Derrigorreko desagertzeen aurka pertsona guztiak babesteko Nazioarteko Konbentzioa
Derrigorreko desagertzeen aurka pertsona guztiak babesteko Nazioarteko Konbentzioa
Atarikoa
[aldatu]Konbentzio honetako estatu alderdiek,
Kontuan harturik, Nazio Batuen Gutunak estatuei betebeharra ezarri diela, giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetu unibertsala eta eragingarria sustatzeko,
Aintzat hartuz, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala,
Gogoraturik, Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Nazioarteko Ituna, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna eta giza eskubideei, zuzenbide humanitarioari eta nazioarteko zigor-zuzenbideari buruzko beste agiri garrantzitsuak,
Gogoraturik, halaber, pertsona guztiak derrigorreko desagertzeen aurka babesteari buruzko Adierazpena, Nazio Batuetako Biltzar Orokorrak onetsitakoa, 1992ko abenduaren 18ko 47/133 ebazpenean,
Jakitun izanik, derrigorreko desagertzea oso-oso larria dela, delitua den heinean eta, nazioarteko zuzenbideak definitutako zenbait inguruabarretan, gizateriaren aurkako krimena,
Erabakia harturik, derrigorreko desagertzeak prebenitzeko eta derrigorreko desagertzearen delituari dagokionez zigorgabetasunaren aurka borrokatzeko,
Gogoan harturik, pertsona orok duen eskubidea, derrigorreko desagertzerik ez pairatzeko eta biktimen eskubidea, justizia eta konponketarako,
Adieraziz, egia jakiteko eskubidea, derrigorreko desagertze bati buruzko inguruabarren gainean eta desagertutako pertsonaren egoeraren gainean, bai eta helburu horrekin informazioa bilatu, jaso eta zabaltzeari buruzko askatasunerako eskubidearen errespetua ere,
Hitzartu dute, hurrengo artikuluetan:
I. Zatia
[aldatu]1. artikulua
[aldatu]1. Inork ez du pairatuko derrigorreko desagertzerik.
2. Derrigorreko desagertzea justifikatzeko inola ere ezin izango dira alegatu salbuespenezko inguruabarrak, hala nola, gerra-egoera edo gerra-mehatxua, estatu barneko ezegonkortasun politikoa edo beste edozein larrialdi publiko.
2. artikulua
[aldatu]Konbentzio honen ondoreetarako, «derrigorreko desagertzea» da, atzipenaldia, atxiloketa, bahiketa edo askatasunez gabetzeko beste edozein mota, baldin eta halakoak gauzatzen badituzte estatuko agenteek edo estatuaren baimen, babes edo oniritziarekin jarduten duten pertsonek edo pertsona-taldeek, eta horiek aitortzen ez badute desagertutako pertsonaren askatasun-gabetzea edo ezkutatzen badute pertsona horrekin gertatu dena edo pertsona hori dagoen tokia, pertsona hori lege-babesetik at utziz.
3. artikulua
[aldatu]Estatu alderdiek neurri egokiak hartuko dituzte, 2. artikuluak definitutako egintzak ikertzeko, halakoak gauzatzen dituztenean estatuaren baimen, babes edo oniritzirik gabe jarduten duten pertsonek edo pertsona-taldeek, eta arduradunak auzipetzeko.
4. artikulua
[aldatu]Estatu alderdi bakoitzak behar adina neurri hartuko du, derrigorreko desagertzea delitu gisa tipifika dadin bere zigor-legerian.
5. artikulua
[aldatu]Derrigorreko desagertzea modu orokor edo sistematikoan gauzatzen denean, gizateriaren aurkako krimena da, nazioarteko zuzenbide aplikagarrian definitutakoaren haritik, eta eginera horrek nazioarteko zuzenbide aplikagarrian jasotako ondoreak eratortzen ditu.
6. artikulua
[aldatu]1. Estatu alderdiek behar adinako neurriak hartuko dituzte, erantzule penaltzat jotzeko gutxienez:
a) Derrigorreko desagertzea gauzatu, agindu edo induzitzen duen pertsona oro, derrigorreko desagertzea gauzatzen ahalegintzen den pertsona oro, derrigorreko desagertzearen konplizea den pertsona oro eta desagertze horretan parte hatzen duen pertsona oro;
b) Goragoko agintaria:
i) Agintari horrek baldin badaki bere agintaritza eta kontrol eragingarriaren mendekoak derrigorreko desagertzeari buruzko delitua egiten ari zirela edo mendeko horiek horretarako asmoa zutela, edo, hala nahita, ez badio jaramonik egin horren berri argiro eman zion informazioari;
ii) Agintari horrek bere ardura eta kontrol eragingarriak egikaritu baditu derrigorreko desagertzeari buruzko delituarekin zerikusia izan zuten jarduerak zein izan eta jarduera horien gainean; eta
iii) Agintari horrek ez baditu hartu bere esku dauden neurriak, behar bestekoak eta zentzuzkoak, derrigorreko desagertze bat gauzatzea prebenitu nahiz zigortzeko, edo agintari eskudunei egitateen berri emateko, horiek egitateok ikertu eta epai ditzaten;
c) Aurreko b) idatz-zatiak ez die kalterik egingo nazioarteko zuzenbideko arauei, halakoak hertsiagoak direnean, militar-buru bati edo militar-buru gisa eragingarritasunez jarduten duenari galdatzeko moduko erantzukizunen esparruan.
2. Derrigorreko desagertzeari buruzko delitua justifikatzeko ezin dira alegatu agintari publikoen agindu edo jarraibideak, agintari horiek zibilak, militarrak edo beste mota batekoak izan daitezkeela.
7. artikulua
[aldatu]1. Estatu alderdiek derrigorreko desagertzeari buruzko delitua zigor egokiekin zigortzeko modukotzat joko dute, delitu hori oso-oso larria dela kontuan harturik.
2. Estatu alderdiek ezarri ahal izango dituzte:
a) Inguruabar aringarriak, bereziki, derrigorreko desagertze bat gauzatzeari dagokionez partaide izan direnei begira, halakoek modu eragingarrian lagundu dutenean pertsona desagertuak bizirik aurkitzen, edo ahalbidetu dutenean derrigorreko desagertzeari buruzko kasuak argitzea nahiz derrigorreko desagertze baten arduradunak identifikatzea;
b) Bestelako prozedura penal batzuk gorabehera, inguruabar astungarriak, bereziki, pertsona desagertua hiltzen denean, edo derrigorreko desagertzearen errudun direnentzat, derrigorreko desagertze hori denean haurdun dauden emakumeei, adingabeei, desgai diren pertsonei edo beste pertsona ahul batzuei dagokienez.
8. artikulua
[aldatu]5. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe,
1. Derrigorreko desagertzeari preskripzio-araubidea aplikatzen dioten estatu alderdiek beharrezko neurriak hartuko dituzte, akzio penalaren preskripzio-epea:
a) Luzea eta delituaren izaera oso-oso larriarekin proportzionala izan dadin;
b) Derrigorreko desagertzea bertan behera uzten denetik zenbatzen has dadin, delitu horren jarraikako izaera kontuan hartuta.
2. Estatu alderdiak derrigorreko desagertzearen biktimei errekurtso eragingarrirako eskubidea bermatuko die preskripzio-epeak iraun bitartean.
9. artikulua
[aldatu]1. Estatu alderdi bakoitzak behar dena xedatuko du, bere jurisdikzioa ezartzeko derrigorreko desagertzeari buruzko delituaren gainean, hurrengo kasuetan:
a) Delituak egiten direnean bere jurisdikziopeko edozein lurraldetan edo estatu horretan matrikulatutako aireontzi edo ontzi batean;
b) Ustezko delitugilea estatu horretako nazionala denean;
c) Desagertutako pertsona estatu horretako nazionala denean eta estatu horrek egokitzat jotzen duenean.
2. Estatu alderdi bakoitzak, orobat, beharrezko neurriak hartuko ditu, bere jurisdikzioa berrezartzeko derrigorreko desagertzeari buruzko delituen gainean, ustezko delitugilea bere jurisdikziopeko edozein lurraldetan dagoenean, salbu eta estatu horrek ustezko delitugilea beste estatu batera estraditatzen duenean edo beste estatu baten esku uzten duenean, nazioarteko betebeharrekin bat etorriz, edo nazioarteko zigor-jurisdikzio batera bidaltzen duenean, horren eskumena aitortzeagatik.
3. Konbentzio honek ez du bazter uzten lege nazionalekin bat etorriz gauzatutako zigor-jurisdikzioetarik bat bera ere.
10. artikulua
[aldatu]1. Ustez derrigorreko desagertzearen delitua egin duen pertsona estatu alderdi bateko lurraldean badago, estatu alderdi horrek, eskuartean duen informazioa aztertu ondoren, ulertzen badu inguruabarrek hala justifikatzen dutela, pertsona hori atxilotuko du edo legezko bestelako lege-neurri batzuk hartuko ditu, pertsona horren presentzia ziurtatzeko. Atxiloketa eta gainerako neurriak gauzatuko dira estatu horretako legeekin bat etorriz, eta halakoei eutsiko zaie pertsona horren presentzia, prozedura penalean, berau beste estatu baten esku uzteko prozeduran edo estradizio-prozeduran, ziurtatzeko behar den epealdian bakarrik.
2. Artikulu honetako 1. paragrafoko neurriak hartu dituen estatu alderdiak berehala ekingo dio egitateen aurre-ikerketari edo azterketari. Artikulu honen 1. paragrafoa aplikatzearen ondorioz zein neurri hartu eta neurri horien berri emango die 9. artikuluko 1. paragrafoak aipatu estatu alderdiei, bereziki, atxiloketaren eta hori justifikatzen duten inguruabarren berri, eta aurre-ikerketaren edo azterketaren emaitzen berri, bere jurisdikzioa ezartzeko asmoa duenean hori ere zehaztuko diela.
3. Artikulu honetako 1. paragrafoarekin bat etorriz atxilotutako pertsona berehala komunikatu ahal izango da bere naziotasunaren araberako estatuko ordezkarien artean gertuen dagoenarekin edo, apatrida bada, ohikotasunez zein estatutan izan bizilekua eta estatu horretako ordezkariarekin.
11. artikulua
[aldatu]1. Ustez derrigorreko desagertzearen delitua egin duen pertsona zein estatu alderdiren jurisdikzioko lurraldetan aurkitu eta estatu alderdi horrek ez badu pertsona hori estraditatzen, edo beste estatu baten esku uzten, nazioarte-mailan dituen betebeharrekin bat etorriz, edo nazioarteko zigor-auzitegi baten esku uzten, horren jurisdikzioa aitortzeagatik, kasua bere agintari eskudunen mende utziko du, akzio penala egikari dadin.
2. Agintari horiek euren erabakia hartuko dute, edozein delitu astuni aplikatu ohi zaizkion baldintza berberetan, estatu horretako legeriarekin bat etorriz. 9. artikuluko 2 paragrafoan jasotako kasuetan, epaitzeko edo erruztatzeko behar diren frogen maila ez da izango 9. artikuluko 1. paragrafoko kasuetan aplikatzen den maila baino hertsitasun gutxiagokoa.
3. Derrigorreko desagertzearen delitua dela bide ikertutako pertsona orok bidezko tratua jasotzeko bermeak izango ditu prozedurako fase guztietan. Derrigorreko desagertzearen delituagatik epaitu behar den pertsona orok berme judizialak izango ditu, legeak ezarritako justizia-gorte edo -auzitegi eskudun, independente eta inpartzialean.
12. artikulua
[aldatu]1. Estatu alderdi bakoitzak zainduko du, bateren batek derrigorreko desagertzea nozitu duela alegatzen duen pertsona orok eskubidea izatea, egitateak salatzeko agintari eskudunen aurrean; agintari horiek arin eta inpartzialtasunez aztertuko dute salaketa, eta, hala denean, atzerapenik gabe ekingo diote ikerketa zehatz eta inpartziala gauzatzeari. Hala denean, neurri egokiak hartuko dira, ziurtatzeko salatzailearen, lekukoen, desagertutako pertsonaren senideen eta pertsona horren defendatzaileen babesa, bai eta ikerketan parte hartzen dutenen babesa ere, tratu txarren edo larderiaren aurka, halakoak direnean aurkeztutako salaketaren edo egindako edozein adierazpenen ondorio.
2. Zentzuzko arrazoiak daudenean, pertsona batek derrigorreko desagertzea pairatu duela uste izateko, 1. paragrafoan aipatutako agintariek ikerketa hasiko dute, inolako salaketa formalik aurkeztu ez bada ere.
3. Estatu alderdiek zainduko dute artikulu honetako 1. paragrafoko agintariek:
a) Ikerketa eragingarritasunez gauzatzeko ahalmenak eta baliabideak izatea, baita ikerketa horretarako egoki diren agiriak eta gainerako informazioa lortzeko ere;
b) Sarrera izatea, aldez aurretik agintari judizialak hori baimenduta, hala behar denean, eta baimen hori ahalik azkarren emanik, edozein atxilotze-tokitan eta desagertutako pertsona egon daitekeen beste edozein tokitan, horretarako zentzuzko arrazoiak daudenean.
4. Estatu alderdi bakoitzak beharrezko neurriak hartuko ditu, ikerketen garapena oztopatzen dituzten egintzak prebenitu eta zehatzeko. Bereziki, bermatu beharko dute, ustez derrigorreko desagertzearen delitua egin duten pertsonek eraginik ez izatea aribideko ikerketetan, presioak eta larderia- nahiz errepresalia-egintzak gauzatuz, salatzaile, lekuko, desagertutako pertsonaren senide eta pertsona horren defendatzaileen aurka, bai eta ikerketan parte hartzen dutenen aurka ere.
13. artikulua
[aldatu]1. Estatu alderdien arteko estradizio-ondoreetarako, derrigorreko desagertzearen delitua ez da izango delitu politikoa, delitu politikoari lotutako delitua, ezta arrazoi politikoetan oinarritutako delitua ere. Ondorenez, horrelako delitu-mota batean oinarritutako estradizio-eskabidea ezin izango da ukatu arrazoi horregatik bakarrik.
2. Derrigorreko desagertzearen delitua zuzenbide osoz bilduko da estradizioa eratortzen duten delituen artean, konbentzio hau indarrean jarri aurretik estatu alderdien artean egindako estradizio-tratatu guztietan.
3. Estatu alderdiek konpromisoa hartzen dute, derrigorreko desagertzearen delitua biltzeko estradizioa erator dezaketen delituen artean, euren artean gerogarrenean egin ditzaketen estradizio-tratatu guztietan.
4. Estatu alderdi batentzat nahitaezkoa bada tratatu bat izatea estradizioa gauzatu ahal izateko, estatu horrek beste estatu alderdi batetik jasotzen duenean estradizio-eskabide bat, horrekin halako trataturik izan gabe, orduan lehenengo estatu horrek konbentzio hau baliatu ahal izango du, behar adinako oinarri juridiko gisa, estradizioa gauzatzeko, derrigorreko desagertzearen delituari dagokionez.
5. Estradizioa gauzatu ahal izateko baldintza gisa tratatu bat izatea ezartzen ez duten estatu alderdiek derrigorreko desagertzearen delitua aitortuko dute, euren artean estradizioa gauzatzea ahalbidetzen duen delitu moduan.
6. Edozein kasutan, estradizioa egongo da eskabidea zein estatu alderdik jaso eta estatu alderdi horren zuzenbideak edo estradizio-tratatu aplikagarriak ezarri baldintzen mende, baldintza horien artean direla, bereziki, estradizioa gauzatzeko galdatzen den gutxieneko zigorra eta eskabidea zein estatu alderdik jaso eta estatu horren arrazoiak, estradizioa ukatzeko edo estradizio horri baldintza jakin batzuk ezartzeko.
7. Konbentzio honetako xedapenak ezin dira interpretatu eskabidea jaso duen estatu alderdia estradizioa aitortzera behartzeko, baldin eta estatu horrek pisuzko arrazoiak baditu uste izateko eskabidea aurkeztu dela pertsona bat auzipetu edo zehatzeko asmoarekin, sexua, arraza, erlijioa, naziotasuna, etnia-jatorria, iritzi politikoak edo gizarte-talde jakin baten kide izatea dela bide, edo eskabide hori onartzean, pertsona horri kalteren bat eragingo zaiola, arrazoi horietarik edozeinengatik.
14. artikulua
[aldatu]1. Estatu alderdiek ahalik laguntza handiena eskainiko diote elkarri, derrigorreko desagertzearen delituari buruzko prozedura penalei dagokienez, laguntza horretara biltzen dela prozesurako beharrezkoak diren froga guztiak ematea ere, halakoak euren eskuetan badaude.
2. Laguntza judiziala egongo da eskabidea zein estatu alderdik jaso eta estatu alderdi horren barne zuzenbideak edo lankidetza judizialeko tratatu aplikagarriek ezarri baldintzen mende, baldintza horien artean direla, bereziki, eskabidea jaso duen estatu alderdiaren arrazoiak estradizioa ukatzeko edo estradizio horri baldintza jakin batzuk ezartzeko.
15. artikulua
[aldatu]Estatu alderdiak euren artean lankidetzan arituko dira, eta ahalik laguntza gehiena emango diote elkarri, derrigorreko desagertzeen biktimei laguntzeko, bai eta desagertutako pertsonak bilatu, lokalizatu eta askatzeko ere, eta, horien heriotza gertatzen denean, gorpuak lurretik atera, identifikatu eta itzultzeko.
16. artikulua
[aldatu]1. Estatu alderdietarik inork ez du pertsona bat beste estatu batera kanporatu, itzuli edo estraditatuko, oinarritutako arrazoien arabera uste denean pertsona horrek derrigorreko desagertzea jasateko arriskua izan dezakeela.
2. Arrazoi horiek ote dauden zehazteko, agintari eskudunek kontuan hartuko dituzte egoki diren inguruabar guztiak, baita, bidezkoa denean, kasuan kasuko estatuan egoera iraunkorra izatea, giza eskubideak modu sistematikoan, larrian, ageri-agerikoan edo ugarian urratzearen inguruan edo nazioarteko zuzenbide humanitarioa modu larrian urratzearen inguruan.
17. artikulua
[aldatu]1. Inor ez da atxilotuko sekretupean.
2. Estatu alderdiek askatasunaz gabetzeari dagokionez nazioartean dituzten beste betebehar batzuei kalterik egin gabe, estatu alderdi bakoitzak, bere legerian:
a) Askatasunaz gabetzeko aginduak eman ahal izateko baldintzak ezarriko ditu;
b) Askatasun-gabetzeak agintzeko ahalmenak dituzten agintariak zehaztuko ditu;
c) Bermatuko du askatasunaz gabetutako pertsona oro izatea askatasunaz gabetzeko modu ofizialean aitortu eta kontrolatutako tokietan bakarrik;
d) Bermatuko du askatasunaz gabetutako pertsona orok baimena izatea, familiarekin, abokatu batekin edo berak aukeratutako beste edozein pertsonarekin komunikatzeko, eta horien bisita izateko, horretarako baldintza bakarrak legeak ezarritakoak izan daitezkeela, eta atzerritar baten kasuan, bere kontsuletxeko agintariekin komunikatzeko, nazioarteko zuzenbide aplikagarriarekin bat etorriz;
e) Bermatuko du agintari eta erakunde guztiak, halakoak eskudunak eta legeak ahalbidetutakoak direnean, askatasunaz gabetzeko tokietan sartzea, aldez aurretik agintaritza judizialaren baimena lortuta, hala behar izanez gero;
f) Edozein inguruabarretan, auzitegi batean errekurtsoa jartzeko eskubidea bermatuko die, askatasunaz gabetutako pertsona guztiei, eta, derrigorreko desagertzea dagoela uste denean, askatasunaz gabetutako pertsona eskubide hori egikaritzeko ezinduta egoteagatik, interes legitimoa duten pertsona guztiei, esaterako, askatasunaz gabetutako pertsonaren senideei, horren ordezkariari edo abokatuari, auzitegi horrek atzerapenik gabe erabaki dezan askatasunaz gabetzearen legezkotasunari buruz, eta pertsona hori aske uztea agin dezan, askatasun-gabetze hori legearen aurkakoa izango balitz.
3. Estatu alderdi bakoitzak ziurtatuko du, askatasunaz gabetutako pertsonei dagokienez, erregistro ofizial edota eguneratutako espediente bat edo batzuk ezarri eta iraunaraztea; halakoak, agindeiaren bidez, berehala jarriko dira agintari judizialen edo bestelako agintari edo erakunde eskudunen esku, bat etorriz legeria nazionalarekin edo nazioartean garrantzitsuak diren agiri juridikoetarik edozeinekin, estatua horietan alderdi denean. Informazio horretara bilduko dira gutxienez:
a) Askatasunaz gabetutako pertsonaren nortasuna;
b) Pertsona askatasunaz gabetutako eguna, ordua eta tokia, eta pertsona hori askatasunaz gabetu zuen agintaria;
c) Askatasun-gabetzea erabaki zuen agintaria eta askatasun-gabetze horren arrazoiak;
d) Askatasun-gabetzea kontrolatzen duen agintaria;
e) Askatasunaz gabetuta egoteko tokia, toki horretan onartua izateko eguna eta ordua, eta toki horretako agintari arduraduna;
f) Askatasunaz gabetutako pertsona pribatuaren osotasun fisikoaren osagaiak;
g) Askatasun-gabetzeak iraun bitartean heriotza gertatuz gero, heriotzaren inguruabarrak eta arrazoiak, eta gorpuaren destinoa;
h) Pertsona askatzeko eguna eta ordua edo atxilotze-tokiz aldatzearenak, destinoa eta tokiz aldatzeaz arduratutako agintaria.
18. artikulua
[aldatu]1. 19 eta 20. artikuluei kalterik egin gabe, estatu alderdi bakoitzak informazio horri begira interes legitimoa duten pertsona guztiei, esaterako, askatasunaz gabetutako pertsonaren senideei, horren ordezkariari edo abokatuari, bermatuko die, gutxienez, hurrengoen berri izatea:
a) Askatasun-gabetzea erabaki zuen agintaria;
b) Pertsona askatasunaz gabetu zeneko eta hori askatasunaz gabetzeko tokian onartua izan zeneko data, ordua eta tokia;
c) Askatasun-gabetzea kontrolatzen duen agintaria;
d) Askatasunaz gabetutako pertsona dagoen tokia eta, pertsona hori askatasunaz gabetzeko beste toki batera aldatuz gero, destinoa eta aldaketaren agintari arduraduna;
e) Pertsona aske uzteko data, ordua eta tokia;
f) Askatasunaz gabetutako pertsona pribatuaren osasun-egoerari buruzko osagaiak;
g) Askatasun-gabetzeak iraun bitartean heriotza gertatuz gero, heriotzaren inguruabarrak eta arrazoiak, eta gorpuaren destinoa.
2. Hala denean, neurri egokiak hartuko dira, bermatzeko artikulu honetako 1. paragrafoak aipatu pertsonen babesa, bai eta ikerketan parte hartzen duten pertsonena ere, tratu txar, larderia edo zehapen guztien aurka, halakoak eratortzen direnean askatasunaz gabetutako pertsona bati buruzko informazioa bilatzen aritzeagatik.
19. artikulua
[aldatu]1. Desagertutako pertsona bat bilatzeko ahaleginetan bildu edota bidalitako informazio pertsonalak, barnean direla mediku- edo genetika-datuak ere, ezin dira erabili edo ezagutarazi bilaketa horretarako helburuetatik kanpo. Hori gorabehera, informazio horiek erabili ahal izango dira derrigorreko desagertzearen delituari buruzko prozedura penaletan, edo konponketa lortzeko eskubidea egikaritzean.
2. Informazio pertsonala bildu, tratatu, erabili eta gordetzen denean, baita mediku- edo genetika-datuak ere, horrek ezin ditu, berez edo horren ondorioz giza eskubideak, oinarrizko askatasunak eta pertsonaren duintasuna urratu.
20. artikulua
[aldatu]1. Pertsona bat legearen babesaren mende egon eta askatasun-gabetzea kontrol judizialaren mende dagoenean bakarrik murriztu ahal izango da 18. artikuluan jasotako informazioen berri izateko eskubidea, salbuespen-tituluarekin, legeak jasotako murrizketen ondorioz guztiz beharrezkoa bada, eta informazio hori hedatzearen ondorioz pertsonaren intimitateari nahiz segurtasunari edo ikerketa kriminal baten aribideari kalte egiten bazaio, edo legeak jasotako arrazoi baliokideengatik, eta nazioarteko zuzenbide aplikagarriarekin eta konbentzio honetako helburuekin bat etorriz. Inola ere ez dira onartuko 18. artikuluan jasotako informazioen berri izateko eskubidearen murrizketak, halakoek 2. artikuluan definitutako jokabideak edo 17. artikuluko 1. paragrafoko urratzeak erator ditzaketenean.
2. Askatasun-gabetzearen legezkotasuna aztertzeari kalterik egin gabe, estatu alderdiak 18. artikuluko 1. paragrafoak aipatu pertsonei bermatuko die errekurtso judizial azkar eta eragingarrirako eskubidea, xedapen honetan jasotako informazioak atzerapenik gabe jaso ditzaten. Errekurtsorako eskubide hori ezin da eten edo murriztu inolako inguruabarrengatik.
21. artikulua
[aldatu]Estatu alderdi bakoitzak beharrezko neurriak hartuko ditu, pertsona bat aske utzi behar denean, askatze hori gauza dadin pertsona hori benetan aske utzi dela egiaztatzen duten modalitateekin bat etorriz. Estatu alderdiek, orobat, beharrezko neurriak hartuko dituzte, pertsonei bermatzeko, aske uzteko unean, osotasun fisikoa eta euren eskubideen erabateko egikaritza, kalterik egin gabe pertsona horiek legeria nazionalaren ondorioz izan ditzaketen betebeharrei.
22. artikulua
[aldatu]6. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe, estatu alderdi bakoitzak beharrezko neurriak hartuko ditu, hurrengo eginerak prebenitu eta zehatzeko:
a) 17. artikuluko 2. paragrafoaren f) idatz-zatiko eta 20. artikuluko 2. paragrafoko errekurtsoak atzeratzea edo oztopatzea;
b) Askatasun-gabetze oro erregistratzeko betebeharra ez gauzatzea, bai eta informazioa erregistratzea ere, informazio horren zehaztugabetasuna ezagutzen duenean edo ezagutu beharko lukeenean erregistro ofizialaren edo espediente ofizialen arduradun den agenteak;
c) Askatasun-gabetze bati buruzko informazioa ukatzea edo informazio zehaztugabea ematea, informazio hori emateari dagokionez legeak ezarritako baldintzak betetzen direnean.
23. artikulua
[aldatu]1. Estatu alderdi bakoitzak zainduko du legea aplikatzeko ardura duten langile militar nahiz zibilen, medikuen, funtzionarioen eta askatasunaz gabetutako pertsonaren zaintzan edo tratamenduan parte har dezaketen beste pertsona batzuen prestakuntzak bere baitara biltzea konbentzio honetako kasuan kasuko xedapenei buruzko behar adina irakaskuntza eta informazio, hurrengo helbuetarako:
a) Agente horien partaidetza prebenitzea derrigorreko desagertzeetan;
b) Derrigorreko desagertzeen alorrean prebentzioak eta ikerketek duten garrantzia nabarmentzea;
c) Derrigorreko desagertzeen kasuetan ebazpena presakoa dela aitor dadin zaintzea.
2. Estatu alderdi bakoitzak debekatuko ditu derrigorreko desagertzeak agintzen, baimentzen edo bultzatzen dituzten agindu edo jarraibideak. Estatu alderdi bakoitzak bermatuko du halako izaerako agindua betetzeari ezezkoa ematen dion pertsona ez zehatzea.
3. Estatu alderdi bakoitzak beharrezko neurriak hartuko ditu, artikulu honetako 1. paragrafoko pertsonek informatu ditzaten euren nagusiak eta, beharrezkoa denean, kontrolerako edo berrikuspenerako agintari edo organo eskudunak, arrazoiak dituztenean uste izateko derrigorreko desagertze bat gertatu dela edo laster batean gertatuko dela.
24. artikulua
[aldatu]1. Konbentzio honen ondoreetarako, «biktima» izango da desagertutako pertsona eta derrigorreko desagertze baten ondorioz zuzeneko kaltea jasan duen pertsona fisiko oro.
2. Biktima bakoitzak egia jakiteko eskubidea du, derrigorreko desagertzearen inguruabarrei, ikerketaren bilakaera eta emaitzei eta desagertutako pertsonaren egoerari dagokienez. Estatu alderdi bakoitzak horren inguruko neurri egokiak hartuko ditu.
3. Estatu alderdi bakoitzak egoki diren neurri guztiak hartuko ditu, desagertutako pertsonak bilatu, lokalizatu eta askatzeko eta, horien heriotza gertatzen denean, gorpuak bilatu, errespetatu eta itzultzeko.
4. Estatu alderdiek zainduko dute euren lege-sistemak derrigorreko desagertze baten biktimari bermatzea konponketarako eta kalte-ordain azkar, bidezko eta egokirako eskubidea.
5. Artikulu honetako 4. paragrafoko konponketarako eskubideak bere baitara biltzen ditu kalte material eta moral guztiak eta, hala denean, bestelako konponketa-modalitate batzuk, hala nola:
a) Itzulketa;
b) Berregokitzea;
c) Ordainketa; duintasuna eta izen ona berrezartzea barne;
d) Berreskaera-eskubidea ez egikaritzeko bermeak.
6. Desagertutako pertsonaren egoera argitu arte ikerketarekin jarraitzeko betebeharrari kalterik egin gabe, estatu alderdi bakoitzak xedapen egokiak hartuko ditu, desagertutako pertsonen lege-egoerari dagokionez, pertsona horien egoera ez denean argitu, eta horien senideei dagokienez, besteak beste, gizarte-babesaren, gai ekonomikoen, familia-zuzenbidearen eta jabetza-eskubideen esparruetan.
7. Estatu alderdi bakoitzak eskubidea bermatuko du, derrigorreko desagertzeen inguruabarrak eta desagertutako pertsonen egoera argitzea, bai eta derrigorreko desagertzeen biktimei laguntzea ere, xedetzat duten erakundeak eta elkarteak askatasunez sortu eta horietan parte hartzeko.
25. artikulua
[aldatu]1. Estatu alderdiek neurri egokiak hartuko dituzte, hurrengoak prebenitu eta zigorrarekin zehatzeko:
a) Derrigorreko desagertzea pairatzen ari diren haurrez jabetzea, edo haurrez jabetzea, horien gurasoak nahiz lege-ordezkariak derrigorreko desagertzea pairatzen ari direnean, edo haurrez jabetzea, halakoak jaiotzen direnean derrigorreko desagertzea pairatzen ari den ama gatibu dagoela;
b) Aurreko a) idatz-zatiko haurren benetako nortasuna egiaztatzen dituzten agiriak faltsutzea, ezkutatzea edo suntsitzea.
2. Estatu alderdiek beharrezko neurriak hartuko dituzte, artikulu honetako 1. paragrafoko a) idatz-zatiko haurrak bilatu eta identifikatzeko, eta jatorrizko familietara itzultzeko, legezko prozedurekin eta nazioarteko akordio aplikagarriekin bat etorriz.
3. Estatu alderdiek elkarri laguntza eskainiko diote, artikulu honetako 1. paragrafoko a) idatz-zatiko haurrak bilatu, identifikatu eta lokalizatzeari dagokionez.
4. Kontuan hartuta, artikulu honetako 1. paragrafoko a) idatz-zatiko haurren interes gorena zaintzeko beharrizana, eta haur horiek duten eskubidea, euren nortasunari eutsi eta nortasun hori berreskuratzeko, horretara biltzen direla naziotasuna, izena eta legeak aitortutako familia-harremanak, adopzio-sistema edo beste mota bateko kolokazioa edo zaintza aitortzen duten estatu alderdietan lege-prozedurak izan beharko dira, berrikusteko haur horien adopzio-prozedura edo kolokazio- nahiz zaintza-prozedura, eta, bidezkoa bada, deuseztatzeko derrigorreko desagertzeak eratorritako edozein adopzio edo kolokazio nahiz zaintza.
5. Edozein inguruabarretan eta, bereziki, artikulu honek jorratutako guztiari dagokionez, haurren interes gorena da lehendabiziko ardura, eta zentzutasun-gaitasuna duten haurrek eskubidea izango dute euren iritzia askatasunez emateko, behar bezala balioetsiko dena, haurren adinaren eta heldutasunaren arabera.
II. zatia
[aldatu]26. artikulua
[aldatu]1. Konbentzio honetako xedapenak aplikatzeko Derrigorreko Desagertzearen aurkako Komitea eratuko da («Komitea» deituko dena aurrerantzean); Komitea osatuko dute hamar adituk, moral aldetik zintzotasun handikoak, giza eskubideen arloan trebetasun nabarikoak, independenteak, euren eginkizunak modu pertsonalean gauzatuko dituztenak eta erabateko inpartzialtasunez jardungo dutenak. Estatu alderdiek hautatuko dituzte Komiteko kideak, kontuan hartuz geografiaren araberako banaketa orekatsua. Kontuan hartuko da Komitearen lanetarako interesgarria dela eskarmentu juridiko egokia duten pertsonen partaidetza eta generoen araberako ordezkaritza.
2. Hautatzea isilpeko botazioan egingo da, estatu alderdiek euren nazionalen artean izendatutako hautagai-zerrendaren arabera, estatu alderdiek bi urterik behin egingo dituzten bileretan; ondore horretarako bileren deialdiak Nazio Batuetako idazkari nagusiak egingo ditu. Bilera horretarako estatu alderdien bi herenak osatuko du quoruma, eta hautatutzat joko dira boto gehien lortzeaz gain, bilerako estatu parte-hartzaile eta boto-emaileen ordezkarien artetik botoen erabateko gehiengoa lortzen duten hautagaiak.
3. Hasierako hautatzea egingo da, gehienez ere, konbentzio hau zein datatan indarrean jarri eta data horretatik sei hilabete igaro ondoren. Hauteskunde bakoitza zein datatan egin eta data hori baino lau hilabete lehenago, Nazio Batuetako idazkari nagusiak gutun bat bidaliko die estatu alderdiei, euren hautagai-zerrendak hiru hilabeteko epean aurkezteko gonbita eginez. Idazkari nagusiak zerrenda prestatuko du, hurrenkera alfabetikoaren arabera, modu horretara izendatutako hautagai guztiekin, hautagai bakoitzari dagokionez zehaztuz berau aurkeztu duen estatu alderdia. Zerrenda hori estatu alderdi guztiei komunikatuko zaie.
4. Komiteko kideak lau urterako hautatuko dira. Beste behin bakarrik hautatu ahal izango dira. Hala ere, lehenengo hautaketan hautatutako bost kideren agintaldia bi urte igaro ondoren amaituko da; lehenengo hautaketa egin eta berehala, bilerako lehendakariak, artikulu honetako 2. paragrafoan aipatutakoak, zozketa bidez izendatuko ditu bost kide horiek.
5. Komiteko kideren bat hiltzen bada edo kide horrek karguari uko egiten badio, edo beste edozein arrazoirengatik ezin baditu aurrerantzean Komiteko eginkizunak gauzatu, hautagai gisa berau aurkeztu zuen estatu alderdiak beste hautagai bat proposatuko du bere nazionalen artean, artikulu honetako 1. paragrafoko irizpideak kontuan hartuta, agintaldia bukatu arte bere eginkizunak gauza ditzan, estatu alderdien gehiengoak hala onartzekotan. Izendapen hori onartutzat joko da, salbu eta estatu alderdien erdiak edo gehiagok ezezkoa emanez erantzuten duenean, sei asteko epean, Nazio Batuetako idazkari nagusiak proposatu den hautagaia komunikatzen dienetik zenbatzen hasita.
6. Komiteak bere barne araudia ezarriko du.
7. Komitearen eginkizunak eragingarriak izan daitezen, Nazio Batuetako idazkari nagusiak behar adina langile eta baliabide material ezarriko ditu. Nazio Batuetako idazkari nagusiak deituko du Komitearen lehenengo bilera.
8. Komiteko kideek eskubidea izango dute, Nazio Batuentzako egitekoak gauzatzen dituzten adituei zein erraztasun, onurabide eta ukiezintasun aitortu eta halakoak eskuratzeko; erraztasun, onurabide eta ukiezintasun horiek izango dira Nazio Batuetako Onurabideen eta Ukiezintasunen Konbentzioko kasuan kasuko ataletan ezarritakoak.
9. Estatu alderdiek konpromisoa hartzen dute Komitearekin lankidetzan aritzeko eta Komiteko kideei laguntza emateko euren agintaldian zehar, estatu alderdiek Komiteari begira onartutako eginkizunen esparruan.
27. artikulua
[aldatu]Estatu alderdien Konferentzia bilduko da, Konbentzio hau indarrean jarri ondoren, lau urte igaro eta gero eta sei urte igaro baino lehenago, Komitearen jardunbidea ebaluatu eta erabakitzeko, 44. artikuluko 2. paragrafoan jasotako modalitateen arabera, komenigarria ote den beste erakunde baten esku uztea –beste aukeraren bat bazter utzi gabe–, 28.etik 36.era arteko artikuluetan jasotako eginkizunekin, konbentzio honen aplikazioa gainbegiratzeko ardura.
28. artikulua
[aldatu]1. Konbentzioak emandako eskumenen esparruan, Komitea lankidetzan arituko da Nazio Batuetako organo, bulego, erakunde espezializatu eta funts egoki guztiekin, nazioarteko tresnen ondorioz eratutako komite konbentzionalekin, Nazio Batuetako prozedura bereziekin, erregio-mailako gobernuen arteko antolakunde edo erakunde egokiekin, bai eta egoki diren erakunde, antolakunde eta bulego nazional guztiekin ere, halakoek lan egiten dutenean pertsona guztiak derrigorreko desagertzeetatik babesteko.
2. Komiteak, bere eginkizunen esparruan, kontsultatuko ditu beste komite konbentzional batzuk, giza eskubideei buruzko kasuan kasuko tresnek sortutakoak, bereziki, Giza Eskubideen Komitea, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunak ezarritakoa, helburu izanik bere oharren eta gomendioen koherentzia ziurtatzea.
29. artikulua
[aldatu]1. Estatu alderdi bakoitzak Komiteari txostena aurkeztuko dio, Nazio Batuetako idazkari nagusiaren bidez, konbentzio honen ondorioz hartutako betebeharrak zein izan eta betebehar horiek gauzatzeko hartu diren neurrien inguruan, kasuan kasuko estatu alderdian konbentzioa indarrean jarri eta bi urteko epean.
2. Nazio Batuetako idazkari nagusiak estatu alderdi guztien esku jarriko ditu txosten horiek.
3. Txosten bakoitza Komiteak aztertuko du; Komiteak egokitzat jotzen dituen iruzkin, ohar edo gomendioak egin ahal izango ditu. Estatu alderdi interesdunari iruzkin, ohar edo gomendio horien berri emango zaio; estatu alderdi interesdunak horiei erantzun ahal izango die, bere ekimenez edo Komiteak hala eskatuta.
4. Komiteak, halaber, estatu alderdiei informazio osagarriak eskatu ahal izango dizkie, konbentzio honen aplikazioari buruz.
30. artikulua
[aldatu]1. Komiteak, presako izaerarekin aztertu ahal izango du, desagertutako pertsona baten senideek, lege-ordezkariek, abokatuek edo horiek baimendutako pertsonek, bai eta interes legitimoa duen edonork ere, aurkeztutako eskabide oro, desagertutako pertsona bilatu eta lokaliza dadin.
2. Komiteak uste badu presako izaerarekin jarduteko eskaria, artikulu honetako 1. paragrafoaren ondorioz aurkeztutakoa:
a) Ez dela modu nabarmenean oinarririk gabea;
b) Halako eskariak aurkezteko eskubideaz abusatzea ez dela;
c) Aldez aurretik eta behar den moduan aurkeztu bazaie estatu alderdi interesduneko organo eskudunei, esaterako, ikerketak egiteko ardura duten agintariei, aukera hori dagoenean;
d) Ez bada konbentzio honetako xedapenekin bateraezina; eta
e) Ez dagoela aztergai nazioarteko beste prozedura baten mende, prozedura hori denean izaera bereko azterketa eta konponketari buruzkoa;
estatu alderdi interesdunari eskatuko dio, Komiteak berak ezarritako epean ematea pertsona horri buruzko informazioa.
3. Artikulu honen 2. paragrafoarekin bat etorriz estatu alderdiak emandako informazioa dela eta, Komiteak gomendioak egin ahal izango dizkio estatu alderdiari eta eskaria ere egin ahal izango dio, beharrezko neurri guztiak har ditzan, kautela-neurriak barne, pertsona lokalizatu eta babesteko konbentzio honekin bat etorriz, eta eskatu ahal izango dio Komiteari informazioa ematea, horrek ezarritako epean, hartzen dituen neurrien gainean, egoeraren presako izaera kontuan hartuz. Komiteak presako ekintzarako eskaria aurkeztu zuen pertsonari informazioa emango dio, bere gomendioen gainean eta estatu alderdiak helarazitako informazioen gainean, halakoak eskuragarri daudenean.
4. Komiteak esfortzuak egingo ditu estatu alderdiarekin elkarlanean jarraitzeko, desagertutako pertsonaren egoera argitzen ez den bitartean. Komiteak informatuta edukiko du eskariaren egilea.
31. artikulua
[aldatu]1. Estatu alderdi orok adierazi ahal izango du, berrespen-unean edo gerogarrenean, Komitearen eskumena aitortzen duela, bere jurisdikzioko pertsonek bidalitako komunikazioak, edo pertsona horien izenean bidalitakoak, jaso eta aztertzeko, pertsona horiek alegatzen dutenean biktimak direla, estatu alderdi batek konbentzio honetako xedapenak urratzeagatik. Komiteak ez du inolako komunikaziorik onartuko, komunikazio hori denean adierazpen hori egin ez duen estatu alderdi bati buruzkoa.
2. Komiteak edozein komunikazio onartezina dela adieraziko du, baldin eta:
a) Anonimoa bada;
b) Halako komunikazioak aurkezteko eskubideaz abusatzen badu edo bateraezina bada konbentzio honetako xedapenekin.
c) Arazo bera aztergai badago nazioarteko beste prozedura baten mende, prozedura hori denean izaera bereko azterketa eta konponketari buruzkoa; edo
d) Barneko errekurtso eragingarriak eskuragarri izan eta halakoak ez badira agortu. Erregela hori ez da aplikatuko, baldin eta errekurtso-prozedurek zentzuzko epeak gainditzen badituzte.
3. Komiteak uste badu komunikazioak artikulu honetako 2. paragrafoan ezarritako baldintzak betetzen dituela, estatu alderdi interesdunari bidaliko dio hori, eta estatu alderdi horri eskatuko dio bere oharrak eta iruzkinak bidaltzea, Komiteak berak ezarritako epean.
4. Komunikazio bat jaso eta gero, edozein unetan, eta horren oinarrien inguruko konklusiora heldu aurretik, Komiteak eskabidea egin ahal izango dio estatu alderdi interesdunari, horrek lehenbailehen azter dezan, eta, behin-behineko izaerarekin, beharrezko neurriak har ditzan, ustezko eskubide-urratzearen biktimari edo biktimei sor dakizkiekeen kalte konponezinak saihesteko. Komiteak ahalmen hori egikaritzeak ez du sortuko inolako iritzirik komunikazioaren onarpenaren edo edukiaren gainean.
5. Komiteak bere bilkurak ateak itxita egingo ditu, artikulu honetako komunikazioak aztertzen dituenean; Komiteak komunikazioaren egilea informatuko du, kasuan kasuko estatu alderdiak emandako erantzunen gainean. Komiteak prozedura amaitzea erabakitzen duenean, bere irizpena komunikatuko die estatu alderdiari eta komunikazioaren egileari.
32. artikulua
[aldatu]Konbentzio honetako estatu alderdi orok edozein unetan adierazi ahal izango du Komitearen eskumena onartzen duela, estatu alderdi baten komunikazioak jaso eta aztertzeko, estatu horrek komunikazio horien bidez alegatzen duenean beste estatu alderdi batek konbentzioak ezarritako betebeharrak ez dituela betetzen. Komiteak ez du inolako komunikaziorik onartuko, komunikazio hori denean adierazpen hori egin ez duen estatu alderdi bati buruzkoa edo adierazpen hori egin ez duen estatu alderdi batek aurkeztutakoa.
33. artikulua
[aldatu]1. Komiteak informazio sinesgarria jasotzen badu, informazio horrek ondorioztatzen duela estatu alderdi batek konbentzio honetako xedapenak modu larrian urratu izana, orduan Komiteak, estatu hori kontsultatu ondoren, bere kide bati edo batzuei eskatu ahal izango die estatu alderdi hori bisitatzea eta horren inguruan atzerapenik gabe informatzea.
2. Komiteak idatziz jakinaraziko dio estatu alderdi interesdunari bisita bat egiteko asmoa, ordezkaritzaren osaera eta bisitaren xedea zehaztuz. Estatu alderdiak bere iritzia emango du zentzuzko epean.
3. Estatu alderdiaren eskabide ziodunaren aurrean, Komiteak erabaki ahal izango du bisita atzeratzea edo ezereztea.
4. Estatu alderdia ados badago bisitarekin, Komitea eta kasuan kasuko estatu alderdia lankidetzan arituko dira bisita horren modalitateak zehazteko, eta estatu alderdiak bisita hori gauzatzeko beharrezkoak diren erraztasun guztiak emango ditu.
5. Komiteak kasuan kasuko estatu alderdiari komunikatuko dizkio bisitaren ondoriozko oharrak eta gomendioak.
34. artikulua
[aldatu]Komiteak informazioa jaso eta uste badu informazio horrek ondorioztatzen dituela ondo oinarritutako zantzuak, derrigorreko desagertzea modu orokorrean edo sistematikoan gauzatzearen inguruan, estatu alderdi baten jurisdikzioaren mendeko lurraldean, eta estatu alderdi interesdunari egoera horren inguruko informazio egoki guztia eskatu ondoren, arazoa presako izaerarekin utzi ahal izango du Nazio Batuetako Biltzar Orokorraren esku, Nazio Batuetako idazkari nagusiaren bidez.
35. artikulua
[aldatu]1. Komitearen eskumenak bere baitara biltzen ditu konbentzio hau indarrean jarri ondoren hasitako derrigorreko desagertzeak bakarrik.
2. Estatu bat konbentzio honen alderdi egiten bada konbentzioa indarrean jarri eta gero, estatu alderdi horrek Komiteari dagokionez dituen betebeharrek bere baitara bilduko dituzte estatu horri begira konbentzioa indarrean jarri ondoren hasitako derrigorreko desagertzeak bakarrik.
36. artikulua
[aldatu]1. Komiteak urtero aurkeztuko die txostena estatu alderdiei eta Nazio Batuetako Biltzar Orokorrari, konbentzio honen ondorioz gauzatzen dituen jardueren inguruan.
2. Urteko txostenean estatu alderdi baten inguruan argitaratutako oharra aldez aurretik iragarri behar zaio estatu alderdi horri; estatu horrek zentzuzko epea izango du erantzuteko, eta eskatu ahal izango du bere iruzkinak eta oharrak txostenean argitaratzea.
III. zatia
[aldatu]37. artikulua
[aldatu]Konbentzio honetan xedatutakoak ez ditu ukituko pertsona guztiak derrigorreko desagertzeen aurka babesteko aproposago diren xedapenak, halakoak hurrengoetara bilduta egon daitezkeela:
a) Estatu alderdi baten zuzenbidera; edo
b) Nazioarteko zuzenbidera, estatu horri begira indarrean dagoen heinean.
38. artikulua
[aldatu]1. Konbentzio hau Nazio Batuetako estatu kide guztiek sinatu ahal izango dute.
2. Konbentzio hau Nazio Batuetako estatu kide guztiek berretsi ahal izango dute. Berreste-agiriak Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utziko dira hark gordailutu ditzan.
3. Konbentzio honi Nazio Batuetako estatu kide guztiak atxiki ahal izango zaizkio. Atxikipena gauzatuko da atxikipen-agiria Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utzita, gordailutu dezan.
39. artikulua
[aldatu]1. Konbentzio hau indarrean jarriko da, berreste- edo atxikipen-agirietatik hogeigarrena zein datatan gordailutu, Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utzita, eta hogeita hamargarren egunean.
2. Berreste- edo atxikipen-agirietatik hogeigarrena gordailutu ondoren konbentzioa berresten duen edo horri atxikitzen zaion estatu bakoitzarentzat konbentzioa indarrean jarriko da, kasuan kasuko estatu horrek zein datatan gordailutu bere berreste- edo atxikipen-agiria eta hogeita hamargarren egunean.
40. artikulua
[aldatu]Nazio Batuetako idazkari nagusiak Nazio Batuetako estatu kide guztiei eta konbentzio hau sinatu duten edo konbentzio horri atxiki zaizkion estatu guztiei komunikatuko dizkie:
a) 38. artikuluaren arabera jaso dituen sinadurak, berrespenak eta atxikipenak;
b) 39. artikuluaren arabera konbentzio hau indarrean jartzeko data.
41. artikulua
[aldatu]Konbentzio honetako xedapenak aplikatuko zaizkie estatu federaletako zati guztiei, mugarik eta salbuespenik gabe.
42. artikulua
[aldatu]1. Konbentzioaren interpretazioari edo aplikazioari dagokionez, estatu alderdi bi edo gehiagoren artean sortzen den eztabaida oro tartekaritzaren mende utziko da, ukitutako estatuetako batek hala eskatuta, betiere, eztabaida negoziazioaren edo konbentzio honetan esanbidez jasotako prozeduren bidez konpondu ez bada. Tartekaritza-eskabidea aurkeztu eta sei hilabeteko epean alderdiak ez badira ados jartzen tartekaritza antolatzeari buruz, alderdietarik edonork utzi ahal izango du eztabaida Nazioarteko Justizia Gortearen esku, Gortearen estatutuarekin bat datorren eskabidea aurkeztuta.
2. Estatu alderdi bakoitzak, konbentzio hau sinatu nahiz berresteko unean edo horri atxikitzeko unean, adierazi ahal izango du artikulu honetako 1. paragrafoak ez duela berau behartzen. Paragrafo horrek gainerako estatu alderdiak ez ditu behartuko erreserba hori egin duten estatu alderdiei begira.
3. Artikulu honetako 2. paragrafoko adierazpena egin duen estatu alderdi bakoitzak edozein unetan kendu ahal izango du hori, Nazio Batuetako idazkari nagusiari hala jakinarazita.
43. artikulua
[aldatu]Konbentzio honek ez die kalterik egingo dela nazioarteko zuzenbide humanitarioko xedapenei, horietara biltzen direla Ginebrako 1949ko abuztuaren 12ko lau hitzarmenetako eta horien 1977ko ekainaren 8ko protokolo gehigarrietako alderdi kontratugile gorenek euren gain hartutako betebeharrak, dela estatu alderdi bakoitzak duen aukerari, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komiteari baimentzeko atxilotze-tokiak bisitatzea, nazioarteko zuzenbide humanitarioak jaso gabeko kasuetan.
44. artikulua
[aldatu]1. Konbentzio honetako estatu alderdi bakoitzak zuzenketak proposatu edo halakoak gordailutu ahal izango ditu, Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utzita. Proposatutako zuzenketak Nazio Batuetako idazkari nagusiak komunikatuko dizkie estatu alderdiei; aldi berean, eskatuko die jakinarazi diezaiotela estatu alderdien Konferentziarako deialdia egitea nahi duten, proposamenak aztertu eta horien inguruko botazioa egiteko. Komunikazioa hori zein datatan egin eta data horren ondorengo lau hilabeteetan estatu alderdietarik, gutxienez, herenak deialdi horren alde egiten badu, idazkari nagusiak konferentzia antolatuko du, Nazio Batuen babespean.
2. Konferentzian izan eta boto-emaile diren estatu alderdien bi hereneko gehiengoarekin zein zuzenketa onetsi eta idazkari nagusiak zuzenketa hori estatu alderdi guztien mende utziko du onarpenerako.
3. Artikulu honetako 1. paragrafoarekin bat etorriz onartutako zuzenketa indarrean jarriko da, konbentzio honetako estatu alderdien bi hereneko gehiengoarekin onartzen denean, estatu horietako kasuan kasuko konstituzio-prozedurekin bat etorriz.
4. Zuzenketa horiek, indarrean jartzen direnean, nahitaezkoak izango dira halakoak onartu dituzten estatu alderdientzako; gainerako estatu alderdiek, ordea, konbentzio honetako xedapenak eta aldez aurretik eurek onartutako zuzenketak betetzen jarraituko dute.
45. artikulua
[aldatu]1. Konbentzio hau, Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utziko da, hark gordailutu dezan; berebat, konbentzioaren testuak kautoak izango dira, arabiarrez, txinatarrez, espainolez, frantsesez, ingelesez eta errusieraz.
2. Nazio Batuetako idazkari nagusiak konbentzio honen kopia ziurtatuak bidaliko dizkie 38. artikuluan aipatutako estatu guztiei.