ETA-ren agiria Euskal Herriari (2015-1-20)
Euskadi Ta Askatasunak, urtarrilaren 16an gaixotasun larri baten ondorioz hil zaigun Josu Uribetxebarria Bolinaga ETAren gudariaren heriotzak eragin digun samin sakona agertzearekin batera, bere senitarteko eta lagunei doluminik sentituenak helarazi nahi dizkie agiri honen bidez.
Josu burkideak Euskal Herriaren independentziaren eta sozialismoaren aldeko borrokan, nahiz espetxean nahiz askatasunean, urte luzetan hartutako konpromisoa ETAko kideontzat eredu izanen da. Azken unera arte izan duen duintasuna eta borrokarako grinak jarraitu beharreko bidea erakusten digu.
Josuk Espainiako Estatuaren espetxe politika ankerra modu latzean pairatu zuen. Bortizki torturatu eta gero espetxeratu zuten eta, gainontzeko euskal preso politikoak bezala, hasiera-hasieratik sakabanatu zuten. Horrela egin zuen bere espetxealdi osoa. 15 urte sakabanatua eta, denbora gehienean, Euskal Herritik urrunduta. Espetxeko osasun asistentziaren gabeziak gertutik ezagutu zituen, baita Espainiako Estatuak larriki gaixorik dauden euskal preso politikoekin duen jokabide bihozgabea ere. Gaixotasun larria diagnostikatu ziotenetik zazpi urte eman zituen preso. Espetxean hil nahi zuten, bere duintasunaren aldeko borroka gogorrak eta herritarren elkartasunak askatasunera eraman zuten arte. Aske izan arren, jazarpena ez zen eten eta espetxeratzeko saiakerek azken unera arte iraun dute. Bere gorputza itzali den arte. Atzora arte.
Espainiako Estatuaren ankerkeriak Josu akabatu du, baina ankerkeria ez da Josuren heriotzarekin bukatu. Mendeku gosea bazka bila dabil. Euskal preso politikoen eskubide guztiak deuseztatzeko bidean oraingoan asistentzia juridikoari egin dio hozka. Hala ere, ardura ez da bakarrik Espainiako Estatuarena. Bada aurretik platera maneatu dionik, Espainiako polizia-literaturaren antzera abokatuen lana desitxuratu eta presoak kontrolatzea leporatu dienean. Eraso honek PNV-n gogoeta eragin beharko luke, ezker abertzalea higatzeko denak balio duela iritzita elikatzen duen jokabideari buruz, hain zuzen.
Eusko Jaurlaritzak ere bere jardueraren inguruan badu zer hausnartu. Giza eskubideak hamaika aldiz aipatu baina oinarrizko eskubideen urraketen aurrean epel jarraitzen du, erasoak pairatzen dituzten herritarrengandik urrun. 2012ko uda hartako ospitaleren aurreko elkartasun egun haietan bezala. Espainiako Gobernuarekiko polemika antzuren bat irudikatuz, baina erasoari aurrez aurre heldu eta salatzeko adorerik erakutsi gabe. Izan ere, tamainako erasoen aurrean Eusko Jaurlaritzak eskubideen urraketa bera baino, Espainiako Gobernuak Jaurlaritzari operazioaren berri eman ez izana salatzea zinez eskasa da. 16 euskal herritar atxilotuta eta Espainiako Gobernuaren leialtasun eza omen da arazoa.
Asistentzia juridikoa soilik ez, presoekiko elkartasuna ere egon da erasoen jomugan. Bilbon hamarnaka mila lagunek piztutako argia itzali nahi du Espainiak,presoak iluntasunera kondenatu, etsipenera. Eta presoekin batera euskal jendartea. Hau guztia nahikoa ez eta, euskal preso politikoak hala edo nola espetxean mantentzeko bide berriak asmatzen ari dira. Irteteko daudenak eta irten berri direnak, denak espetxean. Espainiaren gehiegikeriak ez du mugarik eta bere sistema juridiko-instituzionalaren ustelak ez du konponbiderik.
Espainiaren jarrera mendekaria da, baina mendekutik harago doa. Helburu politiko zehatza duen estrategia da: euskal preso politikoak bahitu gisa mantendu, Euskal Herriak Espainian preso jarrai dezan.
Espainiak eraman nahi gaituen zurrunbilo ero horretatik atera, eta kateak askatzen hasteko garaia da. Presoen eta Euskal Herriaren kateak. Josu ankerkeriak eramaten duen azkena izan dadila. Agur eta ohore Eperra!
GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA! GORA EUSKAL HERRIA SOZIALISTA!
JO TA KE INDEPENDENTZIA ETA SOZIALISMOA LORTU ARTE!
Euskal Herrian, 2015eko urtarrilaren 20an
Euskadi Ta Askatasuna
E.T.A.