Edukira joan

Denborak esango du

Wikitekatik
Denborak esango du  (2022) 
Pello Otxandiano
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean.

Denborak esango du

[aldatu]

Pasa den astean Alderdi Popularraren baitan lehertu zen krisiaren lehen kapituluak ezagutu ditugu asteon. Hasiera batean Isabel Diaz Ayusoren eta Pablo Casadoren arteko lehia pertsonala ageri zen krisiaren erdigunean, baina, denboratxo bat pasatuta, sakonagoak diren bestelako elementuak hasi dira azaleratzen. Estatu krisiaren barrunbeetan plaka tektonikoak mugitzen ari ez ote diren.

Denboran zertxobait atzera eginda, gogoratu dezagun lan erreformaren bozketarekin zer gertatu zen. Zein izan zen UPNren zuzendaritzaren sakoneko helburua lan erreformaren aldeko botoa proposatuz? Ezkutuan gelditu ziren akordioaren edukiak ezagutu dira ondoren, tartean terrorismoaren aldeko adierazpen oro borrokatzea. Baina ez ote zuen akordio hark sakoneko beste helbururik? Hipotesi bat baino ez da honako hau: Estatuko elite batzuek 78ko erregimena berrindartzeko saiakera berri bat jarri dute martxan.

Hala, lan erreforma aurrera ateratzea estatu auzia zen, Nafarroan PSN eta UPNren arteko distantziak laburtzen hasteaz batera. Saiakera honen baitan Vox ez da aliatu bat, kanpo utzi beharreko aldagaia baizik. Aznarren adierazpenak entzun ditugu Espainiak Le Pen modukorik gobernuan behar ez duela esaten. Gaztela eta Leongo hauteskundeen emaitzak eskutan, PSOEk PPren gobernuari bide eman behar diola proposatu izan du Alderdi Sozialistaren bueltako jende batek. Eta logika berean, Ayuso baino Feijoo bezalako pertsona bat behar du PPk buruzagi eta presidentegai.

Denborak esango du baina baliteke ziaboga baten aurrean egotea. Espainiako eskuinean badago PP eta Vox-en gobernu baten alde egiten duenik, eta ez dira gutxi. Hautu honek inkestak alde leuzkake balizko hauteskunde batzuen aurrean. Hautu hori eskuin mutur-muturrekoa da, eta Espainiaren gaurko errealitate gordina da hautu hori posible egiten duen soziologia egon badagoela.

Baina badirudi elite batzuek beste hautu bat dutela buruan: erdirago legokeen PP bat, PSOErekin estatu akordioetara emana; 78ko erregimenaren bi zutabe nagusietan oinarritzea estatu krisiari eman beharreko erantzuna. Inkognita da ia elite horiek estatuaren krisiaren gaineko kontrolik ba ote duten, eskuin muturraren gorakada orokorraren testuinguru honetan Ayuso bezalako pertsonaia baten eragin gaitasunaren gainetik jartzeko «estatu gizon/emakumerik» ba ote dagoen.

Hasiera batean barre egin genuen UPNko transfugen anekdotarekin eta PPren barnean krisia lehertu zelarik, baina agian anekdotikoak baino gehiago diren gertakarien aurrean gaude, hurrengo hilabete eta urteetako bilakaera sano baldintzatu dezaketenak. Denborak esango du.

Bitartean, Errusiak Ukrainari eraso dio eta hirugarren mundu gerra baten amesgaiztoa inoiz baino errealago bilakatu da. Badira asteak gauzak ilun ikusten direnak, ezin esan esperantzari eustea erraza denik: Ezkerrik ez dago Europa osoan, gizadiak inoizko erronka zailenak dauzka gainean, eskuin muturraren goraldiak ez du etenik eta gatazka geopolitikoek eskala handiko suntsiketak ekar ditzakete.

Herri txiki bat gara mundu globalizatu batean, euri tanta bat ozeano batean. Gai izango ote gara bestelako kultura politiko bat hedatzeko? Eztabaidak soseguz eta zorroztasunez egiteko? Herri honen geroa, halako testuinguru hain nahasi eta zailean, maila politikoa Espainian ohikoa denetik gorago jartzean dago: epe luzeko begiradaz jokatzean, interes korporatiboak herri interesen azpitik jartzean, sare sozialetako dinamika polarizatzaileetatik ateratzean. Ez dakit asmatuko dugun, zaila da baikorra izatea baina ekitea baino ez zaigu geratzen. Denborak esango du.