Edukira joan

Enborra, jauzi bat eta beste baterako ate irekia

Wikitekatik
Enborra, jauzi bat eta beste baterako ate irekia  (2023) 
Pello Otxandiano
Errian argitaratua, cc-by-sa lizentziapean.

Enborra, jauzi bat eta beste baterako ate irekia

[aldatu]

Urteak dira euskalgintzak euskalduntze prozesua biribilgunean bueltaka ikusten duela. Impasse egoeran dagoela ere esan izan da. Oro har, aurrera egiteko ditugun zailtasunen jabe gara guztiok baina diagnosi partekatua osatu eta horren araberako norabideak finkatzea kostatzen ari da. Euskaltzaindiaren abaroan garatzen ari den Euskararen Gogoetagunea egitasmoaren koordinatzaile den Jon Sarasuak iragan urte bukaeran aurkeztu zuen ponentzia hartuko dut hizpide, uste dudalako etorkizun-ikuspegi partekatu bat osatzeko saiakera serioa dela.

Bertan, iraganaren balorazio bat egiten da, 60. hamarraldian hasi zen euskalduntze prozesua zerk elikatu duen aztertuz; gaurko egoera aztertzen da, diagnosi kualitatibo bat osatuz; aro berri baterako bisioa formulatzen da, helburuak barne, eta garabide-egitura bat marrazten; garabide horren gaineko "erreakzio-egitura" bat (lau jauzi eta zazpi pausu) osatzen da eta itun politiko bat proposatzen, denboran gertu beharko lukeena, ez baikaude, ponentzian bertan esaten den bezala, beste hamarraldi bat galtzeko moduan. Gaur arte ekarri gaituen euskalduntze prozesuaren ibilbideari eta egungo egoerari dagokionez, honela laburbil daiteke bertan jasotakoa: i. Egin duguna ikaragarria da; ii. Ez gaude ondo, euskarak minbizia du. Botilak zuloa du eta norabide krisia daukagu. Honako argi gorriak identifikatzen dira: arnasguneen ahultzea, kulturgintzaren erreferentzialtasunaren galera, telebistaren gainbehera, kontsumoaren fragmentazioa eta erabilera-kurbaren estankamendua.

Diagnosi kualitatibo hau Iñaki Iurrebasok bere tesian agertzen duenarekin erabat uztartzen dela deritzot. Iñakik, adierazle berriekin, zenbakiak jarri dizkio euskalduntze prozesuaren egoerari, baita orain artean itzalpean egon diren alderdiak argitara ekarri ere. Esango nuke azken urteetan proposatu diren hainbat ekimen oinarritzeko egin izan den diagnosia ere zuzendu egin duela partzialki: arazoa ez dago soilik erabileran, edo, hobe esanda, erabilera eta ezagutzaren arteko harremana gehiago problematizatu behar da. Hau da, zeri deritzogun ezagutza, edo zer (nolako) ezagutza den zer erabilera ispilatzeko gai, eta ondorioz non eragin behar den.

Datorren mundua ere marrazten da ponentzian: gizarte-aldaketak, teknologia-aldaketa eta hainbat egiturazko ezintasun (zatiketa administratiboa, botere politikorik eza eta demolinguistika bihurria). Guztiarekin, honako sintesi-eragilea proposatzen da: orain arte egin duguna egitearekin ez dugu aurrera egingo, eskala handiko erreakzio bat behar da. Erabat ados orain artekoarekin.

Helburutzat hartzen da datozen 20 urteetarako euskal hiztun osoen nukleo sendo eta zabala osatzea, ahalik eta sendoena eta ahalik eta zabalena, ohartarazpen bat utziz: errealismo politikoz joka dezagun, anbizioaren eta errealismoaren arteko oreka gordez. Ados horrekin ere.

Lau jauzi (hezkuntza, hedabide-sistema, haur eta gazteen aisialdia eta lan mundua) eta beste zazpi pausu (corpusa, kulturgintza, administrazioa, teknologia, helduen euskalduntzea, etorkinen harrera linguistikoa) proposatzen dira. Zera azpimarratuko nuke hemen: hizkuntza-politika osoa errebisatu beharra mahaigaineratzen da, edo, nahi bada, guztiari (edo ia guztiari) pentsaldi sakon bat emateko ezinbestekotasuna. Izan ere, ia guztia aldatu da Euskal Herrian eta euskal gizartean azken 40 urteotan. Gizarte konplexuotan, gainera, ez dago ezer modu isolatuan aztertzerik, ikuspegi holistikoa behar da hizkuntza-politikaren eremu bakoitza aztertzeko orduan.

Zuhaitzaren irudia hartzen da euskararen garabidearen egitura irudikatzeko: sustraiek elikatzen dute zuhaitza (berrasmatu beharrean den herri-kontakizuna, gizarte-aktibazioa eta erakundeen bultzada) eta adarrek euskararen garabideak marrazten dituzte.

Estrategia-egitura horretan planteatzen den adar bakoitza mundu bat da, noski, eta iruditzen zait asko dagoela hitz egiteko. Adar bakoitzak zeharkatzen dituen sektoreetan aditua den jendearen esperientziak baino ez ditzake bideak argitu. Baina egiten den planteamendu orokorra zuzena dela deritzot.

Beste gauza asko ere badira, tartean, hizkuntza-politikaz gain, komunitate-estrategia baten beharraz mintzo da, ametsa ekoizteaz, kontakizuna eguneratu eta barreiatzeaz: herri-mugimendu bat arnasberritzearen beharraz. Honi dagokionez, uste dut azken urteotako ekarpenik interesgarriena Lorea Agirre eta Idurre Eskisabelek egin dutela (Trikua esnatu da).

Enborra: hizkuntza-politikaren paradigma

[aldatu]

Etorkizun-ikuspegi sendoa iruditzen zait, uste dut hor badaudela zumeak adostasun politikoak osatzeko. Egiten den planteamendua osagarritze aldera, eta zuhaitzaren irudia aintzat hartuta, zera gehituko nuke: sustraiez eta adarrez gain, zuhaitzaren enborra ere definitu egin behar dela. Sustraiek elikatzen dituzten adarrak zerk eusten dituen, garabideek non duten abiaburua. Esan nahi baita, zein den garabide-egituraren oinarri politikoa edo hizkuntza-politikaren paradigma.

EAEko 1982ko Euskararen Legea onartu zenetik indarrean egon den hizkuntza-politikaren paradigma honakoa izan da: bi hiztun-talde daude euskal gizartean, euskal eta erdal hiztunak, eta bakoitzari bere hizkuntza-eskubideak aitortzen zaizkio. Paradigma honetan hizkuntza-politikaren helburua da hiztun-talde bakoitzari bere hizkuntzan aritzeko eskubidea bermatzea gizarte-funtzio nagusietan. Garai hartako jauzi politikoa izan zen euskal hiztunoi eskubideak aitortu zitzaizkigula lehen aldiz (euskaraz ikasteko, informazioa euskaraz jasotzeko, administrazioaren aurrean eta baita beste gizarte-funtzio batzuetan euskaraz aritzeko).

40 urteko ibilbidearen ondoren, zer esan dezakegu? Hain zuzen ere, egin duguna ikaragarria dela. Leku, modu, bide askotatik egin da. Instituzioen bultzada erabakigarria izan da eta herri-mugimenduaren arnasik gabe ezingo zatekeen egin. Pizkundea instituzionalizazio-prozesu modernoa baino lehenago gertatu zen eta, ondoren ere, euskal hiztun-komunitateak sen autoeratzaileari eutsi dio euskararen garabidearen eremu askotan.

Eta bai, ekidin beharko genuke, guztiok ere, euskararen egungo egoeraren gaineko eztabaidak baliatzea iraganean egin genituen hautuak legitimatzeko. Eta hala balitz, albo batera utzi beharko genituzke aurreiritziak ere, desaktibatu beharko genuke besteek emandako edozein iritzitan iraganean egindako hautuak legitimatzeko saiakerak hautemateko hipersentsibilitate hori.

Izan ere, asko egin da ertz eta lubaki ezberdinetan egon den jende askori esker. Utz dezagun horrela. Eta horri esker badugu hamarraldi luzeetako ibilbide bat nondik irakaspen partekatuak atera ditzakegun: i. Ezagutza-erabilera binomioari dagokionez, hizkuntza-gaitasunen eta motibazio-sistemaren garapenean urratsak eman gabe erabilera-kurbak ez du gorantz egingo, are, beheranzko joerari eustea zaila izango da. ii. Euskararen kontrako oldarraldi politiko-juridikoa egiturazkoa da, eta 1982ko kontsentsuak ere auzitan jartzera iritsi da; eta ez da geldituko, aitzitik, areagotu egin daiteke datozen urteetan. iii. Mundua zeharo aldatu da, XX. mendeko hizkuntza-politiketako askok ez digute XXI. mendean balio. Uste dut, eskura dugun soziolinguistika onenari kasu eginez, mundua norantz doan erreparatuta eta azken hamarraldietako esperientzia jasota, erraz esan dezakegula hizkuntza-politikan jauzia eman eta kontsentsu politiko berriak eraikitzeko momentua dela honako hau; eta ez, ez gaudela beste hamarraldi bat galtzeko moduan.

Euskalgintzaren Kontseiluaren Batuz Aldatu proposamenarekin sintonian, horrela ezaugarrituko genuke XXI. mendean behar dugun hizkuntza-politika:

XXI. mendeko hizkuntza-politikaren helburuak

[aldatu]

Hiztun-komunitate sendo eta zabala/herritar euskaldun eleaniztunen multzo zabal eta trinkoa/euskal hiztun osoen nukleo sendo eta zabala osatzea. Horretarako:

  • Zenbait lurraldetan ezagutzaren unibertsalizazioa erdiestea.
  • Funtzio nuklearrak ziurtatu eta egonkortzea euskara hautatu eta eroso erabili ahal izateko.

XXI. mendeko hizkuntza-politikaren oinarriak

  1. Euskarak ofiziala behar du euskararen lurralde osoan.
  2. Euskal herritarrei aitortu egin behar zaie funtzio guztietan bi hizkuntzatan aritzeko eskubidea.
  3. Eskubidea aitortzeaz gain, bermatu egin behar zaie eskubide hori. Horrek, Iñigo Urrutiak ondo azaldu duen bezala, hiztun-taldeak bereizten ez dituen hizkuntza-politika eskatzen du, norbanakoak euskalduntzera baino eremuak euskalduntzera bideratua, beti ere herritar guztien hizkuntza-eskubideei kalterik egin gabe, baina modu integratuago batez. Hauxe litzateke, hain zuzen ere, paradigma berria.
    Errealismo politikoz jokatu behar da, lurralde-eremu bakoitzaren errealitate zehatzetik abiatuz: lurralde-eremu batzuetako hizkuntza-politika beste batzuetakoa baino aurreratuagoa izango da. Eremu estrategikoak: Administrazioa, hezkuntza, haur eta gazteen aisialdia, komunikazio-sistema, lan mundua.
  4. Zenbait funtzioetan euskara lehenetsi egin behar da, beste batzuetan minoritarioa izango dela aintzat hartuz. Zehazki, tokiko funtzioetan, haur eta gazteen aisialdian eta kulturgintzan.
  5. Arreta berezia eskatzen duten eremuak: ikus-entzunezkoak, hizkuntza-teknologiak, etorkinen harrera-planak.

1 eta 2 oinarriak 1982ko EAEko Euskararen Legeak bere egin zituen, hortik aurrerakoak ez. Hiru probintziotan helburua litzateke 3, 4 eta 5 oinarriak ere bere egingo lituzkeen hizkuntza-politika eta horri lege-babesa emango liokeen Euskararen Lege berria.

Nafarroako Foru Erkidegoan eta Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoan helburua litzateke 1 eta 2 oinarriak bere egingo lituzkeen hizkuntza-politika eta horri lege-babesa emango liokeen araubidea, Nafarroaren kasuan 1986ko Legeak ezarri zuen zonifikazioa gaindituko lukeena.

Hauxe litzateke, gure ustez, biribilgunetik irteteko hartu beharreko irteera zuzena.

EAEko Hezkuntza Legea: jauzi bat

[aldatu]

EAEko Hezkuntza Legea hizkuntza-politikaren paradigma berrian kokatzen da. Hain zuzen ere, Gernikako Estatutuan[1]zein 1982ko Euskararen Legean[2] ezartzen diren helburuak erdiesteko hizkuntza-politika berri batera egiten du salto. Horretarako, behartu egiten ditu funts publikoz diruztatutako ikastetxe guztiak hizkuntza-proiektuak ontzera, ikasleek derrigorrezko ikastaldiaren bukaeran B2 hizkuntza-maila erdietsi dezaten bi hizkuntza ofizialetan.

Orain arteko hizkuntza-ereduak gainditu egiten dira, beraz. Legeak ez die inolako erreferentziarik egiten. Hizkuntza-ereduen ordez Euskal Hezkuntza-sistemaren Esparru Eleaniztuna definitzen da, euskara ardatz, zeina hizkuntza-proiektuen bidez gauzatzen den ikastetxe bakoitzean. Hezkuntza-administrazioaren ardura da proiektuok ebaluatzea, ezarritako helburuak betetzen direla zainduz. Esparru Eleaniztuna definitzen duen 67. artikuluak berariaz aipatzen du arreta berezia jarriko zaiola euskal kulturaren ezagutza bermatzeari.

Beraz, ez dago A, B edo D ereduko ikastetxerik. Hizkuntza-politikak ez dio hiztun-talde bakoitzak hizkuntza batean edo bestean ikasteko eskubideari erantzuten, baizik eta ikasle guztiak euskaldun eleaniztunak izateko helburuari. Horretarako, euskara gehiago behar duenari (ingurune soziolinguistiko erdaldunetako eskolak, etxetik euskara ez dakarten ikasleak) euskara gehiago eman beharko zaio.

Legeak agintzen duenez, diru publikoa jasotzen duten ikastetxeek euskara lehenetsi beharko dute, bai hezkuntza-jardueran, bai lanbide-harremanetan, bai ikasle eta irakasleen arteko harreman formal eta informaletan. Horretarako, Hezkuntza Sailak baliabide espezifikoak emango dizkie euskararen presentzia urria duten ingurune soziolinguistikoetan lan egiten duten ikastetxeei.

Legeak aitortu egiten du bere zioetan euskara hizkuntza minoritarioa eta minorizatua dela erabilera-eremu formal eta informal gehienetan, eta beraz, betebehar juridikoa ezartzen da hezkuntza-sistemak errealitate horri erantzun diezaion. Azkenik, Euskara eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua sortzen da, D eredua berrasmatu eta ikastetxeetako hizkuntza-proiektuen garabideak eskatuko dituen baliabide askotarikoak eskaintzeko. Bere zereginetan jasotzen da euskal curriculuma lantzea eta eskola-materialaren ekoizpena antolatzea. Euskarak bizi duen diglosia egoera aintzat hartuta, planteamendu hau euskarazko murgiltze prozesuen bidez baino ez daiteke egin. Euskara ardatz duen Esparru Eleaniztunak hizkuntzen trataera integratua egiten du, baina ez edozein trataera, baizik eta legeak ezarritako irteera profilak erdiestera eraman dezakeena. Zein estrategia soziolinguistiko eta pedagogiko erabiliko dira horretarako? Zeintzuk dira euskararen erabileraren aldeko estrategiak? Horiek eta beste batzuk dira ikastetxe bakoitzeko hizkuntza-proiektuek erantzun beharreko galderak, beti ere beren errealitate soziolinguistikoari kasu eginez, modu dinamikoan.

Zein bide irekitzen du honek? Planteamendu honek balio behar du datozen urteetan egungo B ereduak D ereduetara eta egungo D ereduak D+ ereduetara bultzatzeko. Zeri deritzogu D+ eredua? Hiztun osoak sortzeko (hizkuntza-gaitasunei zein motibazio-sistemari dagokionez) eskolak duen ahalmenaren mugetara iristen den eredua: D eredu berrasmatua. Jakina baita euskara ikastearekin edo euskaraz ikastearekin ez dela aski. Beharrezko hizkuntza-gaitasunak eta motibazio-sistema eskuratzen duen hiztun-profila dimentsio anitzekoa da. Hizkuntza-adierazpenaz eta corpusaz gain badira beste alderdi eta gaitasun batzuk hiztun oso bihurtzen gaituztenak: hizkuntzarekiko jarrera eta atxikimendua, hiztunekiko begirunea, hizkuntzaren estatusa, motibazioa, etab.

Hizkuntza minorizatuen kasuan, balio motibatzaile nagusietako bat dimentsio kulturala da, hain zuzen ere. Euskaldun eleaniztunak sortzeko, hizkuntzaz gain, euskal gizarteko eta kulturako adierazpenak barneratu behar dituzte ikasleek: euskal kultur-sistemaren transmisioa egin behar da.

Murgiltze ereduaz ari garenean zertaz ari garen definitu behar da, beraz. Murgiltzea D eredua orokortzea baino askoz gehiago baita. Hartara, hizkuntza-proiektuek dimentsio ezberdinak jorratu beharko dituzte: irakasleak, curriculuma, euskal kulturaren transmisioa, hezkuntza soziolinguistikoa, familiak, eskolaz kanpoko sozializazioa, udalerria, ikasleak, etab. Eta horretarako, estrategia eta proiektu eraginkorrak diseinatu beharko dira.

Ikastetxez ikastetxe lan egin beharra dago, modu deszentralizatuan. Baina kasu, honek ez dio hezkuntza-administrazioari ardurarik kentzen, rol sustatzaile sendoagoa ematen baizik, ikastetxe bakoitzari jarraipena egin eta berariazko baliabideak eskaini beharko baitizkio.

EAEko Hezkuntza Legea: beste jauzi baterako ate irekia

[aldatu]

Hizkuntza-politikaren bigarren eremu estrategiko batean jauzia emateko atea ere irekitzen da lege honetan, haur eta gazteen aisialdian, hain zuzen ere. Izan ere, Udal Hezkuntza Kontseiluak sortzen dira, Udalak hezkuntza-sistemaren gobernantzan eragile bilakatuz.

Lege-testuak dioenez, kontseiluon helburua da hezkuntza-proiektu komunitarioak taxutzea eta bultzatzea, hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzea bilatuz, eta antolaketa formala eta ez-formalaren uztarketa sustatuz. Ikastetxeek bereziki hartuko dute kontuan beren ingurune sozial, ekonomiko eta instituzionala, hezkuntza-komunitatearen osagarri diren aldetik. Hezkuntza formalari dagokionez, Udal Hezkuntza Kontseiluei kontsulta egingo zaie hezkuntza-premiak identifikatzeko, eskaintza banatzeko eta ikasleak eskolatzeko irizpideak zehazteko orduan. Halaber, Udalak lankidetzan arituko dira matrikulazio-prozesuen alorrean; familientzako informazio-, orientazio- eta matrikulazio-bulego espezifikoak sortu ahal izango dira. Zein litzateke jauzia hemen? D eredua haur eta gazteen aisialdira zabaltzea: ikastetxeen arteko kooperazioaren bidez, eragin-eremu bakoitzean euskara hutsezko eskolaz kanpoko eskaintza bateratu, hezitzaile eta inklusiboa antolatzea. Honek bigarren hanka bat eskatzen du: oinarriko kirola apustu honetara batzea, eta horretarako funtsezkoa da Aldundien gidaritza eta kirol elkarteen konpromisoa.

Biribilgunea atzean uzteko herri-estrategia

[aldatu]

Biribilgunearen irteera zuzena hartuta, bagaude, beraz, kilometro batzuk egiteko moduan. Hezkuntza Plazara ekimenak proposatu duen hiru hankako herri-estrategiak balio digu:

  1. Ikastetxe bat, hizkuntza-proiektu bat: Ikastetxe bakoitzean hizkuntza-proiektu bat osatu eta garatzea.
  1. Herri bat, hezkuntza-proiektu bat: Udal Hezkuntza Kontseiluen gidaritzapean herri-proiektu komunitarioak osatzea, eskolaz kanpoko eskaintza euskaldunduz D eredua haur eta gazteen aisialdira zabaltzea.
  1. Honek prozesu zeharkatzaile bat eskatzen du: 2006. urtean Udalbiltzak egin zuen Euskal Curriculuma eguneratzea. Prozesu honen gidaritzak gizarte zibil antolatuarena behar du halabeharrez, ez baitago herri-erakunderik zazpi probintziak biltzen dituenik, baina kooperazioa bilatu beharko litzateke hasieratik hiru lurralde-administratiboetako Gobernuekin, helburua curriculuma sisteman txertatzea baita, noski.

20 urteren ondoren Euskal Curriculuma eguneratzeko premia agerizkoa da: Batetik, eraldaketa pedagogiko eta metodologikoen aurrean gaudelako, zeintzuek curriculuma beste era batera ulertzera garamatzaten; bestetik, digitalizazioaren inpaktua jaso behar delako; eta, azkenik, garai hartan hain erdiguneko ez ziren bektoreak beste indar batez landuko genituzkeelako gaur egun (pedagogia feminista edo krisi ekosoziala kasu).

Halako herri-estrategia batek aktibazio sozial handia eskatzen du. Hau ezin daiteke herrigintzarik gabe egin. Lege eta dekreturik onenek ere ez dute beren kabuz errealitate sozialik sortzen. Baliabide administratibo eta ekonomikoak behar dira, zalantzarik gabe. Gobernuari eskatu behar zaio bere konpromisoak hartu eta bete ditzala, noski. Baina ez da Gobernua konpromisoak hartu behar dituen bakarra. Kilometro hauek ezin daitezke egin irakasle eta guraso motibaturik gabe, Udalen parte-hartze aktiborik gabe, herrietako elkartegintza hezkuntza-prozesuan aktibatu gabe, kultur-sistemaren eta administrazioaren arteko kooperaziorik gabe.

Beraz, galdera ere bada zer dagokigun egitea alderdi politikooi, sindikatuei, guraso elkarteei, euskalgintzari, kultur-eragileei, etab. Bide hau prozesu sozial bat izango baita, izango bada. Legeak beharrezko palankak eman behar ditu, bai, eta hori da, hain zuzen ere, datozen hilabeteetan ebatzi beharrekoa: zeintzuk diren behar ditugun palankak eta nola definitu hauek juridikoki ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen. Hortik aurrera ez dago bermerik. Bermea estrategia bateratu eraginkorrak dira, zeren halako herri-estrategia bat garatzeko beharrezko indar-harremana egon badago, bai alor politikoan eta bai alor sozialean. Gure autogobernuaren aukerak mugaraino eramango dituen hezkuntza-politika ausart batek trakzionatutako herri-estrategia bat: hori da bidea eta bidea da berme bakarra.

Ez ote da hau momentu aproposa eskola euskalduntzearen aldeko herri-itun bat proposatzeko? Ez al den hau garaia halako herri-estrategia baten alde eragile bakoitzak hartu beharreko konpromisoak modu solemnean hartu eta bide bat elkarrekin hasteko. Eskola-segregazioaren kontrako herri-ituna egingo den bezala egin beharko litzateke eskola euskalduntzearen aldeko herri-ituna, biharko herri-itun zabalago baten aurrekaria izan ahalko litzatekeena.

EH Bilduren konpromisoak

[aldatu]

Bukatuko dut zerrendatuz, gaur dugun botere-posiziotik, EH Bilduren konpromisoak zeintzuk izango diren:

  • Datozen hilabeteetan saiatuko gara mendebaldeko hiru probintzietan ahalik eta Hezkuntza Legerik onena lortzen. Horretarako, Gobernuak onartu berri duen lege-proiektuari emendakinak egin eta Legebiltzarrera eramango ditugu.
  • Herri-estrategia bat martxan jartzeko beharrezko adostasunen lanketan jarraituko dugu, askotariko eragileekin zuzeneko hartu-emanetan.
  • Hurrengo hauteskundeen ondoren hiru bide jorratuko ditugu udalgintzan: Tokiko Hezkuntza-Ekosistemak artikulatzen saiatuko gara Udal Hezkuntza Kontseiluen ahalmenak ahal beste garatuz, arnasguneetan hizkuntza-politika aurreratuenak gauzatzen saiatuko gara eta baita kultur-bilguneak sortu eta saretzen ere[1].
  • XXI. mendean behar dugun hizkuntza-politikaren gaineko eztabaida erdiz erdi irekitzen saiatuko gara. Honako honek beharko luke sekuentziak hamarraldi honetan bertan mendebaldeko hiru probintzietan: Hezkuntza Lege honetan erditu den hizkuntza-politikaren paradigma berria hizkuntza-politikaren gainontzeko eremuetara hedatuko lukeen XXI. mendeko hizkuntza-politikaren gaineko herri-adostasuna osatzea, eta hizkuntza-politika horrek behar duen lege-babesa emango duen Euskararen Lege berria onartzea. Horretarako baldintza sozialak badaude eta gehiengo politikoak ere bai. EAEko Hezkuntza Akordioarekin frogatu da akordio politikoak posible direla.