Edukira joan

Ekonomia Politikorako Sarrera

Wikitekatik
Ekonomia Politikorako Sarrera
Rosa Luxemburg

1768an Cartwrightek lehenengo kotoi-irundegi mekanikoa ezartzen du Ingalaterrako Nottinghamen; 1785ean lehenengo ehundegi mekanikoa asmatzen du. Lehenengo ondorioa, Ingalaterran, eskuzko ehutearen desagerpena eta fabrikazio mekanikoaren hedapen bizkorra dugu. XIX. mendearen hasieran, garaiko balioespen baten arabera, Ingalaterran milioi bat eskuzko ehule inguru zegoen; gaur egun desagertze-prozesuan daude, eta 1860 urtearen inguruan Erresuma Batuan milaka gutxi batzuk geratzen dira. Kotoiaren adarrean, ordea, milioi erdi fabrika-langile baino gehiago ari da. 1863an Gladstone lehen ministroak parlamentuan ingeles burgesia joko zuen "aberastasun eta boterearen hazkunde hordigarri" batez hitz egiten du, langile klaseak beronengan parte hartzerik izan ez bazuen ere.

Ingalaterrako kotoi-industriak lehengaia lpar Amerikan lortzen du. Lancashireko barrutiko fabriken hazkundeak Estatu Batuetako hegoaldean kotoi-plantazio izugarriak sortarazi zituen. Afrikatik beltzak inportatu ziren kotoi-plantazioetako lan hilgarrirako lanesku merke bezala, eta berdin azukre-, arroz- eta tabako-plantazioetarako. Afrikan esklabo-salerosketa harrigarriro intentsifikatzen da, beltzen tribu osoak ehizatuak dira "kontinente beltzaren" barnealdean, bertako kazikeek salduak, lurrez eta itsasoz distantzia handietan zehar garraiatuak, salduak eta lpar Amerikara bidaliak izateko. Formalki "migrazio" beltza sortzen da. XVIII. mendearen bukaera aldean, 1790ean, lpar Amerikan zegoen beltzen kopurua 697000koa zela kalkulatu zen, baina 1861ean 4 milioi ziren jadanik.

Batasunaren hegoaldean suertatutako esklabo-salerosketa eta lanaren hedakuntza handiak iparraldeko estatuen gurutzada bat pizten du printzipio kristauei egindako eraso gorrotagarri honen aurka. 1825-1860 artean heldutako ingeles kapitalen sarrera ugariak Estatu Batuetako iparraldea trenbideen eraikuntza kementsua eta industria propio baten hastapenak ekarri zituen eta, beronekin, ustiakuntzan erreforma modernoenak, hots, soldatadun esklabotza kapitalista sartzeko irrikan zegoen burgesia batena. Hegoaldeko plantazio-jabeen negozio oparoak, zeinak gai baitziren esklaboak hain gogor lan egitera behartzeko ezen hauek zazpi urteren buruan hiltzen baitziren, basakeria ziren iparraldeko puritano elizkoientzat, are gehiago kontuan hartzen badugu iparraldeko baldintza klimatikoek ez zutela posible egiten euren estatuetan halako paradisurik ezartzea. Beraz, iparraldeko estatuen zirikaldiaren ondorioz, 1861eko legeaz Batasunaren lurralde guztian zehar esklabotzaren forma guztiak abolitu ziren. Hegoaldeko plantazio-jabeek, euren barne-barneko sentimenduetan ukituta, kolpeari jazarraldi argi batez erantzun zioten. Hegoaldeko estatuek Batasunarekiko sezesioa aldarrikatu zuten, eta gerra zibil handia piztu zen.

Gerraren lehenengo ondorioa hegoaldeko estatuen suntsipena eta ekonomi-hondamendia izan zen. Produkzioa eta merkataritza bertan behera geratu ziren eta kotoi-esportazioak moztuta. Hala, ingeles industria lehengairik gabe geratu zen eta, 1863an, Ingalaterran izugarrizko krisiak egiten du eztanda, "kotoiaren gosea" delakoak. Lancashireko barrutian 250000 langile lanik gabe geratzen dira, 166000 bakarrik erdi-enplegatuak eta soilik 120000ek lanaldi osoa aurkitzen dute, V010-20ko soldata murriztapenekin baina. Barrutiko biztanleriaren artean miseria gorria nagusi da, eta 50000 langilek Ingalaterrako parlamentuari zuzendutako eskakizunean Estatuak eurek eta euren emazte eta seme-alabek Ingalaterra uzteko medioak eman ziezaietela aldarrikatzen dute. Australiako estatuak Ingalaterrako proletario langabetuak hartzeko prest agertzen dira, lan indar urria baitute hastapenetan dagoen hedakuntza kapitalista bultzatzeko-europar migrariek populazio indigena ia guztiz ditximatu ondoren. Baina ingeles enpresariek gartsuki gaitzesten dute euren "makineria bizidunaren" emigrazioa, akaso industria berriro berreskuratzen denerako beharko baitute. Langileei emigratzeko bitartekoak ezeztatzen zaizkie eta krisiaren izugarrikeriak azkeneraino jasatera behartzen dituzte.

Iparramerikar iturria agortzerakoan, lehengaia beste alde batetik lortzen saiatzen da ingeles industria eta Sortaldeko Indietara bideratzen da. Hantxe biziki azkar kotoi-plantazioak sortzen dira eta nekazaritzak, milurtetan populazioaren eguneroko elikadura eta bizi-oinarria ziurtatzen zuenak, espekulatzaileen probetxuzko proiektuei hedadura handiak utzi behar dizkie. Arrozaren laborearen baztertze hau dela eta, urte gutxi barru izugarrizko urritasuna eta gosetea gertatzen dira, eta 1866an milioi bat gizaki baino gehiago hiltzen da barruti bakar batean, Orissan, Bengalako iparraldean. Bigarren esperimentua Egipton egiten da. Egiptoko erregeordeak, Ismael Pashak, sezesio gerratearen koiunturaz profitatu nahian kotoi-plantazioak ezartzen ditu bizkorki. Nekazaritzaren jabego-harremanetan iraultza formal bat gertatzen da. Nekazarien lur ugari lapurtu, errege-jabegokoak izendatu eta tamaña handieneko plantazioak eratzera bideratzen dira. Milaka nekazari-morroi zigorkadaka plantazioetara eramanak dira urtegiak eraikitzera, ubideak egitera eta erregeordearentzat goldea bultzatzera. Baina erregeordea are gehiago zorduntzen da bankari ingeles eta frantsesekin, maileguan hartutako diru horrekin Ingalaterrarengandik lortu ahal izateko lurrun-golderik modernoenak eta pipita kentzeko instalazioak. Espekulazio handia urte baten buruan amaitu zen, porrot ekonomikoaz, Estatu Batuetan bakea berrezarri eta kotoiaren prezioa egun gutxitan bere aurreko mailaren laurdenera jaitsi zenean. Kotoiaren garaiaren emaitza, Egiptorentzako, nekazari-ondasunaren bat-bateko hondamendia, finantzen erorketa bizkorra eta, azkenik, ingeles militarren okupazio azkarra izan zen.

Bitartean, kotoi-industriak konkista berriak gauzatzen ditu. 1855eko Krimeako gerrak, errusiar kalamu eta liho-hornidura moztu zuelarik, Europan oihalgintza-krisi bortitza eragin zuen. Kotoiak, orduan, kasu askotan lihoa ordezkatuko du, eta kotoi-industria kasu askotan haren kaltean hedatzen da. Errusian nagusitzen dira orduan, sistema zaharraren erorketa ostean, iraultza politiko bat, morrontzaren abolizioa, erreforma liberalak, librekanbioa eta trenbidearen eraikuntza bizkorra. Honekin industri-produktuak saltzeko merkatu berri eta handia irekitzen da inperio erraldoiaren barnealdean, eta ingalaterrako kotoi-industria da errusiar merkatuetan barna abiatzen den lehena. Hirurogeiaren hamarkadan Txina ere, guda odoltsuen ostean, ingeles merkataritzara irekitzen da. ingalaterrak mundu-merkatua menderatzen du eta kotoiaren industriak bere esportazioen erdiaz hornitzen du. Hirurogei eta hirurogeita hamarreko hamarkaden epealdia kapitalista ingelesentzako negozio distiratsuen garaia da; gainera, garai honetan, oso prest daude langileekiko amore emate txikien bitartez, "besoak" eta "industri-bakea" ziurtatzeko ahaleginik handienak egiteko. Garai horretan lortzen dituzte kotoi-irule eta ehuleek zuzendutako trade union-ek bere arrakastarik handienak. Aldi berean, kartismoaren tradizio iraultzaileak eta Owenen ideiak hiltzen dira ingeles proletalgoaren baitan, zeina sindikalismo kontserbatzaile batean murgiltzen baita.

Baina, laster, garaiak aldatzen dira. Kontinente osoan, zeinera ingalaterrak bere kotoi-produktuak esportatzen baitzituen, kotoi-industria propioa sortzen doa. Jadanik 1844ean Silesia eta Bohemiako artisauen artean 1848ko martxoko iraultza iragartzen duten altxamenduak gertatzen dira. Ingalaterrako kolonietan bertan ere lekuko industria bat sortzen da. Bombayko kotoifabrikek laster ingelesekin konkurritzera jotzen dute eta, laurogeiko hamarkadan, munduko merkatuan Ingalaterrak zuen monopolioa apurtzen laguntzen dute.

Azkenik, Errusian, kotoiaren barne-fabrikazioaren hedakuntzak hirurogeita hamarreko hamarkadan industria handiaren eta aduana-babesaren garaia sortarazten ditu. Mugasari handi horiek gainditzeko fabrika osoak, pertsonala eta guzti, eramaten dira Saxoniatik, Vogtlandetik, errusiar Poloniara, zeinetan bizkortasun kaliforniarraz fabrika-gune berriak hazten baitira, Lodz, Zgierz. Laurogeiko hamarkadaren hasieran Mosku-Vladimir barrutiko langileen borrokek Tsarren inperioko lehenengo langileen babeserako legeak lortzen dituzte. 1896an, Petersburgoko kotoi-fabriketako 60000 langilek Errusiako lehenengo greba orokorra antolatzen dute. Eta, bederatzi urte geroago, kotoi industriaren hirugarren gunean, Lodz-en, 100000 langilek, alemaniarrak buru, errusiar iraultza handiaren lehenengo barrikadak altxatzen dituzte.

Hemen, laburki, industri-adar moderno baten historia zirriborratu dugu, bost kontinentetan zehar garatzen den historia bat, milioika giza-bizitza hartzen dituena, leku batean krisi bezala agertzen zaiguna, beste batean gosete gisa, gerra zein iraultza bezala pizten dena, eta bidean aberastasunezko urrezko mendiak eta miseriazko amildegiak, odolez tindatutako giza-laneko izerdi jario ugariak uzten dituena.

Bizitzaren ikaraldiak dira, herrien barne-muinetara heltzen diren urruneko eraginak, baina nazioarteko merkataritzaren estatistika lehorren zifrek batere islatzen ez dituztenak.

Ingalaterran orain dela mende eta erdi industria modernoa sortu zenetik, munduko ekonomia kapitalista egiazki gizadiaren min eta dardaren artean hazi zen. Produkzio adar bat bestearen atzetik bereganatu zituen, herrialde bat bestearen atzetik bereganatu. Lurraren zokorik urrunenera heldu da lurrunaren eta elektrizitatearen, suaren eta ezpataren bidez, txinatar harresi guztiak bertan behera bota eta gaur egungo gizadiaren batasun ekonomikoa finkatu mundu mailako krisien garaiaren bitartez, aldian aldiko katastrofe kolektiboen bidez. Kapitalismoak eragindako miseriak kanporatutako italiar proletarioa Argentina edo Kanadara heltzerakoan, bertan Estatu Batuetatik edo Ingalaterratik inportatutako kapitalaren zama aurkituko du. Eta bere herrialdean geratzen den eta bizimodua zintzoki atera nahi duen alemaniar proletarioa mundu osoko produkzioaren eta merkataritzaren martxaren menpean dago, bere ongizateari dagokionean. Lana aurkituko duen ala ez, emaztea eta seme-alabak elikatzeko nahikoa soldata irabaziko duen, asteko zenbait egunetan zehar behartutako aisialdira edo gau eta egun gehiegizko lanaren infernura kondenatuta izango den, hori guztia etengabe Estatu Batuetako kotoi-uztaren, Errusiako gari-uztaren, Afrikako urre- edo diamante-meategi berrien aurkikuntzaren, Brasilgo gatazka iraultzaileen, mugasari-gerren, diplomazia-borroken eta bost kontinenteetako guden menpe dago. Gaur egungo bizitza kolektibo eta politikoaren eraketan ez dago, alde batetik, herriak eta herrialdeak multzo handi batean biltzen dituen geroz eta oinarri ekonomiko estuago eta sendoago horren eta, beste aldetik, herriak artifizialki hainbat sektore arrotz eta etsaietan muga-postu, mugasari eta militarismoaren bidez banatu nahi dituen estatuen gainegitura politikoaren arteko kontraesan garbia baino gauza erabakioarragorik.

Rosa Luxemburg

1916-1917

Iturriak

[aldatu]

Lehen iturria: ZZEE (1998): Historia testu bidez , Arabako Foru Aldundia - EHU, Gasteiz. (Itzulpenaren arduradun den Iban Zalduaren baimenaz).

Bigarren iturria: kondaira.eus


Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License.