Ekintza Egitasmoa (1968)
(...)
Oinarrizko produkzio-baliabideen jabetza kolektiboa. Hau da, erabat herriarena den jabetza; estatuarena, ekoizleen elkarteena edo kooperatibena izanda ere, langileek parte hartuko dute zuzendaritza eta plangintza ekonomikoan eta gainbalioaren banaketan. Industria txikian, merkataritzan, artisautzan eta zerbitzuetan ekimen pribatuak jarraituko du, baina betiere kontrol publikoarekin.
Jabetza kolektibo horretan oinarriturik, sistema pluralista bat sortu, non alderdi politikoak herritarren era ezberdinetako interesen ordezkariak izango diren. Alderdi Komunistak jarraituko du zuzendaritzan, baina lehiakortasun demokratiko baten barruan.
Herritarrari demokrazia parlamentarioetan edo burokrazia estalinistan baino eskubide gehiago eta askatasun eta eragiteko gaitasun handiagoa emango dion demokrazia sozialista bat garatu. Demokrazia ordezkatzailearen bidez izango du agintea herritarrak —isilpeko sufragioaren bitartez aukeratuko dira ordezkariak—, bai eta demokrazia zuzenaren bitartez ere —eskualdeetan, udaletan, auzoetan eta abarretan, herritarrak kontrolatuko du boterea langileen kontseiluen eta autokudeaketako beste formula batzuen bitartez—.
Sindikatuen askatasuna eta greba-eskubidea bermatu... Independentzia handiagoa enpresei, ekoizpena handitzeko eta herritarren premiak asetzeko —«merkatu sozialistaren presioa»— eta, aldi berean, ziurta ditzala plangintza zientifiko baten bitartez gizartearen interes orokorrak, lan-eskubidea, bizi-maila hobetzea eta erretiro duina.
Kanpo-politikari dagokionez, harremanak izan Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunarekin eta harremanak izaten jarraitu Varsoviako Itunekoekin. Txekiarren eta eslovakiarren arteko federazioa...
Txekoslovakiako Alderdi Komunista
1968ko apirilaren 5a
Iturria: Martínez Rueda, F. eta Urquijo, M. (2006): Materiales para la historia del mundo actual, Istmo, Madril, II., 124-126.
Itzulpena: Martínez Rueda, F. eta Aizpuru Murua, M. (2011): Gaur egungo munduaren historia 1945-2009, UEU, Bilbo, 154.
Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License. | |