Edukira joan

Delituez eta zigorrez/XXXVI.Hilketa-sariaz

Wikitekatik
Delituez eta zigorrez  (1764)  Cesare Beccaria, translated by Juan Martin Elexpuru Arregi
XXXVI.Hilketa-sariaz
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

XXXVI.Hilketa-sariaz

Beste kontua da ea egokia den errudun baten buruari salneurria jartzea, hiritar baten eskua armatuz eta hura borrero bihurtuz. Erruztatua mugen kanpoan edo barruan egon daiteke: lehenengo kasuan, soberanoak delitua egitera bultzatzen eta oinazera arriskatzen ditu hiritarrak; horrela, iraina eta aginte lapurreta egiten du inoren esparruan eta, aldi berean, beste nazio batzuei baimena ematen zaie gauza bera egin dezaten bere lurretan; bigarrenean, bere ahultasuna erakusten du. Defendatzeko indarra duenak ez du indar hori erosten. Gainera, era honetako ediktu batek hankazgora jartzen ditu moralaren eta bertutearen ideia guztiak, hauek haize bolada txiki bat nahikoa izaten baitute gizakiaren gogotik hegan egiteko. Batean, legeak traizioa hauspotzen du, bestean, zigortu egiten du. Legegileak esku batekin familiako, senitarteko eta adiskide arteko lokarriak estutzen ditu; bestearekin saritu egiten du lokarriak eteten eta zatitzen dituena. Beti bere buruarekin kontraesanean, batean konfiantza izatera gonbidatzen ditu gizonen gogo susmatiak, bestean konfiantza falta ereiten du bihotz guztietan. Delitu bat saihestu ordez beste bat eragiten du. Hauek dira nazio ahulen ezaugarriak, hauek nazio ahulen legeak, alde guztietatik jausten ari den eraikin bati eginiko konponketa azkarrak. Nazio batean jende argia gehitu ahala, fede ona eta elkarrenganako konfiantza behar-beharrezkoak egiten dira, eta gero eta gehiago nahasten dira benetako politikarekin. Itxurakeriak, azpikeriak, bide ilun eta okerrak, saihestu egiten dira gehienetan, eta gehiengoaren sentiberatasuna norbanakoarenaren gainetik jarri ohi da. Ezjakintasun aroko mendeak eurak ere, moral publikoa moral pribatuari men egitera behartutako garaiak, jakinduria eta esperientzia-iturri dira mende argituentzat. Baina traizioa saritzen eta isilpeko gerra hauspotzen duten legeak, hiritarren artean elkarrenganako susmoa ereiten dutenak, moralaren eta politikaren artean hain beharrezkoa den batasunaren aurkakoak dira, kontuan izan behar baitugu honi zor diotela gizonek beren zoriona, nazioek bakea, eta unibertsoak, ohiko zoritxarren artean, lasaitasun eta atseden une luzeagoak.