Elegiak (Propertzio)
Elegiak, IV, VII, 1-18. Hiletaren ondoren.
(Itz.: Gidor Bilbao)
Maneak zerbait dira: heriotzak ez du guztia ezabatzen
eta itzal zurbila itzuri egiten zaio hil-txondor garaituari.
Zintia nire ohantzeburuan jartzen zela iruditu zitzaidan
—arestian bide-ertzean ehortzitakoaren durundia—
maitearen hiletaren ondoren logura etorri zitzaidanean
nire ohantzearen erreinuko hotzaz kexu nintzela.
Atzitua izan zeneko bilo berbera zuen,
begi berberak; soinekoa albotik erreta;
erian eramaten zuen beriloa suak karraskatua zuen
eta Leteoko urez maskaldurik ezpainak.
Arnasestua zuen eta ahotsa larri, eta are
esku hauskorrek kraska egiten zuten erpuruetan:
«Zital hori, neskatxek ezin dute zuregandik hoberik espero.
Menderatu al zaitu honezkero logaleak?
Ahaztu al dituzu dagoeneko Subura ernaiko hitzordu ezkutuak
eta nire leihoa, gaueko azpikerietan maiz igaroa?
Zenbat bider jaitsi nintzen handik, sokatik zintzilik,
beste eskuaz zure iduna inguratzera!»
Elegiak, III, 12, 1-14. Maitea kutxatxoan.
(Itz.: Gidor Bilbao)
Nola zenezakeen, Postumo, Gala negarrez utzi
eta Augustoren gerra-ikur ankerren atzetik soldadu bezala joan?
Horrenbeste merezi al zuen partoak suntsitu izanaren ospeak,
Gala deika eta deika zenuelarik jaramonik ez egiteko beste?
Asegaitz zareten guztiok hil zaiteztela batera, zilegi bada,
eta zuekin, ohantze zintzoa baino armak nahiago dituen oro!
Zuk, ordea, eroa, euritakoa gainetik botata edango duzu,
nekatuta, kaskoarekin, Araxiseko ura.
Neskatoa, bitartean, esames hutsetan samindurik izango da
ez dakizun zeure adorea zeuretzat garratzegi suerta,
ez daitezen medoen geziak zure heriotzarekin josta
edo burdinaz jantzitako soldadua zure urrezko zaldiarekin,
ez zaitzaten kutxatxoan ekarri negar egin diezazugun,
horrela itzultzen baitira leku haietan eroritakoak.
Elegiak, III, 23, 1-10. Oholtxo leialak.
(Itz.: Gidor Bilbao)
Beraz galdu egin ditut oholtxo hain kultu haiek,
eta haiekin hainbeste idazlan baliotsu!
Erabiliaren erabiliaz behiala gastatuak zituzten nire eskuek,
eta erabilera zen haien bermea, sinatu gabe egon arren.
Oholtxoek eurek zekiten ni gabe neskatilak baretzen
eta ni gabe hitz argienak esaten.
Ez zen txertaturiko urrea haiek baliotsu egiten zituena:
argizari ez lar ona zen, ezpel-egur arruntean.
Baina egoera guztietan izan zaizkit leial
eta beti egin didate lan ona.
Iturria: Bilbao Telletxea, G. (2002): Latin-literaturarako sarbidea: idazleak eta idazlanak, UEU, Bilbo, 175-176.
Testu hau Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak UEUrekin egindako akordioari esker igo da, eta Creative Commons Aitortu PartekatuBerdin 3.0 Lizentziapean argitaratu da.
This text has been uploaded within the agreement between Basque Wikimedians User Group and UEU and is licensed under a Creative Commons Attribution ShareAlike 3.0 License. | |