ETAren eskutitza euskal eragileei

Wikitekatik
ETAren eskutitza euskal eragileei  (2018) 
Euskadi Ta Askatasuna

Jaun-andre agurgarriak:

Komunikazio honen bidez, Euskadi Ta Askatasunak hartu berri duen erabakia ezagutarazi nahi dizue. Kide guztien artean burutu den barne eztabaidan, ETAk bere ziklo historikoa eta funtzioa amaitutzat ematea erabaki du, bere ibilbideari amaiera emanez. Ondorioz, ETAk bere egitura guztiak erabat desegin eta bere ekinbide politikoa bukatutzat jo du.

Horrela, ezker abertzale osoaren estrategia aldaketaren ondorioz, 2010ean abiatu zuen prozesua bururaino eraman du ETAk, Euskal Herrian ziklo politiko berri bat zabaltzeko asmoz.

Prozesu horretan, Aieteko Konferentzia eta, handik hiru egunetara, ETAk iragarri zuen borroka armatuaren bukaera erreferentzia nagusiak izan ziren. Konfrontazio armatuaren aroari bukaera ordenatu, arrazoizko eta eraikitzailea emateko ahalegina izan zen. Zuetako gehienak aukera horren lekuko zuzenak izan zineten eta, zuetako asko, baita bultzatzaile sendoak ere. Tamalez, Aieteko Adierazpenak ez zuen bidea egiterik izan. Euskal herritarren gehiengoaren nahiarekin bat egin arren, Espainia eta Frantziako estatuek ezinezko bilakatu zuten hasiera-hasieratik:

Hala eta guztiz ere, ETAk aurrera egitea erabaki zuen. Aieteko Adierazpenetik eta balizko negoziazio prozesu batetik harago, Euskal Herria izan zuen bere ekimenaren abiapuntu eta helburu. Horrela, ordura arte hartutako konpromisoak bete eta berriak hartu zituen. Bere ekimen esanguratsuenean, ETAk herriari eman zizkion bere armak eta jendarte zibilaren esku utzi zuen armagabetzearen ardura.

Herria da azken erabaki honen hartzaile nagusia ere:

• ETA herritik sortu zelako eta herrira itzultzen delako.

• Herriaren indarrarekiko konfiantzan oinarritzen delako.

• Eta, batez ere, Euskal Herrian bakea eta askatasuna eskuratzeko bidean ekarpena egin nahi duelako.

Izan ere, urteotako erabakiekin azken hamarkadetako egoera astindu eta etorkizuna abiapuntu berri batetik eraikitzeko apustua egin du ETAk, ausardia eta ardurarekin.

Erabaki honek ETAren 60 urteko ziklo historikoa ixten du. Ez du gainditzen, ordea, Euskal Herriak Espainia eta Frantziarekin duen gatazka politikoa. Gatazka ez zen ETArekin hasi eta ez da ETAren ibilbidearekin batera bukatu.

Urteotan, gatazka politikoa arrazoizko bidetatik bideratzeko ahalegin ugari egin dira. Negoziazio saio formalak abiatu, ezkutuko elkarrizketak burutu eta hamaika proposamen aurkeztu dira. Ez gara gai izan akordioetara iristeko, ez ETA eta gobernuen artean, ez euskal eragileen artean. Ardura konpartitua da eta ETAk dagokion zatia beregain hartzen du.

Gatazka konpontzeko borondate ezak, batzuetan, eta huts egindako aukerek, bestetan, konfrontazioaren luzapena eragin du eta alde anitzeko sufrimendua areagotu. Lehenago buka zitekeen. Edonola ere, ETAk bere borrokaren ondorioz eragin duen sufrimendua aitortzen du.

Euskal Herria aukera berri baten aurrean dago orain, gatazkaren zikloa behin betiko itxi eta bere etorkizuna denon artean erabakitzeko. Ez ditzagun akatsak errepikatu, ez ditzagun arazoak usteltzen utzi. Hori arazo berrien iturri baino ez litzateke izango.

Urtetako konfrontazioak zauri sakonak utzi ditu eta sendabide egokia eman behar zaie. Batzuk odoletan daude oraino, sufrimendua ez baita iraganeko kontua.

Gutun honen bidez, eta apaltasun osoz, ETAk azken iritzi bat helarazi nahi dizue. Bere aburuz, gatazkaren konponbideak eta Euskal Herriaren eraikuntzak zuen guztion beharra dute, etorkizuna denon ardura delako.

ETAko militante izandakook, gure aldetik, zeregin horretan murgiltzeko konpromisoa berretsi nahi dugu, gutako bakoitzak egokien irizten dion tokian, betiko arduraz eta zintzotasunaz.

Euskal Herrian,

2018ko apirilaren 16a

Euskadi Ta Askatasuna

ETA