III. Kapitulua
Meategien errentaz
Metalak, beste gauzak bezala, lanaren bidez erdiesten dira: Egia da Naturak ekoizten dituela; gizakiaren lanak, hain zuzen, lurraren barnetik atera eta geure zerbitzurako egokitzen ditu.
Meategiek, lurrak bezala, bere jabeari errenta sorrarazten diote; eta errenta hau, lurrarena bezala, bere ekoizkinen balio garaiaren ondorioa da eta inoiz ez zergatia.
Emankortasun berdineko meategi ugari baleude eta horiez jabetzea edozeinen eskura balego, orduan meategi horiek ez lukete errentarik sortuko; beren ekoizpenaren balioa meategitik atera eta merkatura heltzeko behar den lan-kantitatearen menpe egongo litzateke.
Baina badaude, egon ere, kalitate ezberdineko meategiak, guztiz errendimendu diferenteak dituztenak, nahiz eta lan-kantitate berdinak erabili. Ustiatzen den meategi txiroenean ekoiztutako metalak, gutxienez, nahiko ganbio-balio izan beharko du, ez bakarrik jarduera honetan ari direnen arropa, elikagaiak zein beste gauza batzuen kontsumoari aurre egiteko eta metala merkatura eramateko, baita ustiapen horretarako kapitala aurreratu dionari ohiko irabaziak emateko ere. Meategi txiroenean kapitalak erdietsiko lukeen errendimenduak ez luke errentarik ordainduko, baina gainontzeko meategi emankorragoen errenta erregulatuko luke. Meategi honetako kapitalak ohiko irabaziak ematen dituela suposatzen da. Gainontzeko meategi guztiek irabazi horien gainetik egon behar dute eta diferentzia, meategien jabeei errenta ordaintzeko izango da. Printzipio hauxe bera lurrari buruz aritu garenean erabili dugunez, ez dugu gehiago sakontzea beharrezkotzat jotzen.
Nahikoa da metalentzat ekoizpen gordinaren balioa eta fabrikatutako merkantziarena erregulatzen duen arau bera aplikagarri dela azpimarratzea; berauen balioa ez dago irabazi-tasaren menpe, ez alokairu-tasaren menpe, ezta meategien ustiapena dela eta ordaintzen den errentaren menpe ere; metal hori eskuratzeko eta merkaturatzeko behar den lan-kantitate ororen menpe dago ordea.
Metalen balioa, gainontzeko merkantziena bezala, aldaketei lotuta dago. Meagintzan erabiltzen diren makinerian eta lanabesetan hobekuntzak egon daitezke, eta hauek, hein handi batean, eskulanaren erabilera gutxi dezakete; meategi berriak eta emankorragoak aurki daitezke, lan berdinaz metal gehiago eskuratzea ahalbidetuz; edo metala merkaturatzeko erraztasunak gehi daitezke. Nolanahi ere, metalen balioa erori egingo litzateke, eta beraz, gauza gutxiagorekin ganbiatu ahal izango litzateke. Bestalde, metala eskuratzeko zailtasunak gehi daitezke meategiaren sakonera handiagoan lan egin behar delako, ura metatzen delako edo beste edozein gora-behera gertatzen delako; orduan, metalaren balioa, gainontzeko ondasunenarekin erkatuta nabarmen handituta gera daiteke.
Arrazoi osoz esan denez, nahiz eta herrialde bateko moneta diru-neurri estandarrera hurbil daitekeen, moneta hau urrez edo zilarrez egina baldin badago, oraindik gora-beherak izan ditzake, ez bakarrik ezustekoak eta behin-behinekoak, baita iraunkorrak eta naturalak ere, beste edozein merkantziak izan dezakeen bezala.
Amerika eta hango meategi aberats eta ugarien aurkikuntzak eragin handia izan du metal preziatu horien prezio naturalean. Askoren ustetan, gainera, eragin hori ezin daiteke amaitutzat eman oraindik. Baina baliteke, bestalde, Amerika aurkitzeak metalen balioan sortu zituen ondorioak amaituak egotea; eta azken urte hauetan beren balioan beherakada eman bada, meategien ustiapen-eratan sartutako hobekuntzei egotzi beharko zaie.
Honen eragilea edozein izanda ere, honen ondorioa hain mantso eta mailakatua izan da, eragozpen praktiko gutxi egon dela urreak eta zilarrak gainontzeko ondasunek duten balioaren neurriak zenbatesteko. Nahiz eta, zalantzarik gabe, metal horien balioak ere aldagarriak izan, ez dago hain aldaketa txikia duen beste merkantziarik. Metalen abantaila honi beste batzuk erantsi behar dizkiogu: gogortasuna, malgutasuna, zatigarritasuna eta beste. Abantaila hauek guztiak direla eta, leku gehienetan, herrialde zibilizatuetan, diru-patroia izateko lehentasuna eman zaie.
Errentarik ordaintzen ez duen meategitik, uneoro lan-kantitate eta kapital finkoaren kantitate berdinak erabiliz, urre-kantitate berdinak ateratzerik balego, urreak, gauzak diren bezala ezagututa, ia balio-neurri aldaezina izango luke. Kantitatea handitu egingo litzateke eskariarekin, baina bere balioa aldaezina eta benetan egokia izango litzateke gainontzeko gauza guztien balio aldakorra neurtzeko. Liburu honen lehenbiziko zatian urrea uniformitate honekin hornituta dagoela kontsideratu dut eta hurrengo kapituluan hori bera egiten jarraituko dut. Beraz, prezio aldakorraz mintzatzerakoan, aldaketa, beti, aztertzen den merkantzian gertatuko da, eta inoiz ez neurtzeko erabiltzen den ondasunean.