Edukira joan

Estetika brebiarioa/Adierazpen artistikoaren absolututasuna

Wikitekatik
Estetika brebiarioa  (1921)  Benedetto Croce, translated by Koldo Biguri Otxoa de Oribe
Adierazpen artistikoaren absolututasuna
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Adierazpen artistikoaren absolututasuna

Askotan eman da aditzera arteak, baita haren formarik sinpleenean ere, osotasuna besarkatu eta kosmosa islatzen duela bere baitan; eta hori irizpide bezala erabili ohi da arte sakona azaleko artetik, arte indartsua ahuletik, eta arte bikaina erdipurdikotik bereizteko. Baina Estetika zaharraren teorizazio kaskarra egiten zen ezaugarri horretaz, zeren eta, jakina den bezala, artea erlijioarekin eta filosofiarekin uztartzen baitzen, helburu berbera zutelakoan -hots, sakoneko errealitatea ezagutzea-, eta haiekin batera ziharduelakoan, goreneko eta betirako maila zeukanari bidea prestatzearren halako aldi baterako.

Doktrina hori bi aldiz okerra zen: batetik, ezagutzaren prozesuari buruzko ulerbide sinplea erabiltzen zuelako, desberdintasunik eta antitesirik gabea, intuitiboa soilik, edo logikoa soilik, edo mistikoa soilik; eta, bestetik, egia aldagaitz eta, beraz, transzendente baten aurkikuntzatzat hartzen zuelako. Horrela, haren izatasun kosmiko eta absolutua aitortzen zitzaion errepresentazio artistikoari, baina begiak itxiz arteak sortzezko duenari eta indarra kenduz orokorki izpirituaren sorkuntzari.

Bigarren okerra konpondu eta nolabait pentsamolde modernoarekin adostearren -bere barne-barneko eta eutsiezinezko bultzadan inmanentziari buruzko pentsamendu eta izpiritualtasun absolutua baita-, artea, halako kontzeptu mugiezin bat antzemateko baino areago, halako juzku bat etengabe sortzeko bidetzat hartu izan da; hots, arteak juzkua den kontzeptu bat antzemateko balio du, eta horregatik da absolutua, juzku guztiak unibertsaltasunari buruzko juzkuak direlako. Hortaz, artea ez litzateke errepresentazio hutsa, errepresentazio juzku-emailea baizik, eta ekintza berean haien lekua eta balioa emango lieke gauzei, unibertsaltasunaren argiaz sartuz haien barnera. Baina teoria honek badu oztopo bat, bakarra baina nekez gaindi daitekeena: alegia, errepresentazio juzku-emailea ez dela jadanik artea, eta bai ordez juzku historikoa, hots, historia. Non eta ez den nahi historia ekintza pilaketa huts eta itsusi bezala hartzen jarraitu, aspaldiko moduan eta oraindik ere batzuek defenditzen duten bezala; baina, kasu honetan, juzkuak edo errepresentazio juzku-emaileak filosofiarekin bat egingo luke, "historiaren filosofiarekin" alegia, eta sekulan ez artearekin. Labur esanda, artea juzkutzat hartzen duen teoriarekin baztertu egiten da mugiezintasunaren eta transzendentziaren akatsa, baina ez sinpletasun gnoseologikoarena, haren barruan logizismo hutsaren forma hartzen duena, edo beharbada transzendentzia berri eta nolabait larbatu batera eramaten duena, baina, orobat, arteari ukatzen diona arte izanarazten duen hori.

Artea intuizio hutsa edo adierazpen hutsa da, ez adimenezko intuizioa Schellingen moduan, ez eta logizismoa Hegelen moduan, edo juzkua hausnarketa historikoaren moduan: kontzepturik eta juzkurik gabeko intuizioa da, ezagutzaren oinarrizko forma, ezinbestekoa ondorengo forma konplexuagoak ulertu ahal izateko. Eta artearen ezaugarri nagusia absolutua izatea dela ohartzeko, ez dugu inoiz ere irten behar intuizio hutsaren printzipiotik, ez eta hor zuzenketarik edo, are okerrago, eranskin eklektikorik sartu ere; nahikoa zaigu haren mugen barruan geratzea, zorroztasunik handienaz errespetatzea, eta, muga horien barruan gaudelarik, haren ezagutzan sakontzea, dauzkan aberastasun agortezinak aurkitzearren.

Era beretsuan, halako batean, artea intuizio ez baina bai sentimendua, edo ez bakarrik intuizioa baina baita sentimendua ere badela argudiatu eta intuizio hutsari hotza irizten ziotenen aurka, frogatu ahal izan genuen ezen intuizio hutsa, hain zuzen ere erreferentzia intelektual eta logikorik gabea izanik, sentimenduz eta grinaz beteta dagoela; hots, intuiziozko eta adierazpenezko forma aldarte bati ematen dio, eta ez besteri, eta horregatik, itxurazko hoztasun horren azpian, beroa dago, eta egiazko arte-sorkuntza oro intuizio hutsa da baldin eta lirika hutsa bada. Eta ikusi dugunean halako teorilari berri batzuek, jirabira neketsuak eginez eta zeharbideak erabiliz, ebatzi dutela artea intuizio eta sentimendua dela, iruditu zaigu gauza berri gutxi esaten zutela horrekin, edo, are gehiago, errepikatu egiten zutela artista eta kritikalarien aforismotan ezin konta ahala aldiz adierazita dagoena; eta, orobat, "eta" lokailu horrekin eta "ere" horrekin (Hegelek filosofian hainbeste gorrotatzen zuenarekin), langintza zientifikoaren esparrutik kanpo geratzen zirela, eta, Estetikari dagokionez, ez zutela lortzen azalpen-printzipioaren batasuna, zeren eta horrela adierazitako bi ezaugarri horiek bata besteari erantsita bakarrik agertzen baitziren, elkarri lotuta gehienez ere, hain zuzen ere egin behar dena bata bestean aurkitu eta identifikatzea delarik.

Errepresentazio artistikoak izatasun unibertsal edo kosmikoa duela frogatzeko (eta inork baino hobeto, Wilhelm Humboldtek erakutsi zuen hori bere Hermann und Dorothee saiakeran3), nahikoa da esandako printzipio hori, arretaz hartuta. Izan ere, zer da, bada, sentimendu bat edo aldarte bat? Unibertsotik bereiztu eta bere kasa gara daitekeen zerbait ote? Ba ote dute errealitaterik osotasunak eta osagaiak, banakoak eta kosmosak, mugatasuna eta mugagabetasunak, bata bestetik urrun, bata bestetik kanpo? Edozeinek onartuko du bikote horietako alde bien arteko bereizketa edo isolamendua abstrakzio-lana baino ezingo litzatekeela izan, horrentzat banakotasun abstraktua, mugatasun abstraktua, batasun abstraktua eta mugagabetasun abstraktua besterik ez baitago. Baina abstrakzioak bere izate osoaz higuin ditu intuizio hutsa edo errepresentazio artistikoa; edo, hobe esanda, higuin izan baino areago, ez ditu kontutan hartu ere egiten, bere izatasun kognoszitibo lañoagatik. Haren barruan, osagai bakunak osotasunaren bizitzan hartzen du parte, eta osotasunak ere hartzen du parte osagai bakunaren bizitzan; eta errepresentazio artistiko garbi bakoitza, aldi berean, bera eta unibertsoa da, unibertsoa bere banakako forman, eta banakako forma hori unibertsoan. Poeten edozein doinutan, haren fantasiaren edozein sorkuntzatan, giza halabeharra dago oso-osorik, itxaropen, amets, oinaze eta poz guztiak, gizakien handitasun eta miseria guztiak, errealitatearen drama osoa, bere buruaren gainean garatu eta hazten dena, pairatuz eta gozatuz.

Horregatik, berez pentsaezinezkoa da errepresentazio artistikoan finkatu ahal izatea inoiz partikular hutsa dena, banakotasun abstraktua, mugagabea dena bere mugagabetasunean; eta hori gertatzen dela dirudienean -eta nolabait egiatan gertatzen da-, errepresentazioa ez da artistikoa, edo ez guztiz eta erabat artistikoa. Bat-bateko sentimendua artearen bidez adierazteko eta agertzeko gogor ahalegintzean, grinaren mailatik behapenaren mailara edo nahikunde, irrika eta nahi praktikotik ezagutza estetikora igaro nahi dugunean, prozesuaren burura iritsi ordez haren erdian baino ez gaude, oraindik ez beltza eta ez zuria den lekuan, norberaren erabakiaren ondorioz bakarrik gera gaitezkeelarik kontraesan estetiko horretan. Artista batzuek ez dute artea erabiltzen beren obrei so egiteko edota beren grinak baretzeko, baizik eta grina horietan murgiltzeko hain zuzen ere, egiten dituzten errepresentazioetan sartzen uzten dituztelarik beren irriken, barne-urraduren eta aldarte-aztoramenduen oihu eta garrasiak, eta kutsadura horrekin tankera berezia, mugatua eta estua ematen diote artelanari. Eta berezitasun, mugatasun eta estutasun hori ez da sentimenduarena -sentimendua banakoa eta unibertsala delarik aldi berean, errealitateko forma eta ekintza guztien antzera-, ez eta intuizioarena ere -berau ere banakoa eta unibertsala delarik aldi berean-, baizik eta jadanik sentimendu huts ez den sentimenduarena, eta oraindik intuizio huts ez den errepresentazioarena. Horrexegatik esan izan da behin baino gehiagotan behe mailako artistak areago direla beren bizitzari eta garaiko gizarteari buruzko berriemaile, goimailako artistak baino, hauek, gizon praktikoak izanik, beren garai, gizarte eta buruaren gainetik baitaude. Horregatik sortarazten digute aztoramen moduko zerbait halako artelan batzuek, grinaz beterik egon arren, huts egiten dutelako grinaren idealizazioan eta forma intuitiboaren garbitasunean, horretan datzalarik artea, hain zuzen.

Hori dela-eta, jadanik nire gaztaroan egin nuen Estetika tratatuan ematen nuen aditzera ez direla nahastu behar adierazpena -hari buruzko teoria ematen zelarik, intuizioarekin identifikatuz eta hartan jarriz artearen oinarria-, adierazpen estetikoa eta adierazpen praktikoa; izan ere, azken honi adierazpen deitzen zaio, baina lehenago esandako nahikunde, irrika, nahi eta iharduera bera da, ezer baino lehen, gero logika naturalistaren kontzeptu bilakatzen delarik, hots, egiazko egoera psikiko baten zantzua, adibidez gizakiaren eta animalien sentimendu-adierazpenei buruzko ikerketa darwinianoetan gertatzen den bezala. Desberdintasun horren adibide gisa, elkarren kontrakarrean jartzen ziren, alde batetik, suminaren mende dagoen eta sumin hori agertu ahala agortu ere egiten duen gizona, eta, bestetik, suminari eutsi, sentimenduzko ekaitza menderatu eta, horrela, adierazpen artistikoaren ortzadarra agertarazten duen artista. Bultzada artistikoa eta bultzada praktikoa hain dira desberdinak, ezen, denek gogoratzen duten bezala, Edmond de Goncourten elaberri baten eszena beldurgarria idaroki baitzuen, zeinetan emakume antzezleak, maitalearen hil-ohearen ondoan dagoela, keinu artistikoen bidez erreproduzitzen baititu, bere jeinuak hartaraturik, hiltzen ari denaren aurpegian ikusten dituen hil-antsiak.

Beraz, sentimenduzko edukiari forma artistikoa ematean osotasunaren ezaugarria eta arnasa kosmikoa ere ematen zaizkio. Zentzu honetan, unibertsaltasuna eta forma artistikoa gauza bat eta bera dira. Erritmoa eta neurria, oihartzunak eta errimak, metaforak -haien bidez adierazitako gauzekin bat egiten dutenak-, kolore eta doinu uztarketak, simetriak, armoniak, erretorikoek tamalez era abstraktuan aztertzen dituzten eta horrela zerbait estrinseko bihurtzen dituzten baliabide hauek guztiak banakotasuna eta unibertsaltasuna batzen dituen eta, horregatik, ekintza horretxetan, banako bezala agertuz, unibertsalizatu egiten duen forma artistikoaren sinonimo dira. Bestalde, Estetika modernoaren hasieran jadanik agertu eta antzinatean Aristotelesen teoria katartiko ilunak iragarri zituen teoriak, alegia, artea edozein interesetatik edo zeinahi interes praktikotik urrundu behar dela diotenak (Interesselosigkeit delakoa, Kantek izendatu zuen bezala), artean bat-bateko sentimendua iraunarazten uzteko joeraren kontrako babesa direla ulertu behar da, sentimendu hori organismoak irensten ez duen eta, horregatik, pozoin bihurtzen den janaria bezalakoa baita. Beraz, ez da pentsatu behar teoria horiek artearen edukiarekiko axolarik eza defenditzen dutenik, edota artea joko huts eta friboloaren mailan jartzen dutenik. Ez zuen horrela ulertzen Schillerrek, nahiz eta berari zor zaion "joko" hitz eta kontzeptua sartu eta erabili izana eztabaida estetikoetan; aldiz, horixe izatera iritsi zen Alemaniako eskola erromantiko muturrekoaren "ironia" delakoarekin: ironia hori Schlegelek "arintasun" bezala goraipatu zuen, Tieckek, aldiz, poetak "bere gaian erabat ez murgiltzeko eta hartatik aparte geratzeko" duen ahalmen bezala, eta azkenik bufoien arte bilakatu zen, eta artearen mundu zabalaren gainetik, ideal bakar bezala, arte bufonesko-groteskoa jarri zuen, Heine gazteak arduraz eta samurtasunez beterik jaso zuena eta, geroago, bere oroitzapenetan honela deskribatu zuena:

Wahnsinn, der sich klug gebärdet!

Weisheit, welche überschnappt!

Sterbeseufzer, welche plötzlich

Sich verwandeln in Gelächter!...

Horrek oso adibide ospetsua ematen du poetaren banakotasun praktikoak artearen inguruko ikuspen hutsean egiten duen inbasioaz, batez ere "umorezko artea" delakoan ikusten den bezala; bestalde, artea mundu modernoan itzaldu eta hil egingo zela iragartzera bultzatu zuen Hegel -eta ez zen horretarako zeukan azken arrazoia-. Hobeto argitu beharko bagenu, haren kalitatean bertan, artea interes praktikotik kanpo dagoela, esan liteke artearen barruan interes horiek guztiak ezereztu baino areago, denak batera baliatu nahi izaten direla errepresentazioan, banakako errepresentazioa horrela bakarrik bilakatzen delako banakako zehazki, partikulartasunetik irtenaz eta osotasun-balioa eskuratuz.

Intuizio hutsarekin bateraezina dena ez da unibertsaltasuna, baizik eta artean unibertsaltasunari emaniko balio intelektual traszendentea, alegoria edo sinbolo itxuran, Jainko gordearen errebelazioaren itxura erdi erlijiosoan, eta juzkuarenean; honek, sujetua eta predikatua bereiztuz eta bat eginez, artearen xarma apurtzen du, eta errealismoa jartzen du artearen idealismoaren ordez, oharmenezko juzkua eta irizpide historikoa mamu xaloen ordez. Bateraezina, ez soilik artearen eraginkortasunaren kontrakoa izateagatik, baina baita ere halako irtenbide teoriko etsitu bat alferrekoa izango litzatekeelako eta bere alferrikako pisuarekin enbarazu egingo liokeelako intuizio hutsaren gaineko doktrinari, zeinetan errepresentazio artistikoak, sentimendu kosmikoak aurresuposatzen duen legez, unibertsaltasun guztiz intuitiboa eskaintzen baitu, hots, juzku-kategoria bezala edonola pentsatu eta erabilitako unibertsaltasunaren aldean desberdina, formari dagokionez.

Alabaina, era horretako irtenbideetara jotzen dutenek arrazoi moral eta moralistak izan dituzte batez ere: batzuetan zuzen, arte faltsuaren horrelako agerpenen aurrean kezkati; batzuetan oker, egiazkoak eta xaloak diren arte-agerpen batzuekiko beldurrez. Horrela, komeni da gaineratzea ezen, intuizio hutsaren printzipioa irmo edukiz bakarrik, hots, intuizioak inolako joera moralik ez duelarik, posible dela, alde batetik, arma egokiz hornitzea beren eztabaida zuzen horretarako, eta, bestetik, haien beldur arrazoizkoak itzaltzea: hau da, printzipio horrekin soilik egotz daiteke inmoraltasuna artetik moralismoaren ezjakintasunean erori gabe. Beste edozein bide erabiliz gero, 1858an Parisko epaimahai batek Madame Bovary-ren egilearen aurkako auzian eman zuen epai ospetsuaren bertsioak baino ez dira egingo, hots: "Attendu que la mission de la littérature doit être d’orner et de récréer l’esprit en élevant l’intelligence et en épurant les moeurs...; attendu que pour accomplir le bien qu’elle est appelée à produire, ne doit pas seulement être chaste et pure dans sa forme et dans son expression..."; elaberri horretxetako pertsonaia batek, Homais jaun botikariak, hain zuzen, izenpetzeko moduko epaia. Fede gutxiko gizonak dira uste dutenak morala artifizioski landu eta tente eduki behar dela munduko gauzen inguruan eta, artifizio berberarekin, idaroki egin behar dela artean. Izan ere, indar etikoa indar kosmikoa bada -eta halaxe da-, eta askatasun-munduaren erregina bada, bere bertutearen bertuteaz gertatzen da hori; eta zenbat eta purutasun handiagoa berregin eta errealitatea areago azaldu, orduan eta beteginagoa da artea; zenbat eta arte peto-petoagoa izan, hobeto ateratzen du morala gauzetatik beretatik. Zer axola du halako gizon batek bere gorroto edo gaiztotasun sentimendua asetzeko asmoz heltzen badio arteari? Egiatan artista bada, gorrotoaren gainean maitasuna sortuko da haren errepresentaziotik beretik, eta zuzena izango da haren zuzengabekeria. Eta zer axola du besteren batek nahi badu poesia bere sentsualtasun eta lizunkeriaren gaizkide bihurtu, baldin eta bere lan horretan kontzientzia artistikoak behartuko badu sentsualtasunaren ondorio den barne-barreiadura batzera eta lizunkeriaren nahasmen iluna argitzera, eta larritasun edo tristuraz beteriko nahigabeko kantua ipiniko badio ezpainetan? Eta, azkenik, besteren batek, bere asmo praktikoei begira, halako xehetasun bat azpimarratu, pasarteren bati kolorea biziagotu edo halako hitzen bat ezpainetaratu nahi izango du; baina bere lanaren logikak berak eta koherentzia estetikoak behartu egingo dute xehetasun horren azpimarra arintzera, pasarte horri kolorea moteltzera edo hitz hori ez ezpainetaratzera. Kontzientzia estetikoaren helburua ez da lotsa sentimendua mailebuan hartzea kontzientzia moraletik, berez baduelako hori bere baitan, lotsa, ahalke edo kastitate estetiko gisa, eta badakielako noiz erabili behar duen isiltasuna adierazpide bezala. Aitzitik, artistaren batek lotsa hori eta bere kontzientzia estetikoa bortxatzen dituenean, eta artean sartzen uzten duenean artistikoki motibogabea den hori -horretarako arrazoi eta bultzagarririk laudagarrienak edukita ere-, hori guztia artistikoki faltsua eta moralki okerra da, ez duelako betetzen artista den aldetik daukan eginkizuna, daukan eginkizunik hurbil eta premiazkoena. Artean gauza lizunak eta sentsualak sartzea -jende txepelaren eskandalua eragiten duen gauza, berez- inmoraltasun horren kasuetako bat besterik ez da, eta ezin da esan kasurik okerrena denik ere, niri askoz okerragoa iruditzen baitzait bertute-erakustaldi inozoa, bertutea inozo bihurtzen du eta.

Iharduera estetikoari, bere burua kontrolatzen eta galgatzen duen neurrian, gustua deitu ohi zaio; eta gauza jakina da gustua "urteen joan-etorriarekin findu" egiten dela egiazko artisten eta egiazko arte-adituen kasuan. Horrek, hain zuzen ere, esan nahi du ezen, gaztaroan maite dena arte grinatsua dela, berez jori eta trinkoa, adierazpen berehalakoak eta praktikoak dituena (maitasunezkoak, iraultzaileak, abertzaleak, gizakoiak edo bestelakoak), baina poliki-poliki beroaldi merke horiek ase eta gogaitu ere egiten gaituzte, eta gero eta gustagarriagoak iruditzen zaizkigu formaren edertasuna eta, harekin batera, nekatzen eta inoiz ere asetzen ez gaituen edertasuna lortu duten artelanak edo artelanen atal edo orriak. Eta artistak gero eta nekezago askiesten dio bere lanari, eta kritikoa gero eta zuhurragoa da bere iritziak emateko orduan, baina haren miresmena gero eta sakon eta biziagoa da.

Eta hizpide hau dugularik, jarraitu nahi dut esanez arteari buruzko filosofia edo Estetika, beste edozein zientzia bezala, ez dela denboratik kanpo bizi, hots, baldintza historikoetatik kanpo; eta horregatik, garaien arabera, bere helburuen barruko arazo multzo bat edo bestea garatzen duela. Horrela, Berpizkunde Aroan, poesiak eta arteak Ertaroko herri xehearen zabartasunaren kontra erreakzionatu zutenean beren ibilbide berriekin, doktrina estetikoak erregularitatearen, simetriaren, diseinuaren, hizkuntzaren eta estiloaren arazoak ukitu zituen batik bat, eta diziplina formala berreraiki zuen antzinakoen ereduari jarraituz. Eta, hiru menderen buruan, diziplina horiek pedante bihurtu eta sentimenduaren eta fantasiaren bertute artistikoa hilduratu duenean, eta Europa osoa, intelektualizaturik, poetikoki elkortu eta, erreakzioz, erromantizismoan murgildu zenean -Ertaroa berpizten ere saiatu zelarik-, garai hartako Estetika fantasiaren, jeinuaren eta kar biziaren arazoez bete, generoak eta arauak azpikozgoratu eta behera bota, eta berezko etorriaren eta ekinaren balioa aztertu zuen. Baina orain, erromantizismoaren mende eta erdiaren ondoren, ez al litzateke komenigarria izango Estetikak garrantzi handiagoa ematea egia artistikoaren izaera kosmiko edo orokorrari, eta joera partikularretatik eta sentimendu eta grinaren berehalako formetatik libratzeari, behar duen bezala? Izan ere, ikusten ari gara nola Frantzian eta beste leku batzuetan ere hitz egiten den "klasikotasunera itzuli" beharraz, eta Boileauren aginduetara eta Louis handiaren mendeko literaturara itzuli beharraz; nahiko mintzagai kaskarina berez, horietara itzultzea ezinezkoa delako, ezinezkoa izan zen bezala Berpizkunde Aroarentzat Antzinatera, edo Erromantizismoarentzat Ertarora itzultzea. Beste alde batetik, esango nuke klasikotasunaren aldeko predikari horietako gehienek askoz tentazio handiagoa dutela poesia grinatsu eta sentsualarekiko, haien etsai direnek baino, hauek askotan arima garbiak izaten direlako eta, horregatik, errazago zuzendu eta eite klasikoko artista bihur daitezkeelako. Nolanahi ere, exijentzia hori, oro har, bidezkoa da, oraingo zertzelada historikoek justifikatzen dutelako.

Askotan egin den oharkizun baten arabera, literatura modernoak, hots, azken ehun eta berrogeita hamar urteotako literaturak, bere itxura orokorrari begiratuz, aitorpen bat dirudi, eta haren liburu nagusia Genevako filosofoaren Aitorpenak da hain zuzen ere. Aitorpen izaera nabarmen horren ondorioz, oso ugariak dira haren barruan ihardungai pertsonalak, partikularrak, praktikoak eta autobiografikoak, hots, lehenago "asaskaldi" deitu dudana, "adierazpen" hutsetik bereiztuz; eta, horregatik, nabarmena da haren ahultasuna egia absolutuarekiko harremanetan, bai eta estiloa deitu ohi den horretan ere duen ahultasun edo hutsunea. Eta nahiz askotan eztabaidatu den emakumeak literaturan partaidetza gero eta handiagoa izatearen arrazoiei buruz (badago "Poetika" egile alemaniar bat, Borinski alegia, esan duena gizarte modernoa, negozioen eta politikaren eguneroko borroka gogorrean murgilduta, eginkizun poetikoak emakumeen gain uzten ari dela, gerlarien gizarte primitiboek emakumezko druida eta iragarleen gain utzi zituzten bezala), niri iruditzen zait horren benetako arrazoia gaurko literaturak bereganatu duen "aitorpen" kutsu horretan datzala. Horren eraginez, ateak zabal-zabalik utzi zaizkie emakumezkoei, eta beraiek, izaki guztiz afektibo eta praktikoak direnez gero, poesia liburuak irakurtzean beren gora-behera sentimentalekin bat datorren guztia azpimarratzen duten bezala, oso gustura geratzen dira beren arimakoak hustera gonbidatzen dituztenean; gainera, estilorik ezaz ez dira gehiegi kezkatzen, ezen, zorrozki esan den bezala, "Le style, ce n’est pas la femme". Emakumezkoak literatura modernoan ausartzen hasiak dira gizonezkoak estetikoki emalditu egin direlako nolaerebait; eta emalditze horren seinalea da beren trapu zikinak agerian uzteko lotsarik eza eta egiazaletasun-sukarra, zeina, sukarra izanik, egiazaletasuna ez baita, eta bai ordea itxurapen hutsa, ondo edo ez hain ondo lortua, konfiantza zinismoaren bidez lortu nahi duena, inork baino lehen Rousseauk eman zuen adibidearen arabera. Eta gaixoek eta gaixo larriek askotan gaitza arindu ordez okerragotu egiten duten sendagaiak hartzen dituzten bezala, halaber, xix. mendean, bai eta gure egunotan ere, hainbat saio egin dira forma eta estiloa, artearen grinarik eza, duintasuna eta baretasuna, eta edertasun hutsa berreskuratzeko; eta gauza hauek, berez bilatuta, ongi iragarri eta frogatzen zuten bazegoela akats bat, ohartu bai baina konpondu behintzat egiten ez zena. Are gizontasun handiagokoa izan zen erromantizismoa errealismoaren eta berismoaren bidez gainditzeko saioa, laguntza eskatu zitzaielarik natur zientziei eta berauek pizten duten jarrerari; baina xehetasunezkoari eta xehetasun multzoei emandako gehiegizko garrantzia murriztu ordez, handiagotu ere egin zuen eskola honek, bera ere erromantikoa zelako, izatez eta eraginez. Gehiegikeria horretxetan erori dira beste literatur agerbide ezagun batzuk ere: alde batetik, "idazkera artistikoa", Frantzian Goncourt anaiek nabarmenki formulatu eta ordezkatua, eta bestetik Pascoli gureak berehalako inpresioak errealistikoki adierazteko egin zituen ahalegin espasmodikoak, nolabait futurismoaren eta "zaraten" musikaren aitzindari bihurtu zutenak.

Literatura modernoaren gorputz handia oinazetzen duen gaitzaren izaeraz azkar asko ohartu ziren, ez ordea kritikalari txikiak, Europako artistarik onenak baizik; eta, hitz bertsuekin ia, Goethek eta Leopardik, elkarren berri ez jakin arren, nabarmendu egin zuten antzinakoen eta modernoen arteko desberdintasuna. Haietako lehenek (poeta alemaniarraren arabera) "izana errepresentatzen zuten, eta guk, normalean, ondorioa; haiek izugarria dena pintatzen dute, guk izutzeko moduko eran pintatzen dugu; haiek atsegingarria dena, guk atsegingarriro:... hortik dator gehiegikeria guztia, artifizio guztia, grafia faltsu guztia, hanpadura guztia, zeren eta ondorioa eta ondorioagatik lantzen denean, inoiz ez baita uste izaten behar adina sentiarazi denik"; poeta italiarrak, aldiz, antzinakoen "sinpletasuna" eta "naturaltasuna" laudatzen zituen, "haiengatik ez zirelako ibiltzen, modernoen alderantziz, gauza horren txikikerien atzetik, bistan delarik halako idazle batek, zerbaitez mintzatzean eta gauzak naturan diren bezala azaldu ordez findu egiten dituenean, halako eragin bat bilatzen duela, zertzeladak jasoz, eta deskribapenak xehetuz eta zabalduz. Eta horrek agerian uzten du haren asmoa, suntsitu egiten du berezko airosotasuna eta zabarkeria, nabarmendu egiten ditu artea eta afektazioa, eta poesian gehiago bultzatzen du poeta hitz egitera, gauza bera baino". Horrela, antzinakoek "poesiaz edo arte ederraz zeukaten ikuspegia mugagabea zen, eta modernoena, berriz, mugatua". Goethe oso pozik zegoen erromantikoak zirikatzeko hitz on bat asmatu zuelako, hots: "lazaretoko poesia"; horri "poesia tirteikoa" kontrajarri zion, soilik gerla kantuak abesteaz gainera, "gizonari adorea ematen diona bizitzako borrokaldietan lehiatzeko". Eta Oscar Wildek protesta egin zuen arren "arte" izenari ezarritako "morboso" adjetiboagatik, protestatzailea nolakoa den ikusita, egokitzat jo beharko adjetibo hori.

Literaturaren edo artearen "izaera orokorra" ezin da besterik gabe garraiatu, are gutxiago juzku bezala, literatura edo arte horrek sortutako poesia lanetara; aitzitik, dakigunez, ez du berez estetikoa eta artistikoa den ezer izendatzen, baizik eta halako joera praktiko huts bat, literaturaren alorrean berez artistikoa ez den horretan eragina duena: hots, haren materian eta, inoiz, haren akatsetan. Eta, esan beharrik ez dago, jeinua duten artistek, etorri oneko poetek, obra handiek eta orri handiek -hau da, poesiaren historian garrantzia duen guztiak- ez dute gaisotasun hori izaten, edo ez dute esandako joera orokor hori erakusten. Poeta edo artista handiak herri guztietatik eta garai guztietatik biltzen dira esfera argitsu horretara, bertan hiritar bezala onartuak dira eta senidetzat hartzen dute elkar, Kristo aurreko zortzigarren mendekoak izan nahiz Kristo ondoko hogeigarrenekoak izan, peplum greziarra nahiz lucco florentziarra, jipoi ingelesa nahiz ekialdetarren liho zuria jantzi; eta denak dira klasikoak, hitzaren adierarik onenaz, hau da, nire iritziz behintzat, primitiboa dena eta kultua dena, berezko sena eta eskola uztartuz. Bestalde, oker egongo ginateke pentsatuko bagenu halako garai bateko pentsamolde-joerak, sentimenduak eta kultura zehazteko lana ez dela poesia ikerketaren zeregina; izan ere, hasteko, hori baliagarria da halako itxura zehatz eraginkorra emateko egiazko artisten eta erdi-artisten, artista ez direnen eta erdipurdiko langileen lana bereizteko irizpideari; eta, gero, baliagarria da artista handiak ezagutzeko ere, gure begien aurrean jarriz gainditu behar izan zituzten oztopo handiak eta langai bezala hartu zuten eta arte-mailara altxatu zuten materiarekiko garaipenak; eta, azkenik (artista handiek ere badute puntu ahulik ere), haien akats batzuk ulertzeko ere balio du.

Baina artistentzat ere komenigarria da, abisu bezala, joera nagusien edo izaera orokorraren zehaztapena, erne egon daitezen beren sorkuntzaren baldintzen artean aurkituko duten etsaiaren aurrean, hor ezingo baitute eduki kritikaren laguntza, non eta ez den abisu horren itxuran. Eta abisu horren bidez, gainera, jakin dezakete ez dietela jaramonik egin behar lehenago bezala orain ere esaten dutenei gorago aipatu dugun gaitasun psikikoa halako herri edo arraza batena dela bereziki eta kutsapen epidemiko baten ondorioz igaro dela beste herrietara; izan ere, nahiz eta egia izan adierazpen berehalakoak, bortitzak eta zakarrak nahiko ohikoak direla herri germanikoetan, beren gizartea fintzeko epe laburragoa izan dutelako, jokamolde hori gizateria osoarena da, oro har, eta garai eta leku guztietan aurkitzen da; eta, historian zehar, indar handiz eta "masa-fenomeno" moduan, Europako alde guztietan agertu da xviii. mendearen bukaeraz geroztik, hain zuzen ere baldintza filosofiko, erlijioso eta moral arrunt eta orokorrei erantzuten zielako. Eta lehenago abisatu dugunez joera hori zeharka baino ez dela literarioa, eta lehen-lehenik eta zuzenean jatorri filosofiko-erlijioso-morala duela, alferrik saiatuko gara hura gainditzen formalismo estetikoen sendagaien bidez, ezjakintasun erretoriko edo teknikoaren arazoa balitz bezala; eta lehenago ere deitoratu dugu era horretako saioen porrota. Gaixotasun hori ahuldu eta desagertuko da europarren ariman fede berri bat sendotzen denean, nozitutako hainbat estualdiren, jasandako hainbat nekeren eta isuritako hainbat odolen fruitua biltzen denean; borrokatua eta menderatua izan zen era berean ahuldu eta desagertuko da, eta artista guztiek borrokatu eta mendera dezakete, haien izaera filosofiko-etiko-erlijiosoen garapen egokiaz, hots, beren nortasunaz, nortasuna baita artearen sostengua, beste gauza guztien sustengua den bezala. Eta ahuldu ordez, etorkizunean hazi eta korapilatzen baldin bada, orduan horrek esan nahiko du are proba zailagoa gainditu behar duela gizarte oinazetu eta oinazegarriak; eta, hala eta guztiz ere, egiazko artistek egia osoa eta formaren klasikotasuna atzemango dute, literatura modernoarentzat ohoragarri diren izen handiek, xix. mendean, gaixotasuna gaiztoturik zegoen bitartean alegia, egin zuten bezalaxe, hasi Goethe, Foscolo, Manzoni eta Leopardirengandik, eta Tolstoi, Maupassant, Ibsen eta Carduccirenganaino.

Eranskina

Bi zientzia mundutarrak.

Estetika eta Ekonomia I. Izpiritua eta Zentzua

Garai modernoa Ertarotik nahiko nabarmenki bereizten duen ezaugarri bat dugu garai modernoan politikaren eta ekonomiaren bizitzak eta, bere forma guztietan, artearen bizitzak ere hartu duten garrantzia.

Horrekin ez dugu esan nahi Ertaroan ez zegoenik bizitza ekonomiko, politikorik eta artistikorik, ezen, garrantzi handiagoaz edo txikiagoaz mintzatzean, egon egon zirela aitortzen da. Gizaki bakar bat ere bi organo izpiritual horiek gabe bizi ez den bezala, garai bat bera ere ez dago horrela bizi zenik, ezta garai barbaro edo primitiboena ere; eta, arte eta poesia kontuan batez ere, era horretako adierazpen bizien faltarik ez zen egon. Esan eta ohartarazi nahi den gauza bakarra da pisurik handiena ez zitzaiela alderdi horiei ematen, ertaroko gizartearen multzo handian; eta norbaitek, ezer baino lehen, baieztapen honen froga ia intuitiboa nahi badu, nahikoa du begiak zuzentzea gizarte hartatik geratu zaizkigun eraikinei eta eraikin-hondakinei, batez ere Goi Ertarokoei, eliza, monasterio eta gazteluei, eta gonbarazioa egitea herrialde modernoek ematen duten ikuskariarekin: ezin konta ahalekoak dira, hain zuzen ere, lantegiak eta negozioak, bankuak eta burtsak, diputatu-biltzarrak eta ministerio-jauregiak, museoak, pinakotekak, erakustokiak, antzokiak, ikastegiak eta antzekoak. Beste froga bat aurkituko da berehala, besterik gabe kontutan hartzen badugu zer izan ziren Ertaroan poesia, literatura eta artea, gehienetan irakaspenez, ikaskizunez, kontakizunez eta alegoriez beteak, eta oso gutxitan pertsonalak edo lirikoak; edo zer izan zen orduko politika: biziraupen eta defentsa beharrizan funtsezkoei erantzuten ez zienean, munduaz haruntzagoko helburuei begiratzen zien, hortik etorri zirelarik Kristoren hilobia irabazteko gurutzadak eta Elizaren eta Inperioaren arteko akordioak eta liskarrak; edo orduko ekonomia, nagusiki "naturala" zena, industria eta truke gutxikoa. Iraultza bat sortu zen Italiako udalerriek eta errege normando eta suebo handiek herri eta estatu mailako politika bati ekin ziotenean, espreski ongizatea eta kultura bilatzeko asmoz, eta arteak eta merkataritza loratu zirenean eta haien bizitasunak laster lagundu eta batzuetan gainditu ere egin zituenean munduaz haruntzagoko gauzen inguruko ahalegin eta helburuak; azkenik, berez eta izatez modernoagoa zen garai bat iritsi zen, Berpizkunde Aroarekin eta Erreformarekin; bi mugimendu hauek elkarren aurkakoak ziruditen, baina elkarren osagarri ziren, zeren eta Berpizkundeak antzinate greko-erromatarra bilatu eta errealitatea eta izadia aurkitu baitzituen, eta Erreformak, berriz, kristautasun ebanjelikoa bilatu eta pentsamendu librea eta kritika aurkitu baitzituen. Azentu eta erritmo desberdin horiengatik jarraitzen dugu historian ertaroa eta garai modernoa bereizten eta aurrez aurre jartzen, beharrezkoa delako hain zuzen ere desberdintasun horiek nabarmentzearren; izan ere, bereizketa hori berez muga garbiekin egin ezin den arren (historian sekulan ere horrelakorik egin ezin den bezalaxe), eta, are gehiago, ibilbide historiko berberean jarriak eta ukatuak, nabarmenduak eta murriztuak pentsatu behar diren arren, aditzera ematen digute nolako drama handia egon zen giza historian, ertarotik garai modernora igaro zenean, poliki-poliki baina iraultza oso bat eginez. Desberdintasun horiek ezabatzen baditugu edo garrantzia kentzen badiegu, edota haien baloreen kategoriak aldatzen baditugu, ertaroa desagertu egingo da historiatik, edo garai modernoa ertaro bilakatuko da, zentzu txikigarriaz, pobrezia izpiritualez beteriko ertaro bat izatera iritsi arte. Horixe diote, gutxi gora-behera, historialari atzerakoiek eta aszetikoki erlijiosoak diren arimek.

Iharduera politikoa eta ekonomikoa, eta arte-alor desberdinetakoa gero eta ugariagoa izan zen garai modernoko lehen mendeetan, eta horren ondorioz alderdi teorikoan bi pentsamendu berri edo bi diziplina berri sortu ziren: alde batetik, zientzia politiko eta ekonomikoa (hemen, biak batzen dituen batasun filosofiko funtsezkoak hartzen ditugu aintzat), eta bestetik arteari buruzko filosofia edo zientzia estetikoa. Bi zientziak ezezagunak izan ziren, edo ia ezezagunak, ertaroko filosofiarentzat; izan ere, honek, alor praktikoan, Morala baino ez zuen ezagutzen, eta moralaren arabera konpontzen zituen agertzen zitzaizkion arazo politiko eta ekonomikoak, horiek saihestu ezin zituenean; eta, alor teoretikoan, berriz, Logikoa bakarrik ezagutzen zuen, eta poesia eta artea egia santuak zabaldu eta jakinarazteko bide izateraino murrizten zituen. Baina berehala, Berpizkunde Aroa iristean, indarrez azaleratu zen estatuei buruzko zientzia edo Politika, eta gero zuhurtasunaren arteak jarraitu zitzaizkion hurbiletik, eta polikiago Ekonomia, zeinek arau eta lege itxura hartu baitzuen, xviii. mendean batez ere, baina erabateko kontzientzia filosofiko baten mailara heldu gabe; eta zuzenbidea eta morala bereizten hasi zen, eta giza grinak eta haien ondorioz sortzen ziren arazoak hartu ziren ikergai4; bien bitartean, Berpizkunde Aroan bertan, berriro ekin zitzaion poesia, irudi-arteak, arkitektura eta musika kontzeptuak ikertzeari, guztientzako oinarri bera bilatu eta haien sorrera den ahalmena zehaztu nahirik, eta ikerketa hori lehen helburu batera iritsi zen xviii. mendean, printzipio berriaren orijinaltasuna aurkitu ondoren zientzia autonomo bat eratu zenean: zientzia horri Estetika izen berria eman zitzaion. Jakina, hemengoak ez dira, jakintzaren beste esparruetan bezalaxe, behin-betiko finkatzen diren sistema doktrinalak, baizik eta orduan lantzen ziren eta oraindik ere lantzen diren norabideak, orduan bezala gaur ere beharrezko eta emankortzat hartzen direnak.

Zientzia berri hauek izatez antiaszetikoak, antitranszendenteak, mundutarrak eta profanoak izanik, horrelakorik ez zuten ikusi, baieztu edo arrazoitu ere horiek sortzen eta lantzen zituzten izpiritu modernoek, ez eta haien aurka altxatu eta borrokatu zuten izpiritu zaharkitu eta tradiziozaleek ere; azken hauek, gainera, arazorik gabe utzi zieten igarotzen, edota lagundu ere lagundu zieten, garaietako beharrei jarraituz eta baldintzak betez. Kasu bakar batean egon zen horietako baten aurkako, edo horietako baten zati baten aurkako erreakzio, eztabaida gogor edo jazarpena: Politikaren edo "estatu-arrazoia" deritzanaren aurka, hain zuzen; baina horrek ez zuen zuzenean zientzia berria arbuiatu, Machiavellirekin eta machiavellismo delakoarekin hartu zuen forma gordin biluzia baizik. Kasu honetan, gainera, haren aurkakoak ere politikoak izan ziren, gauza zaharrak berriekin eklektikoki adostu nahi izan zituztenak, nahiz eta, horrelako bategiteetan gertatzen den bezala, berria ahuldu ordez, zaharra izan gutxinaka-gutxinaka usteldu eta bertan behera gelditzen dena. Gogora dezagun, gainera, jesulagun antimakiavelikoak, Eliza katolikoa bide modernoekin defenditzen zutenak, machiavellismoaz jabetu zirela, eta haren sortzaileak berak eraman ez zuen lekuraino eraman zutela, moral hutsaren alorrera. Halaber, jesulagunek nolabait lagundu ere egin zuten estetika modernoa sortzen, erretorika humanistikorako beren eskoletan, zentzukoiari, irudimentsuari, fantasiari, injeinu edo jeinuari buruz eta zentzuen epai edo gustu onari buruz proposatu edo onartu zituzten doktrinen bitartez: Savonarolak, hutsalkeriaren erreketan, ez zuen jarraitzailerik eduki Eliza katoliko mundutar samarrean. Zientzia ekonomikoak ere, batez ere lehenago garatu zen forman, hots, afilosofikoa edo "aritmetika politikoa" delakoaren forman, ez zuen eskandalurik eragin ez eta susmorik piztu ere; eta berandu eta tarteka bakarrik, lehiatzen ziren joera indibidualista muturreko batzuk gaiztotu zirenean alegia, hitz egin zen Ekonomia moralizatzeaz eta "iustum pretium" delakoaz, Tomas Aquinokoaren eskolastikak maite zuenaz. Eta, jakina, batzuek zein besteek jakin izan balute zein zen bi zientzia horien izaera, ez genuke orain izaera hori adierazi beharrik izango eta oraingo azalpenak alferrikakoak izango lirateke; nik ordea ez dut uste horrelakoak direnik, hain zuzen ere azalpen horiek egiteko behar den kontzientziaren heldutasuna lortzeko, halako mugimendu batek historia oparoa eduki behar duelako eta haren osotasunean besarkatu eta haren kontrakoaren -zeinetatik banatu eta zeinen aurkakoa baita- parez pare jarri eta ikusteko modukoa izan behar duelako. Gaur egun ere horrelako kontzientziarik ez dago; baina, niri dagokidanez, estetika modernoaren kontzeptuak zuhurtziarik gabe onartuak zituzten edo erabiltzen zituzten apaiz jakintsuak edo fraile tolesgabeak eta beste jende fededun batzuk aurkitu ditudanean, leialtasun handiz abisatu diet: "Kontuz: deabruarekin zabiltzate tratuan". Eta deabrua aipatu dut, burura datorkidalako nola Friedrich Schellingek, hizkuntzen jatorriaz gogoetatzean haien banakotasunaren indar ezin geldituzkoan, "deabruzkoa" edo "satanikoa" iritzi zion jatorri horri, hain zuzen ere: ideia hori inolako bridarik gabe garatu zuen filologo batek (D’Ovidiok), egiatan filologo soil bati zegokion ideia izan ez arren.

Bi zientzia hauek zer egiten dute, azken finean? Labur esateko, lehenago "zentzua" deitzen zena eta ertaroan mesfidantza eta baita ukapena eta exorzismoak eragiten zituena eta, aldiz, garai modernoa bere lan eraginkorrean aldarrikatzen ari zena teorikoki justifikatzen dute, hau da, zehaztu eta sistematizatu egiten dute, izpiritu-forma sortzaile eta positiboaz hornituz. Eta "zentzua" hitzak bi adiera zituenez gero, elkarri lotuak baina desberdinak -alde batetik ezagutzaren barruan logikoa eta arrazoizkoa ez baizik eta sentimenezkoa eta intuiziozkoa dena, eta bestetik praktikan berez morala eta betebeharrak agindua ez dena, baizik eta bakarrik maitatua, irrikatua, baliozkoa eta atsegina delako nahi dena adierazten ditu-, justifikazio doktrinalak eramaten gaitu, alde batetik, zentzuen logika edo logika poetikara, intuiziozko ezagutza hutsaren zientzia edo Estetikara, eta, bestetik, logika hedonistara, baliozkotasunaren logikara eta zientzia ekonomikora, haren adierarik zabalenaz: zeina "haragiaren erredentzio" teoretiko eta filosofikoa baitzen, deitu ohi den bezala, hau da, bizitzaren -bizitzan den neurrian- erredentzioa, eta lurreko amodioaren erredentzioa, amodio horren itxura guztietan. "Zentzua" justifikatzen zenean, ekintza horretan bertan izpiritualizatu ere egiten zen, zalantzarik gabe, zeren eta, izpiritualtasunarentzat arrotz eta kontrako, etsai arriskutsu, amarrutsu eta harraparia, eta ezinbestez gogorki borrokatu beharrekoa izanik, zentzua izpirituaren barrura sarrarazten baitzen, izpiritualtasun gisa bera ere, fisionomia berezia, helburu berezia eta balio berezia dituen izpiritualtasuna, beharrezkoa beraz izpiritu-bizitzaren osotasun eta osasunerako. Baina barruratze eta goratze horren medioz zentzua izpiritualizatu egiten bazen, orobat izpiritua zentzualizatu egiten zen, edo, hobe esanda, haren osotasun eta harmonia berraurkitzen zituen, bere izatasuneko eta iharduerako funtsezko zati batzuez gabetua izanagatik pairatzeari utziz; eta logika eta etika goimundutik mundura jaisten ziren, eta bata, logika eskolastiko eta formalista zena, behatzaile, esperimental eta induktibo bilakatzen zen; eta bestea, morala, legeria transzendentea zena, sentimendu edo kontzientzia moral bihurtzen zen, eta lehenago grinen eta baliagarritasunen etsai bazen, aurrerantzean haien lagun aldi berean bihozkor eta bihozgogor bihurtzen zen, grinak eta baliagarritasunak giza bihotzetik erauzi gabe, baina, horiek goratuz eta purifikatuz, indarra ateratzen zuen haietatik bere bizitzarako eta ekintzarako. Filosofia modernoaren kontzeptu handi guztiek lotura estuak dituzte bi zientzia berri horiekin; izan ere, horiek izan ezean, ez zen sortuko, logika intelektualistari edo unibertsal abstraktuaren logikari kontrajarririk, logika espekulatibo eta dialektikoa edo unibertsal zehatzaren logika, azken honen agerpenerako lagungarri gertatu baitziren, analogiazko eredu gisa, artea edo poesia, hainbesteraino ezen noizpait pentsatu ere pentsatu zen horrek eskain zezakeela egiaren organorik handien eta egoki bakarra; horiek izan ezean, historia ez zen iritsiko gertakarien kronika edo bilduma izatetik, eta jarraibide eta jakinbide izateko helburua zeukan opus oratorium izatetik, giza pentsamenduaren goimailara, hots, osotasunera eta ihardunera heldutako filosofiari buruzko ideia izatera; eta, azkenik, horiek izan ezean, ezingo zen osoki itxi errealitateari buruzko ulerbide inmanentearen zirkulua.

Filosofiaren berri dakienak ezin konta ahala xehetasunez bete dezake filosofiaren garai modernoko historiaren alderdietako bati buruzko zirriborro hau; eta oso irakasbide egokia izango litzateke gogoratzea nolako kontrasteak sortu eta birsortu ziren Ertaroan bi zientzia horien inguruan zegoen ezezagutza berragertzen zen bakoitzean, eta izpirituaren eta zentzuaren arteko etena errepresentatzen zen bakoitzean, baita pentsamendu modernoz hornituta edo jantzita ere. Esaterako: arrazionalismo kartesianoaren aurkako kontzientzia historikoari buruz Vicok eragindako polemika, edo Galileok aristotelismoaren aurka eragindakoa, Schillerrek etika kantianoaren barruan irauten zuen zurrun eta aszetiko guztiaren aurka eginiko protesta, estetika erromantikoak estetika klasizista hotzaren aurka hasitako errebolta, adierazpen hutsaren estetikak kontzeptuaren -hori bai, kontzeptua "ideia" izateraino murriztuz- estetiken aurka eginiko kritika, eta abar. Edota, azken buruan, bizitzatik, esperientziatik eta poesiatik indartsu sortutako filosofien motibo etengabea, kontrajarrita dagoena filosofatze akademiko eta unibertsitario ahulari, zeina biraka ibiltzen baita grinarik eta fantasiarik gabekoa den eta logizismoaren eta moralismoaren abstraktutasunen aurrean makurtzen den mundu baten inguruan. Baina hemen nahikoa izan behar du orain arte azaldutakoak, kontutan izan behar delarik lehenago egindako oharkizun bat, alegia, halako pentsamendu baten garaipena ez dela egia baten edo behin-betiko finkaturik geratzen den egia-sistema baten garaipena, baizik eta hartu behar den norabide batena, eta norabide hori hartzekotan, ondo ezagutu behar ditugula gaindituta eta zaharkituta gelditu diren oztopoak, eta berriei aurre egiteko eta konponbidea emateko prest egon behar dugula, horiek ez dutelako inoiz huts egiten ez eta huts egingo ere. II Izpiritua eta Natura

Beste ezer baino lehen, komeni da aztertzea zein eratan bi zientzia moderno eta mundutarren jarrerak laguntzen duen inmanentziaren zirkulua ixten, esan den bezala; horretarako, itxiera hori eragozten zuten bi kontrakotasunen arteko gogorrenaz mintzatuko gara zertxobait: hots, izpirituaren eta naturaren artekoaz.

Ongi begiratuta, kontrakotasun hori ez da bakarra, mataza oso bat baizik, banan-banan askatu beharreko kontrakotasunez osatua; haietako lehena, sineste arruntean sortu eta hartatik elikatzen eta bere indarra hartzen duena, bi errealitate-multzo planteatzea da, bi mundu desberdin balira bezala: gizakiaz esaten den guztia alde batetik, eta bestetik naturaz esaten dena eta beste izaki guztiak barne hartuko lituzkeena, animalietatik harrietaraino; edota kontzientziaren mundua eta inkontzientziarena, bizitzaren mundua eta mekanikotasunarena, edo bi mundu horiek eratzen eta gauzatzen diren beste edozein modu. Kontrakotasun hau iraunkorrenetakoa izan da eta da, kritikan ez baizik irudimenean oinarrituta egon arren; eta, iraunkortasun horrengatik, pentsamenduak, berez inolako kontrakotasunik onartu ezin duenez gero, hura arbuiatu eta gaitzestu ordez bere hartan gorde eta interpretatu nahi izan du, bikote horretako beste kidea, natura alegia, nolabait izpiritualizatuz: nahiko auzi kontraesankorra, berau, zeinetan azkenik pentsamenduak irudimenari uzten baitizkio bere armak. Hori jadanik azaltzen da irtenbide honen tankerarik lañoenean, Berpizkunde Aroko naturari buruzko filosofian, zeinek halako mitologia ugari bat, pitagorizatzailea, pertsonifikatzailea edo animista ekarri baitzuen; baina askoz era zabalagoan azaldu zen hori kutsu idealista edo erromantikoa zeukaten naturari buruzko filosofietan, zeinek eratu ziren bezain azkar aurkariak izan baitzituzten, Fichte esaterako, "sineskeriak" (Schwärmerei) iritzi zietenak. Beren funtsean zeukaten kontzeptua izpirituaz kanpoko "beste zerbait" zen, "berezko beste zerbait", halako inkontziente absolutu bat (pentsatzeko modukoa baldin bada erabat inkontzientea den zerbait), horrela finkatu egiten zutelarik hasierako kontrakotasun funtsezkoa; baina gero "beste zerbait" hori eta "inkontziente" hori "logos alienatu"-tzat edo "pentsamendu harriztatu"-tzat hartuz kontrakotasun hori gainditua zutela zioten, dialektika inkontziente edo alienatu hori ikertu eta berreraikitzeko asmoa hartzen zutelarik. Gutxi axola du dialektika hori tankera schellingtarrekoa edo hegeldarrekoa bazen, gradukakoa edo triadakakoa, metodoak lehengo bera izaten jarraitzen zuelako funtsean, edota natura izpirituaren kategoriekin edo logos-arenekin bakarrik tratatzen bazen, era arbitrarioan beti, metaforak eta konparazio irudipentsuak erabiliz; eta, egia esanda, filosofia horiek ukatuta geratu dira, ez bakarrik haien mami logikoari buruzko kritikaren bidez, baizik eta, batez ere, haietatik geratu diren edo parodia gisa erabiltzen diren esaldiekin egiten diren iseken bidez; hona hemen haietako bat: "diamantea bere buruaren jakitun izatera iritsi den harri koskorra da"; edo beste bat: "hurakana naturaren sukarra da", eta antzekoak. Hala nola Berpizkunde Aroko naturari buruzko filosofian, zeinekin antz idealak eta baita lotura historikoak ere baitzituzten, noizean behin azaltzen zen haietan ere aurkitu eta erabili nahi zen arte magikoari buruzko pentsamendu edo itxaropena.

Eraikuntza horiei oinarri bera kenduz, naturaren arazoei beste norabide bat ematen dio halako gogoeta gnoseologiko batek, zeinen bidez poliki-poliki konturatzen baikara jadanik ez daudela bi errealitate-multzo edo bi mundu, izpirituala bata eta natural edo materiala bestea, helburuak gobernatua bata eta kausalitatearen mendekoa bestea, bizia bata eta mekanikoa bestea, baizik eta errealitate banaezin eta sendo bakarra txandaka landua izan daitekeela izpiritua, bizitza eta helburua kontzeptuen bitartez orain, eta materia, kausa eta mekanismo kontzeptuen bitartez gero. Horrela, errealitate-multzo bikoitz hori eta munduen arteko aurkakotasun hori giza izpirituaren egintza bikoitz baten proiekzio fantastikoa baino ez dela agertzen da; eta berez hain errealitate gutxikoa da ezen, animaliak, landareak, metalak eta harriak ezezik, gizakia bera, haren sentimenduak, pentsamenduak, ekintzak, sortzen dituen gauzak eta haren historia ere eskematizatuak, naturalizatuak, mekanizatuak eta deterministikoki adieraziak izan baitaitezke, izpirituaren bizitza ikergai hartzen duten natur zientzia ugarietan -hasi psikologia enpirikoa den zoologia moduko horretatik, eta lege fonetikoen hizkuntzalaritza den fisika moduko horretaraino- gertatu ohi den bezala. Bestalde, errealitatearen langintza mota bikoitz horren inguruko doktrinak, ulertzen baldin bada pentsamendua bera ere bikoitza eta kontrajarria balitz bezala, hots helburuduna bata eta kausalista bestea, esandako adierako naturaren mamua uxatzen du, bai, baina izpirituaren kontzeptua bera ere baliogabe dezake, zeren eta errealitate bakarra dena, bi era desberdinetan txandaka pentsatua, bi era desberdinetan faltsifikatu eta pentsaezin eta ezagutezin bihurtuko bailitzateke. Estuasun honetatik ateratzeko bide bakarra dago: bi era horietako bakar bat hartzea egiazko pentsamendu eta egiatzat, eta besteari helburu praktiko, instrumental edo, deitu zaion bezala, "ekonomikoa" baino ez onartzea; eta horixe gertatu da zientziei buruzko kritika modernoari esker, zeinek, nahitanahiez, eta erdibidekoak eta eutsiezinezkoak diren jarrera batzuetan -hots, intuizionismoan eta fenomenismoan- luzatu arren, derrigorrez eramaten baikaitu pentsamendu espekulatiboaren eta errealitatea historia bezala hartzen duen ulerbide izpiritualista absolutuaren egia bakarra finkatzera eta dagokion lekuan berrezartzera, bai eta natur zientzietan egiaren ezagutza den guztia ezagutza historikoa dela frogatzera ere. Gure egunotan, gero eta gehiagotan ikusten dugu nolako garrantzia ematen zaion errealitate zehatz, indibidual eta historikoari, natura delakoari buruzko azterketan5.

Baina izpirituaren eta naturaren arteko kontrakotasunak bigarren adiera bat ere badauka, zeini ez baitzaio erabat lagungarri gertatzen natura kontzeptuaren desagerpen eta ebazpen gnoseologiko hau, zeren eta, natura ukatu ondoren errealitate-maila eta mundu berezi bezala, bai baitirudi hura izpirituan bertan errepresentatzen dela pentsamenduak aurrean topatzen duen zerbait bezala eta haren objetua den zerbait bezala, sujetuaren eta objetuaren arteko kontrakotasun bezala. Zer da, bada, objetua, objetua berez, sujetuaz bestelakoa, ezpada kritikak ongi edo erabat desagertarazi ez duen edo bakarrik une batez desagertarazi eta gero irudimen tematiak berehala berrosatu duen eta, horrela, jarrera berri batez agertzen den natura haren, inkontziente haren, ez-izpiritual haren, materia haren mamu itzulia? Eta hori denez gero, alferrekoak dira hura berriz xurgatzeko egiten diren ahalegin guztiak, naturari buruzko filosofia zaharrak egindakoak bezain alferrekoak, eta tautologia eta alferreko berriketak egitera eraman gaitzakete, sujetu-objetu harremanaren kontrakotasuna -batasuna dena- behin eta berriro azpimarratzen denean bezala, eta arazoaren nondik norakoa gogoratzen denean bezala baina arazoa konpondu gabe, hura desagertaraziz eta berriro agertaraziz, egitatea balitz bezala ekintzaren aldean, hau da, natura bezala izpirituaren aldean, edota iragana bezala orainaren aldean: natura eta izpirituaren inguruan aldi baterako sortutako metafora berriak, eta ezin goragoko metafisika-joko batzuk. Beste alde batetik, errealitate gisa natura mekanikoak jasan duen desagerpena dela bide, ondorioztatu egin behar da, bai, objetua ezin dela izan jadanik bere hartan ez dirauen natura, baina ez du esaten zer den pentsamenduak bere objetu bezala pentsatzen duena; eta zehaztugabetasun horrek atea zabalik uzten dio berriz agertzen den naturaren mamuari. Logikoa den bezala, objetua izpiritua baino ezin daiteke izan, berez; baina ez pentsamendua den izpiritu mota, honek sujetua ordezkatzen duelako, eta ez objetua; orduan, zein? Arazo hau konpontzeko behar diren datuak, nagusiki moderno deitu ditugun bi zientzia filosofikoek eskuratuko dizkigute: batak bere bizitza dinamiko eta grinazkoan praxia du gai, eta besteak, berriz, fantasiaren irudipenak; eta objetuaren berri emango digute, zertarako eta grinazko bizitza, pizgarri, bultzagarri, atsegin eta oinaze, kordokaldi zabala eta era askotakoa den horretarako: hots, intuizioaren eta fantasiaren gai eta, haren bidez, gogoetaren eta pentsamenduaren gai bilakatzen den horretarako6. Hortaz, ikusmolde honen arabera, egia ezin izango da definitu, eskolastikan bezala, adaequatio rei et intellectus moduan -res hori ez baita existitzen res bezala-, baizik eta adaequatio praxeos et intellectus moduan (egokitzapen kontzeptu hori metaforikoki erabiliz, jakina). Fichte eta Schelling bezalako filosofo batzuk jadanik konturatu ziren nola "natura" bat egiten den gurarien, nahien, gutizien, sortzen diren asetasunen eta asegabetasunen, somatutako kordokaldi, atsegin eta oinazeen prozesu praktikoarekin; eta Schopenhauerren lanaren aztergaia ere izan zen hura. Baina filosofo haiek, eta Schopenhauerrek bereziki, Borondatea metafisikoki planteatu zuten, izpiritutik kanpo -itsua zela imajinatzeraino-, eta pentsamendua edo errepresentazioa posterius bilakatu zuten, Hegelek Logosa metafisikoki hartu eta naturaren eta izpirituaren oinarrian jarri zuen bezala, edota maila apalagoko beste batzuek beste forma izpiritual batzuk tratatu zituzten bezala: esaterako, Frohschammer, duintasun hori Fantasiari egokitu ziona, edo Hartmann, Inkontzienteari egokitu ziona. Aldiz, izpirituaren barruan kokatu beharra dago, izpirituaren beraren forma edo kategoria berezi bat bezala, eta forma praktikorik funtsezkoena bezala: hots, goragoko forma praktikoak, etikotasunak alegia, etengabe hartzen duen forma, pentsamendua bera eta fantasia ere biltzen dituena, hitz eta adierazpide bilakatuz eta, horrela, kordokaldi guztien gertakari praktikoetatik eta atseginaren eta oinazearen antitesietatik igaroz. Pentsamenduak, baita inoren pentsamendua pentsatu eta kritikatzen duenean eta haren historia garatzen duenean ere, ez du pentsatzen pentsamendua, pentsamenduaren bizitza praktikoa baizik, pentsamendua beti delako pentsatzen duen sujetua eta ez pentsatutako objetua. Zer esan nahi du, hain zuzen ere, demagun Emmanuel Kanten pentsamendu bat pentsatzeak, ezpada Emmanuel Kant bera pentsatzea bere ekintza horretako mementu batean, arretaz eta tentsioz beteriko ahalegin batean, haren esperientziekin, haren jaidurekin, haren zalantzekin, haren galderekin eta horiei erantzuteko bilatu zituen bitarteekin: hau da, gertaera praktiko bati buruz gogoetatzea, pentsatzera zuzendutakoa bada ere? Eta zertarako erabiliko dugu hori buruan, ezpada gure buruan daukagun arazo bat konpontzeko, arazo horren konponbidea pentsamenduaren ekintza bera izanik, eta ez Immanuel Kanten pentsamendua?

Hala eta guztiz ere, sujetuaren eta objetuaren izaeraren inguruko gora-beherak honela uxatuz ere ez dugu lortu kontrakotasunen multzoa agortzea eta lehenago aipatutako mamua erabat urruntzea; izan ere, mamu hori berriro azaltzen da, berriro aztoratzen eta iraintzen gaitu, gure izpiritu-bizitza astintzen duen indar baten antzera, bertara sartzen baita bizitza hori txikitu eta barreiatzeko, gure borondatea gaiztakeriara eta gure burua errakuntzara bultzatuz. La nature: voilà l’ennemie: natura material, mekaniko eta determinista, izpirituaren aurka, haren helburuaren, idealaren eta askatasunaren aurka dagoena; edota borondate schopenhauertarra, naturatzat hartutakoa, oinazearen eta gaizkiaren iturritzat, geure baitan ito ezin dena (nahiz eta Schopenhauerri gustatu hori esatea) nahi izateari uko eginez, hori ere nahi izatea baita, ez eta aszetismoaren bidez ere, nahikunde askoren prozesu etengabea baita. Baina, ez badugu inoiz aurkitu izpiritutik kanpoko naturarik, orobat ezin izango dugu pentsatu izpirituaren kontrako naturarik ere; eta gaizkia eta errakuntza izpirituaren barruan badaude, orduan horiek ezin dira natura izan. Zer ote dira orduan? Ez, jakina, "objetua" delakoarekin frogatu dugun bezala, izpirituaren forma bat, zeren eta, kasu horretan, izaera positiboa izango bailukete, eta ez negatiboa; ongia eta egia izango lirateke, eta ez gaizkia eta errakuntza, hain zuzen ere gaizkia eta errakuntza zerbait izugarri negatiboa direlarik. Eta ezta ere haren itxura edo antzekotasuna ere, zeren eta, beste kasu honetan, gaizkiaren eta errakuntzaren aurkako borrokak bere seriotasun guztia galduko bailuke: borroka-itxura litzateke, edo, gehienez ere, eromenezko sukar-amets bat, hain zuzen ere borroka hori izugarri serio eta erreala delarik. Irtenbide bakarra geratzen da, hots, aldi berean bi gauza horiek izatea: zerbait positiboa, negatibo itxura hartzen duena positibotasun-forma horretatik maila handiagoko beste positibotasun batera igarotzeko ahaleginaren eraginez, ahalegin hori eta borroka hori serioak izan daitezen; eta gaizkia izan dadin, ez hasierako positibotasun baztertu hori, bertan berriro erortzea baizik; eta berriro erortze hori kontraesankorra eta, horregatik, mingarria eta lotsagarria izan dadin, zeren eta, bazterketa hori gertatu ondoren, ezin baita besterik gabe itzuli hasierako egoerara, damuz itzultzea ez baita lehengo egoera horretara -lañotasun eta errugabetasunezkoa deitu dezakegun egoera horretara- iristeko modua. Orain, ba al dago izpiritu praktikoaren esferan maila handiagoko edo txikiagoko positiborik? Hemen ere lagungarri dugu baliagarritasunari buruzko zientzia, hedonistikoari buruzkoa, quod mihi placet dioena, hizkera arruntean "naturalak" deitzen ditugun grina eta jaidurei buruzko zientzia, grina eta jaidura horiek praxiaren forma funtsezko eta orokor bezala hartu dituena. Forma hau goragoko maila duena edo etika ez bezalakoa da, baina ez horregatik kontrajarria: horrela agertzen da, bakarrik, baliagarritasunerako joera duen gizonaren gainetik gizon morala nagusitzen denean, eta interes pertsonaleko ekintzetatik betebeharrak eragindakoetara pasatzean halako urruntze bat gertatzen denean, zeinetan zehar garatzen baita gaizkiaren fenomenologia zabala; hau da: tentazio iheskor eta laster arbuiatutik erorketa partzialera eta, gero, absolutua eta itzelezkoa dirudien horretara; egindako huts txikiak eragiten duen ustekabetik bekatu handiak eragindako damu ikaragarrira; kemenez beteriko jarreratik nahasmenera eta koldarkeriara; eta hemendik, berriz, birsorkuntzara, salbaziora eta erredentziora. Horra, bada, zer den gaizkia: moraltasunetik baliagarritasun "natural" hutsera berriz erortzeak dakarren mina -baliagarritasun hori, bere hartan hartuta, bestearen aldean ontasun apalago bat bada ere, ontasuna da eta ez gaiztasuna, positiboa da eta ez negatiboa-. Baliagarritasunaren forma izpiritualari uko egiten dioten eta forma praktiko gisa moraltasuna baino onartzen ez dutenek jarrera horretara iristeko duten arrazoi bakarra baliteke moraltasunari buruzko kontzientzia indartsuegia ez izatea, eta bai, ordea, horri buruzko kontzientzia ahulegi, huts eta motela, zeren eta moraltasunari borroka izaera kendu eta bakarrik beraren itzalekin borrokan jartzen baitute, irrigarri den moduan jarri ere. Baina zientzia ekonomikoak planteatzen duen hedonismoari eta baliagarritasunari buruzko kontzeptuak, borroka izaera horri eutsi ezezik, garaipena posible bihurtu ere egiten dio, kontutan izan behar baita garaipen hori ezinezkoa izango litzatekeela baldin eta gaizkia, guregan gure hazi eta goratu nahiaren porrot bezala sortu ordez, gure izpirituan sartuko balitz izpirituaz kanpoko indar batek -hots, naturak edo materiak- bultzaturiko ziri baten antzera.

Horrela, bi zientzia nabarmenki modernoek, Estetikak eta Ekonomiak, izpiritua eta zentzua adostera, izpiritua kanpoko natura baten amesgaiztotik libratzera, sujetuaren objetua izpiritualizatzera, eta ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka barneratzera eramaten gaituzte, transzendentea dena kanpo utziz, inmanentzia absolutuari iharduten utziz: bi zientzia guztiz mundutar. Inor ez da harrituko nik, zientzia horiek aspaldi landu ditudan honek, neure izpiritu-bizitzarentzat onura handia ekarri didatenez gero, haien omenezko laudorio txiki hau ondu nahi izatea nire azken urteetan.

1931