Edukira joan

Emakumearen aurkako bereizkeria-mota guztiak ezabatzeko Konbentzioaren Hautazko Protokoloa

Wikitekatik

Emakumearen aurkako bereizkeria-mota guztiak ezabatzeko Konbentzioaren Hautazko Protokoloa

NEW YORKen EGINA, 1999ko URRIAREN 6an

Protokolo honetako estatu alderdiek,

Ikusirik Nazio Batuen Gutunak bere ustea berresten duela, dela gizakiaren oinarrizko eskubideetan, dela gizakiaren duintasun eta balioan, dela gizonen eta emakumeen arteko eskubide-berdintasunean.

Adieraziz, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak aldarrikatutakoaren arabera, gizaki guztiak aske jaiotzen direla, berdinak izanik duintasunari eta eskubideei begira, eta pertsona orok, inolako bereizketarik gabe, bertan aldarrikatutako eskubide eta askatasunak dituela, sexuan oinarritutakoak horien artean,

Gogoratuz, giza eskubideen nazioarteko Itunek eta giza eskubideen nazioarteko beste tresna batzuek sexuaren ondoriozko bereizkeria debekatzen dutela,

Gogoratuz, orobat, emakumearen aurkako bereizkeria-mota guztiak ezabatzeko Konbentzioa (konbentzioa), bertan estatu alderdiek emakumearen aurkako bereizkeria-mota guztiak kondenatu dituztela, eta, bide egoki guztiak erabilita eta atzerapenik gabe, emakumearen aurkako bereizkeria ezabatzeko politika egitea erabaki dutela,

Berretsiz, eurek hartutako erabakia, giza eskubide guztiak eta oinarrizko eskubide guztiak oso-osoan eta berdintasun-baldintzetan ziurtatzeko, eta neurri eragingarriak hartzeko, eskubide eta askatasun horiek urratu ez daitezen,

Hurrengoa erabaki dute:

1. artikulua

Protokolo honetako estatu alderdi orok aitortzen du Emakumearen aurkako Bereizkeria Ezabatzeko Komitearen eskumena, 2. artikuluaren arabera aurkeztutako komunikazioak jaso eta kontuan hartzeko.

2. artikulua

Komunikazioak aurkeztu ahal izango dituzte estatu alderdien jurisdikzioaren mende dauden pertsona edo pertsona-taldeek, baldin eta alegatzen badute euren estatuek konbentzioaren edozein eskubide urratzearen ondoriozko biktimak direla; halaber, komunikazioak aurkeztu ahal izango dira pertsona edo pertsona talde horien izenean.

Komunikazio bat pertsonen edo pertsona-taldeen izenean aurkezten denean, halakoen adostasuna beharko da, salbu eta komunikazio-aurkezleak adostasunik gabe jardun ahal izatea justifikatzen duenean.

3. artikulua

Komunikazioak idatziz aurkeztuko dira, eta ez dira anonimoak izango.

Komiteak ez du jasoko protokolo honetako estatu alderdi ez diren estatuen inolako komunikaziorik, nahiz eta estatu horiek konbentzioko estatu alderdiak izan.

4. artikulua

Komiteak ez ditu komunikazioak aztertuko, harik eta barne jurisdikzioko errekurtso guztiak amaitu direla egiaztatu arte; horren salbuespena izango da errekurtso horien izapidetza justifikaziorik gabe luzatzea edo errekurtso horien konponbidea eragingarria izatearen inguruan ziurtasunik ez izatea.

Komiteak ondorengo komunikazioak onartezinak direla adieraziko du:

a) Komiteak aldez aurretik aztertutako gaiei buruzko komunikazioak edo nazioarteko beste azterketa- edo konponbide-prozedura batzuen bidez aztertu diren edo aztertzen ari diren gaien komunikazioak.

b) Konbentzioaren xedapenekin bateraezinak diren komunikazioak.

c) Ageri-agerian arrazoitu gabeko edo behar bezala gauzatu gabeko komunikazioak.

d) Komunikazio bat aurkezteko eskubideaz abusatzea dakarten komunikazioak.

e) Estatu alderdi interesdunari begira protokolo hau indarrean jarri aurreko egintzak barneratzen dituzten komunikazioak, salbu eta egintza horiek protokoloa indarrean jarri ondoren irauten dutenean.

5. artikulua

Komunikazio bat jaso eta horren oinarrien inguruko konklusiora heldu aurretik, komiteak edozein unetan eskabidea egin ahal izango dio estatu alderdiari, horrek lehenbailehen azter dezan, eta, behin-behineko izaerarekin, beharrezko neurriak har ditzan, ustezko eskubide-urratzearen biktimari edo biktimei kalte konponezinak saihesteko.

Komiteak artikulu honetako 1. paragrafoaren ondoriozko ahalmenak bere zuhurtziaren arabera erabiltzen dituenean, ez da inolako iritzirik izango komunikazioaren onarpenaren edo edukiaren gainean.

6. artikulua

Komiteak protokolo honen araberako komunikazio ororen berri emango dio, isilpean, estatu alderdi interesdunari, betiere, pertsona interesdunaren edo pertsona interesdunen baimena badago, euren identitatea estatu alderdi horri agertzeko. Nolanahi ere, komiteak ez du komunikazioaren berri emango, ulertzen duenean hori deuseza dela, estatu alderdi interesdunari bidali beharrik gabe ere.

Sei hilabeteko epean, estatu alderdi horrek idatziz aurkeztuko dizkio azalpenak edo adierazpenak komiteari, arazoa argituz eta, hala denean, estatu alderdi gisa hartutako neurri zuzentzaileak zehaztuz.

7. artikulua

Komiteak protokolo honen ondorioz jasotzen dituen komunikazioak aztertuko ditu. Horretarako, aintzat hartuko du pertsonek, pertsona-taldeek, edo horien izenean jarduten dutenek, eta estatu alderdi interesdunak bere esku jarritako informazioa; halaber, informazio horren berri alderdi interesdunei eman beharko zaie beti.

Komiteak bilkura pribatuetan aztertuko ditu protokolo honen ondorioz jasotzen dituen komunikazioak.

Komunikazio bat aztertu ondoren, komiteak komunikazioaren inguruan dituen iritzien, eta, hala denean, egiten dituen gomendioen berri emango die alderdi interesdunei.

Estatu alderdiak behar den moduan kontuan hartuko ditu komitearen iritziak, bai eta, hala denean, horrek egin dituen gomendioak ere, eta, sei hilabeteko epean, komiteari idatziz igorriko dio erantzuna, batik bat, komitearen iritzi eta gomendioen arabera hartutako neurrien inguruan.

Komiteak gonbita egin ahal izango dio estatu alderdiari, informazio gehiago aurkez dezan, komitearen iritzien edo, hala denean, gomendioen ondorioz hartu duen edozein neurriren gainean; halaber, komiteak egoki baderitzo, estatu alderdiak gerogarrenean, konbentzioaren 18. artikuluarekin bat etorriz, aurkeztuko dituen txostenetan jaso ahal izango du informazio hori.

8. artikulua

Komiteak informazio sinesgarria jasotzen badu, eta horrek ondorioztatzen badu estatu alderdi batek konbentzio honetan jasotako eskubideak modu larrian edo sistematikoan urratzen dituela, komiteak estatu alderdi horri gonbita egingo dio, informazio horren azterketan lagun dezan eta, ondore horretarako, informazio horri buruzko oharrak aurkez ditzan.

Komiteak, estatu alderdi interesdunak aurkeztutako oharrak kontuan hartuta, bai eta esku artean duen informazio sinesgarri oro kontuan hartuta ere, bere kideetako bati edo batzuei aginduko die ikerketa egitea eta txosten bat presaz aurkeztea komiteari.

Hala justifikatzen denean, eta estatu alderdiaren adostasuna badago, ikerketara bildu ahal izango da estatu alderdiaren lurraldera bisita egitea.

Ikerketaren emaitzak aztertu ondoren, komiteak emaitzok igorriko dizkio estatu alderdi interesdunari, egoki deritzon ohar eta gomendioekin batera.

Komiteak igorritako ikerketa-emaitzak eta ohar nahiz gomendioak jaso eta sei hilabeteko epean, estatu alderdi interesdunak bere oharrak aurkeztuko dizkio komiteari.

Ikerketa isilpekoa izango da, eta horren etapa guztietan estatu alderdien elkarlana eskatuko da.

9. artikulua

Komiteak estatu alderdi interesdunari gonbita egin ahal izango dio, konbentzioaren 18. artikuluaren arabera aurkeztu behar duen txostenean zehaztasunak jasotzeko, protokoloaren 8. artikuluaren arabera gauzatutako ikerketa dela bide zein neurri hartu eta horien inguruan.

8. artikuluaren 4. paragrafoak aipatu sei hilabeteko epea igaro ondoren, komiteak, beharrezkoa izanez gero, estatu alderdi interesdunari gonbita egin ahal izango dio, ikerketaren ondorioz hartu duen edozein neurriren inguruan informazioa eman diezaion.

10. artikulua

Estatu alderdi orok, protokoloa sinatzeko nahiz berresteko unean, edo horri atxikitzeko unean, adierazi ahal izango du ez duela aitortzen komitearen eskumenik, 8 eta 9. artikuluetan ezarritakoari dagokionez.

Artikulu honetako 1 paragrafoa oinarri hartuta, adierazpenen bat egin duen estatu alderdi orok edozein unetan kendu ahal izango du adierazpen hori, aldez aurretik hori idazkari nagusiari jakinarazita.

11. artikulua

Estatu alderdi bakoitzak egoki diren neurri guztiak hartuko ditu, bere jurisdikzioaren mende dauden pertsonek tratu txarrak jasan ez ditzaten, ezta larderiarik ere, protokolo honekin bat etorriz komitearekin izandako edozein komunikazioaren ondorioz.

12. artikulua

Komiteak konbentzioaren 21. artikuluaren arabera urtero aurkeztu behar duen txostenean jasoko du protokolo honen ondorioz gauzatu dituen jardueren laburpena.

13. artikulua

Estatu alderdi bakoitzak konpromisoa hartzen du, konbentzioa eta protokoloa sakon ezagutzeko eta horien berri emateko, bai eta erraztasunak emateko ere, komitearen iritzi eta gomendioen gaineko informazioa lortzeko, bereziki, estatu alderdi horri lotutako gaiei dagokienez.

14. artikulua

Komiteak bere araudia egingo du, eta hori aplikatuko du protokolo honek eratxikitzen dizkion eginkizunak gauzatzean.

15. artikulua

Protokolo hau sinatu ahal izango du, konbentzioa sinatu nahiz berretsi duen edo horri atxiki zaion estatuetarik edozeinek.

Protokolo hau berretsi ahal izango du konbentzioa berretsi duen edo horri atxiki zaion estatuetarik edozeinek.

Berreste-agiriak Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utziko dira gordailutu ditzan.

Protokolo honi atxiki ahal izango zaio konbentzioa berretsi duen edo horri atxiki zaion edozein estatu.

Atxikipena gauzatuko da atxikipen-agiria Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utzita, gordailutu dezan.

16. artikulua

Protokolo hau indarrean jarriko da, berreste- edo atxikipen-agirietatik hamargarrena zein datatan gordailutu, Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utzita, eta hiru hilabetera.

Protokoloa berresten duen estatu bakoitzarentzat edo protokoloa indarrean jarri eta gero horri atxikitzen zaion estatu bakoitzarentzat, protokoloa indarrean jarriko da estatu horrek bere berreste- edo atxikipen-agiria zein datatan gordailutu eta data horretatik hiru hilabete igaro ondoren.

17. artikulua

Ez da onartuko protokolo honi inolako erreserbarik egitea.

18. artikulua

Estatu alderdi orok zuzenketak proposatu ahal izango ditu protokolo honen gainean, eta horiek Nazio Batuetako idazkari nagusiari aurkeztu ahal izango dizkio.

Idazkari nagusiak estatu alderdiei komunikatuko dizkie proposatutako zuzenketak, eta horiei eskatuko die jakinaraztea estatu alderdien konferentziarako deialdia egitea nahi duten, proposamenak eztabaidatu eta bozka daitezen.

Estatu alderdietarik, gutxienez, heren batek konferentziaren alde egiten badu, idazkari nagusiak deialdia egingo du, Nazio Batuen babespean.

Konferentzian izan eta boto-emaile diren estatu alderdien gehiengoarekin zein zuzenketa onetsi eta Nazio Batuen Biltzar Orokorraren mende utziko da horiek onestea.

Zuzenketa horiek indarrean jarriko dira, Nazio Batuetako Biltzar Orokorrak onetsi eta protokolo honetako estatu alderdietarik bi hereneko gehiengoak onartzen dituenean, euren konstituzio-prozedurekin bat etorriz.

Zuzenketa horiek, indarrean jartzen direnean, nahitaezkoak izango dira halakoak onartu dituzten estatu alderdientzako; gainerako estatu alderdiek, ordea, protokolo honetako xedapenak eta aldez aurretik eurek onartutako zuzenketak betetzen jarraituko dute.

19. artikulua

Estatu alderdietarik edozeinek salatu ahal izango du protokolo hau edozein unetan, Nazio Batuetako idazkari nagusiari horren inguruko jakinarazpen idatzia eginez.

Salaketak ondoreak sortuko ditu, idazkari nagusiak jakinarazpena jaso eta sei hilabetera.

Salaketa egin arren, salaketak ondoreak sortu aurretik, protokolo honetako xedapenak aplikatuko zaizkio 2. artikuluaren arabera aurkeztutako edozein komunikaziori edo 8. artikuluaren arabera hasitako edozein ikerketari.

20. artikulua

Nazio Batuetako idazkari nagusiak estatu guztiei komunikatuko dizkie:

a) Protokolo honen inguruko sinadura, berrespen eta atxikipen guztiak.

b) Protokolo hau eta 18. artikuluaren arabera egin daitekeen edozein zuzenketa indarrean jartzeko data.

c) 19. artikuluaren ondorioz jasotako edozein salaketa.

21. artikulua

Protokolo hau, Nazio Batuetako artxiboetan gordailutuko da; berebat, kautoak izango dira arabiarrez, txinatarrez, espainolez, frantsesez, ingelesez eta errusieraz dauden protokolo-testuak.

Nazio Batuetako idazkari nagusiak protokolo honen kopia ziurtatuak bidaliko dizkie konbentzioaren 25. artikuluan aipatu estatu guztiei.