Edukira joan

Ene izpirituan bazen zenbait bertsu

Wikitekatik
Ene izpirituan bazen zenbait bertsu
Joan Etxamendi Larralde

Ene izpirituan bazen zenbait bertsu


Ene izpirituan
bazen zenbait bertsu,
oraino den guzia
etzeraut hustu;
zertaz dutan solasa
emazue kasu,
esplikaturen baidut
ahal bezain justu:
zahar bainan prestu,
odola zaut hoztu,
biotza're laztu,
gorputza beraztu;
oraino gazte banitz
banuke gustu.
 
Zahar gazten arteko
hau da parabola,
—zuzen esplikatzeko
ainbat gogor da—:
gaztia adin batez
ez ditake molda,
gorputza sendo eta
azkar du odola.
Zaharra ez da hola:
iragan denbora
etortzen gogora
et'ezin konsola,
nekez bihurtzen baita
zahar arbola.
 
Egunak badoatzi
egunen ondotik,
ez dira elgar iduri
juaiten hargatik:
atzo iruzkia zen
dirdiran zerutik,
egun oibelak ialgi
itsaso aldetik;
euria ondotik
asi da gogotik
odeien barnetik;
hortako badakit
erituko naizela
bustiz geroztik.
 
Uda lehen arrosa
neguan arraro,
osto bano arantze
aise gehiago;
denez ohoratua
primaderan dago,
izotza jinez geroz
loriak akabo;
handik goiti gero
ez du gehiago
zeren ez den bero,
hortaz segur nago...
hori bezala gira
zaharrak oro.
 
Huna gaztetasuna
zoin den loriosa!
Horri konparatzen dut
nere arrosa:
usain goxo ezti bat
kolorez airosa,
bere arropa ere
anitz baliosa.
Zahar odol otza
nundik ez lotsa?
Flako du bihotza,
baitaki bai huntsa
lur barnean duela
laster gorputza.
 
Aspaldi du naizela
etorri mundura,
geroztik pasatu da
anitz denbora;
atsegin batendako
frango arrangura.
Miseria kantatuz
bizi naiz ardura.
Geroko mentura
nik banu segurra,
egin nio hura
anitzen gustura:
zaharren gaztetzeko
baginu moda.
 
Zahar giren guziak
gaztetzen bagina,
anitzentzat munduan
zer atsegina!
Horrek senda lezake
gure biotz-mina,
gibelerat itzuliz
pasatu adina.
Gazte larru fina
kolorez arina,
ongi esamina,
salba zak arima,
ararteko harturik
Ama Birjina.
 
Zahar bezanbat gazte
badua mundutik,
naiz zaharrak oro
doatzin hargatik.
Heriotzeko orena
ez ahantz burutik,
segurragorik ez da
sortzeaz geroztik.
Juaitian hemendik
gizonak ez daki
zer duen ondotik
bekatuen gatik,
barkatzen ez badauzku
Jaunak zerutik.
 
Urgulutik asi zen
lehen bekatua,
Luziferrek emanik
bere zimendua,
asaldatu bai zuen
lehenik zerua
bai eta piztarazi
infernuko sua;
suge armatua
lehertu burua
jin denian ordua;
Maria Saindua
zure medioz dugu
salbamendua.
 
Etzaitut imitatu,
ama, orai artian,
orai egiten zaitut
oroz batian.
Jesus, Maria, Joseph,
hitz hok aipatzian,
bake gozo bat bada
ene bihotzian.
Azken orenian
Jaunak jujatzian,
jar zazkit aldian
hil nadin bakian;
zeuretzat ar nezazu
azken hatsian.
 
Sortzez eta bataioz
ni naiz luzaidarra,
orok dakitena
Bordel xaharra;
oraino bizi bainiz
ez dut solas txarra:
gorputzez erbaildu ta
kunkurtu bizkarra,
galdurik indarra,
eztitu sukarra,
bihotza ez azkarra,
ez hala beharra:
aisa pasaturen dut
nere bizi ondarra.