Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren bigarren Hautazko Protokoloa
Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren bigarren Hautazko Protokoloa, heriotza-zigorra indarrik gabe uzteko helburua duena
Biltzar Orokorrak onartu eta aldarrikatua, 1989ko abenduaren 15eko 44/128 ebazpenean
Protokolo honetako estatu alderdiek,
Kontuan harturik, heriotza-zigorra indarrik gabe uztea lagungarri dela gizakiaren duintasuna areagotzeko eta giza eskubideak etengabe garatzeko,
Gogoraturik, 1948ko abenduaren 10ean onetsi zen Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 3. artikulua, eta 1966ko abenduaren 16an onetsi zen Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 6. artikulua,
Ikusirik, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 6. artikuluak heriotza-zigorra indarrik gabe uztea aipatu duela, indargabetze hori komenigarria dela argiro zehaztuz,
Jakinik, heriotza-zigorra indarrik gabe uzteko neurri guztiak aurrerapen gisa hartu beharko liratekeela bizitza-eskubidea baliatzeari dagokionez,
Gogoa izanik, protokolo honen bidez nazioarteko konpromisoa hartzeko, heriotza-zigorra indarrik gabe utz dadin,
Hurrengoa hitzartu dute:
1. artikulua
[aldatu]1. Protokolo honetako estatu alderdi baten jurisdikzioaren mende dauden pertsonak ez dira hilaraziko.
2. Estatu alderdietako bakoitzak beharrezko neurri guztiak hartuko ditu, bere jurisdikzioan heriotza-zigorra indarrik gabe uzteko.
2. artikulua
[aldatu]1. Ez da onartuko Protokolo honen inguruko erreserbarik, non ez den protokoloa berresteko edo horri atxikitzeko unean egindako erreserba, heriotza-zigorra gerra-denboran aplikatzearen ingurukoa, gerra-denboran egindako delitu oso larriaren ondoriozko kondena bat dela eta, betiere, delitu hori izaera militarrekoa bada.
2. Erreserba hori egiten duen estatu alderdiak, berreste- edo atxikipen-unean, Nazio Batuetako idazkari nagusiari komunikatu beharko dizkio bere legeria nazionalaren arabera gerra denboran aplikagarri diren xedapen egokiak.
3. Erreserba hori egin duen estatu alderdiak Nazio Batuetako idazkari nagusiari jakinaraziko dio bere lurraldean aplikagarri den gerra-egoeraren hasiera edo amaiera.
3. artikulua
[aldatu]Protokolo honetako estatu alderdiek itunaren 40. artikuluaren ondorioz Giza Eskubideen Komiteari aurkeztutako txostenetara informazioa bildu beharko dute, protokolo hau indarrean jartzeko hartu dituzten neurrien inguruan.
4. artikulua
[aldatu]Ituneko estatu alderdiei dagokienez, halakoek 41. artikuluaren ondoriozko adierazpena egin dutenean, Giza Eskubideen Komitearen eskumena, komunikazioak jaso eta kontuan hartzeko, horietan estatu alderdi batek alegatzen duenean beste estatu alderdi batek ez dituela bere betebeharrak gauzatzen, hedatuko da protokolo honetako xedapenetara, salbu eta estatu alderdi interesdunak aurkakoa adierazi duenean, berreste- edo atxikipen-unean.
5. artikulua
[aldatu]1966ko abenduaren 16an onetsi zen Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko lehenengo Hautazko Protokoloko estatu alderdiei dagokienez, Giza Eskubideen Komitearen eskumena, bere jurisdikziopeko pertsonen komunikazioak jaso eta kontuan hartzeko, hedatuko da protokolo honetako xedapenetara, salbu eta estatu alderdi interesdunak aurkakoa adierazi duenean, berreste- edo atxikipen-unean.
6. artikulua
[aldatu]1. Protokolo honetako xedapenak aplikatuko dira itunaren xedapen gehigarriaren izaerarekin. 2. Protokoloko 2. artikuluaren arabera erreserba egiteko aukerari kalterik egin gabe, protokolo honetako 1. artikuluko 1. paragrafoan bermatutako eskubidea ez da egongo inolako etenduraren mende, ituneko 4. artikuluaren ondorioz.
7. artikulua
[aldatu]1. Protokolo hau sinatu ahal izango du, ituna sinatu duen estatuetarik edozeinek.
2. Protokolo hau berretsi ahal izango du ituna berretsi duen edo horri atxiki zaion estatuetarik edozeinek. Berreste-agiriak Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utziko dira hark gordailutu ditzan.
3. Protokolo honi atxiki ahal izango zaio ituna berretsi duen edo horri atxiki zaion edozein estatu.
4. Atxikipena gauzatuko da atxikipen-agiria Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utzita, gordailutu dezan.
5. Nazio Batuetako idazkari nagusiak protokolo hau sinatu duten edo protokolo honi atxiki zaien estatu guztiei jakinaraziko die berreste- edo atxikitze-agiri bakoitzaren gordailua.
8. artikulua
[aldatu]1. Protokolo hau indarrean jarriko da, berreste- edo atxikipen-agirietatik hamargarrena zein datatan gordailutu, Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku utzita, eta hiru hilabetera.
2. Berreste- edo atxikipen-agirietatik hamargarrena gordailutu ondoren protokoloa berresten duen edo horri atxikitzen zaion estatu bakoitzarentzat protokoloa indarrean jarriko da, kasuan kasuko estatu horrek zein datatan gordailutu bere berreste- edo atxikipen-agiria eta hiru hilabete igaro ondoren.
9. artikulua
[aldatu]Protokolo honetako xedapenak aplikatuko zaizkie estatu federaletako zati guztiei, mugarik eta salbuespenik gabe.
10. artikulua
[aldatu]Nazio Batuetako idazkari nagusiak 48. artikuluko 1. paragrafoan aipatu estatu guztiei komunikatuko dizkie:
a) Erreserbak, komunikazioak eta jakinarazpenak, protokolo honetako 2. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz;
b) Protokolo honetako 4 edo 5. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz egindako adierazpenak;
c) Protokolo honetako 7. artikuluan xedatutakoarekin bat datozen sinadurak, berrespenak eta atxikipenak;
d) Protokolo hau indarrean jartzeko data, 8. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz;
11. artikulua
[aldatu]1. Protokolo hau, Nazio Batuetako artxiboetan gordailutuko da; berebat, kautoak izango dira arabiarrez, txinatarrez, espainolez, frantsesez, ingelesez eta errusieraz dauden protokolo-testuak.
2. Nazio Batuetako idazkari nagusiak protokolo honen kopia ziurtatuak bidaliko dizkie ituneko 48. artikuluan aipatutako estatu guztiei.