Edukira joan

Erreforma edo iraultza/Metodo oportunista

Wikitekatik

1. Metodo oportunista

Teoriak kanpo munduko fenomenoek gizakien garunetan osatzen dituzten irudiak direla onartzen badugu, Eduard Bernsteinen teoria ikusita, beste zerbait gehitu beharko genioke jada esandakoari: batzuetan irudi horiek buruz behera agertzen dira. Bere teoria erreforma sozialen bidez sozialismoa ezartzeari buruzkoa da, erreforma sozial alemaniarra erabat eten osteko garai batean burutua hain zuzen; ekoizpen prozesuaren kontrolaren teoria bat da, metalurgialari ingelesen porrotaren ondoren idatzia hain zuzen; gehiengo parlamentarioa lortzeko teoria bat da, Saxoniako erreforma konstituzionala eta sufragio unibertsalaren aurkako atentatuak burutu diren une hauetan landua hain zuzen. Hala ere, Bernsteinen tesiaren alderdi nabarmenena ez da, gure iritziz, sozialdemokraziaren eginkizun praktikoekiko berak duen ikuspegia, gizarte kapitalistaren garapen objetiboari buruz esaten duena baizik, aipaturiko ikuspegiarekin estuki elkarloturik aurkitzen dena.

Bernsteinen arabera, kapitalismoaren garapenak geroz eta gertagaitzagoa bilakatzen du bere hondoraketa orokorra, alde batetik, sistema kapitalista egokitzapen gaitasun geroz eta handiagoa erakusten ari delako, eta bestetik, ekoizpena etengabe dibertsifikatzen ari delako. Kapitalismoaren egokitzapen gaitasuna, Bernsteinen ustez, alor hauetan islatzen da:

  1. krisi orokorren desagerpenean, kreditu sistemaren, enpresa aliantzen eta garraiobideen eta komunikabideen garapenari esker;
  2. klase ertainek erakutsitako erresistentzian, ekoizpen adarren diferentziazio hazkorragatik eta proletalgoko geruza zabalak erdi mailako klase horretara igotzearen ondorioz;
  3. eta azkenik proletalgoaren egoera ekonomikoaren eta politikoaren hobetzean, borroka sindikala dela eta.

Honen ondorioa zera da, sozialdemokraziak jada ez duela bere eguneroko ekinbidea botere politikoaren konkistara bideratu behar, egungo ordenaren barnean langile klasearen baldintzak hobetzera baizik. Sozialismoaren ezarpena ez litzateke krisi sozial eta politiko baten ondorio izango, kontrol sozialen zabalpen geldoak eta printzipio kooperatibisten ezarpen gradualak ekarriko luke.

Bernsteinek berak ez du ezer berritzailerik ikusten bere proposamenetan; alderantziz, Marxen eta Engelsen oharpen jakin batzuekin eta sozialdemokraziaren gaur arteko orientazio orokorrarekin bat datorrela uste du. Gure ustez, ordea, oso zaila da Bernsteinen ikusmoldea sozialismo zientifikoaren tesiekin kontraesanean dagoela ukatzea.

Errebisionismo bernsteiniarra kapitalismoaren garapena uste zena baino geldoagoa dela esatera mugatuko balitz, proletalgoak botere politikoa konkistatzeko unea atzeratu egin dela suposatuko luke soilik, orain arte mundu guztia honekin ados zegoelarik. Bere ondorio bakarra borrokaren erritmo mantsoago bat litzateke.

Baina hau ez da kasua. Bernsteinek ez du garapen kapitalistaren azkartasuna auzitan jartzen, garapena bera baizik, eta ondorioz, baita sozialismorako trantsizioaren aukera bera ere.

Teoria sozialistak orain arte esaten zuenaren arabera eraldaketa sozialistaren abiapuntua krisi orokor eta katastrofiko bat izango zen, ikuspegi honetan bi aspektu ezberdintzea nahitaezkoa delarik: oinarrizko ideia eta bere kanpo itxura. Oinarrizko ideia zera da, kapitalismoa, bere barne kontraesanen kaltetu bilakaturik, desorekatu egingo dela, ezinezko bilakatuko dela. Arrazoi onak zeuden egoera hori merkatal krisi orokor eta oldartsu baten eran emango zela pentsatzeko, nahiz eta honek bigarren mailako garrantzia duen oinarrizko ideia kontuan hartzeko unean.

Sozialismoaren justifikazio zientifikoa, jakina den bezala, batez ere garapen kapitalistaren hiru ondoriotan aurkitzen da. Lehen lekuan eta ororen aurretik, ekonomia kapitalistaren anarkia hazkorrean, bere gainbehera nahitaezko bilakatzen duena. Bigarren lekuan, ekoizpen prozesuaren sozializazio jarraiean, etorkizuneko ordena sozialaren haziari bide ematen diona. Eta hirugarren lekuan, proletalgoaren klase antolakuntzaren eta kontzientziaren gorakadan, etorkizuneko iraultzaren faktore aktiboa osatzen duena.

Bernsteinek, garapen kapitalista krisi ekonomiko orokor batera hurbiltzen ez dela ari baieztatzen duenean, sozialismo zientifikoaren zutabe hauetatik lehenengoa ukatzen du. Ez du hondoraketaren modu zehatz bat ukatzen, hondoraketa berbera ukatzen du. Bernsteinek hau dio esplizituki: “Egungo gizartearen hondoraketaz hitz egiten denean krisi ekonomiko orokor bat baino zerbait gehiagoz eta aurrekoak baino krisi gogorrago batetaz ari garela argudiatu daiteke, hau da, sistema kapitalistaren erabateko porrotean pentsatzen da, bere kontraesanen ondorioz etorriko litzatekeena”. Eta honi berak erantzuten dio: “Gizartearen garapen hazkorra dela eta, egungo ekoizpen sistemaren aldibereko hondoraketa hurbila ez da gertagarriagoa, alderantziz baizik, garapen kapitalista, alde batetik, industriaren egokitzapen gaitasuna hazten ari baita, eta bestetik, eta aldi berean, bere diferentziazioa handitzen baitu”.

Eta hemen dago koska: Zergatik eta nola iritsiko gara, kasu honetan, gure azken helburura? Sozialismo zientifikoaren ikuspuntutik, kapitalismoaren anarkia hazkorra da iraultza sozialistaren behar historikoa erakusten duena, hark irteerarik gabeko bide batera baikaramatza. Baina Bernsteinen tesia onartzen bada, garapen kapitalistak ez badu gizarte hau bere hondoraketara eramaten, sozialismoak objetiboki beharrezkoa izateari uzten dio. Beraz, sozialismoaren beste bi oinarri zientifikoak bakarrik geratzen dira: ekoizpen prozesuaren sozializazioa eta proletalgoaren klase kontzientzia. Honi buruz ari da Bernstein honako hau dionean: “Hondoraketaren teoria albo batera uzteak ez dio bere konbentzimendu gaitasuna kentzen doktrina sozialistari, izan ere, lasaiago pentsatuz, zer dira errealitatean lehen aipatu ditugun aintzinako krisiak ezabatzen eta eraldatzen dituzten faktore horiek guztiak? Ekoizpenaren eta banaketaren sozializazioaren premisak dira, eta hein batean baita sozializazio horren ernamuina ere”.

Hala ere, hausnarketa txiki batek ondorio honen azpikeria ikustea ahalbidetzen digu. Zein da Bernsteinek egokitzapen kapitalistarako baliabide bezala aipatzen dituen faktoreen garrantzia —artelena, kredituarena, garraiobideen garapenarena, langile klasearen egoeraren hobetzearena, etab.— Begibistakoa den bezala ekonomia kapitalistaren barne kontraesanak deusezten, edota behintzat, leuntzen dituztela, kontraesan horien garapena eta sakontzea oztopatzen dutela. Honela bada, krisien desagerpenak sistema kapitalistako ekoizpenaren eta banaketaren arteko kontraesanen deusezpena gertatu dela esan nahi du. Eta langile klasearen egoeraren hobetzeak, edota klase honetako hainbat sektore kapa ertainetara igarotzeak, kapitalaren eta lanaren arteko antagonismoa arindu dela adierazten du. Hori bai, aurretik aipaturiko fenomenoek kapitalismoaren kontraesanak ezabatzen badituzte, eta ondorioz, sistemaren hondoraketa ekiditen badute, kapitalismoa sostengatzea baimentzen badute —orregatik deitzen ditu Bernsteinek “egokitzapenerako baliabideak”— nola uler liteke kartelak, kredituak, sindikatuak eta abarrak aldi berean sozialismoaren “premisak” eta “hein batean baita sozializazio horren ernamuina ere” izatea? Begibistan denez, ekoizpenaren izaera soziala agerian uzten duten heinean soilik.

Baina, euren forma kapitalistan mantentzen direnez, ekoizpen sozializatu hori ekoizpen sozialista bilakatzea ez dute beharrezkoa. Horregatik, ordena sozialistaren ernamuin edota premisa zentzu kontzeptual batean bakarrik izan daitezke, baina ez zentzu historiko batean. Hau da, guk sozialismoaz dugun ikusmoldea dela eta, badakigu fenomeno hauek sozialismoarekin erlazionaturik daudela, baina izatez ez dutela iraultza sozialistaren biderantz zuzentzen, hau ez baitute beharrezko aurkitzen.

Sozialismoaren oinarri bakartzat, beraz, proletalgoaren klase kontzientzia bakarrik gelditzen zaigu. Baina kasu honetan, jada ez da kapitalismoaren kontraesan sakonen eta bere hurbileko hondoraketaren —zeina egokitzapen baliabideen bitartez ekidina izango den— islada intelektual bat izango, ideal soil bat baizik, bere konbentzimendu-boterea atxikitzen zaion perfektutasunean soilik aurkitzen delarik.

Hitz gutxitan, hemen duguna programa sozialistaren justifikazio bat dugu “arrazoi hutsaren” bitartez egina, hau da, sozialismoaren azalpen idealista bat, gizartearen garapen materialaren ondorio den behar objetibo gisa ezerezten duena. Teoria errebisionistak dilema bati egin behar dio aurre. Edota eraldaketa sozialista, orain arte baieztatzen zen bezala, kapitalismoaren barne kontraesanen ondorioa da, garapen kapitalistarekin sakontzen dena, une jakin batean nahitaez kapitalismaori akabera emanez —momentu horretan “egokitzapen baliabideak” alferrikakoak izanez eta hondoraketaren teoria aldiz zuzena—, edota “egokitzapen baliabideek” egiazki sistema kapitalistaren hondoraketa ekidingo dute, eta modu horretan, bere kontraesanak gaindituz, kapitalismoa mantentzea baimenduko dute, ondorioz sozialismoak behar historiko bat izateari uzten diolarik eta edozer gauza izatera igarotzen delarik, gizartearen garapen materialaren ondorio ez den beste zerbait behinik behin.

Dilema honek beste batera eramaten gaitu. Edota errebisionismoak arrazoia du garapen kapitalistari dagokionean, eta horregatik gizartearen eraldaketa sozialista utopia bat da, edota sozialismoa ez da utopia bat, eta ondorioz “egokitzapen baliabideen” teoria faltsua da. Laburbilduz, hauxe da auzia.