Edukira joan

Euskal Artearen historia (I): Historiaurretik erromanikora/Hitzaurrea

Wikitekatik
Euskal Artearen historia (I): Historiaurretik erromanikora Juan Plazaola
Hitzaurrea
Euskal Herri Enblematikoa bilduma (Etor-Ostoa)

Oker ez banago, Euskal Herriko artearen, arte plastikoaren bibliografiak ez du sartu zerrendan orain­dik bere historia osoa eskuliburu bakar batean laburbil dezakeen lanik. Baditu, bai, garai bakoi­tzari buruz historialari aditu ba­tzuek eginiko elkarlana bitarteko, Euskal Herriko artearen ondoz ondoko aldi historikoak nolabaiteko egokitasunez bildu nahi dituzten talde-lanak, nahiz eta era honetako elkarlanek nahitaez­ko hainbat metodo eta sentiberatasunek berezkoak dituzten mugak azal­du. Baieztapen honek behar­tzen du orrialde hauen egilea ikuspegi panoramikoa eskain­i nahi izatearen ausardi­a zuri­tzera bere irakurleei, uniber­­tsitateko ikasle, arte gaietan zaletu edota gure herriko kulturaren maitale soil izan daitezkeenei.

Liburu honen jaiotzaren jatorria oso xumea da: egileak idazteko garaia iri­tsi dela uste izatearena, besterik gabe. Eraikin baten oinarriak jarriak daudela ikustean, zaila da eraiki­tzen hasteko tentaldiari eusten. Eta Euskal Artearen Historia baten oinarriak jarriak daude. Irakaskun­tzako eta iker­kun­tzako adituen artean asko dira euskal artearen historiaren prestaketan parte hartu dutenak, bai alorreko iker­keta-saioekin, bai agirien bila ibil­tzearekin, bai argitalpenekin, bai gogoeta azter­tzaile eta laburpenekin. Kronologiari gagoz­kiolarik, aldez aurretik esan dezagun, historiaurrearen oinarriak jarriak zeudela, XX. mende inguruko gure ar­keologo eta antropologoen aldetik.

Baina, XX. mendeko 70eko hamar­kadaz geroztik, Euskal Herriko lau hiriburuetan Uniber­tsitateak eta Arte Ederren Eskolak sor­tzeak forma eman zion Euskal Herriko artearen muinaren laburbiltze bati, bederen. Doktorego‑tesiak egiteak eta argitara­tzeak, arte munduko zenbait alderdi tekniko eta geografikoetan trebaturiko aldiz­karietan azaldutako lanekin batera, izugarri argitu zuten gure ezagu­tzaren alorra eta ikasle gazte askori langin­tza honen diziplinan murgil­tzeko gosea piztu zien.

Esan bezala, goi‑mailako ikasketarako eskolak finkatu zirenetik aurrera, gure historiaurrearen iker­keta metodologiko eta guztiz zientifikorako oinarriak jarriak zeuden. Iker­tzaile sonatuak ziren T. Arantzadi, Joxe Migel Barandiaran eta E. Egurenek osatzen zuten talde honek aurretik eginiko lanari jarraipena eman zioten hauen ikasle izandako Jesus Altuna eta Joan M Apellanizek. Laster, maisu bilakaturik, gero eta talde gehiago bul­tzatu zituzten iker­ketarako, eta ondorioz, historiaurreko iker­keten alorrean jada ezagun egin ziren ikerlarien izenak ager­tu ziren: L. Peña Basurto, A. Llanos, J.J. Vegas Aranburu, Amalia Baldeón, T. Andres Perez, S. Corchon eta Patricia Caprile, besteak beste.

Baina, ar­keologia alde batera utzita, artearen benetako historian sar­tzen saia­tzen bagara, XX. mendean sor zitekeen “euskal eskola” baten hotsak hedatzen ari ziren unean, profesional gu­txi ziren gure arte-ondare zaharrarekiko zaletasun beroak ar­txiboetako pergaminoei hau­tsak astin­arazteko, arte modernoan espezializaturiko aldiz­kari-kroniken garran­tzi sortu berriaren ondoan. Hain zuzen ere, horregatik izan behar zuten batik bat estimatuak, besteak beste, Felix Lopez del Vallado, Fidel Fita, Julio Altadill, Tomas Biurrun, Francisco Sesmero, J. Ibarra eta Berge eta beste hainbat iker­tzaileren lanak, osasun­tsu zahartu diren lanak baitira. Gure udal-ar­txibo asko bertan behera utziak izateak, hondamenak eta askoren desager­tzeak behar­tzen zituzten iker­tzaile txalotu hauek sarritan, agirietan oinarrituriko frogen hautaketan eta epaietan baino gehiago estatikaz­ko sen eta sentiberatasunean oinarri­tzera.

Euskal Artearen Historiako bibliografiaren egoera harrigarriro handitu eta argitu zen uniber­tsitateak eta Arte Ederretako eskolak iker­ketak egiten erritmo normalean abiatu zirenetik. Gaur egun ehunka dira doktorego-tesiak, ertilari, lan, estilo eta gure iraganeko artearen al­txorrari dagoz­kion alderdiak landu direnak eta lantzen ari direnak.

Gure an­tzinako historiari dagokionez, bil­tzarrek, taldeko lanek, doktorego-tesiek eta liburu zein aldiz­kari espezializatuetako argitalpenek jada uzta ona emana zuten, eta Blas Taracena, J. M Blazquez eta abarren merezimendu handiko lanen ondoren iri­tsi ziren Mª Anjeles Mezquiriz, J. Rodriguez Solis, Ignacio Barandiaran, Juan Carlos Elorza, Amalia Baldeon, J. L. Tobie, Milagros Esteban, A. Llanos, Eliseo Gil Zubillaga, I. Filloy Nieva, A. Iriarte, J. C. Labeaga eta hainbaten ekarpenak. Lan horiek bitarteko egiaztatu izan da an­tzinako Baskoien lur honetan arte jarduerak izan zuen ustekabeko hedadura eta kalitate bazterrezina.

Era berean, mende ilunen zeruertz historikoa, erresuma bisigodo, asturiar eta merobingioen artean hesituriko Baskoniaren­tzat kristautasunaren argia pixkanaka egunsenti bilakatu zena, Agustin Az­karate, J. Alberto Monreal Jimero, J. J. Sayas Abengoe­txea, La­txaga eta beste aditu askoren ikerlan sakonei esker bistaratu da.

Erdi Aroko arteari dagokionez, benetako eskola sor­tzaile­tzat har di­tzakegu: Araban, Micaela Portilla eta S. Andres Ordax; Nafarroan, Concepción Garcia Gainza; Biz­kaian, J. Anjel Barrio Loza, eta Gipuz­koan Mª Asunción Arrazola eta Manuel de Lekuona. Hala ere, horrek ez du esan nahi beren maisu-lana Erdi Aroari buruz­koa izan denik soilik; izan ere, beraienak dira goi-mailako beste ikerlan batzuk ere, besteak beste, Errenazimentu eta Barrokoari buruz­koak. Zorionez, horien lana oparo bul­tzatu izan da, zenbait egileren lan eta argitalpeni esker, esaterako: Araban, J. Martinez Marigorta, Dulce Ocón Alonso, Lucia Lahoz, J. M Gonzalez de Zarate, J.J. López de Ocáriz, Ruiz de Loizaga, G. López de Gereñurekin; Biz­kaian, Kosme Mª de Barañano, J.Gonzaléz de Durana, A. Santana Ez­kerra, Agustin Gómez Gómezekin, eta Gipuz­koan, J.Eren­txun, L.P. Peña Santiago, I. Zumalde, Juan San Martín, Edorta Kortadi eta abarrekin.

Nafarroako Erresuma zaharrari, Erdi Aroko arteaz bereziki jan­tzia denari dagokionez, Nafarroako Erdi Aroko Arteari buruz­ko fun­tsez­ko lanak Iñiguez Almech eta J. Esteban Urangaren bost liburukitan bil­tzen da, eta ondoz ondoko iker­tzaile ugari izan ditu, adibidez, J.M Jimeno Jurio, M C. Lacarra Ducay, Clara Fernandez Ladreda, J. Martinez de Aguirre, Soledad Silva y Verastegi, Mercedes de Orbe Silvatte eta M Molero Moneo.

Garai modernoetan sar­tzean iker­tzaileen zerrenda bider­katu egin zen. Eta aipaturiko C. Garcia Gainza, M Portilla eta J. A. Barrio Lozak osaturiko talde gidariarekin batera gogoratu beharre­koak dira Errenazimentu eta Barrokoko gure ondare artistikoa hein batean estal­tzen zuen ilunpea argi­tzen lagundu zuten P. L. Etxeberria Goñi, J. Velez Chaurri, Mª Isabel Astiazarain, J. Manuel Gonzalez Cembellín, A. Santana Ezkerra, Ignacio Zendoia eta Julen Zorrozuaren izen ezagunak­.

Az­ken mendean sartuz gero, ezinez­koa gerta­tzen da euskal arte garaikideari buruz­ko iker­lanen egileak eta argitaratzaileak aipa­tzea. Mul­tzoa handia da, eta ia denak lan monografiko moduan eginak. Ugari dira iker­keta biografikoak, lanen azter­ketak, ohar kritikoak, erakusketa-katalogoak; baina baita, gure garaiko euskal artista ezagunenei buruz­ko doktorego-tesiak ere.

Orain arte aipaturiko egileek argitaratu lanez gain, badugu egun tresna preziatu bat, Eusko Ikaskun­tzak egile hauen lankide­tzarekin bul­tzaturiko bibliografia-bildumez osaturikoa; hau da, Agustin Gómez Gómez, Luzia Lahoz, Aran­tza Cuesta, Pedro Pérez, Raquel Sáenz, Rosa Martín Vaquero eta bereziki, Julen Zorrozuaren lankidetzarekin. Halaber, gure lurralde eta elizbarrutiko ondare artistikoaren katalogoak, erakunde publiko nahiz pribatuek babesturikoak: jada argitaratuak diren Nafarroako Monumentuen Katalogoko bedera­tzi liburukiak eta Arabako zor­tziak. Horiei eran­tsi behar zaiz­kie Euskadiko Monumentuen Katalogoak, bereziki hiru lurraldeei eskainitakoak, eta Nafarroako Arteari eskainitako bildumak eta abar.

Sarritan uste dudan arren, aspaldiko artelanak gorputz mutuak izan ohi direla, beren garaiko gizon emakumeen historiak biziarazi eta hitz eginarazi ezean, kapitulu bakoi­tzean saiatu naiz aipaturiko lanak ingurune soziopolitiko baten inguruan koka­tzen. Gai honetan historialari askok lagundu didate beren lanekin, zeren eta Euskal Herriko Historia orokorrak ere bul­tzada eta garapen apartak izan baititu, az­ken berrogeita hamar urte hauetan. Nola utzi, bada, hemen gogoratu gabe Euskal Herriaren historialari ospetsuak, hala nola, J.M Lacarra, L. Vázquez de Parga, A. Mañaricua, J. Goñi Gaztanbide, Adrian de Lizarralde, Jose Anjel García Cortázar, Pierre Narbaitz, J. Zabalo Zabalegi, J. M Jimeno Jurio, Jose Luis Orella Unzue, Ignazio Arozena, M Goyene­txe, Beatriz Arizaga, Rosa Ayerbe, Elena Barrena eta beste. Aurrekoen an­tzera, ia bukaezina izan daitekeen zerrenda honek erakusten du bidea zein libre zegoen laburbiltze bat egiteko prest zegoenaren­tzat.

Aldez aurretik barkamen sentitua eska­tzen diet, gure historiaren eta ondare artistikoaren ezagu­tza oparo eta zeha­tzaren kultur lanbidean parte direnen zerrenda bat aur­kezten saia­tzean, zalan­tzarik gabe, aipa­tzeke utzi ditudanei. Baina, jendaurrean eta argi eta garbi esker­tu beharrekoa nuen, eurak jakin ez arren, Euskal Artearen Historiaren laburbiltze apala izan nahi duen lan hau gauzatzen saiatu direnei.