 1764an, eta bai liburuaren eta bai bere egilearen historia une historiko haren aderazgarri onak dira. Cesare Bonesana, Beccaria-ko markesa, Milanen jaio zen 1738an, familia noble baten baitan. Oso heziketa tradizionala hartu zuen Parmako Jesuiten Ikastetxean; ondoren, jurisprudentzia ikasi zuen Paviako Unibertsitate ospetsuan. Milanera itzuli zenean, gune ilustratuetan murgildu zen; hauek Pietro eta Alessandro Verri anaien etxean biltzen ziren, «Accademia dei Pugni» delakoan.

Liburu hau batzarleku honetan izandako eztabaida eta gogoeten ondorioa da. Beccaríak, nolabait esteko, forma eman zien han izandago eztabaidei. Garai hartako gutuneria oparoari esker, frogatua dago Verritarren bultzada eta liburuan izan zuten eragin zuzena. Esate baterako, 1780an, zera idazten zion Pietrok bere anaiari: «… liburua Beccariak egin du, estiloaz zerbait dakien edonork igarriko du ez dela nirea, baina esan dezaket, bene-benetan, liburu hau ez zela ni gabe egingo eta argitaratuko, badakidala bertako ideien zati handi bat gu bion artean garatua dela, torturari dagokion atala nire oharretatik aterata dagoela…».

Liburua idatzi baino lehenxeago, Beccaria bere familiatik urrundu zen, Teresa Blascorekin ezkondu zenean gurasoen borondatearen kontra. Teresa Blascorekin bi alaba izan zituen, bietako bat, Julia, Alessandro Manzoniren ama izango da.

Liburuaren arrakastak —edizio mordoa egin zen, eta itzuli eta hedatu Europa guztian— gizon ospetsu bihurtuko du Beccaria, eta erreferentzia saihestezina izango da edozein eztabaidatan. Liburuaren mamia sutsu goraipatzen dute batzuek eta garratz gaitzesten beste batzuek, eta bere egilea ezinbestez gonbidatzen kontinenteko elkarte ilustratu guztietara. Beccariak Parisera joatea onartzen du bakarrik, ezustean itzultzen da handik, eta ospea eman zion liburutik urruntzen hasten da. Lehen momentu batean, berarentzat apropos sortutako Ekonomia katedra bat hartu zuen. Geroago, alargun geratu eta Anna Barbórekin ezkondu zen, eta seme bat izan zuen, Julio, eta, denbora berean, Administrazioko goi-funtzionario egin zen. Bere bizitzako gainontzeko egunak Milanen eman zituen, oso bizimodu iluna eramanez. 1794an hil zen.

Liburu hau irakurtzean, berehala ikusten da egileak Frantziako filosofo ilustratuekin duen lotura sendoa, «nik dena liburu frantsesei zor diet… filosofo frantsesek bere kolonia dute Amerika honetan, eta gu beren ikasleak gara», diotsa gutun batean Morelet-i, bere frantses itzultzaileari. Horregatik, bere edukia —ezinezkoa zen beste era batera izatea—, orduan indarrean zegon zuzenbide penalari eta prozesalari egindako kritika sistematikoa da. Tomás y Valiente-k dekalogo honetan laburbiltzen ditu Beccariak aldarrikatzen duen zuzenbide penalaren ezaugarriak: 1. Zentzuntasuna, 2. Zuzenbide penalaren legaltasuna, 3. Justizia penalaren izaera publikoa, auzi akusatzailea eta ez inkisitiboa, 4. Noble, burges eta herri xehearen arteko berdintasuna lege penalaren aurrean, 5. Delituen larritasuna gizartean eragindako kaltearen arabera neurtzea, 6. Zigorrak ez dira eraginkorragoak ankerragoak direlako, 7. Zigorraren helburua, gaizkilea zigortzea baino gehiago, etorkizunean gerta daitezkeen balizko delituak eragoztea da, 8. Oreka zehatza delituen eta zigorren artean, 9. Heriotza-zigorra injustua da, eta ez da ez beharrezkoa eta ez eraginkorra, 10. Azkenik, garbi izan behar da egokiagoa eta zuzenagoa dela prebenitzea zigortzea baino.

Nire ustez, laburbilduz, liburuan aldarrikatzen den Zuzenbide Penalaren edukiak oinarri bat eta bi ondorio edo ezaugarri ditu, berak erdietsi nahi duen sistema penala gizarte-sistema pertsonalista bati dagokiona da eta. Zuzenbide Penal honen oinarria beraren beharrizana da, eta legaltasuna eta gizatasuna bere bi ezaugarriak.

Liburu honen proposamenetan inspiratu zen garaiko zenbait monarka ilustratu beren berrikuntzak egiteko, Rusiako Katalina II.a, Austriako Jose II.a eta Toscanako Leopoldo, adibide esanguratsuenak aipatzearren. Baina, esan beharrik ez, gizarte-ituna ez zen monarkia ilustratuen abiapuntua, eta hauek ere ez zuten botere-banaketa Beccariaren orrialdeetan aldarrikatzen den erara egituratzen, horretarako zuzenbide penalari bidea irekiko zion estatu-eredua ezarri behar baitzen.

Esan nahi dena da, zuzenbide penal horrek estatu-eredu desberdina eskatzen zuela, eta hau gauzatzen ez zen bitartean ezinezkoa zela osorik garatzea Delituez eta Zigorrez-en baitan dagoen legegintza proiektua.

Liburu honetan agertzen den zuzenbide penalak zein bereizgarri duen galdetzen badugu, zuzenbidezko estatu liberalaren zuzenbide penalak zein bereizgarri duen galdetzen ari gara. Normalean, bi ezaugarri nabarmen aitortzen zaizkio: legaltasun-irizpidea eta zigorren biguntasuna. Oinarri biak estatu-tresnaren sortzaile den hitzarmen ideian sustraitzen dira. «Beharrizana izan zen, beraz, gizona bere askatasunaren zati bat ematera bultzatu zuena», dio Beccariak, eta geroago jarraitzen du, «osasun publikoaren gordailua zaindu beharraren muga gainditzen duten zigorrak injustuak dira berez».

Bi mende geroago, Ordezko Proiektu alemaniarraren egileek, zinez liberala zen zuzenbide penal baten azken bultzatzaileek, zuzenbide penalaren oinarriez gogoeta egiten zutenean, honakoa esaten zuten zalantzarik gabe, «zuzenbide penala behar garratz bat baino ez zela».

Zuzenbide penalaren justifikazioa gizartean bertan bilatzea, gizartearen iraupenean, eta hau gizabanakoaren neurrira egitea, da, zalantzarik gabe, Beccariak proposatzen duen egitasmoaren ardatza. 1789ko abuztuaren 26ko Gizakien eta Hiritarren Eskubideen Deklarazioa bera ere ideia hauen azalpena da. Baieztapen honekin hasten da honen 5. atala: «Legeak gizartearentzat kaltegarri diren ekintzak debekatzeko eskubidea du bakarrik», eta aurrerago, 8. atalean, azpimarratzen du: «Legeak zigor zehatzak eta behar-beharrezkoak bakarrik ezarri behar ditu».

Delitua zer den esateko irizpidea, beraz, eragiten duen kalte soziala da, eta ez ordena etiko jakin bati egiten omen diona, eta, beti ere, gizarte jakin bati begira, Deklarazioak oinarritzat hartzen duenari, hain zuzen. Irizpide hau dotrinatzat erabiltzen da gaur egun on juridikoan eta gizarte-eredu pertsonalistan oinarrituriko edozein dotrina lantzeko. Hauxe da gure jarrera ere, on juridikoaren teoriak legegile penalaren jarduerari, bere eduki konkretuetan, muga bat jar diezaiokeela pentsatzen dugun guztiona.

«Irizpide hauen lehen ondorioa honakoa da: legeak bakarrik ezarri ahal diola zigorra delituari, eta ahalmen hau legegilearen baitan baino ezin daitekeela egon, honek gizarte osoa ordezkatzen duelako gizarte-itun bat dela medio», esaten du Beccariak, eta honekin ez du Rousseauren ikusmolde orokorrak zigor-eremura eraman besterik egiten, honek tresna bat eskatzen baitzuen gorputz politikoaren hitzarmena eguneratzeko, eta Montesquieurenak, honek hitzarmena hiritarrak ordezkatuak egotearekin lotzen baitzuen.

1789ko Gizakien eta Hiritarren Eskubideen Deklara-

zioak ere jasotzen du ikuspegi hau, zera esaten baitu Legeari buruz ari delarik bere 6. artikuluan: hiritar orok du, pertsonalki edo beren ordezkarien bitartez, bere sorkuntzan parte hartzeko eskubidea», eta aurrerago, lehen aipaturiko 8. artikuluan, zera azpimarratzen du, «inor ezin da zigortu, delitua egin baino lehenago ezarri eta aldarrikatutako legearen arabera ez bada».

Aho batez onartzen da legaltasun-irizpidea, sustraiak zuzenbidezko estatu liberalaren oinarri politikoan dituena, Sax-ek esan zuen bezala, ilustrazioaren alaba dela.

Irizpide honen historia bere oinarriaren ahazturaren historia izan da batzuetan, zeren eta bere izaera aldarrikatzeak ez baitu esan nahi irizpide orokor bat badenik halako ekintza delitua dela eta zigor jakin bat merezi duela zehazten duena; esan nahi da lege horrek eduki eta jatorri jakin bat izan behar duela.

Horregatik, zigortzeko ahalmena zilegiztatuko duen jatorri jakin bat behar du. Zuzenbide estatuaren egituran, legegilea ez da legeak egiten dituena, hitzarmena onartu zutenen ordezkaria baizik, eta, horregatik, legeak egiteko legitimatua dagoena. Demokratikoki aukeratutako legebiltzarrean adierazten den borondate orokorrarren mamitzea izan behar du legeak. Honek bakarrik ahalbidetzen du legaltasun irizpidea, zuzenbide estatuari dagokion irizpidea ez ezik, estatu demokratikoarena ere izatea. Irizpide honekin bakarrik berma daiteke zigor araudietan komunitatearen interes guztiak ordezkatuko dituen bidea. Honen benetako gauzatzea beste eragile extrapenal batzuek baldintzatzen dute, hauteskunde-sistemak, esate baterako. Ohar gaitezen legaltasun-irizpidearen benetako gauzatzea, azken batean, berarengandik at dauden baldintzen gorabeheran dagoela.

Baina gizarte-ordena guztia gizabanakoaren gainean sustraitzea eta hau gizarte-hitzarmenean oinarritzea da Iraultzatik jaiotako zuzenbide penalari egozten zaion beste ezaugarri baten iturria, bere edukiaren humanizazioarena, hain zuzen.

Zuzenbide Penala gauzatzean egiten ziren gehiegikeriak, lehen aipatu dugun Calas kasua, Damiens-en urkamendi ezaguna eta beste anitz, bateraezinak ziren beharrizanaren irizpidea eskatzen zuen hitzarmen ideiarekin.

Gehiago esango dugu, Beccaria, Marat, Montesquieu edo Voltaire-ren testuen irakurketak garbi uzten du zigorraren helburua prebentzioa dela, gaur egun prebentzio orokorra deitzen duguna, eta prebentzio hau oreka-irizpidea errespetatuz lor daitekeela bakarrik.

Montesquieuk bere Legeen Espiritua liburuan, lehen ikusi dugunez, zera dio: «Nahi eta nahiezkoa da zigorrek beren artean oreka gordetzea, nahi eta nahiezkoa delako delitu larria saihesten ahalegin handiagoa jartzea, delitu arina saihesten baino, gizartea asko samintzen duena, gutxi samintzen duena baino».

Zera esaten du Beccariak ildo beretik: «Zigor berdina jartzen bazaie gizartea modu ezberdinean samintzen duten bi delituri, gizakiak ez du handiena egiteko eragozpen berezirik aurkituko, harekin onura handiagoa lortzen badu».

Zigorrak, beraz, orekan egon behar du delituak eragindako kaltearekin, eta oreka hau prebentzioan oinarritzen da.

Lege batetik eratortzen den prebentzio-ahalmena ez dago bere gogortasunean, legea gauzatuko den ziurtasunean baizik. Arrazoiz gogoratzen zuen Montesquieuk: «Lasaikeriaren jatorria zein den aztertzen badugu, delituen zigorgabetasuna dela ikusiko dugu, eta ez zigorren biguntasuna».

Testu berean, Montesquieuk motibazioaren garrantzi soziala somatzen du, gaur egun Muñoz Conde bezalako autoreek garatu dutena: «Zigorren gogortasuna izuan oinarritutako gobernu despotikoei komeni zaie batik bat. Estatu moderatuetan —gehitzen du— aberriaren maitasuna, lotsa edo gaitzespenaren beldurra dira arrazoi nagusiak, delitu asko saihets dezaketenak».

Izan ere, diktaduretan Zuzenbide Penalak egiten duen gizarte kontrola beste instantzia batzuetatik egiten denaren aurka egoten da. Eta hau gauzatzeko bide bakarra gogorkeria da; erregimen demokratikoetan, zigor eskubidearen kontrol sozialak beste kontrol-instantzien norabide berean jokatuko du.

Oinarri hauekin, beharrizan-irizpideak zera bilatzen du orokorrean: zigorren gogortasuna leuntzea. Beccariaren liburuak zigorrei ankerkeria kendu behar zaiela errepikatzen du behin eta berriro, eta hau sasoiko espirituaren harian dago; orduko monarka ilustratuen erreforma ezagunak dira honen froga garbiak.

Ideia hauek zigorren edukiak bigunduz gauzatzen dira, zuzenbide penalak ezin baitu gizakiaren duintasuna samindu. Estatu liberalaren jokalekua sortu izanak gauza hauen inguruan gogoeta egiteko eta ideia hauek garatzeko bide eman zion gizakiari. Pertsonaren duintasunak gorputz-zigorrak zokoratzea ekarri zuen lehendabizi, heriotza-zigorra gero, eta zigor-zuzenbidearen edukia biguntzea edo iraupen luzeko zigorrak zalantzan jartzea beranduago.

Dei Delitti e delle Pene-ren gaztelerazko itzulpena, Juan Antonio de las Casas-ek egina, 1774an argitaratu zen, baina ez administrazio-eragozpenik gabe, nahiz eta hauek Gaztelako Kontseiluaren aurrean Campoamor fiskalak egindako dilijentziei esker gainditu ziren. Sarrera-ohar baten bidez, itzultzailea bera Inkisizioarekin izan zitzakeen arazoei zirkin egiten ahalegindu zen, Beccariak liburuan zehar isurtzen zuen ikuspegi politiko eta erlijiosotik garbi aldenduz.

Zuzenbide penalaren Espainiako egoera eta Europako beste herrialdeetakoa ez zen oso ezberdina zigorren gogortasunari edo legearekiko atxikimendu faltari dagokionean, nahiz eta, menturaz, hemen Elizaren eragina handiagoa izan Inkisizioaren jardueraren bitartez. Izan ere, Inkisizioak 1774ko ekainaren 20an debekatu egin zuen liburua irakurtzea, baina liburuari baimena ematen jarraitu zuen Gaztelako Kontseiluak. Honekin nabarmen geratu zen pentsamendu ilustratuak administrazio-esparruetan zuen eragina, Carlos III.aren erregetza garaian. Liburuaren zabalkundearekin areagotu egingo da eragin hau alor penalean, baita itzulpena agertu aurretik ere. Eragin honen kariaz, zigor-legeria zentzatzeko eta berritzeko ahalegina egingo da Gaztelako Kontseiluaren aurrean, pentsamendu ilustratuaren ordezkari nabarmenetariko baten, De la Roda ministroaren, eskutik. Iturburu berdina du Manuel de Lardizabalen obrak, Discurso sobre las penas contraído a las leyes criminales de España para facilitar su reforma. Lardizabalek, jatorri euskaldunekoa eta Mexikoko Tlaxcala-n jaioa, zigorrak biguntzeko eta legeria zentzatzeko ideia bere egiten ditu liburu honetan, baina ez du onartzen Beccariaren pentsamenduaren abiapuntua, zera baitio: «gobernatzeko ahalmena eta eskubidea, eta horretarako bitarteko zehatzak aukeratzeko gaitasuna Jainkoarengandik dator».

Ez dator Lardizabalekin guztiz bat, baina bai ostera Beccariarekin, Salamankako Unibertsitateko Filosofia Ikastetxeko irakasle-taldea, Espainian pentsamendu liberala sartzeko giltza izan zena. Aipagarriak Ramon Salas, bere idatzietan beti Doctor Salamanca bezala izenpetzen zuena, Inkisizioaren erabakiz bere katedra galdu eta espetxea ezagututakoa, edo Toribio Nuñez, Unibertsitate honetako liburuzaina eta liberal sutsua. Beren eraginez itzuli zen Jeremias Benthan-en pentsamendua, eta biek aitortzen dute Beccariaren liburuaren miresle direla. Salasen hitzetan: «Montesquieu Lehendakariari Beccariako Markesak jarraitu zion, zeinek delituei eta zigorrei buruzko legeriaz ezagutzen dudan libururik onena eman zigun».

Beccariaren lege-proposamenek eragina izan zuten, lehen ikusi dugun bezala, Europako zenbait legeriatan, baina ez Espainian, non 1822ko Kodera arte —oso denbora gutxi iraun zuena, bestalde— ez ziren gauzatu lege-testu batean. Anton Oneca-k gogora ekartzen duen bezala, egile italiarra izan zen aipatuena, Benthanen ondoren, gure lehen Kodea egiteko izan ziren eztabaidetan. Absolutismoa itzuli zenean, Legeria zaharra ezarri zen berriro, eta honek atzeratu egingo du gure herrian Zuzenbide Penal Liberalaren irizpideak onartzea; hauek 1848an sartuko ziren, Eskola Klasikoaren dotrinaren eskutik.

Gaur, agertu zenetik hainbeste denbora igaro arren, sinbolo bat izaten jarraitzen du liburu honek: lehenaldia eta geroaldia markatzen du Zuzenbide Penalaren alorrean. Gaur, gizakiarengan eta bere eskubideetan oinarritutako zigor-araudiaz dihardugunean, edo beharrizanaren irizpideaz zigorra emateko orduan, edo prebentzio orokorraz, edo inkisizio-auziarekin amaitu beharraz, ondorengo orrialdetan biltzen diren Verri anaien batzarlekuko eztabaiden ondorioez dihardugu.


Salamanka, 1999ko ekaina

Ignacio Berdugo Gómez de la Torre

Zuzenbide Penaleko Katedratikoa eta

Salamankako Unibertsitateko Erretorea