Edukira joan

EPPKk Gernikako Akordioarekin bat egitea erabaki du

Wikitekatik

Urte bete igaro da Euskal Herritarrontzat hain esanahi berezia duen GERNIKA herrian arlo politiko, sindikal eta sozialeko 30 euskal eragilek “Bake bidean aterabide demokratikoen akordioa” sinatu zutenetik. Gure herriak bizi duen gatazka politikoa eta indarkeria gatazkari konponbide demokratiko bat ematea helburu duen prozesuan jauzi bat suposatu zuen akordioak. Euskal Herriaren nazio izaeraren aitortza, Euskal herriak bere etorkizunaz erabakitzeko duen eskubidea zein Euskal herritarron hitzaren errespetuaren inguruko akordio zabala xede, bidean Euskal herritar guztion eskubide zibil eta politikoen errespetuaren bermearen aldeko jarduera abiatu zuen GERNIKAKO AKORDIOAK.

Euskal Herriari dagokion demokraziarainoko ibilbide politikoa, justizian eta errekonozimendu politikoan oinarrituriko eszenatokirainoko ibilbidea denok elkarrekin egiteko prestutasuna adierazi zuen Euskal Preso Politikoen Kolektiboak garaian. Amnistia osoaren erreferentzia eta norabide ezinbestekoan, espainia eta frantziako estatuek Euskal Herriaren kontrako zapalketa eta errepresio estrategiaren baitan indarrean duten espetxe politika gatazkaren konponbide klabean lerrokatu beharra aldarrikatu genuen. Gutxieneko baldintza demokratikoen artean gure eskubide zibil eta politikoak biltzen dituen estatus politikoaren gauzatzearen beharra ere azpimarratu genuen. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak plazaraturiko aldarrikapenak bere baitan jasota ditu Gernikako Akordioak ere, Amnistiarako bidean lehen urrats gisara Euskal Preso guztien Euskal Herriratzearen zein pairatzen ditugun hainbat muturreko egoeren altxatzearen aldeko jarrera argia adierazten du akordioak.

EPPK Euskal Herrian eragile garrantzitsu eta konponbide prozesuan nahitaezkoa den heinean, prozesu horretan gure parte hartzea eskubidea da. Are gehiago, eta umiltasun osoz baina erabateko konbentzimenduaz diogu hau: Gure herriak pairatzen duen gatazkaren konponbidea bera irudikatu eta lortu ahal izateko saihestezineko eragiletzat dugu gure burua.

Espainia eta Frantziako estatuek Euskal Herriari inposatu dioten, eta horrenbeste sufrimendu eragin duen gatazkari behin betiko konponbide integralera, Euskal Herriaren aitortza, bere etorkizunaz duen erabakitzeko eskubidearen onarpena eta erabaki horren errespetua bermatuko dituen eszenatokira bidea egiteko erreferentzia izan da, sortu zen unetik beretik Gernikako Akordioa EPPKren aburuz. Hala adierazi genien akordioa sinatu zuten eragileei lehenik eta euskal jendarteari ondoren 2010eko otsailean. Arestian aipatutakoaz mintzatu, iritziak elkartrukatu eta finean, EPPK akordioaren parte izan eta era normalizatuan bere garapenean eta jardunean parte ahal izan dezan esfortzua eskatu genien orduan eragileei.

Eredugarri eta txalotzekoa da gure gonbiteak jaso duen harrera eta GERNIKAKO AKORDIOAK emandako erantzuna.

EPPKren eragiletzaren aitortza eta hain beharrezkoa den prozesuan parte hartzearen egikaritzean urrats ikaragarria eman du GERNIKAKO AKORDIOAK. EPPKren estatus politikoaren gauzatze praktikoan zutoin garrantzitsua jarri du.

Hilabete hauetan zehar Akordioaren edukiaz argipenak izan dira. Zentzu honetan, eta EPPKk bere baitan hartutako ildoaren norabidean, dagozkigun eskubideak inolako kontrapartidarik gabe eta berehala aplikatu beharra argi geratu da. Horrela aldarrikatzen dugu eta hori da euskal Jendartearen artean gero eta hedatuagoa dagoen aldarria. Izan ere, Euskal Preso Politikoen kolektiboa osatzen dugun kideok betidanik lehenetsi bait dugu gure izaera politikoa eta kolektiboa. Gure borroka Euskal Herriaren borroka da, gure herriaren aitortzaren aldeko borroka; gure herriaren burujabetasunaren aldeko borroka hain zuzen ere. Zentzu horretan, norbanakoen interesetatik harago kokatzen dugu gure burua. Kolektiboa osatzen dugun kideok borroka horrekin erabateko konpromisoa dugu eta ez dugu, borrokaren lubaki honetan, Espainiako zein Frantziak gure izaera politiko zein humanoa suntsitu asmoz eraikitako kartzela sistemak “eskaintzen” dizkigun irtenbide eta onura pertsonalen politika zitala onartzen. Erabilpen politiko maltzurra zede duen xantaia eta errepresio sitema penitentziarioari aurre egin diogu beti Euskal Preso Politikoen Kolektiboan antolaturik gauden Euskal herritarrok. Gure erabaki eta jarrerak kolektiboak eta aipatu helburuen mesedetan kokatu izan ditugu beti. Hala izango da etorkizunean ere. Zentzu horretan inportantea izan da hilabete hauetan zehar emandako argipen prozesua.

Muturreko egoeren inguruko edo eta eskubide zehatzez harago, GERNIKAKO AKORDIOAREN aldetik gatazkaren konponbide prozesuan EPPKk parte hartzearen aldeko aldarriak izan du oihartzunik. Madrilen eta Parisen entzungor darraiten arren, Euskal Jendartean gure gutxieneko eskubideen aldeko posizio hartzean lan eredugarria izan da, beste eragile eta mugimenduekin batera, GERNIKAKO AKORDIOARENA. Eskubideei lotuta, sufriarazten diguten gatazkaren konponbide prozesuan gure parte hartzea bermatzearen alde GERNIKAk hartu duen protagonismoa eta egindako esfortzua ez da antzua izan. Madril eta Parisek gure arteko harreman zuzena ekiditen saiatu diren arren, hilabete hauetan izan dugun harremanak, aipatu trabak gaindituz, bere fruituak eman ditu.

EPPKk GERNIKAKO parte diren eragileen adore eta borondatea txalotu egiten du. EPPkrekiko jarrera eta jarduna eredu dira osatzen dugun kolektiboaren estatus politikoa gauzatze bidean. 2010eko Abenduaren 27an argitara emandako agirian horrela genion: “Hausnarketa sakonak, eztabaida zabalak eta erabaki politikoak Prozesu Demokratiko baten beharraz mintzo dira. Bere abia irabazi, garatu eta gauzatu behar den ibilbide politiko bat, behin betiko konponbide demokratiko batera eraman behar gaituena: Euskal Herriaren aitortza, bere etorkizunaz duen erabakitzeko eskubidearen onarpena eta erabaki horren errespetua, hain justu.

Eszenatoki Demokratiko hori gauzatze bidean erreferentzia da GERNIKAKO AKORDIOA EPPKrentzat, eta hein horretan Akordioarekin bat egiten dugula adierazi nahi diogu euskal jendarteari. Gatibu gauzkaten estatuek inposatzen dizkiguten muga eta traba guztien gainetik, EPPKk, GERNIKAKO AKORDIOAREN baitan eta GERNIKAKO AKORDIOAREN edukiaren arabera, prozesu demokratikoan aurrera bultzatzeko konpromiso irmoa azaltzen du.

Itxikeria-Itsukeria eta gatazka betikotzea helburu dituzten jarrerak printzatu eta gure herriarentzat bere etorkizun askea bermatuko duen eszenatokia eskuratzea ez da, ez, nolanahiko erronka. Abian dugun prozesuak helburuak egikaritzera eramango gaituenaren konbentzimenduaz, prozesu demokratikoa bururaino bultzatzeko erabateko konpromisoa dugu ordea. Eta lortuko dugu!!

Euskal Herria izango da!
Gora Euskal Herria askatua!
2011ko iraila

EPPK