Edukira joan

Delituez eta zigorrez/XLVI.Barkamenaz

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
XLVI.Barkamenaz
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XLVI.Barkamenaz

Zigorrak zenbat eta bigunago, orduan eta erruki eta barkamenak alferrikoago. Zoriontsua hauek kaltegarritzat jotzen dituen nazioa! Errukia, beraz, noiz edo noiz soberanoarentzat tronuko beteharren bertute osagarria izan ohi dena, baztertu egin beharko litzateke zigor biguneko eta epaibide ondo arautu eta garbiko legeria perfektu batean. Egia hau gogorra egingo zaio sistema kriminalaren bidegabekerian bizi denari, non barkamen eta graziak beharrezkoak diren lege zentzugabeen eta zigor ankerren neurri berean. Hau da tronuaren eskubiderik handiena, hau soberanotasunaren ezaugarririk kutunena, eta hau zorion publikoaren banatzaileek legeriari egiten dioten laido isila, legeriak, azken batean, bere akats guztiekin, mendeetako bermea baitu bere alde, iritzi-emale ugariren lan zabal eta ikaragarria, betiko formalitateen tresneria astuna, eta sasijakintsu kalakari eta gaitzbakoen atxikimendua. Baina errukia legegilearen bertutea dela esaten da, eta ez legeen gauzatzailearena; legerian egin behar duela distira, eta ez epaiketa partikularretan; delituak barka daitezkeela erakustea, zigorra ez dela nahitaezko ondorioa, alegia, inpunitatearen laudorioa egitea da, eta sinestaraztea barkatzen ez diren zigorrak indarraren bortxakeriak direla justiziaren ondorio baino gehiago. Zer esango da gero printzeak norbaiti barkamena ematen dionean, segurtasun publikoa, alegia, eta, onberatasun argitu gabekoz, ekintza pribatu baten bidez inpunitate dekretu publiko bat osatzen duenean. Legeak izan daitezela, beraz, tinkoak, eta tinkoak haien gauzatzaileak kasu bakoitzean, baina legegilea izan dadila gozoa, errukitsua, gizalegekoa. Izan dadila arkitekto jakintsua, eraiki dezala bere etxea maitasunaren oinarri gainean, eta interes orokorrak izan daitezela bakoitzaren interes, eta orduan ez da une oroz behartua sentituko, lege partzialekin eta erremedio istilutsuekin, onura publikoa bakoitzaren onuratik bereiztera, eta ongizate publikoaren itxurakeria beldurraren eta mesfidantzaren gainean eraikitzera. Filosofo sakon eta sentibera, utz iezaiezue gizonei, zuen anai-arrebei, beren zoriontasun zatitxoa bakean gozatzen, lehen Eragileak sortutako sistema bikainak unibertsoaren bazter honetan gozatzen uzten dien zatitxo hori.