Eraldaketa jendearekin, ahal dela
Beroa (2022) |
Gaur8n argitaratua, cc-by-sa lizentziapean. |
Eraldaketa jendearekin, ahal dela
[aldatu]Ekologismo akademikoan badabil udako bero egun hauetan ekologismoa bera gainditzen duen eztabaida suhar bat, zeinaren funtsak edozein mugimendu eraldatzaile zeharkatzen duen. Alde batean, bada kapitalismoa kolapsoan ikusten duenik, gainbehera datorren mundu sistema historiko bat guztiok azpian harrapatuko gaituena. Biofisikaren betaurrekoak jantzita, ebidentzia zientifikoak eskutan, nahikoa argitasun antzematen dute errotikoa eta bat-batekoa behar duen eraldaketa baterako. Hau da, ez dago desazkunde larri bat ez den beste aukerarik eta gure ekonomiaren esfera materialaren murrizketa ez daiteke beste ezelako biderekin konjugatu. Hau da, kapitalismoa eten egin behar da (etena kolpe bakarrean irudikatzen da, eztanda iraultzaile baten gisara), ez dago prozesu logika baterako aukerarik. Green New Deal delakoa (edozelako aldaeratan) kapitalismoaren amarru bat baino ez daiteke izan, aukerarik batere ez dakarrena; bai, ordea, suntsigarria litzatekeen kapitalismoaren egokitzapenerako bidea.
Bestaldekoek, ukaezinak diren ebidentzia biofisikoak hartuta analisi soziologiko okerrak egitea leporatzen diete lehenei; historiaren filosofia besarkatzea, marxismo ortodoxoak egin izan duen (egiten jarraitzen duen) bezala, materialtasuna (berdin energia zein ekonomia) oinarri hartu eta gertakizunen zentzua aurreikus daitekeela pentsatzea; errealitate material jakin bati, automatikoki, ondorio soziopolitiko jakin bat dagokiola pentsatzearen baldarkeria. Ondorioz, ideien borrokak eskatzen duen esku-hartze politikoari uko egiten zaiola deritzote, eraldaketa sozialak gauzatzea ebidentzia material bat agerian jartzea baino nekezagoa den langintza baita. Are, kolapsismoa distopia den heinean (kasu honetan historiaren bilakaera ez da goranzkoa, baizik beheranzkoa), planteatzen duten bat-bateko eraldaketa amildegirako jauzia litzateke eskuin muturrari erabateko abantaila ematen zaion heinean. “Erria” aldizkariaren azken alean ageri den Andoni Olariagaren "Fase historikoa ondo ezaugarritzeaz" artikuluaren irakurketak aipatu eztabaidaren funtsak erresonantzia ugari dituela ohartarazten digu. Izan ere, nago hori dela bizi dugun garai historikoaren potentzial eraldatzailea aprobetxatzeko ezkerrak ondo egin beharreko lehen ariketa. Ondo egin beharrekoa, gaizki egiteak ondorio larriak lituzkeelako, garai honek eraldatzailearen adinakoa baitu potentzial suntsitzailea.
Aurtengo udazkena gure zibilizazioaren metafora bihur dakiguke. Nahikoa agerikoa da gauzak estutuko direla, garai berri batean sartu garela eta orain artean ezagutu ez ditugun egoeren aurrean egon gaitezkeela. Desberdintasun sozialen areagotzeak, klima larrialdiak, zaintzaren eta migrazio krisiak eta abarrek errotiko eraldaketak galdegiten dituzte. Ezkerrak ez badu demostratzen posible dela eskuinak jan egingo du.
Eta, era berean, ez badu oso kontuan hartzen neoliberalismoa, hain zuzen ere, erregimen sinboliko bat ere badela, eta ideologiaren esferan eragin behar dela aldaketak gauzatu nahi badira, eta historian zehar egindako akats berberak errepikatzen baditu baldintza historikoak gaizki interpretatuz edo tradizio txarrenen adierazgarri izan den nagusigo moralak itsututa, orduan larrutik ordainduko dugu.
Umiltasuna beti da bidaide ona iraultza egin nahi duenarentzat. Ezkerrak mendeak daramatza planeta honen lurrazalean, eta ikasgai fundamentalik atera badezake zera da: mundua eraldatzeak jendartearen pentsaera aldatzea eskatzen badu, hori jendearekin batera egin behar da.