Europa'ko gerra, 1914-1918

Wikitekatik

Oharra: Txirritaren bertso guztiak jabetza publikokoak dira, duela 100 urte baino gehiago hil zelako. Hemengo bertsoak Bertso jarri guztiak liburutik hartutakoak dira, jabetza publikoko Klasikoen gordailua bilduman dagoena.

Europa'ko gerra, 1914-1918  (1918) 
Txirrita

Txirritak bi bertso sorta ditu Europako Gerrari eskeiniak. Lehenengo sortak Txirritaren sinadura darama, bigarrenak ordea ez, baina Txirritarenak direla jotzen da.

Bertso berriyak Txirritak Europa'ko gerrari jarriyak


1
Zori gaiztoan fundatutako
Alemaniya'ko gerra,
aixa nai zuten eskuperatu
gure erreino ederra;
oraindik ere bada Frantziya'n
diruba eta indarra,
len zan bezela ipiñitzeko
izango degu biarra.

2
Beljika'tikan galdetu zuten
lendabiziko pasua,
jakiñik nola zeguen Paris'a
andik bide erosua;
aitatik ere artubak dira
uste etzan erasua,
porrakatu ta puskatu zuten
naziyo txiki gaxua.

3
Ogei ta amar milla milloiko
asi zitzaigun eskaka,
otso gaizto bat zirudillela
artaldiari oskaka;
jeneral Foch'ek bialduba da
Holanda aldera eskapa,
orain lau urte ainbat erronka
garai onetan ez dauka.

4
Amorratubak ziruditela
etorri ziran Frantzia,
orain esaten
errezago da
orduko gure trantzia;
jenerak Foch'ek eman diyote
uste etzuten partxia,
mereziko du diamantezko
estatua bat jartzia.

5
Beren joera Paris aldera
egin ziguten aurrena;
ango etsiyak artu zituzten,
Verdun'a berriz urrena;
sei illabete sutan pasa ta
etzian sartu barrena,
ezta andikan gustora juana
Kaiser'en seme zarrena.

6
Ernegatuta jarri giñuzten
zerbait egin biarrian,
zergatik gerra eman ziguten
arrazoi-bide txarrian;
jeneral Foch'ek artu zituben
danak guziyak aurrian,
gaur iru urte ainbat aleman
ez da Frantzi'ko lurrian.

7
Lenbizi oiek pentsatzen zuten
ilko giñala guziyak,
bañan oraindik gure kuadrillan
bagera gizon biziyak;
indar aundiko armak dauzkagu
soñian ondo jantziyak,
Alemani'ko buru arruak bajatu ditu Frantziya'k.

8
Aleman batek neri esana,
biyok geudela kafian:
«Kaiser agintzen ikusiko da
laister Paris'ko kortian».
Zepelinakin aidetik eta
sumarinuak ur-pian,
disgusto asko eman digute
jun daneko lau urtian.

9
Zepelin zarrak bonbaz betiak
goiko oroian tartian,
millaka minak itxasoan da
sumarinoak ur-pian;
oiek sumatzen ibilli dira
berrogei ta lau urtian,
Kaiser Paris'en ez da sartuko
Wilson bizi dan artian.

10
Orrek etzuben errespetatzen
legorrik eta urikan;
sententzi txarra emango zaio,
ortan ez dago dudikan;
orrek nai zuben amenazatu
Frantzi'ko errepublika,
berriz Paris'en ez du egingo
len bezelako burlikan.

11
Gerra gaizto au eman zutela
au da bostgarren urtia,
oiek besteren interesakin
artu nai zuten partia;
inglesa eta amerikano
gu bezin jende fuertia,
alemanaidi eman diyote
izugarrizko golpia.

12
Laguntzalliak nundik dituben
ezagutu du Frantziya'k;
geren setari eutsi diyogu,
ez giñan dudan asiyak;
biba gerra ontan gure fabore
ibilli diran guziyak,
nere partetik ematen diztet
eskerrak eta graziyak.



Europa'ko gerra, 1914-1918


1
Bertso berriak jartzera nua
tokatzen dian moruan:
pentsamentuan aspalditxuan
pasia naukan buruan,
nola gerra bat izugarriya
Europa'n izan genduan;
orain artian orlakorikan
ez da ikusi munduan.

2
Au da Kaiser'ek lendabiziko
eman zuan erasua:
Beljika'tikan zala arentzat
guztiz bide erosua;
pasa bezela itzegingo det
aien orduko kasua:
armarik gabe juan nai bazuten
agindu ziyon pasua.

3
«Austria'tarrak anparatzera
egin biagu bisita,
an ez genduke ongi emango
armak etxian utzita;
birian libre biarko degu,
egon zaitezte etsita,
bestela fuerzan pasako gera
zuen fuertiak autsita».

4
Beren armakin etorri ziran
ainbesteko jende-pilla,
asi ta iru egun baño len
nunai bazan gizon illa;
txasko polita pasa zitzaion
izanagatik abilla:
alanbre batek galdu zituan
gutxienaz ogei milla.

5
Galduak galdu pasa ziran da
urbildu ziran Paris'a,
kañoiak onak zeuzkatela ta
artuko zutela aisa;
baño bueltatzen etzan erreza
ango zarrallaren giltza
arrunka pranko bazuten baño
orain bajuan dabiltza.

6
An ezer ezin egiñ zuan da
Berdun'en berriz urrena:
«Gero Paris'a juango gera,
au artu zagun aurrena!»
Jeneral Petaiñ sartu zanian
ango fuertian barrena,
etzuen asko errespetatu
Kaiserren seme zarrena.

7
Jeneral Petaiñ nola baizuan
presidentiak laguna,
idea aundiko gerra-gizona
eta izketan leguna,
Rusia'tikan abisatuta
ekarri zuten Berdun'a;
alemanentzat etzan ederra
ura sartu zan eguna.

8
Zepelin asko bonbak botiez,
nonai kañoia-paria,
aiek guziyak sostenditzeko
bazan abillidadia;
jeneral Petaiñ genduen buru,
arrek zeukan poderia,
oraiñ argatik deitzen diyogu
Berdun'en salbadoria.

9
Orduko salsak izandu ziran
Kaiserrentzako gaziyak:
milloi erdi bat gizon baditu
gure lurrian utziyak;
Berdun'en etzan kanpotar asko,
prantzesak giñan guziyak;
onenbestian kontentu gera
Jaungoikuari graziyak.

10
Aleman oiek larri zebiltzan
jo goia eta jo bia,
Jan ortan asi izan ez balitz
guziyentzako obia;
geren etxian agindu naia,
jakiña dago guria;
aziyuetan ezagutzen da
non dan abillidadia.

11
Millaka minak itxasuan da
ainbeste urpeko untzi,
markaz fuerako kañoi aundiyak,
beren zepelin da guzi;
Kaiser jaun orrek jarri nai zuen
mundu guziko nagusi,
geienak bertan utzita jun zan
Olanda aldera igesi.

12
Berdun'en ezik Melilla'n ere
egin du orrek beria:
ango moruak bialdu ditu
auntzak bezela mendia;
iñoiz umillak asarretzian
arruak bajatzen dia,
eskarrik asko, jeneral Petaiñ
eta Praintzi'ko jendia.